Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Ingurumena

11/2019 Errege Lege Dekretua, irailaren 20koa, Denboraleek eta bestelako egoera katastrofikoek eragindako kalteak arintzeko presako neurriak hartzen dituena.

2019-09-20

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 09/21/2019, 237. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

13409    11/2019 Errege Lege Dekretua, irailaren 20koa, Denboraleek eta bestelako

egoera katastrofikoek eragindako kalteak arintzeko presako neurriak hartzen dituena.

Joan den irailaren 9ko azken orduan, goi-geruzetan isolaturiko aire-masa hotz bat iritsi zen penintsulara, eta hego-ekialderantz desplazatu zen. Fenomeno meteorologiko horrek eurite handiak eragin ohi ditu, eta hilaren 12, 13 eta 14an izan zuen unerik gorena; zehazki, ondorio larriak utzi zituen Valentziako Erkidegoko, Murtziako Eskualdeko, Gaztela-Mantxako eta Andaluziako zenbait eremu handitan, eta hurrengo egunetan, berriz, Madrilgo Erkidegoko hegoaldeko eremuetan.

Eurite horiek bereziki latzak izan dira: azken 140 urteotako zifrak gainditu dituzte, eta, zenbait gunetan, 486 l/m2 ere pilatu dira (kopuru historikoa); era berean, gainezkatzeen ondorioz, uholde larriak izan dira herriguneetan. Gainera, fenomenoak luze iraun duenez, mota guztietako kalteak izan dira eta, tamalez, zazpi pertsona hil dira. Larrialdi-zerbitzuek hainbat erreskate egin behar izan zituzten; milaka herritar ebakuatu behar izan ziren udal instalazioetara, eta osasun zerbitzuek, gizarte zerbitzuek eta Espainiako Gurutze Gorriak artatu behar izan zituzten. Goi-geruzetan isolaturiko aire-masa hotzak izugarri eraldatu du kaltetutako guneetako herritarren bizimodua, eta sekulako kalte materialak utzi ditu. Errepideak, ura eta elektrizitatea moztu ziren; udalerri batzuk urak isolatuta geratu ziren; eskolak bertan behera geratu ziren hainbat ikastetxetan; trenek eta zenbait aireportuk zerbitzuak aldatu edo eten egin behar izan zituzten; eta beste zenbait zerbitzu publiko ere kolokan edo bertan behera geratu ziren. Zerbitzu eta instalazio publikoetako, nekazaritzako, abeltzaintzako, industriako, merkataritzako eta zerbitzuetako ondasunetan (titulartasun pribatukoak zein publikokoak) izandako kalte materialak oso handiak izan dira.

Estatuek nahitaez bete beharreko erantzukizuna dute herritarren segurtasuna bermatzeko orduan, eta, horrez gain, gaur egun, segurtasun publiko klasikoa baino haratagoko kontzepzio berri baterantz joateko beharrizana ere badago: «giza segurtasuna» delakoari lotutako ikuspuntu bat, pertsonak hartzen dituena beren ekintzen erreferente nagusi gisa, eta pertsonek dituzten mehatxu eta arriskuen zabalkundea dakarrena.

Giza segurtasun horretan oinarritutako ekintza baterantz joateko, fokua babes zibileko politiketan eta zerbitzuetan jarri behar da, besteak beste; era berean, nabarmendu beharrekoa da ekintza hori jasoko duen gizartearen dibertsitatea kontuan hartzeak duen garrantzia. Hori dela eta, eszenatoki berriei aurre egiteak eta benetako erresilientzia soziala sortzeko lanean sakontzeak ikuspuntu estrategikoa eskatzen du, eta ikuspuntu horrek modu integralean jaso behar ditu arriskua areagotzen duten faktoreak.

Premisa horren pean, Nazioko Gobernuak, errege lege-dekretu honen bitartez, erabaki du berehalako erantzuna ematea larrialdi-egoera horri; izan ere, errege lege-dekretuak neurri ugari aurreikusten ditu, eta beharrezkoak diren kreditu guztiak gaituko dira horretarako.

Ezohiko neurri hori hartzerakoan, Gobernu honek badaki sektore publikoak erantzun azkar eta eraginkorra eman behar diela horrelako gertakariei, eta, hain zuzen ere, ekipo berriek beren erantzukizunak hartu zituztenetik sustatutako ekintzaren ildo politikoaren barruan dago txertatuta erantzun hori. Testuinguru horretan, joan den apirilean, Babes Zibileko aurreneko Estrategia Nazionala onartu zen. Estatu-mailako esparru estrategiko hori formulatzeko orduan, arrisku guztiak zeharka baldintzatzen dituzten zenbait faktore hartu dira kontuan. Horrek gero eta garrantzi handiagoa duenez, arriskuak hainbat dimentsiotatik kudeatu beharra dago. Horien artean daude, besteak beste, gai hauek: klima aldaketa, arrisku guztiak areagotzen dituen faktore gisa; egoera eta bilakaera demografikoaren eragina; lurraldearen plangintzak eta lurzoruaren erabilerak eragindako erronkak; eta, arrazoi sozial edo pertsonalak direla-eta, larrialdien eta hondamendien ondorioz bereziki zaurgarriak diren egoerei arreta jartzeko beharrizana. Tresna horren bitartez, zenbait ekintza-ildo definitzen dira ekintza estrategiko jakin batzuk hartzeko; modu horretan, aukera egongo da larrialdiei aurrea hartzeko, prebenitzeko, plangintza egiteko, erantzuna emateko eta egoerak leheneratzeko, bai eta erronka berriei erantzuteko ere.

Beharrezkoa da, era berean, Estatuaren gaitasunak sendotzea; izan ere, azken urteotan, Estatuak murrizketa handiak izan ditu baliabide ekonomikoetan eta giza baliabideetan.

Espainiaren arrisku-maila globala, oro har, moderatua da; baina basoetako suteek, uholdeek eta fenomeno meteorologiko bortitzen ondoriozko gertakariek (esate baterako, orain dela gutxi izan direnek) oso kalte handiak eragin ditzakete, eta horrek modu larrian kaltetu dezake jendearen segurtasuna, bai eta ingurumena hondatu ere.

Halaxe gertatu zen 2018an eta 2019. urtearen hasieran izandako zenbait larrialdirekin; zehazki, euriteek, txingor-zaparradek eta elurteek eragindako uholdeak gertatu ziren, bai eta basoetako suteak, denboraleak eta marea handiak ere, zenbait probintzia eta autonomia-erkidego kaltetu zituztenak. Gertakaririk larrienetan jendea hil zen, eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan eta Malagako probintzian gertatu ziren, eurite handien ondorioz. Horren aurrean, eta beste zenbait ekintzaren artean, Gobernuak, urtarrilaren 25eko 2/2019 Errege Lege-dekretuan jasotako neurrien bitartez, laguntza-multzo bat onartu zuen kalteak arintzeko, eta guztira 130 milioi euro jarri ziren egoera leheneratzeko.

Era berean, 2019ko apirilaren 1etik, ezbehar ugari ari dira gertatzen bata bestearen atzetik, eta horrek larrialdi-egoerak edota egoera katastrofikoak ekarri izan ditu. Ondorioz, populazioaren bizi-baldintzak nabarmen eraldatu dira, bai eta kalte pertsonal eta material larriak sorrarazi ere, ondasun pribatuetan zein ondasun, instalazio eta zerbitzu publikoetan, nekazaritza-ustiategietan eta udal azpiegituretan. Pertsona eta ondasunetan izandako ondorioen ikuspuntutik, hauek izan dira esanguratsuenak: Tarragonako La Torre de l’Espanyol udalerrian izandako baso-sutea, ekainean; eta Almorox, Cenicientos eta Cadalso de los Vidrios udalerrietan izandakoak, Madril eta Toledoko probintzietan.

Uztailean uholde larriak izan ziren Nafarroako Foru Komunitatean eta Galiziako Autonomia Erkidegoan.

Lurraldearen hedaduragatik, inpakturik orokortuena abuztuaren 25, 26 eta 27an izan zen: egun horietan, goi-geruzetan isolaturiko aire-masa hotz batek mendebaldetik ekialdera zeharkatu zituen penintsula eta Balear Uharteak, eta, ondorioz, zenbait autonomia-erkidego kaltetu ziren.

Beste alde batetik, 2019ko abuztuaren 10etik 17ra bitartean, oso baso-sute larriak izan ziren Kanaria Handiko uhartean: Espainiako basoetan azken urteotan izandako ezbeharrik handienetakoa izan zen hori, bai erretako azalera handiagatik, bai espazio natural babestuetan izandako ondorio izugarriengatik.

Azkenik, goi-geruzetan isolaturiko beste aire-masa hotz bat (abuztu amaierakoa baino latzagoa) heldu zen penintsulara irailaren 9an, eta lehen aipatutako ondorioak izan zituen.

Babes Zibileko Sistema Nazionalak larrialdien zikloko prozesuen inguruko ekintza eta politika publikoak arautzen ditu. Horren ondorioz, eskumenak hiru maila administratiboetan bete behar dira, eta Administrazio Publiko guztiek elkartasun, osagarritasun eta subsidiariotasun printzipioen arabera jokatu behar dute. Eskumenen deszentralizazio hori bat dator larrialdi egoeretan modu koordinatu eta eraginkorrean jokatzeko gai den Sistema Nazional baten artikulazioarekin, eta, hain zuzen ere, mota horretako egoerak bizi izan ditugu azken hilabeteotan, eta, bereziki, goi-geruzetan isolaturiko azken aire-masa hotzaren kasuan.

Testuinguru horretan, eta Errege Lege-dekretu honen xede diren babes zibileko larrialdiei dagokienez, Nazioko Gobernuari dagokio Estatuko Administrazio Orokorrak egiten dituen ekintza osagarriak bideratzea, bai erantzun-fasean eta bai leheneratze-fasean.

Hori horrela, berehalako erantzunaren fasean, Gobernuak zenbait giza baliabide eta zenbait baliabide material bideratu ditu, larrialdiei ahalik eta arinen erantzun ahal izateko (larrialdi jakin batzuen kasuan, baliabide horiek aurrekaririk gabekoak dira). Horien artean daude Estatuaren Segurtasun Indar eta Kidegoetako, Larrialdietarako Unitate Militarreko eta Indar Armatuetako kideak, suteak itzaltzeaz arduratzen diren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko kideak, eta larrialdiak kudeatzeko lanetan inplikatuta dauden ministerio-sailetako teknikariak. Era berean, Barne Ministerioak Copernicus europar programaren satelite-irudiak eskaini ditu, eta, era berean, aktibatu egin du sail horrek Espainiako Gurutze Gorriarekin sinatuta duen hitzarmena.

Azken batean, kontuan hartuta aipatutako egoera katastrofikoen (bereziki, azkena) ondoriozko kalte pertsonal eta material larriak, larrialdien garrantzia, biztanleen bizi-baldintzen nahasmendua arintzeko beharrezkoak diren neurriak, funtsezko zerbitzu publiko guztiak leheneratu beharra eta, azken batean, kaltetutako lekuetan egoera bere onera ekarri beharra, justifikatuta dago Estatuaren Administrazio Orokorrak esku hartzea, lurraldeen arteko elkartasunaren printzipioari eutsiz, eta, modu subsidiarioan, lurralde-administrazioek beren eskumenak erabiliz egin behar dituzten jarduketen osagarri gisa.

Babes Zibileko Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legeak aurreikusten duenez, larrialdia handia denean eta eremua leheneratzeko Estatuaren Administrazio Orokorrak esku hartu behar duenean, lege horren V. kapituluan jasotako neurriak aplikatuko dira; aurretik, halakotzat deklaratu beharko da larrialdia, 23. artikuluan ezarritakoaren arabera. Deklarazio hori eginez gero, lege-testu beraren 24. artikuluaren zerrendan ageri diren neurriak hartu ahal izango dira, Ministro Kontseiluak onartzen dituen baldintzak betez. Azkenik, lege beraren azken xedapenetako bigarrenak Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako titularrari gaikuntza zehatza ematen dio lan-arloko eta Gizarte Segurantzako neurriak garatzeko.

Kalte pertsonalak eta materialak arintzeko neurriak daude jasota, zehazki, honako hauetan gertatutakoak: etxebizitzetan eta tresnetan, eta hainbat motatako establezimenduetan (industria, merkataritza, nekazaritza, itsas eta arrantza, eta turismo arlokoetan), bai eta prestazio pertsonaletan ere; era berean, zerga-hobariak, lan-neurriak eta gizarte segurantzaren arloko neurriak daude aurreikusita, bai eta toki-korporazioei, nekazaritza eta abeltzaintza arloko ekoizpenari, edo basoak eta ingurumena leheneratzeari zuzendutako laguntzak ere. Gainera, ekintza bereziak aurreikusten dira jabari publiko hidraulikoan eta itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan, bai eta titulartasun publikoko beste azpiegitura batzuetan ere. Azkenik, nabarmendu beharrekoa da, lan eta Gizarte Segurantzaren arloan aurreikusitako neurriak osatzeko, neurri zehatzak daudela jasota norberaren konturako langileak babesteko, eta besteren konturako langileei ematen zaien babes-maila bera emateko haiei ere.

Neurri horiek guztiak lehen deskribatutako eta 1. artikuluan jasotako gertakari guztietan aplika daitezke. Eta neurri horiek antzeko ezaugarriak dituzten beste gertakari batzuetan aplikatzeko aukera ere badago.

Eremu geografiko jakin batean populazioaren bizi-baldintzak modu larrian eraldatu dituzten egoeren aurrean premiaz jokatu behar izan denetan egin izan den bezala, lege mailako arauak behar dituzten neurriak hartu ahal izateko, errege lege-dekretu hau onartu da; izan ere, jurisprudentzia konstituzionalaren arabera, premiazko legegintzarako tresna da, eta zilegia da berau erabiltzea Gobernuaren helburuen barruan dauden egoera konkretuei laguntza eman behar zaienean eta, horretarako, araudia berehala aplikatu behar denean, legegintzaren ohiko prozedurak edo, baita ere, premiazko prozedurak ahalbidetzen duena baino epe laburragoan, legeen izapidetze parlamentariorako. Era berean, Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluan azaltzen den aparteko eta presako beharrizanaren baldintza betetzat emateari buruzko iritzi politikoa Gobernuari dagokio. Gainera, behin eta berriro eskatu izan da nolabaiteko lotura edo egokitzapena egotea baldintza horren eta errege lege-dekretuaren bidez hartutako neurrien artean. Errege lege-dekretu honen xedea da kaltetutako guneak normaltasunera itzularaztea eta, egoerek eskatzen duten azkartasunarekin, uztailaren 9ko 17/2015 Legearen 24.2 artikuluak jasotako neurriak hartzea, hau da: zerga-hobari jakin batzuk, eta lan eta Gizarte Segurantza arloko neurriak (horietako batzuk aplikatu ahal izateko, lege mailako araua onartu beharra dago). Eta etxebizitzetan, establezimenduetan eta ustiategietan, azpiegituretan eta ekipamenduetan, jabari publiko hidraulikoetan edo itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoetan fenomeno atmosferiko horiek eragindako kalteak hein batean arintzeko.

Errege lege-dekretu hau prestatzeko lanean, kontuan hartu dira beharrizanaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioak, hala agintzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluak.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimena erabiliz, Barne gaietako, Ogasuneko, Sustapeneko, Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako, Industriako, Merkataritzako eta Turismoko, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadurako, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroek, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadurako ministroaren ordezkapenez maiatzaren 20ko 351/2019 Errege Dekretuaren bitartez, eta Trantsizio Ekologikorako eta Ekonomiako eta Enpresako ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak hala eztabaidatuta 2019ko irailaren 20ko bileran,

XEDATZEN DUT:

  • 1. artikulua. Xedea.

  • 1. Errege lege-dekretu honen xedea da ondoren zerrendatutako probintziak eta autonomia-erkidegoak babes zibileko larrialdi batek larri kaltetutako gune izendatzea, bai eta adierazitako suteek, denboraleek eta beste katastrofe natural batzuek eragindako kalteak arintzeko premiazko neurriak hartzea ere: Tarragona, Lleida eta Toledoko probintziak, bai eta Madrilgo Erkidegoa ere, 2019ko ekainaren 26tik 28ra bitartean izandako baso-suteengatik; Nafarroako Foru Erkidegoa, 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeengatik; Ourenseko probintzia, 2019ko uztailaren 8an izandako txingor-ekaitzagatik eta uholdeengatik; Madrilgo Erkidegoa, Zaragoza eta Caceresko probintziak, Errioxako Autonomia Erkidegoa, Segovia, Valladolid, Avila, Toledo, Ciudad Real, Alacant, Castello, Valentzia, Lleida, Sevilla eta Malagako probintziak, Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoa eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, 2019ko abuztuaren 25, 26 eta 27an izandako eurite handiengatik, egun horietan goi-geruzetan isolaturiko aire-masa hotz batek mendebaldetik ekialdera zeharkatu baitzituen penintsula eta Balear Uharteak; Kanaria Handiko uhartea, 2019ko abuztuaren 10etik 17ra bitartean izandako baso-sute ezin larriagoengatik; Albacete, Alacant, Valentzia, Almena, Malaga eta Granadako probintziak, Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa eta Madrilgo Erkidegoa, 2019ko irailaren 12tik 16ra bitartean goi-geruzetan isolaturiko azken aire-masa hotz batek eragindako gertakari larriengatik.

Errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak aplikagarri izango dira aurreko paragrafoan deskribatutako gertakariek eragindako kalteetarako.

  • 2. Errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak honako gertakari hauek eragindako kalteen kasuetan ere aplikatuko dira: uholdeak eragiten dituzten euriteak, elurra, txingorra eta haizea, uholdeak, ibai eta erreken gainezkatzeak, harriteak, kostaldeko fenomenoak eta tornadoak, baso-suteak edo beste gertakari katastrofiko batzuk, 2019ko apirilaren 1etik hasi eta errege lege-dekretu hau indarrean jarri arte gertatutakoak.

Ministro Kontseiluaren errege dekretuak zehaztuko du atal honetan aurreikusitakoa zein gertakariri, zein lurralde-esparruri eta zein neurri zehatzi aplikatuko zaien, dagokion neurria betearazteko eskumena duen Ministerioaren titularraren proposamenez.

  • 3. Gobernuak erabaki ahal izango du, kaltetutako eremuak mugatuta, errege lege-dekretu honetan aurreikusita dauden beharrezko neurriak antzeko beste gertakari batzutan ere aplikatu daitezkeen, 2020ko martxoaren 31ra bitartean gertatzen badira; eta hori, errege dekretu bidez eta dagokion neurria betearazteko eskumena duen Ministerioaren titularraren proposamenez.

  • 2. artikulua. Kalte pertsonalak, kalte materialak, etxebizitzan eta ondasunetan izandako kalteak, eta industriako, merkataritzako, nekazaritzako, itsas eta arrantzako, turismoko eta beste zerbitzu batzuetako establezimenduetan izandako kalteak arintzeko laguntzak, eta pertsona fisiko zein juridikoek egindako prestazio pertsonalen edo ondasun-prestazioen ziozkoak.

  • 1. Aurreko artikuluko adierazpeneko gertakariek zuzenean eragindako heriotzen eta ezintasunen kasuetan, martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan aurreikusitako laguntzak emango dira, zeintzuen bitartez larrialdi- edo hondamendi-egoeren ondoriozko premiei erantzuteko dirulaguntzak arautu eta dirulaguntza horiek emateko prozedura ezartzen baita.

  • 2. Tresneria suntsitzea edo tresnerian kalteak izatea eta etxebizitzetan kalteak izatea laguntzak jasotzeko arrazoi izango dira, martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Ezbeharrek kaltetutako higiezinen titulartasuna egiaztatzeko, titulartasun hori frogatzen duen edozein dokumentu onartuko da egiaztagiri gisa; esate baterako, ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria edo pareko beste batzuk.

  • 3. Industriako, merkataritzako, nekazaritzako, itsas eta arrantzako, turismoko eta beste zerbitzu batzuetako establezimenduetan kalteak izaten direnean, baliteke, Aparteko Arriskuetarako Aseguruaren Erregelamenduaren 9. artikuluak jasotako frankizia aplikatuta, interesdunak Aseguruen Konpentsazio Partzuergotik kalte-ordainik jasotzea (erregelamendu hori otsailaren 20ko 300/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen); halakoetan, ezbeharrak eragindako kalteen zenbateko lagungarriaren % 7rainoko dirulaguntza eman ahal izango da, eta inoiz ez 9.224 euro baino gehiago, hala xedatzen baitu martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren 28. artikuluak. Eta bada beste muga bat ere: batuketa egin dirulaguntza horren eta aseguruaren kalte-ordainaren eta beste edozein dirulaguntza edo laguntza publiko edo pribaturen artean, eta zenbatekoak inoiz ere ezingo du hondamenaren edo kaltearen balioa gainditu. Interesdunak, halakoetan, aseguru-entitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du, zeinean jasoko baita aseguru-entitateak ez duela ordaindu Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak aplikatutako legezko frankiziari dagokion zenbatekoa edo horren zati bat.

  • 4. Laguntza horiek jasotzeko eskabideak kaltetutako autonomia-erkidego eta probintzietan Gobernuak dituen ordezkaritza edo ordezkariordetzetan izapidetuko dira; bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita, eta Barne ministroak ebatziko ditu.

  • 5. Aurreko zenbakian xedatutakoa aplikagarria izango da, halaber, laguntzak eskatzen direnean jasandako kalte pertsonalengatik edo pertsona fisiko zein juridikoek egindako prestazio pertsonalengatik edo ondasun-prestazioengatik. Horrelako laguntzak martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan arautzen dira.

  • 6. Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M «Ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko» aurrekontu-aplikazioaren 471, 472, 482, 771 eta 782 kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira kreditu horiek indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.

  • 3. artikulua. Nekazaritza- eta abeltzaintza-produkzioetan izandako kalteetarako laguntzak.

  • 1. Artikulu honetan ezarritako laguntzak nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien titularrentzako izango dira, baldin eta, 1. artikuluan adierazitako aplikazio-eremuan egonda, produkzioaren % 30etik gorako galerak izan badituzte, arlo horretan Europar Batasunak ezarritako irizpideen arabera, eta baldin eta egoera hauetakoren batean badaude:

  • a) Kanpaina honetarako poliza formalizatu gabe izan duten nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietako kalteetarako, baldin eta ezbeharra izan den egunetan ez bada hasi dagokion asegurua sinatzeko epea edo ez bada epe hori bukatuta egon, betiere aurreko kanpainan lerro bererako asegurua kontratatu bazuten, kaltea izan duen ondasuna bermatuz. Abeltzaintza-ustiategien kasuan, ondore horietarako ez dira aintzat hartuko ustiategian hilda dauden animaliak handik ateratzearekin eta suntsitzearekin loturik kontratatu diren aseguruen polizak.

  • b) Nekazaritza- eta abeltzaintza-produkzioetan izandako kalteetarako, baldin eta, produkzio horietarako nekazaritzako aseguru konbinatuen sistemaren babespean indarrean dagoen poliza izan arren, sistema horrek ez baditu produkzio horiek bermatzen. Abeltzaintza-ustiategien kasuan, ondore horietarako ez dira aintzat hartuko ustiategian hilda dauden animaliak handik ateratzearekin eta suntsitzearekin loturik kontratatu diren aseguruen polizak.

  • c) Nekazaritza- eta abeltzaintza-produkzioetan izandako kalteetarako, indarrean dagoen Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planean sartzen ez diren produkzioen kasuan.

  • 2. Nekazaritza-produkzioetan izandako kalteetarako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014/EB Erregelamenduan xedatutakoarekin bat emango dira. Erregelamendu horrek laguntzen hainbat kategoria deklaratzen ditu nekazaritza- eta baso-sektoreetarako, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz barne-merkatuarekin bateragarri diren nekazaritza-eremuetarako.

  • 3. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, autonomia-erkidegoekin koordinatuta, artikulu honetan aurreikusitako laguntza guztiak eta laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura ezarriko du.

  • 4. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren aurrekontuan txertagarri gisa gaitzen den kredituaren kontura egingo zaie aurre laguntza horiei.

  • 4. artikulua. Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietarako laguntzak.

  • 1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien titularrak, baldin eta, Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planaren babespeko polizak izanik eta 1. artikuluan jasotako aplikazio-eremuaren barruan egonik, ustiategiari atxikitako elementu ez-aseguragarrietan kalteak jasan badituzte; halakotzat joko dira apirilaren 25eko INT/433/2017 Aginduaren 4.1 artikuluan aipatzen direnak -agindu horrek urtarrilaren 27ko 2/2017 Errege Lege Dekretuaren 2.3 artikulua garatzen du, eta dekretu horrek, berriz, azkenaldiko denboraleek eragindako kalteak konpontzeko presako neurriak hartzen ditu-.

  • 2. Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan izandako kalteak aseguruaren harpidetza-epearen barruko produkziodun partzeletan gertatu badira oso-osorik, eta poliza oraindik formalizatu gabe badago, horren babespean geratu ahal izango dira, baldin eta aurreko kanpainan produkzio horietarako asegurua kontratatu bazuten. Abeltzaintza-ustiategien kasuan, ondore horietarako ez dira aintzat hartuko ustiategian hilda dauden animaliak handik ateratzearekin eta suntsitzearekin loturik kontratatu diren aseguruen polizak.

Horrelakoetan, peritu elkargokide batek zenbatetsitako kalteen % 70erainoko dirulaguntza eman ahal izango da, inoiz ez 8.000 euro baino gehiago; gainera, dirulaguntza horren eta beste edozein dirulaguntza edo diru-sarrera publiko edo pribaturen artean batuketa eginda lortzen den emaitzak ezingo du inolaz ere gainditu hondamenaren edo kaltearen balioa. Kalteak bideetan gertatu badira, eragindako bideen krokisa jaso behar da peritu-txostenean, bat etorriz Nekazaritzako Lurzatiak Identifikatzeko Geografia Informazioko Sisteman (SIGPAC) erregistratuta dagoen informazioarekin. Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartu ahalko dira txostena egiteagatiko ordainsariak, gehienez ere 300 euroko zenbatekoraino.

  • 3. Kaltetutako elementuen titulartasuna egiaztatzeko, interesdunek indarrean dagoen eta nekazaritzako aseguru konbinatuen planaren babespekoa den aurreko kanpainako aseguru-poliza aurkeztu beharko dute.

  • 4. Enpresa- edo lanbide-jardueran dihardutela egiaztatzeko, berriz, interesdunek berariazko baimena emango diote organo kudeatzaileari, hark Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eska diezaion Enpresaburu, Profesional eta Atxikitzaileen Erroldatik behar duen informazioa.

  • 5. Laguntza horiek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak izapidetu eta ebatziko ditu, dagokion errege dekretuan zehaztutako prozedurak adierazitako epe eta moduetan.

  • 6. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren aurrekontuan txertagarri gisa gaitzen den kredituaren kontura egingo zaie aurre laguntza horiei.

  • 5. artikulua. Zerga-onurak.

  • 1. Ez dira ondasun higiezinen gaineko zergaren 2019ko kuotak ordaindu behar izango, 2019an izandako ezbeharrei dagokienez; ez eta 2020koak ere, 2020an izandako ezbeharrei dagokienez, halakorik balego; eta hori, errege lege-dekretu honen 1. artikuluan aipatu ditugun ezbeharren eraginez zuzenean kaltetu diren etxebizitzen, industria-, turismo-, merkataritza-, itsas eta arrantza-establezimenduen, establezimendu profesionalen, nekazaritza- eta baso-ustiategien eta lantoki eta antzekoen kasuan, baldin eta egiaztatzen bada bertan kokatutako pertsonak eta ondasunak guztiz edo zati batean beste leku batean kokatu behar izan direla harik eta jasandako kalteak konpondu arte, edo nekazaritza- zein abeltzaintza-ustiategietan kalteak izan badira eta hondamendi horiek ezin badira aseguru publiko edo pribatuetako ezein formularen bitartez babestu.

  • 2. 1. artikuluan jasotakoaren arabera, ekonomia-jardueren gaineko zergan murrizketa bat ezartzen zaie industriei (edozein eratakoei), merkataritza-establezimenduei, itsaso eta arrantzakoei, turismo-establezimenduei eta establezimendu profesionalei, ezbeharren eraginez haiei atxikitako negozio-lokalak edo ondasunak zuzenean kaltetu badira, eta, betiere, jarduera beste leku batean kokatu behar izan bada edo jarduera aldi baterako ixtea eragin duten kalteak izan badira. Murrizketa hori 2019ko ekitaldiko zergan egingo zaie ezbeharra 2019an izan dutenei, eta 2020ko ekitaldiko zergan, berriz, ezbeharra 2020an izan dutenei. Murrizketa hori proportzionala izango da, kontuan hartuko baita zenbat denbora igaro den jarduera eten behar izan zen egunetik berriz ere normaltasunez hasi den arte, dela lokal berberetan dela beste lokal batzuetan, hartara eragotzi gabe jarduera utzi behar izatea aintzat hartzea, kalteen larritasunak hori eragiten duenean; azken kasu horretan, murrizketa 2018ko abenduaren 31tik aurrera aplikatuko da, ezbeharra 2019an gertatu bada, edo 2019ko abenduaren 31tik aurrera, ezbeharra 2020an gertatu bada.

  • 3. Aurreko zenbakietan aipatutako zergetan egingo diren salbuespen eta murrizketetan, zerga horien gainean legez onartutako errekarguenak ere sartuko dira.

  • 4. Aurreko zenbakietan ezarritako onurak lortzeko eskubidea duten zergadunek, aipatutako zerga-ekitaldietako ordainagiriak ordaindu badituzte, ordaindutako diru kopuruak itzultzeko eskatu ahal izango dute.

  • 5. Ez dira ordaindu behar izango Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoaren tasak, urriaren 2ko 16/1979 Legean ezarritakoak, ezbeharrek eragindako kalteen ondorioz eskatutako ibilgailuen bajak izapidetzeko, ezta arrazoi horiengatik suntsitu edo galdutako zirkulazio-baimen eta gidabaimenen kopiak emateko ere.

  • 6. Artikulu honetako goiko zenbakietan xedatutakoa dela-eta, murrizketaren bat badago udalen, uharte-kontseiluen, uharte-kabildoen, probintzia-diputazioen eta autonomia-erkidegoen tokiko tributuen bidezko diru-sarreretan, murrizketa hori Estatuaren Aurrekontu Orokorren kontura konpentsatuko da, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu hori).

  • 7. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita egongo dira 2. artikuluan aipatutako kalte pertsonaletarako ezohiko laguntzak.

  • 6. artikulua. Lan-arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko neurriak.

  • 1. Baldin eta kaleratze kolektiboen, kontratu-eteteen eta lanaldi-laburtzeen arrazoi zuzena errege lege-dekretu honen 1. artikuluan adierazitako ezbeharren ondoriozko kalteak badira, edo 2.3 artikuluan adierazitako establezimenduetan kalteen ondorioz zuzenean izandako jarduera-galerak, eta hori dena behar bezala egiaztatzen bada, ezinbesteko kasutzat hartuko dira eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. eta 51. artikuluetatik eratorritako ondorioak izango dituzte (testua urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen). Kontratu-eteteen eta lanaldi-laburtzeen kasuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak, Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako Ministerioak horretarako emandako ministerio-aginduaren terminoetan, enpresaria Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzetik eta baterako diru-bilketaren kontzeptuetatik libratu ahal izango du etenaldiak edo laburtzeak irauten duen bitartean, eta epe hori langileak benetan kotizatutako alditzat joko da. Kontratua amaitzen den kasuetan, langileen kalte-ordainak Soldatak Bermatzeko Funtsaren kontura ordainduko dira, legez ezarritako mugen barruan.

Enpresak kontratuak etetea edo lanaldia aldi baterako laburtzea erabakitzen badu ezohiko arrazoietan oinarrituta, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak edo, hala egokitzen bada, Itsasoko Gizarte Institutuak baimena eman ahal izango du langabezia-prestazioak (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan araututakoak) jasotzen diren aldi hori ez dadin zenbatu ezarritako prestazioak jasotzeko gehieneko aldia agortzeko ondorioetarako. Horretarako, nahitaezkoa izango da horren guztiaren atzean errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan jasotako gertaerak egotea. Era berean, baimena eman ahal izango du langabezia-prestazioak jaso ditzaten espediente horietan sartuta dauden langileek, nahiz eta prestazio horiek jasotzeko beharrezkoak diren kotizazio-aldien baldintza beteta ez izan.

  • 2. Norberaren konturako langileek eta enpresek, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan sartuta daudenek, izandako kalteak edo 1. artikuluan deskribatutako ezbeharren ondorioz zuzenean izandako jarduera-galerak justifikatu ondoren, interesik gabeko urtebetera arteko moratoria eskatu ahal izango dute Gizarte Segurantzaren kotizazioak eta diru-bilketa bateratuko kontzeptuak ordaintzeko, elkarren segidako hiru hilabeteri dagozkionak, ezbeharra gertatu aurreko egunetik zenbatzen hasita; edo, norberaren konturako erregimen berezian edo autonomoenean sartuta dauden langileen kasuan, ezbeharra gertatu zen hilabetetik aurrera.

Gizarte Segurantzarekin lankidetzan aritzen diren mutualitateak, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak edo, hala egokitzen bada, Itsasoko Gizarte Institutuak baimena eman ahal izango du jarduera eten izanagatiko prestazioak (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren V. Tituluan araututakoak) jasotzen diren aldi hori ez dadin zenbatu ezarritako prestazioak jasotzeko gehieneko aldia agortzeko ondorioetarako. Horretarako, nahitaezkoa izango da horren guztiaren atzean errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan jasotako gertaerak egotea.

Jarduera eten izanagatik prestazioak jaso ahal izateko, betetzat hartuko da elkarren segidako eta jarduera legez eten baino lehenagoko hamabi hilabeteak kotizatu izanaren gutxieneko aldia, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 338. artikuluan aurreikusita dagoen moduan; betiere, norbere konturako langileak badira, eta errege lege-dekretu honen 1. artikuluan deskribatutako ezbeharrek kaltetutakoak badira.

Era berean, norbere konturako langileek, baldin eta Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan sartuta badaude eta Gizarte Segurantzaren kuotetan hobari edo murrizketaren bat badute (Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legean jasotakoaren arabera), eta, errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan jasotako gertakarien zuzeneko eta berehalako ondorio gisa, dagokion erregimenaren baja eskatuko balute berriz ere alta eskatzean, ez dute galduko kuotaren hobari edo murrizketak jasotzeko eskubidea, eskubide hori jasotzeko geratzen den denboran.

  • 3. Eragindako kalteak konpontzeko lanak egiteko, administrazio publikoek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek honako hau eskatu ahal izango diote eskumena duen enplegu zerbitzu publikoari: langabezia-prestazioak jasotzen dituztenak gizarte lankidetzako lanetarako atxikitzeko, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren 272.2. artikuluan eta enplegua sustatzeko hainbat neurri arautzen dituen ekainaren 25eko 1445/1982 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

  • 7. artikulua. Nekazaritza-jardueretarako zerga-murriztapen bereziak.

Ogasuneko Ministerioak azaroaren 27ko HAC/1264/2018 Aginduak jasotzen dituen etekin-indizeen murriztapena baimendu ahalko du nekazaritza-ustiategi eta -jardueretarako, salbuespenez eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren txostenak ikusi ondoren. Betiere, ustiategi eta jarduera horiek 1. artikuluan aipatzen diren ezbeharrek eragindako zuzeneko kalteak izan badituzte, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 37.4.1. artikuluan jasotzen diren aurreikuspenekin bat -martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori-, bai eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 38.3. artikuluarekin bat ere -abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori-. Aipatutako agindu horretan, 2019rako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiborako metodoa eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua garatu zen.

  • 8. artikulua. Larrialdi-egoeran dauden toki-erakundeei laguntza emateko erregimena.

  • 1. Horrelako larrialdiei aurre egiteko gastuengatik toki-korporazioek jasotzen dituzten laguntzei ez zaie aplikatuko martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluetan ezarritako zenbatekoa, eta, beraz, laguntzen zenbatekoa larrialdi-gastuen % 100era ere heldu ahal izango da.

Laguntza horiek ez dira izango 9. artikuluan jasotzen diren azpiegiturak konpontzeko edo lehen bezala uzteko. Hala ere, dirulaguntzen xede izan ahalko dira artikulu horrek xedatzen duen aplikazio-eremukoak izanik geroraezinak diren jarduketak, pertsonen bizitza eta segurtasuna, bai eta oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamendua ere, bermatzeko burutu badira. Aipa ditzagun lan horietako batzuk: hondamendiak jo duen jendea ebakuatzea, jende horri aterpea eta jan-edanak ematea, lokatzak eta hondarrak erretiratzea, eta kaleak eta leku publikoak garbitzea, helburu horiek betetzeko ezinbestekoa bada.

Eta ezin dira horrela diruz lagundu, berriz, toki-korporazioak bere baliabideak erabiliz egiten dituen lanak, berdin baliabide materialak diren, hala nola makinak edo lanabesak, nahiz bere langileak diren, hau da, hondamendia gertatu baino lehenagotik kontrataturik zeuzkan langileak. Inoiz ere ezingo dira diruz lagundu suhiltzaileek, udaltzainek, babes zibilak eta antzeko beste behargin batzuek eragindako gastuak.

  • 2. Laguntza horiek jasotzeko eskabideak kaltetutako autonomia-erkidego eta probintzietan Gobernuak dituen ordezkaritza edo ordezkariordetzetan izapidetuko dira; bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita, eta Barne ministroak ebatziko ditu.

  • 3. Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M «Ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko» aurrekontu-aplikazioaren 461. eta 761. kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira kreditu horiek indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.

  • 9. artikulua. Toki-erakundeei laguntza emateko erregimena, ezbeharra izan duen ingurua berreskuratzeko.

  • 1 . Udalek, probintzia-diputazioek, uharte-kontseiluek eta uharte-kabildoek, eskualdeek, mankomunitateek eta probintzia bakarreko autonomia-erkidegoek exekutatzen dituzten eta 1. artikuluan aipatzen diren ezbeharrekin zuzenean lotuta dauden proiektuei beren kostuaren ehuneko 50era bitarteko dirulaguntza eman ahalko zaie, baldin eta udal-titulartasuneko azpiegiturak, ekipamenduak edo instalazio eta zerbitzuak -apirilaren 2ko 7/1985 Legeak (Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena) 25.2 artikuluan jasoak- edo uharte-kontseiluen eta uharte-kabildoen, probintzia-diputazioen eta probintzia bakarreko autonomia-erkidegoen bide-sarea konpontzeko edo leheneratzeko obren proiektuak badira. Ez dira diruz lagunduko toki-erakundeak bere baliabide propio ez pertsonifikatuak erabiliz egiten dituen lanak, berdin baliabide materialak izan, zein makinak nahiz langileak izan.

  • 2. Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren aurrekontuan txertagarri gisa gaitzen den kredituaren kontura egingo zaie aurre dirulaguntza horiei.

  • 3. Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroari ahalmena ematen zaio dirulaguntza horiek emateko prozedura ezar dezan, bai eta horien jarraipena eta kontrola egin dezan ere.

  • 10. artikulua. Errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuaren barruko kalteak konpontzeko egin diren inbertsioak.

  • 1. Errege lege-dekretu honetan aipaturik dauden kalteak konpontzearren toki-erakundeek egiten dituzten inbertsioak finantzen aldetik jasangarriak direla pentsatuko da, baldin eta Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunen apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian datozen baldintzak betetzen badituzte.

  • 2. Modu ezohikoan, inbertsio horiek lehentasunez betearaziko dira, arlo finantzariotik jasangarriak diren beste inbertsio batzuen aurrean.

  • 11. artikulua. Basoak leheneratzeko lanak eta ingurumen arloko ekintzak.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroari baimena ematen zaio bere eskumeneko gaietan kaltetu diren inguruak jarduera bereziko esparru izendatzeko eta, horren ondorioz, aipatutako Sailak egin beharreko lanen premiazkotasuna deklaratzeko, ondoko arlo hauetan:

  • a) Basoak leheneratzea eta leheneratze hidrologikoa, erosioaren eta desertifikazioaren kontrola, bai eta lan osagarriak ere, su hartu duten baso-eremuetan izan daitezkeen euriek eragindako ondorioak arintzeko.

  • b) Trantsizio Ekologikoaren Ministerioarekin lankidetzan aritzea, Natura 2000 Sarea osatzen duten espazioak, baso-suteek kaltetutakoak, berreskuratzeko eta ingurumenaren aldetik leheneratzeko; batez ere, EBren intereseko habitatetan eta EBren intereseko espezieak, egoera kritikoan dauden espezieak edo Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan jasotako espezieak dituzten habitatetan.

  • c) Baso biomasa errea ateratzeko eta tratatzeko laguntza, hala dagokionean.

  • d) Baso-masetan izurriak kontrolatzeko tratamenduan laguntzea.

  • e) Erabilera orokorreko landa-azpiegiturak eta bide naturalak leheneratzea.

  • 12. artikulua. Jarduketak jabari publiko hidraulikoan.

Trantsizio Ekologikorako ministroari baimena ematen zaio dagokion arro hidrografikoan kalteturik suertatu diren lekuak jabari publiko hidraulikoa leheneratzeko jarduketa bereziko esparru deklaratzeko, eta departamentu horrek egin behar dituen obren premiazkotasuna deklaratzeko, ondoko arlo hauetan:

  • a) Suteen ondoriozko landare-hondakinek eragindako tapoiak kentzea.

  • b) Ubideetara iritsi diren edo irits daitezkeen garraioak, sedimentuak eta hondakinak erretiratzea, ubideak husteko gaitasuna murriztu dezaketelako.

  • c) Erosio-prozesuak jasan dituzten bazterrak konpontzea, bai eta defentsak jartzea ere erosioak izateko arrisku gehien duten guneetan.

  • 13. artikulua. Jarduketak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan:

Trantsizio Ekologikorako ministroari baimena ematen zaio dagokion itsasertzean kalteturik suertatu diren lekuak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa leheneratzeko jarduketa bereziko esparru izendatzeko, eta Sail horrek egin behar dituen obren premiazkotasuna deklaratzeko, ondoko arlo hauetan:

  • a) Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa leheneratzea, eta haren osotasuna eta mantentze egokia bermatzeko gainerako obrak, bai eta itsasertzaren iraunkortasuna bermatzeko eta bihar-etziko denborale eta galernen eragina leuntzeko lan osagarriak ere.

  • b) Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa osatzen duten elementuak babestea eta mantentzea, eta, bereziki, hondartzak eta hareatzak, duna-sistemak eta itsasertzeko hezeguneak era jasangarriz egokitzea, errekuperatzea eta birsortzea, arreta berezia jarriz Natura 2000 Sarean jasotako guneetan, bai eta itsasertzean azterlanak, proiektuak eta obrak egitea, ikuskatzea eta kontrolatzea ere.

  • c) Itsasertzean kaltetuta geratu diren egiturak konpontzea eta leheneratzea; esate baterako, itsasertzeko pasealekuak, jabari publikorako sarbideak, hormak eta abar.

  • 14. artikulua. Gainerako azpiegitura publikoetako kalteak.

Arlo horretan eskumena duen ministerio-sailaren buruari baimena ematen zaio kalteturik suertatu den ingurua jarduketa bereziko esparru deklaratzeko, sail horrek eta haren barruko erakunde autonomoek eta menpeko erakunde publikoek, hartara, egin beharreko leheneratze-jarduketak egin ditzaten. Aipatutako ondorioetarako, premiazkotzat jo ahal izango dira sail horiek beren eskumenen esparruan egindako lanak, Estatuaren titulartasuneko azpiegituretan izandako kalteak konpontzeko; eta hori, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 120. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (zeinaren bitartez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/UE eta 2014/24/UE zuzentarauen transposizioa egiten baita Espainiako ordenamendu juridikora).

  • 15. artikulua. Abalen finantzaketari buruzko ekintzak.

  • 1. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak finantzaketa-bideak jarri ahal izango ditu kaltetuen esku, Nekazaritzako Kauzioaren Estatu Sozietate Anonimoaren (SAECA) abalen kostea diruz laguntzeko; izan ere, beharrezko dira abal horiek, aparteko egoerak gertatzen direnean nekazaritza sektoreko ustiategien bideragarritasuna eta haien funtzionamendu normala indartzeko maileguak lortuko badira. Aparteko egoera horien arrazoi izan daitezke muturreko baldintza meteorologikoak, osasun edo elikadura krisialdiak edo mundu-merkatuaren gorabeheren ondoriozko lehengaien hornidurako distortsioak.

  • 2. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren aurrekontuan txertagarri gisa gaitzen den kredituaren kontura egingo zaie aurre laguntza horiei.

  • 16. artikulua. Kontratazio-araubidea.

  • 1. Azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 120. artikuluaren betebeharrak kontuan hartuta, eta kontratazio-organoaren aldez aurreko akordio bidez, honako hauek hartu ahal izango dira larrialdietako obra, zerbitzu edo horniduratzat: azpiegiturak, ekipamenduak edo zerbitzuak konpondu edo mantentzeko kontratuak; sute, denborale eta beste katastrofe natural batzuek eragindako kalteak izan dituzten ondasunak leheneratzeko lanen kontratuak; eta kalteak baloratzeko lanen kontratuak, edozein dela ere euren zenbatekoa. Era berean, kontuan hartu beharko da Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen ehun eta hogeita hamaseigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa, jarduketen hasierak premiaz izapidetzeko erregimenaren komunikazioari buruz.

  • 2. Artikulu honetan aipatutako lanak egitearen ondoriozko desjabetzeek ukitutako ondasunen okupazioa presazkotzat joko da, Jabetza nahitaez kentzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

  • 3. Azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 236.2. artikuluan sartuta ez dauden obren kontratazio espedienteak izapidetzeko, ez da bete beharko lurrak erabilgarri izateko aldez aurreko baldintza, nahiz eta lur-sailen benetako okupazioa egin aurretik okupazio-akta formalizatu beharko den.

  • 17. artikulua. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa.

  • 1. Kaltetutako probintzia bakarreko autonomia-erkidegoetako gobernuaren ordezkariek eta gainerako kasuetako gobernu-ordezkariordeek, Babes Zibilaren eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik emandako txostenaren bitartez, pertsonalak ez diren kalteen ebaluazio zuzenagoa egiteko, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari beharrezkoak diren zenbatespenak egin ditzan eskatu ahal izango diote, errege lege-dekretu honen 2. artikuluarekin bat etorrita, betiere, titulartasun publikoko ondasunei eragiten ez badiete.

  • 2. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eskubidea izango du Estatuko Administrazio Orokorrak peritatze lanak ordain diezazkion, Partzuergo horrek bere aseguruen peritu tasatzaileentzat onartuta dituen ordainsari profesionalen baremoaren arabera.

  • 3. Laguntzak errazago izapidetzeko eta kalteak errazago ebaluatzeko, eskumena duen administrazioak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak elkarri helarazi ahal izango dizkiote emandako laguntzen eta aitortutako kalte-ordainen onuradunei buruzko datuak, laguntza eta kalte-ordainen zenbatekoei buruzkoak eta ukitutako ondasunei buruzkoak. Espainiako lurraldean jarduten duten aseguru-entitateek Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari nahitaez eman beharko diote partzuergo horrek eskatzen dien informazioa, goian xedatutakoa bete ahal izateko.

Emango diren laguntzen onuradunei, zenbatekoei eta ukitutako ondasunei buruzko datuak trukatu beharko dituzte administrazio eskudunak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak, laguntzak izapidetu eta kalteak baloratu ahal izateko. Datu-truke hori Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiaren eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren bitartez egingo da, biek elkarrekin ezartzen duten prozedura erabiliz.

Lehen xedapen gehigarria. Aurrekontu-kredituak.

Udal azpiegituretan eta probintzia-diputazioetako, kontseiluetako, uharte-kabildoetako eta probintzia bakarreko autonomia-erkidegoetako errepide-sareetan izandako kalteei buruzko neurriak, jabari publiko hidraulikoan eta itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan egindako jarduketak, basoak leheneratzeko lanak eta ingurumen arloko ekintzak, eta Bide Naturalen Sare Nazionalean eta gainerako azpiegitura publikoetan egindako ekintzak azaroaren 26ko 47/2003 Aurrekontuen Lege Orokorrean aurreikusitakoaren arabera finantzatuko dira, eta ministerioetako sailetan eta horien menpeko entitateetan eskuragarri dagoen aurrekontuaren kontura ordainduko dira.

Ministerioetako sailetan aurrekontu-eskasiak egiaztatuko balira, ekintzak Aurrekontu Esleipenerako Kontingentzia Funtsaren kontura finantzatu ahal izango lirateke, Aurrekontuen eta Gastuen Estatu Idazkaritzak egindako eta ministerio-sailak eskatu beharreko nahitaezko txostenean ezarritako zenbatekoarekin. Edonola ere, azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 50. artikuluan aurreikusitako terminoetan, Kontingentzia Funtsaren aplikazioa Ministro Kontseiluaren Akordio bidez onartuko da.

Bigarren xedapen gehigarria. Kaltetuei laguntzeko neurrien jarraipena egiteko ministerioarteko batzordea.

  • 1. Barne Ministerioari atxikitako ministerioarteko batzorde bat sortu da errege lege-dekretu honetan ezarritako laguntza neurriak aplikatzeko. Batzorde hori Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak koordinatuko du eta Ogasun Ministerioaren, Barne Ministerioaren, Sustapen Ministerioaren, Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren eta Ekonomiako eta Enpresako Ministerioaren ordezkariek osatuko dute, bai eta kaltetutako autonomia-erkidegoetako Gobernu Ordezkaritzek eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren ordezkari batek ere.

  • 2. Aurreko atalak aipatzen duen batzordea arduratuko da errege lege-dekretu honetan aurreikusitako babes-neurrien jarraipena egiteaz, kaltetutako autonomia-erkidegoetako agintariekin koordinatuta eta Gobernu Ordezkaritzen bitartez. Batzorde horren esku geratuko dira Geografia Institutu Nazionalaren baliabideak, kalteak ebaluatzeko eta horien konponketaren gaineko plangintza egiteko. Hain zuzen ere, eskuragarri dagoen informazio geoespaziala erabiliko da; batez ere, airetik eta sateliteetatik ateratakoak, edo Lurraldea Behatzeko Plan Nazionalaren bitartez eskuratutakoak.

  • 3. 2020ko urriaren 1a baino lehenago, ministerioarteko batzordeak txosten bat egingo du errege lege-dekretu hau gauzatzeko egin diren jarduerei buruz.

  • 4. Ministerioarteko batzordearen xedeak erabat betetzen direnean, batzordea iraungi egingo da.

Hirugarren xedapen gehigarria. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Ministro Kontseiluaren erabaki bidez xedatuko da errege lege-dekretu honetan jasotako azpiegitura, ekipamendu edo instalazioak konpondu eta birgaitzeko zein lan egongo den ingurumen-inpaktuaren ebaluaziotik salbuetsita, bai eta errege lege-dekretuaren 10. eta 11. artikuluetan ezarritako jabari publikoko jarduerak ere; hau da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 8. artikuluaren 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan xedatutakoa betez, zein lan salbuetsiko den izapide horretatik, nahiz eta, zinez, aipatutako Legearen 7. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa aurkeztera behartuta egon.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1. artikuluko 7., 13., 14., 17., 23. eta 29. arauetan xedatutakoaren babesean ematen da, kaltetutako autonomia-erkidegoek har ditzaketen babes neurri osagarriak eragotzi gabe.

Azken xedapenetako bigarrena. Garatzeko ahalmenak.

Gobernuak eta ministerio-sailetako titularrek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, behar diren xedapenak emango dituzte errege lege-dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betetzeko.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Madrilen emana, 2019ko irailaren 20an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra