Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

2/2019 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Denboraleek eta bestelako egoera katastrofikoek eragindako kalteak arintzeko presako neurriak hartzen dituena.

2019-01-25

Erakundea: ESTATUKO BURUZAGITZA

Argitalpena: EAO, 2019/01/26 ZK23

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

960      2/2019 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Denboraleek eta bestelako

egoera katastrofikoek eragindako kalteak arintzeko presako neurriak hartzen dituena.

2018. urtearen hasieratik, ezbehar ugari ari dira gertatzen bata bestearen atzetik, eta horrek larrialdi-egoerak edota egoera katastrofikoak ekarri izan ditu. Ondorioz, populazioaren bizi-baldintzak nabarmen eraldatu dira, bai eta kalte pertsonal eta material larriak sorrarazi ere, ondasun pribatuetan zein ondasun, instalazio eta zerbitzu publikoetan, nekazaritza-ustiategietan eta udal azpiegituretan.

Aragoiko Autonomia Erkidegoan eta, oro har, Ebro Arroa osatzen duten erkidego guztietan, oso udazken lehor eta ezohikoa izan zuten. Ondoren, 2018. urteko lehen hilabeteetan, euri, txingor eta elur denboraleak etorri ziren, eta, beraz, lurraren xurgatze-gaitasuna saturatu egin zen.

Ezegonkortasunak bere horretan jarraitu zuen martxoan eta apirilean, eta gainezkatzeagatiko uholdeak ere izan ziren. Ondorioz, Larrialdietarako Unitate Militarrak esku hartu behar izan zuen, Ebro ibaiaren goi zein behe erriberetan. Maiatzean ere antzeko denboraleak izan ziren, euri askoko eta harrite indartsuko uneekin.

Era berean, 2018. urteko lehen hilabeteetan, batez ere otsailetik martxora bitartean, Andaluziako Autonomia Erkidegoak kalte larriak pairatu zituen, haizete handiko denboraleak, euriteak, uholdeak eta tornadoak izan baitziren. Gainera, itsasbazterra jipoitu zuten mareak ere izan zituzten, eta, horien ondorioz, hondatuta geratu ziren hondartzak, establezimenduak eta etxebizitzak, bai eta mota guztietako azpiegiturak eta errepide-sare publiko zein pribatuak ere. Estremadurako Autonomia Erkidegoak, berriz, hainbat kalte izan zituen martxotik maiatzera bitartean, eurite handiengatik, txingorragatik eta uholdeengatik.

Horrez gain, ezin dira ahaztu 2018ko abuztuan eta irailean Badajoz eta Caceres probintzietako zenbait udalerritan izandako gertakariak.

Uda-garaian (irailera arte), populazioaren bizi-baldintzetan ondoriorik okerrenak izan zituzten gertakariak eta, aldi berean, kalterik larrienak eragin zituztenak, Kantabria, Katalunia, Aragoi, Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Valentziako Autonomia Erkidegoetako zenbait udalerritan gertatu ziren: zehazki, fenomeno atmosferiko horiek eurite izugarriak eta txingorradak ekarri zituzten.

Abuztuan, eta, zehazki, 7tik 9ra bitartean, baso-sute handi batek Valentziako Autonomia Erkidegoa erraustu zuen. 2018ko abuztuaren 6an, baso-sutea izan zen Llutxenteko (Valentzia) udal-mugartean. Egoera meteorologiko kaskarra eta inguru malkartsua kontuan hartuta, sutea Pinet, Quatretonda, Barx, Gandia, Ador eta Rotova udal-mugarteetara zabaldu zen, eta guztira 3.000 hektarea kaltetu ziren, 35 kilometro inguruko perimetroan. Sua zenbait urbanizazio eta etxebizitza isolatura iritsi zen, eta 2.500 pertsona baino gehiago ebakuatu behar izan zituzten.

Udazkena iritsita, urri osoan, zenbait gertakarik (besteak beste, Leslie hurakanaren isatsak edota «tanta hotza» delakoak) eurite handiak eta uholdeak ekarri zituzten, eta gorabehera horiek, batez ere, Andaluzia, Katalunia, Gaztela-Mantxa, Balear Uharteak eta Valentziako Autonomia Erkidegoetan izan zuten eragina. Urriaren 9ko eurite handiak bereziki dramatikoak izan ziren, errekek gainezka egin baitzuten Mallorca uharteko Llevant eskualdean (Arta, Capdepera, Manacor, Sant Llorenç des Cardassar eta Son Servera herriek osatzen dute aipatutako eskualdea). Uholdearen ondorioz, zoritxarrez, 13 lagun hil ziren, hainbat eta hainbat zauritu egon ziren, eta 117 pertsonari eman behar izan zitzaien ostatu. Edonola ere, esan beharra dago Estatuaren Segurtasun Indar eta Kidegoek eta Babes Zibileko zerbitzuek zenbait kalte pertsonal minimizatu zituztela, egindako erreskate eta ebakuazioei esker. Gainera, aipatutako udalerrietan, hainbat kalte izan ziren errepideetan, ibilgailuetan, udal azpiegituretan, etxebizitzetan, saltokietan eta nekazaritza zein abeltzaintza arloko ustiategi batzuetan.

Nabarmentzeko modukoa da, era berean, urriaren 18,19, 20 eta 21ean gertatutakoa: euriteen osteko uholdeek eta gainezka egindako errekek hainbat kalte eragin zituzten Malaga, Sevilla, Cadiz, Valentzia, Castello, Tarragona eta Teruel probintzietan eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan.

Azkenik, 2018ko maiatzaren 23an, Paramosko parrokian, Tui (Pontevedra) udalerrian, gertakari katastrofiko bat jazo zen: material piroteknikoa gordetzeko erabiltzen zen biltegi batek, etxebizitza baten ondoan zegoenak, eztanda egin zuen. Eztanda ikaragarria izan zen: 600 metroko erradioa hartu zuen, eta hedatze-uhina handik lau kilometrotik gora ere sumatu zen. Tamalez, eztandaren ondorioz bi pertsona hil ziren (Administrazio Autonomikoaren tutoretzapean geratu diren bi adingaberen gurasoak), 37 lagun zauritu ziren (horietatik 7, adin txikikoak) eta 792 lagun kaltetu. Era berean, kalteak izan ziren hainbat etxebizitzatan, bai eta argiztapen publikoaren eta kableen aireko lineetan, bideetan, saneamendu sarean eta abarrean. Tuiko Udala, premia handiz, hondakinak kentzen hasi zenean, egiaztatu ahal izan zen amiantoa zegoela hondarren artean. Horrek osasun-arazo gehigarria ekar zezakeen, eta pertsonen segurtasuna eta babesa kaltetu. Beraz, interes publikoa kontuan hartuta, amiantoak kutsatutako hondakinak premiaz erretiratu behar izan dira ezbeharra gertatu zen lekutik.

Kontuan hartuta aipatutako egoera katastrofikoen ondoriozko kalte pertsonal eta material larriak, larrialdien garrantzia, biztanleen bizi-baldintzen nahasmenduari buelta emateko beharrezkoak diren neurriak, funtsezko zerbitzu publiko guztiak leheneratu beharra eta, azken batean, kaltetutako lekuetan egoera bere onera ekarri beharra, justifikatuta dago Estatuaren Administrazio Orokorrak esku hartzea, lurraldeen arteko elkartasunaren printzipioari eutsiz, eta, modu subsidiarioan, lurralde-administrazioek beren eskumenak erabiliz egin behar dituzten jarduketen osagarri gisa.

Ildo horretan, Babes Zibileko Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legeak aurreikusten duenez, larrialdia handia denean eta eremua leheneratzeko Estatuaren Administrazio Orokorrak esku hartu behar duenean, lege horren V. kapituluan jasotako neurriak aplikatuko dira; aurretik, halakotzat deklaratu beharko da larrialdia, 23. artikuluan ezarritakoaren arabera. Deklarazio hori eginez gero, lege-testu beraren 24. artikuluaren zerrendan ageri diren neurriak hartu ahal izango dira, Ministro Kontseiluak onartzen dituen baldintzak betez. Azkenik, uztailaren 9ko 17/2015 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako ministroari berariaz ahalmena ematen dio lan-arloko eta Gizarte Segurantzako neurriak garatzeko.

23. eta 24. artikuluetan eta uztailaren 9ko 17/2015 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoaren arabera, Barne gaietako, Ogasuneko, Sustapeneko, Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako, Industriako, Merkataritzako eta Turismoko, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadurako, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko, Trantsizio Ekologikorako eta Ekonomiako eta Enpresako ministroek proposatuta, Ministro Kontseiluak, 2018ko irailaren 7ko bileran, erabaki zuen babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatzea Valentziako Autonomia Erkidegoa, 2018ko abuztuko suteengatik, eta Tui (Pontevedra) udalerria, 2018ko maiatzaren 23an material piroteknikoak eztanda egin izanaren ondorioz. Eta, 2018ko urriaren 19ko eta azaroaren 2ko bileretan, erabaki zuen babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatzea Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Arta, Capdepera, Manacor, Sant Llorenç des Cardassar eta Son Servera udalerriak, 2018ko urriaren 9an izandako eurite, uholde eta gainezkatzeengatik, eta Malaga, Sevilla, Cadiz, Valentzia, Castello, Tarragona eta Teruel probintziak eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, urriaren 18,19, 20 eta 21eko eurite, uholde eta gainezkatzeek eragindako kalteengatik.

Aipatutako erabakietan hartu ziren neurrien osagarri, lurraldeen arteko elkartasunaren printzipioa aplikatuta, eta, eremu geografiko jakin bateko biztanleen bizi-baldintzen nahasmendu larriko egoeretan presaz jardun behar izan den aurreko aldietan bezala, lege-mailako araua behar duten neurriak hartzeko, honako errege lege-dekretu hau ematen da.

Jurisprudentzia konstituzionalak behin baino gehiagotan adierazi izan du errege lege-dekretua premiazko legegintzarako tresna dela, eta zilegia dela berau erabiltzea Gobernuaren helburuen barruan dauden egoera konkretuei laguntza eman behar zaienean eta, horretarako, araudia berehala aplikatu behar denean, legegintzaren ohiko prozedurak edo, baita ere, premiazko prozedurak ahalbidetzen duena baino epe laburragoan, legeen izapidetze parlamentariorako. Era berean, Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluan azaltzen den aparteko eta presako beharrizanaren baldintza betetzat emateari buruzko iritzi politikoa Gobernuari dagokio. Gainera, behin eta berriro eskatu izan da nolabaiteko lotura edo egokitzapena egotea baldintza horren eta errege lege-dekretuaren bidez hartutako neurrien artean. Aipatutako baldintzak behar bezala agertzen dira deskribatutako fenomeno atmosferikoek duela gutxi sorrarazitako egoeretan; izan ere, kalte pertsonal eta material larriak eragin dituzte hainbat autonomia erkidegotako udalerri askotan. Ministro Kontseiluaren akordio bidez hartu ahal izan diren neurriak, denak ere 24.1 artikuluaren eta horrekin bat datozen uztailaren 9ko 17/2015 Legearen artikuluen babespean hartutakoak, ez dute nahikoa egiten kaltetutako inguruak normaltasunera bueltatu daitezen, eta, aipatutako legearen 24.2 artikuluak aurreikusten dituen neurriak azkar hartu ahal izateko (besteak beste, zerga-onurak eta lanaren zein Gizarte Segurantzaren arloko neurriak), errege lege-dekretu bat onartu behar da. Beste alde batetik, neurri egokiak dira etxebizitzetan, establezimenduetan eta ustiategietan, azpiegituretan eta ekipamenduetan, jabari publiko hidraulikoetan edo itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoetan fenomeno atmosferiko horiek eragindako kalteak hein batean arintzeko.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, errege dekretu hori araubide onaren printzipioetara egokitzen da.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimena erabiliz, Barne gaietako, Ogasuneko, Sustapeneko, Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako, Industriako, Merkataritzako eta Turismoko, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadurako, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko, Trantsizio Ekologikorako eta Ekonomiako eta Enpresako ministroek proposatuta, eta Ministro Kontseiluak hala eztabaidatuta 2019ko urtarrilaren 25eko bileran,

XEDATZEN DUT:

  • 1. artikulua. Xedea.

  • 1.  Errege lege-dekretu honen xedea zenbait neurri hartzea da, aldez aurretik jasotako beste neurri batzuk osatzeko: zehazki, 2018ko irailaren 7ko Ministro Kontseiluaren akordioan jasotakoak, zeintzuen bitartez babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatu baitziren Valentziako Autonomia Erkidegoa, 2018ko abuztuko suteengatik, eta Tui (Pontevedra) udalerria, 2018ko maiatzaren 23an material piroteknikoak eztanda egin izanaren ondorioz; eta, era berean, Ministro Kontseiluaren 2018ko urriaren 19ko eta azaroaren 2ko akordioetan jasotakoak, zeintzuen bitartez babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatu baitziren Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Arta, Capdepera, Manacor, Sant Llorenç des Cardassar eta Son Servera udalerriak, 2018ko urriaren 9an izandako eurite, uholde eta gainezkatzeengatik, eta Malaga, Sevilla, Cadiz, Valentzia, Castello, Tarragona eta Teruel probintziak eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, urriaren 18,19, 20 eta 21eko eurite, uholde eta gainezkatzeek eragindako kalteengatik.

  • 2.  Errege lege-dekretu honetan eta Ministroen Kontseiluaren 2018ko irailaren 7ko, urriaren 19ko eta azaroaren 2ko akordioetan jasotako neurriak, aurreko paragrafoan aipatutakoak, honako gertakariek eragindako kalteen kasuetan aplikatuko dira: uholdeak eragiten dituzten euriteak, elurra, txingorra eta haizea, uholdeak, ibai eta erreken gainezkatzeak, harriteak, kostaldeko fenomenoak eta tornadoak, baso-suteak edo beste gertakari katastrofiko batzuk, 2018ko urtarriletik hasi eta errege lege-dekretu hau indarrean jarri arte gertatutakoak.

Ministro Kontseiluaren errege dekretuak zehaztuko du atal honetan aurreikusitakoa zein gertakariri, zein lurralde-esparruri eta zein neurri zehatzi aplikatuko zaien, dagokion neurria betearazteko eskumena duen ministroaren proposamenez.

  • 3. Gobernuak erabaki dezake errege lege-dekretu honetan ezarritako neurriak antzeko beste gertakari batzuei aplikatzea; hain zuzen ere, 2019ko martxoaren 31 bitartean gertatzen direnei. Horretarako, errege-dekretua emango du eta eragindako guneak zein diren zehaztuko du.

  • 2. artikulua. Kalte pertsonalak, kalte materialak, etxebizitzan eta ondasunetan izandako kalteak, eta industriako, merkataritzako, nekazaritzako, itsas eta arrantzako, turismoko eta beste zerbitzu batzuetako establezimenduetan izandako kalteak arintzeko laguntzak, eta pertsona fisiko zein juridikoek egindako prestazio pertsonalen edo ondasun-prestazioen ziozkoak.

  • 1.  Aurreko artikuluko adierazpeneko gertakariek zuzenean eragindako heriotzen eta ezintasunen kasuetan, martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan aurreikusitako laguntzak emango dira, zeintzuen bitartez larrialdi- edo hondamendi-egoeren ondoriozko premiei erantzuteko dirulaguntzak arautu eta dirulaguntza horiek emateko prozedura ezartzen baita.

  • 2.  Tresneria suntsitzea edo tresnerian kalteak izatea eta etxebizitzetan kalteak izatea laguntzak jasotzeko arrazoi izango dira, martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Ezbeharrek kaltetutako higiezinen titulartasuna egiaztatzeko, titulartasun hori frogatzen duen edozein dokumentu onartuko da egiaztagiri gisa; esate baterako, ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria edo pareko beste batzuk.

  • 3.  Industriako, merkataritzako, nekazaritzako, itsas eta arrantzako, turismoko eta beste zerbitzu batzuetako establezimenduetan kalteak izaten direnean, baliteke, Aparteko Arriskuetarako Aseguruaren Erregelamenduaren 9. artikuluak jasotako frankizia aplikatuta, interesdunak Aseguruen Konpentsazio Partzuergotik kalte-ordainik jasotzea (erregelamendu hori otsailaren 20ko 300/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen); halakoetan, ezbeharrak eragindako kalteen zenbateko lagungarriaren % 7rainoko dirulaguntza eman ahal izango da, gehienez ere martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren 28. artikuluak jasotako gehienezko zenbatekoraino. Eta bada beste muga bat ere: batuketa egin dirulaguntza horren eta aseguruaren kalte-ordainaren eta beste edozein dirulaguntza edo laguntza publiko edo pribaturen artean, eta zenbatekoak inoiz ere ezingo du hondamenaren edo kaltearen balioa gainditu. Interesdunak, halakoetan, aseguru-entitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du, zeinean jasoko baita aseguru-entitateak ez duela ordaindu Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak aplikatutako legezko frankiziari dagokion zenbatekoa edo horren zati bat.

  • 4.  Laguntza horiek jasotzeko eskabideak kaltetutako autonomia-erkidego eta probintzietan Gobernuak dituen ordezkaritza edo ordezkariordetzetan izapidetuko dira; bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita, eta Barne ministroak ebatziko ditu.

  • 5.  Aurreko zenbakian xedatutakoa aplikagarria izango da, halaber, laguntzak eskatzen direnean jasandako kalte pertsonalengatik edo pertsona fisiko zein juridikoek egindako prestazio pertsonalengatik edo ondasun-prestazioengatik. Horrelako laguntzak martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan arautzen dira.

  • 6.  Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M «Ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko» aurrekontu-aplikazioaren 471, 472, 482, 771 eta 782 kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira kreditu horiek indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.

  • 3. artikulua. Zerga-onurak.

  • 1.  Ez dira ondasun higiezinen gaineko zergaren 2018ko edo 2019ko kuotak — ezbeharra gertatu den ekitaldikoak— ordaindu behar izango errege lege-dekretu honen 1. artikuluan aipatu ditugun ezbeharren eraginez zuzenean kaltetu diren etxebizitzen, industria-, turismo-, merkataritza-, itsas eta arrantza-establezimenduen, establezimendu profesionalen, nekazaritza- eta baso-ustiategien eta lantoki eta antzekoen kasuan, baldin eta egiaztatzen bada bertan kokatutako pertsonak eta ondasunak guztiz edo zati batean beste leku batean kokatu behar izan direla harik eta jasandako kalteak konpondu arte, edo nekazaritza- zein abeltzaintza-ustiategietan galerak izan badira eta hondamendi horiek ezin badira ezein aseguru publiko edo pribaturen bitartez babestu.

  • 2.  1. artikuluan jasotakoaren arabera, ekonomia-jardueren gaineko zergan murrizketa bat ezartzen zaie industriei (edozein eratakoei), merkataritza-establezimenduei, itsaso eta arrantzakoei, turismo-establezimenduei eta establezimendu profesionalei, ezbeharren eraginez haiei atxikitako negozio-lokalak edo ondasunak zuzenean kaltetu badira, eta, betiere, jarduera beste leku batean kokatu behar izan bada edo jarduera aldi baterako ixtea eragin duten kalteak izan badira. Murrizketa hori 2018ko ekitaldiko zergan egingo zaie ezbeharra 2018an izan dutenei, eta 2019ko ekitaldiko zergan, berriz, ezbeharra 2019an izan dutenei. Murrizketa hori proportzionala izango da, kontuan hartuko baita zenbat denbora igaro den jarduera eten behar izan zen egunetik berriz ere normaltasunez hasi den arte, dela lokal berberetan dela beste lokal batzuetan, hartara eragotzi gabe jarduera utzi behar izatea aintzat hartzea, kalteen larritasunak hori eragiten duenean; azken kasu horretan, murrizketa 2017ko abenduaren 31tik aurrera aplikatuko da, ezbeharra 2018an gertatu bada, edo 2018ko abenduaren 31tik aurrera, ezbeharra 2019an gertatu bada.

  • 3.  Aurreko zenbakietan aipatutako zergetan egingo diren salbuespen eta murrizketetan, zerga horien gainean legez onartutako errekarguenak ere sartuko dira.

  • 4.  Aurreko zenbakietan ezarritako onurak lortzeko eskubidea duten zergadunek, aipatutako zerga-ekitaldietako ordainagiriak ordaindu badituzte, ordaindutako diru kopuruak itzultzeko eskatu ahal izango dute.

  • 5.  Ez dira ordaindu behar izango Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoaren tasak, urriaren 2ko 16/1979 Legean ezarritakoak, ezbeharrek eragindako kalteen ondorioz eskatutako ibilgailuen bajak izapidetzeko, ezta arrazoi horiengatik suntsitu edo galdutako zirkulazio-baimen eta gidabaimenen kopiak emateko ere.

  • 6.  Artikulu honetako goiko zenbakietan xedatutakoa dela-eta, murrizketaren bat badago udalen, uharte-kontseiluen, uharte-kabildoen, probintzia-diputazioen eta autonomia-erkidegoen tokiko tributuen bidezko diru-sarreretan, murrizketa hori Estatuaren Aurrekontu Orokorren kontura konpentsatuko da, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu hori).

  • 7.  Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita egongo dira 2. artikuluan aipatutako kalte pertsonaletarako ezohiko laguntzak.

  • 4. artikulua. Lan-arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko neurriak.

  • 1. Baldin eta kaleratze kolektiboen, kontratu-eteteen eta lanaldi-laburtzeen arrazoi zuzena errege lege-dekretu honen 1. artikuluan adierazitako ezbeharren ondoriozko kalteak badira, edo 2.3 artikuluan adierazitako establezimenduetan kalteen ondorioz zuzenean izandako jarduera-galerak, eta hori dena behar bezala egiaztatzen bada, ezinbesteko kasutzat hartuko dira eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. eta 51. artikuluetatik eratorritako ondorioak izango dituzte (testua urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen). Lehenengo kasuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak enpresaria Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzetik eta baterako diru-bilketaren kontzeptuetatik libratu ahal izango du etenaldiak irauten duen bitartean, eta epe hori langileak benetan kotizatutako alditzat joko da. Kontratua amaitzen den kasuetan, langileen kalte-ordainak Soldatak Bermatzeko Funtsaren kontura ordainduko dira, legez ezarritako mugen barruan.

Enpresak kontratuak etetea edo lanaldia aldi baterako laburtzea erabakitzen badu ezohiko arrazoietan oinarrituta, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak edo, hala egokitzen bada, Itsasoko Gizarte Institutuak baimena eman ahal izango du langabezia-prestazioak (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan araututakoak) jasotzen diren aldi hori ez dadin zenbatu ezarritako prestazioak jasotzeko gehieneko aldia agortzeko ondorioetarako. Horretarako, nahitaezkoa izango da horren guztiaren atzean errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan jasotako gertaerak egotea. Era berean, baimena eman ahal izango du langabezia-prestazioak jaso ditzaten espediente horietan sartuta dauden langileek, nahiz eta prestazio horiek jasotzeko beharrezkoak diren kotizazio-aldien baldintza beteta ez izan.

  • 2.  Norberaren konturako langileek eta enpresek, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan sartuta daudenek, izandako kalteak edo 1. artikuluan deskribatutako ezbeharren ondorioz zuzenean izandako jarduera-galerak justifikatu ondoren, interesik gabeko urtebetera arteko moratoria eskatu ahal izango dute Gizarte Segurantzaren kotizazioak eta diru-bilketa bateratuko kontzeptuak ordaintzeko, elkarren segidako hiru hilabeteri dagozkionak, ezbeharra gertatu aurreko egunetik zenbatzen hasita; edo, norberaren konturako erregimen berezian edo autonomoenean sartuta dauden langileen kasuan, ezbeharra gertatu zen hilabetetik aurrera.

  • 3.  Eragindako kalteak konpontzeko lanak egiteko, administrazio publikoek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek honako hau eskatu ahal izango diote eskumena duen enplegu zerbitzu publikoari: langabezia-prestazioak jasotzen dituztenak gizarte lankidetzako lanetarako atxikitzeko, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren 272.2. artikuluan eta enplegua sustatzeko hainbat neurri arautzen dituen ekainaren 25eko 1445/1982 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

  • 5. artikulua. Nekazaritza-jardueretarako zerga-murriztapen bereziak.

Ogasuneko Ministerioak, 1. artikuluak aipagai dituen ezbeharrek zuzenean kaltetutako nekazaritza-ustiategi eta jardueretarako, salbuespen gisa, azaroaren 28ko HFP/1159/2017 Aginduan eta azaroaren 27ko HAC/1264/2018 Aginduan aipatzen diren errendimendu garbiaren indizeak murrizteko baimena eman ahal izango du (agindu horiek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboa egiteko metodoa eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua garatzen dituzte, hurrenez hurren, 2016rako eta 2019rako). Eta hori egingo du martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 37. artikuluaren 4.1 zenbakian eta abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartutako Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 38. artikuluaren 3. zenbakian jasotakoarekin bat etorriz eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak egindako txostenak aintzat hartuta.

  • 6. artikulua. Toki-korporazioei laguntzak emateko eta ezohiko laguntzak emateko erregimena, Tui udalerrian amiantoa erretiratzeko.

  • 1. Horrelako larrialdiei aurre egiteko gastuengatik toki-korporazioek jasotzen dituzten laguntzei ez zaie aplikatuko martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluetan ezarritako zenbatekoa, eta, beraz, laguntzen zenbatekoa larrialdi-gastuen % 100era ere heldu ahal izango da.

Laguntza horiek ez dira izango 7. artikuluan jasotzen diren azpiegiturak konpontzeko edo lehen bezala uzteko. Hala ere, dirulaguntzen xede izan ahalko dira, artikulu horrek xedatzen duen aplikazio-eremukoak izanik, geroraezinak diren jarduketak, pertsonen bizitza eta segurtasuna, bai eta oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamendua ere, bermatzeko burutu badira. Aipa ditzagun lan horietako batzuk: hondamendiak jo duen jendea ebakuatzea, jende horri aterpea eta jan-edanak ematea, lokatzak eta hondarrak erretiratzea, eta kaleak eta leku publikoak garbitzea, helburu horiek betetzeko ezinbestekoa bada.

Eta ezin dira horrela diruz lagundu, berriz, toki-korporazioak bere baliabideak erabiliz egiten dituen lanak, berdin baliabide materialak diren, hala nola makinak edo lanabesak, nahiz bere langileak diren, hau da, hondamendia gertatu baino lehenagotik kontrataturik zeuzkan langileak. Inoiz ere ezingo dira diruz lagundu suhiltzaileek, udaltzainek, babes zibilak eta antzeko beste behargin batzuek eragindako gastuak.

  • 2.  Diruz lagunduko dira toki-korporazioek larrialdi-egoeretako ekintza atzeraezinen ondorioz egindako gastuak, betiere, amianto-piezak eta 2018ko maiatzaren 23an Tui udalerrian izandako eztandaren ondorioz irtendako material toxikoak premiaz erretiratzeko gastuak direnean. Gastu horien barruan sartuko dira proiektu teknikoa eta lan horien inguruko obra-zuzendaritza.

  • 3.  Laguntza horiek jasotzeko eskabideak kaltetutako autonomia-erkidego eta probintzietan Gobernuak dituen ordezkaritza edo ordezkariordetzetan izapidetuko dira; bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita, eta Barne ministroak ebatziko ditu.

  • 4.  Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M «Ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko» aurrekontu-aplikazioaren 461. eta 761. kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira kreditu horiek indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.

  • 7. artikulua. Toki-administrazioekiko lankidetza.

  • 1.  Udalek, probintzia-diputazioek, uharte-kontseiluek eta uharte-kabildoek, eskualdeek, mankomunitateek eta probintzia bakarreko autonomia-erkidegoek exekutatzen dituzten eta 1. artikuluan aipatzen diren ezbeharrekin zuzenean lotuta dauden proiektuei beren kostuaren ehuneko 50era bitarteko dirulaguntza eman ahalko zaie, baldin eta udal-titulartasuneko azpiegiturak, ekipamenduak edo instalazio eta zerbitzuak —apirilaren 2ko 7/1985 Legeak (Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena) 25.2 artikuluan jasoak— edo uharte-kontseiluen eta uharte-kabildoen, eta probintzia-diputazioen bide-sarea konpontzeko edo leheneratzeko obren proiektuak badira. Ez dira diruz lagunduko toki-erakundeak bere baliabide propioak erabiliz, berdin baliabide materialak, makinak nahiz langileak diren, egiten dituen lanak.

  • 2.  Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren aurrekontuan txertagarri gisa gaitzen den kredituaren kontura egingo zaie aurre dirulaguntza horiei.

  • 3.  Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroari ahalmena ematen zaio dirulaguntza horiek emateko prozedura ezar dezan, bai eta horien jarraipena eta kontrola egin dezan ere.

  • 8. artikulua. Errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuaren barruko kalteak konpontzeko

egin diren inbertsioak.

  • 1.  Errege lege-dekretu honetan aipaturik dauden kalteak konpontzearren toki-erakundeek egiten dituzten inbertsioak finantzen aldetik jasangarriak direla pentsatuko da, baldin eta Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunen apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian datozen baldintzak betetzen badituzte.

  • 2.  Modu ezohikoan, inbertsio horiek lehentasunez betearaziko dira, arlo finantzariotik jasangarriak diren beste inbertsio batzuen aurrean.

  • 9. artikulua. Basoak leheneratzeko lanak eta ingurumen arloko ekintzak.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroari baimena ematen zaio bere eskumeneko gaietan kaltetu diren inguruak jarduera bereziko esparru izendatzeko eta, horren ondorioz, aipatutako Sailak egin beharreko lanen premiazkotasuna deklaratzeko, ondoko arlo hauetan:

  • a)  Basoak leheneratzea eta leheneratze hidrologikoa, erosioaren eta desertifikazioaren kontrola, bai eta lan osagarriak ere, su hartu duten baso-eremuetan izan daitezkeen euriek eragindako ondorioak arintzeko.

  • b)  Natura 2000 Sarea osatzen duten espazioak, baso-suteek kaltetutakoak, berreskuratzeko eta ingurumenaren aldetik leheneratzeko lankidetza, batez ere, EBren intereseko habitatetan eta EBren intereseko espezieak, endemismoak edo babes bereziko erregimenean dauden basa-espezieen zerrendan jasotako espezieak dituzten habitatetan.

  • c)  Baso biomasa errea ateratzeko eta tratatzeko laguntza, hala dagokionean.

  • d)  Baso-masetan izurriak kontrolatzeko tratamenduan laguntzea.

  • e)  Erabilera orokorreko landa-azpiegiturak eta bide naturalak leheneratzea.

  • 10. artikulua. Jarduketak jabari publiko hidraulikoan.

Trantsizio Ekologikorako ministroari baimena ematen zaio dagokion arro hidrografikoan kalteturik suertatu diren lekuak jabari publiko hidraulikoa leheneratzeko jarduketa bereziko esparru deklaratzeko, eta departamentu horrek egin behar dituen obren premiazkotasuna deklaratzeko, ondoko arlo hauetan:

  • a)  Suteen ondoriozko landare-hondakinek eragindako tapoiak kentzea.

  • b)  Ubideetara iritsi diren edo irits daitezkeen garraioak, sedimentuak eta hondakinak erretiratzea, ubideak husteko gaitasuna murriztu dezaketelako.

  • c)  Erosio-prozesuak jasan dituzten bazterrak konpontzea, bai eta defentsak jartzea ere erosioak izateko arrisku gehien duten guneetan.

  • 11. artikulua. Jarduketak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan:

Trantsizio Ekologikorako ministroari baimena ematen zaio dagokion itsasertzean kalteturik suertatu diren lekuak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa leheneratzeko jarduketa bereziko esparru izendatzeko, eta Sail horrek egin behar dituen obren premiazkotasuna deklaratzeko, ondoko arlo hauetan:

  • a)  Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa leheneratzea, eta haren osotasuna eta mantentze egokia bermatzeko gainerako obrak, bai eta itsasertzaren iraunkortasuna bermatzeko eta bihar-etziko denborale eta galernen eragina leuntzeko lan osagarriak ere.

  • b)  Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa osatzen duten elementuak babestea eta mantentzea, eta, bereziki, hondartzak eta hareatzak, duna-sistemak eta itsasertzeko hezeguneak era jasangarriz egokitzea, errekuperatzea eta birsortzea, baita itsasertzean azterlanak, proiektuak eta obrak egitea, ikuskatzea eta kontrolatzea ere.

  • c)  Itsasertzean kaltetuta geratu diren egiturak konpontzea eta leheneratzea; esate baterako, itsasertzeko pasealekuak, jabari publikorako sarbideak, hormak eta abar.

  • 12. artikulua. Gainerako azpiegitura publikoetako kalteak.

Arlo horretan eskumena duen ministerio-sailaren buruari baimena ematen zaio kalteturik suertatu den ingurua jarduketa bereziko esparru deklaratzeko, sail horrek eta haren barruko erakunde autonomoek eta menpeko erakunde publikoek, hartara, egin beharreko leheneratze-jarduketak egin ditzaten. Horretarako, premiazkotzat izenda daitezke sail horiek estatu-titulartasuneko azpiegituretan izandako kalteak konpontzearren egiten dituzten obrak (bakoitzak bere eskumenekoak egin beharko ditu).

  • 13. artikulua. Kontratazio-araubidea.

  • 1. Kontratazio-organoak aldez aurretik baimena emanda eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 120. artikuluaren baldintzak betez (zeinaren bitartez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/UE eta 2014/24/UE zuzentarauen transposizioa egiten baita Espainiako ordenamendu juridikora), larrialdietako obra, zerbitzu edo horniduratzat hartu ahal izango dira azpiegiturak, ekipamenduak edo zerbitzuak konpondu edo mantentzeko kontratuak eta uholdeek kaltetutako ondasunak leheneratzeko eta kalteak baloratzeko lanen kontratuak, edozein dela ere duten zenbatekoa. Era berean, kontuan hartu beharko da Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen ehun eta hogeita hamaseigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa, jarduketen hasierak premiaz izapidetzeko erregimenaren komunikazioari buruz.

  • 2.  Presazkotzat joko da atal honetan aipatutako lanen ondoriozko desjabetzeek eragindako ondasunen okupazioa, jabetza nahitaez kentzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

  • 3.  Azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 236.2. artikuluan sartuta ez dauden obren kontratazio espedienteak izapidetzeko, ez da bete beharko lurrak erabilgarri izateko aldez aurreko baldintza, nahiz eta lur-sailen benetako okupazioa egin aurretik okupazio-akta formalizatu beharko den.

  • 14. artikulua. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa.

1 . Kaltetutako probintzia bakarreko autonomia-erkidegoetako gobernuaren ordezkariek eta gainerako kasuetako gobernu-ordezkariordeek, Babes Zibilaren eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik emandako txostenaren bitartez, pertsonalak ez diren kalteen ebaluazio zuzenagoa egiteko, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari beharrezkoak diren zenbatespenak egin ditzan eskatu ahal izango diote, errege lege-dekretu honen 2. artikuluarekin bat etorrita, betiere, titulartasun publikoko ondasunei eragiten ez badiete.

  • 2.  Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eskubidea izango du Estatuko Administrazio Orokorrak peritatze lanak ordain diezazkion, Partzuergo horrek bere aseguruen peritu tasatzaileentzat onartuta dituen ordainsari profesionalen baremoaren arabera.

  • 3.  Laguntzak errazago izapidetzeko eta kalteak errazago ebaluatzeko, eskumena duen administrazioak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak elkarri helarazi ahal izango dizkiote emandako laguntzen eta aitortutako kalte-ordainen onuradunei buruzko datuak, laguntza eta kalte-ordainen zenbatekoei buruzkoak eta ukitutako ondasunei buruzkoak. Espainiako lurraldean jarduten duten aseguru-entitateek Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari nahitaez eman beharko diote partzuergo horrek eskatzen dien informazioa, goian xedatutakoa bete ahal izateko.

Lehenengo xedapen gehigarria. Datu pertsonalak.

Emango diren laguntzen onuradunei, zenbatekoei eta ukitutako ondasunei buruzko datuak trukatu beharko dituzte administrazio eskudunak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak, laguntzak izapidetu eta kalteak baloratu ahal izateko. Datu-truke hori Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiaren eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren bitartez egingo da, biek elkarrekin ezartzen duten prozedura erabiliz.

Bigarren xedapen gehigarria. Aurrekontu-kredituak.

Udal azpiegituretan eta probintzia-diputazioetako eta uharte-kontseilu eta uharte-kabildoetako errepide-sareetan izandako kalteei buruzko neurriak, jabari publiko hidraulikoan eta itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan egindako jarduketak, basoak leheneratzeko lanak eta ingurumen arloko ekintzak, Bide Naturalen Sare Nazionalean egindako ekintzak, eta gainerako azpiegitura publikoetan izandako kalteak azaroaren 26ko 47/2003 Aurrekontuen Lege Orokorrean aurreikusitakoaren arabera finantzatuko dira, eta ministerioetako sailetan eta horien menpeko entitateetan eskuragarri dagoen aurrekontuaren kontura ordainduko dira.

Ministerioetako sailetan aurrekontu-eskasiak egiaztatuko balira, ekintzak Aurrekontu Esleipenerako Kontingentzia Funtsaren kontura finantzatu ahal izango lirateke, Aurrekontuen eta Gastuen Estatu Idazkaritzak egindako eta ministerio-sailak eskatu beharreko nahitaezko txostenean ezarritako zenbatekoarekin. Edonola ere, azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 50. artikuluan aurreikusitako terminoetan, Kontingentzia Funtsaren aplikazioa Ministro Kontseiluaren Akordio bidez onartuko da.

Hirugarren xedapen gehigarria. Kaltetuei laguntzeko neurrien jarraipena egiteko ministerioarteko batzordea.

  • 1.  Ministerio arteko batzorde bat sortu da errege lege-dekretu honetan ezarritako laguntza neurriak aplikatzeko. Batzorde hori Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak koordinatuko du eta Ogasun Ministerioaren, Barne Ministerioaren, Sustapen Ministerioaren, Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren eta Ekonomiako eta Enpresako Ministerioaren ordezkariek osatuko dute, bai eta kaltetutako autonomia-erkidegoetako gobernuaren ordezkariek eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren ordezkari batek ere.

  • 2.  Aurreko atalak aipatzen duen batzordea arduratuko da errege lege-dekretu honetan aurreikusitako babes-neurrien jarraipena egiteaz, kaltetutako autonomia-erkidegoetako agintariekin koordinatuta eta Gobernu Ordezkaritzen bitartez. Batzorde horren esku geratuko dira Geografia Institutu Nazionalaren baliabideak, kalteak ebaluatzeko eta horien konponketaren gaineko plangintza egiteko. Hain zuzen ere, eskuragarri dagoen informazio geoespaziala erabiliko da; batez ere, airetik eta sateliteetatik ateratakoak, edo Lurraldea Behatzeko Plan Nazionalaren bitartez eskuratutakoak.

  • 3.  2019ko urriaren 1a baino lehenago, ministerio arteko batzordeak txosten bat egingo du errege lege-dekretu hau gauzatzeko egin diren jarduerei buruz.

Laugarren xedapen gehigarria. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Ministro Kontseiluaren erabaki bidez xedatuko da errege lege-dekretu honetan jasotako azpiegitura, ekipamendu edo instalazioak konpondu eta birgaitzeko zein lan egongo den ingurumen-inpaktuaren ebaluaziotik salbuetsita; hau da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoa betez, zein lan salbuetsiko den izapide horretatik, nahiz eta, zinez, aipatutako Legearen 7. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa aurkeztera behartuta egon.

Xedapen iragankor bakarra. Eskaera berriak aurkeztea.

Errege lege-dekretu hau indarrean jarri baino lehen egindako eta 2018ko irailaren 7ko, urriaren 19ko eta azaroaren 2ko Ministro Kontseiluaren Akordioen babespean aurkeztutako laguntza-eskaerak berriz ere aurkeztu ahal izango dira 2.4. eta 6.3. artikuluetan aurreikusitako epeetan, baldin eta errege lege-dekretu honek laguntza horiek emateko baldintza edota betekizunen bat aldatu badu.

Azken xedapenetako lehenengoa. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1. artikuluko 7., 13., 14., 17., 23. eta 29. arauetan xedatutakoaren babesean ematen da, kaltetutako autonomia-erkidegoek har ditzaketen babes neurri osagarriak eragotzi gabe.

Azken xedapenetako bigarrena. Martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuko zenbatekoen berrikuspena.

Martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren 17.e) eta 28. artikuluetan jasotako zenbatekoak aldatu dira, erregelamendu-maila mantenduta. Hauek izango dira aplikatu beharreko zenbatekoak:

  • a)  jabetza horizontaleko araubideko Jabeen Erkidego baten erabilera orokorreko elementu komunetan izandako kalteengatik, gehienez ere 9.224 euro.

  • b)  27. artikuluan jasota dagoen moduan, industria, merkataritza eta zerbitzuetako establezimenduetan izandako kalteak arintzeko, gehienez ere 9.224 euro emango dira.

Azken xedapenetako hirugarrena. Garatzeko ahalmenak.

Gobernuak eta ministerio-sailetako titularrek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, behar diren xedapenak emango dituzte errege lege-dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betetzeko.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Madrilen, 2019ko urtarrilaren 25ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra