17/2015 Legea, uztailaren 9koa, Babes Zibileko Sistema Nazionalarena
2015-07-09Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2015/07/10, 164. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
ESTATUKO BURUZAGITZA
7730 |
17/2015 Legea, uztailaren 9koa, Babes Zibileko Sistema Nazionalarena. |
FELIPE VI.a
ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala.
HITZAURREA
1.Gure gizartean, pertsonok ez gara duela hogeita hamar urte bezain kalteberak hondamendi natural, industrial edo teknologikoek eragindako mehatxu ugari eta konplexuekiko. Izan ere, ordutik, alerta-sistemak nabarmen garatuta, erantzunak planifikatuta eta esku hartzeko bitartekoak hornituta dauzkaten politika publikoak aplikatu dira. Hala ere, arriskua handia denean, Estatuaren segurtasuna ere kolokan jar daiteke, orain arte onetsitako Segurtasun Nazionalerako bi estrategiek adierazi bezala. Egia da hondamendien biktimen kopuruak behera egin duena, baina gero eta gehiago gertatzen da, etengabe gertatu ere, ondasunak suntsitzea, komunikazioak eta garraioak nahastea eta ingurumenari kalte egitea arriskuak handitzen dituzten faktoreen eraginez; batez ere, klima aldaketa eta gizakion jarduerak berak dira faktore horiek. Giza jarduerak berekin dakartza arriskuak, zilegizko aurrera egin nahi horregatik askotan.
Gizarteak aintzat hartzen ditu arrisku horiek, erabakigarriak baitira segurtasunerako. Informazioak nabarmen lagundu du gizartea sentsibilizatzen, baita larrialdietan pertsonak eta ondasunak babesteko herri-ekintzaren eskaera handitzen ere. Hori dela eta, herritarren ezinbesteko lankidetza albo batera utzi gabe, eskumena duten erakunde publiko guztiek, tokiko erakundeetatik hasi eta Europako eta nazioarteko erakundeetaraino, araudiak, gidalerroak eta bitartekoak garatzeko politika publikoak zehaztu dituzte, alor horretan dituzten erantzukizunak baliatzeko eta etengabe hobetzeko. Segurtasun publikoaren barneko babes zibila oso garrantzitsua da politika publikoen artean; herritarrak babesteko benetako alor bihurtu da, Estatuaren lana egiaztatzen duena. Asko garatu da Espainian azken hogeita hamar urteetan. Hala ere, beti ez da izan eraginkorra, eragile eta jardunmaila ugari dituen sistema konplexu, ireki eta malgua koordinatzeak ekartzen dituen zailtasunengatik batez ere.
Babes Zibilari buruzko urtarrilaren 21eko 2/1985 Legeak babes zibilerako oinarrizko jarduera-araudia ezarri zuen, ordu hartan sortzen ari zen autonomien estatura egokituta. Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen lege hura balekoa zela, zenbait epairen bidez. Epai horietan, Estatuari aitortu zion eskumena, Konstituzioaren 149.1.29. artikuluan oinarrituta eta, hortaz, segurtasun publikoan gehituta, bi arrazoirengatik: batetik, Estatuak interes nazionala tartean den larrialdietan erantzuteko eskura dituen bitartekoez baliatuz, eta, bestetik, babes zibileko zerbitzuak eta baliabideak koordinatzeko eta koordinazio horri eusteko, guztiak ere «gutxieneko diseinu edo eredu nazional batean» bilduta. Hainbat arau-xedapenek osatu dute lege hori; esate baterako, bi garrantzitsu hauek: Babes Zibileko Oinarrizko Arauak (apirilaren 24ko 407/1992 Errege Dekretuak onetsitakoa) eta Autobabeserako Oinarrizko Arauak (martxoaren 23ko 393/2007 Errege Dekretuak onetsitakoa) . Aldi berean, hainbat larrialdi-plan eta planifikatzeko oinarrizko ildo ere prestatu dira arrisku espezifikoei buruz.
Halaber, esku hartzeko bitarteko eraginkor berriak sortu dira: Larrialdietako Unitate Militarra, adibidez. Bestalde, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek eskumen propioak baliatu dituzte, eta beren jarduera arautu, babes zibileko zerbitzu propioak antolatu eta
larrialdiak koordinatzeko organo eskudunak prestatu dituzte. Horri esker, aurrerapausoak egin dira askotariko larrialdien kudeaketan, eta babes zibileko udal-zerbitzu eraginkorrak eskaini dira. Berriki onetsitako autonomia-estatutuek berariaz berresten dituzte autonomiei dagozkien eskumenak, baina, jakina, Estatuarenak errespetatuta eta harekin batera lankidetzan arituta.
Europar Batasunak ere ahalegina egin du, eta babes zibilerako bide bat jarri du abian, estatu kideen elkartasuna eta lankidetza oinarri hartuta, baita bestelako finantzaeta laguntza-neurri batzuk ezarrita ere.
Babes zibileko zerbitzuak garatzea eta antolatzea eragiten duten arriskuen, bitartekoen, legeriaren eta aldaketen bilakaerak behartu egiten du alorra arautzen duen esparru juridikoa ere eguneratzera. Dagoeneko indarrean diren arau batzuetan sakabanatuta agertzen diren aurreikuspen garrantzitsuak jaso eta aurreko lege-araudiaren hutsune jakinak betetzeaz gain, azpimarratu behar litzateke prebentzioaren garrantzia, larrialdiegoeretako eragin kaltegarririk ez izateko edo arintzeko, bai eta administrazio publikoen jardueren integrazioak, koordinazioak eta eraginkortasunak duten garrantzia ere.
Horrenbestez, lege berriak sendotu nahi ditu aurreko legeak aurreikusi zituen larrialdietatik eta hondamendietatik herritarrak babesteko Estatuko sistemaren funtzionamendua indartzen eta hobetzen duten mekanismoak. Babes zibileko sistema segurtasun publikorako tresnatzat hartzen da, eta segurtasun nazionalaren politikan sartzen da. Konstituzioak administrazio publikoen artean banatutako eskumenak lankidetzan eta modu koordinatu eta eraginkorrean baliatzea erraztuko du sistema horrek, gizartearen egoerek eta eskariek eskatzen duten neurrian. Horretarako, helburu berera bideratutako zerbitzu eta jarduera ugariak modu irekian eta malguan lotu behar dira. Horren harira, arau berriak Herri Administrazioen Erreformarako Batzordearen gomendioak hartzen ditu kontuan, neurri espezifikoak biltzen baititu Babes Zibileko Sistema Nazionala ebaluatzeko eta ikuskatzeko, Babes Zibileko Alerta Nazionalaren Sarean administrazioen arteko lankidetza lortzeko eta Babes Zibilari buruzko Informazioaren Sare Nazionaleko datuak bateratzeko. Nazioartean eta Europar Batasunean hartutako konpromisoak ahalik ondoena betetzea ahalbidetuko du, sor litezkeen larrialdi-egoerei ahalik bizkorrena eta modurik eraginkorrenean aurre egiteko, kaltetuen mesedetan eta lurralde arteko elkartasunaren printzipioa betez. Legeak gaiaren inguruan ezartzen dituen aurreikuspen eta betebeharren bidez eta, besteak beste, Babes Zibilaren Batzorde Nazionalari esleitutako koordinazio politiko eta administratiborako funtzioen arabera, Estatuko gutxieneko eredu bat zehaztuko da, Estatuko larrialdietan gobernuak zuzendaritza-lan eraginkorra egin dezan eta erakunde guztien ahaleginak bateratzen dituen sistema orokorki koordina dezan.
2.Azaldutako helburua eta irizpideak kontuan hartuz, lege hau sei tituluk eta amaierako xedapenek osatzen dute.
I. tituluak oro har aplikatu beharreko xedapenak jasotzen ditu. Babes zibila zerbitzu publikotzat jotzeaz eta erabiltzen den terminologia oinarrizko kontzeptuen definizioen katalogoaren bidez argitzeaz gain, Babes Zibileko Sistema Nazionalaren jarduerak eta horiek arautzen dituzten printzipioak zehazten ditu. Larrialdien, aurreikuspenaren, prebentzioaren, plangintzaren, esku-hartzearen eta leheneratzearen zikloan dagoeneko finkatutako prozesuen artean, ekintza politikoaren koordinazio orokorra ere gehituko da, gaiari lotutako jarduera publiko eta pribatuak bateratzen dituzten estrategiak zehaztuta eta horien jarraipena eginda. Koordinazioa ezinbestekoa da sistemak eraginkortasunez eta orekan funtziona dezan, baita baliabideak optimizatzeko ere. Erabakigarria da, halaber, jarduera eta bitarteko guztiak herritarren eta ondasun babestuen arriskuak behin betiko eta modu iraunkorrean murriztera bideratzea eta larrialdiei erantzuteko banakoen eta taldeen gaitasuna handitzea.
Ondorio katastrofikoak izan ditzaketen jarduera guztiak arretaz eta kontuz gauzatu beharko dira, autobabeserako neurrien arabera. Babes Zibileko Sistema Nazionalaren jarduerek lege honetan zehazten diren printzipioei jarraituko diete bereziki, logikari jarraikiz egituratzen laguntzeko erreferentzia-puntu giltzarriak baitira printzipio horiek. Aipatutakoez eta administrazio publikoen funtzionamenduan aplika daitezkeen printzipio orokorrez gain,
pertsonen alderdi sendoak eta ahulak ere izan beharko dira kontuan, berdintasunaren printzipioa eta Espainiak izenpetutako nazioarteko hitzarmenak betez.
Legeak babes zibilaren alorrean herritarrek dituzten gutxieneko eskubide eta betebehar batzuk arautzen ditu, baita botere publikoek haiei dagokienez dituzten jardute-printzipio batzuk ere, zeinen alderdi batzuk haien garapen-arauetan zehaztuko baitira. Araudi honen bidez eta araudia lege-testuan txertatuta, nabarmendu nahi da herritarrak ez direla bakarrik larrialdi-egoerei aurrea hartzeko eta aurre egiteko ekintza publikoaren hartzaileak, babes zibileko sistemaren erdigunea bera ere badirela eta zuzenean Konstituzioan sartzen diren eskubide eta betebehar espezifiko batzuk dagozkiela. Legeak ezartzen duenaren arabera, herritar guztiek dute kaltea eragin diezaieketen arrisku kolektibo garrantzitsuen berri izateko eskubidea. Hortaz, botere publikoak behartzen ditu arrisku horiek arintzeko eskura dauden neurriak jakinaraztera, arriskuei aurrea hartzeko jardunbideak gomendatzera eta larrialdietarako jarduerak planifikatzean eta ezartzean herritarrei parte hartzeko ahalik eta aukerarik gehien ematera, zeina eskubide gisa ere jasotzen baita.
II.tituluko lehen bost kapituluetan, azalpen osatu eta ordenatua ematen da botere publikoek alor honetan dituzten jardueren ziklo klasikoaren inguruan. Jarduera bakoitza gainerakoen osagarri da, eta funtsezkoa da jarduerak behar bezala aurrera eramatea legearen helburuak lortzeko. Seigarren kapituluan jasotzen diren ebaluazioeta ikuskatzemekanismoek, aurreko tituluan zehaztutako ekintza-estrategiekin batera, osatu egiten dute sistemaren atal guztien kudeaketa bateratu eta bateratzaile baten kontzeptu aurreratua, zeina malgutasunez eta modu irekian bidera baitaiteke herritarren babes-premiei erantzuteko, eta erantzukizun horren kontu ematen baitu.
Legeak arreta berezia jartzen dio prebentzioari. Prozesua arriskuei buruzko ezagutza bultzatuz hasten da, horiek aurrez ikusteko eta ondorio kaltegarriei aurrea hartzeko modua den aldetik. Horretarako, jarduera bereizi gisa jaso da aurrea hartzeko jarduera. Babes Zibilari buruzko Informazioaren Sare Nazionala sortu da, zeinak larrialdi-egoeretan erantzun eraginkorrak ematen direla bermatzeko beharrezko diren datu eta informazio guztiak lotuko dituen. Sistemaren ardatzetako bat da, eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiaren Babes Zibileko Larrialdietarako Jarraipen eta Koordinazio Zentro Nazionalak kudeatuko du, Babes Zibilaren Batzorde Nazionalean administrazio publiko guztiek adostutako interkonexio-plan nazional baten bidez. Lege-kontzeptu berri horrek ez dio eskumen berririk ematen Estatuari; administrazioek elkarren artean lankidetzan jarduteko duten betebeharren norainokoa ezartzen eta mugatzen du, elkartasunprintzipioari jarraikiz, informazioaren transmisioari dagokionez batez ere. Halaber ezartzen eta mugatzen du, hala dagokionean, larrialdia kudeatzea dagokion administrazioarekin elkarlan aktiboan aritzeko administrazio guztiek duten betebeharraren norainokoa.
Prebentzioa da babes zibilaren lehen helburuetako bat. Administrazio publikoek garatutako hainbat politikak prebentziorako helburuak dituzte, pertsonen edo ondasunen segurtasunari eragin edo hura baldintza dezaketen heinean. Legeak laguntzen du ahalegin guztiak berak ezartzen dituen koordinazio-organoen bidez bideratzen eta integratzen. Prebentziorako izaera horizontaleko oso bide eraginkorra da plangintzak egitea (autobabeserako planak batez ere) , babes zibilaren sistemako langileak trebatzea eta, bereziki, ikastetxeetako curriculumetan autobabesari eta lehen laguntzari buruzko edukiak gehitzea, eta lege hau hori bultzatzen saiatzen da.
Gainera, irismen handiko prebentzio-jarduera espezifiko batzuk ere arautzen dira, babes zibilari lotutako aurreko politiketan agertzen ez zirenak. Lege honek larrialdietarako arriskutsutzat katalogatutako jarduerek nahitaez izan beharko dute inpaktuari buruzko azterlan tekniko bat; hain zuzen, jarduera horiek egin behar diren tokietako lurraldeplanetan edo arrisku-mapetan aldez aurretik identifikatutako arriskuei erantzun ahal izateko. Haren bidez, garapen ekonomiko eta sozialerako beharrezkoak diren jarduera horiek pertsonen eta ondasunen segurtasunarekin bateragarri izan daitezen lortzea da asmoa, haien diseinua arrazionalizatuta, sor dezaketen arriskua txikitzeko. Larrialdien prebentziorako funts nazionala sortu da, finantza-tresna egokia izango delakoan behar den bultzada emateko arriskuak aztertzeko eta kokatzeko jarduerei, herritarrentzako prebentziorako informazioeta sentsibilizazio-kanpainei eta ikastetxeetako eta
antzekoetako prebentziorako hezkuntza-programei. Horretarako, Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidegoen eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuen arteko hitzarmenak edo akordioak egingo dira.
Hobekuntzak egin dira aurreko araudian dagoeneko jasotako beste prebentziobaliabide batzuetan. Babes zibilerako plan guztiek prebentziorako eta alerta-egoeretarako informazio-programak ezarri behar dituzte, larrialdietan esku hartzen duten zerbitzuak, larrialdietan kaltetzen direnak eta –hala badagokie– hedabideak etengabe trebatzen direla bermatzeko. Indartu egin da Babes Zibileko Alerta Nazionalaren Sarea, larrialdi guztien prebentziorako berehalako komunikazio-tresna izateko, hari eman baitzaio autonomiaerkidegoetako larrialdiak koordinatzeko eskumena duten organoei alarma-egoerak jakinarazteko ardura.
Plangintzari dagokionez, aurreko legeriaren oinarria finkatuta dago dagoeneko, eta bere horretan utzi du legeak, baina ahal bezainbeste sinplifikatu du. Hori dela eta, Babes Zibileko Oinarrizko Arauetan sartzen dira egungo oinarrizko ildoak, eta argiago bereizten dira lurralde-planak plan berezietatik. Gerra-egoeretarako plan bereziak onestea aurreikusi da, lege bereziak eta Espainiak izenpetutako nazioarteko itunak kontuan hartuta. Autobabesari dagokionez, I. tituluak betebehar gisa ezartzen du hori. Horrez gain, aurreko legeak ezarritako aurreikuspenak osatu dira eta lege-izaera eman zaie indarrean den erregelamendu-mailako arauaren funtsezko alderdiei. Kasuan kasuko babes-neurrien kostua beren gain hartzeko betebeharra ezarri zaie herritarrentzako arriskua sortzen duten erakunde edo enpresei.
Halaber, planen homologazio-mekanismoa baztertu, eta eskumenen araberako banaketara egokitutako beste bat ezarri da.
Larrialdiei berehalako erantzuna ematea da babes zibilaren sistema guztien puntu kritikoa, eta, batzuetan, agerian uzten ditu aurreko jardueren hutsuneak. Azken urteetan sistema nazionala hornitu duten bitartekoen ugaritasuna eta aniztasuna koordinatu egin behar da, lehen esan bezala. Horregatik, garatu beharreko jarduerak eta esku hartzeko eta laguntzeko zerbitzuak zehazten ditu legeak, jarduera-protokoloak eta behar diren trebakuntza-planak arrazoizko eran egitura daitezen, guztia ere erantzun bizkorrak, koordinatuak eta eraginkorrak emateko.
Koordinazio eragingarriaren zentroak indartu dira, Europar Batasunaren babes zibilerako mekanismoan (Larrialdiei Erantzuteko Koordinazio Zentroa) egin nahi den bezalaxe. Alde batetik, autonomia-erkidegoetako larrialdiak koordinatzeko organo eskudunak finkatu dira, babes zibilaren sisteman ezinbesteko partaideak izango baitira; beste alde batetik, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiaren egungo koordinazio-zentroa indartu da, Babes Zibileko Larrialdietarako Jarraipen eta Koordinazio Zentro Nazional bihurtuta, horri baitagokio sistemaren informazioeta alerta-sareak kudeatzea, nazioarteko beste koordinazio-zentro batzuekin loturak ezartzea eta lankidetzan aritzea, eta interes nazionaleko larrialdiak bideratuko dituen koordinazio-zentro operatiboa izatea. Kasu horietan, hor sartuko dira autonomia-erkidegoetako larrialdiak koordinatzeko organo eskudunak, sistemaren gaitasuna indartzeko.
Estatuaren esku-hartze operatiboak interes nazionaleko larrialdi-egoeretan jartzen du arreta batik bat, Konstituzioari jarraikiz betiere. Barne Arazoetako Ministerioaren zuzendaritzaeta koordinazio-ahalmenak indartzeko ahalegina egin da, baita mobilizatzeko baliabideak dituzten administrazio guztien lankidetza-betebeharra indartzekoa ere. Legeak ezartzen du, era berean, Estatuak betebeharra duela babes zibilaren alorrean eskura dituen giza baliabideak eta baliabide materialak autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen esku jartzeko. Babes Zibilaren Batzorde Nazionalean adosten den moduan gauzatu beharko da betebehar hori. Elkarrekikotasun-irizpide horrez gain, argi dago Estatuak herritarren zati bati eragiten dioten arrisku-egoera guztiez arduratu behar duela, arriskuari aurre egiteko eskudunak beste administrazio batzuk izan arren. Ondorioz, Estatuak helburu horietarako jartzen dituen baliabideak gainerako administrazioek ere erabil ditzakete, baldin eta posible bada eta herritarrak ahalik eta ondoen babesteko egokia bada.
Ezbeharra izandako eremua berriro egoera normalera ekartzea da azken jarduera. Estatuan horri buruzko erregelamendu-mailako arau bat lehendik ere baden arren, askotan
egoera bakoitzaren arabera aldatzen dira arauak. Legeak laguntza horien arau-esparru orokor bat ezartzen du, diru-laguntzen legeria orokorrera egokituta. Babes zibileko larrialdiegoera batek kalte larria egindako eremuak halakotzat izendatzea aurreikusi da, bestelako konponketa-neurriak hartzeko; esaterako, zergak salbuetsi zein murriztea, Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketen epea luzatzea eta ezinbesteko kasuen ondoriotzat hartzea larrialdi-egoerak direla-eta izandako lan-kontratuen iraungipen edo etenak edo lanaldien aldi baterako murriztapenak.
III.titulua Babes Zibileko Sistema Nazionalaren giza baliabideen trebakuntzari buruzkoa da osorik. Gai hori ez zen jorratu aurreko lege-testuan eta arauetan, eta giza baliabideak funtsezkoak dira sistemak behar bezala funtziona dezan. Beraz, lehentasunezko helburua izan behar da administrazio publikoen babes zibileko politikak egitean. Lege berriak trebakuntzaren aldeko apustua egin du, epe motzerako zein luzerako koordinazio-mekanismo bikaina izan baitaiteke. Izan ere, eskumen orokorrez hornitzen ditu denak, esku-hartzeak koordinatuak izan daitezen.
Gainera, biztanleen babes zibila helburu duten jarduerek aspaldi utzi diote egoeraren araberakoak eta inprobisatuak izateari. Gaur egun, ziklo osoan zehar jarduera horietan aritzen direnek goi mailako prestakuntza eta trebakuntza espezializatua izan behar dute, babes zibileko politika eraginkorra izango bada. Administrazio publiko eskudunen zerbitzupeko langileek, bestelako profesionalek zein borondatez lankidetzan aritzen direnek jardun dezakete zereginotan. Hortaz, legeak ezartzen duenaren arabera, babes zibileko eginkizunetan esku hartzen duten guztiak behar bezala trebatu behar dira, eta trebakuntza sustatuko da alor guztietan, sistema, metodo eta titulu guztiak bateratuta, babes zibileko agenteen elkarreragingarritasuna bermatzeko. Horretarako, legeak Babes Zibilaren Eskola Nazionalaren oinarrizko egitekoak zehazten ditu, ezertan galarazi gabe gerora sor daitezkeen edo administrazio eskudunetan dagoeneko martxan dauden jarduerak eta zentroak.
Estatuko Administrazio Orokorreko organoen babes zibileko eskumenei dagokienez (horri buruzkoa da IV. titulua) , Barne Arazoetako Ministerioak izango du oinarrizko erantzukizuna hemendik aurrera ere, gobernuaren zuzendaritza politikoaren eta koordinazio gorenaren pean. Dena den, beste sailek eta organismo zein erakunde publikoek egiteko garrantzitsuak izango dituzte alor honetan; izan ere, dituen ondorioak izanda, izaera transbertsalekoa da alorra. Ezinbestekoa da administrazioko sail guztiek erabakitasunez onartzea larrialdiei aurre egin eta gaina hartu behar zaiela eskura dituzten bitarteko eta eskumenak baliatuz, oinarri-oinarrizko ondasun juridikoei eta garrantzi handieneko interes orokorrei eragiten baitiete.
Babes zibila ziurtatzeko Estatuko Administrazio Orokorrak egin ditzakeen eta egin behar dituen jardueren aniztasuna dela eta, koordinazioa handitu behar da, erantzun bateratua lortzeko eta nahi ez diren interferentziak edo bikoiztasunak saihesteko. Horren ondorioz esleitzen die legeak gobernuaren ordezkariei Estatuko Administrazio Orokorreko organo eta zerbitzuen jarduerak koordinatzeko eginkizuna, Barne Arazoetako Ministerioaren argibideei jarraituz. Ordezkarien titularra alorreko agintari gorena izango da, eta ordezkaritza gauzatzeko behar dituen eskumen espezifiko guztiak izango ditu.
Halaber, Indar Armatuek eta Segurtasun Indar eta Kidegoek babes zibileko ekintzetan duten parte-hartzea azpimarratzen du legeak, baita Larrialdietako Unitate Militarrarena ere. Larrialdietako Unitate Militarraren esku-hartzea arautzen duten oinarrizko arauak jasotzen ditu. Edonolako larrialdietan balia daitekeen oso tresna eraginkorra bihurtu da denbora gutxian.
Babes zibilerako ekintza publikoaren berezitasunak aintzat hartuz gero, administrazioen arteko lankidetza-eskema antolatu behar da (horri buruzkoa da V. titulua) , eskumen propioak dituzten gobernu eta administrazio maila ugari baitaude. Berariazko organoetan egituratutako etengabeko lankidetzaren filosofian sakontzen du legeak (aurreko legediak ezarri zuen filosofia hori) , eta Babes Zibilaren Batzorde Nazionala sortu du, babes zibileko politika publikoak koordinatzeak batetik eta Estatuaren politika prestatzeko orduan autonomia-erkidegoek eta toki-administrazioak goreneko mailan parte hartzeak bestetik duten garrantzia nabarmentzeko. Hala eta guztiz ere, ez da ahaztu edo murriztu koordinazio
tekniko aldeaniztuna plangintzan, jarduera-sare eta -sistemen arteko loturak ezartzean, trebakuntzan eta abarretan. Horretarako, behar diren batzordeak eta lantaldeak sortu beharko dira. Badago aukera partaidetzako eta koordinaziorako lurralde-organoak eratzeko autonomia-erkidegoetako kasuan kasuko legeen bidez, eta horrela osatzen da lankidetzaeskema.
Kanpoan, lege berriak babestu eta antolatu egiten ditu Europar Batasunaren babes zibilerako mekanismoari Estatuak egiten dion ekarpena eta alor honetako nazioarteko lankidetza-misioak, zeinak gero eta ohikoagoak eta konplexuagoak baitira. Kasu horiek ezin zitezkeen ia aurreikusi ere egin duela bi hamarkada baino gehiago onetsi zen legediaren bidez.
Zehapen-araubidea VI. tituluan ezartzen da, gaur egungo administrazio-zuzenbide zehatzailea osatzen duten eta 1985eko legean aintzat hartu ez ziren printzipio eta arau orokorren arabera.
Azkenik, xedapen gehigarriek aitortzen dute babes zibileko boluntarioek zeregin garrantzitsua bete dutela beti, nahiz eta kasuan kasuko funtzio publikoen osagarri eta lagungarri diren. Legearen asmoa zeregin hori indartzea da, boluntariotzaren legerian ezarritako printzipioak eta araubide juridikoa kontuan hartuta. Hala eta guztiz ere, boluntarioen trebatzeko betebeharra eta eskubidea azpimarratzen ditu, herritar guztiek hala dagokienean laguntzeko duten betebehar orokorraz gain. Espainiako Gurutze Gorriko langile eta bitartekoak ere barnean hartu nahi ditu, baita irrati-amateurrak eta bestelako erakunde laguntzaileak ere, egiten duten lana beti izan baita eta izango baita garrantzi handikoa.
Beste alde batetik, arau honetan ezartzen dena bat dator azpiegitura kritikoen babessistemekin, segurtasun nazionaleko sistemekin eta Espainiak izenpetutako nazioarteko tratatuekin.
Babes zibileko merezimenduaren domina emateko irizpideak arautu dira, jendaurrean aitortzeko babes zibilarekin lotutako ekintzetan esku hartzen dutenek ekintzotan legeaginduz edo legeak eskatutakoa gaindituta egindako merezimenduak. Prebentzioarekin lotuak nahiz larrialdietan esku hartzekoak izan daitezke ekintza horiek.
Hondamendien kasuan, laguntzak eman ahal izango dira nahiz eta eremua aurrez ez jo babes zibileko larrialdi-egoerako eremu kaltetutzat. Babes Zibilaren Batzorde Nazionalak zerbitzuen kostuen unitate-prezioak adostea ere aurreikusi da, hainbat administraziok elkarrekin esku hartzen duten larrialdietarako. Horri esker, errazago zehaztu ahal izango dira gastuen zenbatekoak lankidetza-hitzarmenetan, eta sistemako baliabideen efizientzian ere eragingo du.
3.Laburbilduz, babes zibila oso gai garrantzitsua da herritarrentzat, eta legeak haren esparru juridikoa eguneratzen du. Aurreko legea argitaratu zenetik ikasitako guztia oinarri hartuta sortu da legea, autonomia-erkidegoen eskumenak, Europar Batasuneko legedia eta nazioarteko lankidetzaren esparruan Espainiak hartu dituen konpromisoak kontuan hartuta, egitura federala edo deszentralizatua duten beste estatu batzuetan alor hau arautzen den antzera.
Baina, batik bat, datozen urteetan herritarren babesa mailaka handitzen jarraitzea ahalbidetzen duten lege-aurrekontuak erabakitzea da kontua. Ez da alferrekoa izango Estatuan administrazio-sistema modernoa eraikitzen hasi zenean Javier de Burgosek egin zuen ohartarazpena: «Zorigaitzen sorospena ez da utzi behar eskuzabaltasuna sortzen denerako; Administrazioak etengabeko lan arautua eta uniformea egin behar du». Bi menderen ondoren, pertsonei edonolako hondamendien inguruko aurreikuspenak eta babesa eskaintzea dagokio Estatuari, gainerako botere publikoei bezalaxe, halakoetan arriskuan baitago bizitza, pertsonen segurtasuna, ondasun eta eskubideen gozamena eta naturaeta kultura-baliabideen defentsa. Horiek babestea da Estatua bera existitzeko arrazoi nagusietako bat, nagusia ez bada.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea eta zertarakoa.
1.Babes zibila, segurtasun publikoaren politikarako tresna den aldetik, pertsonak eta ondasunak babesten dituen zerbitzu publiko bat da, naturaren edo giza ekintza halabeharrezko zein asmo txarrekoen ondoriozko larrialdi eta hondamendi mota guztiei behar bezalako erantzuna ematea bermatzen duena.
2.Legearen helburua Babes Zibileko Sistema Nazionala ezartzea da, babes zibileko politika publikoen koordinazioa, kohesioa eta eraginkortasuna ziurtatzeko eta Estatuko Administrazio Orokorrak alor honetan dituen eskumenak arautzeko ezinbesteko tresna izan dadin.
2. artikulua. Definizioak.
Lege honen ondorioetarako, honako hitz hauek ondoren adierazi bezala ulertuko dira:
1.Arriskubidea. Egoera jakinetan babes zibilak babestu beharreko pertsona talde edo ondasun multzoei kaltea eragiteko gertagarritasuna da.
2.Kalteberatasuna. Egoera jakinetan gertaera arriskutsu batek kalte handiagoa edo txikiagoa egiteko pertsona talde edo ondasun multzo batek duen arriskua da.
3.Mehatxua. Babes zibilak babesten dituen pertsonak eta ondasunak berehalako arriskuan edo arrisku latentean egoteari deritzo.
4.Arriskua. Mehatxu batek pertsona talde edo ondasun multzo bati kalte egiteko gertagarritasuna da.
5.Babes zibileko larrialdia. Pertsonak edo ondasunak berehalako arriskuan jartzen dituen gertaerak eragindako arrisku-egoera kolektiboa da. Botere publikoek bizkor kudeatu behar dute egoera, pertsonak artatzeko eta kalteak arintzeko eta hondamendirik ez gertatzeko. Ezohiko larrialdi ere esaten zaio, kolektiboki eragiten ez duen ohiko larrialditik bereizteko.
6.Hondamendia. Komunitate edo gizarte baten funtzionamendua funtsean aldatzen edo eteten duen egoera edo gertaera, biktima, kalte eta eragin material ugari sortzen dituelako eta haiei erantzuteko komunitateak berak eskura dituen bitartekoak nahikoak ez direlako.
7.Oinarrizko zerbitzuak. Oinarrizko gizarte-funtzioak, osasuna, segurtasuna, herritarren ongizatea eta ekonomia edo Estatuko eta administrazio publikoetako erakundeen funtzionamendu eraginkorra mantentzeko behar diren zerbitzuak dira.
3. artikulua. Babes Zibileko Sistema Nazionala.
1.Babes Zibileko Sistema Nazionalak administrazio publiko guztien babes zibileko jarduerak biltzen ditu, bere eskumenen esparruan, honako jarduera hauen bidez erantzun koordinatua eta eraginkorra ematen dela bermatzeko:
a) Arrisku kolektiboak aurrez ikusi, arriskuen berri aurrez izateko ekintzen bidez, eta ezer gertatzea eragotzi, edo, hala dagokionean, horietatik sor daitezkeen kalteak murriztu.
b) Arrisku-egoerei aurre egiteko behar diren bitartekoak eta neurriak planifikatu.
c) Larrialdietan berehala erantzuteko esku-hartze operatiboa gauzatu.
d) Azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak berrezartzeko eta larrialdien ondoriozko kalteak arintzeko leheneratze-neurriak hartu.
e) Sistema koordinatu, haren jarraipena egin eta ebaluatu, eraginkortasunez eta modu orekatuan funtzionatzen duela bermatzeko.
2.Printzipio hauek arautuko dituzte sistemaren jarduerak: lankidetzakoa, kooperaziokoa, koordinaziokoa, lurralde arteko elkartasunekoa, subsidiariotasunekoa,
eraginkortasunekoa, parte hartzekoa, gizarteratzekoa eta desgaitasunen bat duten pertsonen ibilerraztasun unibertsalekoa.
3.Herritarrek eta pertsona juridikoek lege honetan ezartzen den moduan hartuko dute parte sisteman.
4. artikulua. Babes Zibileko Sistema Nazionalaren estrategia.
1.Babes Zibileko Sistema Nazionalaren estrategia babes zibilak babestutako pertsonei eta ondasunei kalte egin diezaieketen arriskuak eta erantzuteko gaitasuna etorkizunari begira aztertzean datza, baita larrialdien ondorioak arintzeko eskura dauden baliabideak optimizatzea ahalbidetzen duten ahaleginak elkartzeko, bateratzeko eta lehenesteko estrategia-ildoak prestatzean ere.
Babes Zibileko Sistema Nazionalaren estrategiaren oinarrizko ildoak onetsiko ditu Babes Zibilaren Batzorde Nazionalak, baita estrategia ezartzeko, jarraipena egiteko eta aldizka ebaluatzeko bideak ere. Urteroko jarduera-planak edo arloko programak ezarri ahal izango dira, aplika daitezen. Gutxienez lau urtean behin berrikusiko da estrategia.
2.Babes zibilaren estrategia nazionalak Estatuko Administrazio Orokorraren alor honetako jarduera guztiak barnean hartu eta elkartuko ditu. Segurtasun Nazionalaren Batzordeak onetsiko du, Barne Arazoetako Ministerioak eskatuta.
5. artikulua. Hondamendietan babesa izateko eskubidea.
1.Espainiako lurraldean bizi diren guztiek daukate hondamendietan administrazio publikoen arreta jasotzeko eskubidea, legeetan ezarritakoaren arabera. Egoeretako baldintza arriskutsuek eta esku hartzeko bitarteko eta baliabideen eskuragarritasunak besterik ez du mugatuko arreta hori.
2.Hondamendiak gertatzean, botere publikoek ziurtatuko dute herritar guztiek arreta bera jasotzen dutela, haien bizitokia edozein dela ere, Konstituzioaren 139.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
3.Zerbitzu publiko eskudunek ahalik azkarrena identifikatuko dituzte biktimak larrialdietan, eta informazio zehatza emango diete biktimen senide edo hurbilekoei.
4.Botere publikoek ziurtatu beharko dute neurri espezifikoak hartzen direla desgaitasunen bat duten pertsonek arriskuak eta autobabeserako zein prebentziorako neurriak ezagut ditzaten, larrialdietan arreta eta informazioa jaso dezaten eta babes zibileko planetan parte hartzen dutela bermatzeko.
6. artikulua. Informazioa eskuratzeko eskubidea.
1.Pertsona orok du botere publikoen eskutik arrisku kolektibo handien, aurreikusitako eta hartutako neurrien eta arriskuak saihesteko izan beharreko jokabideen inguruko informazio egokia jasotzeko eskubidea.
2.Informazio hori larrialdietan zein prebentzio gisa eman beharko da, arrisku-egoera sortu aurretik.
7. artikulua. Parte hartzeko eskubidea.
1.Herritarrek parte hartzeko eskubidea daukate babes zibileko arauak eta planak egiteko orduan, zuzenean zein beren interesen ordezkari diren erakundeen bidez, ezartzen diren legeei edo arauei jarraikiz.
2.Herritarrek boluntariotza-erakundeen bidez parte hartu ahal izango dute babes zibileko egitekoetan, legeek eta garapenari buruzko erregelamendu-mailako arauek ezarritakoaren arabera.
7 bis artikulua. Lankidetza-betebeharra.
1.Herritarrek eta pertsona juridikoek babes zibilean laguntzeko betebeharra dute, pertsonalki edo materialki, Konstituzioaren 30.4 artikuluan eta lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz, agintariek hala eskatuz gero.
2.Adindun den edonork, larrialdietan, babes zibilean eskudunak diren agintariek eskatutako zerbitzu pertsonalak bete beharko ditu, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe, agintariek ezarritako agindu edo jarraibide orokor zein zehatzei jarraikiz.
3.Larrialdien ezaugarriek hala eskatzen dutenean, babes zibilean eskudunak diren agintariek edonolako ondasunak konfiskatu ahal izango dituzte aldi batez, baita beharrezkoak direnetan esku hartu edo aldi baterako okupatu eta jarduerak eten ere. Horren ondorioz ondasun eta zerbitzuetan kalte egiten zaien horiek kalte-ordaina jaso ahal izango dute, legeetan ezarritakoaren arabera.
4.Larrialdien ezaugarriak direla-eta etxebizitza batean sartu behar denean eta arriskuan dauden pertsonak handik atera behar direnean, Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren 15. artikuluko 2. zenbakian ezarritakoa aplikatuko da.
5.Eskubideak murrizten dituzten edo zerbitzu pertsonal edo materialak ezartzen dituzten neurriek iraunaldi mugatua izango dute, larrialdiei aurre egiteko behar den beste, eta larrialdiaren tamainara egokituko dira.
6.Zaintza eta babeserako zerbitzuak, enpresa publiko edo pribatuen larrialdiarriskuetan, babes zibileko laguntzailetzat hartzen dira ondorio guztietarako; horren ondorioz, beren lurraldeko babes zibileko planetan eginkizunak eslei dakizkieke, eta, hala egokituz gero, agintari eskudunek haien laguntza eska dezakete larrialdietan. Arauen bidez, baldintzak ezarriko dira interes orokorreko zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresen zaintzaeta babes-zerbitzuei egitekoak esleitzeak ez eragiteko zerbitzu horiek seguru ematen jarraitzeko aukerari, eta araubide bat ere ezarriko da zaintzaeta babes-zerbitzu horiek alor honetan betetzen dituzten lanek eragindako kalte-galerak ordaintzeko.
7.9.2.b) artikuluan jasotako jarduerak gauzatzen dituzten zentroen, establezimenduen eta lokalen titularrek, jarduera horiek larrialdiak eragin ditzaketenak badira, behar besteko maiztasunarekin jakinarazi beharko dizkiete kalteak jasan ditzaketen herritarrei arriskuak eta hartutako prebentzio-neurriak. Horrez gain, honako betebehar hauek dituzte:
a) Herritarrak informatzeko martxan jarritako programak eta haiei emandako informazioa jakinaraztea unean uneko administrazio publiko eskudunak ezartzen duen organoari.
b) Herritarrentzako alarma-seinaleak sortzeko sistemak instalatzeaz eta horiek mantentzeko lanak egiteaz arduratzea. Egindako jardueren ondorioz gerta daitezkeen babes zibileko larrialdiek berehala harrapa ditzaketen eremuetan jarri beharko dira seinalesistema horiek.
c) Desgaitasunen bat duten pertsonek informazioa osorik eskura dezaketela bermatzea.
8.Hedabideek doan lagunduko diete agintariei larrialdietan edo arrisku-egoeretan prebentziorako informazio erabilgarria zabaltzen, agintariek adierazitako moduan eta babes zibileko planetan ezarritakoari jarraikiz.
7 ter artikulua. Zuhur jokatzeko eta nork bere burua babesteko betebeharra.
1.Herritarrek behar besteko neurriak hartu behar dituzte arriskurik ez sortzeko eta beren burua arriskuan ez jartzeko. Larrialdi bat gertatu ondoren, zerbitzu publiko eskudunetako agenteen jarraibideei jarraitu beharko diete.
2.Larrialdi-arriskua sortzen duten zentro, establezimendu eta lokal publiko zein pribatuen titularrek legeak aurreikusten dituen autobabeserako neurriak hartu beharko dituzte, lege horretan eta garapenari buruzko araudian jasotako moduan.
3.Babes zibilaren alorrean eskudunak diren administrazioek arriskua sortzen duten enpresa eta erakundeen artean autobabeserako elkarteak sortzea sustatuko dute, informazio eta aholkularitza egokia emateko.
7 quater artikulua. Babes zibilaren alorreko boluntariotza.
1.Babes zibileko boluntarioak larrialdien kudeaketan aritu ahal izango dira lankidetzan, larrialdiei erantzuteko orduan herritarrek parte hartzeko duten aukeraren barruan, aplikagarriak diren arauek ezartzen dutenaren arabera, albo batera utzi gabe 7. bis artikuluak aipatzen duen herritarren lankidetza-betebehar orokorra.
Babes zibileko boluntarioek boluntariotza-erakundeen bidez jardungo dute, boluntariotzari buruzko araudian ezarritako ekintza boluntarioen balio eta printzipioak eta araubide juridikoa oinarri, eta boluntariotza-erakunde horiek ezarritako arauei jarraituz. Hala ere, lankidetza hori ez da inola ere bihurtuko Administrazioarekiko enplegu-harreman.
2.Botere publikoek boluntarioen parte hartzea eta trebakuntza sustatuko dituzte Babes Zibileko Sistema Nazionala indartzeko.
3.Irrati-amateur boluntarioek osatzen duten larrialdietako komunikazioen sarea babes zibileko zerbitzuek eskaini ohi dituztenen osagarri izango da.
II. TITULUA
Babes Zibileko Sistema Nazionalaren jarduerak
I. KAPITULUA
Aurrea hartzea
8. artikulua. Definizioa.
Aurrea hartzearen helburua lurralde bateko arriskuak zehaztea da, kalteberatasuna eta izan daitezkeen mehatxuak oinarri hartuta. Egoera arriskutsuen inguruko informazioa ematen duten eta iragarpenak egiten dituzten azterketen eta azterlanen bidez egiten da.
9. artikulua. Babes Zibilari buruzko Informazioaren Sare Nazionala.
1.Babes Zibilari buruzko Informazioaren Sare Nazionala sortu da arriskuei aurrea hartzeko eta edozein egoerari erantzun eraginkorra emateko, autonomia-erkidegoen eskumenak kontuan hartuta. Sare horri esker, honako hauek egin ahalko ditu Babes Zibileko Sistema Nazionalak:
a) Larrialdi-arrisku ezagunei buruzko informazioa biltzea, biltegiratzea eta erraz eskuratzea, baita babes-neurriei eta baliabide erabilgarriei buruzkoa ere.
b) Titulu honetako jarduera guztietan informazioa trukatzen dela ziurtatzea.
2.Sareak honako hauek izango ditu:
a) Babes Zibileko Arriskuen Mapa Nazionala, larrialdi edo hondamendietan kaltetu daitezkeen eremu geografikoak identifikatzeko.
b) Babes zibileko larrialdiak sor ditzaketen jardueren katalogo ofizialak, baita jarduera horiek gauzatzen dituzten zentro, establezimendu eta lokalei buruzko informazioa ere, arauek ezarritako moduan.
c) Babes zibileko planen erregistro informatizatua. Arauek ezartzen duten moduan gehituko dira planak erregistroan.
d) Baliabide mugikorren katalogoak; hau da, giza baliabideak eta baliabide materialak, administrazio publikoek edo erakunde pribatuek kudeatutakoak, Babes Zibileko Sistema Nazionalak erabil ditzakeenak larrialdiren bat gertatzen denean, lege honetan eta arauetan ezartzen den moduan.
e) Larrialdiei eta Hondamendiei buruzko Datuen Erregistro Nazionala. Sortzen diren larrialdi eta hondamendiei, ondorio eta galerei eta azken horiek arintzeko erabilitako bitarteko eta prozedurei buruzko informazioa jasoko du.
f) Larrialdi-arriskuak aurrez ikusteko eta babes zibileko administrazio publikoen eskumenen erabilera errazteko informazio oro, arauetan ezarritako moduan.
3.Administrazio publiko eskudunek sarea eratzeko behar diren datuak emango dituzte, eta sarean sartu ahal izango dira, Babes Zibilaren Batzorde Nazionalean erabakitzen diren irizpideei jarraituz.
II. KAPITULUA
Arriskuen prebentzioa babes zibilean
10. artikulua. Prebentzio-politika.
1.Babes zibileko prebentzioa larrialdi-arriskuen eta -mehatxuen kalteak eragozteko edo arintzeko neurrien eta ekintzen bidez gauzatzen da.
2.9.2.b) artikuluaren arabera katalogatutako jardueretan hasi aurretik, azterlan tekniko bat eduki beharko da eremu hartan identifikatzen diren babes zibileko larrialdiarriskuen gainean jarduerek dituzten zuzeneko eraginei buruz. Jardueraren proiektuaren kokapenari, diseinuari eta neurriari buruzko datuak eta eraginen eta haien ondorio kaltegarriak eragozteko edo murrizteko neurrien identifikazioa eta ebaluazioa jasoko ditu, gutxienez. Babes zibileko larrialdi-arriskuen eragina ebaluatuko du alorrean eskuduna den organoak.
3.Titulu honetako III. kapituluan aurreikusi diren babes zibileko planek prebentziorako informazioeta komunikazio-programak izan beharko dituzte, baita alerta-programak ere, pertsonak eta ondasunak babesteko neurri egokiak har ditzaten herritarrek, esku hartzen duten zerbitzuek lana bizkor egin dezaten eta edozer larrialdiren ondoren egoera bere onera lehenbailehen etor dadin. Programa horiek zabaltzen direnean, bermatu beharko da kolektibo kalteberenak ere jasotzen dituztela.
Desgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasun-neurriak gehituko dira edukian; bereziki, plan horiei buruzko informazioa jasotzen dutela ziurtatzekoak.
4.Botere publikoek larrialdien ikerketa sustatuko dute, berriro halakoak gerta ez daitezen. Larrialdi-arriskua aseguratzea ere sustatuko dute, halako gertaeretan gizartearen erantzun efizientea iraunkortasun sozialarekin, ekonomikoarekin eta fiskalarekin bat datorrela bermatzeko.
5.Administrazio publikoek, beren eskumenez baliatuz eta dituzten aurrekontuzuzkiduren kontu, herritarrentzat sentsibilizazio-programak eta informazio prebentiboa prestatzea eta ikastetxeetarako hezkuntza-programa prebentiboak egitea sustatuko dute.
11. artikulua. Larrialdiei Aurrea Hartzeko Funtsa.
1.Larrialdiei Aurrea Hartzeko Funtsa sortu da, Estatuaren Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitzen diren kredituen kontu. Barne Arazoetako Ministerioak kudeatuko du, eta Estatuaren Administrazio Orokorrean honako prebentzio-jarduera hauek finantzatzeko da:
a) Arriskubideen, kalteberatasunaren eta arriskuen azterketa.
b) Babes zibileko arriskuen mapak.
c) Prebentziorako sentsibilizazioeta informazio-programak herritarrentzat.
d) Prebentziorako hezkuntza-programak ikastetxeetan.
e) Zehazten diren antzeko beste jarduera batzuk.
2.Barne Arazoetako Ministerioak lankidetza-tresnak adostu ahal izango ditu beste ministerio batzuekin, beste administrazio publiko batzuekin eta erakunde publiko edo
pribatuekin, kapitulu honetan jasotako jarduerak gauzatzeko. Larrialdiei Aurrea Hartzeko Funtsak finantzatuko ditu, osorik edo partzialki.
12. artikulua. Babes Zibileko Alerta Sare Nazionala.
1.Babes Zibileko Alerta Sare Nazionala sortu da babes zibilean eskudunak diren agintariei larrialdi-abisuen berri emateko sistema gisa, autonomia-erkidegoen eskumenak albo batera utzi gabe, oinarrizko zerbitzu publikoek eta herritarrek larrialdi-mehatxu ororen berri izan dezaten.
2.Barne Arazoetako Ministerioak kudeatuko du sarea, Babes Zibileko Larrialdietarako Jarraipen eta Koordinazio Zentro Nazionalaren bidez.
3.Pertsonak eta ondasunak berehalako arriskuan egoteko dauden mehatxuak detektatu, aurreikusi eta horien jarraipena egin dezaketen administrazio publikoetako organismo guztiek berehala eman beharko diote Babes Zibileko Larrialdietarako Jarraipen eta Koordinazio Zentro Nazionalari babes zibileko larrialdiren bat sor dezaketen egoeren berri.
4.Autonomia-erkidegoetako larrialdiak koordinatzeko organo eskudunak izango dira babes zibileko larrialdien inguruko informazioa Babes Zibileko Larrialdietarako Jarraipen eta Koordinazio Zentro Nazionalari jakinarazteko bidea, baita alertaren abisua dagokionari helarazteko ere.
III. KAPITULUA
Plangintza
13. artikulua. Babes Zibileko Oinarrizko Araua.
Babes Zibileko Oinarrizko Arauak, Barne Arazoetako Ministerioaren titularrak eskatuta errege-dekretu baten bidez onetsitakoa bera, honako hauek ezartzen ditu, Babes Zibilaren Batzorde Nazionalak informazioa bildu ondoren: larrialdi-arriskuak identifikatzeko oinarrizko jarraibideak eta arrisku horiek osorik kudeatzeko jarduerak, babes zibileko planak prestatzeko gutxieneko edukia eta irizpide orokorrak, eta behar diren jarduerak benetan eraginkorrak izateko organo eskudunek egin beharreko garapen-lanari buruzkoak.
14. artikulua. Babes zibileko planak.
1.Babes zibileko planak esparru organiko-funtzionala aurreikusteko tresnak dira, eta larrialdietan pertsonak eta ondasunak babesteko behar diren giza baliabide eta baliabide materialak mugitzeko aukera ematen duten mekanismoak aurreikusteko tresnak, baita esku hartu behar duten administrazio publikoen koordinazio-eskema aurreikustekoak ere.
2.Hauek dira babes zibileko planak: Estatuko Plan Orokorra, Lurralde Planak (autonomia-erkidegoetakoak edo toki-erakundeetakoak) , Plan Bereziak eta Autobabeserako Planak.
3.Babes Zibilaren Batzorde Nazionalak txostenak egin beharko ditu Estatuko Plan Orokorrari buruz eta Lurralde Planei eta Plan Bereziei buruz (estatukoak izan edo autonomia-erkidegoetakoak izan) , Babes Zibileko Sistema Nazionalera egokitzeko.
15. artikulua. Plan motak.
1.Estatuko Plan Orokorrak Estatuko Administrazio Orokorraren jardute-prozedurak eta antolaketa garatzen ditu, beste administrazio publikoei laguntza eta babesa emateko babes zibileko larrialdietan eta Estatuko larrialditzat jotzen direnetan administrazio publiko guztien zuzendaritzaz eta koordinazioaz arduratzeko. Gobernuari dagokio Estatuko Plan Orokorra onestea, Barne Arazoetako Ministerioak eskatuta.
2.Autonomia-erkidego edo toki-erakunde baten barrutian izan daitezkeen larrialdiarriskuei aurre egiteko prestatzen dira Lurralde Planak. Administrazio eskudunak (autonomikoak edo tokikoak) onesten ditu plan horiek, bere legeria espezifikoan ezarritakoarekin bat etorriz.
3.Plan Bereziak honako gertaera hauen arriskuei aurre egiteko dira: uholdeak; lurrikarak; itsasikarak; sumendiak; fenomeno meteorologikoak; basoetako suteak; substantzia kimiko, biologiko, nuklear edo erradioaktiboak erabiltzen edo gordetzen dituzten instalazio edo prozesuetako istripuak; abiazio zibileko istripuak; salgai arriskutsuen garraioa; gerrengatiko gatazkak direla-eta herritarrak babestu behar diren kasuak, eta Oinarrizko Arauak zehazten dituenak. Plan Bereziak Estatuak zein autonomia-erkidegoek egin ditzakete, lurralde-eremuaren arabera, eta kasu bakoitzean eskuduna den administrazioak onetsiko ditu. Arrisku nuklearrari eta gerrengatiko gatazketako herritarren babesari buruzko plan bereziak Estatuak egingo ditu beti, baina horrek ez du kentzen autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako administrazioek horietan parte hartzea, Oinarrizko Arauan ezarritakoari jarraikiz.
4.Autobabeserako Planek araudi aplikagarrian biltzen diren zentro, establezimendu, instalazio edo lokaletarako aurreikusitako esparru organiko eta funtzionala jasotzen dute, pertsonei eta ondasunei kalte egin diezaieketen babes zibileko larrialdi-arriskuak saihesteko eta kontrolatzeko, eta egoera horiei erantzun egokia emateko.
IV. KAPITULUA
Berehalako erantzuna larrialdietan
16. artikulua. Definizioa.
Larrialdi bat sortzean –edo larrialdi bihur daitekeen egoera bat sortzean– esku hartzen eta laguntzen duten zerbitzu publiko edo pribatuek egiten duten lanari esaten zaio babes zibileko larrialdietan berehalako erantzuna ematea. Helburua zera da, kalteak ekiditea, pertsonak eta ondasunak erreskatatzea eta babestea, herritarren segurtasuna bermatzea eta kalteak jasan dituzten herritarrek bizirik irauteko dituzten beharrei erantzutea. Urgentziazko osasun-arreta, arreta psikologikoa eta arreta soziala eskaini, babesa eman eta kalteen hasierako konponketak egin (oinarrizko zerbitzu eta azpiegiturak berrezartzeko) eta suspertzen hasteko bestelako ekintza eta ebaluazioak egitean datza.
17. artikulua. Babes sozialeko larrialdietan esku hartzeko eta laguntzeko zerbitzuak.
1.Honako hauek dira babes zibileko larrialdietan esku hartzeko eta laguntzeko zerbitzuak: administrazio publiko guztietako babes zibileko eta larrialdietako zerbitzu teknikoak; prebentziorako, suteak itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuak; basoko suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuak; Segurtasun Indar eta Kidegoak; larrialdietako osasun-arretako zerbitzuak; Indar Armatuak (batez ere, Larrialdietako Unitate Militarra) ; autonomia-erkidegoetako larrialdiak koordinatzeko organo eskudunak; baso-teknikariak eta ingurumen-agenteak; erreskate-zerbitzuak; biktimak identifikatzeko diziplina anitzeko taldeak; biktimekiko eta senideekiko harremanetarako pertsonak, eta administrazio publikoen mende egonik helburu hori dutenak.
2.Administrazio publikoetan larrialdiak koordinatzeaz arduratzen diren organo eskudunak, dagozkien planek ezartzen duten eran, Koordinazio Operatiborako Zentro gisa aritu ahal izango dira babes zibileko larrialdietan, eragin kolektiboa ez duten baina hainbat zerbitzu operatiboren laguntza behar duten larrialdietan arreta emateaz gain.
3.Boluntarioen elkarteak edo erakunde kolaboratzaileak behar direnean, zerbitzu publikoen mende egongo dira horien mobilizazioa eta jarduerak.
4.Babes Zibileko Oinarrizko Arauan, artikulu honetan araututako zerbitzuen jardueren koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzeko oinarriak arautuko dira.
18. artikulua. Babes Zibileko Larrialdietarako Jarraipen eta Koordinazio Zentro Nazionala.
1.Babes Zibileko Larrialdietarako Jarraipen eta Koordinazio Zentro Nazionalak honako eginkizun hauek ditu:
a) Babes Zibilari buruzko Informazioaren Sare Nazionala kudeatzea. Babes Zibilaren Batzorde Nazionalak aurrez hala adostuta, larrialdiei buruzko informazioa elkarri lotzeko
plan nazional bat egingo du, administrazio publikoen arteko komunikazioa arintzeko eta larrialdien kudeaketa, koordinazio eta jarraipen eraginkorra izatea lortzeko.
b) Babes Zibileko Alerta Sare Nazionala kudeatzea legeak ezarritako moduan.
c) Larrialdiei buruzko datuak eta estatistikak aldian-aldian zabaltzea eta babes zibileko larrialdietan sare sozialek zer onura duten eta zer erabilera izan behar duten ebaluatzea.
d) Koordinazio Operatiborako Zentro gisa jardutea Estatuko larrialdietan. Autonomiaerkidegoetako larrialdiak koordinatzeaz arduratzen diren organoak zentro horren barnean egongo dira larrialdietan. Zehazten diren funtzioak beteko dituzte eta zehazten diren koordinazio-mekanismoetan oinarrituta arituko dira lanean, baita egoera leheneratzeko lanetan esku hartzen duten zerbitzuak kudeatzeko eta koordinatzeko informazio-sareetan oinarrituta ere. Babes Zibilaren Batzorde Nazionalak zehaztuko du organoak zenbateraino eta zer baldintzatan barneratuko diren zentroan.
e) Europar Batasuneko organoekin (Babes Zibilerako Mekanismoaren esparruan) eta nazioarteko beste erakunde batzuekin –bai eta babes zibilean Espainiarekin lankidetzahitzarmenak eginak dituzten herrialdeetako organo homologoekin ere– informazioa trukatzeko eta jakinarazteko harremanetarako erakundea izatea.
f) Herritarrek eta erakunde publiko eta pribatuek eman beharko duten informazioa bideratzea, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.Babes Zibileko Larrialdietarako Jarraipen eta Koordinazio Zentro Nazionalari esleitutako egitekoak Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiaren barruan betetzen dira.
19. artikulua. Estatuko baliabideen erabilgarritasuna.
1.Estatua autonomia-erkidegoekin eta toki-erakundeekin arituko da elkarlanean, interes nazionalekotzat jotzen ez diren larrialdietan giza baliabideak eta baliabide materialak hornitzeko. Babes Zibilaren Batzorde Nazionalak adosten duenaren araberakoa izango da elkarlan hori.
2.Larrialdietan esku hartzen duten Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako edo Indar Armatuetako kideak ohiko aginduetara jardungo dira, kasuan kasuko babes zibileko planean izendatutako agintarien zuzendaritzapean.
3.Aurreko zenbakiak aipatzen dituen Estatuko Administrazio Orokorraren bitartekoen esku-hartzearen ondoriozko kalte-galeren erantzukizuna larrialdiaren zuzendaritza hartzen duen administrazio publikoari dagokio.
V. KAPITULUA
Leheneratzea
20. artikulua. Leheneratze-fasea.
1.Ezbeharrak jotako eremua berriro egoera normalera ekartzeko erakunde publiko eta pribatuek gauzatzen dituzten ekintzen eta hartzen dituzten laguntza-neurrien multzoak osatzen du leheneratze-fasea. Larrialdiari berehalako erantzuna ematen amaitu ondorengo fasea da.
2.Larrialdia handia denean eta eremua leheneratzeko Estatuko Administrazio Orokorrak esku hartu behar duenean, kapitulu honetan jasotako neurriak aplikatuko dira; aurretik, edonola ere, halakotzat jo beharko da larrialdia, 23. artikuluan ezarritakoaren arabera jo ere. Larrialdia jasan duen autonomia-erkidegoari edo, hala egokituz gero, Babes Zibilaren Batzorde Nazionalari lehenbailehen jakinaraziko zaizkio leheneratzeko lanetan Estatuko Administrazio Orokorraren esku-hartzea justifikatzen duten arrazoiak.
3.Leheneratze-neurriak kaltetutako guneak beren onera ekartzeko laguntza gisa aplikatuko dira, inola ere ez kalte-ordain gisa.
21. artikulua. Kalte materialak.
1.Kalte materialak egiazkoak, ekonomikoki ebaluatzeko modukoak eta aseguruestaldura duten ondasun publiko zein pribatuenak izan beharko dira.
2.Kalte materialengatiko laguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek eman ditzaketenekin, edo aseguru-polizaren arabera egokitzen diren kalte-ordainekin, baina zenbateko osoa ezingo da izan egindako kaltea baino handiagoa.
3.Ezbeharrak tasatzen adituak diren organismoek edo administrazio publikoetako zerbitzu teknikoek baloratuko dituzte kalte materialak, dauzkaten eskumenez baliatuta eta kaltetutako administrazio publikoek emandako datuak oinarri hartuta. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eskubidea izango du peritu-lanak kobratzeko, zerbitzu-sari profesionalen baremoaren arabera.
4.Laguntzak errazago izapidetzeko eta kalteak errazago ebaluatzeko, eskumena duen administrazioak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak trukatu ahal izango dituzte laguntzen eta kalte-ordainen onuradunei buruzko datuak, laguntza eta kalteordainen zenbatekoei buruzkoak eta ukitutako ondasunei buruzkoak. Espainiako lurraldean jarduten duten aseguru-erakundeek Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari nahitaez eman beharko diote partzuergo horrek eskatzen dien informazioa, goian xedatutakoa bete ahal izateko. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak balorazio-txostenak eta peritutxostenak egin ahal izango ditu kalteak jasan dituzten administrazio publikoentzat haiek hala eskatuta.
22. artikulua. Kalte pertsonalak.
Kalte pertsonalak jasaten direnean, laguntza ekonomikoak emango dira heriotzagatik eta ezintasun iraunkor absolutuagatik, laugarren xedapen gehigarriak zehazten duenaren arabera.
23. artikulua. Babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatzeko prozedura.
1.Lege honetan jasotako izendatze hori, babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatzea, Ministerioen Kontseiluak egingo du, hala proposatuta Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak eta Barne Arazoetako ministroak eta, hala badagokie, tartean diren gainerako ministerioen titularrek. Izendatze horretan, kaltetutako eremuaren mugak adierazi beharko dira beti. Interesa duten administrazio publikoek eskatu ahal izango dute eremuak halakotzat hartzeko.
Kasu horietan, eremuen inguruan ezer ebatzi aurretik, gobernuak txostena eskatu ahal izango die autonomia-erkidego kaltetuei.
2.Babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatzeko, honako hau baloratuko da edozelan ere: eremu geografiko jakin bateko biztanleen bizi-baldintzak modu larrian nahasi dituen ezbehar baten ondoriozkoak izatea kalte pertsonalak eta materialak, edo oinarrizko zerbitzu publiko guztiak edo batzuk etetea ezbeharraren ondorioz.
24. artikulua. Neurri aplikagarriak.
1.Ministroen Kontseiluak onesten duenari jarraikiz, eremu bat babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatzen denean, honako neurri hauetako batzuk hartu ahal izango dira, besteak beste:
a) Partikularrei laguntza ekonomikoak ematea, ohiko bizitokian eta premiazko gauzetan kalteak jasateagatik.
b) Toki-korporazioei ordainak ematea, atzeratu ezin diren jardueren gastuengatik.
c) Zerbitzu pertsonalak edo ondasunen prestazioak egin dituzten pertsona fisikoei edo juridikoei laguntzak ematea.
d) Industriako, merkataritzako eta zerbitzuetako lokalentzako laguntzak ematea.
e) Udal-azpiegituretan eta probintziako edo uharteko errepide-sarean egindako kalteengatiko diru-laguntzak ematea.
f) Nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako eta itsas akuikulturako kalteengatiko laguntzak ematea.
g) Kreditu Ofizialeko Institutuak diruz lagundutako lehentasunezko mailegu-lerroak irekitzea.
2.Aurreko zenbakian aurreikusitako neurriez gain, honako hauek ere hartu ahal izango dira:
a) Neurri fiskalak:
1.Ez da ordaindu behar izango larrialdia gertatu den aurrekontu-ekitaldiko OHZ ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota etxebizitzen, industria-, turismoeta merkataritza-establezimenduen, nekazaritza-, abeltzaintzaeta baso-ustiategien eta lantoki eta antzekoen kasuan, baldin eta kaltetu badira eta egiaztatzen bada bertan kokatutako pertsonak eta ondasunak guztiz edo partez beste etxe edo lokal batzuetan kokatu behar izan direla harik eta jasandako kalteak konpondu arte, edo uztetan izandako txikizioak ez baditu babesten ezein aseguru-mota publiko edo pribatuk.
2.Larrialdiaren aurrekontu-ekitaldiko ekonomia-jardueren gaineko zergan murrizketa bat ezarriko zaie industriei (edozein eratakoei) , merkataritza-establezimenduei, turismoestablezimenduei eta establezimendu profesionalei, haiei atxikitako negozio-lokalak edo ondasunak kaltetu direnean eta betiere beste leku batean kokatu behar izan badira edo jarduera aldi baterako ixtea eragin duten kalteak izan direnean. Murrizketa jarduera eteten den egunetik berriro baldintza normaletan irekitzen den arte igarotako denborarekiko proportzionala izango da, lokal berberetan zein beste batzuetan jardunda ere.
3.Aurreko zenbakietan aipatutako zergen kuotentzako salbuespen eta murrizketetan, zerga horien gainean legez onartutako errekarguak sartzen dira.
4.Aurreko zenbakietan ezarritako onurak lortzeko eskubidea duten zergadunek, zerga-ekitaldi horretako ordainagiriak ordaindu badituzte, ordaindutako kopuruak itzultzeko eskatu ahal izango dute.
5.Ez dira ordaindu behar izango Trafikoko Buruzagitza Nagusia organismo autonomoaren tasak ibilgailuen bajak izapidetzeko, kalteen ondorioz eskatutakoak badira baja horiek; ezta arrazoi horiengatik suntsitu edo galdutako zirkulazio-baimenak eta gidabaimenak emateko tasak ere.
6.Artikulu honetan xedatutakoa dela-eta udalen, probintzia-diputazioen, uharteetako kabildoen eta uharteetako kontseiluen zergetan eragiten den murrizketa Estatuko Aurrekontu Orokorren kontura berdinduko da, Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu hura) .
7.Kalte pertsonalengatiko laguntzetan ez da ezarriko pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.
8.Salbuespen gisa, Ogasun eta Herri Administrazioetako Ministerioak baimena eman lezake ezbeharren inguruetako nekazaritzako ustiategi eta jardueren errendimendu garbiaren indizeak murrizteko.
b) Lan-arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko neurriak:
1.Baldin eta kontratuak eteteko edo iraungitzeko eta lanaldia laburtzeko arrazoi zuzena larrialdien ondoriozko kalteak badira, edo larrialdiek eragindako jarduera-galerak, eta hori dena behar bezala egiaztatzen bada, kalte horiek ezinbesteko kasutzat hartuko dira eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. eta 51. artikuluetatik eratorritako ondorioak izango dituzte (testua martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen) . Lehenengo kasuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak enpresaria Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzetik eta baterako diru-bilketaren kontzeptuetatik libratu ahal izango du etenaldiak irauten duen bitartean, eta epe hori langileak benetan kotizatutako alditzat joko da. Kontratua iraungitzen den kasuetan,
langileen kalte-ordainak Soldatak Bermatzeko Funtsaren kontura ordainduko dira, legez ezarritako mugen barruan.
Enpresak ezohiko arrazoietan oinarrituta kontratuak etetea edo lanaldia aldi baterako murriztea erabakitzen duen kasuetan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena eman ahal izango du langabezia-prestazioak jasotzen diren aldi hori ez dadin zenbatu prestazioak jasotzeko ezarritako gehieneko aldia agortzeko ondorioetarako. Langabeziaprestazioak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak arautzen ditu, ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartuak, III. tituluan. Halaber, kasu horietan, langabeziagatiko prestazioak jasotzeko aukera eman ahal izango zaie prestazio horiek jasotzeko gutxieneko kotizazio-aldia betetzen ez duten langileei.
2.Norberaren konturako langileek eta enpresek, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan sartuta daudenek, izandako kalteak justifikatu ondoren, interesik gabeko urtebeterainoko moratoria bat eskatu ahal izango dute Gizarte Segurantzaren kotizazioak eta batera biltzeko kontzeptuak ordaintzeko, elkarren segidako hiru hilabeteri dagozkionak, ezbeharra gertatu aurreko egunetik zenbatzen hasita; edo, norberaren konturako erregimen berezian edo autonomoenean sartuta dauden langileen kasuan, ezbeharra gertatu zen hilabetetik kontatzen hasita.
3.Aurreko zenbakietan ezarritako onuretarako eskubidea duten Gizarte Segurantzako kotizatzaileek, salbuespenei dagozkien kuotak edo moratoriari dagozkionak ordaindu badituzte, eska dezakete ordaindutako zenbatekoak itzultzeko, baita, hala badagokie, berandutze-interesak, errekarguak eta dagozkien kostuak itzultzeko ere, legeak ezarritakoarekin bat etorriz. Itzultzeko eskubidea duenak Gizarte Segurantzaren beste aldi batzuetako kuotak zor baditu, Gizarte Segurantzarekiko zorrak kitatzeko erabiliko da itzultzeko kreditua, legez ezarritako eran.
25. artikulua. Jarraipena eta koordinazioa.
1.Babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatzea ebazten denean, kapitulu honetan jasotako neurrien jarraipena egingo da, arauz ezarritako moduan.
2.Estatuko Administrazio Orokorrak eta, hala egokituz gero, beste administrazio publiko batzuek hartutako neurriak koordinatzeko eta horien jarraipena egiteko, Koordinazio Batzordea eratuko da, estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko administrazioetako ordezkariz osaturik.
VI. KAPITULUA
Babes Zibileko Sistema Nazionalaren ebaluazioa eta ikuskapena
26. artikulua. Ebaluazioa eta ikuskapena.
1.Arriskuen eta larrialdien kudeaketa osoan botere publikoek gero eta erantzun hobea emateko, horretarako da Babes Zibileko Sistema Nazionalaren ebaluazioa eta ikuskapena.
2.Sistema Nazionalaren jarduera guztiak ebaluatuko eta ikuskatuko dira; administrazio publiko eskudunak arduratuko dira horretaz, hurrengo zenbakian azaltzen den moduan.
3.Babes Zibilaren Batzorde Nazionalak gidalerro orokor batzuk prestatuko ditu jarduerak ebaluatzeko, baita Sistema Nazionala Ikuskatzeko Programa bat ere. Azken hori administrazio publikoek aurrera eramango dute, beren eskumen-esparruetan, betiere beren zerbitzuek antolatzeko eta zuzentzeko duten ahalmena errespetatuz.
27. artikulua. Babes Zibileko Sistema Nazionalaren urteroko memoria.
Gobernuak memoria bat aurkeztuko du urtero Senatuan, Sistema Nazionalaren eraginkortasuna baloratzeko aukera ematen duena, Babes Zibilaren Batzorde Nazionalak eginda eta Barne Arazoetako Ministerioak eskatuta.
VII. KAPITULUA
Interes nazionaleko larrialdiak
28. artikulua. Definizioa.
Interes nazionaleko larrialdiak:
1.Pertsonak eta ondasunak babesteko alarma-, salbuespeneta setio-egoerak arautzen dituen ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoa aplikatzea eskatzen dutenak.
2.Hainbat administrazioren koordinazioa aurreikustea eskatzen dutenak, autonomiaerkidego bati baino gehiagori eragiten dietelako eta autonomiaz gaindiko baliabideen premia delako.
3.Benetako zein aurreikusitako ezaugarriak direla-eta estatu mailako erantzuna eskatzen dutenak.
29. artikulua. Ebazpena.
Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan, Barne Arazoetako Ministerioaren titularrari dagokio larrialdiak interes nazionalekoak direla ebaztea, berak erabakita edo autonomiaerkidegoek zein autonomia-erkidegoetako gobernuaren ordezkariek eskatuta. Barne Arazoetako Ministerioak, larrialdiak interes nazionalekoak direla ebaztea erabakitzen duenean, autonomia-erkidego kaltetuei jakinarazi beharko die aurrez, ebazpena bizkor emateari eta erantzun publiko eraginkorra emateari kalte egiten ez dioten bitartekoak baliatuta.
30. artikulua. Ondorioak.
1.Larrialdia interes nazionalekotzat jo ondoren, Barne Arazoetako Ministerioaren titularrak hartuko du hura bideratzeko ardura. Estatuko eta larrialdian dauden autonomiaerkidegoetako eta toki-erakundeetako baliabide guztiak kudeatuko ditu, bai eta jarduerak antolatu eta koordinatu ere, alarmasalbuespeneta setio-egoerei buruzko legea eta segurtasun nazionalari buruzko araudi espezifikoak albo batera utzi gabe.
2.Baliteke Barne Arazoetako Ministerioak, egoeraren larritasuna aintzat harturik, laguntza eskatzea mobiliza daitezkeen baliabideak dituzten administrazio publikoei, larrialdia haien lurraldean izan ez arren.
III. TITULUA
Babes Zibileko Sistema Nazionalaren giza baliabideak
31. artikulua. Giza baliabideen prestakuntza.
1.Botere publikoek Babes Zibileko Sistema Nazionaleko langileen prestakuntza eta gaitasun teknikoaren garapena sustatuko dituzte.
2.Hezkuntza-sistemaren eta enplegurako lanbide-heziketaren onarpen ofiziala izango du babes zibileko prestakuntzak, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren barruan, gobernuak ezarritako eran eta ministerio eskudunek eskatuta.
32. artikulua. Babes Zibilaren Eskola Nazionala.
1.Babes Zibilaren Eskola Nazionalak, prestakuntza espezializatuaren eta goi mailako agintarien prestakuntza egituratzen duen tresna izanik, honako lan hauek egiten ditu:
a) Estatuko Administrazio Orokorraren eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuen babes zibileko zerbitzuetako langileak prestatzea eta trebatzea, dagozkien hitzarmenen bidez, hala behar izanez gero. Babes Zibileko Sistema Nazionalaren interesekoak diren beste kolektibo batzuetako jendea ere prestatzen eta trebatzen du.
Adostu dezake bestelako administrazioen zerbitzuetako langileak ere prestatzea eta trebatzea, administrazio horiekin behar diren hitzarmenak eginda.
b) I+G+B alorreko lanak egitea babes zibileko prestakuntzarako.
c) Beste administrazio publiko batzuetako babes zibileko prestakuntza-zentroekin elkarlanean aritzea.
d) Elkarlanean aritzea Europar Batasuneko Babes Zibilerako Mekanismoaren esparruan edo Europako beste egitasmo batzuetan ekipoen eta zerbitzuen elkarreragingarritasuna bultzatzeko egitekoak diren prestakuntza-jardueretan. Atzerriko edo nazioarteko beste estatu edo erakunde batzuen mesedetan ere, egin ahal izango ditu prestakuntzarako jarduerak.
e) Babes Zibilaren Eskola Nazionalak saioak eman ditzake, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak baimena eman ondoren hurrenez hurren, babes zibilarekin lotutako lanbide-heziketako titulu ofizialak eta profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko.
2.Babes Zibileko Eskola Nazionalari esleitutako egitekoak Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiaren barruan betetzen dira.
IV. TITULUA
Estatuko Administrazio Orokorreko organoen eskumenak
33. artikulua. Gobernuaren eskumenak.
Honako eskumen hauek ditu gobernuak babes zibilaren alorrean:
a) Babes Zibilari buruzko Informazioaren Sare Nazionala eta Babes Zibileko Alerta Sare Nazionala arautzea.
b) Babes Zibileko Oinarrizko Araua onestea.
c) Babes Zibilaren Estatuko Plan Orokorra onestea.
d) Estatuaren esparruko eta eskumeneko babes zibileko plan bereziak onestea.
e) Babes zibileko larrialdi batek eremuren bati kalte larria egin diola ebaztea.
f) Babes zibilaren alorrean dagozkion nazioarteko lankidetza-hitzarmenak egitea.
g) Larrialdietako Unitate Militarraren esku hartzeko protokoloa onestea eta, hala egokitzen denean, babes zibilerako balia daitezkeen estatuko beste bitartekoena.
h) Lege honen bidez zein ordenamendu juridikoaren bidez agintzen zaizkion gainerakoak.
34. artikulua. Barne Arazoetako Ministerioaren eskumenak.
1.Barne Arazoetako Ministerioari dagokio babes zibilaren alorrean gobernuaren politika bultzatzea, koordinatzea eta garatzea.
2.Honako hauek dira Barne Arazoetako Ministerioaren eskumenak:
a) Babes zibilaren alorrean gobernuak onesten dituen jardueren arauak garatzea.
b) Babes Zibileko Oinarrizko Araua, Estatuko Plan Orokorra eta Estatuaren esparruko eta eskumeneko Babes Zibileko Plan Bereziak egitea eta gobernuari aurkeztea hark onets ditzan. Halaber, Babes Zibileko Estrategia Nazionala onestea proposatu behar dio Segurtasun Nazionalaren Batzordeari.
c) Interes nazionaleko larrialdia deklaratzea eta larrialdia noiz amaitzen den ebaztea, baita halako egoeretan dagozkion zuzendaritzaeta koordinazio-lanak bere gain hartzea ere.
d) Babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatzeko proposamena egitea gobernuari, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioarekin batera eta, hala egokitzen denean, baita gaiarekin zerikusia duten gainerako ministerioetako titularrekin batera ere.
e) Estatuaren eskumeneko babes zibileko planetako ekintzen eta planak betearazteko bitartekoen maila goreneko zuzendaritzaz, koordinazioaz eta ikuskapenaz arduratzea.
f) Oro har, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen esku-hartzea prestatzea eta Defentsa Ministerioaren titularrari Indar Armatuen laguntza eskatzea.
g) Babes Zibilaren Batzorde Nazionalaren buru izatea.
h) Europar Batasuneko Babes Zibilerako Mekanismoaren esparruan larrialdietan esku hartzeko taldeak eskaintzea.
i) Babes Zibileko Sistema Nazionalaren baliabideen mobilizazioa adostea, beste herrialde batzuetako hondamendietan lankidetzan aritzeko eta laguntza-taldeen jarduerak koordinatzeko, 42. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.
j) VI. tituluan aurreikusten diren arau-hauste oso astunengatik zehapenak ezartzea.
k) Lege honetan edo ordenamendu juridikoaren gainerako arauetan agintzen zaion beste edozein.
35. artikulua. Estatuko sektore publikoko beste departamentu, organismo eta erakunde batzuen eskumenak.
Gainerako ministerioek, organismo publikoek eta Estatuko sektore publikoko erakundeek parte hartuko dute babes zibileko jardueretan, beren eskumenez baliatuz eta indarrean den legediak eta babes zibileko planek ezarritakoa betez. Barne Arazoetako Ministerioak erabakiko du eta kasuan kasuko departamentuko edo organismoko agintari eskudunak aginduko du Estatuko bitarteko horien esku-hartzea.
36. artikulua. Gobernuaren ordezkarien eskumenak.
Gobernuaren ordezkariek, Barne Arazoetako Ministerioak agindutakoa betez, Estatuko Administrazio Orokorreko organoen eta zerbitzuen babes zibileko jarduerak koordinatuko dituzte dagokien lurraldean, kasuan kasuko autonomia-erkidegoetako eta tokierakundeetako babes zibileko organo eskudunekin elkarlanean.
37. artikulua. Indar Armatuak. Larrialdietako Unitate Militarra.
1.Indar Armatuek, babes zibilaren alorrean, Larrialdietako Unitate Militarraren bidez lagunduko dute batez ere, alde batera utzita beharrezkoak diren beste unitate batzuek ere laguntza ematen duten, eta bat etorriz legedi espezifikoan, lege honetan eta garapenaraudian ezarritakoarekin.
2.Larrialdietako Unitate Militarraren egitekoa estatuko edozein tokitan esku hartzea da, herritarren segurtasuna eta ongizatea ziurtatzeko; hala jokatuko du babes zibilaren helburuak betetzeko egoeraren larriagatik hala egin behar dela uste denean, estatuko erakundeekin eta administrazio publikoekin batera eta Defentsa Nazionalari buruzko azaroaren 17ko 5/2005 Lege Organikoan, lege honetan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoaren arabera.
3.Barne-ministroak eskatuko du Larrialdietako Unitate Militarraren esku-hartzea, egoera aztertu ondoren, eta Defentsa Ministerioaren titularrak aginduko du. Esku-hartzeen araubidea erregelamenduz ezarriko da.
4.Larrialdietako Unitate Militarra, interes nazionaleko larrialdietan, larrialdien zuzendaritza operatiboaz arduratuko da, Barne Arazoetako Ministerioaren zuzendaritzapean.
38. artikulua. Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen parte-hartzea.
1.Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek laguntza emango dute babes zibileko ekintzetan, bat etorriz Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan, lege honetan eta garapen-araudian ezarritakoarekin.
2.Babes zibileko planek, beren eskumenen eremuan, egitekoak esleitu ahal izango dizkiete Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoei, unitate zehatzei esleitu gabe.
V. TITULUA
Lankidetza eta koordinazioa
39. artikulua. Babes Zibilaren Batzorde Nazionala.
1.Babes Zibilaren Batzorde Nazionala Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidegoetako administrazioen, autonomia-estatutua duten hirien eta tokiadministrazioaren lankidetza-organoa da. Toki-administrazioa Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioak ordezkatzen du hor, toki-erakundeen estatu mailako elkarteetatik zabalduena bera dagoen aldetik. Batzordearen xedea laguntza ematea da, larrialdietan administrazio eskudunen jarduna eraginkorra, koherentea eta koordinatua izan dadin.
2.Honako hauek osatzen dute Batzorde Nazionala: Barne Arazoetako ministroak (batzordeburua da) , gobernuak zehazten dituen ministerioetako titularrek, babes zibilean eskumena duten hala autonomia-erkidegoen nola autonomia-estatutua duten hirien ordezkariek (autonomia-erkidego eta hiri horiek aukeratzen dituzte) , eta Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioak izendatzen duen ordezkariak.
Batzorde Nazionalak osoko bilkuren eta batzorde iraunkor baten bidez lan egiten du. Osoko bilkurari dagokio, kasu guztietan, Babes Zibileko Sistema Nazionalaren Estrategiaren oinarrizko ildoak onestea eta Batzorde Nazionalaren barne-erregelamenduak zehazten dituen gainerako egitekoak betetzea.
3.Batzorde Nazionalak bere barne-erregelamendua onetsiko du, eta haren bidez arautuko ditu bere antolaketa eta funtzionamendua.
4.Batzorde Nazionala izango da Hondamendiak Murrizteko Nazio Batuen Nazioarteko Estrategiaren Espainiako Komitea.
40. artikulua. Babes zibilean parte hartzeko eta koordinazio-lanak egiteko lurraldeorganoak.
Autonomia-erkidegoetako araudiak ezartzen duenaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorreko ordezkariek esku har dezakete babes zibilean parte hartzeko eta koordinaziolanak egiteko lurralde-organoetan.
41. artikulua. Europar Batasuneko Babes Zibileko Mekanismoari egindako ekarpenak.
1.Barne Arazoetako Ministerioak, hala komeni denean, tartean dauden Estatuko Administrazio Orokorreko departamentuekin koordinatuta lan egingo du, baita autonomiaerkidegoekin koordinatuta ere, Europar Batasuneko Babes Zibileko Mekanismoaren esparruan harremanetarako Espainiako erakundea denez prebentzio-jarduerei dagokienez zein prestatzeko eta hondamendiei erantzuteko asmoz mekanismo horren barruan egiten diren lanei dagokienez.
2.Barne Arazoetako Ministerioak ziurtatuko du Espainiak behar den koherentziaz parte hartzen duela Europar Batasuneko Babes Zibileko Mekanismoan, eta behar besteko lankidetza-harremana izango du Europako kontroleta informazio-zentroarekin. Mekanismoko Larrialdietarako Informazio eta Komunikazio Sistema Komuneko harremanetarako erakundea izango da aurrerantzean ere. Erregelamendu bidez, mekanismoaren babesean xedatzen diren Espainiako babes zibileko moduluen araubidea ezarriko da.
42. artikulua. Nazioarteko lankidetza.
Barne Arazoetako Ministerioak Sistema Nazionaleko baliabideak bilduko eta mobilizatuko ditu beste herrialde batzuetan hondamendiei aurrea hartzeko eta aurre egiteko, Espainiak izenpetutako nazioarteko tratatuen eta hitzarmen bilateralen arabera hala dagokionean, bai eta gobernuak hala erabakitzen duenean ere Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroak eta Barne Arazoetako ministroak eskatuta eta –hala badagokio– eskumenetan eraginak izan ditzaketen departamentuek eskatuta.
VI. TITULUA
Zehapen-araubidea
43. artikulua. Estatuko Administrazio Orokorraren zehatzeko ahala.
Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunek zehatzeko ahala erabiliko dute, titulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz, baldin eta ustez arau-haustetzat har daitezkeen jokabideak interes nazionaleko larrialdi izendatutako larrialdietan gertatzen badira edo Estatuko Administrazio Orokorrak zuzentzen eta kudeatzen dituen babes zibileko planak betearaztean gertatzen badira.
44. artikulua. Subjektu erantzuleak.
Arau-hausteen gaineko erantzukizuna araua hautsi duen pertsonari dagokio zuzenean.
45. artikulua. Arau-hausteak.
1.Arau-hauste administratiboak izango dira lege honetan tipifikatzen diren babes zibilaren alorreko egiteak eta ez-egiteak.
2.Arau-hausteak oso astunak, astunak edo arinak izan daitezke.
3.Honako hauek dira oso arau-hauste astunak:
a) Babes zibileko planetan ezarritakoa ez betetzea, hala jokatzea pertsonen edo ondasunen segurtasuna bermatzeko oso arriskutsua denean edo ondorio nabarmenak dakartzanean.
b) Larrialdi izendatutako egoeretan, organo eskudunetako titularren edo esku hartzen edo laguntzen duten zerbitzuetako kideen aginduak, debekuak, jarraibideak edo eskakizunak ez betetzea, eta enpresa publiko eta pribatuen zaintzarako eta babeserako zerbitzuei laguntzeko betebeharra ez betetzea, hala jokatzea pertsonen edo ondasunen segurtasuna bermatzeko oso arriskutsua denean edo ondorio nabarmenak dakartzanean.
c) Lege honetako 7 bis.7 artikuluak ezartzen dituen betebeharrak ez betetzea, pertsonen edo ondasunen segurtasuna bermatzeko oso arriskutsua denean edo ondorio nabarmenak dakartzanean.
d) Urtebeteko epean bigarren arau-hauste astuna egitea.
4.Honako hauek dira arau-hauste astunak:
a) Babes zibileko planetan ezarritakoa ez betetzea, hala jokatzea pertsonen edo ondasunen segurtasuna bermatzeko oso arriskutsua ez denean edo ondorio nabarmenik ez dakarrenean.
b) Larrialdi izendatutako egoeretan, organo eskudunetako titularren edo esku hartzen edo laguntzen duten zerbitzuetako kideen aginduak, debekuak, jarraibideak edo eskakizunak ez betetzea, eta enpresa publiko eta pribatuen zaintzarako eta babeserako zerbitzuei laguntzeko betebeharra ez betetzea, hala jokatzea pertsonen edo ondasunen segurtasuna bermatzeko oso arriskutsua ez denean edo ondorio nabarmenik ez dakarrenean.
c) 7 bis.7 artikuluak ezartzen dituen betebeharrak ez betetzea, hala jokatzea pertsonen edo ondasunen segurtasuna bermatzeko oso arriskutsua ez denean edo ondorio nabarmenik ez dakarrenean.
d) 7 bis.8 artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea, hala jokatzeak pertsonen edo ondasunen segurtasuna bermatzeko ondorio nabarmenak dakartzanean.
e) Urtebeteko epean hirugarren arau-hauste arina egitea.
5.Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) 7 bis.8 artikuluak ezartzen dituen betebeharrak ez betetzea, hala jokatzea pertsonen edo ondasunen segurtasuna bermatzeko oso garrantzitsua ez denean.
b) Lege hau ez betetzea, hori baina arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jo ez
bada.
46. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hauste oso astunengatik, 30.001 eta 600.000 euro arteko isuna ezarriko da.
2. Arau-hauste astunengatik, 1.501 euro eta 30.000 euro arteko isuna ezarriko da.
3. Arau-hauste arinengatik, gehienez, 1.500 euroko isuna ezarriko da.
47. artikulua. Zehapenak mailakatzea.
Lege honetan araututako zehapenak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta
Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 131. artikuluan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaren arabera aplikatuko dira.
48. artikulua. Zehatzeko ahalaz baliatzeko eskumena.
Honako hauek izango dira zehapen-prozedurak ebazteko eskudunak:
a) Gobernuaren ordezkaritzako titularra, arau-hauste arinak direnean.
b) Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiaren titularra, arau-hauste astunak direnean.
c) Barne Arazoetako Ministerioaren titularra, oso arau-hauste astunak direnean.
49. artikulua. Zehapen-prozedura.
1.Babes zibileko zehatzeko ahala baliatzeko, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. titulua eta hori garatzeko xedapenak bete beharko dira, alde batera utzi gabe titulu honetan arautzen diren espezialitateak.
2.Arau-hauste astunengatiko eta oso astunengatiko zehapen-prozedurak Ebazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez; arau-hauste arinengatiko prozedurak ebazteko epea, berriz, hiru hilabetekoa.
50. artikulua. Behin-behineko neurriak.
1.Salbuespenez, pertsona edo ondasunentzako arriskua berehalakoa denean, artikulu honen 2. zenbakian jasotako behin-behineko neurriak hartu ahalko dituzte babes zibileko agintari eskudunek prozedura hasi aurretik, eta gehienez hamabost eguneko epean berretsi, aldatu edo atzera bota beharko dituzte neurri horiek prozedurari hasiera emateko erabakian. Nolanahi ere, neurriok ondoriorik gabe geldituko dira, baldin eta, epe hori amaituta, prozedura abiarazten ez bada edota abiarazteko erabakiak ez badu berariaz ezer adierazten neurri horien gainean.
2.Zehapen-prozedura hasi ondoren, prozedura hasteko eskumena duen organoak edozein unetan har ditzake azken ebazpena –halakorik hartzen bada– eraginkorra izatea ziurtatzen duten behin-behineko neurriak, baita leporatutako arau-haustearen ondorioak mantentzea edo handitzea eragozten dutenak ere. Neurri horiek arau-haustearen izaeraren eta astuntasunaren araberakoak izango dira, eta, bereziki, honelakoak izan ahalko dira:
a) Arau-hausteak egiteko erabilitako tresnak edo gauzak eta, bereziki, objektu edo gai arriskutsuak leku seguru batean gordetzea.
b) Arriskuan dauden pertsonen, ondasunen, establezimenduen edo instalazioen aldeko segurtasun-neurriak hartzea, horien titularren kontura.
c) Lantegiak, lokalak edo establezimenduak badaezpada ere geldiaraztea edo ixtea.
d) Erabat edo partzialki geldiaraztea nabarmen kalteberak diren establezimenduen jarduerak, baldin eta establezimendu horiek ez badituzte aplikatzen behar diren Autobabeserako Planak edo segurtasun-neurriak.
Lehenengo xedapen gehigarria. Babes zibilaren alorreko boluntariotza eta erakunde laguntzaileak.
1.Botere publikoek boluntarioen parte-hartzea eta haiek behar duten trebakuntza sustatuko dituzte Babes Zibileko Sistema Nazionala indartzeko, ahaztu gabe herritar guztiek eskuarki laguntza emateko betebeharra dutela.
2.Babes zibileko boluntarioen jardueretan, kontuan hartuko dira boluntariotzari buruzko araudian ezarrita dauden borondatezko lanaren balio eta printzipioak eta araubide juridikoa, baita boluntarioak borondatezko lanean dabiltzan erakunde publikoen ildoak ere.
3.Gurutze Gorriak eta babes zibilarekin lotutako helburuak dituzten beste erakunde batzuek beren langile eta bitartekoez baliatuz lagunduko dute babes zibileko zereginetan.
Lehenengo xedapen gehigarria bis. Espainiako Gurutze Gorria eta beste erakunde laguntzaile batzuk.
1.Espainiako Gurutze Gorria, administrazio publikoek sustatutako jarduera humanitario eta sozialetan administrazio publikoen laguntzaile den aldetik, Babes Zibileko Sistema Nazionalaren erakunde laguntzailea da, eta dituen bitartekoez baliatuz lagundu ahal izango du sistema nazionalaren jardueretan, hitzarmenak eginda, hala egokitzen denean. 14. artikuluan jasotzen diren babes zibileko planetan adieraziko da Gurutze Gorriak zer lan egin ditzakeen, hala badagokio.
2.Besteak beste babes zibilarekin lotutako helburuak dituzten beste erakunde batzuek beren bitartekoez baliatuz lagunduko dute babes zibileko zereginetan.
Bigarren xedapen gehigarria. Segurtasun Nazionaleko, Defentsa Nazionalaren eta Azpiegitura Kritikoen sistemak eta nazioarteko tratatuetatik eratorritakoak.
Lege honetan xedatutakoa betetzeko, kontuan hartuko da Segurtasun Nazionaleko, Defentsa Nazionalaren eta Azpiegitura Kritikoen sistemak eta Espainiak izenpetutako nazioarteko tratatuetatik eratorritako sistemak ezartzeko indarrean den araudiak xedatzen duena.
Hirugarren xedapen gehigarria. Babes zibileko merezimenduaren domina.
1.Babes zibileko jardueretan nabarmendu diren pertsona fisikoak zein juridikoak sarituko dira babes zibileko merezimenduaren dominaren bidez.
2.Erregelamenduz ezarriko dira Estatuko Administrazio Orokorrak ematen dituen domina motak eta horien kategoriak, baita haiek emateko araubidea ere. Ez da inolako ordain ekonomikorik emango.
Laugarren xedapen gehigarria. Babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatzen ez den egoeretarako laguntzak.
Larrialdietarako edo hondamendietarako diru-laguntzei buruzko Estatuko erregelamendu-mailako araudia aplikatuko zaie babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatzeko deklarazioa egiten ez den kasuetako laguntzei; baita 22. artikuluko kalte pertsonaletarako laguntzei eta 21. artikuluan eta 24. artikuluko 1. zenbakiko a) , b) , c) eta d) letretan aipatzen diren kalte materialetarako laguntzei ere. Diru-laguntza horiek izapidetzean, lege honen 21. artikuluko 4. zenbakian xedatutakoa aplikatuko da.
Bosgarren xedapen gehigarria. Emandako zerbitzuen kostua zehazteko unitate-prezioak.
Babes Zibilaren Batzorde Nazionalak bitarteko materialen eta giza baliabideen unitateprezioen zerrenda bat onetsi ahal izango du, emandako zerbitzuen kostua zehazteko erreferentzia izan dadin aukeran, eta administrazio publikoen artean egiten diren
lankidetza-hitzarmenetan erabiltzeko eta larrialdietan zerbitzu publikoek esku-hartzeak dakartzan gastuak ordaintzeko.
Seigarren xedapen gehigarria. Arloko araudia duten planak eta programak.
Ministerioetako departamentuek babes zibileko administrazio publiko eskudunekin lankidetzan aritzeko mekanismoak zehaztuko dituzte, baldin eta departamentuok esleituak badituzte pertsonen segurtasuna edo bizitza arriskuan jartzen duten arrisku kolektiboko egoera zehatzetarako plangintza eta programak, Babes Zibileko Sistema Nazionalak koherentziaz jarduten duela ziurtatzeko.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Gastu publikoa ez handitzea.
Lege honetan jasotako neurriek ezingo dute hornidura-handitzerik eragin, ez eta ordainsariak edo bestelako pertsonal-gastuak handitzerik ere.
Babes Zibileko Sistema Nazionala Estatuaren Aurrekontu Orokorretan urtero propio gehitzen diren zuzkiduren arabera mantenduko da Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenen esparruan, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipio eta helburuei jarraituz.
Zortzigarren xedapen gehigarria. Araudiaren egokitzapena.
Lege honen xedapenek kontuan izango dute Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenera egokitzeari buruzko abuztuaren 1eko 26/2011 Legean ezarritakoa.
Bederatzigarren xedapen gehigarria. Udal mailako zehatzeko eskumena.
Alkateek eskumena izango dute babes zibilaren alorrean zehapen-prozedurak ebazteko, aplikagarria zaien legeria espezifikoan ezarritakoaren arabera.
Hamargarren xedapen gehigarria.
Lege honetan aurreikusitako laguntzak ez dira kontuan izango eskubidea eman eta mantentzeko, eta, hala egokitzen denean, ezta Gizarte Segurantzako kotizazio gabeko erretiroeta baliaezintasun-pentsioen zenbatekoari dagokionez ere.
Xedapen iragankor bakarra. Indarrean diren babes zibileko planak.
Lege honen arabera egiten eta onesten diren planek ordeztu arte aplikatu ahal izango dira lege hau indarrean jartzean dauden babes zibileko planak.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabetuta geratzen da babes zibilari buruzko 2/1985 Legea, urtarrilaren 21ekoa, bai eta lege honetan ezarritakoaren aurka edo ezarritakoarekin kontraesanean dauden maila bereko edo beheragoko arau guztiak ere.
Azken xedapenetatik lehenengoa. Eskumen-titulua.
Lege hau Konstituzioaren 149.1.29 artikuluan xedatutakoaren babesean eman da; artikulu horrek segurtasun publikoaren gaineko eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari.
Azken xedapenetatik bigarrena. Erregelamenduz garatzeko gaikuntza.
1.Ahalmena ematen zaio gobernuari lege honetan ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
2.Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministroak emango du 24. artikuluan ezarritako lan-arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko neurriak garatzeko agindua.
Azken xedapenetatik hirugarrena. Isunen zenbatekoak eguneratzea.
Gobernuari ahalmena ematen zaio isunen zenbatekoa eguneratzeko, askotariko ondorioak dituen errentaren adierazle publikoaren aldaketen arabera.
Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean sartzea.
Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabete igarota.
Horrenbestez,
Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.
Madrilen, 2015eko uztailaren 9an.
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY
w.boe.es |
BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO |
D. L.: M-1/1958 ISSN: 02 |
|
|
|