Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Azpiegiturak

22/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 20koa, trenbide- azpiegitura eta -zerbitzuen arloan zenbait neurri ezartzen dituena

2012-07-20

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/7/21, 174. zk

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

9772

22/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 20koa, trenbide- azpiegitura eta -zerbitzuen arloan zenbait neurri ezartzen dituena.

Egungo egoera ekonomiko honetan, ahalik eta eraginkortasunik handiena behar da zerbitzu publikoak kudeatzean, zenbait merkatu arautzean eta administrazio-jarduneko zenbait arlotan neurriak ezartzean, hartara aurrekontu-egonkortasunaren helburua beteko dela ziurta dadin, produkzio-sektoreak hobeto jardun daitezen, eta garraio-zerbitzuak eraginkortasun handiagoz kudea daitezen.

Helburu horiek aintzat hartuta, lege-dekretu honek zenbait neurri dakartza azpiegituraeta garraio-politiken hainbat arlotara.

Bidaiarien trenbide-garraioaren merkatua dinamizatze aldera sartu zen indarrean duela zazpi urte baino gehiago azaroaren 17ko 39/2003 Legea, Trenbide Sektorearena, eta, oraindik ere, ez ditu erabat eragin eragin behar zituen ondorioak; izan ere, haren hirugarren xedapen iragankorrak gabealdi bat zuen ezarria bidaiari-trafikoa erabat liberalizatzeko.

Garraio-sektore horren dinamizazioak beste sektore ekonomiko batzuetan bezalako bidea egin behar du, eta orain da unea. 2013ko uztailaren 31 ezarri da liberalizazioa hasteko data.

Horri guztiari esker, hala RENFE-Operadorak nola trenbideen arloko beste operadore batzuek oraintxe dute aukera estatuaren interes orokorreko trenbide-sarean (IOTS) bidaiarientzako trenbide-zerbitzuak emanez leihatzen hasteko; garraiobide hori baliatuko duten erabiltzaileen onerako izango da, eta jarduera horrekin lotutako ekonomia-sektorea dinamizatuko du.

Erabaki horri jarraituz, Gobernuak uste du komeni dela Europar Batasuneko trenbidearloko beste operadore publiko batzuen antzeko enpresa-eskemez hornitzea RENFEOperadora enpresa-erakunde publikoa.

Hala, RENFE-Operadora berregituratu egingo da, haren enpresa-erakunde publikoaren izaera errespetatuz. Hartara, lau-jarduera arlo izango ditu, eta Herri Administrazioen Ondarearen azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 166.2 artikuluan aurreikusitako merkataritza-sozietateak eratuko dira haren baitan, guztietan ere RENFEOperadorak kapital osoaren partizipazioa izango duelarik, zerbitzu guzti-guztien eskariari erantzutearren: bidaiariak; salgaiak eta logistika; aktiboak fabrikatzea eta haien mantentzea eta kudeatzea. Era horretan, RENFE-Operadorak esparru egokia izango du liberalizazio-prozesuari eta lehiari ateak irekitzeko prozesuari ekiteko, zerbitzu publikoak jarraitasuna izango duelako bermearekin eta kalitatez emango delako bermearekin.

Beste alde batetik, honako errege lege-dekretu honek, Gobernua Estatuaren Enpresa eta Fundazio Sektore Publikoa Berregituratzeko eta Arrazionalizatzeko Plana onartzera bultzatu duten zioen haritik, 2012ko martxoaren 16a ezartzen du Ferrocarriles Españoles de Viá Estrecha enpresa-erakunde publikoa ezabatzeko data; haren ondasunak, eskubideak eta betebeharrak ADIF eta RENFE-Operadora enpresa-erakunde publikoen artean edo haien baitan eratuko diren sozietateen artean banatuko direla xedatzen du, betiere horiek guztiak trenbide-zerbitzu eta -jardueren azpiegiturari edo operazioari atxikita badaude. Horixe izango da, halaber, FEVEko langileak ADIF eta RENFE-Operadoraren artean banatzeko oinarrizko irizpidea.

Egungo egoera ekonomiko honek arin ibiltzea eskatzen du, ahalik eta eraginkortasun handiena lortzearren zerbitzu publikoak kudeatzen, zenbait merkatu arautzen eta administrazio-jardunaren zenbait arlotan neurriak ezartzen. Hain zuzen ere horrexegatik, errege lege-dekretu honen bidez bidaiarien trenbide-garraioaren merkatuak dinamizatzeko egiten den ekarpena dela eta, beharrezkoa da neurri hauek errege lege-dekretu bidez ezartzea, herrialdea pairatzen ari den krisi ekonomikoak premia aparteko eta presazkoa eragiten baitu, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan ezarritako irizpideek eskatzen duten bezala.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimenaz baliatuz, Sustapeneko ministroaren proposamenari jarraituz, eta Ministroen Kontseiluak 2012ko uztailaren 20ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT: I. KAPITULUA Trenbide-sektorea arrazionalizatu eta berregituratzea 1. artikulua. RENFE-Operadora enpresa-erakunde publikoa berregituratzea.

1.  Renfe-Operadora enpresa-erakunde publikoa merkataritzako lau estatusozietatez eratuta egongo da (Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 166.2 artikuluan aurreikusitako sozietateak), eta bakoitzaren xede sozialak honako hauek hartuko ditu bere baitan:

a)  RENFE-Operadora bidaiarien negozio-unitateak edo operazio-arloak gaur egun garatzen dituen funtzioak eta betebeharrak.

b)  Gaur egun RENFE-Operadora izeneko negozio-unitate edo operazio-arloak gauzatzen dituen eginkizun eta obligazioak –horien artean izango dira Irion RENFE Mercancías, S.A., MultiRENFE Mercancías S.A., eta CONTREN RENFE Mercancías, S.A. sozietateen xede sozialak–.

c)  RENFE-Operadoraren fabrikazioko eta mantentzeko negozio-unitateak edo operazio-arloak gaur egun garatzen dituen funtzioak eta betebeharrak.

d)  Errentamendu-operazioak eta trenbide-materialaren aktiboei lotutako beste operazio batzuk gauzatzea, bai eta instalazio eta material horiek saltzea eta horiez xedatzeko beste modu batzuk ere.

2.  Ministro Kontseiluari dagokio sozietate horiek eratzeko baimena ematea, eta dagozkien kapitalak eta xede sozialak eta eratzeko beharrezkoak diren gainerako elementuak baimentzea, Herri Administrazioen Ondarearen azaroaren 3ko 33/2003 Legean ezarritakoaren arabera.

3.  Eratuko diren merkataritzako estatu-sozietateen kapital soziala RENFEOperadorarena izango da erabat; RENFE-Operadorak enpresa-erakunde publikoa izaten jarraituko du, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 43.1 b) artikuluan aurreikusitakoen modukoa, hargatik eragotzi gabe haren sinplifikazioa eta haren eginkizunen egokitzea, nahitaez egin beharrekoak baitira.

4.  Gaitasuna ematen zaio Gobernuari RENFE-Operadoraren estatutua aldatzeko, errege dekretu bidez eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak proposatuta; hala, estatutua artikulu honetan aurreikusitako sozietate-egitura berriari egokituko zaio, are Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 63. artikuluan aipatzen diren gaiak ere.

5.  Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioz gauzatzen diren eskualdatze, egintza eta eragiketak salbuetsita egongo dira estatuaren, autonomia-erkidegoen edo tokiadministrazioen tributu orotatik, are autonomia-erkidegoei lagatako tributuetatik ere; hala ere, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen Testu Bateratuaren 9.2 artikuluan aurreikusitakoa (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen) ez da aplikatzekoa izango. Eskualdatze, egintza edo eragiketa horiek salbuetsita egongo dira, orobat, fede emaile publikoen eta jabetza-erregistroko eta merkataritzaerregistroetako erregistratzaileen esku-hartzeengatik zor izaten diren zerga eta ordainsarietatik.

6.  Halaber, Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateratuaren VII. tituluaren VIII. kapituluan ezarritako erregimena (martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen), sozietateetan eratutako negozio-unitateetako edo operazioarloetako eskualdatze-eragiketei aplikatuko zaie, bai eta 1. paragrafoko b) letran aipatzen diren merkataritzako estatu-sozietateen fusioari ere.

7.  RENFE-Operadorako langileak eratuko diren sozietateetan integratzeak ezingo du ekarri, inolaz ere, zerbitzu publikoen zerbitzuan lan egiten duten langileen zuzkidurak, ordainsariak edo beste gastu batzuk gehitzea, eta, integratzekotan, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak aldeko txostena eman beharko du aldez aurretik.

2. artikulua. Ferrocarriles Españoles de Vía Estrecha (FEVE) enpresa-erakunde publikoa ezabatzea.

1.  Ferrocarriles Españoles de Vía Estrecha (FEVE) enpresa-erakunde publikoa 2012ko abenduaren 31n azkenduko da, eta ADIF eta RENFE-Operadora enpresaerakunde publikoak edo dagozkien merkataritzako estatu-sozietateak, errege lege-dekretu honetako 1. artikuluan aipatzen direnak, subrogatuko dira haren eskubide eta obligazioetan, eta errege lege-dekretu hau indarrean sartzen den egunean enpresaerakunde publiko azkenduaren ondasunen titularitatea (edo hari atxikitako ondasunen titularitatea) bereganatuko dute, edozein dela ere ondasunen eta eskubideen izaera.

Eskualdatzea balio kontablearen arabera egingo da.

2.  Horretarako, ADIF eta RENFE-Operadora enpresa-erakunde publikoen xedea eta eginkizunak gehitu eta zabaldu egiten dira, eta, hala, beren gain hartuko dituzte azkentzekoa den erakundearen zerbitzuak, eginkizunak eta jarduerak, errege legedekretu honetan aurreikusitako baldintzen arabera.

3.  Ferrocarriles Españoles de Vía Estrecha (FEVE) enpresa-erakunde publikoa Sustapen Ministerioaren agindu bidez azkendu aurretik ebatziko da ondasun, eskubide eta obligazio horiek ADIFi edo RENFE-Operadorari atxiki behar zaizkion edo errege legedekretu honen 1. artikuluan aipatzen diren merkataritzako estatu-sozietateei atxiki behar zaizkien, betiere kontuan hartuz gaur egun Ferrocarriles Españoles de Vía Estrecha (FEVE) enpresa-erakunde publikoak administratzen eta garatzen dituen azpiegitura edo operazioetako zeini atxikirik dagoen bakoitza.

4.  Aurreko paragrafoan ezarritako irizpide horrekin berarekin ebatziko da, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak aldeko txostena eman ondoren, zein langile integratu behar den ADIFen eta zein RENFE-Operadoran, edo, hala balegokio, lege-dekretu honetako 1. artikuluan aipatzen diren merkataritzako estatu-sozietatetan, eta integrazio horrek ez du ekarriko, inolaz ere, sektore publikoko enplegatuei aplikatzekoak zaizkien xedapenen kontrako lan-baldintzak –oro har– eta ordainsariak –bereziki– finkatzea edo baliozkotzea.

5.  Langile horien lan-baldintzak, beraz, integratzeko unean indarrean diren hitzarmen kolektiboen pean egongo dira.

6.  Langileen integrazioak ezingo du ekarri, inolaz ere, sektore publikoko zerbitzuen pean diren langileen zuzkidurak, ordainsariak edo gastuak gehitzea.

7.  Ministro-aginduaren bidez ezarriko da trenbideei dagozkien sarien zenbatekoa, bai eta FEVE azkendu ondoren administratzeko ADIFen gain uzten diren geltokiak edo trenbide-instalazioak erabiltzeari dagozkion sarien zenbatekoa ere.

8.  Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioz gauzatzen diren eskualdatze, egintza eta eragiketak salbuetsita egongo dira estatuaren, autonomia-erkidegoen edo tokiadministrazioen tributu orotatik, are autonomia-erkidegoei lagatako tributuetatik ere; hala ere, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen Testu Bateratuaren 9.2 artikuluan aurreikusitakoa (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen) ez da aplikatzekoa izango.

9.  Eskualdatze, egintza edo eragiketa horiek salbuetsita egongo dira, orobat, fede emaile publikoen eta jabetza-erregistroko eta merkataritza-erregistroetako erregistratzaileen esku-hartzeengatik zor izaten diren zerga eta ordainsarietatik.

10.  Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateratuaren VII. tituluaren VIII. kapituluan ezarritako erregimena (martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen Lege hori) Ferrocarriles Españoles de Vía Estrecha erakundea azkentzeko operazioari aplikatuko zaio, eta hari atxikita zeuden ondasun, eskubide eta obligazioen titularitatea ADIFek eta RENFE-Opereadorak bereganatuko dute, edo errege lege-dekretu honetako 1. artikuluak aipatzen dituen merkataritzako estatu-sozietateen artean dagokienek.

II. KAPITULUA

Bidaiarien tranbide-garraioko zerbitzuak liberalizatzea 3. artikulua. Trenbide-sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Trenbide Sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legearen hirugarren xedapen gehigarriaren lehenbiziko paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

«Hirugarren xedapen iragankorra.

Lege honetako IV. tituluko II. eta III. kapituluak ez zaizkie aplikatuko interes orokorreko eta nazioarteko zabalerako trenbide-sarean (UIC) ematen diren bidaiairen trenbide-garraioko zerbitzuei, ez eta interes orokorreko eta iberiar zabalera ohiko eta metrikoko trenbide-sarean ematen direnei ere, harik eta 2013. urteko uztailaren 31 arte, egun horretan baitago ezarrita horiek ere merkaturako irekitzeko eguna. Egun horretara arte, RENFE-Operadorak eskubidea izango du interes orokorreko trenbide-sarean ematen diren bidaiarien garraio-zerbitzuak ustiatzen jarraitzeko, Lehorreko Garraioak Antolatzeko uztailaren 30eko 16/1987 Legean eta hura garatzeko araudian ezarritako eran, non eta zerbitzu horiek ez diren lege honen gainerako edukiaren kontrakoak.

4. artikulua. Autonomia-erkidegoei eskualdatutako aldirietako eta eskualdeko zerbitzuak.

Baldin eta autonomia-erkidegoek, errege lege-dekretu hau indarrean sartzerako, eskualdaketa bidez bereganaturik badituzte interes orokorreko eta iberiar zabalerako trenbide-sarean ematen diren aldirietako eta eskualdeetako trenbide bidezko bidaiarigarraioko zerbitzuei dagozkien eginkizunak, Estatuko Administrazio Orokorrak betetzen zituenak, aukeran izango dute interes orokorreko eta iberiar zabalerako trenbide-sarean aldirietako eta eskualdeko trenbide bidezko bidaiarien garraio-zerbitzuak ematea, horri buruzko araudian eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 23ko 1370/2007 (EE) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Betiere, alde batera utzi gabe Trenbide-sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa.

Lehenengo xedapen gehigarria.  Trenbide-zerbitzuak eta -azpiegiturak berregituratzea.

2012ko abenduaren 31 baino lehen, Sustapen Ministerioak proposamen bat igorriko dio Ministro Kontseiluari alde ekonomikotik eta sozialetik errentagarritasunik sortzen ez duten trenbide-azpiegituren bideragarritasunaren gainean, aldez aurretik Trenbide Sektorearen Legearen 11. artikuluan horretarako ezarritako izapideak beteta.

Aurreko paragrafo horretan ezarritako epean, Sustapen Ministerioak proposamen bat igorriko dio Ministro Kontseiluari zerbitzu publikoko betebehartzat jotzen ez diren distantzia ertaineko trenbide-zerbitzuen gainean.

Bigarren xedapen gehigarria.  Adifi aktiboak eskualdatzea.

Trenbide Sektorearen Legearen 24.1 artikulua aplikatuz, ADIF Trenbide Azpiegituren Administratzailearen ondareari esleitzen zaio Mediterraneoko korridorearen eta MadrilBartzelona-Frantziako muga abiadura handiko linearen arteko konexioa: Vandellós-Área Tarragona eta Abiadura handiko atlantiar ardatzeko A Coruña-Vigo tartea, Estatuak eraiki baitzituen, bi azpiegitura horiek gauzatzea ADIF Trenbide Azpiegituren Administratzailearen gain utzi baino lehen.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Enpresa eta Fundazio Sektore Publikoa Berregituratzea eta Arrazionalizatzea 1.  Ministro Kontseiluak, 2012ko martxoaren 16ko akordioaren bidez, estatuko enpresa- eta fundazio-sektore publikoa berregituratzeko eta arrazionalizatzeko plana onartu zuen. Plan hori bete ez ezik, honako hauei buruzko akordio berriak onartzea ere sustatuko da, betiere Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 23ko 33/2003

Legearen 168. eta 169. artikuluetan xedatutakoaren esparruan: titulartasun-aldaketa, fusio, azkentze eta sozietate filialen kopurua murrizteko operazio berriak; eta Sustapen Ministerioari atxikitako edo haren mendeko organismoek eta erakundeek merkataritzasozietateetan partizipazioa izatea.

2.  Halaber, Fundazioei buruzko abenduaren 22ko 50/2002 Legearen 45.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Ministro Kontseiluari baimena eskatuko zaio partizipazioen gehiengoa Sustapen Ministerioarena, haren organismo publikoena edo haren mendeko erakunde publikoena duten estatuko sektore publikoko fundazioak fusionatzeko, eraldatzeko edo azkentzeko.

3.  Xedapen honetan eta errege lege-dekretu honetako 1. eta 2. artikuluetan aurreikusitako berregituratze-eragiketak Ministro Kontseiluaren 2012ko martxoaren 16ko akordioan ezarritako printzipioei eta arauei egokituko zaizkie (akordio horren bidez onartu zen estatuko enpresa- eta fundazio-sektore publikoa berregituratzeko eta arrazionalizatzeko plana). Berregituratzeak erakundeen eta haien gastuaren murriztea ekarriko du emaitza gisa.

Azken xedapenetako lehena.  Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.13, 149.1.21 eta 149.1.24 artikuluetan xedatutakoaren babesean ematen da. Arau horiek estatuari esleitzen diote jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriei eta koordinazioari dagokien eskumena, autonomia-erkidego baten baino gehiagoren lurraldeetatik igarotzen diren trenbideen eta lehorreko garraioen gaineko eskumena, eta interes orokorreko obra publikoen gaineko eskumena.

Azken xedapenetako bigarrena.  Arau-garapena.

1.  Gobernuari baimena ematen zaio errege lege-dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamendu-xedapen eta neurri guztiak onar ditzan, bere eskumenen esparruan.

2.  Era berean, Sustapen Ministroari baimena ematen zaio errege lege-dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren erregelamendu-xedapen eta neurri guztiak onar ditzan, bere eskumenen esparruan.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Indarrean sartzea.

Errege lege-dekretu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Madrilen emana, 2012ko uztailaren 20an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra