2/2014 Errege Lege Dekretua, otsailaren 21ekoa, 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta ekaitzek itsasertz atlantikoan eta Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko premiazko neurriak onartzen dituena
2014-02-21Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2014/2/22, 46. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
1916
2/2014 Errege Lege Dekretua, otsailaren 21ekoa, 2014ko lehenbiziko bi hilabeteetan haizeteek eta ekaitzek itsasertz atlantikoan eta Kantauri itsasertzean eragindako kalteak konpontzeko premiazko neurriak onartzen dituena.
Haizea dela, euria dela eta itsaso zakarra dela, urte hasieratik, Espainia iparraldeko itsasertzean hogeita bost denborale izan dugu jarraian, batez ere otsailean. Estatuko Meteorologia Agentziak larrialdi goreneko alertarik ere eman du, itsasoak eraginda, Galiziarako eta Kantaurirako.
Otsailaren 1ean eta 2an jo zuen bereziki gogor. Egun haietan, borraska indartsu batek haize-bolada gogorrak ekarri zituen itsasertzera. Olatu handiak eragiteaz batera, aldi berean, aparteko itsasgora ere egokitu zen, eta, penintsula iparraldeko eta ipar mendebaldeko hainbat hiritan, lekurik gainditu errazenetan itsasoak gainez egin zuen.
Kalteak handiak izan ziren ipar-mendebaldeko itsasertz osoan, Pontevedratik Gipuzkoara.
Eguraldi zakar hark hainbat buruhauste eta katramila eragin du herritarren eta komunikazioen egunerokotasunean, eta kalte handiak sortu ditu itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan, batez ere hondartzetan eta portuetan, baina baita hainbat udalazpiegitura, errepide, hiri-bide, itsas pasealeku, ontzi, dike eta partikularren denda, etxebizitza eta garajetan ere.
Gertakarien eta ondorioen larria ikusita, elkartasunez -Konstituzioak elkartasuna printzipiotzat baitauka-, eta halako egoeratan lehenago egin izan denarekiko berdintasuneta ekitate-printzipioa aplikatuz, botere publikoek esku hartu beharra daukate, hau da, inguru kaltetuetarako arintze- eta konpontze-neurriak hartzea dagokie, antzeko egoeratan lehenago hartu izan direnen pareko neurriak, hartara, zerbitzuak berrezartzen, kalteak konpontzen eta ekaitzak jotako bazterrak normaltasunera itzul daitezen laguntzearren.
Arau honen helburua, hortaz, neurri-katalogo bat onartzea da. Katalogo horrek hainbat ministerio ukitzen du eta hainbat gai jorratu. Esate betarako, neurri batzuk zergak arintzeko izango dira; eta beste batzuk, aldiz, enpresetan eta partikularrengan izandako eragina leuntzeko.
Hartutako neurri zehatzak beharrizan geroraezinei erantzunez hartu dira, xedapen honetan aipatutako hondamendiei aurre egin ahal izateko; eta, edukia eta helburua kontuan hartuta, lotura zuzena dute beharrizan haiekin; beraz, errege lege-dekretua eman ahal izateko Konstituzioan eskatzen den premia apartekoa eta presazkoa betetzen da.
Azkenik, udal-erakundeek errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuaren pean dauden kalteak konpontzeko egiten dituzten inbertsioak finantzen aldetik iraunkorrak noiz diren definitu beharra dago, eta, horretarako, Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginean beste xedapen gehigarri bat erantsi dugu, hamaseigarrena (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartu zen lege hori). Inbertsio horien kontzeptua Aurrekontu-egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan dago aurreikusita.
Horrela, bada, horren guztiaren ondorioz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Gobernuko lehendakariordeak eta Lehendakaritzako ministroak, eta Barne, Ogasun eta Herri Administrazio, Sustapen, Enplegu eta Gizarte Segurantza, Industria, Energia eta Turismo eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroek proposatuta, Ministro Kontseiluak 2014ko otsailaren 21eko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT:
1. artikulua. Aplikazio-eremua.
1. Errege lege-dekretu honetan datozen neurriak aplikatuko zaizkie Espainiako itsasalde atlantikoan eta Kantauri itsasertzean 2014ko urtarrilean eta otsailean gertatu ziren haize- eta itsas ekaitzetan kalteak jasan zituzten pertsonei eta ondasunei.
2. Aipatutako neurriak zein udal-mugarte eta biztanle-gune zehatzi aplikatuko zaizkion Barne ministroaren agindu bidez zehaztuko da. Era berean, udal-mugarte edo biztanle-guneetan, beharrezkoak diren lanak behar bezala egiteko eskumena duten ministerioetako sailen jarduna nahitaezkoa denean, udal mugarte edo biztanlegune horiek barruan direla ulertu ahal izango da.
2. artikulua. Kalte pertsonaletarako eta etxebizitzetan eta ondasunetan eta industria, merkataritza, nekazaritza, itsas eta arrantza, turismo eta beste zerbitzu batzuetarako establezimenduetan izandako kalte materialetarako laguntzak.
1. Artikulu honetan ezarritako laguntzak heriotza kasuetan eta ezintasun kasuetan, errege lege-dekretu honetan jasotako ezbeharrek zuzenean eragindakoetan, aplikatuko dira, eta martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko dira. Errege-dekretu horrek larrialdi- edo hondamendi-egoeren ondoriozko premiei erantzuteko diru-laguntzak arautu eta diru-laguntza horiek emateko prozedura ezartzen du.
2. Tresneria suntsitzea edo tresnerian kalteak izatea eta etxebizitzetan kalteak izatea ere laguntzak jasotzeko arrazoi izango dira, martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren aplikagarritasuna dela-eta aurreko lerrokadan ezarritakoa eragotzi gabe, ezbeharrek kaltetutako higiezinen titulartasuna egiaztatzeko, titulartasun hori egiaztatzen duen edozein titulu onartuko da egiaztagiri gisa, esate baterako, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordainagiriak edo pareko beste batzuk.
3. Industria, merkataritza, nekazaritza, itsas eta arrantza, turismo eta beste zerbitzu batzuetarako establezimenduetan kalteak izatea ere laguntzak jasotzeko arrazoi izango da, martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Baliteke, Aparteko Arriskuetarako Aseguruaren Erregelamenduko 9. artikuluko frankizia aplikatuta, interesdunak Aseguruen Konpentsazio Partzuergotik ere kalteordainik jasotzea (erregelamendu hori otsailaren 20ko 300/2004 Errege Dekretu bidez onartu zen); halakoetan, kalteen zenbatekoaren % 7rainoko diru-laguntza eman ahal izango da, eta inoiz ez 8.000 euro baino gehiago, hala jartzen baitu martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuko 28. artikuluan. Eta bada beste muga bat ere: batuketa egin diru-laguntza honen eta aseguruaren kalte-ordainaren eta beste edozein diru-laguntza edo laguntza publiko edo pribaturen artean, eta zenbatekoak inoiz ere ezingo du hondamenaren edo kaltearen balioa gainditu. Halakoetan, interesdunak egiaztagiri bat ekarri beharko du, aseguratzaileak emanda, eta, bertan, erakutsi beharko du aseguratzaileak Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak aplikatutako legezko frankiziatik ez diola ezer ordaindu edo ez diola haren zati bat ordaindu.
4. Laguntza horiek jasotzeko eskabideak Gobernuek izapidetuko dituzte dagozkion autonomia-erkidegoetako gobernuaren ordezkaritza edo ordezkariordetzetan; bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean sartzen denetik kontatzen hasita, eta Barne ministroak ebatziko ditu hiru hilabeteko epean, eskabidea aurkezten denetik kontatzen hasita.
5. Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M
aurrekontu-aplikazioaren (ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko) 472, 482, 771 eta 782
kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.
3. artikulua. Prestazio pertsonalak eta ondasunen prestazioak egin dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzako laguntzei aplika dakiekeen araubidea, eta tokikorporazioentzako laguntzen araubidea.
1. Prestazio pertsonalak eta ondasunen prestazioak egin dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzako laguntzak martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko dira.
2. Larrialdiko egoera hauei erantzuteko sortu diren gastuengatik toki-korporazioei eman beharreko laguntzak martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko dira, eta ez da aplikatzekoa izango 22. eta 23. artikuluetan ezarritako zenbatekoa.
Laguntza horiek ez dira azpiegiturak konpontzeko edo atzera lehen bezala uzteko izango (errege lege-dekretu honetako 4. artikuluan jorratu ditugu lan horiek). Baina, baliteke lan horiek, artikulu horren aplikazio-eremukoak izanagatik ere, gerorako utzi ezinezkoak izatea, eta jendearen bizitza eta segurtasuna eta ezinbesteko zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatzearren egin izatea; halakoak bai lagundu daitezke diruz. Aipa ditzagun lan horietako batzuk: hondamendiak jo duen jendea ebakuatzea, jende horri aterpea eta jan-edanak ematea, lokatzak eta hondarrak erretiratzea, eta kaleak eta leku publikoak garbitzea, helburu horiek betetzeko ezinbestekoa bada.
Eta ezin dira horrela diruz lagundu, berriz, tokiko korporazioak bere baliabideak erabiliz egiten dituen lanak, berdin baliabide materialak diren, hala nola makinak edo lanabesak, nahiz bere langileak diren, hau da, hondamendia gertatu baino lehenagotik kontrataturik zeuzkan langileak. Eta inoiz ere ezingo dira diruz lagundu suhiltzaileek, udaltzainek, babes zibilak eta antzeko beste behargin batzuek eragindako gastuak.
3. Aurreko paragrafoetan ezarritako laguntzak emateko eskabideak bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean sartzen denetik kontatzen hasita.
4. Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M
aurrekontu-aplikazioaren (ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko) 461, 471 eta 761
kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.
4. artikulua. Udal-azpiegituretan izandako kalteak eta probintzia- eta foru-diputazioen bide-sarean izandako kalteak.
Toki-erakundeek exekutatzen dituzten proiektuek urgentziazko tramitazioa noiz? Baldintzak: proiektuok 1. artikuluan aipatu ditugun udalerri eta biziguneetan gauzatzea; udalaren titulartasunekoak diren azpiegiturak, ekipamenduak edo instalazioak eta zerbitzuak edo probintzia- eta foru-diputazioen edo probintzia bakarreko autonomiaerkidegoen bide-sarea konpontzeko edo lehen bezala uzteko obrak egiteko izatea; eta proiektu horiek Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.2 artikuluan zehaztuta egotea (Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legean idatzita dagoen bezala).
Halakoetan, estatuak % 50erainoko diru-laguntza eman ahal izango du. Toki-erakundeak bere baliabideak erabiliz egiten dituen lanak ez dira urgentziaz tramitatuko, berdin baliabide materialak, makinak edo langileak diren.
5. artikulua. Itsasertzean egin beharrekoak.
Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroari baimena ematen zaio kaltetutako inguruetan itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa leheneratzeko jarduera bereziko esparruak deklaratzeko eta egin behar dituen obren premiazkotasuna deklaratzeko, arlo hauetan:
a) Itsaso eta lehor arteko jabari publikoa leheneratzea; haren osotasuna eta mantentze egokia bermatzeko gainerako obrak; eta itsasertzaren iraunkortasuna bermatzeko eta bihar-etziko denborale eta galernen eragina leuntzeko osagarrizko lanak.
b) Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa osatzen duten elementuak babestea eta mantentzea, eta bereziki, hondartzak eta hareatzak, duna-sistemak eta itsasertzeko hezeguneak iraunkorki egokitzea, haiek errekuperatzea eta erregeneratzea; eta itsasertzean azterlanak, proiektuak eta obrak egitea, ikuskatzea eta kontrolatzea.
c) Itsasertzean kaltetuta geratu diren egiturak konpontzea eta leheneratzea, esate baterako, itsasertzeko pasealekuak, jabari publikorako irisbideak, hormak eta abar.
6. artikulua. Autonomia-erkidego kaltetuetan, jabari publiko hidraulikoan egin beharrekoak.
Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroari baimena ematen zaio erkidegoen arteko arro hidrografikoetan kalteturik suertatu diren lekuak jabari publiko hidraulikoa leheneratzeko jarduera bereziko esparru deklaratzeko, eta egin behar dituen obren premiazkotasuna deklaratzeko, ondoko arlo hauetan:
a) Ur- eta haize-erauntsiek eragindako kalteak leheneratzea eta konpontzea, bai azpiegitura hidraulikoetan bai erreka-bazterretan.
b) Garbiketa-lanak egitea, tapoiak garbitzea, edo hustubideak, kolektoreak, sifoiak, drainatze-bideak eta antzekoak konpontzea, baldin eta gehiegizko uraren ondorioak leuntzeko eta etorkizuneko erauntsiei hobeto erantzuteko bada.
c) Ibaietako pasealekuetan eta ibai-ertzetan konponketa-lanak egitea, baldin eta konponketok ondoko beste azpiegitura batzuetan eraginik badute.
7. artikulua. Autonomia-erkidego kaltetuetan, erabilera orokorreko landa-azpiegituretan egin beharrekoak.
Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroari baimena ematen zaio erabilera orokorreko landa-azpiegiturak, esate baterako natura-bideak eta bide berdeak, leheneratzeko jarduera bereziko esparruak deklaratzeko.
8. artikulua. Gainerako azpiegitura publikoetako kalteak.
Dena delako gaiaren eskumena duen ministro- departamentuko buruari baimena ematen zaio kalteturik suertatu den ingurua jarduera bereziko esparru deklaratzeko, departamentu horrek eta departamentu horren barruko erakunde autonomoek eta menpeko erakunde publikoek, hartara, egin beharreko leheneratze-jarduerak egin ditzaten. Horretarako, departamentu horiek estatu-titulartasuneko azpiegituretan gertatu diren kalteak konpontzearren egiten dituzten obrak premiazkoak deklara daitezke (bakoitzak bere eskumenpeko esparrukoak egin beharko ditu).
9. artikulua. Zerga-onurak.
1. Ez dira Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren 2014ko kuotak ordaindu behar izango errege lege-dekretu honetako 1. artikuluan aipatu ditugun ezbeharren eraginez zuzenean kaltetu diren etxebizitzen, industriako, turismoko, merkataritzako eta itsaso eta arrantzako establezimenduen, establezimendu profesionalen, nekazaritza eta baso ustiategien eta lantoki eta antzekoen kasuan, baldin eta egiaztatzen bada bertan kokatutako pertsonak eta ondasunak guztiz edo zati batean beste leku batean kokatu behar izan direla harik eta jasandako kalteak konpondu arte, edo uztetan izandako hondamendiak ez dituenean ezein aseguru-mota publiko edo pribatuk babesten.
2. 2014ko ekonomia-jardueren gaineko zergan murrizketa bat ezarri zaie industriei (edozein eratakoei), merkataritza establezimenduei, itsaso eta arrantzakoei, turismo establezimenduei eta establezimendu profesionalei, ezbeharren eraginez haiei atxikitako negozio-lokalak edo ondasunak zuzenean kaltetu direnean, eta, betiere, beste leku batean kokatu behar izan badira edo jarduera aldi baterako ixtea eragin duten kalteak izan direnean. Murrizketa hori proportzionala izango da, eta kontuan hartu da zenbat denbora igaro den jarduera eten behar izan zenetik berriz ere normaltasunez hasi den arte, dela lokal berberetan dela beste lokal batzuetan, hartara eragotzi gabe jarduera utzi behar izatea aintzat hartzea, kalteen larritasunak hori eragiten duenean, eta kasu horretan, 2013ko abenduaren 31tik aurrera izango du eragina.
3. Aurreko paragrafoetan aipatutako zergetan aipatutako salbuespen eta murrizketetan zerga horien gainean legez onartutako errekarguak sartzen dira.
4. Aurreko paragrafoetan ezarritako onurak lortzeko eskubidea duten zergadunek, zerga-urte horretako ordainagiriak ordaindu badituzte, ordaindutako kopuruak itzultzeko eskatu ahal izango dute.
5. Ez dira ordaindu behar izango Trafikoko Buruzagitza Nagusia organismo autonomoaren tasak, urriaren 2ko 16/1979 Legean ezarritakoak, ezbeharrek eragindako kalteen ondorioz eskatutako ibilgailuen bajak izapidetzeko, ezta arrazoi horiengatik suntsitu edo galdutako zirkulazio-baimenak eta gidabaimenak emateko ere.
6. Artikulu honen aurreko paragrafoetan xedatutakoa dela-eta udalen eta probintziadiputazioen zergetan eragiten den murrizketa Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura konpentsatuko da, Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen Testu bateginaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu hori).
7. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita egongo dira 2. artikuluan aipatutako kalte pertsonaletarako ezohiko laguntzak.
10. artikulua. Nekazaritza-jardueretarako zerga-murrizketa bereziak.
Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, errege lege-dekretu honen 1. artikuluan xedaturikoa exekutatzearren ematen den aginduak zehaztutako eremuetan dauden nekazaritza ustiategi eta jardueretan, salbuespen gisa, azaroaren 26ko HAP/2206/2013 Aginduan aipatzen diren errendimendu garbiaren indizeak murriztea erabaki ahal izango du (Agindu horrek 2014rako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zenbatespen objektiboa egiteko metodoa eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregimen berezi erraztua garatzen ditu). Eta hori egingo du martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 37. artikuluko 4.1. paragrafoan eta abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartutako Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 38. artikuluko 3. paragrafoan jasotakoarekin bat etorriz eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak egindako txostenak aintzat hartuta.
11. artikulua. Lan-arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko neurriak.
1. Enplegua Erregulatzeko Espedienteak, errege lege-dekretu honen 1. artikuluko lehenengo eta bigarren paragrafoetan adierazitako hondamendien eraginez ezarritakoak, bai eta ostalaritza sektorean zuzenean hondamendi horien eraginez izandako jarduera galerak, behar bezala egiaztatuta badaude, ezinbesteko kasutzat hartuko dira eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. eta 51. artikuluetatik eratorritako ondorioak izango dituzte. Enplegua Erregulatzeko Espedienteen kasuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak enpresaria Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzetik eta batera biltzeko kontzeptuetatik libratu ahal izango du etenaldiak irauten duen bitartean, eta epe hori langileak benetan kotizatutako alditzat joko da. Kontratua iraungitzen den kasuetan, langileen kalte-ordainak Soldatak Bermatzeko Funtsaren kontura ordainduko dira, legez ezarritako mugen barruan.
Enpresak kontratuak etetea edo lanaldia aldi baterako murriztea erabakitzen duen espedienteetan, ezohiko arrazoietan oinarrituta, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak edo, hala egokitzen bada, Itsasoko Gizarte Institutuak baimena eman ahal izango dute langabezia-prestazioak (ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan araututakoak) jasotzen diren aldi hori ez dadin zenbatu ezarritako prestazioak jasotzeko gehieneko aldia agortzeko ondorioetarako. Era berean, baimena eman ahal izango du langabezia-prestazioak jaso ditzaten espediente horietan sartuta dauden langileek, prestazio horiek jasotzeko beharrezkoak diren kotizazio-aldiak ez dituztenek.
2. Norberaren konturako langileek eta enpresek, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan sartuta daudenek, izandako kalteak edo zuzenean kalte horien ondorioz izandako jarduera-galerak justifikatu ondoren, interesik gabeko urtebeterainoko moratoria bat eskatu ahal izango dute Gizarte Segurantzaren kotizazioak eta batera biltzeko kontzeptuak ordaintzeko, elkarren segidako hiru hilabeteri dagozkionak, ezbeharra gertatu aurreko egunetik zenbatzen hasita; edo, norberaren konturako erregimen berezian edo autonomoenean sartuta dauden langileen kasuan, ezbeharra gertatu zen hilabetetik kontatzen hasita.
3. Aurreko paragrafoetan ezarritako onuretarako eskubidea duten Gizarte Segurantzako kotizatzaileek, salbuespenei dagozkien kuotak edo moratoriari dagozkionak ordaindu badituzte, ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eska dezakete, baita, hala badagokio, berandutza-interesak, errekarguak eta dagozkion kostuak ere. Itzultzeko eskubidea duena Gizarte Segurantzaren zorduna balitz (beste aldi batzuei dagozkien kuotengatik), itzultzeagatiko kreditua Gizarte Segurantzarekiko zorren ordainketari aplikatuko zaio, legez ezarritako eran.
4. Eragindako kalteak konpontzeko lanak egiteko, administrazio publikoek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek honako hau eskatu ahal izango diote eskumena duen enplegu zerbitzu publikoari: langabezia-prestazioak jasotzen dituztenak gizarte lankidetzako lanetarako atxikitzeko, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren 213.3. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
12. artikulua. Kontratazio-araubidea.
1. Hondamendiak kaltetutako azpiegiturak, ekipamenduak edo zerbitzuak konpontzeko eta mantentzeko kontratuak eta hondamendiak kaltetutako ondasunak atzera beren lekuan jartzeko kontratuak hartu daitezke premiazko obra, zerbitzu edo horniketatzat, betiere kontratazio-organoak dena delako akordioa hartu ondoren, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 113. artikuluan datozen baldintzak beteta (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
2. Artikulu honetan aipatutako lanak egiteak dakartzan desjabetzeak ukitutako ondasunen okupazioa presazkotzat joko da, Jabetza nahitaez kentzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
3. Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 126.2. artikuluan sartuta ez dauden obren kontratazio espedienteak izapidetzeko, ez da bete beharko lurrak erabilgarri izateko aldez aurreko baldintza, nahiz eta lur-sailen benetako okupazioa egin aurretik okupazio-akta formalizatu beharko den.
13. artikulua. Herri-administrazioekiko lankidetza.
1. Ogasun eta Herri Administrazioko ministroari ahalmena ematen zaio udalen eta mankomunitateen titulartasuneko azpiegitura, ekipamendu, instalazio eta zerbitzuetan izandako kalteen ondoriozko diru-laguntzen (4. artikuluan aipatutakoak) ordainketa proposatzeko, Estatuko Administrazio Orokorrak finantzatzen duen zatiari dagokionez, behin kalteen balorazioak egin ondoren, eta garatzeko ematen diren errege-dekretuetan zehaztutako gehienezko zenbatekoarekin.
2. Sail horren aurrekontuetan helburu horretarako txertagarri gisa jartzen den kredituaren kontura egingo zaie aurre diru-laguntza horiei.
3. Era berean, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren titularrari baimena ematen zaio diru-laguntza horiek emateko prozedura bat ezar dezan, bai eta jarraipena eta kontrola egiteko ere, Estatuak tokiko erakundeen inbertsioei diruz laguntzeko ezarritako esparruaren barruan.
14. artikulua. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa.
1. Kaltetutako autonomia-erkidegoko gobernuaren ordezkariak, pertsonalak ez diren kalteen ebaluazio zuzenagoa egiteko, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari beharrezkoak diren ebaluazioak egin ditzan eskatu ahal izango dio, errege lege-dekretu honen 2. eta 3. artikuluekin bat etorrita, betiere titulartasun publikoko ondasunei eragiten ez badiete.
2. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eskubidea izango du Estatuko Administrazio Orokorrak peritatze lanak ordain diezazkion, partzuergo horrek bere aseguruen peritu tasatzaileentzat onartuta dituen ordainsari profesionalen baremoaren arabera.
3. Laguntzen izapidetzea eta kalteen ebaluazioa errazteko, eskumena duen administrazioak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak laguntzen eta kalte-ordainen onuradunei buruzko datuak, laguntza eta kalte-ordainen zenbatekoei buruzko datuak eta ukitutako ondasunei buruzko datuak trukatu ahal izango dizkiote elkarri. Espainiako lurraldean jarduten duten aseguru-erakundeek Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari nahitaez eman beharko diote partzuergo horrek eskatzen dien informazioa, goian xedatutakoa bete ahal izateko.
15. artikulua. Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtserako deialdi berezia (FOMIT).
1. Industria, Energia eta Turismo Ministerioari eta Kreditu Ofizialeko Institutuari — hura baita estatuko finantza-agentzia— esango diegu taxutu ditzatela deialdi berezi batzuk, Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsetik (FOMIT), kalteturik geratu diren udal-azpiegitura turistikoak eta turismo-establezimendu pribatuak konpontzeko obrak finantzatzeko beren-beregiz. Funts hori uztailaren 23ko 937/2010 Errege Dekretuan dago arauturik. Deialdi horiek autonomia-erkidegoek egingo dituzte, kalteturik suertatu diren biziguneetan. Errege Lege Dekretu honetako 1. artikuluan dago xedaturik zein izango diren udalerri kaltetuak.
2. Finantza-funtsean gaur egun turismo-azpiegiturak modernizatzeko dauden baliabideetatik finantzatuko dira deialdiok. Mailegu hobaridunetarako finantza-baldintzak, berriz, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen akordio bidez zehaztuko dira. Eta deialdiaren zenbatekoa ere Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen akordio horretan erabakitzen denaren arabera zehaztuko da.
3. Artikulu honetan araututako deialdietan udal-korporazioei ematen zaizkien maileguei abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretuko hamalaugarren xedapen gehigarrian arauturik dagoen baimena emango zaie, hala egitea egokia denean (defizit publikoa zuzentzearren aurrekontu, zerga eta finantzen arloan berehala hartu behar diren neurriei buruzkoa da). Toki-erakundeen finantza-tutoretzaz arduratzeko eskumena duen organoak emango die baimen hori.
16. artikulua. Errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuaren barruko kalteak konpontzeko egin diren inbertsioak.
Errege lege-dekretu honetako 1. artikuluan aipaturik dauden kalteak konpontzearren toki-erakundeek egiten dituzten inbertsioak finantzen aldetik iraunkorrak direla pentsatuko da, baldin eta Aurrekontu-egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoko seigarren xedapen gehigarrian datozen baldintzak betetzen badituzte.
Salbuespen modura, inbertsio horiek lehentasunez exekutatuko dira beste inbertsio finantzen aldetik iraunkor batzuen aurretik, eta ez zaizkie aplikatuko Toki-ogasunak arautzen dituen legearen testu bategineko hamaseigarren xedapen gehigarriko 1, 2, 4, 6
eta 7. paragrafoak (lege hori martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartu zen).
Lehenengo xedapen gehigarria. Laguntzen mugak.
Errege lege-dekretu hau aplikatuta ematen diren laguntzen balioa, kalte materialei dagokienez, ezin izango da inoiz bi balio hauen arteko diferentzia baino handiagoa izan; hau da, batetik, gertatutako kaltearen balioa eta, bestetik, kontzeptu berberarengatik beste erakunde publiko nazional edo nazioarteko batzuek emandako beste laguntza edo kalte-ordain batzuen zenbatekoa (bateragarritzat edo osagarritzat jotako laguntzak edo kalte-ordainak betiere), edo aseguru-polizei esker eskura daitezkeenena.
Bigarren xedapen gehigarria. Aurrekontu-kredituak.
Estatuko administrazio orokorraren edo haren menpeko erakundeen titulartasuneko ondasunetan izandako kalteen konponketak, 13. artikulua aplikatuz ematen diren dirulaguntzak eta 7. artikuluan xedaturik dagoena aplikatuz egiten diren jarduerak Aurrekontu Esleipenerako Kontingentzia Funtsetik finantzatuko dira.
Horretarako behar diren kredituak gobernuak zabalduko ditu, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak proposaturik, dagokion ministro-departamentuaren aurrekontuetan, Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 50. eta 55. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
Hirugarren xedapen gehigarria. Beste administrazio publiko batzuekiko hitzarmenak.
Estatuko Administrazio Orokorrak errege lege-dekretu hau aplikatzeko behar diren lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu kaltetutako autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin eta tokiko korporazioekin.
Aginduzko txosten loteslea emateko, 2014ko Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 22/2013 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian aipatzen dena, kontuan izango dira batez ere errege lege-dekretu honetan araututako neurriak hartzea justifikatzen dituzten zirkunstantziak.
Laugarren xedapen gehigarria. Kaltetuei laguntzeko neurrien jarraipena egiteko ministerio arteko batzordea.
1. Ministerio arteko batzorde bat sortu da errege lege-dekretu honetan ezarritako laguntza neurriak aplikatzeko. Batzorde hori Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak koordinatuko du eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren, Barne Ministerioaren, Sustapenekoaren, Enplegu eta Gizarte Segurantzakoaren, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren eta Lehendakaritza Ministerioaren ordezkariek osatuko dute, bai eta kaltetutako autonomia-erkidegoetako gobernuaren ordezkariek eta Aseguruen Konpentsazio Batzordearen ordezkari batek ere.
2. Errege lege-dekretu honetan ezarritako laguntza neurrien jarraipena aurreko paragrafoan aipatutako batzordeak egingo du, autonomia-erkidegoetako agintariekin koordinatuta, Gobernuaren Ordezkaritzen bidez.
3. 2014ko urriaren 1 baino lehenago, ministerio arteko batzordeak txosten bat egingo du errege lege-dekretu hau gauzatzeko egin diren jarduerei buruz.
Azken xedapenetako lehenengoa. Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bategina aldatzea (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginean beste xedapen gehigarri bat gehitu dugu, hamaseigarrena (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategin hori); honako hau, hain zuzen:
«Hamaseigarren xedapen gehigarria. Inbertsioak noiz izango diren finantzen aldetik iraunkorrak.
Aurrekontu-egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoko seigarren xedapen gehigarriak dakarrenaren ondorioetarako, baldintza hauek guztiak betetzen dituen inbertsioa izango da finantzen aldetik iraunkorra:
1. Derrigorra da, beti, inbertsioa egiten duen dena delako toki-erakundeak egunean edukitzea bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Inbertsioak, gainera, programa-multzo hauetarako aurrekontuetan agertu beharko du (programak abenduaren 3ko EHA/3565/2008 Aginduko I. eranskinean datoz jasota, han onartu baitzen toki-erakundeetako aurrekontuen egitura):
161. Uren saneamendua, horniketa eta banaketa.
162. Hondakinak biltzea, ezabatzea eta tratatzea.
165. Argiteria publikoa.
172. Ingurumenaren babesa eta hobekuntza.
412. Nekazaritzako eta abeltzaintzako azpiegiturak eta ekoizpen-sistemak hobetzea.
422. Industria.
425. Energia.
431. Merkataritza.
432. Turismoa antolatzea eta sustatzea.
441. Garraioa sustatzea, mantentzea eta garatzea.
442. Garraio-azpiegiturak.
452. Baliabide hidraulikoak.
463. Ikerketa zientifikoa, teknikoa eta aplikatua.
491. Informazioaren gizartea.
492. Ezagutzaren kudeaketa.
Inbertsioa programa-multzo hauetakoren bateko aurrekontuetan agertu daiteke:
133. Trafikoa eta aparkamendu-gaia antolatzea.
155. Bide publikoak.
171. Parkeak eta lorategiak.
336. Ondare historiko-artistikoa babestea.
453. Errepideak.
454. Auzo-bideak.
933. Ondarea kudeatzea: toki-erakundearenak diren eta zerbitzu publikorako erabiltzen diren azpiegiturak eta higiezinak birgaitzeaz eta konpontzeaz ari gara.
Programa-multzo horietarako inbertsio-gastua 10 milioi euro baino handiagoa baldin bada —programa denak batera harturik— eta inolako gehikuntzarik baldin badakar inbertsio-proiektuetako gastu-egoerako 1. edo 2. kapituluetan, aurretiaz, Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiaren baimena beharko da (Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren barruan dago).
2. Ez dira iraunkortzat hartuko ez bost urte baino erabilgarritasun laburragoa duten inbertsioak, ez eta altzariak, tresnak eta ibilgailuak erosteko egiten direnak ere, non eta ez diren garraio-zerbitzu publikoa eskaintzeko erabiltzen.
3. Gastuak toki-korporazioko aurrekontu orokorreko gastu-egoerako 6. kapitulura egozteko modukoa izan beharko du.
Toki-korporazioaren aurrekontuko beste kapitulu batzuetara egozteko modukoak izanagatik ere, salbuespen modura, lan-hitzarmenak eteteko kalteordainak edo ordainak ere hartu ahal dira inbertsio iraunkortzat, baldin eta osagarriak badira eta egindako inbertsioa dela-eta aurrera eraman beharreko baliabide- edo prozesu-berrantolaketen ondorio badira zuzen-zuzenean.
Probintzietako aldundiek eta uharteetako kontseiluek eta kabildoek beste aukera bat ere badute: beren aurrekontuetako gastu-egoerako 6. eta 7. kapituluetara egozteko moduko gastua ere atal honetan sar dezakete, xedapen honetan aurreikusitakoa betetzen duten inbertsioak ordaintzeko bada eta udalerri hauetarako bada:
a) Apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoko seigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa betetzen dute.
b) Edo ez dute betetzen apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoko seigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa, baina inbertsioak ez dakar mantenu-gasturik eta halaxe egiaztaturik dago plan ekonomiko-finantzario behar bezala onartuan.
4. Exekutatzen, mantentzen eta kitatzen den bitartean, inbertsioak ezin dio toki-korporazioari aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak betetzea eragotzi. Hori horrela den jakiteko, inbertsioak bere bizitza erabilgarrian eragiten dituen mantenu-gastuak eta diru-sarrerak edo gastu-murrizketak -halakorik baldin badago- balioetsiko dira.
5. Apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoko seigarren xedapen gehigarriaren aplikaldia amaitzen denerako, toki-korporazioak dena delako gastu-espedientea hasita eduki beharko du eta egindako inbertsioak eragindako obligazio ekonomiko guztiak aitortuta.
Baina, ezinezkoa bada inbertsio-proiektu jakin bat oso-osorik 2014. urtean exekutatzea, beste aukera bat ere badago: 2014. urtean hitzemandako gastutik falta den zatia 2015. urtean aitortzea, 2014ko altxor-gerakinetik finantzatuz.
Zenbateko hori helburu horretarako lotuta geratuko da, baina toki-korporazioak ezingo du, 2015 amaieran, defizitik eduki.
6. Izapidetzen den gastu-espedientean, berariazko memoria ekonomiko bat jaso beharko da, azaltzeko ea inbertsioak norainoko ondorioak izan ditzakeen aurrekontuetan eta ekonomiaren arloan, bizitza baliagarria amaitzen zaion arte.
Toki-korporazioko lehendakariak sinatu beharko du, edo toki-korporazioko kideen artetik izendatzen duen ordezkoak. Toki-korporazioko organo kontu-hartzaileak ere izango du zeregina: aurreko paragrafoetan ezarri ditugun irizpideak gogoan, azaldu beharko du zenbateraino diren sendoak eta seguruak inbertsioaren memoria ekonomikoan bildutako aurrekontu-proiekziook.
Urtero-urtero, aurrekontuaren kitapenarekin batera, toki-korporazioko osoko bilkuran azaldu beharko da zenbateraino bete diren aurreko paragrafoetan jasotako irizpideak.
7. Toki-korporazioko ikuskatzailearen txosten hori aurkakoa baldin bada, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko arauek ekar ditzaketen ondorioak ahaztu gabe, ikuskatzaileak, txosten hori hartu, eta administrazio publikoan toki-korporazioaren finantza-tutoretza egiteko ardura eta eskumena duen organora bidali beharko du.
8. Xedapen hau aplikatuz egiten diren inbertsioen berri Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari eman beharko dio toki-korporazioko ikuskatzaileak.» Azken xedapenetako bigarrena. Eskumen-titulua.
Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1. artikuluko 7., 13., 14., 17., 23. eta 29. arauetan xedatutakoaren babesean ematen da, kaltetutako autonomia-erkidegoek hartu duten edo har dezaketen babes neurri osagarriak eragotzi gabe.
Azken xedapenetako hirugarrena. Garatzeko ahalmenak.
Gobernuak eta ministerio-sailetako titularrek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, behar diren xedapenak emango dituzte eta errege lege-dekretu honetan xedatutako betetzeko epeak ezarriko dituzte.
Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean sartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egun berean sartuko da indarrean.
Madrilen, 2014ko otsailaren 21ean.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY