13/2018 Errege Lege Dekretua, irailaren 28koa, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legea aldatzen duena ibilgailuak gidari eta guzti alokatzearen arloari dagokionez.
2018-09-28Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2018/09/29 236zk
I. XEDAPEN OROKORRAK
13179 13/2018 Errege Lege Dekretua, irailaren 28koa, Lurreko Garraioen
Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legea aldatzen duena ibilgailuak gidari eta guzti alokatzearen arloari dagokionez.
Apirilaren 20ko 3/2018 Errege Lege Dekretuak Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legea aldatu zuen ibilgailuak gidari eta guzti alokatzearen arloari dagokionez.
Erreforma horren helburua zen oreka egokia bermatzea garraio-modalitate horretako zerbitzuen eta taxi-zerbitzuaren eskaintzen artean; taxi-zerbitzua udal-lizentzien babespean ematen da eta, kasua denean, turismo-ibilgailuen bidezko bidaiarien garraiorako baimenen babespean.
Apirilaren 20ko 3/2018 Errege Lege Dekretua indarrean jarri zenetik pasatu diren hilabeteetan, han jaso ziren neurriak nahikoa ez direla izan agerian gelditu da, hots, gure herrialdeko hirigune nagusietan turismo-ibilgailuen bidezko hiri-garraiorako eskaintza gero eta handiagoak eragiten dituen mugikortasun arazoei, auto-ilarei eta ingurumen-arazoei aurre egiteko nahikoa ez direla izan. Era berean, garraio-modalitate horren hazkunde azkarrak turismo-ibilgailuen bidezko garraioaren eskaintzaren eta eskaeraren arteko desoreka ekar dezake harekin, zerbitzuen narriadura orokorra eragingo duena eta, ondorioz, bidaiarientzako kaltea. Horrek argi erakusten du beharrezkoa dela taxi-zerbitzuari eta ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zerbitzuari aplikatzekoak diren erregulazioak progresiboki hurbiltzea, horrela eginez turismo-ibilgailuen bidezko bidaiarien garraiorako modalitate bien tratamendu harmonikoa lortuko baita. Hori da errege lege-dekretu hau emateko arrazoia; gainera, bertan xedatutakoarekin batera taxi-zerbitzuari aplikatzekoak diren eta haien zurruntasunagatik zerbitzuaren lehiakortasuna eragozten duten arauen berrikusketan aurrerapausuak emateko aholkatzen da.
Adierazitako arazo hori hiriguneetara mugatzen da, hau da, ez du dena delako autonomia-erkidegoaren lurraldetik at eragiten. Horregatik geroraezina da arazo horiei erantzuna ematea, eta soilik hirian, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko modalitatearen bidez, egiten den garraioa eta autonomia-erkidegoaren eremura mugatzen den zerbitzu horren baldintzak efikaziaz landu ditzaketenak eremu bakoitzeko inguruabar partikularrak baloratzeko egoerarik onenean dauden administrazioak dira.
Hori dela-eta Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 91. artikulua aldatzen da, eta xedatzen da ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko nazio-eremuko baimenak soilik gaituko duela hiriarteko zerbitzuetarako.
Horrekiko koherentzia gordez, hiri-garraioen arloko organo eskudunek zehaztu ahalko dute, dagozkien eskumenak baliatuz, zer baldintza bete beharko diren kasuan kasuko lurralde-eremuan osotasunean ematen diren bidaiarien garraiorako zerbitzuak baimendu eta emateko, zerbitzu horien barne izango direla ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko modalitatean ematen direnak.
Aurreko neurrien osagarri gisa, eta arazo berari erantzuna emateko, arau orokor gisa xedatzen da zerbitzu ematearen abiapuntua kasuan kasuko baimenak helbidea duen autonomia-erkidegoan egon behar dela. Neurri horrek zerikusia du nazio-eremuko baimenaren eta autonomia-erkidegoek zerbitzu mota horiek emateko ezar ditzaketen erregimenen arteko loturarekin; errege lege-dekretu honen lehenengo xedapen gehigarrian jasotzen da autonomia-erkidegoei araubideak emateko aitortzen zaien gaikuntza.
Gure hirigune nagusietan sortzen ari diren mugikortasun- eta ingurumen-arazoak konpontzeko, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko prestaziorako baldintzak zehaztu eta definitu behar dira, turismo-ibilgailuen bidezko garraioaren eskaintza gehien hazten ari den hirietako zenbait alderdi kontuan hartuta, honako hauek hain zuzen: inguruabar demografikoak, azpiegituren zuzkidura eta urtaroen araberako ekonomia. Horregatik jotzen da autonomia-erkidegoak direla administrazio egokienak ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zerbitzuaren prestaziorako baldintzak erarik eraginkorrenean zehaztu ditzaketenak, beren lurralde-eremuko garraioaren inguruabar zehatzak eta mugikortasuna kontuan hartuta. Helburu horretarako, gaitasuna aitortzen zaie zerbitzu horri aplikatuko zaizkien estatu mailako arauen zenbait alderdi zehaztu, garatu edo aldatzeko, aldi baterako edo betirako, baldin eta ibilbidea beren lurraldetik ez bada ateratzen. Eta hori guztia, hargatik eragotzi gabe hiri-mugikortasunaren eremuan udalek dituzten eskumenak.
Arautze berriaren eta honako errege lege-dekretua indarrean jartzeko momentuan zeuden eskubideen arteko oreka egokia bermatzeko eta baimenen lurralde-eremuaren definizio berriak aurreko arautzearekin bat emandako baimenen titularrei eragin diezazkien kalteak konpentsatzeko, lau urteko epea ematen zaie zerbitzua ematen jarraitu ahal dezaten hiri-eremuan. Administrazioak dituen datuen eta egindako balorazioen arabera, epe hori eragindako kalteak konpentsatzeko nahikoa dela jotzen da; hala ere, behar bezala justifikatutako zenbait kasutan epe hori zabaltzeko aukera onartuko da. Kasuan kasuko inbertsioaren errekuperazio-aldia kalkulatzeko, egoki iritzi zaio erreferentzia gisa otsailaren 3ko 55/2017 Errege Dekretuan aurreikusitako formula aintzat hartzeari; errege-dekretu horren bidez, Espainiako Ekonomiaren Desindexazioaren martxoaren 30eko 2/2015 Legea garatu zen.
Adierazitakoez gainera, errege lege-dekretu honen bidez hartu diren neurriak hartzeko aparteko eta presako beharrizana justifikatua geratzen da gero eta zerbitzu gehiago dagoelako, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzekoak, hiri- eta metropoli-eremuetan soilik ematen direnak; administrazio eskudunek ezin izan zuten hazkunde hori aurreikusi, baina hasi da, jada, eremu horietako garraioaren antolamendua berehala eta era adierazgarriz eragiten, bereziki, beste zerbitzu batzuek turismo-ibilgailuen bidez eskaintzen dutenarena (taxiak). Bistan da turismo-ibilgailuen eskaintzaren eta eskaeraren arteko oreka faltagatik azken hilabeteetan sortu den gatazka, eta horrek agerian jartzen du erantzuna eman behar zaiola esparru finkoa ezartzeko gero eta handiagoa den eskaerari; alde batetik, herritarrek garraio forma horiek baldintza optimoetan erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko eta, bestetik, garraio-enpresek beren jarduera bidezko baldintzekin bat —benetako lehiakortasuna ahalbidetuko diena— garatu ahal izateko. Erreformaren helburua da funtsean berdinak diren garraio-zerbitzuak arau-esparru koherentean gara daitezen
Esandakoaren ondorioz, kasu honetan, errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, aproposa eta egokia delako presako legegintzaren xedea lortzeko; hau da, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz eta Gobernuaren helburuen barruan, egoera jakin bat diruz laguntzeko, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena —esan nahi baita, ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan—.
Beraz, errege lege-dekretu honetako neurri guztiek, oro har eta banan-banan, beren izaera eta xedea ikusirik, bete egiten dute Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretuak onartu ahal izateko eskatzen duen aparteko eta presako beharrizanaren baldintza.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak jasotzen duen baimena baliatuta, Sustapeneko ministroaren proposamenez, eta Ministro Kontseiluak 2018ko irailaren 28ko bileran eztabaidatu ondoren,
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legea aldatzea.
Aldatu egiten da Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 91. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:
«91. artikulua.
1. Garraio publikorako baimenek nazio-lurralde osoan zerbitzua emateko gaitzen dute, eta zerbitzuaren abiapuntuak edo helmugak ez dute mugatuko zerbitzu emate hori.
Salbuespenez, turismo-ibilgailuen bidezko bidaiarien garraiorako eta ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenek soilik gaitzen dute bidaiarien hiriarteko garraioa egiteko. Ondore horietarako, hiriarteko garraioaz ari garela ulertuko da ibilbidea udal-mugarte batetik edo garraio publikoko zerbitzuak batera ematen diren zona batetik baino gehiagotik pasatzen denean; organo eskudunak definitu beharko du zona hori.
2. Kasuan kasuko baimena helbideratuta dagoen autonomia-erkidegoaren lurraldetik abiatu beharko dira ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zerbitzuak. Ondore horretarako, bidaiariak non biltzen diren toki hura izango da garraioaren jatorria edo abiapuntua.
Autonomia-erkidegotik abiatzeko betebehar horrekin loturik zenbait salbuespen ezartzen dira:
1. a. Portu eta aireportuetan bidaiariak biltzeko zerbitzuak, aurretik eta berariaz kontratatu badira; zerbitzu hori eman ahalko da ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenaren babespean zerbitzuaren helmuga baimena helbideratua dagoen lurraldean badago, nahiz eta portua edo aireportua dagoen autonomia-erkidegoa ez izan baimena helbideratua dagoen autonomia-erkidego bera.
2. a. Gerta daiteke autonomia-erkidego batean helbideratutako ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenak nahiko ez izatea lurralde horretan mota horretako zerbitzuaren eskaeraren igoera koiunturalari aurre egiteko. Kasua hori denean, hiriarteko garraioaren arloko eskumena duen organoak araubide espezifikoa ezarri ahalko du, eraginpeko udalerriek emandako txostena kontuan hartuta, beste autonomia-erkidegoetan helbideratutako ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zerbitzurako baimena duten ibilgailuei baimena emateko autonomia-erkidego horretako lurralde osoan edo zenbait tokitan aldi baterako zerbitzua eman dezaten.»
Lehenengo xedapen gehigarria. Autonomia-erkidegoak gaitzea.
Autonomia-erkidegoak eskudunak direnean ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko nazio-eremuko baimenak emateko Estatuak eskuordetu dituelako, gaikuntza izango dute Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamenduak 182.1 artikuluan aurreikusitako ustiapen-baldintzak aldatzeko honako hauekin bat:
a) Aldaketak bakarrik eragin ahalko ditu kasuan kasuko autonomia-erkidegoaren lurralde-eremutik bakarrik pasatzen den ibilbidea duten zerbitzuak, eta zerikusia izan ahalko du honako hauekin: aurrekontratuko baldintzekin, zerbitzuen eskaerarekin, bezeroak bereganatzearekin, gutxieneko eta gehieneko ibilbideekin, nahitaezko zerbitzu eta ordutegiekin eta ibilgailuaren espezifikazio teknikoekin.
b) Aldaketaren xedea izango da bidaiarien barne-mugikortasunaren kudeaketa hobetzea edo zerbitzu-ematearen baldintzen kontrola bermatzea, indarrean dagoen araudiak ezarritako proportzionaltasun irizpideak gordez.
Hori guztia ulertuko da autonomia-erkidego bakoitzaren araudiarekin bat toki entitateei haien lurralde-eremuan bakarrik ematen diren zerbitzuen inguruko baldintzak ezarri edo aldatzeari dagozkien eskumenak eragotzi gabe.
Bigarren xedapen gehigarria. Garraioko Zuzendari Nagusien Batzordearen esparruko lankidetza.
Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko ekainaren 30eko 16/1987 Legearen 11.2 artikuluarekin bat, Garraioko Zuzendari Nagusien Batzordearen mendeko azpitalde bat sortuko da lan espezifikorako, zeinean, apirilaren 20ko 3/2018 Errege Lege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako alderdiak lantzeaz gainera, partekatuko baitira arautzeko praktika onak eta mugikortasun forma bien arteko elkarbizitza ordenatua erraztuko duten konponbideen bilaketaren ondoriozko esperientzia arrakastatsuak, bai eta aurrerapausuak emango ere bi sektoreetan erabiltzaileen esperientzia hobetzeko. Lanerako azpitalde honetako kide izan ahalko dira turismo-ibilgailuen bidezko bidaiarien garraio publikoaren enpresa-sektoreetako ordezkariak eta ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko sektorekoak, bai eta eraginpeko udalak ere, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako Garraioko Zuzendari Nagusien Batzordeak ezarritakoarekin bat.
Hirugarren xedapen gehigarria. Zehapen araubidearen egokitzapena.
1. Honako errege lege-dekretua indarrean jarri eta 6 hilabete pasa aurretik, Gobernuak Gorte Nagusiei aurkeztuko die Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legean xedatutako arau-hausteen eta zehapenen araubidea aldatzeko lege-proiektua.
Erreforma horrek zehapen-araubidea egokitu beharko du errege lege-dekretu honek ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zerbitzua emateko baldintzetara, eta aurreikusitako zehapenak handitu ahalko ditu zerbitzu horiek dagokion lurralde-eremutik kanpo ematen direnean edo baimena helbideratua dagoen lurraldean baino ez zerbitzua emateko baldintza hausten denean; era berean, zerbitzuen erregistroari buruzko datuen jakinarazpena bide elektronikoen bidez egiteari eta aurretik zerbitzua kontratatu ez duten bezeroen bilketari egokitu beharko zaie zehapen-araubidea.
2. Zerbitzuak emateko baldintzen kontrola bermatzeko xedez, Lurreko Garraioen Zuzendaritza Nagusiak irispidea gaituko du autonomia-erkidegoetan garraioaren arloko organo eskudunek eta horrela eskatzen duten toki-entitateetakoek ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zerbitzuekin loturiko jakinarazpenen erregistrorako irispidea izan dezaten. Abenduaren 29ko 1076/2017 Errege Dekretuaren 2. artikuluan araututa dago erregistro hori, eta errege-dekretu horren bidez, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamenduari arau osagarriak ezarri zitzaizkion, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenak ustiatzeari dagokionez; irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori.
Laugarren xedapen gehigarria. Sustapen Ministerioaren txostena.
Urtero, Sustapen Ministerioak txostena aurkeztuko dio Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Batzorde Delegatuari, zeinean errege lege-dekretu honen aplikazioaren emaitzak analizatuko baitira; konkretuki, zehaztuko dira herrialdeko hirigune nagusietan ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko jardueraren arauketaren bilakaera eta horrek herritarren mugikortasunean izan duen eragina.
Xedapen iragankor bakarra. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zeuden baimenak edo ebazteke zeuden baimen-eskaerak.
1. Honako hau indarrean jartzen denetik kontatuta lau urteko epean, errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zeuden baimenek ondoren adieraziko denari jarraitu beharko diote:
a) Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 91.1 artikuluak xedatutakoa gorabehera, baimen horien titularrek hiri-eremuan zerbitzua ematen jarraitu ahalko dute baimen beraren babespean.
b) Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 91.2 artikuluak xedatutakoa gorabehera, baimen horiek jarraituko dute gaitzen zerbitzua emateko, murrizketarik izan gabe abiapuntuagatik, baldin eta jarduerarako erabiltzen diren ibilgailuak baimena helbideratua dagoen autonomia-erkidegoaren lurraldearen beharrei erantzuteko zerbitzuak emateko erabiltzen ohi direnak badira.
Ulertuko da ibilgailu bat ez dela ohikotasunez zerbitzu horietarako baliatu harekin emandako zerbitzuen ehuneko hogeia edo gehiago, hiru hilabeteko epean, ez bada autonomia-erkidegoaren lurraldean eman, ezta partzialki ere.
Kontrolaren ondoreetarako, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenen titularrek dagokion administrazioari jakinarazten dizkiotenean dena delako zerbitzuaren inguruko datuak, nahitaez adierazi beharko dute zerbitzuaren abiapuntua eta helmuga. Zerbitzuaren abiapuntua eta helmuga bera denean, toki horretatik urrunen dagoen ibilbidearen puntua zein den ere jakinaraziko dute, abenduaren 29ko 1076/2017 Errege Dekretuaren 2. artikuluak xedatutakoarekin bat. Errege-dekretu horren bidez, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamenduari arau osagarriak ezarri zitzaizkion, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenak ustiatzeari dagokionez; erregelamendu hori irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuak onartu zuen.
c) Baimen horien titularrek hiri-eremuan ematen duten garraio-zerbitzuak errespetatu beharko ditu hiri-garraioaren arloko organo eskudunak ezartzen dituen zehaztapen eta mugak, hain zuzen, organo horiek dituzten eskumenak baliatuta honakoei buruz ezartzen dituzten zehaztapen eta mugak: bideetako jabari publikoaren erabilera, hiri-trafikoaren kudeaketa, ingurumenaren babesa eta airearen kutsaduraren prebentzioa, bereziki aparkalekuen eta zerbitzuen ordutegien eta egutegien arloan edo airearen kutsaduragatik zirkulatzeko murriztapenen arloan.
2. Aurreko apartatuan ezarritako aldi baterako gaikuntzak errege lege-dekretu honen bidez egindako aldaketekin loturiko kontzeptu guztiengatiko kalte-ordainen izaera dute eraginpekoentzat, bereziki baimen horiei dagokien lurralde-eremuaren muga berriek eragindakoengatik, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen 91. artikuluarekin bat ezarritakoak.
Hala ere, baimen baten titularrak uste badu gaikuntza horiek ez dutela aurretik zuena konpentsatzen, kalte-ordain osagarria eskatu ahalko du honako baldintza hauekin bat:
a) Lurreko Garraioen Zuzendaritza Nagusiaren aurrean aurkeztu beharko du eskaera interesdunak, errege lege-dekretua indarrean jarri eta hurrengo hiru hilabeteak pasa aurretik, eta justifikatu beharko du egindako inbertsioa errekuperatzeko aldia lau urtekoa baino luzeagoa dela.
Baimen bakoitzeko eskaera bat aurkeztu beharko da.
Eskaerarekin batera errege lege-dekretu honen eranskinean eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.
b) Lurreko Garraioen Zuzendaritza Nagusiak izapidetu eta ebatziko ditu eskaerak, eta haren ebazpenek amaiera emango diote administrazio bideari prozedura honetan. Ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da. Gehieneko epea igarota jakinarazpenik egin ez bada, eskaria egin duen interesdunak eskaria administrazio-isiltasunez ezetsi dela jo ahalko du.
c) Inbertsioa berreskuratzeko aldia lau urtekoa baino luzeagoa dela justifikatuta gelditzen ez bada, eskaera ezetsi egingo da, eta ezingo da inolaz ere lau urteko epe legala murriztu.
d) Kalte-ordain osagarria onartzen bada, aldi baterako gaikuntza zabalduko da dagokion urte kopuruaren arabera. Zabaltze hori salbuespenez baino ezingo da bi urte baino gehiagokoa izan, lau urteko epea amaitzen denetik kontatuak.
e) Inbertsioa berreskuratzeko epea kalkulatzeko, otsailaren 3ko 55/2017 Errege Dekretuak 10.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da jarraian adieraziko diren irizpideei jarraituz; errege-dekretu horren bidez garatu zen Espainiako Ekonomiaren Desindexazioaren martxoaren 30eko 2/2015 Legea.
1. a. Inbertsio-jarduerengatiko kutxako fluxuek bakarrik hartuko dituzte aintzat ibilgailua eskuratzeko gastuak eta, kasua denean, baimena eskuratzekoak.
2. a. Honako kontzeptu hauengatik sortutako gastuak ez dira aintzat hartuko:
i. Garraioaren arloko administrazioak egungo titularrari emandako baimenak eskuratzea.
ii. Errege lege-dekretu hau indarrean jarri baino lau urte edo gehiago lehenago kostu bidezko baimenak eskuratzea.
iii. Baimenarekin loturiko ibilgailua eskuratzea titularrak alokairu, finantza-errentamendu edo renting modalitatean duenean.
iv. Errege lege-dekretu hau indarrean jarri baino lau urte edo gehiago lehenago emandako baimenari loturiko ibilgailua eskuratzea.
3.a. Inbertsioa berreskuratzeko kalkuluarekin bat urtebete baino gutxiago behar denean hura berreskuratzeko, gehiagoz biribilduko da urtebetera.
3. Aurreko apartatuetan xedatutakoa aplikatuko zaie ere errege lege-dekretu hau indarrean jarri ondoren emango diren ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenei, baldin eta horietarako eskaerak indarraldia hasi aurretik aurkeztu baziren; horien barruan egongo dira abenduaren 22ko 25/2009 Legearen babespean aurkeztutakoak. Zenbait lege aldatzekoa da lege hori, zerbitzu-jardueretarako eta haietan aritzerako irispide librea izateari buruzko legeak xedatutakoari egokitzeko.
Baimen horien kasuan, 1. apartatuan ezarritako lau urteko epea eta 2.a) apartatuan ezarritako hiru hilabetekoa hasiko dira kontatzen baimena ematen den egunean bertan.
4. Kalte-ordain osagarriari dagokion epea amaitu denean, baimenak haren titularra hiriarteko garraioko zerbitzuak egiteko gaitzen jarraituko du, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legeak eta haren betearazpen eta garapenerako emandako arauek xedatutakoarekin bat.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamenduaren 182.2 artikulua indargabetuta geratzen da; erregelamendu hori irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren bidez onartu zen.
Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.
Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.21 artikuluak xedatutakoaren babespean ematen da; artikulu horrek Estatuari esleitzen dio eskumena autonomia-erkidego batetik baino gehiagotik pasatzen diren lurreko garraioen ingurukoa xedatzeko.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean jartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2018ko irailaren 28an.
FELIPE e.
Gobernuko jarduneko presidentea,
CARMEN CALVO POYATO
ERANSKINA
Xedapen iragankor bakarrarekin bat aurkezten den kalte-ordain osagarriko edozein eskaerak jaso behar duen informazioa eta harekin batera aurkeztu behar diren agiriak
A) Eskatzaileek beti adierazi beharko dituzte honako datu hauek, adierazitako hurrenkeran:
1. Eskatzailearen izena edo izen soziala eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
2. Kasua hori denean, eskatzailearen izenean jarduten duen ordezkariaren datuak.
3. Eskaerarekin lotuta dagoen VTC klasearen baimena identifikatzeko zenbakia.
4. Eskaera egiten den momentuan baimenari loturik dagoen ibilgailuaren matrikula.
5. Baimenaren babespean ematen diren zerbitzuen ustiapenaren ekonomia datuak, BEZarik gabe, honela banatuak:
5.1 Itxita dagoen azken ekitaldian baimenaren ustiapenaren ondorioz izan diren diru-sarrerak.
5.2 Hala dagokionean, baimena eskuratzearen zenbatekoa.
5.3 Hala dagokionean, baimenarekin loturiko ibilgailua eskuratzeko egindako gastua.
5.4 Itxita dagoen azken ekitaldian baimenaren ustiapenaren ondorioz izan diren gastuak, honela banatuak:
5.4.1 Amortizazioa.
5.4.2 Finantzaketa.
5.4.3 Personala.
5.4.4 Aseguruak.
5.4.5 Kostu fiskalak.
5.4.6 Erregaiak.
5.4.7 Pneumatikoak.
5.4.8 Konponketak eta mantentze-lanak.
5.4.9 Beste batzuk.
B) Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek:
1. Eskaeran agertzen diren diru-sarrerak eta gastuak egiazkoak direla egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpena.
2. Baimena eskuratu izanaren faktura, hala dagokionean.
3. Ibilgailua eskuratu izanaren faktura, hala dagokionean.