Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Gizarte-zerbitzuak

11/2015 Lege Organikoa, irailaren 21ekoa, neskato adingabeen eta gaitasuna judizialki aldatuta duten emakumeen babesa indartzekoa haurdunaldiaren borondatezko etenduran

2015-09-21

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/09/22, 227. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10141 11/2015 Lege Organikoa, irailaren 21ekoa, neskato adingabeen eta gaitasuna judizialki aldatuta duten emakumeen babesa indartzekoa haurdunaldiaren borondatezko etenduran.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala.

ZIOEN AZALPENA:

Sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoak haurdunaldia borondatez eteteko adostasuna emateko ahalmena hedatu zuen 16 eta 17 urteko adingabeei aitortzeko, hau da, Kode Zibilak jasotzen duen eta adinez nagusi diren emakumeei aplikatzen zaien araubide orokorrarekin parekatzeko.

Sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoak jasotako trataerak berezitasuna ekarri zuen adingabeentzat, eta berezitasun hori gainditzeko zuzentzen da haurdunaldia eteteko adingabeen adostasunari buruzko araubidea. Trataera berri hori dela-eta, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legea ere aldatu behar izan zen.

I

Funtsezkoa da 16 eta 17 urteko adingabeentzat haien legezko ordezkariak –aita edo ama edo, hala dagokionean, guraso-agintea edo tutoretza dutenak– ondoan izatea haien bizitzan eta etorkizunean eragin oso garrantzitsua izango duten egoeretan, eta egoera horietako bat ematen da, hain zuzen, haurdunaldia borondatez eteteko erabakia hartzeko unean. Adingabea babesteaz gain, adingabea zaintzea da figura juridiko horien guztien funtsezko betekizuna, eta horrela jasotzen du Kode Zibilak 154. artikuluan, zeinetan guraso-ahalaren betebeharren eta ahalmenen artean jasotzen baita «seme-alabak jagotea, eurokin izatea, horiei mantenua ematea, seme-alabok heztea, eta, berebat, seme-alaba horiei oso-osoko heziketa ematea», bai eta 269. artikuluan ere, zeinetan honako hau jasotzen baita: «Tutoreari dagokio tutoretzapekoa jagotea» eta bereziki «adingabea hezi eta horri oso-osoko heziketa ematea».

Beraz, Kode Zibilak jasotzen duen eginbeharra betetzea galarazten zaie guraso eta tutoreei 2/2010 Lege Organikoak egindako aldaketa dela-eta, hau da, bizitzako une erabakigarri eta konplexua bizitzen ari direnean, guraso-ahala dutenen laguntzarik gabe gelditzen dira adingabeak, nahiz eta lege testu hartan laguntza izan ahalko dutela jasota egon.

Halaber, aldaketa horrek azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legea –Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituena– eragin zuen, adostasun informatuaren mugei dagokienez.

Horregatik guztiagatik, lege organiko honen bidez ezabatu egiten da adingabeek beren kabuz adostasuna emateko aukera, hau da, gurasoei egin nahi dutenaren berri eman behar izan gabe. Eta ondorioz, adingabeek haurdunaldia beren borondatez eten nahi

badute, horretarako borondatea adierazteaz gainera, guraso-ahalaren titularren esanbidezko adostasuna ere beharko dute.

Gainera, legezko ordezkariek adostasuna emateko orduan sor daitezkeen gatazkak ebazteko, edo haien erabakiek adingabeen interes gorena arriskuan jar badezakete, Kode Zibilera joko dela jasotzen du lege-testuak.

II

Legeak bi artikulu eta hiru azken xedapen ditu; horietan jasotzen dira legearen izaera organikoa, bera aplikatzeko lurralde-eremua eta indarrean jartzea –argitaratu ondorengo eguna–.

Lehenengo artikulua. Sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoa aldatzea.

Ezabatu egiten da 13. artikuluko laugarren zenbakia, zeina edukirik gabe geratzen baita.

Bigarren artikulua. Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da 9. artikuluko 5. zenbakia eta honela idatzita geratzen da:

«5. Saio klinikoen praktikak eta lagundutako giza ugalketa-tekniken praktikak adin-nagusitasunari buruz orokorrean ezarritakoari eta aplikazio-xedapen bereziei jarraitu behar diete.

Adingabeek edo gaitasuna judizialki aldatua duten pertsonek haurdunaldia beren borondatez eten nahi badute, beharrezkoa izango da, haiek borondatea adierazteaz gainera, haien legezko ordezkariek esanbidezko adostasuna ematea. Legezko ordezkariek adostasuna ematearen inguruan sor daitezkeen gatazkak Kode Zibilaren arabera ebatziko dira.»

Azken xedapenetatik lehenengoa. Xedapen arrunta.

Bigarren artikuluak lege arruntaren izaera du.

Azken xedapenetatik bigarrena. Legea aplikatzeko lurralde-eremua.

Autonomia-erkidegoen eskumenak gora-behera, legea estatuaren lurralde osoan aplikatuko da.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege Organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko irailaren 21ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra