Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Kostaldeei buruzko arauak

2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legea aldatzen duena

2013-05-29

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/5/30, 129. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

5670

2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legea aldatzen duena.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusi eta aditzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA I

Espainiako Konstituzioak hauxe aldarrikatzen du politika sozial eta ekonomikoaren printzipio gidari: pertsona orok duela bere burua garatu ahal izateko ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea eta hura zaintzeko betebeharra. Konstituzioak eskubide hori indartu egiten du itsasbazterrari dagokionez –itsasoak eta lehorrak bat egiten duten lur-zerrenda modura ulertuta–; izan ere, xedatzen du itsasoaren eta lehorraren arteko eremua, hondartzak eta jurisdikziopeko urak jabari publiko izango direla.

Ondorioz, Espainiako kostaldea babestea nahitaezko betebeharra da botere publikoentzat, bai eta herritarrentzat eta gizarte osoarentzat ere. Kostaldeak berezkoa du balio naturala, eta bere aberastasun eta dibertsitate biologikoa nabarmentzen dira.

Horretaz gain, gure itsasbazterrak gehien populaturiko eremuetako bat izatea du ezaugarri, eta bertan pilatzen dira, neurri handi batean, turismo-jarduera eta itsas haztegiekin lotutakoa; ondorioz, baliabide estrategiko zinez garrantzitsua da herrialderako.

Kostaldeei buruzko legeriak honako erronka hau du egun: babes-maila handi baten eta ingurumena errespetatzen duen jarduera baten arteko oreka lortzea. Jarduera ekonomikoaren eta ingurumen-kalitatearen arteko elkarrekiko harremanak elikatzen du garapen jasangarria. Ongi zaindutako itsasbazterrak garapen ekonomikoa laguntzen du, eta horren etekinek, berriz, ingurumena hobetzea ere badakarte. Ez dugu norabide bat aukeratu eta bestea baztertu behar, alderantziz, bide bakarra dago. Eta bide horretan arrakasta izateko, gure arau-esparrua berraztertu beharra dago.

1988ko legegileak erabaki zuen xedapenen ondorioak berehalakoak ez izatea, denboran luzatzea baizik, nahiz eta aldaketa nabarmenak ekarri aurreko erregimenaren aldean. Bitartean, eta hain zuzen amaitzen ari zen denbora-muga haren ondorioz, araua aplikatzeak etenik gabeko auziak ekarri ditu. Kasu askotan, gainera, ez da aplikatu ere egin, eta oraindik konpondu gabe dauden egoerak onartu dira, ingurumen-ikuspegitik onartezinak direnak. Ikusmolde hura zuzendu beharraren erakusle ditugu aplikazio gatazkatsua zein aplikaziorik eza, bai eta araua finkatutako beste errealitate sozial batzuei gailendu ezina ere.

Egoera horren aurrean, segurtasun juridikoa ematen du erreforma honek, itsasbazterreko erlazio juridikoek epe luzerako jarraipena izan dezaketen esparrua finkatzen baitu. Aldi berean, itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren osotasunari eustea bermatzen da, aplikatzeko moduko arau argi batzuen bitartez.

Kostaldea babestu ahal izateko, ezinbestekoa izango da oraindik bertan dauden egoera irregularrak modu erreal eta eraginkorrean amaiaraztea. Hartarako, itsasbazterraren jasangarritasunerako mehatxu larria diren kasuak isolatu behar ditugu, haien aurka erabakitasunez esku hartu ahal izateko.

Erreformak itsasbazterraren gaineko eskumen-banaketa konplexua errespetatzen du, Konstituzio Auzitegiak egindako interpretazioari jarraiki, uztailaren 4ko 149/1991

zenbakidun epaian, besteak beste. Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa babestea eta defendatzea bermatzeko eginkizuna bere egiten du Estatuak, Konstituzioaren 132.2 artikuluari jarraiki. Eta bi eskumen-titulu orokor ditu arau hau emateko; esan nahi baita, Konstituzioko eskubideak erabiltzeko eta betebeharrak betetzeko orduan espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzeari buruzkoa (149.1.1. artikulua), eta ingurumena babesteari buruzko oinarrizko legeria emateko eskumena ematen diona (149.1.23.).

Legea bi bloke handitan dago egituraturik: lehenengoak Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen aldaketa partzial eta sakon bat dakar, eta bigarrenak aurreko legeriaren babesean onartutako emakiden ezohiko luzapen-erregimen selektibo berri bat ezartzen du, baita hainbat xedapen heterogeneo ere Kostaldeei buruzko Legearen aldaketaren osagarri. Azken batean, itsasbazterra babestea bermatzeko eta segurtasun juridikoa emateko osotasun integratu bat da.

II Itsasbazterra babestu beharreko ekosistema sentikorra eta kaltebera da; babes hori lortzea da erreforma honen funtsezko helburua. Horregatik, legeak babes-tresnak indartzen ditu, hala prebentzioaren nola defentsaren ikuspegitik.

Prebentzio-babesaren arloan espazio jakin batzuen babesa areagotzea aurreikusten da arau-garapenaren bidez, eta bestetik, ingurumena kontrolatzeko mekanismoak ezartzen dira jabari publikoan eta babeserako zortasun-eremuan garatzen diren jarduerak eta erabilerak baldintzatzeko.

Hondartzen erabilerari dagokionez, halaber, hauxe xedatzen da: erregelamenduaren ondorengo garapenak erregimen bereizia ezartzea hondartzetako hiri-tarteetarako – urbanizatutako lurren aldamenekoak– eta hondartza naturalen tarteetarako –babestutako esparruen edo landa-lurren aldamenekoak–, baita azken horiei dagokienez babes-maila handia ezartzea eta okupazioa murriztea ere. Funtsezkoa da herriguneetatik urruti dauden hondartzen egoera naturalari eustea, bai eta hiri-hondartzen erabilera komuna zaintzea ere.

Erreforma honek ezarritako neurriekin batera ingurumenaren gaineko administraziokontrol bat ere egingo da, neurriok indargabetzea saihesteko eta ingurumena errespetatzen dutela bermatzeko. Horrela, bada, lehendik dauden emakidak luzatu aurretik ingurumenaren gaineko txosten bat egin beharko da; horren bitartez, okupazioak ingurumenean dituen ondorioak zehaztuko dira eta, hala dagokionean, itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa behar bezala babestea bermatzeko beharrezko baldintzak ere zehaztuko dira.

Helburu berarekin, babesteko zortasun-eremua eta jabari publikoa okupatzen dituzten higiezinetan egin daitezkeen konpontzeko, hobetzeko, sendotzeko eta eraberritzeko lanetan, eraginkortasun energetikoko eta ura aurrezteko hainbat irizpide ere gehituko ditu legeak. Oro har, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu ahal izango da eskakizun hori. Bide hori hobetsi da baimen autonomikoaren aurretik, hirigintzako lizentziarekin batera ez ipintzeko eta administrazio-kargak murrizteko, betiere babestu beharreko ingurumen-interesari kalte egin gabe.

Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa eraginkortasun handiagoz babesteko eta defendatzeko asmoz, nahitaez inskribatu beharko dira ondasun haiek. Era horretan, Herri-administrazioen Ondareari buruzko Legeak ezarritako irizpide orokorra jarraitzen da, kostaldearen errealitate fisikoa eta Jabetza Erregistroa bat etortzea lortzeko.

Esperientzia ikusita eta Estatuko Administrazio Orokorrak itsasbazterraren osotasunean eragiten duten administrazio-irregulartasunak gertatzea eraginkortasunez saihestu ahal izateko, tresna erreaktibo hau sartuko da: Estatuko Administrazio Orokorrak tokiko erakundeek hartutako egintzak eta akordioak administrazio bidean indargabetu ahal izango ditu, baldin eta itsasoaren eta lehorraren arteko jabariaren edo babeszortasunaren osotasunean eragiten badute. Helburua hauxe da: kautelazko jarduera azkarra eta eraginkorra ahalbidetzea legez kanpoko ekintza bat gauzatzea saihestearren; dena den, hamar eguneko epearen barruan horren aurkako errekurtsoa jarri beharko da administrazioarekiko auzien epaitegien aurrean.

III

Arau-esparru berriak segurtasun juridiko handiagoa eman nahi die itsasbazterrean gertatzen diren harreman juridikoei. Horrelakorik ez egoteak hainbat arazo sortu ditu arlo juridiko hutsetik harago, konfiantzarik eza eta nahasmendua eraginda. Horrela, bada, Europako Parlamentuaren 2009ko otsailaren 20ko txosten batek Espainiako agintariei eskatu zien «Kostaldeei buruzko Legea urgentziaz berrikusteko eta, hala badagokio, berau aldatzeko kostaldeko ingurumenaren gainean eragin negatiborik ez duten eremuetako etxebizitzen jabe legitimoen eta lurzati txikiak dituztenen eskubideak babestearren...». Kostaldeei buruzko Legeak jaso behar ditu eskubide horiek; ezikusiarena egitea legeak berak arautu beharreko aurretiko errealitatea ez ezagutzearen pare da.

Segurtasun juridikoa da erreforma hau sostengatzen duen zutabea, eta hura ezartzea ezinbesteko zeregin bat zen aurreko esparrua gainditzeko. Printzipio hori honako hauetan guztietan agertzen da: itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren kontzeptuaren mugaketaren zehaztapenean bertan, mugatzeko prozeduran sarturiko hobekuntzetan, emakida eta baimenak zuzentzen dituzten arauen aldaketan, bai eta jabari publikoaren aldameneko lurren jabetza pribaturako mugetan ere.

Legeak itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren kontzeptua zehazten du, hala itsasoaren eta lehorraren eremuari nola hondartzei dagokienez. Horretaz gain, jabari publikoa zehazteko erabiltzen diren gorabehera geografikoen definizioak ere ematen ditu, hura zehatzagoa izan dadin.

Legeak xedatzen du itsasoaren eta lehorraren arteko eremua, ezarritako irizpide teknikoei jarraiki, ezagutzen diren ekaitz handienetan olatuak iristen diren tokiraino finkatuko dela, mugaketei ziurtasun, segurtasun eta uniformetasun handiagoa emanda.

Artifizialki urez bete diren lurrak ez dira jabari publiko izango, salbu eta lehendik ere jabari publikoko ondasun baziren; halere, jabari publikoaren barruan sartuko dira nabigagarriak direnean.

Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa aldatzeagatik mugaketak berrikusi behar izateak eragindako ondorioak ere aurreikusi dira legean, bai eta arau berezi batzuk gehitu ere mugaketa batzuk egiteko.

Mugatzeko administrazio-prozesua erregistroan jasota egotea bermatzen du erreformak; hartarako, hark eragina izan dezakeen finka guztien inskripzioan orribazterreko oharra egingo da. Neurri horri esker, jabari publikoan dauden edo horren barruan sar daitezkeen lurren gaineko informazio zehatza izango dute herritarrek, oro har, eta eskuratzaileek, zehazki. Publizitatea ez da erregistrora mugatzen, legeak xedatzen baitu mugaketa-lerroak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren webgunean ere argitaratu behar direla.

Biztanleguneetako lur jakin batzuk itsasoaren eta lehorraren jabari publikotik kanpo geldituko dira; halakoak ez daude Kostaldeei buruzko Legearen 3.1 artikuluan zehaztutako ondasunen artean, Konstituzioaren 132.2 artikuluan xedatutakoa betez. Legezko bazterketa horren bidez irtenbide berezia eman nahi zaie egoera berezian dauden biziteginukleoetako lurrei: eraikita dauden lurrak, narriaduragatik eta egungo ezaugarri fisikoengatik, ez dira inola ere beharrezkoak itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa babesteko edo erabiltzeko; gainera, kontuan hartu beharra dago 1988ko Kostaldeei buruzko Legearen aurretik egindako mugaketen bidez jaso direla itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan, baita bizitegiko eraikuntzak beraiek ere badirela 1988 baino lehenagokoak; azkenik, eta aurrekoaren ildotik, historikoki finkatuta dauden etxebizitza-guneak dira, antropizatze handia dutenak; horrenbestez, 1988tik datorren segurtasun juridikorik ezeko egoera hori legez konpondu beharra dago.

Legeak aldaketa handiak egiten ditu emakida-erregimenari dagokionez. Emakiden gehieneko iraupen-epea aldatzen du; hala, hirurogeita hamabost urtekoa izango da orain (Herri-administrazioen Ondareari buruzko Legean eta Urei buruzko Legearen testu bateginean finkatutako epe bera). Orobat, emakidak mortis causa eta inter vivos eskualdatzeko aukera egongo da. Lehenengoari dagokionez, urte batetik lau urtera igaroko da emakidan subrogatu ahal izateko kausadunek egin beharreko jakinarazpenaren epea; hala, ez da eskubiderik galduko hain epe laburra amaitu delako, batez ere atzerritarrek izan ditzaketen zailtasunak kontuan hartuta. Inter vivos eskualdaketei dagokienez, aldez aurretik administrazioaren baimena behar dute balio izateko.

Erreformak Kostaldeei buruzko Legearen lehen xedapen iragankorraren 2. eta 3. paragrafoak aldatzen ditu Hipoteka Legearen 34. artikuluak babestutako lurren erregistroko titularrak emakidadunak izatea onartzeko, aurretik eskatzen zitzaizkien baldintzak aldatuta.

Legearen bigarren artikuluak ezohiko luzapen bat ezartzen du aurreko araudiaren babesean emandako emakidadunetarako. Halaber, espresuki xedatzen da luzapen hori itsasoaren eta lehorraren jabari publikoaren okupazio- eta aprobetxamendu-eskubide baten titularrak direnei ere aplikatzea, nahiz eta emakidadunak ez izan, betiere Kostaldeei buruzko Legearen lehen xedapen iragankorrari jarraiki. Dena den, dagokion emakida eskatu beharko da aldez aurretik.

Modu horretan, 2018an bukatzen hasiko liratekeen emakiden iraungipenari erantzungo zaio, besteak beste. Nabarmendu beharra dago ez dela bereizi gabeko luzapen bat, baizik eta autonomiako ingurumen-organoaren txosten bat beharko dela Poluzioaren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen aplikazio-eremuan jasotako instalazioetara eta industrietara bideratutako erabileretarako okupazioei dagokienez. Okupazioaren jarraipenak dakarren segurtasun juridikoa itsasbazterraren babesarekin uztartzearen adibide bat da hori, eta ingurumenaren ikuspegitik jasangarriak ez diren emakida guztiak kanporatzea ekar dezake. Oro har, ezohiko luzapen horren gehieneko epea hirurogeita hamabost urtekoa izango da emakiden gehieneko epe berriaren berdina izan dadin. Era horretan, eskubideak egonkortu nahi dira, eta antzeko denbora-muga batera egokitu.

Lege honek xedapen iragankor baten bidez bermatzen du interes orokorrekoak ez diren portuen okupazioa babesten duten emakidak interes orokorreko portuei buruzko legeriak xedatutako baldintza berberetan luzatu ahal izatea, bai eta haien eraikuntzarako obra publikoa emateko kontratuen ondorio direnak ere.

Baimenei dagokienez, gehieneko epea urte batetik lau urtera handituko da.

Babesteko zortasun-eremuari dagokionez dagoen berritasun nagusia legitimoki okupatzen duten eraikinei buruzkoa izango da; hala, haien titularrek konpontzeko, hobetzeko, eraberritzeko eta sendotzeko lanak egin ahal izango dituzte, betiere obrok bolumena, altuera edo azalera handitzea ez badakarte. Hartarako, autonomiako administrazio-baimenaren ordez erantzukizunpeko adierazpen bat ezarriko da. Horretan, adierazitako moduan, esan beharko dute lanek eraginkortasun energetikoko eta ura aurrezteko eskakizunak betetzen dituztela.

Babes-zortasun horren zabalera 100 metrokoa izatetik 20 metrokoa izatera igaroko da, honako biztanlegune hauen kasuan: Kostaldeei buruzko Legearen hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakora bildu ezin daitezkeenak, ez zeudelako hiri-lurzoru gisa kalifikatuta, nahiz eta urte hartan, hiri-lurzoruen ezaugarri guztiak izan.

Ibaiertzetan ere, itsasaldiek eragiten duten eremuraino, murrizketa hori salbuespeneko aukera gisa jasoko da, bokaletik urruti dauden tarteetan 100 metroko zortasuna sortzea saihestearren.

Itsas-lehorreko urbanizazioen erregimena itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren ikuspegitik arautu da; hala, bermatu egingo da ubide nabigagarriak jabari publikoa izatea, eta lurraldea edo hirigintza antolatzeko tresnak, bideen bitartez, ubideetako zirkulazioa eta sarbidea xedatzea.

Legeak xedatzen du jabari publikoa okupatzen duten kultura-intereseko ondasunei emakida bat aitortzea eta erregimen juridiko propioa aplikatzea.

Azken finean, erreformak ahalbidetu nahi duen itsasbazterraren erabilerak denboran iraunkorra izan behar du, eta ingurumen-babesa ere errespetatu behar du. Egindako aldaketek, xede horrekin, ziurtasuna eta argitasuna ematen dituzte, eta aldi berean, aurreko legeriak epe laburrera planteatzen zituen arazoak konpontzen ditu, itsasbazterreko eremua zainduta.

Azkenik, nabarmendu beharra dago erreformak Kostaldeei buruzko Legean erregulazio berezi batzuk gehitzen dituela klima-aldaketaren itsasbazterreko ondorioei bermeekin aurre egiteko. Hala, erregimen espezifiko bat jasotzen da atzerapen-arrisku larrian dauden itsasbazterreko eremuetarako. Erregelamenduz ezarriko da egoera horren definizioa, betiere egiaztatutako irizpide zientifikoei jarraiki. Horrela jotako eremuetan, okupazioak mugatzeaz gain, xedatzen da administrazioak babesteko, zaintzeko edo leheneratzeko jarduerak egin ahal izatea; haiei dagokienez, orobat, kontribuzio bereziak ezarri ahal izango ditu (erreformaren beste berritasun bat da hori). Jabari publikoa okupatzeko proiektuekin batera klima-aldaketak izan ditzakeen ondorioei buruzko ebaluazio prospektibo bat aurkeztea ere eskatzen da. Halaber, itsasoa obra edo instalazioetara iristeko arrisku ziurra egotea hartuko da emakidak iraungitzeko kausatzat.

Legeak, gainera, neurri juridiko haiekin batera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari eskatzen dio estrategia bat presta dezan kostaldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko. Horri esker, gure kostaldean klima-aldaketarekin lotuta dauden arriskuen gaineko diagnostiko zorrotza lortuko dugu, baita haiek arintzeko hainbat neurri ere.

Lehenengo artikulua. Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legea aldatzea.

Bat. Aldatu egiten da 2. artikuluaren a) idatz-zatia; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«a) Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa zehaztea eta haren osotasuna eta zaintza egokia ziurtatzea; hartarako, hala badagokio, babesteko eta leheneratzeko beharrezko neurriak hartuz eta, egokia denean, baita egokitzekoak ere, klima-aldaketaren ondorioak kontuan hartuta.» Bi. Aldatu egiten da 3. artikulua; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Estatuko itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren ondasunak dira, Konstituzioaren 132.2 artikuluan xedatutakoa betez:

1.  Itsasoaren eta ibaiadarren ertza, hauek barne hartuta:

a)  Itsasoaren eta lehorraren arteko eremua edo itsasbehera-lerro eskoratuaren edo ekinozioko gehieneko itsasbehera biziaren eta ezagutzen diren ekaitz handienetan olatuak iristen diren tokirainoko mugaren arteko eremua, erregelamenduz ezartzen diren irizpideekin bat etorriz, edo gainditzen duenean, ekinozioko gehieneko itsasgora biziko lerroarena. Eremu horren barruan ibaiertzak ere sartzen dira itsasaldien eragina nabaritzen den tokiraino.

Eremu horren barruan hauek ere jasotzen dira: padurak, itsas aintzirak, istingadiak, estuarioak eta, oro har, itsasaldien, olatuen edo itsas ura iragaztearen ondorioz urpean gelditzen diren lur-eremuak.

Nolanahi ere, ez dira itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren barruan sartuko hartarako egindako obren edo instalazioen ondorioz artifizialki eta kontrolaturik urez betetako lurrak, betiere horren aurretik jabari publikokoak ez baziren.

b)  Hondartzak edo material solteak pilatzen diren eremuak, hala nola hareak, legarrak eta harribilak, horien artean malkarrak, bermak eta dunak barne hartuta; azkenak hondartzaren egonkortasuna eta kostaldearen defentsa bermatzeko beharrezko den mugaraino jasoko dira.

2.  Jurisdikziopeko eta barnealdeko urak, ohea eta lurpea barne, legeria espezifikoak zehaztuta eta araututa.

3.  Eremu ekonomikoaren eta plataforma kontinentalaren natura-baliabideak, legeria espezifikoak zehaztuta eta araututa.

4.  Lege honen ondorioetarako: Itsas aintzira: lur-zerrenda baten ondorioz zabalera handiagoan edo txikiagoan ozeanotik fisikoki bereizita gelditzen diren kostaldeko ur-eremuak.

Berma: hondartzako gune ia horizontala, malkarraren barnealdekoa edo olatuek eragindako malda pikoko ezponda.

Dunak: sedimentazio-metaketak, hareazko muinoz eratuta, landareak eduki ala ez, itsasoaren, itsas haizearen edo beste kausa batzuen eraginez garraiaturiko hareak sortuta.

Malkarra: bermaren higaduraren ondorioz eraturiko hondartzako maila bertikala.

Estuarioa: padura bateko sakonera txikiko ur-besoak.

Padura: itsasaldien edo itsas ura iragaztearen ondorioz aldian-aldian urpean gelditzen den lur-eremu oso lau eta baxua.

Istingadia: landare ugari elikatzen dituen ur-geruza batek estalitako lur-eremu baxua.» Hiru. Aldatu egiten da 4. artikuluaren 3. paragrafoa; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«3.1 artikuluaren a) idatz-zatiaren azken lerrokadan azaldutakoak ez diren kausengatik itsasoak hartutako lurrak, eta, nolanahi ere, horrelakotzat hartuko dira nabigagarriak diren urez betetako lur-eremuak.» Lau. Aldatu egiten da 6. artikuluko 1. paragrafoa, eta 3. paragrafo bat gehitzen da; aurrerantzean, honela egongo dira idatzita:

«1. Kausa naturalen edo artifizialen ondorioz itsasoaren edo hondartzetako hareen inbasioa nozitzeko mehatxupean dauden lur-eremuen jabeek defentsarako obrak eraiki ahal izango dituzte, baimena edo emakida eskuratu ondoren, betiere hondartzari edo itsasoaren eta lehorraren arteko eremuari kalte egiten ez badiote, eta ez badituzte kaltetzen dagozkien legezko mugak eta zortasunak.

2.  Horrela egin ezean, inbadituriko lurrak itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikotzat hartuko dira, dagokion mugaketari jarraiki.

3.  Eta hori guztia ulertzen da, betiere 13 bis artikulua, egokia denean, aplikatzea eragotzi gabe.» Bost. 11. artikuluaren lerrokada bakarra 1. paragrafoa izango da aurrerantzean, eta 2. paragrafo bat gehitzen zaio; honela geratuko da idatzita:

«2. Mugaketa eginda, Estatuko Administrazioak itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko ondasunak inskribatu beharko ditu, Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearekin bat etorriz.» Sei. Aldatu egiten dira 12. artikuluaren 2. eta 4. paragrafoak, eta ezabatu manu bereko 6. paragrafoa. Honela gelditzen dira idatzita 2. eta 4. paragrafoak:

«2. Prozeduran jabe mugakideei entzungo zaie, jakinarazpena egin ondoren, bai eta interesdunak direla egiaztatzen duten gainontzeko pertsonei ere. Halaber, dagokion autonomia-erkidegoari eta udalari txostena eskatuko zaie, eta hilabeteko epea izango dute egiteko.

Mugaketak Estatuko portuetako jabari publikoan eragiten duenean, onartu aurretik, Sustapen Ministerioari igorriko zaio mugatzeko espedientea, bi hilabete baino lehenago haren eskumenen barruko gaiei buruzko txostena egin dezan.

Portuetako jabari publikoaren mugaketari buruz bi ministerioak ados jartzen ez badira, Ministroen Kontseiluak erabakiko du.

Halaber, prozeduraren izapideetan erabilitako topografia-planoen eta katastroko kartografiaren arteko koordinazio egokia ere bermatuko da.» «4. Mugatzeko espedientea hasteko erabakia, hark eragindako eremuaren planoarekin eta kaltetutako jabeen zerrendarekin batera, Jabetza Erregistroari jakinaraziko zaio; era berean, espedientean titularren izenean ageri diren inskribatutako finken jabariaren eta kargen ziurtagiria eskatuko zaio, bai eta aurkeztutako planoan eta erregistroko finken geoerreferentziazio-sistemetan ager daitekeen beste edozer finkari dagokionez ere; horretaz gain, espedientea hasi izana ere jasoko da haietako bakoitzaren folioan.

Aldi berean, ziurtagiria ematearekin batera, erregistratzaileak ziurtatzen dituen finken folioan ohar bat egingo du bazterrean, hauxe jasota:

a)  Mugatzeko espedientearen hasiera.

b)  Mugaketak eragindako finken jabariaren eta kargen ziurtagiria egin dela.

c)  Mugaketak eragin ditzakeelako ohartarazpena, eta horren ondorioz finkak, guztiz edo partez, itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan sar daitezkeela edo babesteko zortasun-eremuan guztiz edo partez jaso daitezkeela.

d)  Mugatzeko prozedura onartzeko ebazpenak titulu modura balio izango duela mugaketarekin egon litezkeen erregistroko egoera juridiko kontraesankorrak zuzentzeko.» Zazpi. Aldatu egiten da 13. artikuluaren 2. paragrafoa; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«2. Mugaketa onartzeko ebazpena titulu nahikoa izango da mugaketarekin kontraesankorrak diren erregistroko egoera juridikoak zuzentzeko, erregelamenduz erabakitzen diren moduan eta baldintzetan. Ebazpen hori, halaber, titulu nahikoa izango da administrazioak jabari publikoko ondasunen immatrikulazioa egiteko.

Nolanahi ere, eragindako titular inskribatuek beharrezkotzat jotzen dituzten ekintzak egin ahal izango dituzte beren eskubideak defendatzeko, eta dagokion erreklamazio judizialaren prebentzioko idatzoharra egin ahal izango da.» Zortzi. Beste artikulu bat sartzen da, 13 bis. Honela dio:

«1. Mugaketak berraztertuko dira itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren konfigurazioa aldatzen denean. Mugatzeko espedientea hasteak 12. artikuluan xedatutako ondorioak izango ditu.

2.  Mugaketa berraztertu ondoren itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren barruan sartzen diren lurren titularrak okupazio- eta aprobetxamendueskubide baten titular bilakatuko dira, eta hartarako administrazioak ofizioz aitortuko die emakida, interesdunak espresuki hari uko egin ezean.

Emakida hirurogeita hamabost urtekoa izango da, lehendik dauden erabilerak eta aprobetxamenduak errespetatuta, kanona ordaindu beharrik izan gabe.

3.  Mugaketa berraztertu ondoren babesteko zortasun-eremuaren barruan sartzen diren obren eta instalazioen titularrek konpontzeko, hobetzeko, sendotzeko eta eraberritzeko lanak egin ahal izango dituzte, betiere bolumena, garaiera edo azalera handitzea ez badakarte.

Obra horiek eraginkortasun energetikoa hobetzea ekarri beharko dute.

Hartarako, eta aplikagarri zaienean, amaierako kalifikazio energetikoak bi letrako edo B letra bateko hobekuntza lortu beharko du, eta hori eraginkortasun energetikoko ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dute, betiere eraikuntzen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuan xedatutakoari edo beste edozer arauk lehendik dauden eraikuntzen ziurtapenerako etorkizunean xeda dezakeenari jarraiki.

Orobat, obra haietan, egokia denean, ur-kontsumoa benetan aurreztea dakarten mekanismoak, sistemak, instalazioak eta banako eta/edo taldeko ekipamenduak erabiliko dira. Lorategi eta berdeguneetan eraginez gero, ureztatzeko orduan, bazterreko ur-baliabideak erabiltzea sustatuko da, hala nola leheneratutako urak edo biltegiratutako euri-urak.

Paragrafo honetan aipatutako egoerak autonomia-administrazioaren aurrean egiaztatu beharko dira dagokion hirigintzako baimenaren aurretik, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71

bis artikuluan xedatutakoari jarraiki. Obrek edo instalazioek bide-zortasunean eragiten badute, beharrezkoa izango da Estatuko administrazioak, aldez aurretik, bide-zortasuna bermaturik dagoela adierazten duen aldeko txosten bat egitea. Bi hilabeteko epea izango da txosten hori egiteko, eskatzen denetik hasita; epe horretan egin ezean, aldekotzat hartuko da.» Bederatzi. Beste artikulu bat gehitzen da, 13 ter; honela egongo da idatzita:

«1. Estatuko administrazioak itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren eremuak atzerapen-egoera larrikotzat jo ahal izango ditu, baldin eta, erregelamenduz xedatzen den luzeran eta denbora-tartean, itsasertz-lerroaren atzerapena egiaztatzen bada, betiere prozesu naturalen bidez lehengo egoerara itzultzerik ez dutela uste bada.

2.  Atzerapen-egoera larrikotzat jotako lur-eremuetan ezin izango da titulu berririk eman itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa okupatzeko.

3.  Salbuespen gisa, eta hurrengo bost urteetan uholdeak gertatzeko arriskurik ez duten eremuetan, zerbitzu publikoetara zuzendutako okupazio-eskubideak ematea xedatu ahal izango du deklarazioak, 32. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Okupazio horiek, gehienez ere, bost urteko epe baterako emango dira, eta epe bereko luzapenak izan ahalko dituzte, betiere Lege honetan ezarritako gehieneko epearen barruan.

4.  Atzerapen-egoera larrikotzat jotako lur-eremuetan okupazio-eskubide batek babestuta dauden eraikuntzei eutsi egingo zaie, betiere itsasoa haietara iristen ez bada edo horrelakorik gertatzeko arriskurik ez badago, betiere aurreko paragrafoari jarraiki. Horrela gertatu ezean, okupazio-eskubidea iraungi egingo da 78. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

5.  Babesteko, zaintzeko edo eraberritzeko jarduerak egin ahal izango ditu Estatuko administrazioak atzerapen-egoera larrian daudela jotako lur-eremuetan.

Horrelakoetan, kontribuzio bereziak ezarri ahal izango ditu 87 bis artikuluan xedatutakoari jarraiki.

6.  Atzerapen-egoera larria Ministerio Agindu bidez deklaratuko da, dagokion autonomia-erkidegoak txostena egin ondoren, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita ministerioaren egoitza elektronikoan ere.

7.  Atzerapen-egoera larritzat jotzea eragin zuten gorabeherak desagertuz gero, baliogabetu egin ahal izango da Ministerio Agindu bidez, haren ondorio guztiak indargabeturik.» Hamar. 23. artikuluari 3. paragrafo bat erantsi zaio, eta honela egongo da idatzita:

«Ibaiertzetan, itsasaldiek eragiten duten tokiraino, eremu horren azalera murriztu ahal izango du Estatuko administrazioak, dagokien autonomiaerkidegoarekin eta udalarekin batera, gutxienez 20 metroraino, hango ezaugarri geomorfologikoak, landare-ingurunea eta bokaleekiko distantzia direla-eta, betiere erregelamenduz xedatutakoari jarraiki.» Hamaika. Aldatu egiten dira 25. artikuluaren 1. paragrafoaren c) idatz-zatia eta manu bereko 2. paragrafoa, eta 4. paragrafo bat sartu da; honela egongo dira idatzita:

«c) Agregakin naturalen edo finkatu gabekoen hobiak suntsitzea dakarten jarduerak, horrelakotzat harea edo legar moduko material detritikoen metaketak dauden tokiak hartuta.» «2. Oro har, eremu horretan izaeragatik bestelako kokapenik eduki ezin duten obrak, instalazioak eta jarduerak baino ez dira baimenduko, hala nola itsas haztegien establezimenduak edo itsas gatzagak, edo itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa erabiltzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren zerbitzuak eskaintzen dituztenak, bai eta estali gabeko kirol-instalazioak ere. Nolanahi ere, lubetak, lur-erauzketak edo zuhaitz-mozketak egiteko orduan erregelamenduz xedatutako baldintzak bete beharko dira jabari publikoa babestea bermatzearren.» «4. Artikulu honen 1. paragrafoaren f) idatz-zatiak aipatutako publizitatea baimendu ahal izateko baldintzak erregelamendu bidez ezarriko dira, betiere hura baimendutako instalazio edo jardueren osagaia bada edo haiekin batera badoa eta ez bada bateraezina babesteko zortasunaren helburuarekin.» Hamabi. 33. artikuluari 6. paragrafo bat erantsi zaio, eta aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«6. Hondartzen okupazio- eta erabilera-erregimena erregelamendu bidez garatuko da, haien izaeraren arabera. Hondartzen eremu naturalei okupazioak mugatzeko babes-maila handi bat emango zaie, eta ezinbestekoak direnak edo aplikatu beharreko araudian xedatuta daudenak baino ez dira baimenduko.

Hondartzetako hiri-zatien okupazioa eta erabilera arautuko dira, era horretan, guztien erabilerarekin bateragarria den zerbitzu-prestazio egoki bat bermatzearren.

Ezarritako eskakizunak betetzen dituzten interes orokorreko ekitaldi turistikoak egitea baimendu ahal izango da hiriko tarteetan, bereziki bete beharko dira okupazio fisikoaren azalerari eta denborari buruzko eskakizunak; halaber, prebentzioko neurri guztiak ere hartu beharko dira ingurumenean eragin oro saihesteko eta hondartza-tartea okupazio aurreko egoeran uztea bermatzeko.

Nolanahi ere, okupazioa amaitutakoan, berehala kenduko dituzte instalazioak, guztiz garbituko dute okupaturiko lur-eremua, eta behar diren gainerako jarduerak egingo dituzte hondartza lehen zegoen bezala uzten dela bermatzearren.

Lurraldea eta hirigintza antolatzeko arloan eskudunak diren administrazioek hartuko dute parte hondartzetako hiri- eta natura-tarteen mugaketan, betiere erregelamenduz zehazturiko moduan.» Hamahiru. Aldatu egiten da 38. artikuluaren 1. paragrafoa; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Kartel edo hesien bidezko zein soinu- edo ikus-entzunezko bitartekoen bidezko publizitate iraunkorra debekatuta egongo da.

Salbuespen gisa, erregelamenduz ezarritako baldintzetan betiere, publizitatea baimendu ahal izango da, baldin eta itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan baimendutako instalazioen edo jardueren parte bada edo haiekin batera badoa, eta jabari publiko horren babesarekin bateragarria bada.» Hamalau. Bigarren lerrokada bat gehitzen zaio 44. artikuluaren 2. paragrafoari; honela geratuko da idatzita:

«2. Obrak kokaturik dauden ingurunera egokitzea aurreikusi beharko dute eta, hala badagokio, haiek kostaldean duten eragina eta kostaldearen atzerapenean izan dezaketen eragina.

Halaber, klima-aldaketak obra kokatu beharreko lurretan izan litzakeen ondorioen ebaluazio bat jaso beharko dute proiektuek, erregelamenduz zehaztutako moduan.» Hamabost. Bigarren lerrokada bat gehitzen zaio 44. artikuluaren 6. paragrafoari; honela geratuko da idatzita:

«Dauden kolektoreen konponketa ez da sartuko aurreko lerrokadaren debekukasuen artean, ezta hura eraikitzea ere itsas pasealekuan edo beste hiri-bide batzuetan integratzen denean.» Hamasei. Aldatu egiten da 49. artikuluaren 1. paragrafoa, eta 4. paragrafo bat gehitu da; aurrerantzean, honela egongo dira idatzita:

«1. Estatuko administrazioak formalizatuko du itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko ondasunak autonomia-erkidegoei atxikitzea haien titulartasuneko beste portu eta garraiobide batzuk eraikitzeko, edo lehendik daudenak handitzeko edo aldatzeko. Atxikitako jabari publikoaren zatiak kalifikazio juridiko horri eutsiko dio, eta autonomia-erkidegoaren esku egongo da hori erabiltzea eta kudeatzea, haren xedeari jarraiki eta beharrezko xedapenak beteta. Nolanahi ere, atxikitako ondasunetan ematen diren emakiden epea, luzapenak barne, ez da handiagoa izango estatu-legeriak interes orokorreko portuetan portuko jabari publikoaren gaineko emakidetarako ezarritako indarraldiaren gehieneko epea baino.

Atxikipena gertatzen denean, autonomia-erkidegoa, ondasun higiezinen gaineko zergaren ondorioetarako, zergadunaren ordezkotzat hartuko da emakidek ukitu gabeko itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren atxikitako zatiari dagokionez, eta ordaindutako zerga-zorraren zenbatekoak ezin izango dio eragin zergadunari.» «4. Atxikitako itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko ondasunen portu-zerbitzuaren eremuan, baldin eta 3. artikuluaren ezaugarriak ez badituzte, portu-jarduera garatzeko beharrezko erabilerez gain, merkataritzako eta jatetxearloko erabilerak ere baimendu ahal izango dira, betiere itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoari kalterik egiten ez bazaio, ezta portu-jarduerari ere, eta hirigintzako plangintzan ezarritakoarekin bat badatoz. Nolanahi ere, bizileku gisa erabiltzeko eraikuntzak debekatuta egongo dira.

Aurreko lerrokadan ezarritako erabileretarako gehieneko azalera xedatzeko irizpideak erregelamendu bidez finkatuko dira, hartarako portuko amarraleku kopurua eta beharrezko gainerako eskakizunak hartuko dira kontuan itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa edo portu-jarduera ez kaltetzeko.» Hamazazpi. Aldatu egiten da 52. artikuluaren 4. paragrafoa; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Epemuga dagokion tituluak zehazten duena izango da, gehienez ere lau urtekoa, Lege honek beste bat ezartzen duen kasuetan izan ezik.» Hemezortzi. Aldatu egiten da 55. artikuluaren 1. paragrafoa; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Administrazioak, bere aldetik, edonoiz indargabetu ahal izango ditu baimenak, kalte-ordainerako eskubiderik sortu gabe, baldin eta jabari publikoan kalteak sortzen badituzte, interes publiko handiagoko jardueretarako erabiltzea eragozten badute edo erabilera publikoa kaltetzen badute, betiere itsasoa okupatutako lur-eremuetara iristeko arrisku ziurra badago, eta ondoren onartutako araudiarekin bateraezinak badira. Azken kasu horretan, baimena indarrik gabe utziko da, baldin eta, titularrari horren berri eman zaionetik hiru hilabetera, hark ez badu okupazioa araudi berrira egokitu edo, fisikoki edo juridikoki, egokitzea ezinezkoa bada.» Hemeretzi. 64. artikuluaren lerrokada bakarra 1. paragrafoa izango da aurrerantzean, eta 2. paragrafo bat gehitu zaio; honela geratuko da idatzita:

«2. Emakidaren xede diren ondasunen erabilera pribatiborako eskubidea izango du emakidadunak. Nolanahi ere, eta erregelamenduz xedatzen denarekin bat etorriz, agintariak eta eskudun funtzionarioak behar bestetan sartu eta ibili ahal izango dira lur-eremuotan, baldin eta arrazoi hauengatik beharrezkoa bada:

nazioaren defentsa, salbamendua, itsas segurtasuna, kontrabandoa jazartzea, itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren polizia-eginkizunak betetzea eta dagozkien gainontzeko eginkizunak betetzea.

Itsasoan istripuren bat gertatzen bada edo itsas zirkulazioko segurtasunarrazoiengatik beharrezkoa denean, emakidadunaren xede diren lur-eremuetan itsasontziak eta tresnak utzi ahal izango dira pertsonak eta itsasontziak babesteko.» Hogei. 65. artikuluaren lerrokada bakarra 1. paragrafoa izango da aurrerantzean, eta 2. paragrafo bat gehitu zaio; honela geratuko da idatzita:

«2. Ez dira inola ere emakiden titular izango Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutako kontratatzeko debekuren bat dutenak.

Titularrari, emakida eman ondoren, kontratatzeko debekuren bat ezartzen zaionean, iraungi egingo da emakida.

Konkurtso-deklarazioaren kasuan, eta likidazio-fasea ireki bitartean, ez da iraungiko emakida, betiere titularrak, administrazioaren iritziz, behar besteko bermerik ematen badu okupazioa emakida-tituluan xedatutako moduan jarraitzeko.» Hogeita bat. Aldatu egiten dira 66. artikuluko 2. eta 3. paragrafoak; aurrerantzean, honela egongo dira idatzita:

«2. Epea dagokion tituluan zehazten dena izango da; gehienez ere hirurogeita hamabost urtekoa. Emakiden gehieneko iraupen-epeak erregelamendu bidez finkatuko dira, betiere haien erabileraren arabera. Erabilera bakoitzean finkatutako gehieneko epeak handitu ahal izango dira, erregelamenduz ezarritako moduan, betiere hirurogeita hamabost urteko gehieneko epea errespetatuta, baldin eta emakidadunak hondartzak leheneratzeko eta higaduraren eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko proiektuak aurkezten baditu; administrazioak onartu beharko ditu, halere.

3.  Iraungitako emakida baten xedea Estatuko administrazioak epe handiago batez emandako meatze- edo energia-baliabideak ustiatzeko beste emakida baten babespeko jarduera bat denean, haren titularrak itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa okupatzeko beste emakida bat eskuratzeko eskubidea izango du, ustiatzeko emakida amaitzeko gelditzen den epe bererako; halere, ezin da inoiz hirurogeita hamabost urte baino handiagokoa izan.» Hogeita bi. Aldatu egiten da 70. artikuluaren 2. paragrafoa; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Emakidak inter vivos eta mortis causa egintzen bidez eskualdatu ahal izango dira.

Inter vivos eskualdaketak balio izateko, aldez aurretik administrazioak onartu behar du eskuratzaileak emakidan ezarritako baldintzak betetzen dituela.

Emakidaduna hiltzen bada, haren kausadunek, oinordetza edo ondare gisa, haren eskubide eta betebeharretan subrogatu ahal izango dute, betiere lau urteko epearen barruan administrazioari espresuki jakinarazten badiote titularra zendu dela eta subrogatzeko borondatea dutela. Epe hori igarotzen bada jakinarazpenik egin gabe, iraungi egingo da emakida.» Hogeita hiru. 72. artikuluko 1. paragrafoari bigarren lerrokada bat gehitu zaio; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Emakida bat iraungitzen den kasu guztietan, Estatuko administrazioak obrei eta instalazioei eustea erabakiko du edo, bestela, interesdunak, bere kontura, haiek altxatzea eta jabari publikotik eta babesteko zortasun-eremutik kentzea. Ofizioz edo hark eskatuta hartuko du erabaki hori, erregelamenduz zehazten den epemuga amaitu aurretiko unetik aurrera, epea amaitu delako iraungitze normala bada, eta dagokion espedientea ebazteko unean, gainerako iraungitze-kasuetan.

Hala eta guztiz ere, obrak jabari publikotik eta hura babesteko zortasuneremutik altxatu eta kendu egingo dira emakida 78. artikuluaren m) idatz-zatian xedatutako kasuengatik iraungitzen denean.» Hogeita lau. 76 artikuluari beste idatz-zati bat gehitu zaio, m); aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«m) Itsas mailaren igoerara, olatu-noranzkoaren aldaketetara edo klimaaldaketaren beste ondorio batzuetara egokitzeko administrazioak eskatutako neurriak hartzeko betebeharra izango du esleipendunak.» Hogeita bost. 78. artikuluaren 1. paragrafoari lau idatz-zati gehitu zaizkio, j), k), l) eta m); aurrerantzean, honela egongo dira idatzita:

«j) Kontratatzeko debekua izatea, Lege honen 65.2 artikuluarekin bat etorriz.

k)  Lege honen 70.2 artikuluan xedatutako berariazko jakinarazpenik ez egitea emakidak mortis kausa eskualdatzen diren kasuetan.

l)  Administrazioak aldez aurretiko onarpenik ez egitea, 70.2 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutako moduan.

m)  Emakida indargabetzea obrek eta instalazioek itsasoak hartzeko arrisku ziurra dutenean.» Hogeita sei. Aldatu egiten da 78. artikuluaren 3. paragrafoa; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«3. Itsasoaren eta lehorraren jabari publikoa okupatzeko eskubidea iraungitzen duen prozeduraren ebazpena jakinarazteko epea hemezortzi hilabetekoa izango da.» Hogeita zazpi. Aldatu egiten da 84. artikulua; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazio edo aprobetxamendu orok, administrazio emailea edozein dela ere, dagokion kanona sortuko du Estatuko administrazioaren alde, hark eskatu beharrekoei kalte egin gabe.

2.  Aurretik aipatutako emakiden eta baimenen titularrek kanona ordaindu beharra izango dute, Lege honetan zehaztutako zenbatekoan eta baldintzetan.

3.  Honako hauek hartuko dira kontuan kanonaren zenbatekoa zehazteko garaian:

3.1  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazioa:

a)  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko ondasunak okupatzeagatik, okupatutako ondasunaren balorazioa hurrengo balio hauetan handiena izango da: katastroko balioa, administrazioak edozer tributuren ondorioetarako egiaztaturikoa, edo subjektu pasiboek aitortutako eskuratzeko prezioa, kontraprestazioa edo balioa, jabari publikorako proposatzen diren erabileren antzeko aprobetxamendu bat duten zortasun-eremuen aldameneko lurrei aplikagarria.

Antzeko aprobetxamendurik egon ezean, udalerri horretan itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan emandako emakidek sortutako kanonak zehazteko balioen batez bestekoa hartuko da.

Hamar urteko aldi batez jabari publikoa erabiltzeagatik aurreikusten den urteko etekin garbien batez besteko zenbatekoa, zergak aplikatu aurretik, gehituko zaio ateratzen den balioari. Emakidak hamar urte baino gutxiago iraunez gero, emakidaaldi osorako kalkulua egingo da.

Mozkin haiek kalkulatzeko, emakidaren edo baimenaren eskatzaileak emandako azterketa ekonomikoak hartuko dira kontuan, baita administrazio emaileak bil dezakeen informazioa eta egin ditzakeen balorazioak ere, zuzenean edo dauden beste emakida batzuekin alderatuta. Kalkulu hori ez da inola ere izango eskatzaileak egin beharreko inbertsioaren zenbatekoaren 100eko 20koa baino txikiagoa.

b)  Interes orokorreko saneamenduko, elektrizitate-hornidurako eta komunikazioetako azpiegituren okupazioei dagokienez, okupatutako ondasunaren balorazioa 0,006 eurokoa izango da okupaturiko metro karratuko, jabari horren erabileragatik aurreikusten diren etekinak gehituta. Kalkulu hori ez da inola ere izango eskatzaileak egin beharreko inbertsioaren zenbatekoaren 100eko 20 baino txikiagoa.

c)  Lehendik dauden obren eta instalazioen okupazioei dagokienez, tributuoinarria kalkulatzeko artikulu honen a), b) edo d) paragrafoetan xedatutakoa batuko zaio, dagokion moduan, obra eta instalazio haien balio materialari.

d)  Jurisdikziopeko uretako obren eta instalazioen okupazioei dagokienez, okupatutako ondasunaren balorazioa 0,006 eurokoa izango da okupatutako azaleraren metro koadro bakoitzeko, eta hari gehituko zaio a) paragrafoaren hirugarren eta laugarren lerrokadetan xedatutakoa. Okupazio haiek meatze- eta energia-baliabideak ikertzeko edo ustiatzeko izanez gero, 0,006 euroko kanona ordainduko da okupaturiko azalerako metro koadro bakoitzeko.

3.2  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren ondasunen aprobetxamenduagatik, ondasunaren balioa aprobetxatutako materialena izango da, merkatuko batez besteko prezioen arabera.

4.  Itsas haztegiei dagokienez, itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazio- eta aprobetxamendu-kanonaren tributu-oinarria arau hauei jarraiki kalkulatuko da:

a)  Okupaturiko ondasunen baliotzat metro koadroko 0,006 euroko kantitatea hartuko da.

b)  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa erabiltzeagatik aurreikusten diren etekinei dagokienez, koefiziente hauek hartuko dira kontuan:

1.  mota. Jurisdikziopeko eta barneko uretako itsas haztegiak: 0,4 €/m2.

2.  mota. Itsasertzeko eta itsasadarren ertzetako itsas haztegiak: 0,16 €/m2.

3.  mota. Lehorrean dauden itsas haztegietatik itsas ura hartzeko eta hustubideetarako egiturak: 5 €/m2.

Kantitate horiek Ingurumen Ministerioaren agindu bidez berraztertuko dira, Kontsumoko Prezioen Indizeen sistemaren Espainiako Indize Orokorrak izandako aldaketa aintzat hartuta.

5.  Urteko karga-tasa 100eko 8koa izango da oinarriaren balioaren gainean, aprobetxamenduari dagokionez izan ezik, kasu horretan 100eko 100ekoa izango baita.

6.  Autonomia-erkidegoek atxikitako itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoak kirol- edo arrantza-portuak eraikitzeko egindako emakidek Estatuko Administrazio Orokorraren alde sortuko duten okupazio-kanona kalkulatzeko lege honetan eta berau garatzeko araudian xedatutakoa hartuko da kontuan. Kanonaren tributu-oinarria lortzeko erabiltzen den etekinaren kalkulua ez da inola ere eskatzaileak egin beharreko inbertsioaren 100eko 3,33koa baino txikiagoa izango.

7.  Kanona 100eko 90 murriztu ahal izango da doako erabilera publikora bideratutako okupazioei dagokienez.

Erakunde nautiko eta kiroletakoei irabazi asmorik gabeko jarduerak garatzeko emandako tituluetan, okupazio-kanonaren zenbatekoa 100eko 75 murriztu ahal izango da. Murrizketaz baliatu ahal izateko, baina, dagokion kirol-federazioak ziurtatu beharko du erakundeak behar bezala inskribatuta daudela, eta jarduera nautikoa eta kiroletakoa baino ez dutela egiten.

Erakunde haiek okupazioen zati bat nautikoak eta kiroletakoak ez diren beste jarduera batzuetara bideratuz gero, eta irabazizkoak badira, okupazio horiek, kanona zehazteko orduan, aurreko paragrafoetan bildutako arau orokorren arabera kalkulatuko dira.

Akuikulturaren sektorean ingurumen-praktika hobeak bultzatzeko xedez, kanona 100eko 40 murriztuko da Europako Erkidegoko ingurumen kudeaketa- eta ikuskaritzasistemara (EMAS), modu jarraituan eta etengabe, atxikitako emakidadunei dagokienez. Kudeatzeko sistema horretara atxikita ez badaude ere, baina ingurumena kudeatzeko UNE-EN ISO 14001:1996 sistemarik baldin badute, emakidadunek 100eko 25eko murrizketa bat izango dute.

8.  Autonomia-erkidegoek, tokiko erakundeek eta haien mendeko zuzenbide publikoko erakundeek beren eskumenak betetzeko ematen zaizkien emakidetan edo baimenetan ez dute okupazio-kanonik ordaindu beharko, betiere zuzenean edo hirugarrenen aldetik irabazteko asmoz ustiatzen ez badira. Halaber, Lege honen 54. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutako kasuek ere ez dute kanon hori ordaindu beharko.

9.  Kanona, aurreko paragrafoetan ezarritako irizpideekin bat etorriz kalkulaturik, urtero sortuko da, emakida edo baimena lehen aldiz ematean.

Dagokion zenbatekoan eskatuko da, emakida edo baimenaren baldintzetan adierazitako epeen barruan. Artikulu honen 3.2 paragrafoan xedatutako kasuan, aprobetxamendua egitean sortuko da kanona.

Urtebete baino gehiagoko baimenei eta emakidei dagokienez, baldin eta kanona Herri-lan eta Garraio Ministerioaren 1992ko urriaren 30eko agindua aplikatuta ezarri edo berraztertu bada (agindu haren bidez itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazio- eta aprobetxamendu-kanonaren zenbatekoa zehazten da), berau urtero eguneratuko da, automatikoki, indarrean dagoenaren oinarria handituta edo murriztuta azken hamabi hilabetetako Kontsumo Prezioen Indizeen sistemaren Espainiako Indize Orokorrak izandako aldaketa aplikatuz, urte berri bakoitzeko lehen eguna baino lehenagoko datu argitaratuen arabera.

Azaldutakoaren arabera eguneratutako oinarria duen kanonaren zenbatekoa titulu bakoitzean ezarritako baldintzetan finkatutako epeen barruan eskatzekoa izango da.

Urtebeteko baino handiagoko emakidei dagokienez, kanona ez bazaie ezarri edo berraztertu 1992ko urriaren 30eko agindua aplikatuta, haren arabera berraztertuko dira aldez aurretik. Berraztertu ondoren urtero eguneratuko da, aurreko lerrokadan xedatutako moduan.» Hogeita zortzi. «Kontribuzio bereziak» izeneko II. kapitulu bis bat gehitzen da; bertan, 87 bis artikulua jaso da, eta honela dio:

«87 bis artikulua.

1.  Kontribuzio bereziak ezarri ahal izango dira, baldin eta pertsona fisiko edo juridiko batzuek onura berezi bat lortzen badute, itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan haren babes, defentsa edo hobekuntzarako edo aldameneko lurrenerako egiten diren obrak direla-eta, onuraren zenbateko zehatza finkatzerik ez badago ere. Obrak egitearen ondorioz finka jakin batzuen balioa handitzea, ondorio horietarako, onura berezitzat hartuko da.

2.  Kontribuzio berezi haien subjektu pasiboak itsasoaren eta lehorraren jabari publikoa babesteko, defendatzeko eta hobetzeko lanekin zuzeneko onura lortzen dutenak izango dira, eta bereziki, okupazio-eskubideen titularrak, baita aldameneko finken eta establezimenduen jabeak ere.

3.  Tributu-oinarria kontribuzio berezia erabakitzen duen errege-dekretuan finkatuko da, eta ez da obren kostu osoaren ehuneko berrogeita hamarretik gorakoa izango.

4.  Kontribuzio bereziaren zenbateko osoa subjektu pasiboen artean banatuko da, obrak eta gorabeherak nolakoak diren erabakitzen diren irizpideei jarraiki, besteak beste:

a)  Emakiden eta onuradun diren aldameneko finken azalera.

b)  Okupazio-eskubidea iraungitzeko geratzen den epea.

c)  Kontribuzio berezia erabakitzeko errege-dekretuak xedatzen duena, obraren gorabehera bereziak kontuan hartuta.

5.  Gobernuak, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak proposatuta onartutako errege-dekretuaren bidez, kontribuzio bereziak ezartzea erabakiko du lege honek aipatutako kasuetan.» Hogeita bederatzi. Aldatu egiten da 90. artikulua; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Arau-hauste arinak eta larriak sailkatuko dira.

2.  Lege honen arabera, hauek hartuko dira arau-hauste larritzat:

a)  Mugaketen mugarriak aldatzea.

b)  Itsasoaren eta lehorraren jabari publikoa beharrezko administrazio-titulurik gabe okupatzea edo erabiltzea, betiere administrazioak abusuzko jokabidea uzteko esanbidez egindako eskaerari ez bazaio jaramonik egin.

c)  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan lanak eta instalazioak baimenik gabe gauzatzea, bai eta baimendutakoa baino azalera, bolumen edo garaiera handiagoa eraikitzea ere.

d)  Agregakinak baimenik gabe erauztea.

e)  Lege honetan ezarritako agregakinen gaineko jabetzaren mugak ez betetzea.

f)  Itsasorako sarbide publikoak eta bide-zortasuna eragoztea.

g)  Babes- eta bide-zortasuneko eremuetan eta itsasorako sarbideetan baimenik gabeko eraikuntzak egitea.

h)  Pertsonen bizitza, osasun edo segurtasunerako arrisku bat dakarten ekintzak edo ez-egiteak, delituak ez badira, eta, nolanahi ere, baimenik gabe hondakin-urak isurtzea.

i)  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa eta zortasun-eremuak lege honek baimendu gabeko erabileretarako erabiltzea.

j)  Lege honen arabera eskatu beharreko administrazio-titulurik gabe era guztietako lanak edo instalazioak egitea zehaztutako zortasun-eremuetan, betiere administrazioak abusuzko jokabidea uzteko esanbidez egindako eskaerari ez bazaio jaramonik egon edo, zehatzeko espedientearen hasiera jakinarazitakoan, jokabide horri eutsi bazaio.

k)  Jabari publikoan kalte konponezinak edo konpontzen zailak eragiten dituzten ekintzak edo ez-egiteak, edo administrazioaren eginkizunak gauzatzeko oztopo larria direnak.

l)  Administrazioari emandako informazioa faltsutzea.

m)  Ebazpen irmo bidez arau-hauste arintzat jotako bat baino gehiago egitea bi urteko epearen barruan.» Hogeita hamar. Aldatu egiten da 91. artikulua; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«90. artikuluan jasota ez daudenez gain, ekintza edo ez-egite hauek ere hartuko dira arau-hauste arintzat:

a)  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa beharrezko administraziotitulurik gabe okupatzea edo erabiltzea, arau-hauste larria ez denean.

b)  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan beharrezko administraziotitulurik gabe lanak, isurketak, haztegiak, landaketak edo mozketak egitea.

c)  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko ondasunei edo haien erabilerari kalteak edo galerak eragiten dizkieten ekintzak edo ez-egiteak.

d)  Zortasunen arloan xedatutakoa ez betetzea, ezta lege honen arabera onartutako arauetan jasotako xedapenak ere.

e)  Dagozkion administrazio-tituluen baldintzak ez betetzea, betiere, noiz iraungitzen diren kontuan hartuta.

f)  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan edo babesteko zortasuneremuan publizitatea baimenik gabe egitea.

g)  Jabari publikoan eta zortasun-eremuetan egin beharreko jarduerak iragartzea beharrezko administrazio-titulurik gabe edo haren baldintzen aurka.

h)  Administrazioari dagozkion polizia-eginkizunak oztopatzea.

i)  Lege honen arabera nahitaezkoak diren jarduerak ez egitea.» Hogeita hamaika. Aldatu egiten da 92. artikulua; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Arau-hauste larriek bi urteko preskripzio-epea izango dute, eta 6 hilabetekoa arinek, guztiz gauzatzen direnetik hasita. Interesduna jakitun dela zehatzeko prozedura hasteak preskripzioa etengo du, eta preskripzio-aldiari berrekingo zaio zehatzeko espedientea bi hilabetez baino gehiagoz geldiarazita badago ustezko arduradunari egotzi ezin zaion kausagatik.

2.  Zehapen larriek bi urteko preskripzio-epea izango dute, eta urtebetekoa arinek, zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bilakatzen den egunaren biharamunetik hasita. Interesduna jakitun dela betearazteko prozedura hasteak preskripzioa etengo du, eta epeari berrekingo zaio prozedura hori bi hilabetez baino gehiagoz geldirik badago arau-hausleari egotzi ezin zaion kausagatik.» Hogeita hamabi. Aldatu egiten da 93. artikulua; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Arau-haustearen arduradunak pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatu hauek izango dira:

a)  Administrazio-titulu baten baldintzak bete ezean, haren titularra.

b)  Beste kasu batzuetan, jardueraren sustatzailea, gauzatzen duen enpresaria eta haren teknikari zuzendaria, bai eta arau-haustea dakarren gertaeran ekintzaz edo egin ezaz esku hartzen duen beste edonor ere.

c)  Lege honetan xedatutakoaren aurkako administrazio-tituluak ematearen ondoriozko arau-hausteetan, haiek gauzatzeak jabari publikoari edo hirugarrenei kalte larriak eragiten dizkienean, arduradunak hauek ere izango dira: Bat. Dagokion titulua ematearen aldeko txostena egiten duten edozein herriadministraziotako funtzionarioak edo langileak; hala, diziplina-bidetik hutsegite larriagatik zigortuko dira, dagokion espedientea egin ondoren.

Bi. Edozein korporazio edo erakunde publikotako kide anitzeko organoen kideak eta agintariak, baldin eta titulua ematearen alde ebazten edo bozkatzen badute legez kanpokoa dela espresuki ohartarazten duten nahitaezko eta aho bateko txostenei jaramonik egin gabe, edo txosten horiek eskatu ez badira. Lege honen irizpideak aplikatuta kasu bakoitzean dagokion zenbatekoko isuna izango da zehazpena.

Paragrafo honetan jasotako kasuetan partikularrek nozitzen dituzten kalteengatik kalte-ordaina ematea bidezkoa den, administrazioaren erantzukizuna oro har arautzeko arauen bidez zehaztuko da. Ez da inola ere kalte-ordainik emango kaltetutakoari egotz dakiokeen iruzur, erru edo arduragabekeria larririk egonez gero.

2.  Pertsona bat baino gehiago badira arau-haustearen arduradun, arauhausteak ekarritako ondorioei solidarioki erantzun beharko diete.» Hogeita hamahiru. Aldatu egiten da 94. artikuluaren 2. paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«2. Arau-hausle bakar batek hainbat arau-haustetzat jo daitezkeen ekintzak edo ez-egiteak gauzatzen baditu, arau-hauste adina zehapen ezarriko zaizkio.

Arau-hauste edo ez-egite berak bi arau-hauste edo gehiago badakartza, zehapenik handiena dakarrena baino ez da kontuan hartuko. Ekintza jakin batzuk beste ekintza batzuk egitea ziurtatzeko tresna edo bidetzat har badaitezke, eta ekintza horiek arau-haustea badakarte eta, ezinbestean, lehenengoetatik badatoz, bietan zehapenik handiena ezarriko da bere goiko erdian. Nolanahi ere, lege honen arabera egindako emakiden titularrek bertan ezarritako arau-hausteengatik zehatu ahal izango dira beti, eska litezkeen beste erantzukizun batzuk gorabehera.» Hogeita hamalau. Aldatu egiten da 95. artikuluaren 1. paragrafoa; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Ezartzen den zigor- edo administrazio-zehapena eragotzi gabe, arauhausleak gauzak lehengoratu eta aurreko egoeran zeuden moduan berrezarri beharko ditu, sortutako kalte konponezinen eta okerren ordaina emanda, dagokion ebazpenean kasu bakoitzean finkatzen den epearen barruan.

Betebehar hori hamabost urteren buruan preskribituko da, administrazioak zehapena erabakitzen duenetik hasita, lege honen 10.2 artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe.» Hogeita hamabost. Aldatu egiten dira 97. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoak; aurrerantzean, honela egongo dira idatzita:

«1. Arau-hauste larrietarako, hauxe izango da zehapena:

a)  90.2 artikuluaren a), f), h), i) eta k) paragrafoen kasuetan, 300.000 euro arteko isuna. Isunaren zenbatekoa kalkulatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: Bat. Mugarriak aldatzeari dagokionez, 1.000 euro mugarri bakoitzeko.

Bi. Itsasorako sarbide publikoak eta bide-zortasuna eragozteari dagokionez, 1.000 eta 5.000 euro artean sarbidea edo bidea eragotzita dagoen egun bakoitzeko, arau-haustea egiten den hondartzako tartearen ezaugarrien arabera, betiere erregelamenduz garatutako irizpideei jarraiki.

Egun bat baino iraupen txikiagoko arau-hausteak proportzionalki kalkulatuko dira.

Hiru. Pertsonen bizitza, osasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen duten ekintzei edo ez-egiteei dagokienez, irizpide hauek hartuko dira kontuan: sortutako arriskuaren tamaina, eragindako kalteen zenbatekoa eta arau-hausleari zer-nolako intentzioa ikusten zaion. Gutxieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa izango da.

Itsas balizen gaineko arauak bete ezean, 300 euro eguneko.

Egun bat baino iraupen txikiagoko arau-hausteak proportzionalki kalkulatuko dira.

Hondakin-uren baimendu gabeko isurketei dagokienez, baimena emateko ezarri den isurketa-tratamenduaren kostua, halakorik badago.

Lau. Itsas eta lehorraren arteko jabari publikoa eta haren zortasun-eremuak kostaldeei buruzko legeriak baimendu gabeko xedeetarako erabiliz gero, arauhausleak eskuratzen duen onura kalkulatua, eta hori zenbatzerik ez dagoenean, jabari publikoari eragindako kalte-galerak, eta gutxienez 150 euro.

Kanpaldiari dagokionez, 40 euro okupatutako metro koadro eta eguneko; horixe da gutxieneko zehapena.

Ibilgailuen baimendu gabeko aparkatze edo zirkulazioari dagokionez, 50 eta 150 euro bitartean, erregelamenduz ezartzen diren irizpideen arabera.

Egun bat baino iraupen txikiagoko arau-hausteak proportzionalki kalkulatuko dira.

Bost. Jabari publikoan kalte konponezinak edo konpontzen zailak eragiten dituzten ekintza edo ez-egiteei dagokienez, edo administrazioaren eginkizunak gauzatzeko oztopo larria direnei dagokienez, beste paragrafo batzuetan jasota ez badaude, isunaren zenbatekoa ekintzaren edo ez-egitearen larritasunaren arabera mailakatuko da; 600 eurokoa izango da gutxienez. Lege honen 100.2 artikuluan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan horiek kalkulatzeko.

b)  90.2 artikuluaren b) paragrafoari dagokionez, 120 euroko isuna metro koadro eta egun bakoitzeko.

Egun bat baino iraupen txikiagoko arau-hausteak proportzionalki kalkulatuko dira.

c)  90.2 artikuluaren c), g) eta j) paragrafoei dagokienez, lanen eta instalazioen balioaren % 50eko isuna, haiek jabari publikoan edo itsasorako sarbideko zortasuneremuan daudenean, eta % 25ekoa babesteko gainerako zortasun-eremuan; 300

eurokoa izango da gutxienez.

d)  90.2 artikuluaren d) paragrafoari dagokionez, 20 euroko isuna metro kubiko bakoitzeko.

e)  90.2 artikuluaren e) paragrafoari dagokionez, eskualdatze-balioaren 100eko 10.

f)  90.2 artikuluaren m) paragrafoari dagokionez, isuna kalkulatzeko arauhauste arin bakoitzerako ezarritakoak batuko dira; halere, haietako lehenean zenbatekoa erdira murriztu ahal izango da arau-hausteak eragindako egoera dagokion errekerimenduan adierazitako epearen barruan zuzendu bada.

g)  Baimendu gabeko publizitateari dagokionez, 100 eta 250 euro bitarteko isuna, publizitatea egiteko ikus-entzunezko bitartekoak erabili badira, eta metro koadro bakoitzeko 50 eta 100 euro bitartekoa, hesien edo kartelen bitartez egiten bada, betiere erregelamenduz ezartzen diren irizpideei jarraiki.

h)  90.2 artikuluaren l) paragrafoko kasuetan, 300 euro, gehi arau-hausleak lortutako etekina.

2.  Arau-hauste arinak isun batekin zehatuko dira, arau-hauste bakoitzerako erregelamenduz zehazten den zenbatekoan, aurreko paragrafoko irizpideei jarraiki; hala, zehapena ez da irizpide horien arabera ezarriko litzatekeenaren erdia baino handiagoa, ezta, edozelan ere, 60.000 euro baino handiagoa ere.

Kasu hauetan honelakoa izango da zehapena:

a)  91. artikuluaren g) paragrafoaren kasuetan, gutxienez 50 eurokoa izanik, irizpide hauen arabera kalkulatuko da: iragarkiaren kostuaren % 25, beharrezko administrazio-titulurik gabeko jarduerak direnean eta, titulu horretan ezarritako baldintzen aurkakoa denean, emakidaren klausuletan xedatutakoa.

b)  91. artikuluaren h) paragrafoaren kasuetan, administrazioari dagozkion polizia-eginkizunak betetzea eragozteagatik, gutxieneko isuna 300 eurokoa izango da, arau-hausleak lortutako etekina gehituta.

c)  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikorako kalteei dagokienez, arau-hauste larria ez badira, eragindako kaltearen baliokoa izango da isuna.

Titulurik gabeko okupazio edo erabilerari dagokionez, arau-hauste larria ez denean, 20 euro metro koadro eta egun bakoitzeko.

Egun bat baino iraupen txikiagoko arau-hausteak proportzionalki kalkulatuko dira.

d)  Haztegi, landaketa edo mozketei dagokienez, isuna 120 eurokoa izango da metro koadro bakoitzeko.

e)  Tituluaren baldintzak bete ezean, isuna 200 eurokoa izango da ez-betetze bakoitzeko.

f)  Zortasun-arloan xedatutakoa bete ezean, baldin eta ez badira arau-hauste larriak 90.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, 150 euroko isuna ez-betetze bakoitzeko.» Hogeita hamasei. Aldatu egiten da 99. artikulua; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Gaiaren arabera eskudun den administrazioak ezarriko ditu isunak. Estatuko administrazioa denean, organo hauek izango dute ahalmena, jarraian finkatutako mugekin:

a)  b)  c)  d)  Zerbitzu periferikoko buruak, 60.000 eurora arte.

Zuzendari nagusiak, 300.000 eurora arte.

Ministroak, 1.200.000 eurora arte.

Ministro Kontseiluak, 1.200.000 eurotik gora.

2.  Muga horiek eguneratu ahal izango dira Ministroen Kontseiluan onartutako errege-dekretu bidez.

3.  Autonomia-erkidegoek 1.200.000 eurora arteko isunak ezarri ahal izango dituzte isurketa industrialen eta kutsagarrien arloko estatu-legeria betearazteko eskumenaren barruan.

4.  Alkateek, lege honen araberako udal-eskumenaren arloan, 12.000 eurora arteko isunak ezarri ahal izango dituzte.» Hogeita hamazazpi. Aldatu egiten da 106. artikulua; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Geldiarazpenak, debekuak edo eteteak iraun bitartean, administrazioak ez du bere gain hartuko eragindako jardueraren titularraren lan-betebeharrik, betiere, laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudian edo horren gainean, beharrezkoa bada, ematen den araudian xedatutakoa eragotzi gabe.» Hogeita hemezortzi. Aldatu egiten da 119. artikulua; hala, oraingo lerrokada 1. paragrafoa izango da aurrerantzean, eta beste 2. paragrafo bat gehitu zaio; honela geratuko da idatzita:

«2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe eta toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 67. artikuluan xedatutako prozedurari jarraiki, gobernuaren ordezkariak, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak eskatuta, tokiko erakundeek hartutako egintzak eta akordioak indargabetu ahal izango ditu itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren edo babes-zortasunaren osotasunari eragiten badiote edo lege honen 25. artikuluan xedatutakoaren ageriko arau-haustea badakarte.» Hogeita hemeretzi. Aldatu egiten dira lehen xedapen iragankorraren 2. eta 3. paragrafoak, eta beste 5. paragrafo bat gehitu da; aurrerantzean, honela egongo dira idatzita:

«2. Lege hau indarrean hasi aurreko mugaketa bat egitean, Jabetza Erregistroan inskribatuta eta Hipoteka Legearen 34. artikuluak babestuta daudelako Administrazioak okupatu ezin izan dituen itsasoaren eta lehorraren arteko eremuko edo hondartzako lurren titularrak itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazio- eta aprobetxamendu-eskubide baten titularrak izatera igaroko dira, eta hartarako emakida egokia eskatu beharko dute.

Aurrekoa gorabehera, lurrak poluzioaren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen aplikazio-esparruan jasotako instalazioetara eta industrietara bideratzen badira, okupazioa kokaturik dagoen autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak txosten bat egin beharko du emakida egin aurretik. Txostenean okupazioak ingurumenean eragiten dituen ondorioak zehaztuko dira eta, egokia den kasuetan, ingurumena egoki babestea bermatzeko emakidak jaso beharreko baldintzak ere jasoko dira. Txosten hori erabakigarria izango da. Estatuko Administrazio Orokorra haren edukitik aldentzen bada, hori egiteko interes orokorreko arrazoiak jakinarazi beharko ditu emakida emateko edo ukatzeko ebazpenean.

Ingurumen-organoak hiru hilabeteko epearen barruan ez badu txostenik ematen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 83.4 artikuluan xedatutakoari jarraiki jokatuko da.

Hori guztia beren eskubideak defendatzeko egin ditzaketen ekintza zibilak eragotzi gabe.

3.  Lege hau indarrean hastean mugaturik ez dauden edo partez dauden itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko kostalde-zatietan dagokion mugaketa egingo da; hura onartzeak 13. artikuluan jabari publikoan jasotako lureremu guztietarako xedatutako ondorioak izango ditu, obrek okupatuta egon arren.

Halere, lur-eremuen Erregistroko titularrak, Hipoteka Legearen 34. artikuluak babestuta, baldin eta egindako mugaketaren barruan sartzen badira, itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazio eta aprobetxamenduko eskubide baten titularrak izatera igaroko dira, xedapen honen bigarren paragrafoan xedatutako moduan.» «5. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, aipatzen dituzten lureremuak artifizialki edo kontrolaturik urez bete badira hartarako egindako obren edo instalazioen ondorioz, eta itsas haztegiko jardueretara edo itsas gatzagetara bideratuta badaude, itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikotik kanpo geldituko dira, naturalki urez bete daitezkeenak izanik ere.

Lur-eremu haiei lege honetan babesteko zortasun-eremurako xedatutako erregimena izango zaie aplikagarri.» Berrogei. Aldatu egiten dira laugarren xedapen iragankorraren 2. paragrafoaren a), b) eta c) idatz-zatiak, eta beste 3. paragrafo bat gehitu da; aurrerantzean, honela egongo dira idatzita:

«a) Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko lurrak betetzen badituzte, emakida iraungitzean eraitsiko dira.

Emakida indarrean dagoen bitartean, titularrek konpontzeko, hobetzeko, sendotzeko eta eraberritzeko lanak egin ahal izango dituzte, betiere lehendik dauden eraikuntzen bolumena, garaiera edo azalera handitzea ez badakarte.

b)  Bide-zortasunaren eremuan kokatuta badaude, eraikuntzen eta instalazioen titularrek konpontzeko, hobetzeko, sendotzeko eta eraberritzeko lanak egin ahal izango dituzte, betiere lehendik dauden eraikuntzen bolumena, garaiera edo azalera handitzea ez badakarte, eta haiek dakarten balio-handitzea desjabetzearen ondorioetarako kontuan hartu gabe. Hirigintzako organo eskumendunak ezin izango ditu obra horiek baimendu, harik eta, aldez aurretik, Estatuko administrazioak bidezortasuna bermaturik dagoela adierazten duen aldeko txostenik eman arte. Bi hilabeteko epea izango da txosten hori egiteko, eskaeratik hasita; epe horretan egin ezean, aldekotzat hartuko da.

c)  Babesteko zortasun-eremuaren gainerakoan eta hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera lurzoru motei aplikatutako moduan, konpontzeko, hobetzeko, sendotzeko eta eraberritzeko lanak egin ahal izango dira, betiere lehendik dauden eraikuntzen bolumena, garaiera edo azalera handitzea ez badakarte, eta haiek dakarten balio-handitzea desjabetzearen ondorioetarako kontuan hartu gabe. Guztiz edo partez eraitsiz gero, eraikuntza berriek lege honen xedapen guztiak bete beharko dituzte.» «3. Xedapen iragankor honen bigarren paragrafoak aipaturiko lanek, aplikagarri zaienean, hauxe egin behar dute:

a)  Eraginkortasun energetikoa hobetu. Hartarako, amaierako kalifikazio energetikoak bi letrako edo B letra bateko hobekuntza lortu beharko du, eta hori eraginkortasun energetikoko ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dute, betiere eraikuntzen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuan xedatutakoari edo beste edozer arauk etorkizunean lehendik dauden eraikuntzen ziurtagirirako xeda dezakeenari jarraiki.

b)  Ur-kontsumoa benetan aurreztea dakarten mekanismoak, sistemak, instalazioak eta banako eta/edo taldeko ekipamenduak erabiltzea. Lorategi eta berdeguneei eragiten badiete, ureztatzeko orduan, bazterreko ur-baliabideak erabiltzea sustatuko da, hala nola leheneratutako urak edo biltegiratutako euri-urak.

Hirigintzako eskudun organoak ezin izango ditu baimendu emakiden titularrek Estatuko Administrazioaren aurrean –eta eraikuntzen eta instalazioen titularren autonomia-erkidegoetako eskudun organoen aurrean– erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu dutela egiaztatu arte; haren bidez espresuki eta argi azalduko dute, batetik, obrek ez dutela lehendik dauden eraikuntzen bolumena, garaiera edo azalera handitzea ekarriko eta, bestetik, aurretik ezarritako eraginkortasun energetikoari eta ura aurrezteari buruzko eskakizunak betetzen dituztela. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikuluan ezarritakoa beteko du erantzukizunpeko adierazpenak.» Berrogeita bat. Beste hamargarren xedapen gehigarri bat erantsi da; honela egongo da idatzita:

«Hamargarren xedapen gehigarria.

1.  Itsas-lehorreko urbanizazioak hauexek dira: lur-eremu pribatuak artifizialki urez betez eraikitako bide-sistema nabigagarria duten lehorreko bizitegi-guneak.

2.  Itsas-lehorreko urbanizazioek lurraldea edo hirigintza antolatzeko tresna bat eduki beharko dute, eta tresna horrek itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren arloan xedapen honetan eta garatzeko arauetan ezarritako manuei jarraitu beharko die.

3.  Itsas-lehorreko urbanizazioaren ubide nabigagarriak eraikitzeko obrak egiteak ondorio hauek izango ditu (baldin eta haien eraginez itsasoak edo ibaien urek obren aurretik itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikokoak ez ziren eta babesteko zortasunaren eraginpean ez zeuden lurrak azpian hartzen badituzte itsasaldien eragina nabaritzen den tokiraino):

a)  Urpean gelditutako lur-eremua itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan sartuko da. Nolanahi ere, etxebizitzaren aldamenean eta ubide nabigagarriarekiko atzeraemanda dauden jabetza pribatuko lur-eremuak, baldin eta banako aparkaleku nautiko eta pribatura bideratuta badaude, ez dira jabari publikoaren barruan sartuko. Ubide nabigagarriaren aldameneko titulartasun pribatuko lurrak, hondeatzeen ondorioz urpean gelditurikoak, halaber, ez dira itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren barruan sartuko, aparkaleku nautiko kolektibo eta pribatura bideratzen badira.

b)  Lanen aurretik zegoen babes-zortasunak indarrean jarraituko du. Ez da babeseko edo bideko beste zortasunik sortuko urpean geldituriko esparruen inguruan.

c)  Lurralde- edo hirigintza-antolamendurako tresnak, bideen bitartez, ubideetarako zirkulazioa eta sarbidea bermatu beharko du, erregelamenduz xedatutako moduan.

4.  Ubide nabigagarrien aldameneko etxebizitzen jabeek etxebizitzen aurrean kokaturiko amarralekuak erabiltzeko eskubidea izango dute. Eskubide hori etxebizitzaren jabetzarekin lotuta egongo da, eta harekin batera baino ezin izango da eskualdatu.

5.  Ubide nabigagarriak eta 3. paragrafoko a) idatz-zatian aipaturiko aparkaleku nautikoak eraikitzeko lanak egiteko dagokion administrazio-titulua eduki beharra egongo da, eta ez dute inola ere eragingo hondartzak edo babesguneak diren kostaldeko tarteetan, betiere erregelamenduz xedatutakoari jarraiki.» Berrogeita bi. Beste hamaikagarren xedapen gehigarri bat erantsi da; honela egongo da idatzita:

«Hamaikagarren xedapen gehigarria.

1.  Itsasoaren eta lehorraren jabari publikoan kokaturiko kultura-interesekotzat jotako ondasunak lege honetan aurreikusitako emakida-erregimenari lotuta egongo dira; xede horretarako, administrazioak dagokion emakida egingo du kulturainteresekotzat jotzen diren egunetik urtebeterako epean.

2.  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan, bide-zortasuneko eremuan zein babes- edo eragin-zortasuneko eremuan dauden kulturainteresekotzat jotako ondasunei erregimen horren ondoriozko neurriak aplikatuko zaizkie lege honetan daudenen aurretik, betiere hirugarren xedapen iragankorreko 3.3 paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe.» Berrogeita hiru. Beste hamabigarren xedapen gehigarri bat erantsi da; honela egongo da idatzita:

«Hamabigarren xedapen gehigarria.

Lege honetan xedatutakoaren ondorioz ondasun higiezinak Higiezinen Katastroan sartu behar direnean, bai eta haien ezaugarriak aldatu behar direnean ere, martxoaren 5eko 1/2004 Legegintzako Errege Dekretuz onetsitako Higiezinen Katastroaren Legearen testu bateginean xedatutakoa beteko da, bereziki katastroko erreferentzia erabiltzeari zein, bide telematikoak erabiliz, komunikatzeko, laguntzeko eta informazioa emateko betebeharrei dagokienez. Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroaren agindu bidez, aipatutako betebeharrak betetzeko eskakizun teknikoak ezarriko dira.» Bigarren artikulua. Aurreko araudiaren babesean egindako emakidak luzatzea.

1.  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa okupatzeko dauden emakidak, lege hau indarrean hasi aurretik egin direnean, luzatu ahal izango dira, titularrak eskatuta, artikulu honetan xedatutakoaren arabera.

Luzapena berdin aplikatuko zaie Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen lehen xedapen iragankorrak babestutako okupazio- eta aprobetxamendueskubide baten titularrei, dagokion emakida eskatu ondoren betiere.

Luzapen hori ez zaie aplikatuko, halere, portuetako zerbitzu-eremuan okupazioak eta jarduerak babesten dituzten emakidei.

2.  Emakidadunak emakida luzatzeko eskatu ahal izango du lege hau indarrean hasten denetik aurrera, eta nolanahi ere, eman zitzaion epea amaitu aurretik.

Luzatzeko epea eskaeraren egunetik aurrera hasiko da zenbatzen, luzatzen den emakida iraungitzeko geratzen den epea gorabehera.

3.  Luzapena ez da inola ere hirurogeita hamabost urte baino handiagoa izango.

Erabileren arabera, luzapena erabakitzen duen ebazpenak iraupen txikiagoa ezarri ahal izango du eta, halaber, ondoz ondoko luzapenak ere xedatu ahal izango ditu aipatutako denbora-mugaren barruan.

4.  Poluzioaren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen aplikazio-esparruan jasotako instalazioetara eta industrietara bideraturiko erabileratarako okupazioak babesten dituzten emakidei dagokienez, okupazioa kokaturik dagoen autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak txosten bat egin beharko du luzapena eman aurretik. Txosten horrek okupazioak ingurumenean eragiten dituen ondorioak zehaztuko ditu eta, hala dagokion kasuetan, ingurumena egoki babestea bermatzeko emakidak jaso beharreko baldintzak ere jasoko ditu. Txosten hori erabakigarria izango da.

Estatuko Administrazio Orokorra haren edukitik aldentzen bada, hori egiteko interes orokorreko arrazoiak jakinarazi beharko ditu luzapena osatzen duten aldietako bakoitza erabakitzeko ebazpenean, edo hura ukatzeko ebazpenean.

Ingurumen-organoak hiru hilabeteko epearen barruan ez badu txostenik ematen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 83.4 artikuluan xedatutakoari jarraiki jokatuko da.

5.  Horrela luzatutako emakidek, gainerako guztian, Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legean xedatutakoa jarraituko dute.

Lehen xedapen gehigarria. Mugaketa-lerroa argitaratzea.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira mugaketa-lerroak.

Bigarren xedapen gehigarria. Mugaketak berrikustea.

Estatuko Administrazio Orokorrak dagoeneko egindako mugaketak berrikusten hasi beharko du, baldin eta lege hau onartzeak eragiten badie.

Hirugarren xedapen gehigarria. Itsas pasealeku jakin batzuetako mugaketa.

Estatuko Administrazio Orokorrak edo beste herri-administrazio batzuek haren baimenarekin eraikitako itsas pasealekuen kanpoko lerroa (Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legea indarrean hasten denetik eta lege hau indarrean hasten denera arteko aldian eraiki badira), itsasertzeko barneko lerrotzat hartuko da ondorio guztietarako.

Estatuko Administrazio Orokorrak itsas pasealekuen barnealdean dauden lur-eremuak desafektatu ahal izango ditu, Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 18. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Xedapen horren ondorioetarako, ez da itsas pasealekutzat hartuko euskarri duten lursaila aldatzea ekarri ez duten instalazioak, hala nola lurraren gainean edo zutoinen gainean bermaturiko zurezko bideak edo pasabideak.

Laugarren xedapen gehigarria. Formentera uhartearen mugaketa.

1.  Salbuespen gisa eta Formentera uhartearen konfigurazio geomorfologiko bereziagatik, hari dagokionez, hauek itsas eta lehorraren arteko jabari publikoaren barruan daudela joko da:

a)  Itsasoak itsasgoran eta itsasbeheran bustitzen duen lurraldea, itsasaldiek eragiten duten tokian, eta ohiko ekaitzetan olatu handienek bustitzen dutena, eraginik ez dagoen esparruan. Ondorio horietarako, mugaketa hasi aurretiko bost urteetan hiru aldiz gutxienez errepikatu direnak hartuko dira ohiko ekaiztzat.

b)  Hondartzak, halakotzat lurrazal ia lauko hareatzak edo harritzak osatutako itsasertzak edo ibaiadarren ertzak hartuta, landaredi urria edo ezdeusa eta bereizgarria dutenak.

2.  Legea indarrean sartu eta bi urteko epean, Estatuko Administrazio Orokorrak dagokion mugaketa egingo du aurreko paragrafoan xedatutakoari jarraiki.

3.  Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen laugarren xedapen iragankorrean xedatutakoa aplikatuko zaie bide- edo babes-zortasuneko eremuetan kokaturiko eraikuntzei eta instalazioei.

Babes-zortasunak ehun metroko azalera izango du, lur-barrura neurtuta itsasertzaren barneko mugatik, Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen hirugarren xedapen iragankorraren 3. paragrafoan ezarritakoa eragotzi gabe.

4.  Xedapen honen 1. paragrafoan xedatutako mugaketaren ostean jabari publikokoak izateari uzten dioten lur-eremuen jabeei, Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legean indarrean hasi aurretik Jabetza Erregistroan inskribaturiko titulua dutenei, itzuli egingo zaie berriro ondasun haien jabaria.

Bosgarren xedapen gehigarria. Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikokoak izateari uzten dioten lurren jabaria itzultzea.

Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legea indarrean sartzen den unean haren ondorioz itsasoaren eta lehorraren jabari publikokoak izatera igaro ziren lureremuen jabeak zirenei (Jabetza Erregistroan inskribaturiko tituluarekin), edo haien kausatzaileei itzuli egingo zaie lege honen ondorioz itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikokoak izateari uzten dioten ondasunen jabaria, dagozkien mugaketak berraztertutakoan, bigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.

Seigarren xedapen gehigarria. Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikokoak izateari uzten dioten itsas-lehorreko urbanizazioetako lurren jabaria itzultzea.

Lege hau indarrean sartzen denean haren ondorioz itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikokoak izateari uzten dioten lurren titularrak direnei, baldin eta lur horiek itsaslehorreko urbanizazioetan kokaturik eta Jabetza Erregistroan inskribaturik badaude, itzuli egingo zaie ondasun haien gaineko jabaria, dagozkien mugaketak berrikusitakoan, bigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Biztanlegune jakin batzuk itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikotik baztertzea.

1.  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikotik baztertzen diren lege honen eranskinean zerrendaturiko biztanleguneak, eranskinean bertan erantsitako planimetrian adierazitako azalerarekin.

2.  Baztertutako lur-eremuak okupatzaileei eskualdatu ahal izango zaizkie Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legean zehaztutako xedapennegozioetako bat erabiliz. Ondorio horietarako, eskualdaketa zer interesdunen alde egin daitekeen identifikatzeko prozedura zein hartarako erabil daitekeen negozio juridikoa Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak batera emandako agindu bidez erabakiko dira, hori guztia Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearekin bat etorriz.

3.  Eskualdetzako eskritura publikoa jabetza-erregistroan eta katastroan agertzen diren kontraesanezko egoerak zuzentzeko titulu nahikoa izango da.

4.  Artikulu honen 1. paragrafoan adierazitako bazterketa eraginkorra izan dadin, eskualdaketa-negozio egokiak formalizatu beharko dira.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Klima-aldaketak itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan izan litzakeen ondorioei buruzko txostena.

1.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak kostaldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko estrategia bat prestatzeari ekingo dio lege hau indarrean sartu eta bi urteko epearen barruan; haren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategikoa ere egin beharko da, eta bertan itsasertzaren zaurgarritasun- eta arrisku-mailak adieraziko dira; horretaz gain, izan litezkeen ondorioei aurre egiteko neurriak ere proposatuko dira.

2.  Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko lur-eremuak atxikita dituzten autonomia-erkidegoek, halaber, Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 49. artikuluarekin bat etorriz, aipatutako lurrak eta haien gainean eraikitako egiturak egokitzeko plan bat ere aurkeztu beharko diote Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari aurreko paragrafoan adierazitako epe berean, klima-aldaketak izan litzakeen ondorioei aurre egiteko.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Arazteko instalazio jakin batzuen aldi baterako funtzionamenduaren bermea.

1.  Gastu publikoa eta inbertsioak murriztera behartzen duen oraingo ezohiko egoera ekonomikoa dela-eta, interes orokorreko hondakin-urak arazteko instalazioek, lege hau indarrean sartu aurretik itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoan eraikita daudenek, baldin eta ebazpen judizial baten ondorioz birkokatu behar badira, jarduerari kokapen berean eutsiko diote aldi baterako, aplikatu beharreko araudiak eskatutako ingurumen-helburuak betetzeko beharrezkoak diren zerbitzu- eta ustiapen-baldintzetan.

2.  Egoera ekonomikoak hala ahalbidetzen duenean, berriz, aurreko paragrafoak aipatutako instalazioak egoki ordezteko jarduerak hasi beharko dira, betiere inbertsioen jasangarritasun-irizpideei jarraiki, Europako eta Estatuko araudiek interes orokorreko arazteko instalazioen arloan eskatutako betebeharrak betetzeko ezinbestekoak diren beste inbertsioak ere bermatzeko moduan.

3.  Xedapen hau ez zaie ezein kasutan aplikatuko babestutako guneetan edo Natura 2000 sarean jasotako guneetan eraikita dauden hondakin-urak arazteko instalazioei.

Lehen xedapen iragankorra. Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen hirugarren xedapen iragankorraren 3. paragrafoa aplikatzea.

1.  Lege hau indarrean hasi eta bi urteko epearen barruan, eskatu ahal izango da Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen hirugarren xedapen gehigarriaren 3. paragrafoan xedatutako araubidea indarrean sartzen hiri-lurreko sailkapena ez zuten baina momentu hartan baldintza hauetakoren bat betetzen zuten guneei edo aldeei ere aplikatzeko:

a)  Plangintza duten udalerrietan, lur-eremu hauek: ibilgailu-sarbidea, ur-hornidura, hondakin-uren hustea eta energia elektrikoaren hornidura dituztenak eta gutxienez azaleraren heren batean eraikuntzak finkatuta daudenak, edo bestela, aipatutako eskakizunetakoren bat betetzen ez badute ere, gutxienez azaleraren bi herenetan eraikuntzak finkatutako aldeen barruan daudenak, betiere aplikatu beharreko antolamenduarekin bat etorriz.

b)  Plangintzarik ez duten udalerrietan, lur-eremu hauek: ibilgailu-sarbidea, ur-hornidura, hondakin-uren hustea eta energia elektrikoaren hornidura dituztenak eta gutxienez azaleraren heren batean eraikuntzak finkatuta daudenak, edo bestela, aipatutako eskakizunetakoren bat betetzen ez badute ere, gutxienez azaleraren erdian eraikuntzak finkatutako aldeen barruan daudenak.

2.  Xedapen hau plangintzak mugatutako guneei edo aldeei aplikatuko zaie, eta horrelakorik ezean, eskudun hirigintza-administrazioak mugatuko ditu; bi kasuotan, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak aldeko txostena egin ondoren; azken horrek, izan ere, gune edo alde haien mugapenaren aldeko iritzia eman behar du, baita itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren osotasun eta defentsarekin bateragarriak diren adierazi ere. Hemezortzi hilabeteko epea dago txosten hori egiteko, hirigintzako administrazioak eskatzen duenetik hasita. Epe horren barruan egin ezean, aldekotzat hartuko da.

3.  Xedapen honen lehen paragrafoak aipatzen dituen guneak edo aldeak hiri-lurtzat mugatu edo sailkatu dituzten hirigintza-administrazioek hiru hilabete izango dituzte, Lege hau indarrean jartzen denetik aurrera, xedapen honen bigarren paragrafoan xedatutako txostena Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari eskatzeko. Hemezortzi hilabeteko epea izango da txostena egiteko, eskatzen dutenetik hasita. Epe horren barruan egin ezean, aldekotzat hartuko da.

4.  Hala ere, xedapen honetan aipatutako guneetan eta aldeetan ezin izango da Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 25. artikuluan debekatutako eraikuntza berririk egin.

Bigarren xedapen iragankorra. Kultura-interesekotzat jotako ondasunen okupazioemakida eskatzeko epea.

Administrazioak urtebeteko epea izango du lege hau indarrean sartu aurretik kulturainteresekotzat jotako ondasunen emakida egiteko, data horretatik aurrera zenbatuta; emakida hori Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarrian dago xedaturik.

Hirugarren xedapen iragankorra. Egin gabe dauden administrazio-prozedurei erreforma aplikatzea.

Lege hau indarrean sartzen denean izapidetzen ari diren baina oraindik ebazteke dauden administrazio-prozedurak araudi berriaren arabera ebatzi beharko dira. Aurreko legeriaren babesean eta bere indarraldian emandako izapide-egintzak baliozkoak izango dira oraindik, betiere haiei eusteak lege honen aurkako ondoriorik ez badu.

Laugarren xedapen iragankorra. Jabari publikoko ondasunak inskribatzea.

Estatuko Administrazio Orokorrak bi urteko epea izango du jabari publikoko ondasunak inskribatzeko betebeharra betetzeko, lege hau indarrean sartzen den egunetik hasita.

Bosgarren xedapen iragankorra. Interes orokorrekoak ez diren portuetarako emakidak luzatzea.

Lege honen 2. artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe, interes orokorrekoak ez diren portuetako okupazioak babesten dituzten emakidak, edo portuko obra eraikitzen den itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazioa zuzenean gaitzen dutenak, obra publikoaren emakida-kontratu baten ondorioz, interes orokorreko portuei buruzko Estatuko legerian xedatutako baldintza beretan luzatu ahal izango dira. Horrelakoetan, luzapenaren iraupena, gehienez ere, Estatuko legerian portuko jabari publikoaren gaineko emakidetarako interes orokorreko portuetan ezarritako gehieneko indarraldiaren erdiarena izango da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geldituko dira lege honetan ezarritakoaren aurkakoak diren edo kontraesanean dauden arau guztiak, lege honen lerrun berekoak edo txikiagokoak direnak.

Azken xedapenetako lehena. Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko testu bateratua onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretua aldatzea.

Bat. Aldatu egiten da 181. artikuluaren e) idatz-zatia; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«e) Emakidaren edo baimenaren titularra klub nautiko bat edo irabazteko asmorik gabeko beste kirol-klub bat denean: Lehorreko esparruei, uretako esparruei eta obra eta instalazioei, jarduera nautikoak egiteko bakarrik direnei, lotutako tasari dagokion kuotaren ehuneko 30; horretarako, emateko tituluan xede hori duten azalera, obrak eta instalazioak zehazten dituen plano bat jaso beharko da.

Emakidan edo baimenean emandako amarralekuak baldin baditu, haien ehuneko 80 gutxienez hamabi metro baino luzera txikiagoko ontzietarako izan beharko dira hobari hau aplikatu ahal izateko.» Bi. Aldatu egiten da 212.2. artikulua; aurrerantzean, honela idatzita egongo da:

«2. Manu honetan izendatutako ordezkoek zerga-betebeharren ondoriozko prestazio materialak eta formalak betetzeko behar solidarioa izango dute; hala, Portu Agintaritzak berdin jo ahal izango du haietako edozeinengana.» Azken xedapenetako bigarrena. Eskumen-tituluak.

Lege hau Konstituzioaren 149.1.1. eta 149.1.23. artikuluetan ezarritakoaren babesean ematen da; bi artikuluok eskumenak ematen dizkiote Estatuari, batetik, Konstituzioko eskubideak erabiltzeko eta betebeharrak betetzeko orduan espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzekoak, eta bestetik, ingurumena babesteari buruzko oinarrizko legeriaren arlokoak.

Lehen artikuluaren seigarren eta zazpigarren paragrafoak eta bosgarren xedapen gehigarria Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 8. klausulak legeria zibilaren arloan Estatuari emandako eskumenaren babesean ematen dira.

Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 18. klausularen babesean emandako kontratuei eta administrazio-emakidei buruzko oinarrizko legeria dira hauek: lehen artikuluaren bosgarren paragrafoa, hamaseigarren paragrafoa –emakidaren epea zehazteari dagokionez, eta atxikitako itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko ondasunen portu-zerbitzuko eremuan baimendutako erabilerei buruzko beste laugarren paragrafo bat gehitzen duelako–, hogeigarrena, hogeita batgarrena, hogeita bigarrena, hogeita hirugarrena, hogeita laugarrena, hogeita bosgarrena, hogeita zazpigarrena, hogeita hemeretzigarrena, berrogeigarrena, berrogeita bigarrena; bigarren artikulua eta laugarren xedapen iragankorra.

Lehen artikuluaren hamaseigarren paragrafoa –Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 49. artikuluaren 1. paragrafoari Ondasun higiezinen gaineko zergari buruzko bigarren lerrokada bat gehitzen baitu–, lehen artikuluaren hogeita zortzigarren paragrafoa –kontribuzio bereziei buruzko beste II. kapitulu bat gehitzen baitu– eta lehen artikuluaren berrogeita hirugarren paragrafoa Konstituzioaren 149.1.14. artikuluak Estatuari ogasun orokorraren arloan emandako eskumenaren babesean ematen dira.

Azken xedapenetako lehena Estatuari interes orokorreko portuen eta ogasun orokorraren arloan dagozkion eskumenen babesean ematen da, Konstituzioaren 149.1

artikuluaren 20. eta 14. klausuletan xedatutakoari jarraiki.

Azken xedapenetako hirugarrena. Kostaldeen erregelamendua berrikustea eta garatzeko ahalmena.

Lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean, Gobernuak Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legea garatzeko eta gauzatzeko erregelamendu orokorra berrikustea onartuko du, eta lege hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak emango ditu.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madrilen, 2013ko maiatzaren 29an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

ERANSKINA

Zazpigarren xedapen gehigarria betez eta planimetrian finkatutako azalerarekin, itsasoaren eta lehorraren jabari publikotik baztertzen diren nukleoen zerrenda •  Serra Grossa, Alacant udalerria, Alacant.

•  Santa Polako portua, Santa Pola udalerria, Alacant.

•  Xilxes itsas herrixka (Castelló), Xilxes udalerria, Castelló.

•  Empuriabrava, Castelló d’Empuries udalerria, Girona.

•  Platja d’Aro, Castell Platja d’Aro udalerria, Girona.

•  Punta Umbría itsasadarra, Punta Umbría udalerria, Huelva.

•  Caño del Cepo, Isla Cristina udalerria, Huelva.

•  Herrigunea, Isla Cristina udalerria, Huelva.

•  Pedregalejo, Málaga udalerria, Málaga.

•  El Palo, Málaga udalerria, Málaga.

•  Moaña, Moaña udalerria, Pontevedra.

•  Oliva, Oliva udalerria, Valentzia.

2013ko maiatzaren 30a, osteguna BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO D. L.: M-1/1958 - ISSN: 0212-033X

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra