Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Gizarte-zerbitzuak

15/2012 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, RTVE korporazioaren administrazio-araubidea, ekainaren 5eko 17/2006 Legean aurreikusia, aldatzeari buruzkoa

2012-04-20

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/4/21, 96. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

5338

15/2012 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, RTVE korporazioaren administrazio-araubidea, ekainaren 5eko 17/2006 Legean aurreikusia, aldatzeari buruzkoa.

I

Ekainaren 5eko 17/2006 Legeak, Estatuaren Titulartasuneko Irrati eta Telebistarenak, Estatuaren titulartasuneko irratiaren eta telebistaren zerbitzu publikoa arautzen du; halaber, zerbitzu publiko horiek eskaintzeko ardura duten erakundeen araubide juridikoa ere ezartzen du.

Legeak «Corporación de Radio y Televisión Española, SA» RTVE Korporazioa sortu zuen, eta, 3. artikuluan, erakunde horri ematen dio Estatuko irrati eta telebistaren zerbitzua kudeatzeko ardura.

17/2006 Legearen helburua Estatuaren titulartasuneko irratiari eta telebistari araubide juridikoa ematea da; batetik, haien independentzia, neutraltasuna eta objektibotasuna bermatzeko, eta, bestetik, zerbitzu publiko gisa duten eginkizuna eraginkortasunez, kalitatez eta herritarren aintzatespenarekin bete ahal izateko antolaketa-egiturak ezartzeko.

17/2006 Legeak hamabi kide dituen Administrazio Kontseilu baten esku uzten du RTVE Korporazioa administratzeko eta gobernatzeko eginkizuna. Gorte Nagusiek izendatzen dituzte kide horiek: Senatuak lau eta Diputatuen Kongresuak zortzi; guztiak ere, trebakuntza eta esperientzia profesional zabala daukaten pertsonen artean. Kide horiek aukeratzeko, bi herenen gehiengoa behar da ganbera bakoitzean.

Era berean, Diputatuen Kongresuak Korporazioko eta Administrazio Kontseiluko presidentea izendatuko du, hautatutako kontseilarien artean, eta hura arduratuko da bere ohiko zuzendaritza exekutiboaz. Presidentea izendatzeko, bi herenen gehiengoa behar da Diputatuen Kongresuan.

Legeak xedatutakoaren arabera, Administrazio Kontseiluko kideen agintaldia sei urtekoa izango da, bere lehen eraketan izan ezik –hiru urtekoa izango baita–; gainera, hiru urtean behin, kideen erdiak berrituko dira.

RTVE Korporazioa barne hartzen duen sektore publikoari dagokionez, Gobernuak sektore horren ahalik eta austeritate eta eraginkortasunik handiena lortzeko konpromisoa hartu du; horregatik, berau arrazionalizatzeko prozesuan murgildurik dago.

RTVE Korporazioaren egungo Administrazio Kontseilua 2007ko urtarrilean izendatu zuten. Lehenengo presidenteak karguari uko egin ondoren, 2009ko azaroan izendatu zuten ordezkoa; horrek, baina, dimisioa aurkeztu zuen 2011ko uztailean. Horren ostean, bi kontseilarik egin diote uko karguari.

Horren guztiaren ondorioz, gaur egun, hiru plaza daude hutsik RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluan, eta, haietako bat, presidenteari dagokiona; gainera, bost kontseilariren agintaldia bukatu da jada.

Aurreko presidenteak postuari uko egitean postua hutsik gelditu zenez, Administrazio Kontseiluak txandakako jarduneko presidentetza ezarri zuen. Estatuaren Abokatutza Orokorrak RTVE Korporazioari buruz egindako txostenetan adierazitakoaren arabera, Korporazioko presidentearen kargua hutsik dagoen bitartean, jarduneko presidenteak ez du sozietatearen zuzendaritza exekutiborako ahalmenik izango; hortaz, kide anitzeko organoaren presidentetzaren berezko eginkizunak bakarrik beteko ditu. Hori horrela, erakundeari ezinezkoa zaio oinarrizko eginkizun batzuk betetzea; adibidez, bere kontuak onartzea, edota RTVE Korporazioaren lehen mailako zuzendari-taldearen kideak ordezkatzea. Administrazio Kontseilua behin-behinekoa izatean, ezin ditu postuei uko egin dietenak ordezkatu.

RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseilua lehendabizikoz izendatu zenetik pilatutako esperientziari esker, argi ikusi da bere osaeran eta kideen izendapenean hainbat aldaketa egin behar direla, funtzionamendu eraginkorragoa izan dezan.

Lehenik eta behin, Administrazio Kontseiluak kide gehiegi ditu gaur egun, eta ezinbestekoa da kopurua murriztea, Korporazioaren funtzionamendua eraginkorra eta efikaza izan dadin. Horregatik, Errege Lege Dekretu honen bidez, RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluaren kideak hamabitik bederatzira murriztuko dira. Era horretan, Diputatuen Kongresuak izendatu beharreko hiru kide kenduko dira; horietako bi, Korporazioan ordezkaritza duten Estatuko sindikatu nagusiek proposatuta aukeratzen dira.

Hala eta guztiz ere, sindikatuak RTVE Korporazioaren organoetan presente egongo direla bermatzeko, aldatu egingo da Aholku Batzordearen osaera; horrenbestez, Korporazioan ordezkaritza duten sindikatu guztiek, elkarrekin adostuta, kontseilari bat izendatu ahal izango dute.

Nolanahi ere, langileen ordezkaritza guztiz bermatuta dago, RTVE Korporazioa osatzen duten sozietateen enpresa-batzordeen bidez.

Bestalde, RTVE Korporazioaren presidentea eta Administrazio Kontseiluko kideak izendatzeko prozesua ez da eraginkorra –prozesu hori 17/2006 Legean dago arautua, eta Gorte Nagusietan sendotutako gehiengo-sisteman oinarritua–. Izan ere, ez du Administrazio Kontseilua behar bezain azkar berritzeko aukerarik ematen, Korporazioaren funtzionamendua gelditzea saihesteko azkar berritu behar baita.

Errege lege-dekretu honetan araututako izendapen-sistemaren bidez, dagokion ganberan ez bada RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluko kideak hautatzeko beharrezkoa den bi herenen gehiengoa lortzen, aukera egongo da bozketa hogeita lau orduren ostean berriro egiteko. Kasu horretan, ganbera bakoitzak gehiengo osoz aukeratuko ditu dagozkion kontseilariak.

RTVE Korporazioaren eta Administrazio Kontseiluaren presidentea izendatzeko, antzeko prozedura jarraituko da: Diputatuen Kongresuan ez bada bi herenen gehiengoa lortzen, gehiengo osoz izendatu ahalko da hogeita lau orduren ostean.

Aldaketa horri esker, epe laburrean berritu ahal izango da Administrazio Kontseilua, eta, hala, saihestu egingo dira egun RTVE Korporazioan dauden egoerak.

Neurri hori bat dator 17/2006 Legean ezarritako irizpidearekin; bertan xedatutakoaren arabera, Administrazio Kontseilua izendatzeko lehen saioan bi herenen gehiengoa lortu ezean, bigarrenean nahikoa izango zen gehiengo osoa. Hain zuzen ere, Parlamentuko gehiengoen blokeoaren bidez RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseilua eratzeko eragozpenak baztertzearren jaso zuen legeak aukera hori.

Horrez gain, RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseilua izendatzeko prozeduran izandako aldaketekin aurrera eginez, nabarmendu behar da Kontseiluko kideren batek postuari behar baino lehenago uko egiten badio, kide berria aurrekoari geratzen zitzaion aldirako izendatuko dela, herri-administrazioko kide anitzeko beste organo batzuetan eta merkataritza-sozietateen administrazio-organoetan egiten den bezalaxe.

Azkenik, sektore publikoan egun nagusi diren austeritate- eta efizientzia-printzipioak aintzat hartuta, ezabatu egin dira Administrazio Kontseiluko kideek orain arte jasotzen zituzten ordainsari finkoak, RTVE Korporazioaren presidentearenak izan ezik. Ordainsari horien ordez, Kontseiluaren saioetara joateagatiko kalte-ordainak jasoko dituzte, beste herri-erakunde batzuetan egiten den modura.

Errege lege-dekretu honen bidez egindako aldaketek bermatu egiten dute 17/2006 Legeak irrati eta telebista publikoetarako aldarrikatzen duen independentzia, eutsi egiten diotelako RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluko kideak eta presidentea aukeratzeko prozeduran adostasun politikoa egoteko aukerari.

II Horretaz gain, ezinbestekoa da Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra aldatzea, hain zuzen ere, kirol-ekitaldien berri zuzenean emateko asmoz irrati bidez ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak eskaintzen dituztenak estadioetan eta kirol-esparruetan sartzeko aukerarekin lotuta sortu den gatazka konpontzeko, eta, horrela, informazioa komunikatzeko oinarrizko eskubidea bermatzeko.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrak II. tituluaren II. kapituluaren 3. atalean arautzen du ikus-entzunezko edukiak telebistaz ematea esklusiban kontratatzea, informaziorako oinarrizko eskubidea babestearren eta ikusentzuleen interesen babes osoa eta egokia bermatzearren. Dena den, ikus-entzunezko edukiak telebistaz emateko aukera bakarrik arautzen du legeak; ez dio irrati-difusioari aipamenik egiten.

Irrati bidez ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua eskaintzen dutenek kirol-ekitaldiak irratiz ematea informazioa komunikatzeko eta jasotzeko eskubidearen adierazpena da, argi eta garbi. Eta eskubide hori Konstituzioaren 20.1.d) artikuluan dago aitortuta.

Europako Parlamentuak kirolaren dimentsio europarrari buruz 2011ko azaroan egin berri duen txostenean aitortzen duenaren arabera, kazetariek eskubidea dute interes publikoko kirol-ekitaldi antolatuetan sartzeko eta horien gaineko informazioa emateko; hori guztia, herritarrek halako ekitaldiei buruz albiste eta informazio independenteak jasotzeko duten eskubidea bermatzearren.

Aurreko guztia kontuan harturik, ikus-entzunezko legeriak espresuki aitortu behar du irrati bidez ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua eskaintzen dutenek eskubidea dutela kirol-ekitaldiei buruzko informazioa emateko, era horretan babestu egiten dutelako herritar guztiek informaziorako duten eskubidea. Horixe adierazten du, hain zuzen ere, Ikusentzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren zioen azalpenak.

Eskubide hori erabili ahal izateko, irrati-operadoreek askatasuna izan behar dute kirolekitaldiak egiten diren esparruetan edo tokietan sartzeko.

Horregatik guztiagatik, aldatu egin da Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorraren 19. artikulua; hots, kirol-ekitaldiak zuzenean emateko asmoz –eta trukean ordainik eman beharrik izan gabe–, irrati bidez ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak eskaintzen dituztenei estadioetan eta esparruetan sartzeko aukera bermatzeko.

Hala eta guztiz ere, irrati bidez ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak eskaintzen dituztenek, eskubide hori gauzatzeko, instalazio jakin batzuk erabili behar dituztenez ekitaldia egiten den esparruetan, irrati-operadoreek esparruetako kabina horiek mantentzeak dakartzan gastuak ordaindu beharko dizkiete eskubideen titularrei, bai eta informazioa komunikatzeko eskubidea bermatzearren beharrezko diren gainerako zerbitzuak ere.

Alderdiek elkarren arteko adostasunez finkatuko dute ordainaren zenbatekoa.

Zenbateko horren inguruan adostasunik lortzen ez badute, ikus-entzunezko agintari eskudunak ebatzi beharko du gatazka (gaur egun, Telekomunikazioetako Merkatuaren Batzordeak); hartarako, alderdietako batek eskatuta, eta entzunaldia egin ondoren, ebazpen loteslea emango du.

III Errege lege-dekretua baliatu ahal izateko, aparteko eta premiazko beharrizana eskatzen du Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak. Honako arau hau onesteko, bada halako beharrizana.

Konstituzioak, 20. artikuluan, aniztasunaren, egiazkotasunaren eta irisgarritasunaren balioak bermatzen ditu iritzi publikoa osatzen laguntzeko, eta Estatuaren mendeko komunikabide sozialen antolaketa eta parlamentu-kontrola lege bidez arautuko direla aurreikusten du.

17/2006 Legeak xedatzen duenez, Estatuko irrati eta telebistaren zerbitzu publikoa funtsezko zerbitzua da gizarte demokratikoen batasunerako eta kohesiorako, eta hauexek ditu helburu: irratiko eta telebistako kanal batzuk ekoiztea, editatzea eta zabaltzea. Kanal horiek programazio anitzak eta orekatuak eduki behar dituzte, era guztietako hartzaileentzat, Espainiako gizartearen informazio-, kultura-, hezkuntza- eta entretenimendu-beharrak asetzeko, nortasun eta aniztasun kulturala zabaltzeko, eta, aniztasuna, parte-hartzea eta Konstituzioan jasotako gainerako balioak zabaltzeko.

Betiere, talde sozial eta politiko esanguratsuen irispidea bermatuta.

Bide horretatik jo du Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrak.

Zerbitzu hori kudeatzeko eginkizuna RTVE Korporazioari egokitu zaio; beraz, horri dagokio Estatuko irratiaren eta telebistaren zerbitzu publikoaren xedea betetzea. 17/2006 Legeak zioen azalpenean dioen bezala, zerbitzu publikoaren irizpideak zuzendu behar du titulartasun publikoko komunikabideen jarduera.

RTVE Korporazioaren egungo egoera dela kausa, lehenbailehen hartu behar dira erakundearen kostuak aurrezteko neurriak –Kontseiluko kideen kopurua eta ordainsariak murriztea, adibidez–, baina premiazkoa da, halaber, erakundea kudeatzeaz eta finantzaneurriak hartzeaz arduratzen den organoa azkar eratzea.

RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluan sortu den egoeraren ondorioz, sozietateak ez dauka funtzionatzerik, eta zerbitzu publiko gisa dagozkion eginkizunak ez betetzeko arriskuan dago. RTVE Korporazioaren presidente-postua hutsik dagoenez, jarduneko presidenteak ezin ditu Korporazioak funtziona dezan funtsezkoak diren eginkizun jakin batzuk gauzatu; ekitaldiko urteko kontuak formulatzea edota RTVE Korporazioaren aurrekontu-aurreproiektua egitea, besteak beste.

RTVE Korporazioaren funtzionamendua etenda dago 2011ko uztailaz geroztik, eta Korporaziorako funtsezkoak diren erabaki batzuk luze gabe hartu behar dira –bere kontuak onartzea, esaterako–. Horregatik guztiagatik, errege lege-dekretu honen bidez, aldatu egingo da 17/2006 Legea, RTVE Korporazioaren kudeaketa sektore publikoan nagusi izan behar diren eraginkortasun- eta austeritate-irizpideetara egoki dadin. Horrela egin ezean, RTVE Korporazioa esleitu zaion zerbitzu publikoaren eginkizuna ez betetzeko arrisku larrian legoke.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrari egindako aldaketari dagokionez, komunikatzeko eta informazioa jasotzeko oinarrizko eskubidearen erabilera bermatzeko beharrari erantzuten dio –arestian aipatutako Konstituzioaren 20. artikuluan dago aldarrikatuta–.

Irrati-difusioaren bitartez kirol-ekitaldiak zuzenean emateko estadioetan eta esparruetan sartzearen harira gatazka hasi zenetik, ez da lortu berau amaiarazteko adostasunik. Eta oinarrizko eskubide bat gauzatzea eragozten ari da. Horregatik, hain zuzen, ezinbestean aitortu behar da irrati bidez ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua eskaintzen dutenek sartzeko eskubidea dutela. Era berean, eskubide hori erabiltzeko mekanismoa ezarri behar da, informazioa askatasunez komunikatu ahal dezaten.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimenaz baliatuz, Gobernuko presidenteordearen eta Lehendakaritzako ministroaren, eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroaren proposamenari jarraiki, Ministroen Kontseiluak 2012ko apirilaren 20ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATU DUT:

1. artikulua. Estatuaren titulartasuneko irrati eta telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legea aldatzea.

Bat. 10. artikuluaren 1. paragrafoa honela idatzita geldituko da:

«1. RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluak bederatzi kide izango ditu; guztiak ere, trebakuntza eta esperientzia profesional zabaleko pertsona fisikoak.

Administrazio Kontseiluaren osaeran, gizonen eta emakumeen arteko parekotasunari heltzeko ahaleginak egin beharko dira.» Bi. 11. artikuluaren 1. paragrafoa honela idatzita geldituko da:

«1. Gorte Nagusiek hautatuko dituzte Administrazio Kontseiluko kideak, trebakuntza eta esperientzia profesional zabala duten pertsonen artetik. Zehazki, Diputatuen Kongresuak bost kide aukeratuko ditu, eta Senatuak lau.» Hiru. 11. artikuluaren 2. paragrafoa ezabatu egingo da.

Lau. 11. artikuluaren 3. paragrafoa honela idatzita geldituko da:

«3. Proposatutako izangaiek, erregelamenduan erabakitzen den moduan, aldez aurretik Kongresuan eta Senatuan entzunaldi publikoa izango dute, bi ganbera horiek kargurako egokiak diren erabaki ahal izan dezaten. Aukeratuak izateko, dagokion ganberaren bi herenen gehiengoa beharko dute.

Ganbera bakoitzeko lehen bozketatik hogeita lau ordura ez bada bi herenen gehiengoa lortu, bi ganberek gehiengo osoz hautatuko dituzte RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluko kideak, artikulu honen 1. paragrafoari jarraiki.» Bost. 11. artikuluaren 4. paragrafoa honela idatzita geldituko da:

«4. Diputatuen Kongresuak, hautatutako bederatzi kontseilarietatik, RTVE Korporazioaren eta Kontseiluaren presidentea izango dena izendatuko du. Berau izendatzeko, ganberaren bi herenen gehiengoa beharko da. Lehen bozketatik hogeita lau ordura ez bada bi herenen gehiengoa lortu, Diputatuen Kongresuak gehiengo osoz izendatuko du RTVE Korporazioaren eta Kontseiluaren presidentea.» Sei. 12. artikuluaren 2. paragrafoa honela idatzita geldituko da:

«2. Administrazio Kontseiluko kideren batek, agintaldian zehar, kargua uzten badu, gelditzen zitzaion aldirako izendatuko da haren ordezkoa. Ganberek parlamentu-taldeen proposamenari jarraiki bete beharko dituzte hutsik gelditutako postuak.» Zazpi. 15. artikuluaren 1. paragrafoa honela idatzita geldituko da:

«1. Administrazio Kontseiluko kideek merkataritza-legedian administratzaileentzat ezarritako bateraezintasun-araubidea bete beharko dute; horrenbestez, ezin izango dira, inolaz ere, aldi berean Administrazio Kontseiluko eta Parlamentuko kide izan.

RTVE Korporazioaren presidenteak, gainera, arduraldi esklusiboa izango du, eta Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguen bateraezintasun-araubidea bete beharko du.» Zortzi. 15. artikuluaren 4. paragrafoa honela idatzita geldituko da:

«4. Administrazio Kontseiluko presidenteak martxoaren 5eko 451/2012 Errege Dekretuarekin bat etorriz finkatutako ordainsariak jasoko ditu –arau horren bidez, enpresa-sektore publikoko eta beste entitate batzuetako arduradun eta zuzendari nagusien ordainsari-sistema arautzen da–. Administrazio Kontseiluko gainerako kideek, berriz, bilkuretara joateagatiko kalte-ordainak bakarrik jasoko dituzte, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraiki.» da:

Bederatzi. 23. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egin da, eta honela idatzita geldituko «2. Aholku Batzordeak hamasei kide izango ditu guztira. Honela izendatuko dira:» Hamar. 23. artikuluaren 2. paragrafoari m) hizkia erantsi zaio, eta ondoko hau dio:

«m) RTVE Korporazioan ordezkatuta dauden sindikatu guztiek elkarren arteko adostasunez izendatutako kontseilari bat.» 2. artikulua. Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra aldatzea.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra honela aldatu da: Bat. Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren II. tituluaren II. kapituluaren 3. atalaren titulua aldatu egin da, eta honela idatzita geldituko da:

«3. atala. Ikus-entzunezko edukiak emateko aukera esklusiboki kontratatzea» Bi. 19. artikuluaren 4. paragrafoa 5.a izango da aurrerantzean, eta 4. paragrafoa honela idatzita geldituko da:

«4. Irrati bidez ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak eskaintzen dituztenak askatasunez sartu ahal izango dira estadio eta esparruetara, bertan antolatzen dituzten kirol-ekitaldiak zuzenean emateko. Trukean, eskubide hori gauzatzeak sortutako kostuen adinako ordain ekonomikoa eman beharko dute.

Bi alderdiek elkarrekin adostuta finkatuko dute ordain ekonomikoaren zenbatekoa. Zenbateko horren gainean adostasunik lortzen ez badute, Telekomunikazioetako Merkatuaren Batzordeak ebatziko du gatazka, ebazpen lotesle baten bidez; betiere alderdietako batek eskatuta, eta entzunaldia egin ondoren.» Xedapen iragankorra. RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluko kideen kopuruaren osaera egokitzea.

RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluko kideen kopuruaren osaera Errege lege-dekretu honen 1.Bat artikulura egokitzeko xedez, gaur egun hutsik dauden hiru postuak desagertu egingo dira, aipatutako araua indarrean sartzen denetik aurrera.

Azken xedapenetako lehena. Konstituzio-oinarria.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.27 artikuluan ezarritakoa betez emana da. Artikulu horrek prentsaren, irratiaren, telebistaren, eta, oro har, gizarte-komunikabide guztien araubideari buruzko oinarrizko arauak onartzeko eskumena aitortzen dio Estatuari, autonomia-erkidegoek arau horiek garatu eta betearazteko dauzkaten ahalmenei kalterik egin gabe.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean sartzea.

Errege lege-dekretu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Madrilen emana, 2012ko apirilaren 20an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra