I. XEDAPEN OROKORRAK
ESTATUKO BURUZAGITZA
11501 15/2017 Errege Lege Dekretua, urriaren 6koa, Operadore ekonomikoek lurralde nazionalean mugikortasuna izateko presako neurriena.
I
Merkataritzako sozietateen estatutuak aldatzearen arloko tradiziozko arauaren arabera, batzar nagusiaren eskumena da horrelako erabakiak hartzea. Hala ere, 1956ko abenduaren 14ko Merkataritza Erregistroaren Erregelamenduak 105. artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da estatutuen aldaeratzat hartuko sozietatearen egoitza aldatzea sozietatea herri berean gelditzen bada, eta, betiere, estatutuek kontrakoa xedatu ezean. Legegileak irizpide horri berari jarraitu zion abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Sozietate Anonimoen Legearen testu bateginaren 149. artikuluan administratzaileei esleitu zienean udal-mugarte berean egoitza aldatzeko erabakia hartzeko ahalmena, betiere, estatutuek kontrakoa xedatu ezean; hala ere, aldaketa hori eskritura publikoan jaso eta eskrituraren inskripzioa egin beharko da. Konkurtso-arloko Presako Neurrien maiatzaren 25eko 9/2015 Legeak ere ildo horri jarraitu zion uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kapitaleko Sozietateen Legearen testu bategineko 285. artikuluaren 2. zenbakia aldatu zuenean, administrazio-organoaren eskumena lurralde nazionalaren barruan egiten diren egoitza- aldaketetara zabaldu baitzuen, berriro ere, estatutuek kontrakoa xedatu ezean.
II
Bi urte baino gehiago pasa dira erreforma onetsi zenetik, eta denbora horretan egoera ekonomikoaren aldeko bilakaerak gure enpresen mugikortasun geografikoa areagotzeko prozesua ahalbidetu du, baina lege hura interpretatzeko orduan desadostasunak daudela ikusi da. Egoitza sozialaren aldaketa Merkataritza Erregistroan sartu behar da, baina desadostasun horiek direla-eta inskripzioen erritmoa moteldu da, beraz, erreformak xede zuen eraginkortasuna, zati batean behintzat, ez da lortu. Batzuen interpretazioaren arabera, sozietatearen estatutuek egoitza sozialaren aldaketa erabakitzeko eskumena batzorde nagusiari dagokiola jasotzea eskumen hori administrazio-organoaren esku uztearen «kontrako xedapena da». Aurreikuspen hori, askotan, merkataritza-legedian historikoki aurreikusitako tradiziozko eskumenaren transkripzioa baino ez da, hain zuzen, aipatutako legezko erreformaren aurrekoa. Beste batzuen interpretazioaren arabera –9/2015 Legeak egindako erreformaren xedearekin lotuago baitago–, berriz, estatutuetan legezko arauketa gehigarria jasotze hutsak adierazten du momentu bakoitzean indarrean dagoen erregimen gehigarriaren mende egoteko bazkideen borondatea. Hori horrela bada, aipatutako «kontrako xedapena» bakarrik gertatuko da gerora estatutuak aldatu badira legezko erregimen gehigarria berariaz baztertzeko.
III
Adierazitako egoera abiapuntu hartuta, eta enpresa-jardueraren arau dinamizatzaile argi batek bere ahalmen guztia zabaldu dezan eta, ondorioz, ahalik eta azkarren aplikatu dadin –beharrezko ikusten denean erabaki operatibo hori hartzea– bermatzeko xedez, idazketa argia eman behar zaio Kapitaleko Sozietateen Legearen 285. artikuluari; idazketa berri horretan argi geratuko da zein den arau orokorra, hau da, egoitza sozialaren aldaketa lurralde nazionalaren barruan egiteko eskumena, jatorriz, administrazio-organoarena dela, beraz, akziodunek arau hori aldatu behar dela uste badute estatutuetan bertan xedatu beharko dute, bertan berariaz jasota administrazio-organoari ukatzen zaiola eskumen hori.
Horregatik, errege lege-dekretu honen artikulu bakarrak manu hori aldatzen du eta adierazitako eskakizunekin bat datorren idazketa ematen dio.
Xedapen iragankor bat ere gehitzen da, erreforma indarrean jarri aurretik onartu diren estatutuen erregimena arautzen duena; estatutu horietan kontrako xedapena dagoela ulertuko da honako errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta gero estatutuen aldaketa, hain zuzen, lurralde nazionalaren barruan egoitza soziala aldatzeko eskumena administrazio-organoarena ez dela dioena, onartu bada.
IV
Neurriaren aparteko eta presazko beharrizana justifikatua geratzen da Konstituzioaren
38.artikuluak xedatzen duen enpresa askatasunaren printzipioaren erabateko indarraldia bermatzeko eskakizunagatik, bai eta eragile ekonomikoek askatasunez koka daitezen eragozpenak jartzeko neurriak hartzeko debekua –Konstituzioaren 139. artikuluak aurreikusitako– errespetatzeagatik ere. Hori dela-eta interpretazio-desadostasunek eta sozietate-eztabaidek espainiar lurraldearen barruko egoitza aldaketen eraginkortasuna atzeratu dezaten ekiditu behar da, merkatuaren batasuna finkatzeko xedez. Behar hori premiazkoa da kontuan hartzen bada sozietate-mugimenduak areagotzen direla urte amaierako hiruhilekoan gure enpresek estrategia plangintzarekin loturiko erabakiak hartzen dituztelako, eta erabaki horiek abian jartzeko, askotan, egoitza soziala aldatu behar izaten da; gainera, egungo testuinguruan, erabaki horiek honako arau hau indarrean jarriko den momentuko inguruabar berezien ondoriozkoak izan daitezke.
Horregatik guztiagatik, hartzen diren neurri guztietan, haien izaera eta xedea ikusirik eta zer egoeratarako diren kontuan hartuz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak honelako arau bat baliatzeko eskatzen dituen aparteko eta presazko inguruabarrak gertatzen dira.
Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimena baliatuz, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroaren proposamenari jarraituz, eta Ministro Kontseiluak 2017ko urriaren 6ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Uztailaren 2ko1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kapital Sozietateen Legearen testu bategina aldatzea.
Uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren 285.2 artikulua honela geratzen da idatzita:
«2. Aurreko zenbakian ezarritakoaren salbuespen gisa, administrazio-organoak eskumena izango du egoitza soziala lurralde nazionalaren barruan aldatzeko, estatutuek kontrakoa xedatu ezean. Estatutuen kontrako xedapena dagoela ulertuko da berariaz jasotzen denean horietan eskumen hori ez dela administrazio- organoarena, ez bestela.»
Xedapen iragankor bakarra. Errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik onartutako estatutuen erregimena.
Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren 285.2 artikuluari errege lege-dekretu honek emandako idazketarekin bat aurreikusitako ondoreetarako, estatutuen kontrako xedapena dagoela ulertuko da errege lege-dekretu hau indarrean jarri ondorengo estatutuen aldaketa onartu bada, zeinetan berariaz xedatzen baita administrazio-organoak egoitza soziala lurralde nazionalaren barruan aldatzeko eskumena ez duela.
Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.
Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 6. eta 13. arauetan xedatutakoaren babesean eman da; horiek, hurrenez hurren, Espainiako
Estatuari esleitzen diote merkataritza- eta prozesu-legeriaren, eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak zehaztearen eta horiek koordinatzearen gaineko eskumen esklusiboa.
Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2017ko urriaren 6an.
FELIPE E.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY