13/2014 Errege Lege Dekretua, urriaren 3koa, gas-sistemarekin eta zentral nuklearren titulartasunarekin lotutako urgentziazko neurriak hartzeari buruzkoa
2014-10-03Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2014/10/04, 241. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
ESTATUKO BURUZAGITZA
10059 13/2014 Errege Lege Dekretua, urriaren 3koa, gas-sistemarekin eta zentral nuklearren titulartasunarekin lotutako urgentziazko neurriak hartzeari buruzkoa.
I
«Castor» izena du, kostatik gutxi gora-behera 21 kilometrora dago itsasoko zorupean, eta gas naturala lurpean biltzeko azpiegitura berezia da, non parte hartzen baitute irtenbide integrala eskatzen duten inguruabarrak. Irtenbide horrek araudi-esparru bat lehen bai lehen eta urgentziaz finkatzea eskatzen du, zeinak interes orokorrari lehentasuna emango baitio pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasunari metatzearen inguruan.
Instalazioak bizi duen egoera tekniko bereziari aurre urgentziaz eta lehen bai lehen egin beharrak justifikatzen du errege lege-dekretu hau; batik bat instalazioaren titularrak emakidari uko egin eta gero. Helburu hori lortze aldera, instalazioak hibernazio-egoeran jartzea eta haien administrazioa ENAGÁS TRANSPORTE, SAU sozietatearen esku uztea erabaki da. Sozietatea arduratuko da hibernazio-garaian instalazioa mantentzeaz, haren operatibitateaz, instalazioaren operatibitate zuzena zehazteko prestatu behar diren txosten teknikoak egiteaz, eta, behar izanez gero, eraisteko behar diren lanez. ESCAL UGS, SLri ere ordainduko dio konpentsazio bat instalazioengatik, zeinen administrazioa hari esleitu baitzaio. ENAGÁS TRANSPORTE, SAU da gas-sistemako lurpeko biltegieragiketan eta kudeaketan diharduten instalazio nagusienen titularra, eta eginkizun horretan hartutako eskarmentua dela-eta, «Castor» lurpeko biltegia baldintza seguruetan egiaz mantentzea bermatzen du. Sozietateari gas-sistemaren ordainsaria aitortzen zaio xedapen honek esleitzen dizkion lanen ordainez; eta konpentsazio bat ere bai, sozietateak instalazioen gaur egungo titularrari ordaindutako zenbatekoaren konpentsazio modura.
II
Maiatzaren 16ko 855/2008 Errege Dekretuak gas naturala lurpean biltegiratzeko «Castor» izeneko ustiapen-emakida esleitu zion ESCAL UGS, SLri, zein, oinarrizko azpiegitura modura, gas-sisteman txertatuko baitzen, eta, ondorioz, sarean sartzeko hirugarrengoek duten araubideari lotuta eta araututako ordainsaria kobratzeko eskubidez. Ministro Kontseiluak 2008ko maiatzaren 30ean onartutako «Elektrizitateeta gassektoreen 2008-2016 plangintza» dokumentuan jaso zen biltegia.
Maiatzaren 16ko 855/2008 Errege Dekretuak —jabari publikoko izaeraz gain— biltegirako berezitasun zenbait zehazten zituen, batik bat ezabatzeko araudia (14. artikulua) . Berezitasuna da, baita ere, ustiapen-emakidari titularrak uko egitea eta egoera horretan eskuratu beharreko konpentsazioa zehaztea. Aurreikuspen horrek, Ministro Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 11ko Erabakiz, gatazka ekarri zuen, izan ere, erabaki horretan xedatzen zen aipatutako artikuluko azken tartekia interes publikoarentzat kaltegarria zela, batera-ezinezkoak baitira doloeta zabarkeria-kasuetan emakida iraungi edo azkentzeagatik emakida-enpresa konpentsatzea, eta instalazioak dohainik itzultzeaz Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 29.1 artikuluan xedatutako irizpidea. Auzitegi Gorenak epaia eman zuen 2013ko urriaren 14an, aditzera emanaz instalazioak dohainik itzultzeaz Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 29.1 artikuluan orokorrean xedatutakoa modu jakin batean ulertu behar zela, «emakida jakin baten aurreikuspen berezien aintzat hartuz»; eta ezartzen du, maiatzaren 16ko 855/2008 Errege Dekretuko 14. artikulu horri dagokionez, honako hau: «artikulu hori ez da Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 29.1 artikuluaren
kontrakoa eta, ondorioz, ezin dugu deusez deklaratu. Ez du esan gura, ordea, emakidaenpresaren aldetik dolo edo zabarkeria egonda ere, enpresa horrek tarteki horretan jasotzen den kalte-ordaina kobratuko duenik. Emakida-arau hori, aitzitik, instalazioen hondar-balioaren araberako konpentsazio-aurreikuspen orokorra da, instalazioak, emakida iraungi edo azkentzeagatik, Estatura operatibo bihurtzen baitira. Guztiagatik ere, enpresa titularrak konpentsazio hori egiaz eskuratu ahal izango du emakidaren iraungitzeeta azkentze-kausen eta kausa horiek gertatzeko egon diren inguruabarren arabera».
Maiatzaren 16ko 855/2008 Errege Dekretuak, bestalde, lurpeko egitura lurpeko biltegi moduan erabiltzeko gaitu zuen titularra. Exijitu zion, aldi berean, beharrezkoak zituen instalazioen administrazio-baimena lortzeko. Ingurumen-eraginaren ebaluazio-tramitea Klima Aldaketaren Estatu Idazkaritzaren 2009ko urriaren 23ko Ebazpenez egin zen, zeinen bidez Ampostako gas naturalaren lurpeko Biltegi-proiektuaren ingurumeneraginaren deklarazioa egin baitzen. Gerora, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren 2010eko ekainaren 7ko Ebazpenez, administrazio-baimena eman zitzaion, baita ere instalazioak eta zerbitzuak onura publikokoak direnaren aitormena ere, biak ala biak beharrezkoak «Castor» lurpeko biltegi-proiektua garatzeko. Gobernuaren Castellóko Ordezkariordetzaren Industria eta Energia Arloko Bulegoak, instalazio eta zerbitzuak eraiki ondoren, zerbitzuan jartzeko behin-behineko akta eman zuen biltegi-multzo osoarentzat, zeinak, koltxoi-gasa injektatzeko gaitzeaz gain, instalazioaren ordainsari arautuaren sortzapen-hasiera ezartzen baitu.
Koltxoi-gasa injektatzeko hainbat fase zeuden programatuta, zeinek gradualki aukera eman behar baitzuten instalazioa martxan jartzeko eta baliozkotzeko. Lehenengoa 2013ko ekainaren 14tik 25era bitartean izan zen, eta bigarrena 2013ko abuztuaren 19tik 23ra bitartean. Bi fase horietan ez zen izan gora-behera esanguratsurik. Injekzioaren hirugarren fasea 2013ko irailean izan zen. Biltegiaren monitorizazio-sare sismografikoak gertaera sismiko zenbait detektatu zituen. Bilakaeraren lehenengo fasea sismikotasun indukzioarena izan zen, non injektatzeari uzteak arin batean ekarri baitzuen jarduera sismikoa gutxitzea; eta bigarren fasean, puntako sismikotasuna. Europako EMS-98 eskala makrosismikoan II eta III intentsitate makrosismikoa izan zuten gertaera horiek. Ikara eragin zuten gizartean eta, ondorioz, eten egin zen, behin behingoz, biltegi-eragiketa. Etetea, hasiera batean, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak agindu zuen 2013ko irailaren 26ko Ebazpenez, zein, geroago, 2014ko ekainaren 18ko Ebazpenez luzatu baitzen.
Ildo horretatik, txostenak eskatu zitzaizkion Estatuko Geografia Erakundeari eta Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuari, zeinek ez duten oraindik behin betiko emaitzarik eman berriro ere biltegiari ekiteak ekar ditzakeen behin-behineko ondorioei buruz. Aitzitik, azterlan gehigarriak egiteko aholkua eman dute, zeinek, nazioarteko teknikariek egin ditzaketen ekarpenak aintzat hartuta, eta pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasuna guztiaren aurretik jarrita, oinarri sendoa eta koherentea jarri beharko luketen instalazioaren etorkizunari buruzko erabakia hartu ahal izateko. Arrazoi hori dela-eta, errege lege-dekretu honek hibernazio-egoeran uzten ditu lurpeko biltegiinstalazioak, eta behar diren azterlanak egiteko mandatua ematen dio ENAGÁS TRANSPORTE, SAUri, instalatze-eragiketan zehar instalazioen segurtasuna bermatze aldera.
III
ESCAL UGS, SLk tramiteei ekiteko baimena eskatu zuen 2012ko urriaren 31n, biltegia gas-sistemaren ordainketa-araubidean sartzeko. Eskabidearekin batera abenduaren 29ko ITC/3995/2006 Aginduko 6. artikuluan exijitutako argibideak aurkeztu ziren (ITC/3995/2006 Agindua, gas naturalaren lurpeko biltegien —oinarrizko sarean txertatutakoen— ordainketa ezartzen duena) . Eskabidearen azterketa-garaikoak dira honen aurretik zehaztu ditugun gertakariak, zeinek ezinezkoa egin baitzuten eskabidearen gaineko erabakirik hartzea.
ESCAL UGS, SLk idazki bat aurkeztu zuen 2014ko uztailaren 18an Industria, Energia eta Turismo Ministerioan, jakitera emanez emakidari uko egiteko eskubideaz baliatu nahi
zuela. Honen aurretik esan bezala, bai maiatzaren 16ko 855/2008 Errege Dekretuak —bai abenduaren 29ko ITC/3995/2006 Aginduak— emakidari aurrez uko egiteko eta egindako inbertsioen ordainez konpentsazioa eskuratzeko aukerak jasotzen dituzte. Uko egite horrek nahitaezko du administrazioaren aldetiko berariazko baimena, hala baitago xedatuta maiatzaren 16ko 855/2008 Errege Dekretuko 14. artikuluan. Egindako inbertsioaren balio garbian ezartzen da konpentsazioaren balioa. 1.461.420 milaka eurokoa da inbertsioaren erabateko zenbatekoa, zeini behin-behinekoz ordaindutakoa kendu beharko zaion (110.691,36 milaka euro) . ESCAL UGS, SLri aitortzen zaion zenbatekoa 1.350.729 milaka eurokoa da.
Errege lege-dekretu honek, aurrekoaren eraginez, «Castor» izeneko gas naturalaren lurpeko biltegien ustiapen-emakida ezabatzen du. Ukoaren eraginkortasunak ez dakar, inolaz ere, egungo sozietate titularrak eta akziodunek, hala bada kasua, proiektuaren kudeaketaren gaineko erantzukizunik gabe gelditzea, zein, beharrezkotzat jotzen diren erabaki-elementu guztiak eskuetan izanik, exijituko baita.
IV
Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak ezarritako biltegieragiketaren etena errege lege-dekretu honen bidez kontsolidatzen da. Zenbait baldintza ere jartzen ditu xedapen horrek eta, haien indarrez, hibernatu egiten dira «Castor» lurpeko biltegi-instalazioak.
Eraikita dauden instalazio horien hibernazio-egoerak ez dakar ustiapena bertan behera uzterik, beti ere, beharrezkotzat jotzen diren azterlan teknikoak egiten badira pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasuna bermatze aldera, eta ontzat ematen badu Ministro Kontseiluak. Horrek esan gura du «Castor» lurpeko biltegia interes estrategikotzat jotzen dela. Espainiako gas-sistemaren hornikuntza-segurtasunerako instalazio-multzoaren parte da «Castor», zeinen hornidura kanpoko hornikuntzek bermatzen baitute gehienbat; eta instalazioak, hortaz, onura publikokoak izaten jarraitzen du. Kostuak eta diru-sarrerak gas-sistemari egozten zaizkio.
Hibernazio-egoeran ezingo da biltegian gas naturalik erauzi edo injektatu. Egoera horrek dirauen artean ENAGÁS TRANSPORTE, SAUri izendatzen zaio hibernatutako instalazioen administrazioa. Lurpeko biltegiaren egitura geologikoaren eskubidea eta erabilera, ordea, Hidrokarburuen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 2. artikuluan ezartzen denez, jabari publikoaren esku geratzen dira. ENAGAS arduratuko da instalazioei baldintza seguruetan eusteko; ordainez, konpentsazioa jasoko du eginkizun horiek gauzatzean izandako eta behar bezala auditatutako kostuen ordainez. ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk bere baliabideak erabiliz gauzatzen baditu eragiketak, industriaetekina gehituko zaio. Azpikontratazioak badira, haien kudeaketaeta administraziokostua.
Pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasuna, «Castor» lurpeko biltegiaren operatibitateari zuzen eustea eta Gas-sistemak erabilgarri dituen baliabideak optimizatzea bermatzen da izendapen horrekin.
ENAGÁS TRANSPORTE, SAU da sistemako lurpeko lau biltegietatik hiruren titularra (Serrablo, Gaviota eta Yela) , eta horrek justifikatzen du hartutako neurria; izan ere, hurrengo urteetarako aurreikusitako gas-sistemaren erabateko biltegi-ahalmen erabilgarriaren % 98 ingurukoa da, «Castor» kenduta.
Aurrekoaz gain, eta ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk instalazio horien administrazioa bere gain hartu duenez, 1.350.729 milaka euro ordaindu beharko dizkio ESCAL UGS, SLri. Ordainketa-obligazio hori bere gain hartzearren, ENAGÁS TRANSPORTE, SAU izango da gas-sistemak duen kobrantza-eskubidearen titularra; ordainketa hori errege lege-dekretu honetan finkatutako zenbatekoan eta moduan zertzen dela bermatzeko aukera ematen duten zenbatekoak kobratzeko eskubidearena, hain zuzen ere.
Gas-sistemaren likidazioen arloan organo eskudunak egindako ordainketen bidez beteko dira kobrantza-eskubidea eta gainerako kostuak. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala da gaur egun organo hori, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala sortzen duen ekainaren 4ko 3/2013 Legeko laugarren xedapen iragankorraren arabera.
Eragiketa guztiz denez ezohikoa, zenbait neurri aztertu dira, kobratuko dela bermatzeko. Aurrenik, likidazioez arduratuko den erakundea izango da ordaintzeko obligazioa duen subjektua; horretarako, kontu berezi bat sortuko da gordailu erregimenean. Horretaz gain, kobratzeko eskubidea ordainduko da gas-sistemaren gainerako kostuak baino lehen. Azkenik, modu ezohikoan eta berezian, kobratzeko eskubide horiek finantzaerabakietan berme modura balio dezaketela ezartzen da, produktibitatea bultzatzeko eta kontratazio publikoa hobetzeko premiazko erreformen martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Instalazioaren hibernazioak araubide juridiko eta ekonomiko berezia eskatzen du, zein ez baitago berariaz jasota urriaren 7ko 34/1998 Legean ez eta haren garapen-araudian ere. Obligazio horiek ENAGÁS TRANSPORTE, SAUri, ESCAL UGS, SLri eta zerikusirik duten gainerako subjektuei izendatzeak, eta gas-sistemaren kargura kostu berri bat egozteak (8/2014 Errege Lege Dekretua, uztailaren 4koa, hazkuntza, lehiakortasuna eta enplegua sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituena) , lege mailako araua eskatzen dute. Neurri horiek hartzea guztiz denez beharrezkoa, errege lege-dekretu baten bidez bideratuko da.
ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko ekainaren 18ko Ebazpenean aipatzen diren txostenak eta azterlanak osatuko ditu. Osatuko ditu, halaber, beharrezkotzat jotzen diren txostenak eta azterlanak, honako hauek egiaztatzeko: biltegiaren eraikuntza, mantentze-lanak eta erabilera zuzenak izatea; instalazioaren mantentze-lanak eta eragiketak seguruak izatea; eta biltegia garatze aldera behar diren ezagutza teknikoen erostea.
Ezagutza hori abagune egokia da aukera ona egiteko, hain baita beharrezkoa biltegiaren etorkizuneko behin betiko ebazpena hartzeko. Pertsonek, ondasunek edo ingurumenak arriskurik izan badezakete, egokiena biltegia eraistea da.
Ministro Kontseiluak, instalazioak hornikuntzaren segurtasunerako beharrezkoak direla-eta, segurutzat jotzen badu biltegi-eragiketa, ustiaketa-emakida berri baten txertatuko dira instalaziook. Guztiarekin osatutako multzoa norgehiagoka-prozedura publikoz esleituko zaio gas-sistemari kosturik gutxien dakarkion eskaintzari, betiere, eskatzen diren baldintza teknikoak eta segurtasunekoak betetzen baditu. Gas-sistemaren kargura aitortutako kobrantza-eskubideei ez die inolaz ere eragingo.
Honen aurretik aipatutako egitate eta aspektu tekniko, ekonomiko eta juridikoak direlaeta, emakidari uko egiteak ekarri duen egoera berriak halabeharrezkoa egiten du — pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasunaren oinarrizko interes orokorra bermatze aldera– araudi-esparru egokia berehala artikulatzea; ezohiko eran eta urgentziaz artikulatu ere, halaxe eskatzen du-eta errege lege-dekretu hau onartzeak.
V
Kalte nuklearrek edo material erradiaktiboek eragindako erantzukizun zibilari buruzko maiatzaren 27ko 12/2011 Legeak energia nuklearren apirilaren 29ko 25/1964 Legeko 28. artikulua aldatzen du, eta xedatzen du zentral nuklear bat ustiatzeko baimena duen titularra pertsona juridiko bakarra izatea, zeinen eginkizun bakarra, baliabide ekonomikofinantzarioak eta pertsonalak eskura izanda, zentral nuklearrak kudeatzea baita.
Maiatzaren 27ko 12/2011 Legeak xedapen iragankor bakarra gehitzen dio apirilaren 29ko 25/1964 Legeari. Xedapen horretan apirilaren 29ko 25/1964 Legeko 28. artikuluaren idazkera berrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten zentral nuklearren titularrek bete beharreko prozedura ezartzen da, hain zuzen ere, zentralak baldintza horietara egokitu daitezen epe jakin batean.
Aspaldi igaro da epe hori eta, hala ere, ez da legean ezarritako egokitzapena gauzatu titular bat baino gehiago duten zentral nuklearretan, izan ere, titular haiek ez dute bete xedapen iragankor bakarrean xedatutakoa.
Hori horrela, zentral nuklearren egokitzapen-prozesuak osatu behar direnez, bidezkotzat eta beharrezkotzat ere jo da lege-aldaketa horri ekitea, izan ere, besteak beste, eragindako zentral nuklearren ustiapen-baimenak berriztatu egin behar dira, hornidura elektrikoaren egonkortasunean inpaktu negatiborik izan eza dezaten.
Zentral zentral guztiei eragiten die neurri horrek, non eta ez diren Santa María de Garoñako eta Cofrentesko zentral nuklearrak, zeinak bakarrak baitira titular bakarra dutenak.
Aldaketa horren helburua da eragindako zentral nuklearretan aspalditik ezarrita dagoen ustiapen-ereduan ahal dela ez eragoztea, eta generazio nukleoelektrikoaren arloan lehia-egoera —egun merkatu elektrikoan indarrean dagoena— errespetatzea.
Zentral horien eragiketa Interes Ekonomikoko Elkarteen (AIE) bidez gauzatuko da. Elkarteok jabekidez osatuta daude, zeinek 28. artikuluko 2. paragrafoan exijitutako baliabide pertsonalak baitituzte eskura. Lege-aldaketa horren bidez behar diren gainerako baliabidez hornitzea ere exijitzen da.
Entitate jakin bat jabe bat baino gehiagoko zenbait zentral nuklearren titularra izan daitekeenez, errege lege-dekretu honetan jasotako aldaketarekin,zentral nuklear baten ustiapenak dakarren erantzukizunik gabe utzi gura dira entitate titular haren partaide izan bai, baina jabekide ez diren konpainiak.
Lege-aldaketa horrek irtenbidea aurkitu nahi dio azaldutako auziari, eragindako enpresek aurrerantzean zentral nuklearraren titulartasunaren aldaketa eska dezaketen arren, instalazio nuklearrei eta erradioaktiboei buruzko Erregelamenduaren (abenduaren 3ko 1836/1999 Errege Dekretuz onartua) 12.i) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Industria, Energia eta Turismoko ministroaren proposamenari jarraituz, eta Ministro Kontseiluak 2014ko urriaren 3an eztabaidatuta, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
Instalazioen hibernazioa
1. artikulua. Instalazioen hibernazioa.
1.«Castor» lurpeko biltegiaren instalazioak hibernatu egiten dira. Hibernazioak dirauen artean ez da gas naturalaren injekziorik edo erauzketarik egingo lurpeko biltegia osatzen duten zorupeko egitura geologikoetan. ENAGÁS GTS da Sistemaren Kudeatzaile Teknikoa, eta halatan zainduko du biltegian gasik sar ez dadin.
Adierazitako hori ez zaie aplikatuko instalazioen edo ekipoen operatibitatea edo pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren hidrokarburo-kopuruei.
2.Ministro Kontseiluaren erabakiz amaitu ahal izango da hibernazioa, aldez aurretik azterlan teknikoen emaitzen arrazoizko balorazioa eginaz eta gas naturalaren demandabilakaera aintzat hartuz. Hartutako erabakiak gas-sistemaren iraunkortasun ekonomikoa eta finantzarioa bermatu eta, ezeri baino lehen, pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasunari emango dio lehentasuna.
Ministro Kontseiluaren xedapen horretan biltegia eraistea edo, hala bada, instalazioak biltegiaren ustiapen-emakida batean txertatzea erabakiko da, zein, Hidrokarburoen sektorearen urriaren 7ko 34/1998 Legearen eta haren garapen-araudiaren arabera, lehiakonkurrentziako prozeduraren bidez esleitu beharko baita. Batak zein besteak ekarritako diru-sarrerak eta kostuak gas-sistemari dagozkio.
II. KAPITULUA
Emakida iraungitzea eta ondorioak
2. artikulua. «Castor» emakida iraungitzea.
1.Hidrokarburoen sektorearen urriaren 7ko 34/1998 Legearen 34.1 artikuluko c) idatzi-zatian aurreikusitako arrazoiak aintzat hartuz eta errege dekretu hartako 14.
artikuluan xedatutako ondorioetarako, iraungi egiten da «Castor» izeneko gas naturalaren lurpeko biltegiaren ustiapen-emakida (maiatzaren 16ko 855/2008 Errege Dekretuz emandakoa) , errege lege-dekretu honetan zehazten diren berariazko baldintzekin bat etorriz.
2.4. artikuluko zenbatekoak ESCAL UGS, SLri ordaintzearekin batera iraungi egiten dira ustiapen-emakidak ekarritako obligazio ekonomiko guztiak eta gas-sistemaren kargura ESCAL UGS, SLk izan ditzakeen ordainketa-eskubideak, Hidrokarburoen Sektorearen urriaren 7ko 34/1998 Legearen eta haren garapen-araudiaren arabera, batik bat abenduaren 29ko ITC/3995/2006 Aginduaren arabera, non oinarrizko sareko gas naturalaren lurpeko biltegien ordainketak ezartzen baitira.
3.Emakidaren iraungitzearekin batera emakidaren eraginpeko ondasun eta instalazioei ezarritako karga eta zama guztiak iraungitzen dira. Ondorengo titularrak edo iraungitako ustiapen-emakidaren xedearen gain edozein eratako jarduerak burutzen dituzten enpresak ez dira subrogatuko ESCAL UGS, SLk bere gain hartutako obligazioetan, laneta merkataritza-harremanei dagozkien obligazioak barne.
4.Hidrokarburoen lurpeko biltegiaren ustiapen-emakida iraungitzen da. Hala ere, ESCAL UGS, SLk izan ditzakeen erantzukizunak ez dira bertan behera geratuko, izan instalazioen exekuzioan ager daitezkeen behin-behineko bizio edo akatsen ondorioz (errege lege-dekretua indarrean jartzen denetik hurrengo hamar urteetan agerikoak bihurtzen direnak) , izan emakidaren titular modura indarraldian garatu dituen egiteen eta ez-egiteen ondorioz, harik eta ENAGÁS TRANSPORTE, SAU sozietatea —errege legedekretu honen bigarren xedapen iragankorreko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera— bete-betean hasi arte instalazioak administratzen. ESCAL UGS, SL sozietatea desegin edo likidatzen bada, edo aipatutako erantzukizunei aurre egiteko kaudimengabea bada, 2014ko uztailaren 18an sozietatearen bazkide edo kapitalean partaide direnei exijitu ahal izango zaizkie modu solidarioan, edo subsidiarioki sozietate menderatzaileei, zeinen menpekoak baitira bazkide eta partaide diren sozietate-taldeak. Guzti hori, 2014ko uztailaren 18a erreferentziatzat hartuta.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, ESCAL UGS, SL akziodun sozietatearen kapital sozialeko ehuneko berrogeita hamarretik gorako harpidetza duena izango da sozietate menderatzailea. Sozietate bakar batek ere ez badu portzentaje hori lortzen, Merkataritzako Kodearen 42. artikulua aplikatuko zaio.
Kontzeptu hori dela-eta exijitu daitezkeen zenbatekoak gas-sistemaren dirusarreratzat joko dira. Bai erantzukizunak ezartzeko, bai ondorioztatutako betebeharrak kitatzeko eta ordainketa exijitzeko, Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legeko xedapen gehigarrietatik zazpigarrenean ezarritako preskripzio-epea izango da aplikagarri. Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Legeko 15. artikuluan aurreikusitako arauak aplikatuz zenbatuko da.
5.«Castor» gas naturalaren lurpeko biltegiaren eragiketa edo ustiapen-emakida esleitzeagatik prozedura administratiboetan edo judizialetan onartu daitezkeen erantzukizunen ondoriozko kalte-ordainak ere badagozkio gas-sistemari.
3. artikulua. Instalazioen administrazioa esleitzea.
1.ENAGÁS TRANSPORTE, SAU sozietateari esleitzen zaio «Castor» izeneko gas naturalaren lurpeko biltegiarekin lotutako instalazioen administrazioa.
Instalazioen administrazioa sozietate horrek hartuko du bere gain, eta haiei lotutako eskubide eta betebeharren titular ere izango da hibernazio-aldiak amaitu artean. Lotutako eskubideen artean ez da jasotzen errege lege-dekretu honetako 5. artikuluan araututako kobrantza-eskubidea.
Instalazio horietan Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren 2010eko ekainaren 7ko Ebazpenean adierazitako elementuak txertatzen dira, ezelango mugarik gabe. Ebazpen horretan administrazio-baimena eman zitzaion ESCAL UGS, SLri, baita ere instalazioak eta zerbitzuak onura publikokoak direnaren aitormena, biak ala biak beharrezkoak «Castor» lurpeko biltegi-proiektua garatzeko.
2.ENAGÁS TRANSPORTE, SAU, errege lege-dekretu honetako bigarren xedapen iragankorreko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera instalazioen administrazioa erabat bere gain hartzen duen egunean, automatikoki subrogatuko da ESCAL UGS, SLren instalazioekin —zeinen titular baita— lotutako gainerako baimenen eta emakiden edo bestelako administrazio-titulu gaitzaileen titulartasunean.
Instalazioen administrazioa erabat bere gain hartzeak, haien mantentzerako eta operatibitaterako beharrezkoak diren eragiketak burutzea dakar. Barne sartzen diren eragiketak: instalazioen funtzionamenduari buruzkoak; arrazoi teknikoak, segurtasunekoak eta aplikagarria den araudiak eskatutako bestelako arrazoiak direla-eta beharrezkoak diren garapenei buruzkoak; azterlan geologikoak, teknikoak eta ekonomikoak gauzatzeari buruzkoak; biltegia modu egokian eraikitzeari, hura mantentzeari eta haren erabilera egiaztatzeari buruzkoak; eta, halaber, honen aurretik zerrendatutakoekin lotutako edo haiekin osagarriak diren zerbitzuak, edo instalazioak behar bezala administratzeko zuzenean edo zeharka beharrezkoak diren zerbitzuak.
ENAGASi dagokio, halaber, instalazioak eraistea, baldin eta hala badago jasota 1.2 artikuluan aipatutako akordioan. Modu seguruan gauzatuko da eraispena, une horretan zientziaren eta teknikaren egoera aintzat hartuta.
ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk, gainera, instalazioen segurtasuna bermatu beharko du, pertsonak, ondasunak eta ingurumena kontuan hartuz, eta bermatu beharko du, baita ere, arau aplikagarriak betetzea, batik bat obligazio fiskalei, lurralde-antolamendu eta hirigintzari, ingurumenaren babesari, itsas-baliabideak babesteari eta pertsonen eta ondasunen segurtasunari buruzkoak.
Mantentzeeta operatibitate-kostuak eta —honen aurretik adierazitako lanak burutzeagatik edo instalazioak administratzeagatik— ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk izan ditzan kostuak, errege lege-dekretu honetako 6. artikuluan zehaztutako eran ordainduko dira.
3.Instalazioaren aktiboak —baita ere biltegiko hidrokarburua, hala behar izanez gero— saltzetik ateratako diru-sarrerak gas-sistemak eskuratuko ditu.
4.ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk berak —ez beste inork— hartuko du bere gain obligazioak ez betetzearen erantzukizuna. Ez du erantzukizunik izango, ordea, instalazioetan antzemandako akatsen edo txikizioen gain, edo beste era bateko kalteen gain, non eta ez diren ezinbesteko edo bat bateko arrazoiengatik gertatu. ESCAL UGS, SLren emakidaren iraupen-aldian jazotako ekintzen edo omisioen ondorioez ere ez du erantzungo; instalazioen administrazioaz erabat arduratzen den unetik aurrera erantzungo du ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk, halaxe baitago jasota errege lege-dekretu honetako bigarren xedapen iragankorreko 2. paragrafoan.
4. artikulua. ESCAL UGS, SLri inbertsioak eta kostuak aitortzea.
1.Gas naturalaren lurpeko biltegien —oinarrizko sarean txertatutakoen— ordainketa ezartzeari buruzko ITC/3995/2006 Aginduaren 5. artikuluko 3. paragrafoan aipatzen den inbertsioaren balio garbitzat 1.350.729 mila (milioia hirurehun eta berrogeita hamar mila zazpiehun eta hogeita bederatzi) euroko zenbatekoa jotzen da.
2.Dena batera ordainduko dio ENAGÁS TRANSPORTE, SAU sozietateak ESCAL UGS, SLri, 35 egun balioduneko gehieneko epean, errege lege-dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera.
3.Zerbitzua behin-behinekoz abian jartzen denetik, errege lege-dekretu honek indarra hartzen duen arte, ESCAL UGS SLk sortutako ordainketa-eskubideak aintzat hartuz egingo da aurreko paragrafoko ordainketa. Eskubide horien baitakoak dira, abenduaren 29ko ITC/3995/2006 Aginduan eta gainerako arau aplikagarrietan gaur egun ezarritako terminoetan, honako hauek: finantza-ordainketa; eragiketa-kostuen ordainketa; eta mantentze-lanen ordainketa, eragiketa eten zenetik aurrerakoa.
5. artikulua. Gas-sistemaren kargura kobratzeko eskubideak.
1.ENAGÁS TRANSPORTE, SAU sozietatea izango da, errege lege-dekretu honetako 4.2 artikuluan aurreikusitako ordainketa-obligazio baten indarrez, gas-sistemak duen kobrantza-eskubide baten titularra, honen ondoren zehaztuko diren atalak aplikatzeak dakarren zenbatekoen arabera eta 30 urteko epean gas-sistemaren sarbidesarien eta kanonen ordainez jasotako fakturazioaren kargura, harik eta 4.2 artikuluan ezarritako ordainketari eta artikulu horretako 3. paragrafoan ezarritako finantzaordainketari dagokien zenbatekoa guztiz ordaindu arte.
Instalazioaren hibernazioak 30 urteko epean irauten duen edo ez kontuan izan barik ordainduko da kobrantza-eskubidea. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako sarbidesarien eta kanonen hileroko fakturazioari dagokion gas-sistemaren lehen likidaziotik aurrera ordainduko da.
Kobrantza-eskubidearen titularra edo titularrak, baldin eta lagapena artikulu honetan xedatutakoaren arabera egiten bada, gas naturalaren jarduera arautuen likidaziosistemaren subjektutzat joko dira. Partida horrek, egiten diren likidazioetan lehentasuna izango du kobratzerakoan, sistemaren gainerako kostuen aurretik, barruan sartuz hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen uztailaren 4ko 8/2014 Errege Lege Dekretuko 61.2 artikuluan (laugarren paragrafoa) eta 66. artikuluan aurreikusitakoak.
2.Hirugarren batzuk instalazioetara sartzearekin lotutako bidesariak eta kanonak eta gas naturalaren sisteman araututako ordainketak onartzeari buruzko Industria, Energia eta Turismoko ministroaren Aginduak berariaz aitortuko du kobrantza-eskubide horri aurre egiteko urtesaria.
Urteko kobrantza-eskubidea gas-sistemako likidazioen arloan eskumena duen organoak egiten dituen ordainketen bidez gauzatuko da. Gas-sistemako likidazioen arloan eskumena duen organoak, orain baino lehen adierazitako helbururako —eta ez besterako—, depositu erregimenean irekiko duen kontuan sartu beharreko zenbatekoa jakinaraziko die likidazio-sistemako subjektuei.
Likidazio-sistemako subjektu batek zenbatekoa —guztiz edo zati batean— ordaintzen ez badu, organo hark, hala behar izanez gero, deskontatu egingo dio betetzen ez duen subjektuari —hurrengo likidazioan edo ondorengoetan— likidazioari dagokion kobrantzaeskubideen zati ordaindu gabea. Aurreko lerrokadan aipatzen den kontura transferituko dira zenbateko horiek.
Kontu horrek sor ditzakeen interesak hurrengo urtean ere helburu berbererako erabiliko dira.
Kobrantza-eskubidea irmoa izango da, eta ez du eraginik izango ENAGÁS Transporte, SAUk 3. artikuluan adierazitako obligazioak edo beste batzuk bete ez arren ere. Eskubide horrek ez du konpentsaziorik, atxikipenik edo murriztapenik.
3.paragrafoan zehaztutako eran kalkulatuko da kobrantza-eskubidearen arabera ordaindu behar den zenbatekoa. Finantza-ordainketa eta tronkoaren amortizazioa izango ditu baitan.
3.Kobrantza-eskubidea dela-eta, 2. paragrafoan zehaztutako moduan urtero ordaindu beharreko zenbatekoa finkatze aldera, formula bat erabiliko da:
|
⎛ |
Tr |
|
⎞ |
|
R |
= ⎜ |
|
|
⎟ |
× Ct |
|
|
||||
i |
⎜ |
1− (1+ Tr) |
−30 ⎟ |
|
|
|
⎝ |
|
⎠ |
|
non:
Ri «i» urtean ordaindu beharreko zenbatekoa baita, milaka eurotan adierazita.
Tr, ordainketako finantza-tasa, zein urteko interes finkoko 0,04267 tipoaren araberakoa baita, bateko hainbestean adierazita.
4.1artikuluan aurreikusitako zenbatekoaren konpentsazioa da, milaka eurotan adierazita.
Gas-sistemaren sarbide-sarien eta kanonen fakturazioaren kargurako kobrantzaeskubidearen arabera ordaindu beharreko hileko zenbatekoa, honela kalkulatuko da urtero: urteko finantza-ordainsaria eta urteko amortizazioa gehituz, eta emaitza 12rekin zatituz.
Hil bakoitzeko 25ean egingo dira ordainketak edo, hala behar izanez gero, hurrengo lehen egun baliodunean. Lehenengo ordainketa 2016ko apirilaren 25ean egingo da; edo, esandako moduan, dagokion egunean.
4.Kobrantza-eskubidea bere kasara erabil dezake ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk edo sozietateak etorkizunean izan ditzakeen titularrek. Hortaz —guztiz edo zati batean— laga daiteke, eskualdatu, deskontatu, pignoratu edo kargatu hirugarrengo batzuen alde, barne hartuz aktiboen titulazio-funtsak edo helburu bereziko beste baliabide edo sozietate batzuk, nazionalak zein atzerrikoak, zeinak sekula ez baitira izango titular lagatzailearekin edo pignoratzailearekin lotura bereziko pertsonak, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legeko 93. artikuluan eta bateragarrietan —lege orokorrak betez— eta artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
5.Kobrantza-eskubidearen lagapena idatziz egin beharko da agiri batean, non, besteak beste, honakoak txertatu beharko baitira:
a) Eroslearen eta eskualdatzailearen izena edo helbide soziala, datu identifikagarriak aditzera emanez.
b) Lagatako kobrantza-eskubidearen ehunekoa.
c) Eskubide-erosketaren eragingarritasun-eguna.
Lagatzailearen konkurtsoa bada, hasierako edo ondorengo lagatzaileek bereizketaeskubide erabatekoa izango dute, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legeko
80. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Kobrantza-eskubidearen lagapena Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003
Legeko 71. artikuluan aurreikusitakoaren babesean baino ezingo du deuseztatu edo aurkaratu administrazio konkurtsalak, zeinak aldez aurretik frogatu egin beharko baitu lagapena hartzekodun-iruzurrean egin dela.
6.Gas-sistemako likidazioen arloan eskumena duen organoari agiria jakinarazten zaionetik aurrera izango da eragingarria, gas-sistemaren aurrean, kobrantza-eskubidearen lagapena. Agiriak honen aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak eta lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen sinadurak jasotzen ditu. Eskubidearen titularraren bankukontuko datuak ere jakinaraziko zaizkio, han egingo baititu ordainketak organo horrek. Organoak, ondorio horietarako, kobrantza-eskubidearen titularren erregistroari eutsiko dio.
7.Bateko edo besteko eskubidearen titularrek —kalkuluen zuzenketa kontrastatze aldera— behar besteko informazioa eskatuko diote likidazioen arloan eskumena duen organoari; izan ere, kalkulu horien arabera finkatu dira eskuratuko zenbatekoak.
8.Horretaz gainera, kobrantza-eskubidea kreditu-eskubidetzat joko da, produktibitatea sustatzeko eta kontratazio publikoa hobetzeko premiazko erreformei buruzko martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuko zazpigarren c) artikuluaren ondorioetarako.
Kobrantza-eskubidea pignoratzea edo berme gisa lagatzea finantza-bermeko akordio modura hartuko da, produktibitatea sustatzeko eta kontratazio publikoa hobetzeko premiazko erreformei buruzko martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuko I. tituluko II. kapitulua aplikatzearen ondorioetarako, baita alderdi parte hartzaileetariko bakar bat ere ez bada dekretu horretako 4. artikuluko kategorietakoa. Eta, bereziki:
a) Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legeko 90.1.6 artikuluko azken esaldia ez zaio aplikatuko.
b) Beti exekutatu ahal izango da martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuko hamaikagarrena.2 artikuluaren araberako exekuzio-kasuren bat gertatuz gero; eta exekutatuko da, bai salmentaz, bai jabetzaz, baita exekuzioa finantza-obligazio nagusiei aplikatzearen bidez ere. Bermepeko hartzekodunak, azken kasu horretan, finantza-
akordioa exekuta dezake kobrantza-eskubidearen ordainketa zuzena —edo dagokion zatia— eskatuz gas-sistemako likidazioen arloan eskumena duen organoari, harik eta zor zaizkion zenbateko guztiak ordaindu arte.
8.paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaio, halaber, banku-kontuak pignoratzeari edo berme gisa lagatzeari. Kontu horietan ordainduko dira kobrantza-eskubideari eta, hala behar izanez gero, kobrantza-eskubidearen lagapen-kontratutik eratorritako eskubideei dagozkienak.
6. artikulua. Kostuak ENAGÁS TRANSPORTE, SAUri ordaintzea.
1.Mantentzeeta operatibitate-kostuak, eta 3.2 artikuluan zehaztutako obligazioen ondorio direnak, gas-sistemako bidesarien eta kanonen diru-sarreren kargura ordainduko zaizkio ENAGÁS TRANSPORTE, SAUri.
Auditoria bidez justifikatu beharko dira kostuak, eta Industria, Energia eta Turismoko ministroaren aginduz zehaztuko dira behin betikoz, aldez aurretik Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren txostena izanda.
Kostu horien baitan txertatuko dira kostu gehigarri modura, alde batetik, onura industriala, eta, bestetik, kudeaketaeta administrazio-kostuen ordainketa azpikontratazio kasuetan.
2.ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk hurrengo ekitaldirako aurreikusitako kostuen plana bidaliko dio, urriaren 31 baino lehen, Industria, Energia eta Turismo Ministerioari.
Planari itsatsiko zaizkionak: 3.2 artikuluan xedatutako jardueren azalpen-memoria bat; instalazioko elementurik garrantzitsuenen egoera, batik bat pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasunerako garrantzia berebizikoa duten elementuena; eta garrantzizkotzat jotzen den beste edozein agiri. Partidarik nagusienetan erabiliko duen kontratazio-era ere jasoko du, zeinak lehia, gardentasuna eta kosturik txikiena erraztu beharko dituen.
Aurreko ekitaldiko gastu auditatuen memoria ere erantsiko da, behin betiko aitorpenaren ondorioetarako.
3.Hirugarren batzuk gas-instalazioetara sartzearekin eta araututako jardueren ordainketarekin lotutako bidesariak eta kanonak ezartzen dituen Industria, Energia eta Turismoko ministroaren Aginduak urtero jasoko du —kostu legetxe— hurrengo ekitaldiaren kostua, aintzat hartuta aurreko paragrafoan aipatutako plana, zein baldintzatua izan baitaiteke. Auditatutako gastuen behin betiko berrazterketen —artikulu honetako 1. paragrafoaren arabera onartutakoen— ondorioz aurreko urteetako ordainketetan izandako desbideraketak ere txertatuko dira, hala behar izanez gero.
Gas naturalaren jarduera arautuen kostutzat joko dira kostu horiek, eta gas-sistemaren likidazioetan —sarbide-sarien eta kanonen hileroko fakturazioari dagozkionetan— ordainduko dira, likidazioen prozedura orokorraren arabera.
Lehenengo xedapen gehigarria. Errege lege-dekretu honetan aurreikusitako kalkuluak.
Errege lege-dekretu honen ondorio diren kalkuluak gauzatzearen ondorioz, milaka eurotan emandako baloreak bi dezimalekin idatziko dira, eta bateko hainbesteko intereseko tasak 5 dezimalekin.
Bigarren xedapen gehigarria. Zentral nuklearren titulartasuna energia nuklearrari buruzko apirilaren 29ko 25/1964 Legeko 28. artikuluan xedatutakoari egokitzea.
Energia nuklearrari buruzko apirilaren 29ko 25/1964 Legeko xedapen iragankor bakarrean aurreikusitakoa kontuan izanik, baldin eta errege lege-dekretu honek indarra hartzerakoan zentral nuklear baten ustiapen-baimenaren titulartasuna ez bazaie egokitu apirilaren 29ko 25/1964 Legeko 28. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan ezarritako baldintzei, esan gurako du titulartasuna egun horretan zentral nuklearraren ustiapen eskuratuta duen entitateari eskualdatu diotela ustiapen-baimenaren titularrek. Ondoriorik gabe geratuko dira, horrekin, izapideetan dauden egokitzapen-planak.
Egun horretara arte ustiapen-baimenaren titular izan direnek 28. artikuluko 2. paragrafoan aipatutako baliabidez hornituko dute titular berria.
Akordioak hartzeko titular berriari aplikatu ohi zaion erregimenaz aparte, segurtasun nuklearrarekin lotutako ebatziak gehiengo soilez hartuko dira.
Zentral nuklear bateko titularraren erantzukizuna bazter utzi gabe, zentralaren funtzionamenduak eragindako kalteen eta galeren erantzukizuna ezingo zaie egotzi zentralaren jabekide ez diren entitateei, ez eta titular horren administrazio organoetan entitate horien ordezkari direnei ere.
Lehenengo xedapen iragankorra. Kostuen plana 2015eko ekitaldirako.
2015eko ekitaldirako kostu-plana eta errege lege-dekretu honetako 6.2 artikuluaren arabera itsatsi beharko diren agiriak 2014ko abenduaren 1a baino lehen igorri beharko ditu ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk.
Bigarren xedapen iragankorra. Funtzioak aldi baterako betetzea.
1.ESCAL UGS, SLk hartuko du instalazioen mantentzeeta operatibitate-jarduerak normaltasunez, baldintza onetan eta gardentasunaren eta kosturik txikienaren printzipioak betez gauzatzeko erantzukizuna, harik eta ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk instalazioen administrazioa guztiz bere esku izan arte.
Errege lege-dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera ESCAL UGS, SLk lankidetza eskainiko dio ENAGÁS TRANSPORTE, SAUri, baita informazioa, instalazioetarako sarbidea eta funtzioak modu antolatuan eskualdatzeko behar den laguntza ere.
ESCAL UGS, SLk bete egin beharko ditu urriaren 7ko 34/1998 Legean eta gainerako legeeta arau-xedapen aplikagarrietan exijitutako baldintzak eta obligazioak. Bete beharko ditu, halaber, Castor lurpeko biltegiaren ustiakuntza-emakidaren esleipenxedapenetan eta errege lege-dekretu honetan ezarritako baldintzak. Eutsiko dio, batik bat, instalazioekin lotutako baimen, emakida edo bestelako administrazio-titulu habilitagarrien titulartasunari.
Baldintza horiek edo haiekin lotutako obligazioak ez betetzeak instalazioen mantentzeeta operatibitate-kostuen —xedapen honetako 3. paragrafoan aurreikusitakoen— aitorpena galtzea dakar, exijitu ahal zaizkien gainerako erantzukizunak baztertu barik.
2.ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk guztiz bereganatuko du, 2014ko abenduaren 1a baino lehen, instalazioen administrazioa, zeinen berri Industria, Energia eta Turismoko Ministerioari emango baitzaio.
Instalazio horien administrazioa guztiz bereganatzen duenetik bi hileko epean Industria, Energia eta Turismoko Ministerioari txosten bat bidaliko dio ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk, non honako hauek kreditatuko baititu: eskuratutako instalazioen egoera; indarreko arauak betetze-maila; antzemandako akatsak zuzentzeko edo, hala bada, egoera berriari egokitzeko egin behar diren inbertsioak; egin beharreko inbertsioak lehenestea eta sinkronikoki programatzeko aukera; eta etorkizuneko mantentze-premiak. Txosten horrek dioenaren arabera, ESCAL UGS, SLri mantentzeeta operatibitatekostuen ordainez aitortutako zenbatekoa murriztu ahal izango da.
3.Industria, Energia eta Turismoko ministroaren aginduz zehaztuko da instalazioen mantentzeeta operatibitate-kostuei dagokien zenbatekoa. Kostu horiek dira, hain zuzen ere, ESCAL UGS, SLk modu arrazoitsuan egindakoak errege lege-dekretu honek indarra hartzen duenetik, ENAGÁS TRANSPORTE, SAUk instalazioaren administrazioa guztiz bereganatu arte. Era horretan aitortutako kostuak likidazio-bidean dagoen prozedurari gehituko zaizkio, eta denak batera ordainduko zaizkio ESCAL UGS, SLri.
ESCAL UGS, SLk, helburu hori lortze aldera, errege lege-dekretu honek indarra hartu eta 10 eguneko epean, aldi horretan ustez izango dituen kostuen estimazioa aurkeztuko die Industria, Energia eta Turismoko Ministerioari eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari. Aldi baterako epealdi hori amaituta, aldi horretako gastu auditatuen memoria
aurkeztuko die Industria, Energia eta Turismoko Ministerioari eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, kostuak aitortze aldera.
4.Industria, Energia eta Turismoko Ministerioak eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak —biak ala biak— ezarritako obligazioen betetze-maila egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibide gehiago eska diezaiekete ESCAL UGS, SL eta ENAGÁS TRANSPORTE, SAU sozietateei.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetatik lehenengoa. Eskumen-titulua.
Espainiako Konstituzioko, 149. artikuluaren 1. paragrafoko 13. eta 25. lerrokaden arabera Estatuarenak diren eskumenen babesean ematen da errege lege-dekretu hau. Artikulu horrek Estatuaren esku uzten ditu, esklusibotasunez, jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa eta meatzeen eta energiaren araubidearen oinarriak ezartzeko eskumenak.
Azken xedapenetatiko bigarrena. Arauak onartzeko gaikuntza.
Industria, Energia eta Turismoko ministroari gaikuntza ematen zaio errege legedekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta betearazteko beharrezko diren xedapen guztiak emateko.
Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egun berean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2014ko urriaren 3an.
FELIPE E.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY
w.boe.es |
BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO |
D. L.: M-1/1958 ISSN: 02 |
|
|
|