Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

18/2013 Legea, azaroaren 12koa, tauromakia kultur ondare gisa arautzekoa

2013-11-12

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/11/13, 272. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11837

18/2013 Legea, azaroaren 12koa, tauromakia kultur ondare gisa arautzekoa.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusi eta aditzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala: HITZAURREA Tauromakia espainiar guztion ondare historiko eta kultural komunaren parte dugu, gure historian eta kultur ondare komunean guztiz errotuta dagoena, Alfontso X.a Jakitunaren dokumentuetan erakusten denez; izan ere, XIII. menderako, arlo hau jasota eta araututa baitzegoen.

Zezen-ikuskizun edo -jaialdietan, zezenketez gain, zezenaren munduari lotutako hainbat tradizio eta herri-festa sartzen dira, eta horiek guztiek gaur egun Tauromakiatzat hartzen duguna osatzen dute. Hori guztia nortasun kolektiboaren seinalea da, eta, ondorioz, botere publiko guztiei dagokie zaintzea.

Eztabaidaezina da Tauromakiaren izaera kulturala, eta merezi du kultur aniztasunean hain aberatsa den gure herriaren berezko altxor gisa zaintzea. Berariazko kultur adierazpen hau beste herrialde batzuetara ere esportatu da, eta han garatu, sustatu eta babestu egiten dute.

Tauromakia adierazpen artistiko bat da berez, ideologiekin zerikusirik ez daukana, eta balio guztiz gizatiarrak nabarmentzen dira bertan; esate baterako, inteligentzia, ausardia, estetika, elkartasuna, edo arrazoimena, indar basatia kontrolatzeko modu gisa. Horretaz gain, kultura tradizionalaren eta herri-kulturaren parte da, kultura hori memoria kolektiboaren iraganeko eta egungo adierazpen, ezagutza, jarduera eta sinesmenen multzo gisa ulertuta; eta erreferentzia-puntu bat da, bertatik abiatuta, gizartearen ekimenak herri-adierazpen anitzetan errotuta dagoen berezko nortasun nazionala eratzen duen testuinguru batean kokatzen baitira.

Askotariko gizartea da Espainiakoa, eta, aniztasun horren barruan, batetik, badira zale handiak eta, bestetik, herritar askok beren kezka azaldu dute animaliak zezenikuskizunetan hartzen duten tratua dela eta. Gizartearen heterogeneotasun hori kontuan hartuta, onartu beharra dago, era berean, gaur egun, adostasun bat dagoela Tauromakiaren izaera kultural, historiko eta tradizionala onartzeko orduan, Espainiaren ondare historiko, artistiko, kultural eta etnografikoaren funtsezko parte gisa. Horrela izanik, botere publikoen ardura da ziurtatzea sortzailearen askatasuna eta, kasu honetan, edozein adierazpen artistiko –hala nola Tauromakia– gauzatzeko askatasuna, eta askatasun hori errespeta dadila ziurtatuko dute.

Zezen-jaialdiak eta zezen-ikuskizun herrikoiak biziak eta dinamikoak dira, bilakaera etengabean daude, eta ezin da aurreikusi nola egokituko diren gure garaien eta datozen garaien sentsibilitate aldakorretara. Herritarren artean zaletasunari eustea eta belaunaldi berrietan ere zaletasun hori berritzeko gai izatea izango dira gakoak; izan ere, hala badagokio, belaunaldi berriak dira zezen-jaialdiei eutsi eta jaialdiok eguneratu eta gorde beharko dituztenak. Dena dela, gizartearen aukeratzeko askatasunean eta kulturak berak dakarren askatasunean oinarrituta egin beharko da hori, kulturara iristeko eskubidea mugatu gabe.

Dena dela, gauza bat baieztatu genezake: Tauromakia Espainiako ondare ez-material ukaezina dela, eta ez dela gurea bakarrik, ezpada beste leku batzuekin konpartitzen dugula, esate baterako, Portugal, Iberoamerika eta Frantzia hegoaldearekin.

Halaber, nabarmentzekoa da Tauromakiaren barruan zezen-ikuskizunaren inguruko hainbat ezagutza eta jarduera artistiko, sortzaile eta produktibo sartzen direla; besteak beste, plazako zezenen hazkuntza eta aukeraketa, toreatzaileen jantziak egitea (traje de luces), zezenketetako musika eta kartelen diseinu eta produkzioa. Eta horiek guztiak zezenketa modernoan eta toreatzeko artean batzen dira, bai eta publikoaren eta artistaren arteko elkarrizketa arin eta hurbilekoan ere.

Beraz, Tauromakia kultura delako baieztapenean oinarritzen da arau hau, eta, zezenketa modernoan gauzatzen den ikuskizunaz gain, babestea merezi duten beste hainbat alderdi ere baditu. Hori dela eta, Tauromakia kultura gisa aitortzeak zezenikuskizunak kulturaren sustapenarekin lotze hutsa gainditzen du (zezen-ikuskizunen arloko administrazio-ahalei buruzko apirilaren 4ko 10/1991 Legearen zioen azalpenean azaltzen da lotura hori).

Baina, kultur alderdiaz gain, Tauromakiak, zalantzarik gabe, garrantzi handia dauka jarduera ekonomiko eta enpresarial gisa; ondasunak eta zerbitzuak ipintzen ditu merkatuan, eta milaka lanpostu sortzen dituen fluxu ekonomikoa eragiten du.

Zezen-ikuskizuna, azken batean, hainbat jarduera ekonomikok eta subjektu produktibok parte hartzen duten prozesu baten azken kate-maila baino ez da; landaingurunean plazako zezenak hazten esku hartzen duten giza baliabide eta baliabide materialetatik hasi eta zezen-ikuskizunean bertan esku hartzen dutenetaraino.

Tauromakia lehen mailako sektore ekonomikoa da, begien bistako eragina daukana hainbat esparrutan; esate baterako, enpresa-arloan, zerga-arloan, nekazaritza eta abeltzaintzan, ingurumenean, gizartean, elikagaien arloan, industrian edo turismoan, besteak beste.

Ondorioz, Estatuari dagokio zezenen sektorea antolatzeko zuzentarauak eta irizpide orokorrak antolatu eta finkatzea, kultur ondare nazionala den aldetik eta edukiz behar bezala zehaztuta dagoen berezko sektore ekonomiko eta sistema produktiboa den aldetik, banaezinak baitira bi alderdiok.

Gure Konstitutzioak babestutako funtsezko eskubide eta askatasun publikoak gauzatzearekin zuzenean lotzen diren jardueren multzoa da Tauromakia, besteak beste, pentsatzea eta adieraztea eta literatura, artea, zientzia eta teknika ekoiztea eta sortzea.

Eta argi dago Tauromakia, jarduera kultural eta artistiko gisa, Estatuak eta autonomiaerkidegoek babestu eta sustatu beharrekoa dela.

Beharrezkoa da hain garrantzitsua den ondare kultural, artistiko, sozial eta ekonomiko hau babestu eta arautzea botere publiko guztiek herritarren zerbitzurako egin beharreko zeregin gisa jasotzea, hala agintzen baitu Konstituzioak; izan ere, 44. artikuluan xedatzen denez, botere publikoek kultura edonoren irispidean egotea sustatu eta zainduko dute, guztiek baitute hartarako eskubidea, eta 46. artikuluan xedatzen denez, botere publikoek bermatuko dute ondare hori gordeko dela, eta ondare hori aberasten ahaleginduko dira, edozein dela ere ondasunon araubide juridikoa eta titulartasuna. Azkenik, Konstituzioari egindako erreferentziekin bukatzeko, 149.2 artikulua aipatu behar da; izan ere, bertan aditzera ematen denez, Espainiako gizartearen kultur balioak gorde eta bultzatu beharrekoak dira, eta Estatuak funtsezko betebehar eta atribuziotzat hartuko du kultura zerbitzatzea.

Lege honen xedea da Tauromakia lurralde nazional osoan babestea merezi duen kultur ondarearen parte gisa definitzea. Horrek, ondorioz, administrazio publiko desberdinen arteko lankidetza-esparru baten barruan, babesteko betebeharra dakar eta, era berean, Estatuaren administrazio orokorraren esparruan bultzatu eta babesteko neurri batzuk hartzea.

1. artikulua.  Tauromakia kontzeptua.

Lege honen ondorioetarako, Tauromakiatzat hartzen da zezenketa modernoan eta toreatzeko artean biltzen diren ezagutza eta jarduera artistiko, sortzaile eta produktiboen multzoa, plazako zezenen hazkuntza eta aukeraketa barne dela, Espainiako herriaren kultura tradizionalaren adierazpide garrantzitsua baita. Hedaduraz, Tauromakia kontzeptuaren barruan sartuta dagoela ulertzen da horri lotutako adierazpen artistiko eta kultural oro.

2. artikulua.  Tauromakia, Espainiako kultur ondare.

Tauromakia, 1. artikuluan azaldu den bezala, lurralde nazional osoan babestea merezi duen kultur ondarearen parte bat da, aplikatzekoa den araudiarekin eta arlo honi buruzko nazioarteko tratatuekin bat etorriz.

3. artikulua.  Babesteko betebeharra.

Kultur ondare gisa, botere publikoek ondare hori gordeko dela bermatuko dute, eta ondare hori aberasten ahaleginduko dira, Konstituzioaren 46. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.  Administrazio publikoen parte-hartzea eta lankidetza.

Lege honen 3. artikuluan adierazitako helburuak betetzeko, zezen-ikuskizunen administrazio-ahalei buruzko apirilaren 4ko 10/1991 Legearen bidez sortutako Zezen Kontuetarako Batzorde Nazionala Tauromakiaren gainean eskumenak dituzten administrazio publikoen parte-hartze eta lankidetzarako organo gisa eratzen da, Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroaren lehendakaritzapean, eta erregelamendu bidez zehaztuko dira batzordearen osaera eta eginkizunak.

5. artikulua.  Estatuko administrazio orokorraren esparruko sustapen- eta babesneurriak.

1.  Konstituzioaren 46., 44., 149.1 (1. eta 28. erregelak) eta 149.2 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Estatuko administrazio orokorraren eskumenekoa da Tauromakia espainiar guztien ondare gisa gorde eta babestuko dela bermatzea, bai eta Tauromakia ezagutuko dela, irispidean egongo dela eta haren modalitate desberdinetan askatasunez gauzatuko dela zaintzea ere.

2.  Aurreko paragrafoan aipatutako helburuak lortzeko, Gobernuak neurri hauek hartuko ditu:

a)  Plan Nazional bat onartzea; bertan, Tauromakia sustatu eta babesteko neurriak jasoko dira, berez dagozkion eskubideak askatasunez gauzatuko direla bermatuz.

b)  Tauromakia Gizadiaren Kultur Ondare Ez-materialaren zerrendan sartzea eskatzeko behar diren izapideak bultzatzea. Zerrenda hori Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia Orokorrak 2003ko urriaren 17an Parisen onartutako Kultur Ondare Ez-materiala Babesteko Konbentzioaren 16. artikuluan aipatzen da.

c)  Zezenen arloko araudia eguneratzea, Zezen Kontuetarako Batzorde Nazionaleko lankidetza-esparruaren bidez.

d)  Tauromakiaren esparruan merkatu-batasunaren, gizarte-erantzukizunaren eta enpresa-askatasunaren printzipioak sustatuko dituzten arau eta ekintzak bultzatzea, jarduera honek sortzen dituen etekin ekonomikoak, etekin sozialak eta ingurumenetekinak kontuan izanda.

e)  Gainontzeko administrazio publikoekin batera, zezenketan eta toreatzeko artean biltzen diren ezagutza eta jarduera artistiko, sortzaile eta produktiboak transmititzeko mekanismoak bultzatu eta sustatzea. Era berean, ondare honen alderdi desberdinak identifikatu, dokumentatu, ikertu, baloratu eta transmititzeko beste neurri batzuk bultzatuko ditu.

Azken xedapenetako lehenengoa.  Arauak erreformatzea eta erregelamendu bidezko garapena.

Lege hau onartu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, Gobernuak behar diren arauen erreformak bultzatuko ditu, Espainiako legeriaren barruan, UNESCOren Kultur Ondare Ez-materiala Babesteko Konbentzioaren agindua eta helburuak jasotzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.  Zezen-ikuskizunen arloko administrazio-ahalei buruzko apirilaren 4ko 10/1991 Legea aldatzea.

Honela idatzita geratzen da zezen-ikuskizunen arloko administrazio-ahalei buruzko apirilaren 4ko 10/1991 Legearen 12. artikulua:

«12. artikulua.  Zezen Kontuetarako Batzorde Nazionala.

Zezen Kontuetarako Batzorde Nazionala sortzen da, eta erregelamendu bidez zehaztuko dira osaera, eginkizunak eta jarduteko prozedura.

Batzordea Tauromakiaren eta Tauromakiari lotutako sektoreen gainean eskumenak dituzten administrazio publikoen parte-hartze eta lankidetzarako organo gisa eratzen da, Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa lehendakari dela.» Azken xedapenetako hirugarrena.  Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra