Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

2/2014 Legea, martxoaren 25ekoa, Estatuaren Kanpo Ekintza eta Zerbitzuari buruzkoa

2014-03-25

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2014/3/26, 74. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3248

2/2014 Legea, martxoaren 25ekoa, Estatuaren Kanpo Ekintza eta Zerbitzuari buruzkoa.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.

Jakin ezazue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala: HITZAURREA Estatuaren jardueraren nazioarteko dimentsioak inoiz ez bezalako protagonismoa hartu du azkenaldi honetan; hain zuzen ere, egungo mundu globalizatu eta interdependentean, Estatuak kanpo-politika bideratzeko hautatzen duen moduak zuzeneko eta berehalako ondorioak dituelako bertako herritarren bizitzan eta interesetan.

Europa-mailan, gainera, nazioz gaindiko integrazio-prozesu handizalea garatu da, eta, prozesu horretan, estatu kideek oso eskumen-sorta zabala eman diote Europar Batasunari; hain zabala, ezen nazioko zein nazioarteko jarduerak estu lotuta gelditu baitira.

Espainiarentzat, 1978ko Konstituzioaren onespena aldaketa itzela izan zen, eta eragin handia izan du gure herrialdearen Kanpo Ekintzan. Hari esker, denbora luzez baztertuta egondako foroetan sartu da Espainia –bereziki, aipatutako Europar Batasunean, Europako Kontseiluan eta Atlantikoko Itunean–, eta, aldi berean, Iberoamerikako Nazioen Erkidegoaren sorrera bultzatu du. Halaber, Kanpo Ekintzaren dimentsio berrien ezarpena sustatu du, hala nola garapenerako nazioarteko lankidetzarena. Hori guztia nazioarteko komunitatearen barneko harremanak inspiratzen dituzten funtsezko balioekiko konpromiso sendoan oinarrituz egin du Espainiak; batez ere, giza duintasuna, askatasuna, Zuzenbidezko Estatua, giza eskubideak, solidaritatea, bakearen sustapena, Nazioarteko Zuzenbidearekiko errespetua eta aldeaniztasunarekiko konpromisoa aldeztuz.

Era berean, 1978ko Konstituzioak hainbat subjekturi Kanpo Ekintzaren arloan eskumenak aitortzeko esparru juridikoa sortu zuen –besteak beste, autonomia-erkidegoei, euren autonomia-estatutuen bidez–, Europar Batasunaren mailan zein Kanpo Ekintzaren mailan. Horrek aberastasun handia ekarri dio Espainiari, barnera zein kanpora begira, baina, aldi berean, koordinatzeko beharra sortu du, harmoniaz jardun daitezen Gobernuaren Kanpo Ekintza eta Kanpo Politikaren zuzendaritza.

Testuinguru horretan, tresna malgua dugu Estatuaren Kanpo Ekintzaren eta Zerbitzuari buruzko Legea, eta funtsezko bost eskakizuni ematen die lehentasunezko arreta.

Lehenik eta behin, beharrezkoa da Espainiaren balioak eta interesak berrestea eta sustatzea, nazioartean duen itzala sendotzeko eta munduan duen irudia indartzeko.

Bigarren, ezinbestekoa da Espainiak kanpoan duen sinesgarritasuna kontsolidatzea eta sendotzea; izan ere, globalizazioaren eta nazioarteko harreman ekonomikoen hazkunde esponentzialaren ondorioz, aipatutako sinesgarritasun horrek garrantzi handia du ondasunen eta zerbitzuen esportazioa handitzeko, gure ekonomia finantzatzeko kapitalak erakartzeko, eta gure enpresen ezarpena eta zabalkuntza errazteko.

Hirugarren, Europako integrazio-prozesuan daukagun parte-hartzea sendotzea komeni da, bai eta Europar Batasuneko Atzerriari eta Segurtasunari buruzko Politika Bateratuarekin zein Kanpo Ekintzako Europako Zerbitzuaren helburuekin bat datorren Kanpo Ekintza artikulatzea ere.

Laugarren, funtsezkoa da Espainiaren Kanpo Ekintza eta Iberoamerikako Nazioen Erkidegoa osatzen duten Estatuen Kanpo Ekintza modu egokian koordinatzea. Espainiak berezkoa duen dimentsio hori, historiatik eta kultura- zein hizkuntza-kidetasunetik eratorria, gaztelania izanik hizkuntza erkide, erronka bazterrezina da Espainiarentzat.

Eta, azkenik, derrigorrezkoa da espainiarrei sorospen eta babes egokia bermatzea, eta kanpoan dauden Espainiako herritarrei eta enpresei laguntzea.

Ikuskera horretatik abiatuta, legeak zazpi printzipio gidari ezartzen ditu Estatuaren Kanpo Ekintzari dagokionez: kanpoko ekintza-batasuna; leialtasun instituzionala eta koordinazioa; plangintza; efizientzia; efikazia eta espezializazioa; gardentasuna; eta interes orokorrari erantzutea.

Printzipio horietan oinarrituta, legeak berretsi egiten du Gobernuak kanpo-politika zuzentzeko rolean duen eskumena, bai eta Kanpo Ekintza koordinatzeko duen ahalmena ere. Indartu egiten ditu Kanpo Politikako Kontseilua eta horren Kontseilu Exekutiboa: Estatuaren Kanpo Ekintza Kanpo Politikaren printzipio eta helburuen arabera gauzatzen dela ziurtatzea dagokie horiei, eta, berebat, baliabideak helburuetara egokituz, Gobernuak ezarritako gidalerroetara doitzen dela. Kanpoko eragile guztiak aitortzen dituenez, plangintzarako, jarraipena egiteko eta koordinatzeko hainbat tresna ezartzen ditu; hala Kanpo Ekintza integratua izateko, nola Kanpo Ekintzaren eta Kanpo Politikaren artean erabateko konexioa egoteko. Eta, azkenik, Kanpo Politika eta Ekintza gauzatzeko funtsezko tresnatzat jotzen du Estatuaren Kanpo Zerbitzua; kanpoan jarduten duten Estatuko Administrazio Orokorreko organo guztiak sartzen ditu bertan, eta horiek guztiak zuzentzeko eta koordinatzeko ardura duten organo zuzentzaile modura definitzen ditu nazioarteko erakundeen aurreko enbaxadoreak eta ordezkari iraunkorrak.

Logikoki, Konstituzio-esparrua du ardatz horrek guztiak; bereziki, Konstituzioko 149.1.3

artikulua –zeinak Estatuari eskumen esklusiboa ematen dion nazioarteko harremanen eremuan–, 149.1.18 artikulua –eskumen esklusiboa ematen dio Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta funtzionarioen estatutu-erregimenaren oinarrien arloan– eta 97. artikulua –kanpo-politikaren gidaritza esklusiboa ematen dio Gobernuari–.

Legea lau titulutan dago egituratuta. Abiapuntua atariko titulua da: bertan, legearen xedeari eta definizioei buruzko xedapen orokorrak biltzen dira, bai eta inspiratzen duten printzipioak ere; halaber, garbi bereizten ditu Estatuaren Kanpo Politika eta Kanpo Ekintza Azken horri batasuna eta barne-koherentzia ematea da helburua, sektore-ekintzen haraindian; planifikatzea, horren efikazia eta eraginkortasuna bermatzea, betearazteko beharrezko espezializazioa aitortzea; eta Espainiaren interes orokorren zerbitzura jartzea, Espainiari interesatzen zaionaren ikuspegi parte-hartuaren eta partekatuaren emaitza gisa.

I. tituluak Estatuaren Kanpo Ekintzaren subjektuak eta eremuak erregulatzen ditu.

Xedapenek subjektu anitzen existentziaren aitortza dute abiapuntu; Kanpo Politikan eskumenik izan gabe ere, subjektu horiek Kanpo Ekintza bizia garatzen dute euren eskumenen jardueran, eta Gobernuak ezarritako gidalerro, xede eta helburuekin bat etorri behar dira, Estatuak eskumen esklusiboa baitu Kanpo Politikaren gidaritzan. Subjektuei dagokienez –horien artean, ezin ahaztu Koroa, daukan rol garrantzitsua dela eta–, legeak Estatuaren Kanpo Ekintzarekin harreman estua duten eskumenak eta funtzioak jasotzen ditu. Berritasun gisa, legeak kanpoko jardueren eta kanpora egindako bidaien zein bisiten informazio- eta komunikazio-sistema ezartzen du, helburu birekin: Gobernuak Kanpo Ekintzako subjektuei betearazteko laguntza ematea; eta, Konstituzio-organoei zein herriadministrazioei dagokienez, aipatutako jardueren eta Kanpo Politikaren gidalerroen, xedeen zein helburuen arteko egokitzapenari buruzko gomendio arrazoituak eman ahal izatea.

Era berean, zerrenda itxia eta aldaezina sortzea helburua ez bada ere, titulu horretan Kanpo Ekintzaren eremuak erlazionatzen eta deskribatzen dira; hau da, euren garrantzia dela eta, Kanpo Politika formulatzeko kontuan izan behar direnak. Izan ere, Kanpo Politikaren azken helburua ondoko hauek defendatu eta sustatzea da: Espainiaren balio eta interesak, aurrerapena eta hazkunde iraunkorra, eta Espainiako populazioaren ongizatea, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna eta genero-indarkeriaren desagerpena sustatuta, eta genero-indarkeriaren biktimak diren eta kanpoan dauden Espainiako emakumezkoenganako eta euren seme-alabenganako arreta eta babesa nabarmenduta, II. tituluan, Kanpo Ekintzaren plangintza, jarraipena eta koordinazioa egiteko tresnak arautzen dira. Lehenengoak Kanpo Ekintzaren Estrategia eta Txostena dira, biak ere Gobernuak onartu beharrekoak; ministerio-sail guztiek elkarren artean prestatzen dituzte, eta Konstituzio-organoen, autonomia-erkidegoen, hiri autonomoen eta Toki-administrazioa osatzen duten erakundeen ekarpenekin osatzen dira.

Kanpo Ekintzaren Estrategiaren prestaketan, ezinbestekoa da gure aktibo immaterial guztien garrantzia nabarmentzea nazioarteko gizarte zibilen eta gobernuz kanpoko eragileen aurrean. Saihestezina da Espainiaren irudia kanpoan sustatzea.

Koordinazioari dagokionez, legeak arreta berezia ematen dio bere helburuak lortzeko funtsezkoa den organo bati; hots, Kanpo Politikako Kontseiluari. Kide anitzeko organo horrek aholkuak ematen dizkio Gobernuko presidenteari Kanpo Politika gidatzeko jardueran, eta Estatuaren Kanpo Ekintzaren barne-koherentziaren eta Kanpo Ekintzaren zein Politikaren arteko koordinazio osoaren berme gisa egituratzen da.

Kide anitzeko organo horrek, gainera, protagonismo handia hartzen du bere Kontseilu Exekutiboaren bidez; izan ere, horri dagokio Kanpo Zerbitzuko giza baliabideak, aurrekontu-baliabideak eta materialak egokitzeko eta hobeto antolatzeko proposamenak formulatzea, Kanpo Ekintzako Estrategian ezarritako xede eta helburuak betetzeko.

Bestela esanda, gure Kanpo Zerbitzuaren hedapena nola eta non gauzatu behar den aztertzen du, Espainiaren interes orokorrak hobeto zerbitzatzeko.

III. titulua Estatuko Administrazio Orokorraren antolakuntzak kanpoan duen eraketa berriari dagokio: Estatuaren Kanpo Zerbitzuari, alegia. Figura hori aipatzen zuen, jada, 632/1987 Errege Dekretuak, maiatzaren 8koak, Estatuaren Kanpo Administrazioaren antolakuntzaren ingurukoak. Horren helburua Estatuko Administrazio Orokorrak kanpoan dituen organo guztien ekintzen batasuna bultzatzea da. Horretarako, Misioaren zuzendaritza eta Kanpo Ekintza zein Kanpo Zerbitzua koordinatzeko funtzioak bermatzen dira. 6/1997 Legeak, apirilaren 14koak, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolakuntzaren eta Funtzionamenduaren ingurukoak, enbaxadoreei eta ordezkari iraunkorrei esleitu zizkien eginkizun horiek, kanpoko zuzendaritza-erakunde gisa, eta, aldi berean, Estatuaren Kanpo Ekintzara ezagutza espezializatua eramatearen beharra eta garrantzia aitortzen ditu.

Berritasun gisa, legeak oinarriak ezartzen ditu, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboak kudeaketa integratutako neurriak hartzea gomendatu ahal izan dezan Misio Diplomatikoetan, beharrezkoa edo komenigarria den kasuetan; zehazki, giza baliabideak eta baliabide material publikoak eraginkortasun handiagoz aprobetxatu ahal izateko ahalegina egingo duen Zerbitzu Komunen Saila ezarriz.

Era berean, titulu horretan diplomaziarekin zein ordezkaritzarekin lotutako kontzeptu berriak eta forma berriak sartzen dira, Kanpo Ekintzako Europako Zerbitzuaren eta horren kanpoko ordezkaritzen zabaltzeak eskaintzen duen potentzialtasuna aprobetxatuta, edo, Iberoamerikako Nazioen Erkidegoa osatzen duten Estatuekin, Kanpo Ekintzako eremu zehatzen garapenerako, baterako sail-bulegoak beste herrialde batzuetan sortzea hitzartuta.

Eredu horretan, Administrazioak nahitaez sustatu behar du Kanpo Zerbitzua osatzen duten funtzionarioen etengabeko prestakuntza. Prestakuntza horren helburua diziplina arteko eta sektore anitzeko lana, nazioarteko eremuko zuzendaritza-gaitasunen eta negoziazio-tekniken garapen osoa eta hizkuntzen ezagutzaren eta hobekuntzaren inguruko prestakuntza ahalbidetuko duten gaitasun berriak izango dira. Horretarako, legeak Eskola Diplomatikoa eta ICEX España Exportación e Inversiones egituratzen ditu, Ikerketa Ekonomikoetarako eta Komertzialetarako Zentroaren bidez, Kanpo Zerbitzuko funtzionarioen prestakuntza-zentro gisa.

Azkenik, legea dagozkion xedapen gehigarriekin, indargabetzaileekin eta azken xedapenekin amaitzen da.

Bukatzeko, lege hau bere ikuspegi historiko egokian kokatzea komeni da, eta akordio politikoak zein sozialak martxan jarri ahal izateko arlo horretan duen balioa berrestea.

Izan ere, lege hau hainbat mende dituen espainiar diplomaziaren historia aberatsean kokatzen da; Salamancako Eskolak XVI. mendean nazioarteko zuzenbideari egindako ekarpen baliotsuetan errotzen da, eta haren jarduerak beti izan du zerbitzu publikoa helburu. Gure kanpo-ekintzaren benetako dimentsioak (Europakoa, Iberoamerikakoa eta Atlantikokoa, bai eta Mediterraneokoa ere) Gaztelako eta Aragoiko diplomaziekin daude lotuta, eta ez alferrik; baina gure unibertsaltasun-bokazioa Espainiakoa da berez. Historia diplomatiko hori ohiz kanpokoa da, hainbat arrazoi direla eta: zabalkunde geografikoa, bere doktrina-ekoizpen politikoa eta juridikoa, bere erakundeak, baliabideak eta pertsonak, bai eta bere ohiturak, noranzkoak eta jarduerak ere. Eta zilegi da ondare zabal eta baliotsu hori hemen aipatzea; izan ere, lege honek arautzen dituen Kanpo Ekintzaren baldintzatzaileak eta kategoriak, pertsonak, baliabideak eta helburuak historia horretan inkardinatzen dira, hein handi batean.

Beste aldetik, Gobernuak ezin ditu lege honek ekartzen dituen berritasunak eta aldaketak berak bakarrik gauzatu. Lege hau egokitasunez eta eraginkortasunez aplikatzeko, oinarrizko adostasunera iritsi behar dute indar politikoek, autonomiaerkidegoek, enpresa-erakundeek zein erakunde sindikalek, kultura-munduak eta Espainiako gizarte osoak. Horrela bakarrik eraldatu ahal izango da, egiaz, Estatuen arteko muga zaharrek zutik zirauten garaian diseinatutako ordena juridikoa, globalizazioaren eskakizun berrietara egokitutako beste bat eraikitzeko.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua.  Xedea eta definizioak.

1.  Lege honen xedeak ondoko hauek dira: Estatuaren Kanpo Ekintza arautzea; horren printzipio gidariak zerrendatzea; haren subjektuak eta eremuak identifikatzea; haren plangintzarako, jarraipenerako eta koordinaziorako tresnak ezartzea; eta Estatuaren Kanpo Zerbitzua ordenatzea. Guztia ere, Estatuaren Kanpo Ekintza osatzen duten jardueren koordinazioa eta koherentzia bermatzeko, eta Kanpo Politikaren gidalerro zein helburuetara egokitzen direla ziurtatzeko.

2.  Lege honen ondorioetarako, honako hauek honela ulertzen dira:

a)  Kanpo Politika: Gobernuak, nazioarteko beste eragile batzuekin dituen harremanetan, hartzen dituen erabakien eta gauzatzen dituen ekintzen multzoa, Espainiak kanpoan dituen balio eta interesak zehazteko, sustatzeko, garatzeko eta defendatzeko.

b)  Estatuaren Kanpo Ekintza: Konstituzio-organoek, Herri-administrazioek eta horien menpeko organismo, erakunde eta instituzioek, dagozkien eskumenen jardueran, kanpoan gauzatzen dituzten jardueren multzo ordenatua. Horiek lege honetan ezarritako printzipioen arabera garatzen dira, Gobernuak Kanpo Politikaren gidaritza-eskumena gauzatzean ezarritako gidalerroak eta helburuak jarraituz eta horietara egokituz.

c)  Estatuaren Kanpo Zerbitzua: Gobernuaren gidaritzaren eta koordinazioaren pean, Kanpo Politika eta Kanpo Ekintza gauzatzen eta garatzen dituzten organoak, administrazio-unitateak eta giza baliabideak zein baliabide materialak, ministerio-sail bakoitzaren eskumenei kalte egin gabe.

2. artikulua.  Kanpo Politikaren printzipioak eta helburuak.

1.  Espainiaren Kanpo Politikaren printzipio inspiratzaileak giza duintasunarekiko errespetua, askatasuna, demokrazia, Zuzenbide Estatua eta giza eskubideak dira.

Espainiaren Kanpo Politikak nazioarteko zuzenbidearekiko errespetua eta horren garapena defendatuko eta sustatuko ditu; bereziki, Nazio Batuen Gutuneko printzipioekiko errespetua. Europako eta Iberoamerikako Nazioen Erkidegoko eraikuntza-proiektuak sustatuko ditu, bai eta nazioarteko komunitatearen barneko aldeaniztasuna ere.

2.  Espainiako Kanpo Politikaren helburuak honako hauek dira:

a)  Nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzea eta sustatzea; b)  Erakunde aldeaniztun sendo eta legitimoak bultzatzea; c)  Zuzenbide Estatuan eta oinarrizko eskubideekiko eta askatasun publikoekiko errespetuan oinarritutako sistema politikoak sustatzea eta kontsolidatzea; d)  Pobreziaren aurka borrokatzea, garapen-bidean dauden herrialdeekiko solidaritatez jardutea, eta Estatu guztien garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzea; e)  Ingurumena defendatzea eta biodibertsitatea babestea, klima-aldaketaren aurka borrokatzea eta elikadura-segurtasunaz arduratzea; f)  Suntsipen masiboko armak zein arma kimikoak deuseztatzea, eta mundu-mailako desarme progresiboaren aldeko konpromisoa hartzea; g)  Bere herritarren aurrean integratuagoa eta legitimoagoa den eta erreferentziazko eragile global gisa eratzen den Europa eraikitzea; h)  Iberoamerikako Nazioen Erkidegoa indartzea; i)  Espainiaren eta bere herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzea; j)  Bere herritarrei sorospena eta babesa ematea, bai eta Espainiak kanpoan dituen interes ekonomikoak babestea ere; k)  Espainiak kanpoan dituen interes ekonomikoak sustatzea.

3. artikulua.  Estatuaren Kanpo Ekintzaren printzipio gidariak.

1.  Estatuaren Kanpo Ekintza, Kanpo Politika betearazteko funtsezko elementu gisa, lege honetan araututako plangintza-tresnen esparruan garatuko da, eta aipatutako politikaren printzipioen, gidalerroen, xede eta helburuen menpe egongo da.

2.  Konstituzio-organoen, Herri-administrazioen eta horien menpeko organismo, erakunde eta instituzioen Kanpo Ekintzak ondoko printzipio hauek izango ditu gidari:

a)  Kanpoko ekintza-unitatea. Kanpoko ekintza-unitatea kanpoan gauzatutako jardueren antolakuntza eta koordinazioa da, Gobernuaren Kanpo Politikaren helburuak lortzea eta Espainiaren interesak hobeto defendatzea bermatzea helburu.

b)  Leialtasun instituzionala, koordinazioa eta lankidetza. Estatuaren Kanpo Ekintzako subjektuek gauzatutako jarduera Estatuak nazioarteko harremanen eremuan duen eskumen esklusiboa eta Gobernuaren Kanpo Politikaren gidalerroak, xedeak zein helburuak errespetatuz garatuko da.

c)  Plangintza. Estatuaren Kanpo Ekintzaren lehentasunak, helburuak eta jarduerak lege honetan ezarritako prozeduren arabera onartutako plangintza-tresnetan ezarriko dira.

d)  Efizientzia. Estatuaren Kanpo Ekintza gauzatzean, beharrezko neurriak hartuko dira baliabide publikoen erabilera eraginkorra, arrazoizkoa eta soila ziurtatzeko.

e)  Efikazia eta espezializazioa. Baliabide publikoak ezarritako helburuen konplimendura hobeto egoki daitezen, Estatuaren Kanpo Ekintzak ezagutza tekniko espezializatua sartuko du plangintzan, bai eta kudeaketan zein betearazpenean ere.

f)  Gardentasuna. Estatuaren Kanpo Ekintzari buruzko informazioaren eskuragarritasuna aplikatu beharreko araudiak horretarako ezarritakora egokituko da.

g)  Interes orokorra zerbitzatzea. Estatuaren Kanpo Ekintza eta Zerbitzua kalitatezko zerbitzu publikoa ematera, Espainiaren interesak defendatzera eta horren irudia sustatzera zuzenduko dira. Era berean, Espainiako herritarrei sorospen eta babes egokia bermatzera zuzenduko dira, bai eta kanpoan dauden Espainiako herritarrei eta enpresei laguntzera ere.

I. TITULUA

Kanpo Ekintzaren subjektuak eta eremuak I. KAPITULUA Estatuaren Kanpo Ekintzaren subjektuak 4. artikulua.  Koroa.

1.  Erregeak Espainiaren ordezkaritza nagusia hartzen du bere gain nazioarteko harremanetan; bereziki, bere komunitate historikoko nazioekin. Halaber, Konstituzioak, legeek eta Espainiak sinatutako nazioarteko itunek esleitzen dizkioten funtzioak betetzen ditu.

2.  Erregeari dagokio Estatuaren adostasuna agertzea, itunen bidez nazioartean betebeharrak bereganatzeko, Konstituzioarekin eta legeekin bat etorriz.

3.  Erregeak Espainiako Misio Diplomatikoetako buruak eta horien ordezkari iraunkorrak izendatuko ditu nazioarteko erakundeen aurrean, bai eta atzerriko ordezkari diplomatikoen egiaztagutunak jasoko ere.

5. artikulua.  Estatuaren Kanpo Ekintzaren subjektuak.

1.  Estatuaren Kanpo Ekintzaren subjektuak honako hauek dira: Konstituzioorganoak, Herri-administrazioak eta, euren eskumenen jardueran, kanpoan jarduten duten eta proiektatzen diren administrazio-erakundeak eta bestelako erakundeak.

2.  Konstituzio-organoek, autonomia-erkidegoek, hiri autonomoek, Tokiadministrazioa osatzen duten erakundeek eta horien menpeko organismo, erakunde eta instituzioek Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioari jakinaraziko dizkiote kanpo-proiekzioa duten bidaia-, bisita-, truke- eta jarduera-proposamenak, sail horrek adieraz dezan jarduera-proposamena Gobernuak eta lege honek ezarritako plangintzatresnek ezarritako Kanpo Politikaren gidalerroetara zein helburuetara egokitzen den eta, hala badagokio, gomendio arrazoituak eman ditzan.

Autonomia-erkidegoen eta hiri autonomoen eremuko jakinarazteko derrigortasun horrek bertako presidenteen eta euren Gobernu-kontseiluetako kideen bidaiak, bisitak, trukeak eta jarduerak hartuko ditu barne, eta ez da aplikagarria izango Europar Batasunaren eremuko jardueren kasuan, ez eta horren erakundeetara egindako bidaia edo bisiten kasuan ere.

Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak Ogasuneko eta Herriadministrazioetako Ministerioari jakinaraziko dio autonomia-erkidegoetatik eta Tokiadministrazioa osatzen duten erakundeetatik jasotako informazioa.

3.  Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak kanpoan proiektatzeko informazioa eta laguntza emango die Konstituzio-organoei, Herri-administrazioei eta aurreko paragrafoan aipatutako organismo, erakunde eta instituzioei, euren eskumenen jardueran, eta Estatuaren Kanpo Politikaren eta Ekintzaren printzipio gidarien esparruan.

4.  Ministroek, Ministerio-sailetako goi-organoek eta horien menpeko organismo, erakunde eta instituzio publikoetako zuzendariek euren eskumenen barnean Kanpo Ekintzaren jarduerarako garatutako jardueren berri emango diote Gobernuari. Era berean, kanpora egindako bidaiak eta bisitak jakinaraziko dizkiote Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioari.

5.  Gobernuak Estatuaren Kanpo Ekintzan parte hartzen duten subjektu guztien lankidetza jaso ahal izango du, Estatuak kanpoan dituen interesen defentsan zein Kanpo Politikaren gidalerro, xede eta helburuak hobeto betetzen lagunduko duten misio eta jarduera zehatzak garatzeko.

6. artikulua.  Gobernua.

1.  Gobernuak Kanpo Politika zuzentzen du, nazioarteko itunak sinatzea eta aldi baterako aplikatzea baimentzen ditu, horiek ad referendum sinatzea onartzen du, Gorte Nagusietara bidaltzen ditu, eta Espainiaren onespena adieraztea adosten du, nazioarteko hitzarmenaren bidez lotetsita gelditzeko.

2.  Gobernuak ondoko hauek onartuko ditu: Kanpo Ekintzako Estrategia, Kanpo Ekintzako Urteko Txostenak, Espainiaren Marka sustatzeko kanpo-ekintzako urteko planak, Espainiako Lankidetzaren Plan Zuzentzailea, eta Espainiaren interesak kanpoan zehazteko, sustatzeko, garatzeko eta defendatzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako plangintza-tresnak.

3.  Gobernuko presidenteari dagokio Gobernuaren ekintza zuzentzea eta bertako kideen funtzioak koordinatzea, eta, bereziki, Kanpo Politikaren gidalerroak zehaztea eta horiek betetzen direla egiaztatzea, Estatuaren Kanpo Ekintzaren garapenean. Gobernuko presidenteak, bere funtzioei jarraiki eta ahalguztiaren beharrik gabe, Espainia ordezkatzen du, Konstituzioaren eta indarreko araudiaren arabera, nazioarteko itunak egiteko ekintza guztietan, Espainia horien bidez lotetsita gelditzeko adierazpena barne.

4.  Ministroek, euren sailetako titular gisa, Estatuaren Kanpo Ekintza zuzentzen eta garatzen dute euren eskumen eremuan, lege honek ezarritako printzipio gidarien arabera.

Kanpo Ekintza garatzeko, Estatuaren Kanpo Zerbitzua dute euren zerbitzura, eta, bereziki, organikoki eta funtzionalki horien menpe dauden kanpoko erakunde teknikoak eta administrazio-unitateak; betiere, Misio Diplomatikoaren buruaren edo dagokion Ordezkaritza Iraunkorraren zuzendaritza- eta koordinazio-gaitasunei kalterik egin gabe.

Ministroek, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak emandako ahalguzti egokiaren bidez, Estatua ordezkatu ahal izango dute itunak egiteko ekintzetan, Estatua lotetsita gelditzeko onespenaren adierazpenean izan ezik.

5.  Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak, Gobernuaren eta presidentearen goi-zuzendaritzaren esparruan, Estatuaren Kanpo Politika planifikatzen eta betearazten du, bai eta Estatuaren Kanpo Ekintza eta Zerbitzua koordinatzen ere. Halaber, Konstituzioaren eta legeen arabera, Espainia ordezkatzen du nazioarteko itunak egiteko ekintzetan, Espainia lotetsita gelditzeko onespenaren adierazpena barne.

7. artikulua.  Gorte Nagusiak.

1.  Gorte Nagusiek laguntasun- eta lankidetza-harremanak sustatzen dituzte beste Estatu batzuetako Parlamentu Biltzarrekin eta Parlamentuekin, lege honetan jasotako printzipioen arabera.

2.  Gobernuak Gorte Nagusien lankidetza eskatu ahal izango du Parlamentuizaerako misioak gauzatzeko eta nazioarteko Parlamentu-bileretan parte hartzeko, Estatuaren Kanpo Ekintzaren esparruan, gomendagarria denean Estatuak kanpoan dituen interesak defendatzeko edo Kanpo Politikaren gidalerroak, xedeak eta helburuak hobeto betetzeko.

3.  Herriaren Defendatzaileak, giza eskubideak sustatzeko eta babesteko Espainiako erakunde gisa, lankidetzako eta laguntza teknikoko harremanak garatzen ditu beste Estatu batzuetako erakunde nazional homologoekin, eta nazioarteko erakundeek Espainiak giza eskubideen eremuan duen egoeraren inguruan egindako aldizkako jarraipena errazten du, modu independentean.

Gobernuak Herriaren Defendatzailearen lankidetza jaso ahal izango du, giza eskubideen nazioarteko foroen aurrean misioak gauzatzeko.

8. artikulua.  Indar Armatuak.

1.  Indar Armatuak funtsezko oinarria dira Estatuaren Kanpo Ekintzan; Espainiaren segurtasuna eta defentsa bermatzen dituzte, eta nazioarteko bake- eta segurtasuningurunea sustatzen dute.

2.  Gobernuak Defentsa Nazionalari buruzko 5/2005 Lege Organikoak, azaroaren 17koak, ezarritako betekizunen eta prozeduren arabera adostuko du Indar Armatuek nazioarteko misioetan parte hartzea, Estatuaren Kanpo Ekintzan hitzartutako ahalegin gisa.

9. artikulua.  Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak.

1.  Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek Estatuaren Kanpo Ekintzan parte hartzen dute eta, poliziaren nazioarteko lankidetzaren bidez, nazioartean segurtasun publikoa mantentzea sustatzen dute.

2.  Gobernuak zehaztuko ditu Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek nazioarteko misioetan izango duten parte-hartzearen baldintzak, Segurtasun Indar eta Kidegoen 2/1986 Lege Organikoak, martxoaren 13koak, ezarritakoaren arabera; betiere, Estatuaren Kanpo Ekintzako beste subjektu batzuei emandako eskumenei kalterik egin gabe.

10. artikulua.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia.

1.  Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak nazioarteko lankidetza judizial eta instituzionala hobetzen laguntzen du eta kanpoan jarduten du; zehazki, Espainiak izenpetutako nazioarteko itunek zein Europar Batasuneko arauek eta legeek ematen dizkioten eskumenen jardueran, eta, betiere, Botere Judizialaren Lege Organikoak aurreikusitako baldintzetan eta lege honetan ezarritako printzipioen arabera.

2.  Gobernuak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lankidetza eskatu ahal izango du beste botere judizial batzuekin lankidetza-misioak gauzatzeko edota nazioarteko bileretan parte hartzeko, gomendagarria denean Estatuak kanpoan dituen interesak defendatzeko, Estatuaren Kanpo Ekintzaren esparruan, edo Kanpo Politikaren gidalerro, xede eta helburuak hobeto betetzeko.

11. artikulua.  Autonomia-erkidegoak eta Toki-administrazioa osatzen duten erakundeak.

1.  Autonomia-erkidegoek, hiri autonomoek eta Toki-administrazioa osatzen duten erakundeek, Konstituzioak, autonomia-estatutuek eta legeek emandako eskumenen esparruan, kanpoan gauza ditzaketen jarduerek lege honetan ezarritako printzipioak errespetatuko dituzte, eta Gobernuak ezarritako Kanpo Politikaren gidalerro, xede eta helburuetara egokituko dira.

2.  Era berean, autonomia-erkidegoen eta hiri autonomoen aipatutako jarduerak Estatuak lege honetan xedatutakoaren arabera prestatutako eta onartutako Kanpo Ekintzaren plangintza-tresnetara egokituko dira, Estatuak eremu horretako koordinaziogaitasunaren jardueran ezarritakoaren arabera, tresna horiek Estatuaren Kanpo Politikaren berariazko jarduera-gidalerroak zehazten dituztenean edo Espainiaren nazioarteko harremanen eremuan sartzen direnean.

Toki-administrazioa osatzen duten erakundeak euren autonomia-erkidegoek zehaztutako kanpo-ekintzako plangintza-tresnen menpe egongo dira.

3.  Kanpo Ekintza gauzatzean egindako jarduerek ezin izango dute inoiz beren gain hartu Estatuaren kanpoko ordezkaritza, beste Estatuekin zein nazioarteko erakundeekin nazioarteko itunak egitea, Estatuari nazioartean eskatu dakizkiokeen ardurak zuzenean edo zeharka sortzea, edota Gobernuak zuzentzen duen Kanpo Politikari eragitea edo kalte egitea. Gobernuari dagokio autonomia-erkidegoen eta hiri autonomoen kanpojarduerak arautuko eta koordinatuko dituzten neurriak eta gidalerroak ezartzea, lege honetan xedatutakoa betetzen dela bermatzeko.

4.  Autonomia-erkidegoek, hiri autonomoek eta Toki-administrazioa osatzen duten erakundeek nazioarteko administrazio-hitzarmenak egin ahal izango dituzte nazioarteko itunak gauzatzeari eta zehazteari begira, itunek aukera hori aurreikusten dutenean, horretarako gaitasuna ematen dietenean, eta haien eskumeneko gaien ingurukoa denean.

Halaber, arauemaileak ez diren eta sinatzen dituztenak juridikoki lotzen ez dituzten hitzarmenak egin ahal izango dituzte nazioarteko zuzenbideko beste subjektu batzuen erakunde baliokideekin, euren eskumeneko gaien inguruan.

Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak aldez aurretik jakinaraziko ditu, gaia arautzen duten estatu-legeek ezarritakoaren arabera, Administrazio horiek nazioarteko zuzenbideko subjektuaren agintariekin edo erakunde administratiboekin egin nahi dituzten nazioarteko administrazio-hitzarmenak eta hitzarmen ez-arauemaileak.

Horretarako, gaiaren arabera eskumena duten ministerio-sailen txostena jasoko du, eta, betiere, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioarena.

12. artikulua.  Autonomia-erkidegoetako eta hiri autonomoetako kanpo-bulegoak.

1.  Autonomia-erkidegoek eta hiri autonomoek kanpo-sustapenerako bulegoen ezarpenaren berri emango diote Gobernuari, ireki aurretik. Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak aztertu egingo du proposamena; horretarako, aintzat hartuko ditu Kanpo Politikaren gidalerro, xede eta helburuak, Kanpo Ekintzako Estrategia eta, bereziki, kanpoko ekintzaren batasun-printzipioa.

2.  Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak baliabide publikoen kudeaketaren eraginkortasun-printzipioaren arabera eta eskumen-ordenarekiko egokitzapenaren ikuspegitik aztertuko du proposamena.

3.  Merkataritza-sustapenera bideratutako bulegoen kasuan, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren txostena ere jasoko da.

4.  Gobernuak bulego horiek Estatuaren Kanpo Zerbitzuaren lokalen barnean instala daitezen bultzatuko du, aipatutako Zerbitzuaren eremuaren xedagarritasunak ahalbidetzen duenean; nolanahi ere, aipatutako instalazioak ez du adieraziko Estatuaren Kanpo Zerbitzuan integratzea edota bulego horiei nazioarteko araudia aplikatzea –batez ere, Vienako Konbentzioetan harreman diplomatikoen eta kontsularren inguruan jasotakoa–.

13. artikulua.  Erakunde publikoak, estatu-sozietateak, fundazioak eta partzuergoerakundeak.

1.  Erakunde publikoek, estatu-sozietateek, fundazio publikoek eta partzuergoerakundeek, bai eta Herri-administrazioetara lotutako edo menpeko bestelako erakundeak ere, kanpoan jardungo dute, euren funtzioen eta eskumenen jardueran, lege honetan ezarritako printzipioen arabera eta Gobernuak ezarritako Kanpo Politikaren gidalerroen eta helburuen, zein lege honen arabera prestatutako eta onartutako Kanpo Ekintzako plangintza-tresnen menpe.

2.  Aurreko paragrafoan aipatutako Estatuko Administrazio Orokorrera lotutako edo menpeko erakundeek informazioa emango diote menpeko diren edo osatzen duten ministerio-sailari, kanpoan gauzatutako jardueren eta horien helburuen, gidalerroekiko eta plangintza-dokumentuekiko egokitzapenaren eta lortutako emaitzen inguruan. Horiek Estatuaren Kanpo Ekintzaren inguruan aldizka prestatzen diren txostenetan sartuko dira, indarreko araudiaren arabera.

II. KAPITULUA Estatuaren Kanpo Ekintzaren eremuak 14. artikulua.  Estatuaren Kanpo Ekintzaren eremuak eta Kanpo Politikarekin duten harremana.

1.  Gobernuak, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren bidez, lege honek ematen dizkion eskumenei jarraiki, eta bertan araututako plangintza-tresnetan aurreikusitako moduan, eremu ezberdinetako Kanpo Ekintza –besteak beste, lege honen 15. eta 32. artikuluen artean zerrendatutakoak– Kanpo Politikaren helburuak betetzeko lehentasunezkotzat ematen diren eremuetara edo Estatuetara zuzentzen dela zainduko du.

Halaber, erakundeen, subjektuen eta eragileen jarduera bultzatu ahal izango du komenigarriak iruditzen zaizkion beste edonolako eremuetan, Kanpo Politikako helburuak lortzeko.

2.  Ministerio-sailek Estatuaren Kanpo Ekintzaren eremu batean edo gehiagotan hartuko dute parte, egitura organikoari buruzko dagozkien arauek ematen dizkieten eskumenen arabera.

3.  Gobernuak bere ekimenen eta proposamenen berri emango die autonomiaerkidegoei euren eskumenei eragiten dietenean, eta horiek ekimen autonomikoetarako beharrezko laguntza eskatu ahal izango diete Estatuaren Kanpo Zerbitzuaren erakundeei, euren eskumenen eremuan.

4.  Autonomia-erkidegoek Europar Batasunaren eremuko Kanpo Ekintzaren prestakuntzan eta betearazpenean hartuko dute parte, dauden lankidetza-mekanismoez baliatuz eta, bereziki, Europar Batasunarekin zerikusia duten gaietarako Biltzarraren bidez.

15. artikulua.  Kanpo Ekintza, defentsaren arloan.

1.  Indar Armatuen jarduera, nazioarteko eremuan, Estatuaren Kanpo Ekintzaren barnean sartuko da, Espainiaren segurtasuna eta defentsa bermatzeko, eta Espainiaren nazioarteko proiekzioan zein nazioarteko bakearen eta segurtasunaren mantentzelanetan laguntzeko.

2.  Defentsaren arloko Estatuaren Kanpo Ekintza, Defentsa Nazionaleko 5/2005 Lege Organikoan, azaroaren 17koan, eta horren garapeneko araudian ezarritakoari meneratuko zaio.

16. artikulua.  Kanpo Ekintza, giza eskubideen arloan.

1.  Giza eskubideen arloko Kanpo Ekintzak estatu demokratikoen nazioarteko komunitateak defendatutako eta Espainiako Konstituzioak, Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalean eta Espainiak arlo horretan berretsitako gainerako itunetan eta hitzarmenetan (batez ere, Europar Batasuneko giza eskubideen Zuzentarauak) aitortutako funtsezko printzipioen hedapena, aitorpena eta betearazpen eraginkorra sustatuko ditu.

2.  Era berean, nazioarteko lankidetza sustatuko du defentsaren eta giza eskubideen bermearen arloan eta, horretarako, Konstituzio-organoen kanpo-proiekzioko ekarpena jasoko du.

17. artikulua.  Kanpo Ekintza, tributuen arloan.

1.  Tributu eta aduana arloko Kanpo Ekintza zerga- eta aduana-betebeharren betearazpena eta zerga-ihesaren eta iruzurraren aurkako borrokara erraztera zuzenduko da, ezarpen bikoitzak saihesteko hitzarmenen eta informazioaren truke eraginkorrerako akordioen sarearen hedapenaren bidez, bai eta zerga arloko elkarrekiko laguntza eremu guztietan ahalbidetuko duten lankidetza-tresnak zabaltzera eta hobetzera ere.

2.  Halaber, zerga-ihesaren eta iruzurraren aurkako nazioarteko lankidetzaren indartzea printzipio zehatza izango da kanpo-ekintzaren tributu -arloan, nazioarteko erakundeetan eta foroetan aktiboki parte hartuta.

3.  Era berean, laguntza teknikoa eta prestakuntza espezializatua sustatuko da, nazioarteko beste Estatu eta erakundeekin egindako hitzarmen zehatzen bidez, eta azken horietan presentzia egokia lortzea izango da helburua.

18. artikulua.  Kanpo Ekintza, justiziaren arloan.

1.  Justiziaren arloko Kanpo Ekintza nazioarteko lankidetza juridikoa sustatzera zuzenduko da –esparru judizialean, bereziki–, bai eta nazioarteko hitzarmenak egitera eta eguneratzera ere.

2.  Halaber, Espainiak nazioarteko eta Europar Batasuneko instituzioen aurrean duen lekua zehaztera eta sendotzera zuzenduko da, justiziaren eta askatasun publikoen esparruan.

19. artikulua.  Kanpo Ekintza, segurtasun publikoaren eta barne-gaien arloan.

1.  Segurtasun publikoaren eta barne-gaien arloko Kanpo Ekintza nazioarteko polizien lankidetzaren bidez garatuko da; izan ere, hori funtsezko elementua da antolatutako delinkuentzia transnazionalaren eta terrorismoaren forma guztien prebentzioan eta horien aurkako borrokan, kanpoko segurtasun publikoaren erakunde arduradunen arteko laguntzara eta lankidetzara zuzenduta. Era berean, bere helburua beste Estatu batzuekiko lankidetza izango da, espetxe, babes zibil, bideko segurtasun eta terrorismoaren biktimentzako laguntza politiken eremuko prestakuntzaren eta laguntza teknikoaren arloan.

2.  Segurtasun publikoaren eta beste barne-gaien arloko Kanpo Ekintza Espainiak Europar Batasunaren eta nazioarteko erakundeen aurrean duen jarrera eratzera eta sendotzera zuzenduko da, Estatuaren Kanpo Ekintzako beste subjektuei emandako eskumenei kalterik egin gabe eta, kasua izanez gero, horiekin koordinatuta.

20. artikulua.  Kanpo Ekintza, ekonomiaren, merkataritzaren, finantzen eta Espainiaren ekonomia nazioarteratzeko laguntzaren arloan.

Ekonomiaren, merkataritzaren, finantzen eta enpresa nazioarteratzeko laguntzaren arloko Kanpo Ekintzaren helburua kanpoan Gobernuaren politika betearaztea izango da, ekonomiaren arloan, nazioarteko finantza-erakundeen inguruko ekintzak barne hartzen dituen lehiakortasuna eta finantzak hobetzeko erreformen arloan, bai eta Espainiako enpresak eta ekonomia nazioarteratzera zuzendutako jardueren arloan ere.

21. artikulua.  Kanpo Ekintza, ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren arloan.

Ikerketa zientifikoaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren arloko Kanpo Ekintzak erakunde publikoen eta pribatuen parte-hartzea sustatuko du nazioarteko zientzia-, teknologia- edo berrikuntza-programa edo proiektuetan, ezagutza-sareetan eta, bereziki, Europar Batasunak sustatutako ekimenetan. Halaber, ikertzaileen mugikortasuna sustatuko du, bai eta ikerketa zientifikora eta teknikora zein berrikuntzara lotutako nazioarteko edo atzerriko instituzioetako presentzia ere.

22. artikulua.  Kanpo Ekintza, enpleguaren eta gizarte-segurantzaren arloan.

1.  Enpleguaren eta gizarte-segurantzaren arloko Kanpo Ekintza enpleguarekin, lanharremanekin eta arlo horietako trukeak, lankidetza eta informazioa faboratuko dituen gizarte-segurantzako sistemarekin, bai eta kanpoan dauden Espainiako langileen eta enpresen arretarekin ere, erlazionatutako jardueren garapenera zuzenduko da.

2.  Enpleguaren eta gizarte-segurantzaren arloko Kanpo Ekintzaren plangintzak kontuan hartuko ditu Europar Batasunaren esparruan eta Lanaren Nazioarteko Erakundetik zein nazioarteko beste erakunde batzuetatik bultzatutako ekimenak eta neurriak, eta zehazki hartuko ditu barne arlo horien barneko trukeak eta adituen mugikortasuna.

23. artikulua.  Kanpo Ekintza, emigrazioaren eta immigrazioaren arloan.

1.  Emigrazioaren arloko Kanpo Ekintzak atzerrian ari diren langile espainiarren eskubide ekonomiko eta sozialak babestearen alde jardungo du bereziki, eta langile horien itzulera erraztera zuzenduko du bere politika.

2.  Immigrazioaren arloko Kanpo Ekintza migrazio-fluxuak Espainiarantz antolatzera zuzenduko da, bai eta immigrazio irregularraren aurkako borroka sendotzera ere.

24. artikulua.  Kanpo Ekintza, garapenerako lankidetzaren arloan.

Garapenerako lankidetzaren arloko Kanpo Ekintza pobrezia desagerrarazten laguntzera, giza garapen iraunkorrera eta eskubideen erabateko egikaritzara zuzenduko da, prozesu demokratikoen eta Zuzenbide Estatuaren, desberdintasunen murrizketaren, gizarte-kohesio sistemen sustapenaren, emakumezkoen eskubideen sustapenaren eta genero-berdintasunaren bidez; krisi humanitarioei kalitatezko erantzuna emanda.

25. artikulua.  Kanpo Ekintza, kulturaren arloan.

1.  Kanpoko kultura-ekintza Espainiako kulturaren hainbat adierazpen sustatzera, kultura-industrien nazioarteratzea bultzatzera, eta kultura-trukeak zein Espainiaren ezagutza sustatzera zuzenduko da.

2.  Kanpoko kultura-ekintzak kultura-politikan ezarritako helburuak landuko ditu, eta Europako estrategietatik ondorioztatutako konpromisoak eta Iberoamerikaren zein UNESCOren esparruan ezarritako helburuak izango ditu kontuan. Kanpoko kulturaekintzaren sektore- zein geografia-lehentasunen plangintza kultura-truke eta adituen mugikortasun-mekanismoetan sartuko da.

3.  Kulturaren arloko Kanpo Ekintzak Espainia osatzen duten nazionalitate eta eskualdetako kulturen defentsa, sustapena eta hedapena erraztuko du, Espainiako Konstituzioaren 149.2 artikuluan aurreikusitakoaren esparruan.

26. artikulua.  Kanpo Ekintza, hezkuntzaren arloan.

1.  Hezkuntzaren arloko Kanpo Ekintza gaztelania eta Espainiako gainerako hizkuntzak sustatzera eta hedatzera zuzenduko da, bai eta honako hauek sustatzera eta antolatzera ere:

a)  Espainiako hezkuntza-sisteman unibertsitate-mailei ez dagozkien araututako ikasketak.

b)  Espainiako hezkuntza-sistemaren eta beste hezkuntza-sistema batzuen curriculum mistoak.

c)  Atzerriko hezkuntza-sistemen esparruko laguntza-programak, Espainiako hizkuntza eta kultura irakasteko.

d)  Hezkuntza-arloko trukeetarako laguntza-programak.

e)  Gaztelaniaren eta Espainiako gainerako hizkuntzen arautu gabeko irakaskuntza, ebaluazioa eta ziurtapena.

f)  Orokorrean, Espainiako herritarrei atzerriko hezkuntzarako sarbidea erraztuko dieten eta Espainiako hezkuntzaren eta kulturaren kanpoko proiekzioa sustatuko duten neurri guztiak.

2.  Era berean, hezkuntzaren arloko Kanpo Ekintzak Espainiako unibertsitateak nazioarteratzeko estrategiak lagunduko ditu.

3.  Kanpoko hezkuntza-ekintza hezkuntza-politikan ezarritako helburuetara, Europako estrategietatik ondorioztatutako konpromisoetara, eta Iberoamerikako eremuan ezarritako helburuetara egokituko da.

4.  Kanpoko hezkuntza-programa guztiak, bai eta hezkuntza-trukerako eta irakasleen zein ikasleen mugikortasunerako mekanismoak ere, kanpoko hezkuntza-ekintzaren plangintzan sartuko dira.

27. artikulua.  Kanpo Ekintza, kirolaren arloan.

1.  Kirolaren arloko Kanpo Ekintzak honako helburu hauek izango ditu bereziki:

a)  Erakunde-trukeak, kirol-babesa eta -mezenasgoa, kirolera aplikatutako ikerketa eta garapen teknologikoa eta gure kirol-industriaren nazioarteratzea sustatzea.

b)  Nazioarteko lankidetza sustatzea, kirol-espezialisten eta -adituen prestakuntzari, dopinaren, indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta kiroleko intolerantziaren aurkako borrokari arreta berezia jarrita.

c)  Kirol-ikuskizunetan segurtasuna mantentzen laguntzea.

2.  Halaber, mugimendu olinpikoaren eta paralinpikoaren garapenean eta ideal olinpikoen hedapenean lagunduko du.

28. artikulua.  Kanpo Ekintza, turismoaren arloan.

1.  Turismoaren arloko Kanpo Ekintza Espainiaren irudia sustatzera zuzenduko da, turismo-helmuga gisa, Espainiako turismo-sektorearen sustapen-jardueren plangintzara, garapenera, betearazpenera eta jarraipenera, nazioarteko merkatuetan, bai eta Espainiako turismo-produktuak kanpoan merkaturatzen laguntzera ere.

2.  Era berean, aipatutako ekintzak aldebiko eta aldeanitzeko nazioarteko turismoerakundeekin nazioarteko turismo-harremanen jarduera hartuko du barne, bai eta nazioarteko turismo-lankidetzaren sustapena ere.

3.  Turismoaren arloko Kanpo Ekintzak Espainiako turismo-erakundeei eta -enpresei haien nazioarteko jardueran laguntza eta informazioa ematea hartuko du barnean, bai eta kanpoan ezartzeko babesa ematea ere.

4.  Bereziki, Espainiaren irudia kanpoan hedatzen lagunduko du, turismo-ekintza erabakigarria baita arlo horretan.

29. artikulua.  Kanpo Ekintza, nekazaritzaren, elikaduraren, arrantzaren eta ingurumenaren arloan.

Nekazaritzaren, elikaduraren, arrantzaren eta ingurumenaren arloko Kanpo Ekintza Espainiako nekazaritzako elikagai- eta arrantza-produktuen eta -zerbitzuen sustapenera, horietarako merkatuen hasierara eta horien merkataritza- zein osasun-oztopoak kentzera (nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren politikan ezarritako helburuen eta, dagokion kasuan, Europar Batasunaren estrategietatik ondorioztatutako helburuen arabera) eta ingurumenaren arloko nazioarteko ekintzaren eta Espainiako ingurumen-produktuen eta -zerbitzuen sustapenera zuzenduko da.

30. artikulua.  Kanpo Ekintza, klima-aldaketaren arloan.

1.  Klima-aldaketaren arloko Kanpo Ekintzak nazioarteko itunak egitea eta konpromiso globala bultzatuko duten nazioarteko araudia onartzea sustatuko du; halaber, fenomeno horren ondorioei aurre egitea ahalbidetuko duten ekoizpen- zein energia-eredu iraunkorrak, energia-eredu iraunkorren sorrera, energiaren erabilera eraginkorragoak eta ekosistema begetalen babesa bultzatuko ditu.

2.  Era berean, trukeak, nazioarteko lankidetza eta beste Estatu batzuentzako laguntza tekniko espezializatua sustatuko dira, beharrezko tresna arauemaileak garatzeko eta populazioa klima-aldaketaren aurkako borroka globalean sentsibilizatzeko.

31. artikulua.  Kanpo Ekintza, osasunaren arloan.

1.  Osasunaren arloko Kanpo Ekintza honako hauetara zuzenduko da: herritarren osasuna babestera, giza, animalia-, elikadura-, ingurumen eta bestelako jatorria duten mugaz bestaldeko osasunen aurrean; lankidetzara, nazioarteko osasun laguntzaren arloan; ikuskaritzaren jarduerara, kanpo-osasunaren eremuan; lankidetzara, herritarren osasunaren prebentzioan eta sustapenean; eta ikerketarako zein berrikuntzarako lankidetzara, osasun- eta prestakuntza-arloan.

2.  Osasunaren arloko Kanpo Ekintzaren plangintzak Europar Batasunaren esparruan eta Osasunaren Mundu Erakundetik zein bestelako nazioarteko erakundeetatik bultzatutako estrategietatik ondorioztatutako ekimenak eta konpromisoak izango ditu kontuan, eta Espainiaren presentzia bultzatuko du erakunde horien osasun-foroetan, bai eta nazioarteko itunak, nazioarteko lankidetza eta adituen mugikortasuna ere.

32. artikulua.  Kanpo Ekintza, energiaren arloan.

1.  Energiaren arloko Kanpo Ekintza eskualde- zein mundu-mailako nazioarteko energia-gaien eta -prozesuen zuzendaritzan, koordinazioan eta kudeaketan oinarrituko da, bai eta Espainiak nazioarteko erakundeetan duen partaidetzatik eta energia-politikaren eremuko aldebiko zein aldeaniztuneko nazioarteko harremanetatik ondorioztatutako jardueren parte-hartzean ere. Alde horretatik, arreta berezia jarriko zaio arlo horietan hartutako nazioarteko konpromisoetatik eta lankidetzako zein laguntza teknikoko nazioarteko programetatik ondorioztatutako beharrezko jarduera guztien sustapenari eta garapenari, bai eta horien jarraipenari ere.

2.  Halaber, nazioarteko lankidetza bultzatuko du sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eta horniduraren segurtasuna bermatzeko, era berean merkatu berriak ireki daitezen eraginda. Ondorioz, lankidetza hori aldebiko harremanen eta harreman aldeaniztunen mantentze-lanak hobetzera zuzendutako ekintzen garapenean eta sustapenean oinarrituko da, energia hornitzen duten Estatu nagusiekin, bai eta energiaren sektorean dauden Espainiako enpresen nazioarteratzea sustatzeko funtsezko Estatuekin ere.

33. artikulua.  Kanpo Ekintza, azpiegituren, garraioaren eta etxebizitzaren arloan.

Azpiegituren eta garraioaren arloko Kanpo Ekintza egungo segurtasun mailak hobetzera, Espainiaren eta kanpoaldearen arteko konektagarritasuna sendotzera, garraiobideen eraginkortasuna eta iraunkortasuna handitzera eta azpiegituren, garraioaren eta eraikuntzaren sektoreko enpresen nazioarteratzera zuzenduko da. Kanpo Ekintza Europar Batasunaren garraio-politika komunetik, aldebiko tresnetatik eta Espainiak osatzen dituen nazioarteko erakundeen hitzarmenetatik ondorioztatutako konpromisoetara doituko da.

II. TITULUA Kanpo Ekintzaren plangintza, jarraipena eta koordinazioa 34. artikulua.  Kanpo Ekintzaren plangintza eta jarraipena.

1.  Estatuaren Kanpo Ekintzaren plangintza eta jarraipena Kanpo Ekintzaren Estrategiaren eta Kanpo Ekintzaren Txostena bidez gauzatuko da.

2.  Bi tresna horiek prestatzeko prozesuan, Konstituzio-organoek, Herriadministrazioek eta kanpoan jarduten duten horien menpeko organismo eta erakundeek hartuko dute parte, ondorengo artikuluak aurreikusitako baldintzetan.

35. artikulua.  Kanpo Ekintzaren Estrategia.

1.  Kanpo Ekintzaren Estrategiak Kanpo Ekintzaren epe ertaineko lehentasunen eta helburuen adierazpen ordenatua, sektoriala eta geografikoa jasoko du, eta kanpoan dauden organo, organismo eta erakunde publikoen jardueren multzoa bilduko du, barnekoherentzia emanez.

2.  Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren ekimenez, Kanpo Ekintzaren Estrategia ministerio-sail guztiekin batera gauzatzen da. Kanpo Ekintzako Estrategiak guztien proposamenak hartuko ditu barne, Gobernuak ezarritako Kanpo Politikaren gidalerro, xede eta helburuetatik abiatuta.

3.  Halaber, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak Konstituzio-organoen, autonomia-erkidegoen, hiri autonomoen eta toki-erakundeen kanpo-jarduerako proposamenak bilduko eta integratuko ditu, hala badagokio. Aurreko lerrokadan aipatutako organo eta erakundeen proposamenak ez dira integratuko, ez direnean egokitzen Gobernuak ezarritako Kanpo Politikaren gidalerro, xede eta helburuetara.

4.  Kanpo Ekintzaren Estrategia Ministroen Kontseiluaren adostasunez onartzen da, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroaren ekimenez, Kanpo Politikako Kontseiluaren txostenaren ondoren, eta lau urteko indarraldia izango du. Gobernuak indarraldi laburragorako onartu ahal izango du, hori beharrezkoa edo komenigarria egiten duten baldintzak ematen direnean.

5.  Onartu aurretik, Gobernuak Gorte Nagusietara bidaliko du Kanpo Ekintzako Estrategia, azter eta eztabaida dezan. Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak gutxienez urtean behin egingo du agerraldia Ganbera bakoitzean, Kanpo Ekintzako Estrategiaren betetze-mailaren balantzea egiteko.

36. artikulua.  Espainiaren irudia sustatzea eta kanpoan informazio-ekintzak gauzatzea.

1.  Kanpo Ekintzako Estrategiaren prestakuntza-prozesuan, Gobernuaren Presidentetza eta Presidentetzako eta Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak beharrezko neurriak sektore-eremu guztietan sartzeaz arduratuko dira, Espainiaren irudia kanpoan sustatzeko.

2.  Horretarako, Espainia kanpoan sustatzeko egokitzat jotzen diren, bereziki, diplomazia publikoko baliabideak, ekintzak eta tresnak zehaztuko dituen proposamena jasoko da Kanpo Ekintzako Estrategiaren prestakuntzan parte hartzen duten erakunde eta administrazio guztietatik. Organikoki eta funtzionalki ministerio-sailen menpe dauden organo, organismo eta erakundeek horien bidez aurkeztuko dituzte euren proposamenak.

3.  Gobernuak onartutako Espainia Marka sustatzeko Kanpo Ekintzako planetan, Estrategian edukitako aurreikuspenak garatuko dira, ekintza zehatzen, helburuen, adierazleen eta jarraipen- zein ebaluazio-neurrien bidez.

4.  Misio diplomatikoek Urteko Planak prestatzeko beharrezko diren elementuak emango dituzte. Horretarako, kanpoko Egoiliarren Kontseiluen iritzia eta ekarpenak hartuko dira kontuan, Espainiari buruzko pertzepzioari eta Espainia dagokion jardueraeremu geografikoan sustatzeko jarduerek kontuan izan behar dituzten berezitasun kulturalei, soziologikoei eta politikoei erreferentzia zehatza eginda. Alde horretatik, lankidetza publiko-pribatua eta enpresen parte-hartzea sustatuko dute.

5.  Presidentetzako Ministerioak, bere eskumenen jardueran, Gobernuaren kanpoko informazio-ekintza, Estatuaren Kanpo Zerbitzuaren informazio-zerbitzuak eta gobernujardueraren nazioarteko informazio-estaldura koordinatuko ditu, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioari Espainiaren kanpo-irudiaren sustapenaren arloan emandako eskumenei kalterik egin gabe.

37. artikulua.  Kanpo Ekintzako Urteko Txostena.

1.  Kanpo Ekintzako Urteko Txostenak Kanpo Ekintzako Estrategiaren betearazpena, gauzatutako jarduerak, lortutako helburuak eta lortzeko aplikatutako baliabideak hartuko ditu barne. Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren ekimenez, ministerio-sail guztiek batera egingo dute, eta kanpoan jarduten duten Estatuko Administrazio Orokorraren menpeko organismo eta erakunde publikoen zein autonomia-erkidegoen, hiri autonomoen eta toki-erakundeen parte-hartzearekin.

2.  Urteko Txostenetan, halaber, gerora izandako jazoeren eta nazioarteko egoeraren aldaketen ondorioz Kanpo Ekintzako Estrategiaren lehentasun eta helburuetan egin behar izan diren aldaketak eta egokitzapenak adieraziko dira.

3.  Kanpo Ekintzako Urteko Txostena Ministroen Kontseiluaren adostasunez onartuko da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak proposatuta, Kanpo Politikako Kontseiluaren txostenaren ondoren. Era berean, Gorte Nagusietara bidaliko da, ezagutu dezan.

38. artikulua.  Kanpo Politikako Kontseilua.

1.  Kanpo Politikako Kontseilua Gobernuko presidenteari Kanpo Politikaren zuzendaritza eta koordinazio zuzendaritzan laguntzeko eta aholkua emateko kide anitzeko organoa da.

2.  Kanpo Politikako Kontseiluak lege honek ematen dizkion eskumenak gauzatzen ditu, eta, bereziki, Gobernuko presidenteari Estatuaren Kanpo Ekintza lege honetan ezarritako printzipioen arabera garatzen dela ziurtatzeko eskumenaren jardueran aholkua ematea, bai eta Gobernuak ezarritako Kanpo Politikako gidalerro, xede eta helburuen arabera, zein lege honi jarraiki onartutako plangintza-tresnetan ezarritakoarekin bat.

3.  Halaber, eta ondorengo artikuluak ezartzen duen moduan, Kanpo Politikako Kontseiluak Gobernuko presidenteari aholkua emango dio Estatuaren Kanpo Zerbitzuaren baliabideen antolakuntzaren inguruan.

39. artikulua.  Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboa.

1.  Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboa Kanpo Politikako Kontseiluaren barnean sortutako kide anitzeko organoa da, horrek bere eskumenak behar bezala gauzatu ditzan, eta agintzen dizkioten jarduerak gauzatzea dagokio. Zehazki, efikazia- eta efizientziaprintzipioaren arabera, baliabide publikoak hobeto eslei daitezen, Estatuaren Kanpo Zerbitzua eratzen duten giza baliabideak, aurrekontu-baliabideak eta baliabide materialak antolatzeko planen prestakuntza sustatu ahal izango du, eta kasu bakoitzeko erakunde eskudunengana joko du, onartzeko.

2.  Bi urtean behin, edo edozer unetan, ustekabeko arrazoiek edo kanpoko egoeraren aldaketek gomendatzen dutenean, ministerio-sailen ekimenez, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboak Kanpo Politikako Kontseiluaren Osoko Bilkurari bidaliko dion txostena prestatuko du, Gobernuko presidenteari misio diplomatikoen hedapenaren eta egituraren egokitzapenari, ordezkaritza iraunkorrei eta bulego kontsularrei buruzko aholkua emateko, Kanpo Zerbitzuari ahalik eta efikazia handiena emateko, Kanpo Politikaren gidalerroen eta helburuen konplimenduan, eta ahalik eta efizientzia handiena emateko, baliabide publikoen esleipenean eta erabilera, Estatuaren Kanpo Ekintzaren Estrategiaren esparruan.

40. artikulua.  Larrialdi kontsularreko taldea.

1.  Kanpoan dauden Espainiako herritarrei zor zaien laguntza eta babesa bermatzeko, Kanpo Politikako Kontseiluak Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak zuzendutako larrialdi kontsularreko taldea sortuko du bere barnean, Estatuko Administrazio Nagusiaren erakundeek koordinazioa behar duen krisi belikoa edo segurtasunekoa, hondamen naturala, osasunekoa zein elikadurakoa, edota bestelako edozein larrialdi gertatzen denean.

Aipatutako taldea eratuko da kanpoan dauden Espainiako herritarrei eragiten dien egoera arlo horretan eskumen zehatza duen beste talde edo batzorde batek aztertzen edo kudeatzen ez duenean. Aipatutako Taldean, Estatuko Komunikazio Idazkaritzaren ordezkari bat sartuko da.

2.  Taldeak egoki diren gomendioak emango dizkio Gobernuko presidenteari, eragindako espainiarrei laguntza eta babesa emateko beharrezkoak edo komenigarriak iruditzen zaizkion neurrien eta jardueren inguruan.

3.  Larrialdi kontsularreko egoeran, Gobernuak Estatuaren aurrekontu-baliabideak erabiltzeko beharra dakarten atzerriko laguntza-eragiketetan parte hartzea erabakitzen duenean, erabat edo zati bat itzultzea eskatu ahal izango die horrek munduko Estatuetako eta eskualdeetako segurtasun-baldintzen inguruan Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak puntualki argitaratutako eta eguneratutako bidaia-gomendioetan jakinarazitako arriskuen eraginpean borondatez jarri direnei.

III. TITULUA

Estatuko Administrazio Orokorra, kanpoan: Estatuaren Kanpo Zerbitzua 41. artikulua.  Estatuaren Kanpo Zerbitzua.

1.  Estatuaren Kanpo Zerbitzua kanpoan eragiten duten Estatuko Administrazio Orokorraren erakundeek, administrazio-unitateek eta giza baliabideek zein materialek osatzen dute, enbaxadorearen menpekotasun hierarkikoaren pean eta dagozkien ministerio-sailen menpekotasun organikoaren eta funtzionalaren pean, 45.4 artikuluak ezarritakoari kalterik egin gabe.

2.  Estatuaren Kanpo Zerbitzuari dagokio beharrezko analisi eta balorazio elementuak ekartzea, Gobernuak bere Kanpo Politika formulatu eta betearazi dezan, bere Kanpo Ekintza garatu dezan, eta lege honetako 5. artikuluan aipatutako Estatuaren Kanpo Ekintzako subjektu guztiak koordinatu ditzan; bai eta Espainiak kanpoan dituen interesak sustatzea eta defendatzea ere.

3.  Halaber, kanpoan dauden Espainiako herritarrei laguntza eta babesa ematea eta euren eskubideen jarduera erraztea, kanpoan dauden Espainiako enpresei laguntzea eta lege honek zein indarreko araudiak ematen dizkioten eskumen guztiak betetzea dagokio.

4.  Bere funtzioak betetzean, Estatuaren Kanpo Zerbitzuak Espainiako barnezuzenbidearen, Europar Batasuneko zuzenbidearen eta nazioarteko zuzenbidearen arauen arabera jardungo du, eta jarduten duen Estatuetako legeak errespetatuz.

5.  Bere jarduerak nagusiki garatzen dituen nazioarteko eremuaren berezitasunei arreta jarrita, Estatuaren Kanpo Zerbitzurako arau zehatzak ezarri ahal izango dira langileen kudeaketan, administrazioan eta kudeaketa ekonomikoan, kontratazio publikoan, informazioaren segurtasunean, kanpoko Estatuaren epaiketa-defentsan eta bere funtzioak betetzeko beharrezkoak diren bestelakoetan.

I. KAPITULUA Estatuaren Kanpo Zerbitzuaren antolakuntza 42. artikulua.  Europar Batasunaren eta bestelako nazioarteko erakundeen aurreko Misio Diplomatiko eta Ordezkaritza Iraunkorrak.

1.  Misio Diplomatiko Iraunkorrek izaera horrekin ordezkatzen dute Espainia, harreman diplomatikoak dituzten Estatu baten edo hainbat Estaturen aurrean. Misio batek Espainia hainbat Estaturen aurrean ordezkatzen duenean, egiaztatze anitzeko erregimenean eta horietako batean egoitza izanda egingo du.

2.  Ordezkaritza Iraunkorrek izaera horrekin ordezkatzen dute Espainia, Europar Batasunaren edo Nazioarteko Erakunde baten aurrean. Behaketa Ordezkaritzaren izaera izango dute, Espainia ez denean egiaztatzen dituen erakundeko kide.

3.  Misio Diplomatikoek eta Ordezkaritza Iraunkorrek indarreko araudiak, Nazioarteko Zuzenbide orokorrak eta Espainiak sinatutako nazioarteko itunek eta Europar Batasunari edo egiaztatzen duen Ordezkaritzaren nazioarteko erakundeak ematen dizkieten funtzio guztiak gauzatuko dituzte.

4.  Bereziki, eginkizun hauek dituzte Misio Diplomatiko Iraunkorrek:

a)  Espainia Estatu hartzailearen aurrean ordezkatzea.

b)  Estatu hartzailean, Espainiaren eta bere herritarren interesak babestea, nazioarteko zuzenbideak baimendutako mugen barnean. Bulego Kontsularrik ez duten Estatuetan edo Misio Diplomatikoa duen hiria ez den beste batean daudenean, horrek gauzatuko ditu funtzio kontsularrak, sail kontsularraren bidez.

c)  Estatu hartzailearen Gobernuarekin negoziatzea.

d)  Estatu hartzaileko baldintzen eta gertaeren bilakaeren berri izatea, eta informazio hori Espainiako Gobernuari jakinaraztea.

e)  Laguntasun-harremanak sustatzea eta Estatu hartzailearekiko harremanak garatzea, Kanpo Ekintzaren eremu guztietan.

f)  Europar Batasuneko kanpo-ordezkaritzaren instantziekin bere Kanpo Ekintzaren interes eta helburuak identifikatzen, defendatzen eta sustatzen laguntzea.

5.  Misio Diplomatiko Iraunkorren eta Ordezkaritza Iraunkorren sorrera eta kentzea Ministroen Kontseiluaren errege dekretuaren bidez egingo da, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren ekimenez, eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak proposatuta, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren txostenaren ondoren.

6.  45.3 artikuluak aipatzen dituen erakunde tekniko espezializatuen sorrera eta kentzea, Misioaren edo Ordezkaritzaren egituraren aldaketa dakartenez, errege-dekretu bidez egingo dira, Ministerio eskudunaren ekimenez, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren txostenaren ondoren, eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak proposatuta, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren txostenaren ondoren.

7.  Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak Misio Diplomatiko Iraunkorren eta Ordezkaritza Iraunkorren lanpostuen zerrendak onartuko ditu, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren txostenaren ondoren.

43. artikulua.  Misio Diplomatikoek eta Ordezkaritza Iraunkorrek Estatuaren Kanpo Ekintzan dituzten funtzioak.

1.  Misio Diplomatikoek eta Ordezkaritza Iraunkorrek Estatuaren Kanpo Politika eta Kanpo Ekintza gauzatzen eta garatzen dituzte. Horretarako, Kanpo Politikaren eta Kanpo Ekintzaren Estrategiaren gidalerroek eta helburuek kanpoko erakunde eta administraziounitate guztien jarduera egituratzen dute.

2.  Misio Diplomatikoak eta Ordezkaritza Iraunkorrak kanpoko proiekzioa duten erakunde publiko guztien Kanpo Ekintzaren garapenerako tresna nagusia dira. Organo, organismo eta entitateek –haien eremuetan Kanpo Ekintza garatze aldera– Misio- edo Ordezkaritza-buruaren esku uzten dituzten argibideek Kanpo Ekintzaren Estrategian aurreikusitakoa bete beharko dute eta Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren bitartez bideratuko dira, erakunde tekniko espezializatuei buruz 45.5

artikuluan xedatutakoa kaltetu gabe.

44. artikulua.  Misioaren burutza.

1.  Misio Diplomatikoaren burutza ezohizko enbaxadore ahalguztidun batek izango du; horrek Espainiaren ordezkaritza eta agintaritza nagusia izango du Estatu hartzailean.

Ordezkaritza Iraunkorren kasuan, enbaxadore ordezkari iraunkor batek izango du.

Halaber, kabineteko gutunak dituen Negozio-arduradunak ere izan dezake Misioaren burutza.

Dagozkion egiaztagutunen bidez, Erregeak Misio Diplomatikoko eta Ordezkaritza Iraunkorreko buruak egiaztatuko ditu. Negozio arduradunak Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak sinatutako kabineteko gutunen bidez egiaztatuko dira.

2.  Organikoki eta funtzionalki, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioren menpe dagoen Misioko edo Ordezkaritza Iraunkorreko buruak Estatuko Administrazio osoa ordezkatzen du eta Misioko edo Ordezkaritzako langile guztien goi-buruzagitza gauzatzen du. Misio Diplomatikoko edo Ordezkaritza Iraunkorreko buruari dagokio 42.4

artikuluak, legeek, nazioarteko zuzenbideak eta Espainiak sinatutako nazioarteko itunek Misio Diplomatikoei ematen dizkieten funtzio guztiak betetzea.

3.  Misioko edo Ordezkaritza Iraunkorreko buruari dagokio horren zuzendaritza, bai eta Estatuaren Kanpo Ekintzaren eta Zerbitzuaren koordinazioaren, egiaztapeneko Estatuan edo erakundean, Gobernuak Kanpo Politikarako ezarritako gidalerroak eta helburuak betez, eta legearen 3. artikuluan jasotzen diren ekintza-batasuneko printzipioaren eta gainerako printzipioen arabera. Funtzio horien jardueran, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren bidez, Gobernuari proposatuko dizkio egiaztapeneko herrialdean edo erakundean Kanpo Politikako helburuak betetzeko garrantzitsuenak edo egokienak iruditzen zaizkion Kanpo Ekintzako eremuak.

Misio Diplomatikoko edo Ordezkaritza Iraunkorreko buruak bertako kideei jakinaraziko dizkie euren funtzioen jarduerari eragiten dieten gaiak eta euren jarduerei buruzko informazio zehatza jasoko du. Halaber, Misioa osatzen duten unitate eta erakunde guztien jarduera ikuskatuko, koordinatuko eta bultzatuko du.

4.  Enbaxadoreak Ministroen Kontseiluan adostutako errege dekretuaren bidez izendatuko eta etengo dira, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzako ministroak proposatuta.

Kabineteko gutunak dituzten Negozio arduradunak Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroaren Aginduaren bidez izendatuko dira. Ezohiko enbaxadoreak eta ahalguztidunak, ordezkari iraunkorrak eta kabineteko gutunak dituzten Negozio arduradunak Karrera Diplomatikoko funtzionarioen artean izendatuko dira, erregelamendu bidez ezarritako moduan, bere eskumenaren jardueran, Gobernuak Karrera Diplomatikoa ez duten pertsonak enbaxadore izendatzea kaltetu gabe. Edozer kasutan, izendapen-proposamena gaitasun profesionalaren eta esperientziaren irizpideen arabera egingo da, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolakuntzari eta Funtzionamenduari buruzko 6/1997 Legearen, apirilaren 14koaren, 6. artikuluko 10. paragrafoak ezarritakoaren arabera.

5.  Ministerio-sailen baten eskumenekin guztiz edo partzialki bat datorren jardueraeremua duten nazioarteko erakundeen aurreko enbaxadore ordezkari iraunkorren kasuan, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak egindako izendatzeko edo eteteko proposamena aipatutako txostenaren ondoren egingo da, 6.  Izendatu ondoren, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak argibidegutuna emango dio enbaxadore bakoitzari. Bertan, Gobernuaren gidalerroak, Kanpo Politikaren Estaturako edo egiaztapeneko nazioarteko erakunderako helburuak eta Estatuaren Kanpo Ekintzaren helburuak eta gidalerroak jasoko dira, Kanpo Ekintzako Estrategiaren eta Sailetatik, autonomia-erkidegoetatik eta horien menpeko erakundeetatik jasotako informazioaren arabera.

7.  Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak Diputatuen Kongresuko Kanpo Gaietarako Batzordeari jakinaraziko dizkio enbaxadoreen izendapen guztiak, bertako kideei euren Misioaren helburuen berri emateko agertzea eskatzeko, euren argibidegutunean jasotako gidalerroen arabera. Europar Batasunerako Batzorde Mistoak enbaxadore ordezkari iraunkorraren agerpena eskatu ahal izango du Europar Batasunaren aurrean.

8.  Misioko edo Ordezkaritzako buruaren lanpostua hutsik dagoenean, hori ez dagoenean edo jardun ezin duenean, Bigarren Burutzak gauzatuko du Misioaren edo Ordezkaritzaren Burutza eta, bestela, Kantzelaritza Diplomatikoan zerbitzuak ematen dituen eta kategoria administratibo edo antzinatasun handiena duen funtzionario diplomatikoak.

45. artikulua.  Misio Diplomatikoaren edo Ordezkaritza Iraunkorraren antolakuntza.

1.  Honako hauek osatzen dute Misio Diplomatikoa edo Ordezkaritza Iraunkorra:

a)  Misio Diplomatikoaren edo Ordezkaritza Iraunkorraren Burutzak.

b)  Kantzelaritza Diplomatikoak.

c)  Kontseilaritzek, Agregatutzek, Sektore-bulegoek, Ekonomia- eta Merkataritzabulegoek, Lankidetzako Bulego Teknikoek, Kultura-zentroek, Espainiako Lankidetzako Prestakuntza-zentroek, bai eta Cervantes Institutuak ere.

d)  Kasua balitz, Zerbitzu Komunen Sailak.

2.  Kantzelaritza Diplomatikoak funtzio diplomatikoak, kontsularrak, lankidetzakoak, politikakoak eta ordezkaritzakoak garatzen ditu.

Kanpo Ekintzaren gainerako eremuen garapenean laguntzen du, bereziki, jarraian aurreikusitako erakunde tekniko espezializatuek jarduten ez dutenetan.

Enbaxadorearen edo ordezkari iraunkorraren zuzendaritzapean, nazioarteko erakundeen aurrean Misio Diplomatikoaren edo Ordezkaritza Iraunkorraren Bigarren Burutza gauzatzen duen Karrera Diplomatikoko funtzionarioak gauzatuko du Kantzelaritza Diplomatikoaren Burutza. Ministroen Kontseiluak alboko enbaxadore ordezkari iraunkor izendatu ahal izango du azken hori, erregelamendu bidez ezarritako moduan.

3.  Kontseilaritzak, Agregatutzak, Ekonomia- eta Merkataritza-bulegoak, Lankidetzako Bulego Teknikoak, Sektore-bulegoak, Kultura-zentroak eta Espainiako Lankidetzako Prestakuntza Zentroak, bai eta Cervantes Institutua ere, Misio Diplomatikoaren edo Ordezkaritza Iraunkorraren erakunde tekniko espezializatuak dira eta, enbaxadorearen menpekotasun hierarkiaren pean, aholkua eta laguntza teknikoa ematen diote, eta horri eta Misioari laguntzen diote bere funtzioen jardueran, Kanpo Ekintzako eremuen garapenean, horren barne-antolakuntza eta aurrekontua dagozkien Sailen menpekotasun organikoari eta funtzionalari kalterik egin gabe.

4.  Ezartzen edo zabaltzen den tokian, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren proposamenaren arabera eta seigarren xedapen gehigarriaren pean, dagozkion baliabideak kontrolatzen dituen sailaren aldeko txostenaren ondoren, Zerbitzu Komunen Saila artikulu honen 1. paragrafoko a), b) eta c) hizkietan aipatutako unitateek partekatutako zerbitzuak eta baliabideak kudeatzen dituen unitate administratiboa da.

Zerbitzu Komunen Saila karrerako funtzionarioa den, Estatu hartzailearen aurrean agregatu administratibo gisa egiaztatutako kantzilerraren edo kontseilari gisa egiaztatutako A1 Azpitaldeko funtzionarioaren menpe egongo da.

5.  Kontseilaritzak eta sektoreko Agregatutzak zein gainerako erakunde espezializatuak zuzenean komunikatuko dira menpe dituzten edo arloan eskumena duten ministerio-sailekin, eta horiek haiekin, aldi berean, Misio Diplomatikoko edo Ordezkaritza Iraunkorreko burua informatuta. Ministerio-sailek kanpoko erakunde teknikoei bidalitako argibideak Kanpo Ekintzaren Estrategia aurreikusitakora egokitu beharko dira.

46. artikulua.  Misio Diplomatiko Bereziak eta Delegazioak.

1.  Misio Diplomatiko Bereziek aldi baterako ordezkatzen dute Espainiako erresuma Estatu baten edo gehiagoren aurrean, horren baimenarekin, zeregin zehatz bat betetzeko, edo Misio Diplomatiko iraunkorra ez duen Estatu baten edo gehiagoren aurrean, edo Estatu multzo baten aurrean, izaera bereziko zeregina gauzatzeko.

Misio Diplomatiko Berezia Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren ekimenez sortuko da eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak proposatuta, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren txostenaren ondoren, horren zeregina eta Misioaren hasiera eta amaiera zehazteko irizpideak ezarriko dituen errege-dekretuaren bidez.

Misioko burua Ministroen Kontseiluak onartutako errege-dekretuaren bidez izendatuko da, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak proposatuta, Misio Bereziko enbaxadore tituluarekin, enbaxadoreak izendatzeko 44. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera.

2.  Delegazioek Espainiako Erresuma ordezkatzen dute nazioarteko erakunde batean, nazioarteko erakundeak edo horren pean deitutako Estatuen Biltzarrean, edo hirugarren Estatuak antolatutako eta delegazio ofiziala eratzea eskatzen duen ekintza zehatzean.

Kanpoan Estatuaren ordezkaritza duten erakundeek zuzenduko dituzte delegazioak:

estatuburuak, Gobernuko presidenteak edo Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak. Beste erakunde bateko titularrak delegazioa zuzendu behar duenean, Ministroen Kontseiluak baimenduko du errege-dekretuaren bidez, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak proposatuta, Estatua beste Estatu baten aurrean ordezkatu behar denean, dagokion ahalguztiaren bidez, Estatua nazioarteko erakundeen edo biltzarren aurrean ordezkatzeko.

47. artikulua.  Bulego Kontsularrak.

1.  Bulego Kontsularrak funtzio kontsularren jardueraz eta, bereziki, kanpoan dauden Espainiako herritarrei laguntza eta babesa emateaz arduratzen diren Estatuko Administrazio Orokorraren erakundeak dira. Bulego Kontsularrek indarreko araudiak, Nazioarteko Zuzenbideak eta Espainiak sinatutako nazioarteko itunek emandako funtzioak beteko dituzte.

2.  Karrerako Bulego Kontsularren eta agentzia kontsularren sorrera eta kentzea Ministroen Kontseiluaren errege dekretuaren bidez egingo da, organikoki eta funtzionalki menpe dituen Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren ekimenez, eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak proposatuta, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren txostenaren ondoren.

3.  Lege honen 45.3 artikuluan aipatutako antzeko erakunde tekniko espezializatuak Bulego Kontsularretan integratzearen kasuan, Bulegoaren egitura aldatzea dakartenez, errege-dekretuaren bidez egingo da, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren eta sail eskudunaren baterako ekimenez, eta Ogasun eta Herri-administrazio Ministerioak proposatuta, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren txostenaren ondoren.

4.  Sortzeko errege-dekretuak mugapen kontsularraren lurralde-eremua eta Bulegoaren egoitza ezarriko ditu. Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari dagokio Bulego Kontsularretarako lanpostuen zerrendak onartzea, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzako Ministerioak proposatuta eta Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren txostenaren ondoren. Prozedura bera aplikatuko da karrerako Bulego Kontsularraren menpeko agentzia kontsularren egitura sortzeko eta onartzeko.

48. artikulua.  Bulego Kontsularren motak eta antolakuntza.

1.  Bulego Kontsularrak karrerakoak eta ohorezkoak izan ahal izango dira.

Lehenengoek Kontsulatu Nagusiko edo Kontsulatuko kategoria izan ahal izango dute, eta Karrera Diplomatikoko funtzionarioek zuzenduko dituzte. Bigarrenak ohorezko kontsulen menpe egongo dira, eta Ohorezko Kontsulatuak edo Kontsulatuordeak izan ahal izango dira. Legeak, nazioarteko zuzenbideak eta Espainiak sinatutako itunek zehazten dituzte bulego kontsular mota bakoitzaren funtzioak eta eskumenak. Ohorezko Bulego Kontsularrak Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroaren aginduz sortuko dira.

2.  Karrerako Bulego Kontsularreko burua Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroaren aginduz izendatuko da Karrera Diplomatikoko funtzionarioen artean, eta Erregeak Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroaren berrespenarekin emandako patente gutuna edota Nazioarteko Zuzenbideak onartutako bestelako tresna emango zaio. Bertan, bere izenaz eta kategoria pertsonalaz gain, barruti kontsularra eta bere menpe dagoen Bulegoaren egoitza agertuko dira.

3.  Bulego Kontsularreko buruak bertako zerbitzu eta langile guztien burutza eta zuzendaritza gauzatuko ditu. Bere barrutian ezarritako agentzia kontsularrak eta Ohorezko Bulego Kontsularrak koordinatuko ditu eta, dagokion Misio Diplomatiko Iraunkorreko buruaren ordezkapenez, argibideak emango dizkie horiei. Kontsul nagusiek funtzio berak gauzatuko dituzte euren barrutian ezarritako karrerako kontsulatuei dagokienez.

4.  Karrerako Bulego Kontsularrek kantzilerraren menpeko administrazio-saila izango dute eta, dagokien kasuan, baita sortzeko errege-dekretuan ezarritako eraketa eta funtzioak dituzten sailak ere. Sektore-bulegoak dituzten Bulego edo Agentzia Kontsularretan, Zerbitzu Komunen Saila ere ezarri ahal izango da; horrek lege honek ezarritakoaren arabera zehaztutako zerbitzuen kudeaketa administratiboa ahalbidetuko du.

5.  Agentzia kontsularrak karrerako Bulego Kontsularraren menpeko bulegoak dira; horiek menpe dituzten Bulegoaren toki berean ez dauden hirietan sortzen dira, euren kudeaketa deszentralizatzeko, eta Karrera Diplomatikoko funtzionarioaren menpe egongo dira. Aipatutako agentziak Kontsulatu Nagusiaren edo kokatutako barrutiko Kontsulatuaren menpe egongo dira, eta euren funtzioak Espainiaren eta Estatu hartzaileko agintaritza eskudunek adostuko dituzte, aplika daitekeen nazioarteko araudiaren mugen eta legeaurreikuspenen barnean.

6.  Karrerako Bulego Kontsularreko buruek menpeko dituzten Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren eta Misio Diplomatiko Iraunkorreko buruaren argibideetara egokituko dute euren jarduera, fede publikoaren, erregistro zibilaren edo borondatezko jurisdikzioaren arloetan izan ezik. Horietan, funtzio horiek gauzatzeko notario-, erregistro- eta prozesu-legeriak ezarritakoaren eta Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenen, argibideen eta zirkularren menpe egongo dira.

Era berean, Bulego Kontsularretako buruek dagozkien ministerio-sailen argibideak jaso ahal izango dituzte Kanpo Ekintzako beste eremu batzuk garatzeko, dagokion Misio Diplomatikoaren buruaren bidez, II. KAPITULUA Estatuaren Kanpo Zerbitzua, Europar Batasunaren eta Iberoamerikako Nazioen Erkidegoaren esparruan 49. artikulua.  Europar Batasunaren delegazioetara, Baterako Misio Diplomatikoetara eta baterako erakunde tekniko espezializatuetara sartzea.

1.  Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren ekimenez, eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak proposatuta, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren txostenaren ondoren, Gobernuak honako hau adostu ahal izango du Europar Batasuneko edo horren Estatu kideetako erakunde eskudunekin:

a)  Hirugarren Estatuetan (bereziki, Europar Batasunaren Delegazioak ez dituztenetan), Europar Batasuneko beste kide batzuekin Baterako Misio Diplomatikoak sortzea.

b)  Hirugarren Estatuetan, baterako Kultura Bulegoak sortzea, Batasuna oinarritzen duten printzipio eta balioak zabaltzeko.

c)  Hirugarren Estatuetan, baterako sektore bulegoak sortzea, Sail eskudunaren baterako ekimenez.

d)  Espainiako funtzionarioak Europar Batasuneko delegazioetan sartzea, Espainiak Misio Diplomatiko Iraunkorra ez duen Estatuetan, Espainiako Kanpo Zerbitzuaren funtzio jakin batzuk gauzatu ditzaten.

e)  Espainiako Kanpo Zerbitzuko funtzionarioek Europar Batasuneko delegazioekin edo Batasuneko beste Estatu batzuetako Misio Diplomatiko Iraunkorrekin zerbitzu komunak partekatzea.

2.  Aurreko paragrafoaren b) eta c) hizkietan aipatutako bulegoak Europar Batasuneko delegazioetan, Espainiako Misio Diplomatikoan edo sortzea adostutako Estatu kidearenean sartuko dira.

Europar Batasunaren edo Estatu kide eskudunen erakundeekin formalizatutako hitzarmenetan, misio horiek eta baterako erakunde tekniko espezializatuak arautuko dituzten baldintzak zehaztuko dira.

50. artikulua.  Baterako Bulego Kontsularrak Europar Batasuneko Estatu kideekin.

1.  Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren ekimenez, eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak proposatuta, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren txostenaren ondoren, Gobernuak Europar Batasuneko beste kide batzuekin adostu ahal izango du hirugarren Estatuetan baterako Bulego Kontsularrak sortzea, bai eta Batasuneko beste Estatu batzuetako Bulego Kontsularrekin zerbitzu komunak partekatzea ere, bereziki, Schengen bisen arloan.

2.  Agintaritza eskudunekin formalizatutako hitzarmenetan zehaztuko dira bulego horiek arautuko dituzten baldintzak.

51. artikulua.  Sustapen profesionala Europar Batasunean eta nazioarteko erakundeetan.

Gobernuak Europar Batasuneko erakundeetarako eta Espainiak sinatutako nazioarteko erakundeetarako Espainiako funtzionarioen hautagaitza sustatuko du, Europar Batasuneko Atzerriari eta Segurtasunari buruzko politika bateratua eta aldeaniztasuna bultzatzeko.

52. artikulua.  Baterako erakunde tekniko espezializatuen sorrera, Iberoamerikako Nazioen Erkidegoaren esparruan.

Elkarrizketan, solidaritatean eta adostutako ekintzak hartzean oinarritutako Iberoamerikako Nazioen Erkidegoaren esparruan, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren eta eskudunaren baterako ekimenez, eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak proposatuta, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren txostenaren ondoren, Gobernuak hirugarren Estatuetan baterako sektore-bulegoak sortzea adostu ahal izango du Iberoamerikako Nazioen Erkidegoa osatzen duten erakunde eskudunekin, Kanpo Ekintzaren eremu zehatzak garatzeko.

Era berean, Gobernuak hitzarmenak sustatuko ditu Iberoamerikako Nazioen Erkidegoko Estatuekin, euren kanpo-zerbitzuetako funtzionarioak hirugarren Estatuetako Misio Diplomatikoetan sartzea errazteko.

Agintaritza eskudunekin formalizatutako hitzarmenetan, misio eta baterako bulego sektorial horiek arautuko dituzten baldintzak zehaztuko dira.

53. artikulua.  Estatuburuen eta gobernuburuen Iberoamerikako gailurrak.

Iberoamerikako Biltzarraren eta estatuburuen eta gobernuburuen Iberoamerikako gailurren esparruan, Gobernuak kohesioa eta barne-lankidetza sustatuko ditu nazioartean proiektatzeko; batez ere, Europar Batasunarekiko loturetan eta harremanetan.

III. KAPITULUA Kanpo Zerbitzuko langileak 54. artikulua.  Langile motak.

1.  Kanpoan Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzura diharduten langileak funtzionario publikoak eta lan-kontratudun langileak izango dira.

2.  Estatuko Administrazio Orokorreko langileak Kanpo Zerbitzuko langiletzat joko dira destinatuta dauden eta Misio Diplomatikoen, Kontsulatuen, Ordezkaritza iraunkorren edo Ordezkaritzen lanpostuen zerrendatan lanpostua duten denboraldian. Euren denboraldia amaitzerakoan, dagokien Ministerioko edo Estatuaren Kanpo Zerbitzuan lanpostua izan aurretik euren zerbitzuak ematen zituzten saileko lanpostura itzuli beharko dira, Funtzio Publikoaren araudian ezarritakoaren arabera, kanpoko helmugako hirian lanpostu berria esleitzea bermatu gabe.

3.  Europar Batasuneko delegazioen edo bertako estatu kideekin egindako baterako misioen, edota nazioarteko zein gobernu arteko erakundeen kasuan, Estatuko Administrazio Orokorraren lanpostu zerrendako lanpostua duten langileak soilik joko dira Espainiako Kanpo Zerbitzuko langiletzat, eta ez Europako Kanpo Zerbitzuan edo nazioarteko zein gobernu-arteko erakundean lanpostua dutenak.

4.  Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren menpeko Langileen Erregistro Zentralak Estatuaren Kanpo Ekintzara zuzendutako Estatuko Administrazio Orokorraren giza baliabideak antolatzeko informazio-tresna gisa jardungo du bere erregistroeremuaren arabera, dagokion beharrezko informazioa Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboaren eskura jarrita.

55. artikulua.  Funtzio esklusiboak dituzten kanpo-zerbitzua osatzen duten kidegoak.

1.  Espainiatik kanpoko derrigorrezko mugikortasun-erregimenaren menpe dauden Karrera Diplomatikoko funtzionarioek Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministeriora lotutako Estatuko Administrazio Orokorraren kidegoa eratzen dute. Euren prestakuntza zehatza dela eta, izaera politikoko, diplomatikoko eta kontsularreko funtzioak ematen zaizkie, indarreko nazioarteko itunek ezarritakoaren arabera; ondorioz, funtzio horiek dituzten lanpostuak aipatutako funtzionarioei ematen zaizkie esklusiboki.

Ekonomia eta Merkataritza Bulegoetako kontseilari ekonomikoaren eta komertzialaren lanpostuak Estatuko Teknikari Komertzialen eta Ekonomisten Goi Kidegoko funtzionarioei emango zaizkie esklusiboki, euren prestakuntza zehatza eta lanpostu horietan gauzatzen dituzten funtzioak direla eta.

2.  45.3 artikuluan aipatutako erakunde espezializatuei dagozkien eta aurreko paragrafoan bildutakoak ez diren gainerako lanpostuen berariazko funtzioak organikoki eta funtzionalki menpe dituzten ministerio-sailak izendatutako funtzionarioek garatuko dituzte, eta estaldura erreserbatuta egon daiteke edo funtzionario-kidego jakin batzuetarako lehentasuna ezarrita egon daiteke, erregelamendu bidez hala aurreikusten denean.

56. artikulua.  Zerbitzuen ikuskaritza eta diziplina-ahalmena.

1.  Kanpo Zerbitzuaren zerbitzuen ikuskaritza ministerio-sail bakoitzaren menpe egongo da. Kasu jakin batzuetan, eginkizun hori Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko Ikuskaritza Orokorrari esleitu ahal izango zaio, bere araudi zehatzaren aplikazioari kalterik egin gabe. Erregelamendu bidez zehaztuko dira eginkizun horiek betetzeko modua eta kasuak.

2.  Misioko buruarekiko menpekotasun hierarkikoari kalterik egin gabe, diziplinaahalmena enplegatu publikoari dagokion sailak gauzatuko du.

57. artikulua.  Kanpo Zerbitzuko langileen izendapena, etetea eta egiaztapena.

1.  Langile diplomatiko edo kontsular gisa egiaztatu behar diren titularren lanpostuak esleipen askeko prozeduraren, funtzionarioen edo horiek hornitzeko berariazko prozeduren bidez beteko dira, funtzio esklusiboak dituen kidegoa osatzeagatik.

2.  Izendapena menpekotasuna duen sailak egingo du, gaitasun profesionaleko eta esperientziako irizpideak kontuan izanda, bere araudi zehatzaren eta berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera. Etetea dagokion sailaren eskumena izango da ere bai.

3.  Kanpo Zerbitzuko langileak Estatu hartzailearen edo nazioarteko erakundearen aurrean egiaztatzea, kasuan kasu, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroari dagokio.

58. artikulua.  Estatuaren Kanpo Zerbitzuko langileen prestakuntza.

1.  Beste sail batzuen laguntzarekin, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak Estatuaren Kanpo Zerbitzuko langileen etengabeko prestakuntza sustatuko du, euren funtzioak hobeto gauza ditzaten, herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko eraginkorra eman diezaieten, eta euren karrera profesionala susta dezaten.

2.  Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren menpe dagoen Eskola Diplomatikoa Estatuaren Kanpo Zerbitzuko langileen prestakuntza-zentroa da, eta langile horien prestakuntza sustatuko du horren inguruko arloetan.

3.  Gainera, Eskola Diplomatikoa Karrera Diplomatikoko funtzionarioen prestakuntzazentro nagusia da eta, erregelamendu bidez ezarritako moduan, aipatutako funtzionarioen sustapen profesionalerako beharrezko prestakuntza iraunkorra errazteko ikastaroak emango ditu; bereziki, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziarekin emango dituenak, kanpo-harremanen, harreman diplomatikoen, kontsularren eta lankidetzakoen arloetan.

4.  Lankidetza-hitzarmena egokien edo legerian aurreikusitako tresnen bidez, Eskola Diplomatikoak Espainiako zein atzerriko beste prestakuntza-zentro publiko eta pribatuekin lan egiteko mekanismoak ezarriko ditu, prestakuntza-eskaintza zabala artikulatzeko, kalitatezko prestakuntza bermatzeko, eta nazioarteko harremanen arloan erreferentziazko titulazioak emateko.

5.  Eskola Diplomatikoak beste Estatu batzuetako antzeko eskolekin eta zentroekin loturak izango ditu (bereziki, Iberoamerikan), irakasleen eta ikasleen trukeak faboratzeko, eta kanpoko beste zerbitzu batzuetako funtzionarioen hobekuntzarako edo espezializaziorako ikastaro zehatzak eman ahal izango ditu.

6.  Ekonomia eta Merkataritza Ikasketen Zentroaren bidez, ICEX España Exportación e Inversiones Estatuko Administrazio Orokorraren prestakuntza-zentroa da, nazioarteko ekonomiaren eta merkataritzaren zein kanpo-inbertsioen arloan, eta Kanpo Zerbitzuko langileen prestakuntza sustatuko du bere eremuko arloetan.

IV. KAPITULUA Kanpo Zerbitzuko funtzionarioen senitartekoak 59. artikulua.  Familien babesa.

1.  Familia eta lan-bizitza bateratzeko Gobernuaren politika betez, eta kanpozerbitzuaren funtzioak hobeto gauzatzeko xedez, Gobernuak senitartekoak kanpora bidalitako funtzionarioekin joan ahal izateko baldintzak ezarriko ditu.

2.  Estatuaren Kanpo Zerbitzuaren organo zentralek laguntza emango diete familiei kanpora irteteko prestatzen; batez ere, helmugako herrialdeko bizi-baldintzen inguruko informazioa emanez. Era berean, hizkuntzen ikasketa eta ezkontideentzako eta izatezko bikotekideentzako lan-aukerak eskuratzea erraztuko dute.

3.  Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak erregelamendu bidez ezarriko du atzerrian dauden Estatuko Administrazio Orokorreko funtzionarioek zein baldintzetan jaso ahal izango dituzten euren seme-alabei Espainiako sistema publikoaren antzeko kalitatezko hezkuntza emateko laguntzak.

4.  Atzerrira bidalitako Estatuko Administrazio Orokorreko funtzionarioek eta horien onuradunek eskubidea izango dute Espainian lanean arituko balira izango luketen antzeko osasun-estaldura jasotzeko. Mutualismo administratiboaren erregimenaren barnean izanez gero, atzerriko osasun-laguntza araudi zehatzaren arabera jasoko da.

60. artikulua.  Senitartekoen lana kanpoan.

1.  Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioaren ekintzaren bidez, Gobernuak kanpoan dauden funtzionarioekin joandako ezkontideei edo izatezko bikotekideei ordaindutako jarduerak gauzatzea ahalbidetuko dien nazioarteko itunak sustatuko ditu.

2.  Estatuko Administrazio Orokorraren edo menpeko erakundeen zerbitzura dagoen kanpora bidalitako funtzionarioaren edo lan-kontratudunaren ezkontideak edo izatezko bikotekideak lehentasuna izango du, Estatuko Administrazio Orokorreko edo horren mendeko organismo eta erakunde publikoetako funtzionarioa edo lan-kontratuduna denean, beste hautagai batzuk egongo balira eta betiere euren arteko merezimenduberdintasuna dagoenean, Estatuko Administrazio Orokorrean eta kanpoan dauden menpeko erakundeetan existitzen diren lanpostuak betetzeko. Lan-kontratuaren bidez betetako lanpostuen kasuan, kontratuaren iraupena ezkontideak edo izatezko bikotekideak kanpoko postuan eman behar duen denboraren menpe egongo da.

Lehenengo xedapen gehigarria.  Estatuaren Kanpo Ekintzaren Estrategia.

Lege hau indarrean sartu eta sei hileko epean, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak Estatuaren Kanpo Ekintzaren 2013-2017 eperako Estrategia proposamena bidaliko dio Ministroen Kontseiluari; proposamen hori lege honen 35. artikuluan ezarritakoaren arabera prestatuta egongo da.

Bigarren xedapen gehigarria.  Kanpo Ekintzaren Urteko Txostena.

Estatuaren Kanpo Ekintzaren Estrategia onartu eta hurrengo urteko lehen hiruhilekoan, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak Kanpo Ekintzaren Urteko lehen Txostena aurkeztuko du, Ministroen Kontseiluak onar dezan.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Estatuaren Kanpo Zerbitzuaren hedapenari buruzko txostena.

Lege hau indarrean sartu eta sei hileko epean, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboak txosten bat prestatuko du Estatuko Administrazio Orokorraren menpe dauden kanpoko administrazio-unitateetako eta instituzioetako higiezinen eta baliabide materialen zein pertsonalen egoerari buruz, bai eta lege honen 39. artikuluan aurreikusitako Estatuaren Kanpo Zerbitzuaren hedapenaren egokitasunari buruz ere.

Laugarren xedapen gehigarria.  Kanpoan dauden lan-kontratudun langileei buruzko txostena.

Legea indarrean sartu eta hamabi hilabeteko epean, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, kanpoan lan-kontratudun langileak dituzten ministerio-sailei kontsulta egin ondoren, txosten bat prestatuko du kanpoan dauden lan-kontratudun langileen egoerari, baldintzei eta erregimen aplikagarriari buruz, Estatuko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde publikoek kanpoan dituzten giza baliabideen kudeaketa optimizatzeko eta antolatzeko. Txostena prestatzeko, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak laguntza eskatu ahal izango die eragindako ministerio-sailei.

Bosgarren xedapen gehigarria.  Kanpoan dauden funtzionarioen edo lan-kontratudun langileen ezkontideen edo izatezko bikotekideen egoerari buruzko txostena.

Lege hau indarrean sartu eta sei hileko epean, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak txosten bat prestatuko du enplegatu publikoaren izaera ez duten kanpoko funtzionarioen edo lan-kontratudun langileen ezkontideen eta izatezko bikotekideen egoerari buruz, Estatuko Administrazio Orokorrak eta horren menpeko erakundeek kanpoan dituzten lanpostuak betetzeko aukerari dagokionez.

Era berean, beste arlo hauei buruzko txostena prestatuko du: kanpoko funtzionario edo lan-kontratudun langile horien ezkontideek edo izatezko bikotekideek antzinatasunaren, pentsioen eta Espainiako gizarte-segurantzako sistemako eskubide pasiboen arloan lortutako edo lortzen ari diren eskubideak mantentzeko aukerari buruzkoa eta, ondorioz, lege hau indarrean sartu aurreko epeei dagozkien kotizazioak borondatez ordaintzeko aukerari buruzkoa.

Seigarren xedapen gehigarria.  Efizientzia eta aurrezkia, Estatuaren Kanpo Zerbitzuan.

1.  Baliabide publikoak esleitzeari eta erabiltzeari dagokionez Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2/2012 Lege Organikoaren, apirilaren 27koaren, 7.2 artikuluak jasotzen duen efizientzia-printzipioaren arabera, Herriadministrazioek, kanpoan dituzten administrazio-unitateak eta instituzioak kudeatzean, efikazia, efizientzia, ekonomia eta kalitatea izango dituzte gidari; horretarako, gastua arrazionalizatzeko eta sektore publikoaren kudeaketa hobetzeko politikak aplikatuko dira.

Zehazki, Estatuan, Kontseilu Exekutiboak baliabideen antolakuntzarako sustatutako planak eta lege honen 39. artikuluan kanpo-zerbitzuaren hedapenari buruz adierazitako txostena aipatutako printzipioetara zuzendu beharko dira, eta horiei erantzun beharko diete.

2.  Estatuak kanpoan dituen administrazio-eraikinak honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira:

a)  Administrazio-erabilera duten higiezinen beharren plangintza globala eta integratua.

b)  Okupatutako eraikin kopuruaren optimizazioa, kanpoan presentzia duten sailetako eta erakundeetako unitateak taldekatzen dituzten egoitza komunen erabilerari lehentasuna emanda, eta alokairu kopurua murrizten saiatuta, zerbitzuaren beharren arabera, hori posible denean.

c)  Higiezinetan egindako inbertsioen errentagarritasuna, bertan kokatutako administrazio-zerbitzuen produktibitate handiena bilatuta.

Horretarako, kanpoko eraikinen egoeraren ikerketa egin ondoren, Kanpo Politikako Kontseilu Exekutiboak Estatuaren higiezin horiek erabiltzeko proposamen orokorrak zein zehatzak aurkeztu ahal izango ditu, Higiezin eta Ondare Ekintzen Finantza Koordinazioaren Batzordearen txostenaren ondoren, Ogasun eta Herri Administrazioak dagozkion jarduera-irizpideak ezarri ahal izan ditzan.

3.  Egoitza berean integratutako ministerio-sailek euren finantzaketari lagunduko diote, dagozkien lankidetza-protokoloetan edo -hitzarmenetan ezarritako baldintzetan, eta Aurrekontuei buruzko 47/2003 Lege Orokorrean, azaroaren 26koan, aurreikusitako mekanismoen arabera.

4.  Xedapen honen 1. paragrafoan adierazitako printzipioa betez, autonomiaerkidegoetako, toki-erakundeetako edo horien menpeko organismo eta erakundeetako kanpoko unitateen edo zerbitzuen Estatuaren higiezinen integrazioa sustatuko da, bai eta kanpoko kontratazioa eta gastua zentralizatzeko eskemekiko atxikimendua ere, indarreko legerian aurreikusitako edozer mekanismoren eta prozeduraren bidez.

Zazpigarren xedapen gehigarria.  Indar Armatuen erregimena.

Indar Armatuen diziplina, hierarkia eta batasunaren ezaugarri bereziak direla eta, lege honetako III. tituluko aurreikuspenak aplikatzeko orduan ez zaio kalterik egingo ondoko arau hauetan xedatutakoari: Defentsa Nazionalari buruzko 5/2005 Lege Organikoa, azaroaren 17koa; Indar Armatuetako kideen eskubide eta betebeharrei buruzko 9/2011 Lege Organikoa, uztailaren 27koa; Indar Armatuen Diziplina Erregimenari buruzko 8/1998 Lege Organikoa, abenduaren 2koa; Zigor Kode Militarrari buruzko 13/1985 Lege Organikoa, abenduaren 9koa; Karrera militarrari buruzko 39/2007 Legea, azaroaren 19koa; eta 96/2009 Errege Dekretuaren, otsailaren 6koaren, bidez Indar Armatuetarako onartutako errege-ordenantzak.

Zortzigarren xedapen gehigarria.  Kanpoan diren titulartasun publikoko hezkuntzazentroak eta sorospen-zentroak baztertzea.

Estatuaren Kanpo Zerbitzuari buruzko III. tituluko xedapenak ez zaizkie aplikatuko atzerrian dauden titulartasun publikoko hezkuntza-zentroei, ez eta kanpoan dauden Itsas Armadako Gizarte Institutuko sorospen-zentroei ere; izan ere, horiek euren araudiaren bidez arautuko dira.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.  Cervantes Institutua.

Cervantes Institutuak kanpoan kultura eta hizkuntza zabaltzen lagunduko du, Estatuko Administrazio Orokorraren gainerako erakunde eskudunekin koordinatuta eta autonomiaerkidegoekin batera; hori guztia, Espainiako gainerako hizkuntza koofizialen sustapenari kalterik egin gabe.

Hamargarren xedapen gehigarria.  Europar Batasunaren aurrean Espainiak duen Ordezkaritza Iraunkorreko langileak izendatzea eta kargutik kentzea.

Europar Batasunaren aurrean Espainiak duen Ordezkaritza Iraunkorreko langileak izendatzeko eta kargutik kentzeko, 260/1986 Errege Dekretuaren, urtarrilaren 17koaren, 4. artikuluan ezarritakoa beteko da; horren bidez, Espainiaren Ordezkaritza Iraunkorra sortzen da, Europako Komunitateen aurrean.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.  Estatuko Administrazio Orokorreko funtzionarioek zerbitzua ematea.

Gobernuak, gaian eskudun diren Ministerioen bidez, eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak aldeko txostena eman ondoren, lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu hala eskatzen duten autonomia-erkidegoekin eta hiri autonomoekin, euren prestakuntza zehatza dela eta, eragindako arloekin zerikusia duten funtzioak esleituta dituzten Estatuko Administrazio Orokorreko funtzionarioek zerbitzuak emateko baldintzak ezartzeko.

Aipatutako zerbitzuak kanpo-proiekzioa duten eskumenen esparruko jardueren arloan laguntza eta babesa ematea izango du xede, funtzio publikoaren araudian aurreikusitako mugikortasun-prozeduren edo lanpostuak betetzeko prozeduren arabera.

Hamabigarren xedapen gehigarria.  Kanpo Ekintzako Europako Zerbitzuko funtzionarioek zerbitzua ematea.

Gobernuak neurri egokiak hartuko ditu Kanpo Ekintzako Europako Zerbitzuak Estatuaren Kanpo Zerbitzuan zerbitzua eman duten edo ematen ari diren langileei eskaintzen dizkien aukerak bermatzeko eta bertan sartzea errazteko.

Hamahirugarren xedapen gehigarria.  Eskola Diplomatikoaren Estatutua aldatzea.

Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak Eskola Diplomatikoaren Estatutua eraldatzearen bideragarritasuna aztertuko dute, xede duen prestakuntza-jardueratik baliabideak eskura ditzakeen prestakuntzazentro gisa egituratzeko.

Hamalaugarren xedapen gehigarria.  Gastu publikoa ez handitzea.

Lege honetan jasotako neurriek ezin izango dute Kanpo Zerbitzuko langileen horniduren, ordainsarien edo bestelako gastuen handitzea eragin, eta, aplikatu baino lehen, Langileen eta Pentsio Publikoen Kostuen Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi egin beharko ditu.

Hamabosgarren xedapen gehigarria.  Emigratzaile berriei laguntzea.

Misio Diplomatikoek eta Bulego Kontsularrek espainiar emigrante berriei arreta ematea izango dute lehentasunezko helburuen artean –bereziki, etorrera-fluxu handiena duten Estatuetan–, harrerako herrialdean euren lan-integrazioa zein integrazio pertsonala errazteko, bai eta, ahal den heinean, itzuli nahi duten immigranteei Espainiara itzultzea errazteko.

Horretarako, Gobernuarekiko eta dauden Estatuko administrazioekiko harremanetan, kolektibo horren lan- zein gizarte-egoera landuko duten kontaktuen eta harremanen plangintza sistematikoa egingo dute; besteak beste, jadanik existitzen diren laguntzaprogrametan sartzea edo etxebizitzarekin, hizkuntza-ikastaroekin eta lan-aukerekin zerikusia duten eta onuragarriak izan daitezkeen jarduerak gauzatzea faboratuta.

Emigrante berrienganako harreman zuzenean, euren arreta-ordutegiak egokitzen eta komunikabide elektronikoak bultzatzen saiatuko dira, herritar horiek laguntzeko eta babesteko eginkizuna hobetzearren.

Hamaseigarren xedapen gehigarria.  Izaera ofizialeko itzulpen eta interpretazioak egiteko betekizunak.

Atzerriko hizkuntza batetik gaztelaniara eta alderantziz egindako itzulpen eta interpretazioak ofizial izan daitezen, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioak ematen duen zinpeko itzultzaile-interprete titulua duenak eginak beharko dira izan. Titulu hori lortzeko betekizunak, bai eta horren araubide juridikoa eratzen duten gainerako elementuak ere, erregelamendu bidez garatuko dira. Nolanahi ere, titulu hori lortzeko, beharrezkoa izango da gradu-titulua edo baliokidea izatea.

Itzulpen edo interpretazio bat ofiziala izateak adierazten du itzulpen edo interpretazio hori organo judizialen eta administrazio-organoen aurrean aurkeztu ahalko dela, erregelamenduz zehaztutako baldintzetan.

Zinpeko itzultzaile-interpreteak bere sinaduraren eta zigiluaren bidez ziurtatuko ditu itzulpenaren eta interpretazioaren zehaztasuna eta doitasuna.

Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioko Hizkuntzen Interpretaziorako Bulegoak zinpeko itzultzaile-interpreteek egindako itzulpenak eta interpretazioak aztertu ahal izango dituzte, horiek jaso dituen administrazio-erakundeak, judizialak, erregistroak edo agintaritza eskudunak hala eskatuz gero.

Xedapen indargabetzaile bakarra.  Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira lege honetan aurreikusitakoaren kontra doazen lerrun bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, Kanpoko Estatuko Administrazioaren Antolakuntzari buruzko 632/1987 Errege Dekretua, maiatzaren 8koa.

Azken xedapenetako lehenengoa.  23/1998 Legea, uztailaren 7koa, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzari buruzkoa, aldatzea.

Bat.  Kendu egiten da Garapenerako Nazioarteko Lankidetzari buruzko 23/1998 Legearen, uztailaren 7koaren, ondorengo xedapenek Urteko Planari edo Urteko Planei egiten dieten erreferentzia: 8. artikuluko 1. eta 3. paragrafoek; 15. artikuluko 2. eta 3. paragrafoek; 16. artikuluak; 19. artikuluko 3. paragrafoak; 22. artikuluko 3. paragrafoak; 23. artikuluko 2.c) paragrafoak eta 24. artikuluaren 2. paragrafoak.

Bi.  Aipatutako xedapenak honela geratzen dira idatzita:

«8. artikulua.  Plangintza.

1.  Estatuko Administrazio Orokorraren garapenerako nazioarteko lankidetzarako Espainiaren politika Plan Zuzentzaileen bidez ezarriko da.

2.  Plan Zuzentzailea Estatuko Administrazio Orokorraren garapenerako nazioarteko lankidetzarako Espainiaren politika planifikatzeko oinarrizko elementua da; lau urtean behin formulatuko da, eta garapenerako nazioarteko lankidetzarako Espainiaren politikaren ildo nagusiak eta oinarrizko gidalerroak jasoko ditu, bai eta aldi horretan Espainiaren lankidetzaren jarduera zuzenduko duten aurrekontubaliabide adierazleak ere, lankidetza-sektore, eremu geografiko eta lankidetzarako lehentasunezkoak diren herrialde bakoitzari buruzko estrategia-dokumentuak sartuta.

15. artikulua.  Diputatuen Kongresua.

2.  Gorte Nagusiek urtero eztabaidatuko dute garapenerako nazioarteko lankidetzarako Espainiaren politika, zehaztuta dagoen moduan eta Gobernuaren proposamenez eta ekimenez; horrez gain, Plan Zuzentzailearen gauzapenari buruzko Urteko Komunikatua eta Urteko Ebaluazio Txostena jakinaraziko dituzte, Ganberen erregelamenduetan ezarritakoaren arabera.

3.  Diputatuen Kongresuan eta Senatuan, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Parlamentu Batzordea sortuko da, Ganberen erregelamenduetan ezarritakoaren arabera. Gobernuak Plan Zuzentzaileko programen, proiektuen eta ekintzen betearazpen-maila jakinaraziko dizkio Batzordeari; halaber, lankidetzaren ebaluazioaren berri izango du, bai eta aurreko ekitaldiko emaitzena ere.

16. artikulua.  Gobernua.

Gobernuak garapenerako nazioarteko lankidetzarako Espainiaren politika zehazten eta zuzentzen du.

Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak proposatuta, Gobernuak Plan Zuzentzailea onartzen du.

19. artikulua.  Nazioarteko Lankidetzarako eta Iberoamerikarako Estatu Idazkaritza (SECIPI).

3.  Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluak eta Garapenerako Lurraldeen Arteko Batzordeak irizpena eman ondoren, Nazioarteko Lankidetzarako eta Iberoamerikarako Estatu Idazkaritzak Plan Zuzentzailearen proposamena formulatzen du, bai eta 5. artikuluak aipatutako lurralde- eta sektore-lehentasunak zehazten ere.

22. artikulua.  Garapenerako Lankidetzaren Kontseilua.

3.  Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluak Plan Zuzentzailearen proposamenari buruzko irizpena emango du, bai eta Plan Zuzentzailearen betearazpenaren Urteko Komunikazioari buruzkoa ere; horrez gain, lankidetzaren emaitzak eta ebaluazioa aztertuko ditu.

23. artikulua.  Garapenerako Lankidetzaren Lurralde Arteko Batzordea.

2.  Batzordeak honako helburu hauek sustatzeko xedez jardungo du:

c)  Herri-administrazioek Plan Zuzentzailea prestatzen parte hartzea, bai eta bere lehentasunak zehazten ere.

24. artikulua.  Nazioarteko Lankidetzarako Ministerio Arteko Batzordea.

2.  Nazioarteko Lankidetzarako Ministerio Arteko Batzordeak, Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren irizpena jaso ondoren, Gobernuari luzatuko dizkio Plan Zuzentzailearen proposamenak, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroaren bidez onespena eman diezaien, eta lankidetzaren emaitzak eta ebaluazioa aztertuko ditu.» Hiru.  Garapenerako Nazioarteko Lankidetzari buruzko 23/1998 Legearen, uztailaren 7koaren, 25. artikulua honela geratzen da idatzita:

«25. artikulua.  Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentzia (AECID).

1.  Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentzia Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministerioari atxikita dagoen Estatu-agentzia da; haren helburua garapenerako nazioarteko lankidetzarako politika publikoak sustatzea, kudeatzea eta betearaztea da, beste ministerio-sailek esleituta dauzkaten eskumenei kalterik egin gabe.

2.  Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren zerbitzura dauden langileak funtzionario publikoak eta lan-zuzenbideari meneratutako lan-kontratudunak izango dira.

3.  Euren zerbitzuak Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentzian ematen hasten diren Herri-administrazioetako funtzionarioak euren jatorrizko egoerari aplikatzen zaizkien arauen arabera dagokien administrazioegoeran geldituko dira. Funtzionarioen bidez helmugak estaltzeko sistemak funtzionario horiek lankidetza-lanetan espezializatzea faboratzeko neurriak jasoko ditu.

4.  Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren helburuak, eginkizunak, antolamendua eta funtzionamendua haren Estatutuan zehaztuko dira; zehazki, Zerbitzu publikoak hobetzeko Estatu-agentziei buruzko 28/2006 Legean, uztailaren 18koan, xedatutakoaren esparruan.» Azken xedapenetako bigarrena.  Kanpo Politikako Kontseilua Sortzeko 1412/2000 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, aldatzea.

Bat.  1412/2000 Errege Dekretuaren, uztailaren 21ekoaren, 1. paragrafoaren lehen lerrokada aldatu egiten da, eta 4. paragrafo berria eransten zaio 2. artikuluari; honela geratzen dira idatzita:

«1.  Kide iraunkorrak dira Gobernuko presidentea, Gobernuko presidenteordea eta Presidentetzako ministroa, eta Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroa, Justiziako ministroa, Defentsako ministroa, Ogasun eta Herri-administrazioko ministroa, Barne Gaietarako ministroa, Sustapenerako ministroa, Hezkuntzako, Kulturako eta Kiroleko ministroa, Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministroa, Industria, Energia eta Turismoko ministroa, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroa, Ekonomia eta Lehiakortasunerako ministroa, eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko ministroa, bai eta Gobernuko Presidentetzako Kabinetearen zuzendaria ere.

Espainia Markarako Gobernuaren goi-mandataria ere Kanpo Politikako Kontseiluko kide izango da; nolanahi ere, aztertu beharreko gaiek bere eskumenen eremuari eragiten diotenean soilik hartuko du parte haren bileretan.

2.  Bileran aztertu beharreko gaiak aintzat hartuta, Gobernuko beste kide batzuk deitu ahal izango dira bertara.

3.  Era berean, aztertu beharreko gaiak aintzat hartuta, Estatuko Administrazio Orokorreko agintariak edo goi-kargudunak deitu ahal izango dira bilerara, edota autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako agintariak edo goi-kargudunak.

4.  Gobernuko Presidentearen Kabineteko Nazioarteko Politika eta Segurtasun Saileko zuzendariak egingo ditu idazkari-lanak.» Bi.  1412/2000 Legearen, uztailaren 21ekoaren, 5. artikulua aldarazi egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«5. artikulua.  Kanpo Ekintzako Kontseilu Exekutiboa.

1.  Eskumenak behar bezala gauzatzeko, Kanpo Ekintzako Kontseilu Exekutiboa sortzen da Kanpo Politikako Kontseiluan. Kontseilu Exekutibo horren presidentea Gobernuko lehen presidenteordea izango da, eta, egoki denean, Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako ministroak ordezkatuko du.

2.  Kontseiluan dauden sailek zehaztuko dute Kanpo Ekintzako Kontseilu Exekutibo horretan izango dute ordezkaritza. Ministerio bakoitzak izendatutako ordezkariek idazkariorde-kategoria edo antzekoa izango dute, gutxienez.

3.  Kanpo Ekintzako Kontseilu Exekutiboko kide izango dira, halaber, Aurrekontuetarako eta Gastuetarako estatu-idazkaria, Herri-administrazioetako estatu-idazkaria, Komunikaziorako estatu-idazkaria eta Espainia Markarako Gobernuaren goi-mandataria; horiek, aztertu beharreko gaiek euren eskumenen eremuari eragiten diotenean bakarrik hartuko dute parte bileretan.

4.  Era berean, aztertu beharreko gaiak aintzat hartuta, Estatuko Administrazio Orokorreko agintariak edo goi-kargudunak deitu ahal izango dira bilerara, edota autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako agintariak edo goi-kargudunak.

5.  Gobernuko Presidentearen Kabineteko Nazioarteko Politika eta Segurtasun Saileko zuzendariak egingo ditu idazkari-lanak.» Azken xedapenetako hirugarrena.  Asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituen 12/2009 Legea, urriaren 30ekoa, aldatzea.

Asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituen 22/2009 Legea, urriaren 30ekoa, honela aldatzen da:

Hona nola geratzen den idatzita 40. artikulua:

«1.  Pertsona errefuxiatuen eta babes subsidiarioaren onuradun diren pertsonen familia-unitatearen berrezarpena familiaren luzapenaren bidezko asiloeskubidea edo babes subsidiarioa emanda bermatu ahal izango da, hurrenez hurren, ondoren kasuetan:

a)  Menpekotasuna egiaztatzen duten lehen mailako arbasoak eta adingabeak diren lehen mailako ondorengoak, familia bidezko luzapena herritartasun ezberdineko kasuetan kanpo geldituta.

Arbasoen eta ondorengoen familia-harremanak beharrezko froga zientifikoen bidez ezarri beharko dira, ahaidetasun harreman hori zalantzarik gabe ezarri ezin den kasuetan.

b)  Ezkontidea edo harekin antzeko bizikidetza eta afektibitate-lotura duena.

Salbuetsi egingo dira dibortzio, legezko banaketa, egitezko banaketa eta beste nazionalitate bat izatearen kasuak, baita generoa dela-eta errefuxiatu-estatutua eskuratuta izatea ere, baldin eta eskabide-espedientean egiaztatuta badago pertsonak, genero-indarkeria dela-eta, ezkontidearen edo bizikidearen aldetik jazarpen berezia jasan duela.

c)  Nazioarteko babesaren onuradunaren arduradun den beste pertsona heldu bat, Espainiako indarreko legeriaren arabera, aipatutako onuraduna ezkondu gabeko adingabekoa denean.

d)  Halaber, familia bidezko asiloa edo babes subsidiarioa eman ahal izango zaie pertsona errefuxiatuaren edo babes subsidiarioaren onuradunaren familia beste kide batzuei, betiere, horienganako menpekotasuna eta, aurretik, jatorrizko herrialdean elkarrekin bizi izana ezarrita gelditzen denean.

2.  Asilo eta Babes Bulegoak izapidetuko ditu aurkeztutako familia bidezko luzapenen eskakizunak. Bideratu ondoren, eta Asilo eta Babeserako Ministerioen arteko Batzordearen ikerketaren ondoren, ebazpen proposamena Barne Gaietarako ministroari bidaliko zaio, eta horrek ebatzi egingo du.

3.  Familia bidezko asilo edo babes subsidiarioko eskubidea ematea adosten duen ebazpenak 36. artikuluan aurreikusitako eraginak ekarriko dizkie onuradunei.

4.  Ez da inoiz familia bidezko nazioarteko babesik emango lege honetako 8. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan eta 9., 11. eta 12. artikuluetan aurreikusitako kasuetan sartutako pertsonei.» Azken xedapenetako laugarrena.  Eskumen-titulua.

Lege hau Konstituzioko 149.1.3, 97. eta 149.1.18 artikuluen babesean emana da.

Artikulu horiek eskumen esklusiboa ematen diote Estatuari, hurrenez hurren, ondoko gai hauetan: nazioarteko harremanak, kanpo-politikaren gidaritza, eta Herri-administrazioetako araubide juridikoari eta horietako funtzionarioen estatutu-erregimenari buruzko oinarriak.

Azken xedapenetako bosgarrena.  Araudia garatzea.

Gobernuak eta ministerio-sailetako titularrek lege hau garatzeko behar beste xedapen emango dituzte, euren eskumenen esparruan.

Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, azken xedapenetako bigarrenean aurreikusitakoari egin ahalko zaizkion aldaketak erregelamendu bidez egingo ahal izango dira, aplikatzekoa den araubide espezifikoa betez.

Azken xedapenetako seigarrena.  Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean».

Horrenbestez, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madrilen, 2014ko martxoaren 25ean.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra