19/2014 Legea, urriaren 15ekoa, Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia sortzen duena
2014-10-15Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2014/10/17, 252. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
ESTATUKO BURUZAGITZA
10518 19/2014 Legea, urriaren 15ekoa, Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia sortzen duena.
FELIPE VI.a
ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.
Jakin ezazue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala:
HITZAURREA
Profesionalen Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legeak 4.4 artikuluan zehazten duenez, nazio-mailatik beherako elkargo bat baino gehiago badago lanbide berbererako, Elkargoen Kontseilu Nagusi bat eratuko da, Estatuak horretarako Legea emanda Autonomia Prozesuari buruzko 12/1983 Legearen 15.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Dietista-nutrizionisten lanbidean gertatzen da arestian azaldutako egoera hori; horrenbestez, zuzenbidearen arabera bidezkoa da arau honen bidez Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia eratzea.
1. artikulua. Sorrera.
Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia eratuko da, zuzenbide publikoko korporazio moduan. Nortasun juridikoa izango du, eta bere helburuak betetzeko erabateko gaitasuna, legearekin bat etorrita betiere.
2. artikulua. Estatuko Administrazio Orokorrarekiko harremanak.
Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren bitartez bideratuko dira Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren eta Estatuko Administrazio Orokorraren arteko harremanak.
Lehenengo xedapen gehigarria. Batzorde Kudeatzailea.
1.Lege hau indarrean jarri eta bi hilabeteko epean, Batzorde Kudeatzaile bat sortuko da, eta lurralde nazionaleko dietista-nutrizionisten elkargo ofizial bakoitzetik ordezkari banak parte hartuko du hartan, betiere elkargoak dagokien autonomia-erkidegoak eratuta edo forma egokian sortuta badaude.
2.Batzorde Kudeatzaileak behin-behineko estatutu batzuk sortuko ditu lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren gobernu-organoak arautzeko, eta estatutu horietan jaso beharko dira organo horiek eratzeko eta haien jardunbidea finkatzeko arauak, berariaz zehaztuta zer eskumen izango duen horietako bakoitzak bere kasa baina modu koordinatuan jardun dezan.
3.Behin-behineko estatutuak Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministeriora igorriko dira, legearekin bat datozela egiazta dadin eta, hala baldin bada, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitara eman daitezen.
Bigarren xedapen gehigarria. Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren eraketa.
1.Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren gobernu-organoak eratutakoan —aurreko xedapenean adierazitako behin-behineko estatutuetan agindutako moduan, betiere—, orduantxe geratuko da Kontseilu Nagusia forma egokian eratuta, eta nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa hartuko ditu.
2.Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia eratu eta urtebeteko epean, Profesionalen Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 6.2 eta 9.1 b) artikuluetan aurreikusitako estatutuak eratuko ditu Kontseilu Nagusiak, eta Gobernuak onetsi beharko ditu, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren proposamenez.
Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.
Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Horrenbestez,
Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.
Madrilen, 2014ko urriaren 15ean.
FELIPE E.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY
w.boe.es |
BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO |
D. L.: M-1/1958 ISSN: 02 |
|
|
|