Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Ingurumena

11/2012 Legea, abenduaren 19koa, ingurumenaren alorreko premiazko neurriei buruzkoa

2012-12-19

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/12/20, 305. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

15337

11/2012 Legea, abenduaren 19koa, ingurumenaren alorreko premiazko neurriei buruzkoa.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikus eta uler dezaten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ATARIKOA Pertsonak eskubide konstituzionala du bere burua garatze aldera ingurumen egokiaz gozatzeko, eta, hala, eskubide horrek botere publikoak behartzen ditu ingurumena babesteko eta kontserbatzeko mekanismo eraginkorrak ezartzera. Helburu hori lortzeko modu bakarra giza jarduera ingurumenaren kontserbazioarekin bateragarri egitea da.

Horretarako, ingurumen‑legeek argiak izan behar dute, eta segurtasun juridikoa eman behar dute. Gaur egun, egiturazko erreforma sakonak ari dira gertatzen, ekonomia berpizteko eta enplegua sortzeko; eta, halako egoera batean, ezinbestekoa da gure ingurumen‑legeetako zenbait alderdi lehenbailehen erreformatzea, aipatutako helburua lortzen laguntzeko, babes‑printzipioa murriztu gabe.

Lege honetan egiten den erreformaren xedea sinplifikazio administratiboa da, hau da, beren konplexutasuna dela‑eta ez‑eraginkorrak diren esku‑hartze mekanismoak, eta, are okerragoa, herritarrentzako jasateko zailak diren atzerapenak eta administrazio publikoen kudeaketarako zailtasunak eragiten dituzten mekanismoak desagerraraztea. Sustatzen ari garen ingurumen‑arauen sinplifikazio eta arintze administratiboa, berez beharrezkoa izateaz gainera, ezinbesteko bidea da, Gobernuak premiazkotzat jo eta abian jarri dituen erreformei laguntzeko.

Erreforma horren abiapuntuko aurre‑hipotesia zera da: ingurumen‑arauen eraginkortasuna ezin da identifikatu planak, programak, baimenak eta aplikazio erreal eta praktiko zaileko bestelako neurriak elkarren ondoan ipintzearekin. Aurkakoa gertatzen da, hain zuzen: babesa eraginkorra izango bada, ezin da arau‑gehiegikeriarik eta erretorikarik egon, atrofia eragiten baitute; eta arau argi eta sinpleak ezarri behar dira, ingurumena babesteko eta ingurumenean integratutako garapen bateragarria sustatzeko. Laburbilduz, ingurumen‑legeek ere jasangarriak izan behar dute.

Helburu horiekin bat, ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea aldatu da, lege horren aplikazioak zenbait desdoikuntza utzi baititu agerian, eta horiek behar bezain azkar zuzendu behar baitira; izan ere, herritarrei beharrezkoak ez diren atzerapenak sortzen ari zaizkie, eta espazio babestuak eta Natura Sarea 2000 kudeatzeaz arduratzen diren administrazio publikoei, berriz, gainditzen zailak diren oztopoak. Horrela, zenbait babes‑figura gainjartzen diren kasuetan, figura guztiak babes‑tresna bakarrean finkatu eta bateratuko direla xedatu da. Halaber, babesa hiriguneen berezko garapen‑beharrekin bateratzea bermatuko da horrela, hain zuzen ere, espazio naturalak planifikatuz. Premiazkoa da, gainera, abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45.5 artikuluan xedatutakoaren esparruan onartzen diren konpentsazio‑neurriak Europako Batzordeari jakinarazteko prozedura bat erregelamenduz arautzea.

Era berean, aldaketak egin behar dira hondakinei eta lur kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ere, araua aplikatzean anbiguotasuna, zehaztasun‑falta eta segurtasun‑falta eragiten zituzten karga administratiboak sinplifikatze eta murrizte aldera.

Eta albait bizkorren konpondu behar da hori. Era berean, zehaztasun‑falta eta segurtasun‑falta juridikoa desagerrarazteko, ezinbestekoa zen tokiko erakundeek arlo horretan dituzten zehapen‑eskumenak mugatzea, eta, hala, bildu eta kudeatu behar dituzten hondakinen esparruan zehapen‑eskumenak izango dituztela xedatu da.

Lehortearen menturan, eta alde batera utzi gabe halako lehortean hartu beharreko erabakiak, lege honek aurrea hartu eta zenbait neurri sartzen ditu kudeaketa eraginkor eta koordinatu baten bitartez uraren erabilera egokiagoa lortzearren, kudeaketa horren funtsezko printzipiotzat arro baten kudeaketa ezarriz.

Uraren erabilera eta kudeaketa arrazionalizatzeko, Uraren Esparruari buruzko 2000ko urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentarauan lurpeko ur‑masak eta horien egoera ona arautzen dira. Lege honetako erregimenari esker, bizkor erreakziona daiteke lurpeko ur‑masetan hautematen diren arazoen aurrean; gainera, malgutasun handiagoa dago jarduera‑plan bat duten masetako uraren eskuragarritasuna kudeatzeko orduan.

Hala, lege honek uren aprobetxamendu pribatuko eskubideak kontzesio‑eskubide bihurtzea sustatzeko neurriak dakartza, hautazko mekanismo gisa, gertaera meteorologiko eta hidrologiko kontrakoen kudeaketa errazteko eta hobetzeko, besteak beste.

Berariazko xedapen bat dakar Guadiana Garaiko Plan Bereziaren lurralde‑eremuan eskubideak lagatzeari buruz. Xedapen hori urgentziaz aplikatuz gero, akuiferoa berriro hondatzea saihestuko da, eta eratorritako nekazaritza‑instalazioen jasangarritasunari eutsiko zaio; halaber, uren erabilera‑eskubideak berrantolatuko dira, akuiferoak lehengoratzeari begira.

Bestalde, lege honek uren gaineko gaietan zigortzeko gaitasuna indartzen du, eta hori ezinbestekoa da legedia substantiboa behar bezala aplikatzeko. Eta erabat beharrezkoa eta premiazkoa zen hori, Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietarako Salak urtarrilaren 16ko MAM/85/2008 Agindua (jabari publikoko urguneen kalteak balioesteko irizpide teknikoak eta hondakin‑uren isurpenetako laginak eta analisiak hartzeko arauak ezartzen ditu) partez ezeztatutzat eman ostean (2011ko azaroaren 4an eman zuen epaia, 6062/2010 zenbakidun kasazio‑helegitea ebatziz). Hala, Uren Legearen Testu Bateginean sartzen dira, ondorengo erregelamenduzko garapenari eragin gabe, jabari publikoko urguneetan eragindako kalteak balioesteko kontuan hartuko diren irizpide orokorrak, arau‑haustea kalifikatzeko ezinbestekoak baitira. Azken batean, zehatzeko ahala erabiltzeko aukera bermatzen da horrela, legezkotasun‑printzipioa erabat errespetatuz (Konstituzioko 25. artikulua), lege‑erreserbaren eta tipikotasunaren alderdi bikoitzean.

Abuztuaren 26ko 12/2011 Errege Lege Dekretuak hamalaugarren xedapen gehigarria gehitu zuen Uren Legearen Testu Bateginean, zenbait autonomia‑erkidegori jabari publikoko urguneetako polizia gisa jarduteko gaitasuna ematearren hainbat erkidegotan zehar doazen arroetan, eta ebazpen‑proposamena iritsi arte autonomia‑erkidegoen jarduerek eragin ditzaketen prozedurak izapidetu ahal izateko. Horregatik, beharrezkoa da lege‑erreforma honen ondorioz erkidegoen arteko arro hidrografikoen kudeaketa bakarraren printzipioa –Auzitegi Konstituzionalak 227/1988, 161/1996 eta 30 eta 32/2011

epaietan printzipio konstituzionaltzat onartzen du– aldatzeko aukera saihestea. Halaber, beharrezkoa da xedapen gehigarri horren ondorioz gaituta geratzen diren autonomia‑erkidegoek gai horren gainean egin dituzten edo egin ditzaketen erregelamenduzko garapenen berri jakitea.

Era berean, laugarren artikuluak Europako Batzordearen 2011ko azaroaren 23ko 1210/2011 (EB) Erregelamenduan du jatorria; erregelamendu horrek 1031/2010 (EB) Erregelamendua (Enkanteen erregelamendua) aldatzen du, 2013a baino lehen enkantean jarri beharreko berotegi‑efektuko gasen igorpen‑eskubideen bolumena zehazteko, bereziki. Arau horren arabera, 2012an berotegi‑efektuko gasen igorpen‑eskubideen 120

milioiko bolumena jarri behar da enkantean guztira, Europar Batasun osoan.

Erregelamenduaren I. eranskinean, estatu kide bakoitzak enkantean jarri beharreko bolumena xehakatzen da, eta, zehazten da ezen Espainiari, 2012an, 10.145.000 eskubide enkantean jartzea egokituko zaiola. Oso aurreratuta daude behin‑behineko plataforma erkidea kontratatzeko lanak –enkanteak egiteko behin betiko plataforma esleitu arte erabiliko da–, eta uste da enkanteak berehala has daitezkeela.

Hala, Balore‑merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea aldatzen duen laugarren artikuluak beharrizan jakin bati erantzuten dio: hain zuzen, Enkanteen Erregelamenduko 43. artikuluak ezarritakoari jarraituz, estatu kideek ziurtatu behar dute 2003/6/EE Zuzentarauko 14. eta 15. artikuluak –informazio pribilegiatuarekin egindako eragiketei eta merkatuaren manipulazioari buruzko zuzentaraua– zeinek bere ordenamendu juridikoan txertatzeko onartzen dituzten neurriak erregelamenduaren 37. artikulutik 42. artikulura artekoak ez betetzearen ardura duten pertsonei aplikatzen zaizkiela; erregelamendu horretan, finantza‑tresnez bestelako enkante‑produktuei merkatuan nagusitasunaz abusatzea dela‑eta aplika dakiekeen araubidea ezartzen da, estatu kidearen lurraldean edo haren lurraldetik kanpo egindako enkanteei dagokienez.

Ondorioz, beharrezkoa da araudi bat garatzea finantza‑entitateek enkanteetara beren izenean edo bezeroen izenean joateko aukera izan dezaten, Balore Merkatuaren Estatuko Batzordeak merkatuan nagusitasunaz abusatzearekin lotutako jokabideen kasuan ikuskaritza‑, berrikuspen‑ eta zigor‑ahalmenak izan ditzan, jokabide horiei aplika dakizkiekeen arau‑hausteak zehaztu daitezen eta, horrez gain, eskudirutako kontratuen bidez gauzatutako jardueretan merkatuko nagusitasunaz abusatzen den kasuetarako aurreikusitako araubidea bermatzearren Balore Merkatuaren Estatuko Batzordearen eta beste erakunde eskudun batzuen arteko lankidetza‑betebeharrak txerta daitezen.

Azken batean, lege honetan jasotzen den balore‑merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legean aldaketa egiteko arrazoia izan da eskubide‑enkanteen berehalako hasieraren aurrean Espainiako finantzen legedia egokitu beharra.

Lehenengo artikulua.  Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Uren Legearen testu bategina aldatzea.

Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua aldatu egiten da, eta honela geratzen da: Bat.  28. artikuluko c) idatz‑zatia aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«c)  Arroko erakundearen ondarearen gaineko erabilpen‑egintzei buruzko akordioak hartzea.» Bi.  28. artikuluko f) idatz‑zatia aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«f)  Lehengoratzeko jarduera‑programa bat onartuz 56. artikuluaren arabera, lurpeko uren masak egoera kuantitatibo edo kimiko ona ez lortzeko arriskuan direla deklaratzea, bai eta egoera ona arriskuan jar dezaketen joerak zuzentzeko neurriak ere; hargatik eragotzi gabe beste herri‑administrazio batzuei dagozkienak.» Hiru.  Paragrafo berri bat gehitu zaio 30. artikuluari, 2.a, eta oraingo 2. paragrafoa 3.a izango da; honela geratzen da idatzita:

«2.  Aurreko paragrafoaren d eta e idatz‑zatien baitan, honako hauek izango dira bereziki bere ardurakoak:

a.  Gobernu Batzordearen eta buru den kide anitzeko gainerako organoen akordioak gauzatzeko agintzea. b.  Erakundearen kontratazio gaitasunak gauzatzea. c.  Erakundearen aurrekontuaren kargura egiten diren gastuak baimentzea eta horiei dagozkien ordainketak agintzea. d.  Langileen eta zerbitzuetako buru izatea. e.  Jabari publiko hidraulikoaren aprobetxamenduaren kontzesioak eta baimenak ematea, bai eta ur eta arroen polizia‑erregimenaren inguruko baimenak ere, horiek ebaztea Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari dagokionean izan ezik.

f.  Ur eta arroen polizietako gaietan jabari publiko hidraulikoaren erregelamenduko arauak aplikatzea, zigor‑erregimena barne, bere eskumenen baitan. g.  Erabiltzaileen komunitateen eta arroko erakundearen aurkako administrazio‑errekurtsoak ebaztea, edukiagatik erakundearen gobernu batzordeari edo Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari dagokionean izan ezik. h.  Lege honen VI. tituluan kanonen eta tarifaren inguruan aurreikusitakoaren aplikazioa koordinatu eta zuzentzea. i.  Erakundearen funtsen kargura eman behar dira obra, instalazio eta horniduren proiektuen idazketarako baimena eta proiektu horien behin betiko onespena. j.  Uren gaineko desjabetze‑funtzioak burutzea, indarrean dagoen legerian aurreikusitako baldintzetan. k.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak erakundeari agindutako obrei dagozkien proiektuek gizartean duten eraginaren berri ematea Ur Zuzendaritza Nagusiari. l .  A r r o k o erakundeen presidentziaren mende dauden administrazio‑unitateetako titularrak izendatu eta kargutik kentzeko proposamenen berri ematea.» Lau.  56. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«56. artikulua.  Egoera kuantitatibo edo kimiko ona ez lortzeko arriskuan diren lurpeko ur‑masak.

1.  Gobernu Batzordeak, Uren Kontseiluari galdetu beharrik izan gabe, lurpeko ur‑masa batek egoera kuantitatibo edo kimiko ona ez lortzeko arriskua duela deklaratu ahal izango du, eta, kasu horretan, honako neurri hauek hartuko dira:

a)  Sei hilabeteko epean, arro horretako erakundeak erabiltzaileen komunitate bat eratuko du, lehendik halakorik ez badago, edo haren funtzioak interes bateratuak ordezkatzen dituen erakunde bati esleituko dizkio, aldi baterako.

b)  Erabiltzaileen komunitateari galdetu ostean, Gobernu Batzordeak, deklarazioa egin zuenetik hasita gehienez ere urtebeteko epean, jarduera‑programa bat onartuko du ur‑masa bere onera ekartzeko, eta 92 quater artikuluan aipatzen den neurri‑programan sartuta egongo da sartuta jarduera‑programa hori.

Jarduera‑programa onartu bitartean, ateratze‑mugak ezarri ahal izango dira, eta uraren kalitatea babesteko beharrezkoak diren kautela‑neurriak ere ezarri ahal izango dira.

2.  Jarduera‑programak ateratze‑erregimena antolatuko du, baliabideak zentzuz ustiatzeko, eta, horrela, lurpeko ur‑masak egoera onean edukitzeko eta horiei loturiko ekosistemak babesteko eta hobetzeko; horretarako, besteak beste, honako neurri hauek ezarri ahal izango ditu:

a)  Lehendik dauden banako hartuneak komunitate‑hartuneekin ordezkatzea, hala dagokionean, banako tituluak eta horien berezko eskubideak titulu kolektibo bihurtuz; horretarako, jarduera‑programan xedatutakoa bete beharko du.

b)  Lurpeko ur‑masari kanpo‑baliabideen ekarpena egiteko bidea aurreikustea; kasu horretan, ur‑masa horretako baliabideak eta kanpoan daudenak elkarrekin ustiatzeko irizpideak ere zehaztuko dira.

c)  Perimetro bat ezartzea, eta perimetro horren barruan lurpeko uren gaineko kontzesio berririk ezin ematea, IV. tituluko IV. kapituluan xedatutakoarekin bat eta zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa kontuan hartuta, lehendik dauden kontzesioen titularrek erabiltzaileen komunitatea osaturik dutenean izan ezik.

d)  Lurpeko ur‑masak babesteko perimetroak zehaztea; horietan, baimena beharko da azpiegitura‑lanetarako, agregakinak ateratzeko edo eremu horretan eragin dezaketen bestelako jarduera eta instalazioak gauzatzeko; legeria sektorialaren arabera beharrezkoak diren beste baimenei ez die eragiten honek, noski. Mugaketa eta baldintza horiek lotesleak izango dira plangintza‑tresnak taxutzean eta lizentziak ematean lurralde‑antolamenduan eta hirigintzan eskudunak diren herri‑administrazioentzat.

3.  Jarduera‑programak, bestalde, zehaztu beharko du zein egoeratan gainditu ahal diren ezarritako mugak aldi batez; egoera horietan, aukera izango da lurpeko ur‑masa bateko baliabide eskuragarrien mugaren gainetik egiteko ateratzeak, ingurumen‑helburuak betetzen direla bermatuta, betiere.

4.  Jarduera‑programa aplikatzearen ondorioz lurpeko ur‑masaren egoera hobetzen denean, arroko erakundeak, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, aukeran izango du programaren mugak gutxika murriztea, eta, bolumen erabilgarria ere modu proportzional eta berdinean handitzea, baina, nolanahi ere, 92. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusten diren ingurumen‑helburu orokorren iraunkortasuna arriskuan jarri gabe.» Bost.  111 bis artikuluko lehen paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.  Administrazio publiko eskudunek, kostuak berreskuratzeko printzipioari erantzunez eta epe luzeko proiekzio ekonomikoak kontuan hartuta, mekanismo egokiak ezarriko dituzte uraren kudeaketarekin lotutako zerbitzuen kostuak – ingurumen‑ eta baliabide‑kostuak barnean hartuta– azken‑erabiltzaileei egozteko.» Sei.  111 bis artikuluko hiru paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.  Kostuak berreskuratzeko printzipioa aplikatzeko, kontuan hartuko dira ondorio sozialak, ingurumen‑ondorioak eta ondorio ekonomikoak, eta baita lurralde bakoitzaren eta eragindako udalerrien ezaugarri geografiko eta klimatikoak ere, betiere, horrek ez baditu arriskuan jartzen ezarritako xedeak eta ingurumen‑helburuen lorpena.

Zenbait erabileratan, kostuak berreskuratzeko printzipioari salbuespenak egin ahal izango zaizkio horretarako arrazoiak izanez gero, administrazio eskudunaren ebazpen baten bitartez (Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroari dagokio), betiere, aipatutako ondorio eta baldintza horiek berak kontuan hartuta eta, nolanahi ere, dagozkien xedeak eta ingurumen‑helburuak arriskuan jarri gabe. Horretarako, arroko erakundeek, hiru hilabeteko epean, nahitaezko txosten bat igorri beharko dute, ebazpena onartu baino lehen; txosten horretan, arrazoiak jasoko dira, eta argi utziko da, nolanahi ere, ez direla arriskuan jartzen planifikazio hidrologikoetan ezarritako xedeak eta ingurumen‑lorpenak.» Zazpi.  114. artikuluko zazpi paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«7.  Artikulu honetan xedatutakoaren arabera, arroko erakundeak xedatuko ditu erregulazio kanonaren eta ura erabiltzeko tarifaren urte horretarako zenbatekoa, eta hark jaulkiko ditu likidazioak, urtearen azken egunaren aurretik.» Zortzi.  117. artikuluko bat paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.  Aipatutako arau‑hausteak honela sailkatuko dira erregelamenduz: arinak, ez‑larriak, larriak edo oso larriak, jabari publikoko urguneen egoeran eta aprobetxamenduan dituzten ondorioen, pertsona eta ondasunen segurtasunean duten eraginaren, arduradunaren inguruabarren, malezia‑mailaren, partaidetzaren eta lortutako onuraren eta baliabidearen kalitatean eragindako kaltearen arabera; eta honako isun hauekin zigortu ahal izango dira: Arau‑hauste arinak, 10.000,00 eurorainoko isunak.

Arau‑hauste ez‑larriak, 10.000,01 eurotik 50.000,00 eurora bitarteko isunak.

Arau‑hauste larriak, 50.000,01 eurotik 500.000,00 eurora bitarteko isunak.

Arau‑hauste oso larriak, 500.000,01 eurotik 1.000.000,00 eurora bitarteko isunak.

Bederatzi.  117. artikuluan, bi paragrafo berri bat sartzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2.  Oro har, jabari publikoko urguneetako eta lan hidraulikoetako kaltea balioesteko, haien balio ekonomikoa haztatuko da. Uraren kalitateari eragindako kalteen kasuan, isurpenak eragindako kutsadura saihesteko beharrezkoa izan den tratamenduaren kostua hartuko da kontuan, eta baita horrek ekarri duen arrisku‑maila ere. Hori guztia, arauz ezartzen denarekin bat etorrita.» Hamar.  117. artikuluko bi eta hiru paragrafoak hiru eta lau paragrafo bihurtuko dira, beraz, hurrenez hurren.

Hamaika.   Zazpigarren xedapen gehigarriko lehen idatz‑zatia indargabetuta geratzen da.

Hamabi.  Hamalaugarren xedapen gehigarria indargabetuta geratzen da.

Hamahiru.   Hamalaugarren xedapen gehigarri berria sartzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamalaugarren xedapen gehigarria.  Eskubideen lagapena eta aprobetxamenduen aldaketa kontzesioetan, lege xedapen bidez, Guadiana Garaiaren esparruan.

1.  Uren Erregistroan A eta C ataletan inskribatuta dauden edo Ur Pribatuen Katalogoan ageri diren lurpeko uren aprobetxamenduen titularrak, Guadiana Garaiko Plan Bereziaren esparruan –urtarrilaren 11ko 13/2008 Errege Dekretu bidez onartua–, haren indarraldiari loturik, modu atzeraezinean eta osorik transmititu ahal izango dizkiete ur‑aprobetxamenduak beste aprobetxamendu‑titular batzuei, eta arroko erakundeak emandako kontzesioaren bitartez eskuratuko dira, urtarrilaren 11ko 13/2008 Errege Dekretuan ezarritako prozedurarekin bat, eta honako baldintza hauen arabera:

a)  Emandako ur‑bolumena transmisioaren xede den bolumenaren ehuneko bat izango da. Ehuneko hori ingurumen‑baldintzen eta baldintza teknikoen arabera zehaztuko da, eta, hala badagokio, baita ur‑masaren egoera ona berreskuratzeko jarduera‑programari lotuta ere.

b)  Ura ureztatzeko erabili behar denean, ezin izango da handitu lagatzaileari dagoeneko onartu zaion ureztatze‑azalera.

c)  Epe baterako emango dira, eta 2035eko abenduaren 31n amaituko da epe hori; une horretan, kontzesiodunak lehentasuna izango du kontzesio berria eskuratzeko.

d)  Prozeduran ez da proiektu‑lehiaren izapidea beteko.

e)  Kontzesio‑eskaeraren espedientea izapidetzeko epea 9 hilabetekoa izango da.

2.  Salbuespenez, eskubideak Uren Erregistroaren A atalean inskribatuta dituzten lurpeko uren kontzesioen titularrei baimena eman ahal izango zaie eskubide horien zati bat behin betiko transmititzeko, betiere berariaz aitortzen badu zein ur‑bolumeni uko egiten dioten eta okerrik gabe identifikatzen bada zein lur‑hedadura ez den ureztatuko. Transmisio hori burutzeko, kontzesio‑lagatzailearen ezaugarriak aldatuko dira eta lagapen‑hartzaileari kontzesioa emango zaio; bi espediente horiek nahitaez batera izapidetuko dira.

3.  Aurreko bi paragrafoetan ezarritako moduko eskubide‑lagapena egiteko, aukeran izango da bideratze‑azpiegiturarik gabe gauzatzea lagatzailea eta lagapen‑hartzailea lurpeko ur‑masa berekoak direnean.

4.  Salbuespen gisa, kontzesio berriak eman ahal izango zaizkie nekazaritza‑ eta abeltzaintza‑ustiategien titularrei, jarduera‑programan ezarritako baldintzak betetzen badituzte; baina, horretarako, eskatzaileak behin betiko eskuratu behar du, xedapen gehigarri honetako 1. edo 2. paragrafoan zehaztutakoarekin bat etorriz, zehaztutako bolumen osoa eta Guadianako Konfederazio Hidrografikoak ezartzen duen ehunekoa.

5.  Xedapen hori ez zaie aplikatuko Guadiana Garaiko Plan Berezia onartzen duen urtarrilaren 11ko 13/2008 Errege Dekretuaren 1. eranskinaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera jasotako kontzesioaren titularrei, lagatzaileak direnean.

6.  Guadiana Garaiko Plan Bereziak –urtarrilaren 11ko 13/2008 Errege Dekretuak onartua– definitutako esparruan kokatutako lege‑xedapen bidezko aprobetxamenduen titularrek, xedapen gehigarri hau indarrean sartzen denean Uren Erregistroaren B atalean izena emanda badaude edo, lege honen 54.2

artikuluari jarraiki, nahitaezko baimena eskatu badute eta ematen bazaie, ur publikoen kontzesioa bihurtzeko eskatu ahal izango dute, eta urteko gehieneko bolumen berarekin eta erabilera bererako edo handiagorako emango zaie.

Eskaera jendaurrean jarriko da Guadianako Konfederazio Hidrografikoak zehaztutako esparruan, irizten bazaio hirugarrenen eskubideei eragin diezaiekeela, eta, beti, onibarra dagoen udalerriko udalean. Ez da proiektu‑lehiaren izapidea bete beharko eta txosten bat egin beharko da ziurtatzeko Plan Hidrologikoarekin bateragarria dela; beteko duen funtzioaren arabera eskuduna den administrazioak ere txostena egin beharko du.

Lege‑xedapen bidezko aprobetxamendua kontzesioa bihurtu den onibarretan, ezingo da inolako aprobetxamendurik egin lege honen 54.2 artikuluaren babesean».

Hamalau.  Hamabosgarren xedapen gehigarri berria sartzen da. Hona hemen:

«Hamabosgarren xedapen gehigarria.  Neurriz gora ustiatutako akuiferoen erreferentziak.

Lege honetako artikuluetan neurriz gora ustiatutako akuiferoei egiten zaizkien aipamenak egoera kuantitatibo edo kimiko ona ez lortzeko arriskua duten lurpeko ur‑masetan egindako ustiapenei dagozkie.» Hamabost.   Hirugarren bis xedapen iragankor berria sartzen da. Hona hemen:

«Hirugarren bis xedapen iragankorra.  Bigarren eta hirugarren xedapen iragankorretako hirugarren paragrafoa aplikatzeko xedapen orokorrak.

1.  Bigarren eta hirugarren xedapen iragankorretako hirugarren paragrafoak aplikatzeko, aprobetxamenduaren baldintzak edo araubidea aldatu egin direla onartuko da, besteak beste, putzuaren sakonera, diametroa edo kokapena aldarazten duten jarduerak badaude, edota, ureztaketa‑aprobetxamenduaren kasuan, baliabidearen aplikazio‑eremuaren gainean erabilera, kokapena edo azalera aldatzen badira.

Ur Zuzendaritza Nagusiak jarraibide batzuk emango ditu paragrafo honetan ezarritakoa era uniformean aplikatzeko irizpide teknikoak ezartzeko.

2.  Bigarren eta hirugarren xedapen iragankorretako hirugarren paragrafoetan aipatzen den kontzesioa alderdiak hala eskatuta emango da, proiektuen lehiaketako prozedurarik gabe; Plan Hidrologikoarekiko eta administrazio eskudunarekiko bateragarritasun‑txostena eskatuko da, emango zaion erabileraren arabera; jendaurrean jarriko da, eta, erabiltzaileen komunitatea badago, txostena eskatuko zaio.

3.  Kontzesioak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a)  Kontzesioaren epea ez da izango Uren Erregistroko C ataleko inskripzioan ezarritakoa baino txikiagoa, eta une horretan kontzesiodun denak izango du lehentasuna kontzesio berria lortzeko.

b)  Arroko Uren Erregistroko C atalean aprobetxamenduari buruz ageri diren ezaugarriak jasoko ditu, aldatzen diren ezaugarriak –prozedura abiaraztea eragin dutenak– izan ezik; dena den, arroko erakundeak horien egokitasuna egiaztatu behar du aurrez.

4.  Kontzesio horretako lurpeko ur‑masek 56. artikuluan aipatzen diren egoera oneko helburuak ez lortzeko arriskua dutela adierazi denean, jarduera‑programan ezarritako mugen mende egongo da kontzesioa, edo, hala badagokio, lurpeko uren kalitatea babesteari edo ateratzeari buruz kasu horretarako ezartzen diren kautela‑neurrien mende.

5.  Aprobetxamendu‑baldintzak edo ‑araubidea aldatu badira, eta, arroko erakundeak baimena eman dezan, titularrak ez badio arroko erakundeari horren berri eman, arroko erakundeak interesdunari galdegingo dio eska eta lor dezala dagokion kontzesioa; hori, nolanahi ere, ez da eragozpen izango zehapen‑prozedura aplikatzeko.

6.  Kontzesioa ematean azkendu egingo da une horretara arte onartutako ur pribatuen gaineko eskubidea.» Hamasei.  Hamargarren xedapen iragankor berria sartzen da. Hona hemen:

«Hamargarren xedapen iragankorra.  Eskubide pribatuak kontzesio‑eskubide bihurtzea.

1.  Laugarren xedapen iragankorrean aipatzen diren Arroko Ur Pribatuen Katalogoan inskribatutako ur‑aprobetxamenduen titularrek edozein unetan eskatu ahal izango dute arroko uren erregistroan inskribatzea eta, horretarako, dagokion kontzesioa ematea eskatuko dute.

2.  Kontzesioa emateko izapidea proiektu‑lehiaketarik gabe gauzatuko da, eta, gainera, beharrezkoak izango dira Plan Hidrologikoarekiko bateragarritasunaren txostena eta emango zaion erabileraren arabera eskumena dagokion administrazioaren txostena, eta, orobat, jendaurrean jartzeko izapidea egitea eta, erabiltzaileen komunitatea izanez gero, hari ere txostena eskatzea.

3.  Kontzesioak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a)  Kontzesioaren bukaera 2035eko abenduaren 31 izango da, eta, une horretan, kontzesiodunak lehentasuna izango du kontzesio berri bat lortzeko.

b)  Aprobetxamenduak Arroko Ur Pribatuen Katalogoan dituen ezaugarriak aipatuko ditu, batez ere uraren erabilerari dagozkionak, eta arroko erakundeak egiaztatu beharko du ezaugarri horiek egiazkoak direla.

4.  Dena den, kontzesio‑eskaera hori egoera ona ez lortzeko arriskua adierazita duten lurpeko ur‑masei dagokienean eta lurpeko ur‑masa horiek 56. artikuluan aipatzen den jarduera‑programa dutenean, kontzesio hori aipatutako programan ezarritako mugen mende egongo da. Jarduera‑programarik onartuta ez dagoenean, ezin izango da eskatu eskubidea eraldatzeko.» Bigarren artikulua.  Ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea aldatzea.

Ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

Bat.  28. artikuluko 2. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«2.  Toki berean espazio babestuen figura desberdinak gainjartzen badira, espazio horietako erregulazio‑arauak eta planifikazio‑mekanismoak koordinatu egin behar dira dokumentu integratu bakar batean bateratzeko, kategoria bakoitzaren arabera aplika daitezkeen erregimenek osotasun koherente bat osa dezaten.» Bi.  45. artikuluko 1. ataleko a) letra aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«a)  Kudeaketa‑plan edo ‑tresna egokiak, toki bakoitzerako espezifikoak edo beste garapen‑plan batzuetan integratuak, gutxienez tokia kontserbatzeko helburuak eta espazioei kontserbazio‑egoera egokian eusteko neurri egokiak dakartzatenak. Plan horiek kontuan hartu beharko dituzte beren lurralde osoa edo lurraldearen ehuneko handi bat toki horietan duten udalerrien beharrak.» Hiru.  Azken xedapenen arteko zortzigarrena aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.  Gobernuak, bere eskumenen esparruan, lege hau garatzeko beharrezko xedapenak emango ditu.

Zehazki, Gobernuak gaitasuna izango du eranskinetan aldaketak egiteko eta, beraz, erkidegoko araudiak aldaketak egiten dituenean, horien arabera egokitzeko.

2.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak gaitasuna izango du, Natura Sarea 2000ko espazio babestuei buruzko informazio ofiziala autonomia‑erkidegoen, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Europako Batzordearen artean komunikatzeko prozedura erregelamenduz garatzeko, 42. eta 44. artikuluetan aipatzen denaren ildotik.

3.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak gaitasuna izango du, 45.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Europako Batzordeari plan, programa edo proiektuetarako hartutako konpentsazio‑neurriak jakinarazteko programa arautzeko eta, 45.6.c artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Europako Batzordeari aurrez kontsulta egiteko.

Hirugarren artikulua.  Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen aldaketa.

Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita: Bat.  21. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

a)  21. artikuluko 1. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.  Ingurumen‑agintariek, dagokien eskumen‑esparruan eta kalitate handiko berrerabilera eta birziklapenerako prebentzio‑ eta sustapen‑printzipioei erantzunez, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte, produktuak berrerabiltzea sustatzeko lehentasun‑sistemak eta berrerabilera eta birziklapenerako prestakuntza‑jarduerak ezar daitezen. Beste neurri batzuen artean, berrerabil daitezkeen hondakinak biltegiratzeko tokiak ezartzea eta berrerabiltze‑sare eta ‑zentroak ezartzeko laguntza ematea sustatuko dira. Halaber, berrerabiltzeko prestatutako produktuak eta produktu birziklatuak sustatzeko neurriak bultzatuko dira, kontratazio publikoaren bidez eta kudeaketa‑planetako helburu kuantitatiboen bitartez.» b)  2. paragrafoa ezabatu egiten da.

c)  3, 4, 5 eta 6. paragrafoak 2, 3, 4 eta 5. paragrafoak bihurtzen dira, hurrenez hurren.

Bi.  Aldatu egiten da 25. artikuluko 3. paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

«3.  Hondakinak –ezabatzearren– leku batetik bestera eramango dituzten langileek jakinarazpen bat aurkeztu behar diete aldez aurretik jatorriko eta helmugako autonomia‑erkidegoetako agintari eskudunei.

Halaber, nahastutako etxe‑hondakinak, hondakin arriskutsuak eta arauz zehaztutako hondakinak leku batetik bestera baloratzeko eramango dituzten langileek jakinarazpen bat aurkeztu behar diete aldez aurretik, aipatutako agintariei.

Jakinarazpenak orokorrak izan daitezke, eta arauz zehaztutako iraupena izango dute, edota lekualdaketa zehatzei buruzkoak izan daitezke.

Lege honen ondorioetarako, langiletzat joko da hondakinen lekualdaketei buruzko 2006ko ekainaren 14ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1013/2006 Erregelamenduak 2.15 artikuluan jakinarazle gisa definitzen duena.» Hiru.  31. artikuluko 2. paragrafoko d) idatz‑zatia aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«d)  Hondakin batzuk kudeatzeko modurik egokiena –haien arriskugarritasun‑ezaugarrien arabera –sistema hau ezartzea denean, edo indarreko legedian zehaztutako kudeaketa‑helburuak betetzen ez direnean, biltegiratuta utzitako kopuruak berriro erabiltzeko edota baloratzeko edo ezabatzeko zailak diren hondakinei dagokienez, tratatu ahal izateko itzuliko direla bermatzen duten biltegiratze‑sistemak ezartzea.» Lau.  31. artikuluko hirugarren paragrafoan azken lerrokada bat txertatzen da:

«Hondakinak biltegiratzeko, itzultzeko eta bihurtzeko sistemak borondatez ezarriko dira, 31.2.d) artikuluan jasotzen diren kasuen mugarekin.» Bost.  32. artikuluko 3. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.  Erantzukizun hedatuaren ondorioz sortutako betebeharrak betetzeko sistema kolektibo bat aukeratzen duten ekoizleek elkarte bat eratuko dute, elkartzeko eskubidea erregulatzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan aurreikusitakoetako bat, hain zuzen, edota nortasun juridikoa duen irabazi asmorik gabeko erakunde bat. Sistema kolektiboak sortzeko hautatutako irudi juridikoaren berezko arauen arabera funtzionatuko dute, betiere, ziurtatuta irizpide objektiboen arabera hartuko dutela parte produktoreek eta informazioa jasotzeko, alegazioak egiteko eta balorazioak jasotzeko eskubideak bermatzen direla, erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

Sistema kolektiboek baimena eskatu behar dute beren jarduerari ekin aurretik.

Eskaeraren eduki minimoa X. eranskinean xedatutakoa izango da, eta sistema horrek bere egoitza soziala ezarriko duen autonomia‑erkidegoko organo eskudunari aurkeztu beharko zaio.

Espedientean agiri guztiak daudela egiaztatu ondoren, baimen‑eskaera hondakinei buruzko koordinazio‑batzordeari bidaliko zaio, autonomia‑erkidegoaren ebazpena izan aurretik hark bere txostena egin dezan. Autonomia‑erkidegoak, hala badagokio, baimena emango du, eta jarduera horretarako baldintzak ere finkatuko dira baimen horretan. Baimena Estatuko lurralde osoan izango da baliozkoa, eta hondakinen kudeaketa eta ekoizpenerako erregistroan inskribatuko da. Jarduera horretarako baldintzek eta baimenak bat etorri behar dute zerbitzuen eskuragarritasun‑ eta erabilera‑askatasunari buruzko azaroaren 23ko 7/2009 Legearen 9. artikuluan aurreikusten diren printzipioekin. Baimena izapidetzeko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, eta luzatzeko aukera ere izango da, espedientearen konplexutasunaren ondorioz horretarako arrazoiak badaude; luzapen hori behin bakarrik eskatu ahal izango da, aldi mugatu baterako, hain zuzen, eta hasierako epea amaitu aurretik. Epea igaro bada eta ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, aurkeztutako eskaera bertan behera utzi dela ulertuko da.

Baimenaren edukia eta indarraldia erregulazio espezifikoek ezarriko dute.

Indarraldirik adierazten ez denean, baimenak bost urteko iraupena izango du, eta atal honetan ezarritakoa betez berrituko da. Baimena ezin izango zaie transmititu hirugarrenei.

Baimenen indarraldian, hondakinen arloko koordinazio‑batzordeak dagozkion jarraipen‑jarduerak egin ahal izango ditu, baimenak eta jarduera‑baldintzak betetzen diren ikusteko.» Sei.  32. artikuluko 6. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«6.  Hondakin‑fluxu bakoitzaren araudian aurreikusi ahal izango da produktu‑banatzaileek eta bestelako eragile ekonomikoek sistema kolektiboetan parte hartzea eta erantzukizun hedatuaren ondoriozko betebeharrak betetzea.» Zazpi.  41. artikuluaren 1. paragrafoaren lehen lerrokada aldatzea; honela geratzen da idatzita:

«1.  Aurreko 27. artikuluan aurreikusitako hondakin‑tratamendurako baimena eskuratu duten pertsona fisiko edo juridikoek urtero bidaliko diete autonomia‑erkidegoei eta, udal‑eskumeneko hondakinak badira, toki‑erakundeei artxibo kronologikoko informazioaren laburpen‑memoria, XII. eranskinean adierazitako edukiarekin. Lege honetan aurreikusitako jakinarazpenen bat egiten dutenek, agintaritza eskudunen esku utziko dute artxibo kronologikoa, ikuskatu eta kontrola dezaten.» Zortzi.  49. artikuluko 3. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.  12.5 artikuluarekin bat etorriz, tokiko erakundeei hondakin batzuk biltzea eta kudeatzea egokitzen zaienean hondakin horiek abandonatzen, botatzen edo kontrolik gabe desagerrarazten badira, edota tokiko ordenantzetan aurreikusten diren baldintzak bete gabe entregatzen badira, zehatzeko ahalmena tokiko erakundeetako titularrei dagokie.» Bederatzi.  Bigarren xedapen gehigarriko 3. eta 4. paragrafoak aldatzen dira, eta xedapen horren 6. paragrafoa kendu. 3. eta 4. paragrafoak honela idatzita geratzen dira:

«3.  Erregelamendu bidez ezarriko da plastiko ez biodegradagarrizko eta erabilera bakarreko poltsak ordezkatzeko egutegia, bai eta egutegi hori betetzeko aurreikusitako formulak ere.

4.  Lan‑talde espezializatu bat sortuko da Koordinazio Batzordean, plastiko ez biodegradagarrizko eta erabilera bakarreko poltsa komertzialen hondakinak prebenitzearen eta kudeatzearen inguruko proposamenak aztertzeko. Lan‑talde horrek aztertuko du bizi‑zikloaren normalizazioaren eta analisiaren inguruko nazioarteko, estatuko nahiz autonomia‑erkidegoko informazioa, xedapen honen xedeari lotutako beste alderdi batzuekin batera.» Hamar.  Beste xedapen gehigarri bat, hamaseigarrena, gehitzen zaio:

«Hamaseigarren xedapen gehigarria.  Hondakin birziklagarriak.

Ekoizleek edo hondakin birziklagarrien hasierako beste edukitzaileek lehentasuna eman ahal izango diote tratamendu osoa Europar Batasunean bertan egiteari, hortik kanpo garraiatzearen ingurumen‑inpaktua saihesteko, aplikatu beharreko araudiaren arabera.» Hamaika.   Laugarren xedapen iragankorra aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.  Lege hau indarrean sartzean lehendik zeuden hondakinak kudeatzeko sistema integratuak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera arautuko dira, eta baita hondakin‑fluxu bakoitzerako erregulazio‑arauen arabera ere. Baina sistema horiek lege honetan ezarritakoari egokitu behar zaizkio, aipatutako erregulazio‑xedapen horiek egokitzen dituzten arauak indarrean sartu eta urtebeteko epean.

2.  Erantzukizun hedatuko sistemak direnean eta horiei dagokien jakinarazpena edo baimen‑eskaera lehen atalean aipatzen diren egokitzapen‑arauak indarrean sartu aurretik aurkeztu denean, sistema horiek aurreko paragrafoan aurreikusitako erregimen juridikoaren mende geratuko dira.» Hamabi.  X. eranskineko 7. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«7.  Erantzukizun hedatuko sistema kolektiboaren barneko funtzioekin eta administrazio publikoei informazioa ematearekin lotutako jarduerak gauzatzen dituzten langileen datuak biltzeko prozedura.» Hamahiru.   Azken xedapenetako hirugarreneko 1. paragrafoko c) idatz‑zatia aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«c)  Hondakin‑motentzat arauak ezartzea, ekoizpen eta kudeaketari buruzko xedapen bereziak finkatzeko. Halaber, berariazko arauak ezarri ahal izango dira produktu berrerabilgarriak eta, bereziki, garagardo, freskagarri eta uren ontzi berrerabilgarriak biltegiratzeko sistemen ezarpenetarako.» Laugarren artikulua.  Balore‑merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea aldatzea.

Balore‑merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legean 21. xedapen gehigarria erantsi da, eta honela geratzen da hitzez hitz:

«Hogeita batgarren xedapen gehigarria.

1.  Inbertsio‑zerbitzuak ematen dituzten enpresek eta inbertsio‑zerbitzuak emateko baimena duten kreditu‑erakundeek, 63.1 artikuluan jasotzen diren jarduerak gauzatzeaz gain, eskaintzak aurkeztu ahal izango dituzte beren bezeroen izenean berotegi‑efektuko gasak igortzeko eskubideei dagozkien enkanteetan – betiere, finantza‑tresnak ez badira– berotegi‑efektuko gasak igortzeko eskubideen enkanteen egutegiari, kudeaketari eta beste alderdi batzuei buruzko 2010eko azaroaren 12ko Europako Batzordearen 1031/2010 (EB) Erregelamenduan aipatzen denarekin bat etorriz, eta Europako Erkidegoan berotegi‑efektuko gasak igortzeko eskubideen merkataritzarako erregimena ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2003/87/EE Zuzentaraua betez. Horretarako, 66. artikuluan aipatzen den jarduera‑programan sartu behar da jarduera hori.

2.  Balore Merkatuaren Estatuko Batzordea izango da gure lurraldean berotegi‑efektuko gasak igortzeko eskubideen enkanteei buruzko 1031/2010 (EB) Erregelamenduko 37. artikulutik 42. artikulura bitartekoak betetzen ez dituzten pertsonak zehatzeko ahalmena duena, betiere, ez badira gure lurraldean edo lurraldetik kanpo gauzatutako finantza‑tresnak.

3.  Aurreko paragrafoan xedatutakoa bete ahal izateko, Balore Merkatuaren Estatuko Batzordeak arau horretan aurreikusitako ikuskatze‑ eta berrikuste‑ahalmenak izango ditu.

4.  1031/2010 (EB) Erregelamenduko 37. artikulutik 42.era bitartekoak betetzen ez badira, lege horretako VIII. tituluko II. kapituluan aurreikusten den zigor‑erregimena aplikatuko da, informazio pribilegiatuarekin garatutako eragiketei edo merkatu‑manipulazioa eragin dezaketen eragiketei buruzkoa, hain zuen, eta honako berezitasun hauek hartuko dira kontuan:

a)  99. artikuluko ñ) idatz‑zatian eta 100. artikuluko m) idatz‑zatian xedatutakoa salbuespen izango da.

b)  99. artikuluan edo bis) puntuan jasotzen den zehaztapena 81.4. artikuluari, 83.1 d) artikuluari eta 83.2 artikuluari dagokie soilik.

c)  100 x ter) artikuluko zehaztapena 81.4. artikuluari, 83.1 d) artikuluari eta 83.2 artikuluari dagokie soilik, eta enkante‑plataformak eta enkanteak ikuskatzen dituzten erakundeak dira subjektu behartuak.

d)  100. artikuluko x) idatz‑zatian jasotzen den zehaztapena 81. artikuluari dagokio soilik, 3. paragrafoa salbuespentzat hartuta.

5.  1031/2010 (EB) Erregelamenduko 59. artikuluan aipatzen diren jokabide‑arauak ez betetzea oso arau‑hauste larria izango da, eta baita erregelamendu horretako 42.4 artikuluan aipatzen diren egiturazko xedapenak onartzeko betebeharra ez betetzea ere, informazio pribilegiatuko jarduera zehatz batean gertatu baldin bada.

1031/2010 (EB) Erregelamenduko 42.4 artikuluan aurreikusten diren neurriak behar bezala ez onartzea arau‑hauste larria izango da.

6.  Balore Merkatuaren Estatuko Batzordeak Europar Batasuneko beste agintaritza eskudun batzuekin, enkante‑plataformekin eta enkanteak ikuskatzen dituen erakundearekin lankidetzan jardungo du, 1031/2010 (EB) Erregelamenduan ezarritako funtzioak gauzatzeko beharrezkoa den guztietan eta erregelamendu horretan arautzen diren gai eta baldintzei dagokienez.

7.  Balore Merkatuaren Estatuko Batzordeak agintaritza eskudunei enkante‑plataformekin eta enkanteak ikuskatzen dituen erakundearekin eman beharreko informazioak salbuetsi egin dira 90. artikuluan erregulatzen den sekretu‑betebeharretik, 1031/2010 (EB) Erregelamenduaren araberako igorpen‑eskubideen enkanteei dagokienez.

8.  Aurreko ataletan aurreikusten denerako, aplikagarriak izango dira 1031/2010 (EB) Erregelamenduko 37. artikuluan informazio pribilegiatuari eta merkatu‑manipulazioari buruz jasotzen diren definizioak.» Bosgarren artikulua.  Berotegi‑efektuko gasak isurtzeko eskubideen merkataritzarako erregimena ezartzen duen martxoaren 9ko 1/2005 Legea aldatzea.

Berotegi‑efektuko gasak isurtzeko eskubideen merkataritzarako erregimena ezartzen duen martxoaren 9ko 1/2005 Legeari honako aldaketa hauek egiten zaizkio: Bat.  7. artikuluko d) idatz‑zatia aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«d)  Instalazio‑jarduera etetea urtebete baino gehiagoan. Salbuespenez, organo eskudunak baimenaren iraungitzea jarduera eten denetik gehienez ere 18

hilabetera arte atzeratu ahal izango du, lege hau garatzeko erregelamenduan eta Erkidegoko zuzenbidean aurreikusitakoaren arabera.» Bi.  Hona nola geratzen den idatzita 29. artikuluko 2. paragrafoko 4. idatz‑zatia:

«4.  Aurreko 19.3 artikuluan ezarritako informazioa nahita ezkutatzea edo aldatzea, edo ez betetzea instalazioan esleitutako eskubideen bolumenen zehaztapenean eragina izan dezaketen aldaketak egin direla jakinarazteko betebeharra, 6. artikuluaren babesean.» Xedapen iragankor bakarra.  Neurriz gora ustiatutako lurpeko baliabide hidraulikoen erregimen iragankorra.

1.  Lege hau indarrean sartzen den unean neurriz gorako ustiaketa‑adierazpen baten eraginpean dauden lurpeko uren kasuan, aurreko legediaren bidez arautuko dira, Uren Legearen Testu Bateratuko 56. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lurpeko masa adierazpena eta, ondorioz, jarduera‑programaren onarpena izan arte.

2.  Lege hau indarrean sartu aurretik lurpeko urak neurriz gora ustiatutako lurpeko ur gisa deklaratu direnen, baina oraindik urak ateratzeko antolamendu‑planik ez dutenean, Uren Legearen Testu Bategineko 56.1 artikuluko b) idatz‑zatian aurreikusitako jarduera‑plana idatzi eta onartu behar da, agindu horretan aurreikusten den epean, lege hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasita.

Azken xedapenetako lehena.  Eskumen‑titulua.

1.  Lehen artikulua idatzi da Konstituzioaren 149.1 artikuluko 18. klausulan bat, hiru, bost‑bederatzi, hamabost eta hamasei paragrafoetarako, 22. klausulan bi, hamabi eta hamahiru paragrafoetarako eta 13. klausulan lau, hamaika eta hamalau paragrafoetarako Estatuari esleitzen zaion eskumenaren babesean.

2.  Laugarren artikulua, balore‑merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea aldatzen duena, Konstituzioaren 149.1 artikuluko 6., 11. eta 13. arauetan xedatutakoaren babesean idatzi da.

3.  Xedapen iragankor bakarra Konstituzioaren 149.1 artikuluko 13. klausulan –jarduera ekonomikoaren plangintza orokorreko oinarri eta koordinazioari buruzkoa– ageri den gaikuntzaren babesean idatzi da.

Azken xedapenetako bigarrena.  Europar Batasunaren Zuzenbidea garatzea.

Balore‑merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen hogeita batgarren xedapen gehigarria eransten duen lege honen laugarren artikulua berotegi‑efektuko gasak igortzeko eskubideen enkanteen egutegiari, kudeaketari eta beste alderdi batzuei buruzko 2010eko azaroaren 12ko Europako Batzordearen 1031/2010 (EB) Erregelamendua garatzeko idatzi da, Europako Parlamentu eta Batzordearen 2003/87/EE Zuzentarauarekin –Europako Erkidegoan berotegi‑efektuko gasak igortzeko eskubideen merkataritzarako erregimena ezartzen du– bat etorriz.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madrilen, 2012ko abenduaren 19an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra