Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Trafikoari buruzko arauak

18/1989 Legea, uztailaren 25ekoa. Trafikoari, Ibilgailu motordunen zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko oinarri-arauena

1989-07-25

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1989/7/27, 178. zk.

18/1989 LEGEA, UZTAILAREN 25EKOA. TRAFIKOARI, IBILGAILU MOTORDUNEN ZIRKULAZIOARI ETA BIDE-SEGURTASUNARI BURUZKO OINARRI-ARAUENA

EAO, uztailaren 27koa

Indarrean dagoen Zirkulazioko Kodea, 1934ko irailaren 25eko Dekretuaren bitartez onartua, tresna juridiko baliagarria izan da garai batean trafikoa antolatzeko, betiere beharrezkoak ziren egokitzapenak eginda; garai hartan, ordea, nabarmen gehitu zen trafikoa, eta sekulako eragina izan zuen, bai herri barruko zirkulazioan, zein herriz kanpoko zirkulazioan ere.

Hala ere, gaur egun indarrean dagoen Zirkulazioko Kodearen ordez, beste arau-multzo berri bat egin beharra sortu da, batetik, indarrean dagoen Konstituzioko printzipioetara egokitu behar delako arau hori, eta, bestetik, lege-tresna egoki bat eduki behar delako egungo arazoei aurre egiteko, ez baitiete osotasun guztian erantzun arazooi lehenagoko arauek.

Zirkulazioak hartu duen besteko tamainak eraginda, eta zirkulazioko ezbeharren kopurua tragikoa izanik, administrazioak alde batera utzi du garai batean bere jarduerak ulertzeko zuen modua, polizia-lanetara baizik ez zen lotzen eta. Oraingo planteamendua, aldiz, aldatu egin da, eraginkorra bilakatzeko, zirkulazioko segurtasuna sustatu eta istripuak saihestu nahi dituelako, bai errepideetan, eta bai herri barruetan.

Arrazoi bi daude, bestalde, Konstituzioko 82. artikuluan aurreikusitako moduan oinarri-arauen legea arau-tresnatzat erabiltzeko, hain zuzen, ondoren egingo diren arauetan jarraitu beharreko printzipioak eta irizpideak zehazteko.

Bata, lege-mailaz jantzi nahi dela, berez daukan garrantziagatik eta administrazioak trafikoa antolatzeko duen zigor-ahalmena babesteko.

Bestea, oinarri-arauen legea garatzerakoan, Gobernuak, legegintza-dekretuaz baliatuz, tresna arautzaile egokia izan dezala, noski, trafikoa antolatzeak dakartzan balizko kasu guztietara egokitu daitezen oinarri-lege honen xede diren arauak, eta bertan aurreikusitako hedadurarekin egin dadin egokitzapen hori. Trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko edozein araugintza ere zailtasun tekniko handikoa denez, ez da komeni arau-multzo osoaren alderdi guztiak Gorte Nagusien azterketa-gai bihurtzea; bai, ordea, trafikoari, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko lege-araugintzarako oinarri-arauak finkatzea.

Administrazioek dituzten eskumenak garatzeko, bestalde, lankidetza estua beharko dute beren artean, batez ere Estatuko administrazioaren eta toki-korporazioen artean.

Artikulu bakarra

Gobernuari baimena ematen zaio, Barne ministroaren proposamenez eta Estatuko Kontseiluaren irizpena jaso ondoren, trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onartzeko, ondorengo oinarri-arauetatik sortzen diren printzipio eta irizpideei lotuta.

Lehenengo oinarri-araua. Xedea

Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko lege-arauak finkatzea.

Bigarren oinarri-araua. Eskumenak

Konstituzioarekin eta autonomia-estatutuekin bat etorriz, arautu egingo da Estatuko administrazioari dagozkion eskumenez baliatzeko modua, eta zehaztu egingo dira toki-korporazioei dagozkienak.

Estatuko administrazioari dagozkion eskumenak ere banatu egingo dira administrazio horretako organoen artean.

Hirugarren oinarri-araua. Trafikorako eta Bideetako Zirkulazioaren Segurtasunerako Kontseilu Nagusia

Administrazio publiko guztien eskumenen arteko koordinazioa bermatzeko, Trafikorako eta Bideetako Zirkulazioaren Segurtasunerako Kontseilu Nagusia sortuko da, organo aholku-emaile izateko, eta lege honen xede diren gaiei buruzko irizpena emateko. Administrazio horietako ordezkariek, eta trafikoarekin eta bide-segurtasunarekin zerikusia duten antolakunde profesional, ekonomiko eta sozialik garrantzitsuenetako ordezkariek hartuko dute parte bertan.

Laugarren oinarri-araua. Zirkulazioko arauak

Ibilgailuen zirkulaziorako arauak, eta, bide-segurtasuna dela-eta, erabilpen orokorreko bideetatik oinezkoak eta animaliak ibiltzeko ezar daitezen arauak, batetik, Bideetako Zirkulaziorako Hitzarmenaren arauetara egokitu behar dira, eta bestetik, hitzarmen horren osagarri den Europako Akordioaren arauetara; izenpetu nahi dituenarentzat irekita utzi ziren biak ere biak, lehenengoa Vienan 1968ko azaroaren 8an, eta bigarrena Genevan 1971ko maiatzaren 1ean.

Zirkulazioan bide-erabiltzaileek inolako arrisku edo eragozpen-egoerarik izan ez dezaten, beharrezko neurriak ezarriko dira; segurtasun aktibo eta pasiborako elementuak arautu egingo dira, baita horiek erabiltzeko araubidea, eta derrigorrez nolako kasuetan erabili beharko diren ere.

Erabilpen orokorreko bideetako bide-erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak zehaztuko dira.

Zehatzago esanda, gidariak berezi behartuta daude arretaz gidatzera, beharrezkoak diren tarteak errespetatuz, beren gorputzaren mugikortasuna bermatuz, eta beren ahalmenak gutxitu edo alda ditzakeen edozein gai hartu gabe. Bestalde, halako gairik hartu duten antzemateko agindutako probak egin egin beharko dituzte, izan ere, aurrezaintzako kontrol orokorrak egin ahal izango baitira, administrazioak ezar ditzan egitarauen arabera.

Ibilgailu motordunen eta ibilgailuon atoien baldintza teknikoak eta ikuskaritza arautu egingo dira, baita bide-zirkulazioaren segurtasunari zuzenean eragiten dioten industria-jarduerak ere.

Zirkulazioko arauek eskuineko aldetik bideratuko dute trafikoa, gidariaren martxaren noranzkoaren arabera.

Bosgarren oinarri-araua. Seinaleak

Seinaleztatzeko ikurrak honako eredu hauetara egokitu behar dira: bat, Vienan 1968ko azaroaren 8tik izenpetzeko irekitako bide-seinaleei buruzko Hitzarmenaren arauetara; bi, Genevan 1971ko maiatzaren 1etik izenpetzeko irekitako Europako Akordioaren arauetara; eta, hiru, Genevan 1973ko martxoaren 1etik izenpetzeko irekitako bide-marrei buruzko Protokolo gehigarrira.

Nolanahi ere, seinale desberdinen arteko lehentasun-hurrenkera honela izango da:

Bidezainen seinale eta aginduak.

Baliza finko eta aldakorrak.

Semaforoak.

Zirkulazioko seinale bertikalak.

Bide-marrak.

Seinale iraunkorren osagarri, trafikoaren gorabeherak direla eta, beste seinale mota aldagarri batzuk ezarri ahal izango dira, baita jarraipena eta seinaleak egiteko sistema elektroniko automatikoak ere.

Seigarren oinarri-araua. Administrazioaren baimenak

Honako jarduerak egiteko, administrazioaren baimena behar da aurrez: ibilgailuek zirkulatzeko, ibilgailuak gidatzeko, gidari izan nahi dutenen gaitasun psikofisikoen azterketak egiteko, eta gidatzeko arauak eta teknikak erakusteko.

Zazpigarren oinarri-araua. Zuhurtziazko neurriak.

Bide-segurtasuna arrisku larrian jartzen denean edo lege honen bitartez araututako gaien inguruan herritarren interesei kalte egiten zaienean, aurreko oinarri-arauan aurreikusitako administrazioaren baimenak zuhurtziaz indargabe uztea erabaki dezake eskumenak dituen administrazioak, arrazoietan oinarritutako erabakia emanda, prozedura gauzatzen ari den bitartean; horretarako, bahitu egingo ditu ziurtagiriak.

Zirkulatzeko baimena indargabetuta uzteak ibilgailua ibilgetzea edo bide publikotik kendu eta gordailuan uztea ekar lezake.

Bide-segurtasunerako arrisku larria dagoenean eta trafikoa larri oztopatu edo nahasten denean, ibilgailua ibilgetzea edo bide publikotik kentzea erabaki dezakete Agintaritzaren agenteek, nahiz eta, horretarako, salaketa egin beharko duten.

Zortzigarren oinarri-araua. Trafikoaren eta bide-zirkulazioaren segurtasunaren alorreko arau-hausteak eta zehapenak

Zirkulazioko arauen kontrako arau-hausteak argi eta zehatz sailkatuko dira. Arinak, larriak eta oso larriak izango dira.

Hurrengo lerroaldean aipatutako arau-hausteak oso larritzat joko dira, ondorengo egoeraren bat dagoela-eta, arriskua sortzen bada: zirkulazio handia dagoelako, bidearen ezaugarriak eta baldintzak halakoak direlako, eguraldia edo ikuspena baldintza txarretakoa delako, ibilgailuak eta beste bide-erabiltzaile batzuk batera dabiltzalako, batez ere herri barruetan eta herriko zeharbideetan, edo antzerako beste edozein gorabeheratan, larritzat jotako arau-hausteak egiterako unean, arrisku gehigarri eta zehatzen bat sortzen badute.

Larritzat joko dira honako arau-hausteak: axolagabekeriaz edo ausarkeriaz gidatzea, premiaren bat edo istripuren bat egonda laguntzarik ez ematea, gidariaren ahalmen psikofisikoak aldatu edo gutxitzen dituzten gaiak hartzea, gidatzen egindako denbora, abiadura-mugak, pasatzeko lehentasuna, aurreratzeak, norabidea edo noranzkoa aldatzea, agindutako noranzkoaren kontra zirkulatzea, trafikoa larri oztopatzen duten toki arriskutsuetan gelditu eta aparkatzea, ikuspenik ez dagoenean edo gutxituta dagoenean argiak piztu gabe zirkulatzea, beste bide-erabiltzaileak itsutuz zirkulatzea, lege honetan aurreikusitako baimenik gabe zirkulatzea, matrikularik gabe zirkulatzea, bide-segurtasuna bermatzen duten baldintza teknikoak betetzen ez dituen ibilgailu batekin zirkulatzea, baimenik gabe bidean obrak egin eta seinaleztatzea, aldi baterako edo iraunkorrak diren seinaleak kendu edo hondatzea, eta ibilgailuekin lehiaketak edo lasterketak egitea.

Zirkulazioko arauen kontra egindako beste arau-hausteak arintzat joko dira.

Arau-hauste arinei 15.000 pta. arteko isunak ezarriko zaizkie; larriei, 50.000 pta. artekoak; eta, azkenik, oso larriei, 100.000 pta. artekoak, garraioei buruzko legerian xedatutakoa salbuetsita.

Zehazten diren kasuetan, isunaren zenbatekoa murriztu egin ahal izango da finkatzen den portzentajean.

Arau-hausteak larriak eta oso larriak direnean, lehengoez gain, gidatzeko baimena hiru hilabetera arte indargabetuta uzteko zigorra ezar daiteke.

Lege honetan aurreikusitako zigorrak mailakatu egingo dira, gertakizunaren larritasun eta garrantziaren arabera, eta arau-hauslearen aurrekariak eta sortutako agiango larritasuna kontuan hartuta.

15.000 pta. eta 250.000 pta. arteko isunez zigortuko dira: gidariei arakatzeak egiteko zentroen edo gidatzen irakasteko zentroen jarduerak arautzen dituzten arauen kontrako arau-hausteak, ibilgailuen azterketa teknikoko arauen kontrako arau-hausteak, bide-segurtasunari zuzenean eragiten dieten industria-jardueren araubidearen kontrako arau-hausteak, eta administrazioaren baimenik gabe gidatzea.

Arau-hausteak berezi larriak direnean, lehengoez gain, administrazioak baimena urtebetera arte indargabetuta uzteko zigorra ezar dezake, edo ezeztatu egin dezake baimena.

Lege honetan aurreikusitako zigorren zenbatekoak eguneratu egin ahal izango ditu Gobernuak errege dekretu bidez, kontsumorako prezioen indizeak izandako aldaketaren arabera.

Arau-haustea sortu duen egintzaren egilea izango da arau-hausteen zuzeneko erantzulea.

Ibilgailuen erregistroan ageri den titularra izango da ibilgailuaren agiri eta baldintza teknikoen kontrako arau-hausteen erantzulea.

Ibilgailuaren titularrak prest egon behar du gidaria identifikatzeko beharrezko zehaztasun guztiak berak jakin eta administrazioari emateko, arau-hausteren bat gertatu denean, dena delako zigor-prozedura gidariaren kontra jarri ahal izateko. Betebehar hori bete gabe uztea arau-hauste larritzat hartuko da zigorra ezartzerakoan.

Bederatzigarren oinarri-araua. Zehatzeko prozedura

Bakoitzaren bermeei kalterik eragin gabe, zigor-prozedura azkarra eta laburra izango dela bermatzeko espezialitateak arautuko dira.

Salaketa eginez hasiko da prozedura, eta aurrez interesatuari entzun gabe ezingo da erabakirik hartu.

Trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko arauen kontrako arau-hausteak direla eta, agintariek eta agintarien agenteek, bakoitzak bere eskumenen eremuan, egindako salaketak fidagarriak izango dira kontrako frogarik aurkezten ez bada, salatutako egintzei dagokienez. Hala ere, egintza horiei buruz ekar ditzaketen proba guztiak aurkeztu beharko dituzte.

Arau-hausteak, egin eta bi hilabetera iraungiko dira. Zigorrak, aldiz, irmo direnetik urtebetera iraungiko dira.

Isunak kobratzeko prozedurak, bestalde, isunok ezarri dituzten administrazioei aplika dakiekeen legedian finkatutakoak izango dira.

Xedapen iragankorra

Harik eta testu artikulatua indarrean jarri arte, gaur egun trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa eta bide-segurtasuna arautzen dituzten arauak aplikatuko dira.

Xedapen gehigarriak

Lehenengoa. Administrazio Jardunbideari buruzko Legeak balio osagarria izango du zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren oinarri-arauetan eta horien garapeneko testu artikulatuan araututako gaiei dagokienez.

Bigarrena. 1. Lege honek emandako eskuordetza gauzatuz Gobernuak onar dezan legegintza-dekretuaren egitasmoari Estatuko Kontseiluak emango dio irizpena, bere lege organikoan ezarritakoarekin bat etorriz.

Diputatuen Kongresuko Justizia eta Barne Batzordeak aztertuko du legegintza-dekretua, Gobernuak onartu eta gero, Konstituzioaren 82.6. artikuluan aipatutako ondorioetarako.

Diputatuen Kongresuko Osoko Bilkurak aztertuko du legegintza-dekretua, Gobernuak onartu eta gero, Konstituzioaren 82.6. artikuluarekin bat etorriz, testu hori lege honetan xedatutakoari egokitzen zaion egiaztatzeko.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra