Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

11/2007 Legea, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa

2007-06-22

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2007/6/23, 150. zk.

Eguneratua: 2007-07-03

11/2007 Legea, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa

2007ko uztailaren 3ko BOEn argitaratutako akats-zuzenketa barne

ZIOEN AZALPENA

I.

Gizadiaren hainbat arok garai horietan erabiltzen ziren tekniken izena hartu dute, eta, gaur egun ere, esan dezakegu informazioaren eta komunikazioaren teknologiek erro-errotik eragiten dietela gizakiek elkarren artean dituzten harreman-moduei, are eta harreman horien edukiei ere, eta beste horrenbeste gertatzen zaie gizakiek osatzen dituzten gizarteei ere.

Egungo garaiak –eta XXI. mendeak bete-betean, XX. mende amaierako urteek bezalatsu– komunikazio elektronikoek ekarri duten iraultza du bereizgarrietako bat.

Alde horretatik, garaian garaikoari egokitutako Administrazioak komunikazio elektronikoak erabiltzea bultzatu eta sustatu behar du, herritarren mesedetan.

Informazioa- teknologian eta komunikazio elektronikoen arloan duela hamarkada gutxi batzuk pentsaezina zen jauzia eman da eta horren lehen onuradun eta, halaber onuradun nagusiak herritarrek izan behar dute, hain zuzen

Administrazioak, beraz, herritarren zerbitzura behar duenez, administrazio elektroniko bihurtu beharra dauka, gure Konstituzioaren 103. artikuluak aldarrikatzen duen eraginkortasun-printzipioak gidatuta.

Testuinguru horretan, hain justu, Administrazioek konpromisoa hartu behar dute beren garaiarekin, eta herritarrei informazioaren gizarteak dituen abantailak eta aukerak eskaini behar dizkiete, informazioaren gizartea gauzatzen laguntzeko duten erantzukizuna beren gain hartuta.

Teknikariek eta zientzialariek sortu dituzte gizarte honen baliabideak, baina baliabide horiek gizarte osora zabaltzea, neurri handi batean, herri-administrazioek emandako bultzadaren baitan dago.

Herritarrengan sortzen duten konfiantzaren eta segurtasunaren baitan dago, bai eta ematen dituzten zerbitzuen baitan ere.

Herritarrari zerbitzu hobea ematea; horratx Konstituzioa onartu zenetik Espainian egin izan diren erreformen arrazoia, Administrazio modernoa eratze bidean, eraginkortasuna ardatz nagusi hartuta eta betiere herritarrei begira.

Zerbitzu hori bera da, halaber, egungo garaiei egokitzeko ahalegina egiteaz bat, zerbitzu publikoetarako herritarren sarbide elektronikoari buruzko Legea egiteko arrazoia.

Hain zuzen, Estatuaren deszentralizazio politikoaren lehenengo eta berehalako helburua zen Espainia politikoki estatu unitarioaz oso bestelako modu batean antolatzea, baina ez zen hor amaitu; aitzitik, deszentralizazioari esker, botere autonomiko berrien gertutasun demokratiko handiagoak hauxe ekarri du: botere horien mendeko Administrazioak herritarrengandik gertuago egotea.

Bide beretik doa Konstituzioak tokiko autonomia aitortzea ere.

Nolanahi ere, deszentralizazio autonomikoak eta lokalak Administrazioa herritarrarengandik gertuago egotea ekarri badu ere, gerturatze horrek ez du erabat gainditu oraindik ere herritarra Administraziotik –edozein Administraziotatik, Estatukoa barne– urruntzen duen hesia, askotan, denborak eta espazioak sortutakoa izan ohi dena:

eguneroko bizitzako izapide asko egiteko, Administrazioarekiko harremanari eskaini behar zaion denbora; batzuetan, hasierako informazioa lortzeko hara joan behar da, eta, ondoren, jarduera oinarrizkoenak gauzatzeko Administrazioarekin egin beharreko izapideak direla-eta, hainbat aldiz jo behar da berriz hara, eta denbora joaten da horretan.

Lehen hesi horiek, batzuetan, beste hesi batzuk ekartzen dituzte, herri-administrazioetako zerbitzu-izaerari eragiten diotenak.

Izan ere, herri-administrazioek ezin dute beti beren egitekoa bete herritarrek eskatzen dieten edozer gauzari erantzunez, gerta bailiteke eskari hori kontraesanean egotea herritarren gehiengoaren interesekin, legeetan jasotako interes orokorrekin.

Baina kasu horietan ere –interes orokorrak banakako interesekin bat ez datozenean– herritarrarekiko harremanak ahalik eta azkarren eta argiena izan behar du, alferreko denbora-galtzerik gabe.

Nolanahi ere, Administrazioarekiko harremanean sortutako lehen hesi horiek –bertara joateko egin beharreko lekualdatzea eta eskaini beharreko denbora– gaur egun ez dute zentzurik.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiek bide eman dute Administrazioa herritarren etxeko egongelara edo enpresen eta profesionalen bulegoetara gerturatzeko.

Administrazioarekin erlazionatzeko aukera ematen diete herritarrei, ilaran eta itxaroten egon beharrik gabe.

Bai eta esku-hartze administratiboari edo baimenei lotuta ez dauden zerbitzuak eta informazioak jasotzeko ere; alegia, jarduera mugatzaileekin loturarik ez duten informazioak eta zerbitzuak, aukerak zabaltzeko direnak, jasotzeko.

Baldintza horiei esker, halaber, Administrazioa beren zerbitzura dagoen erakunde moduan ikusten dute herritarrek, eta ez burokrazia astun modura, hasteko eta beti, denboraren eta lekuz aldatu beharraren sakrifizioa eskatzen dituena, herritarren etxearen eta bulego publikoen enpresen artean dagoen distantzia dela eta.

Baina, horrezaz gain, informazioaren teknologia berriek, batez ere, lehen bulego publikoetara iristeko zailtasun handiak zituzten pertsonei erraztu diete zerbitzu publikoetarako sarbidea; kokapen geografikoak, mugitzeko muga fisikoek edo bestelako mugek zailtasunak eragiten zituzten orain artean, eta orain teknologia berriak erabilita gaindi daitezke.

Horrenbestez, garrantzi handiko urratsa eman da pertsona horiek, baldintza berberetan, bizitza publikoan eta gizarte-, lan- eta kultura-bizitzan integratzeko.

Horretaz ohartu zen Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta bere lehen bertsioan dagoeneko, 45. artikuluan, jaso zuen Administrazioak teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzera eta abian jartzera joko duela, bere jarduera garatzeko eta eskumenak baliatzeko, eta herritarrek baliabide horiek erabil ditzaketela Administrazioekiko harremanetan, baldin eta baliabide horiek bateragarri badira Administrazioak «dituen baliabide teknikoekin».

Aurreikuspen horrek eta erregistroak eta fitxategiak informatizatzeko aurreikuspenak (Lege horren beraren 38. artikuluan jasoa jatorrizko bertsioan, eta, batez ere, abenduaren 27ko 24/2001 Legeak emandako idazketan jasoa, bitarteko telematikoak erabilita egindako eskabide, idatzi eta komunikazioei sarrera edo irteera emateko erregistro telematikoak jartzea baimenduz) bidea ireki zioten Administrazioarekiko harremanetan bitarteko horiek erabiltzeko aukerari.

Aldi berean, 24/2001 Lege horrek berak 59. artikulua aldatu zuen, eta, hala, jakinarazpenak bide telematikoen bidez egiteko aukera eman zuen, interesdunak bide hori lehentasunezkotzat jo bazuen edo berariaz onartu bazuen.

Ildo beretik, azpimarratzekoak dira Zergei buruzko Lege orokorrean egin diren aldaketak, jakinarazpen telematikoak ere egin ahal izateko, bai eta 2003ko Zergei buruzko Lege Orokor berriaren 96. artikulua ere, administrazioaren jardun automatizatua edo agirien irudi elektronikoa aurreikusten baititu.

Baina administrazio elektronikoa ez da nahikoa garatu oraindik.

Neurri handi batean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 38. ,45. eta 59. artikuluetako aurreikuspenak aukerakoak direlako.

Alegia, Administrazioen esku uzten da erabakitzea ea herritarrek bide elektronikoak erabili ditzaketen ala ez administrazioekin harremanak izateko, horretarako beharrezko diren baliabideak jarri nahi dituzten ala ez kontuan hartuta.

Horregatik, Lege honek «behar dute» jarri nahi du, «dezakete» zegoen tokian.

Lege aurreikuspenak aurreratuak ziren bere garaian –zuhurrak ere bai, bestalde–, oso baliagarriak 1992an edo 2001ean, baina gaur egun zaharkituta geratu dira. Izan ere, ordenagailuak zenbateraino zabaldu diren eta interneteko banda zabalerako sarbidea –beste teknologia eta plataforma batzuetarako aukerak irekita– zenbat pertsonak eta erakundek duten ikusita, errealitate honi jada ez dagozkio aipatutako Legeak baimentzen dituen eta aukerakoak baino ez diren zerbitzuak, Legeak Administrazioetan bultzatu nahi dituen zerbitzu horiek.

Herritarrari eman beharreko zerbitzuak Administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko duten eskubidea finkatzea eskatzen du.

Eskubide horren ordainetan, eskubide hori baliatu ahal izateko bitarteko eta sistema elektronikoz hornitzeko betebeharra dute administrazioek.

Horixe da Legearen berrikuntza handietako bat:

bitarteko elektroniko edo informatikoak sustatzeko deklarazioa egin zen lehen, eta, praktikan, zera zen: Administrazio batzuek edo beren organo batzuek komunikazioak bitarteko elektronikoen bidez gauzatzeko aukera ematea; orain, berriz, Administrazioak behartuta daude horretara, Legeak harreman elektronikoak izateko eskubidea aitortzen baitie herritarrei.

Legeak finkatzen du herritarren eskubidea dela herri-administrazioekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatea, eta, era berean, betebeharra dela administrazio horientzat.

Eskubide hori aitortzea eta horrek dakarren betebeharra dira, beraz Lege-proiektu honen ardatz nagusiak.

Baina ardatz horren inguruan, beharrezkoa da beste ardatz askori heltzea, eskubide horren nondik norakoak definitzeko eta zehazteko lagungarri baitira.

Horrela, adibidez, eskubide hori benetan egikaritzen da, Estatuko Administrazio Orokorrean behintzat eta legeak ezarri bezala, herritarren eta enpresen eskura gutxienez sarbide-puntu orokor bat jartzeko betebeharraren bidez. Horri esker, erabiltzaileek aukera izango dute, erraz-erraz, beren eskumenekoa den informazioa eta zerbitzuak eskuratzeko; eskabideak eta errekurtsoak aurkezteko; entzunaldiaren izapidea egiteko, hala dagokionean; ordainketak egiteko, edo herri-administrazioek igorritako jakinarazpen eta komunikazioak eskuratzeko.

Halaber, herritarrek sarbide-puntu bakar horretan kanal anitzeko zerbitzuei buruzko informazioa aurkitu behar dute, edota bitarteko, teknologia edo plataforma bat baino gehiagoren bidez eskaintzen zaizkien zerbitzuei buruzko informazioa.

II.-

Konstituzioaren 149.1.18 artikuluak aitortzen dituen Estatuaren eskumenak abiapuntu hartuta egituratzen da Legea:

batetik, «Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren Oinarriak», eta, bestetik, «administrazio-prozedura erkidea».

Bestalde, Estatuko araudiak, oinarrizkoa denez, aukera uzten du garapen autonomikoetarako; nolanahi ere, ezin da ahaztu oinarri horiek, aipatutako 18. zenbakiarekin bat etorriz, herri-administrazio horietan «tratu bera» izateko bide eman behar dutela «beti».

Alde horretatik, lege-aurreikuspenak nahitaez berberak izan behar dituzten alderdiak landu behar dira Estatuko araudian; adibidez, elkarreragingarritasuna, komunikazio elektronikoen bermeak, herritarren eskubide diren zerbitzuak, komunikazio elektronikoak gordetzea, eta Legean jorratzen diren gainerako gaiak, administrazio guztiekin bide elektronikoak erabilita erlazionatzeko eskubidea baliatzea tratu komun horren pean dagoela bermatze aldera.

30/1992 Legeak, lehen esan den bezala, aukera ireki baino ez zuen egin Administrazioarekin harreman telematikoak izateko, baina egunotan beste araudi bat behar da, Administrazio guztietan herritarrek tratu bera izango dutela bermatzeko, baina oraingoan modu eraginkorrean bermatzeko:

lehenik eta behin eta batez ere, herri-administrazio guztiekin erlazio elektronikoak izateko eskubidea bermatzeko.

Sortzen joan diren errealitate, eskakizun eta esperientzia berriek, informazioaren gizartearen garapenak berak, herritarren eskubideak modu argi, zehatz eta komunean arautzeak duen garrantziak eta baldintza teknologiko eta sozialen aldaketak, horiek guztiek, oinarrizko araudiaren edukia eguneratzeko eskatzen dute, 1992koaren aldean oso bestelakoa eta eskakizun berriei erantzuteko modukoa.

Araudi komun horrek, esaterako, herritarrek Administrazioekin komunikazio elektroniko bidez harremanak izateko duten eskubidea –eta ez aukera soilik– aitortu beharra ezartzen du gaur.

III.

Herri-administrazioetara modu elektronikoan jotzeko eskubidearen aitortza orokorrak konpondu beharreko beste ondorio asko ere badakartza, eta horietako batzuk aipatzen dira jarraian, labur-labur.

Horrela, lehenik eta behin, bitarteko elektronikoak gero eta gehiago erabiltzeak datuen pribatutasunaren inguruko arazoa sortu du; espediente jakin bati lotuta emandako datuak modu elektronikoan gordeta geratzen dira, datuak modu horretan eman badira, eta, horrek honako arazoa dakar: baliteke datu horiek –espediente horretan bertan erabiltzeaz gain, bistakoa denez– Administrazio horretako beste zerbitzu edo bulego batzuek edo beste edozein administraziok ere erabiltzea, edo beste espediente batean baliatzea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arauek aski izan behar dute; beraz, eta kontua ez da arau horiei inolako berrikuntzarik eranstea, baizik eta neurriak ezartzea komunikazio elektronikoen bidez lortutako datuak Administrazioari igorri zaizkion helburu horretarakoxe baino ez direla erabiliko direla bermatzeko.

Bestalde, prozedura batean interesdun direnek eskubidea dute prozedura horretan sartu eta agiriak ikusteko.

Hala izan behar du, gutxienez, elektronikoki hasitako edo modu horretan izapidetutako espedientean ere.

Espediente horrek aukera eman behar die interesdunei espedientearen egoera zein den online egiaztatzeko, pribatutasunaren bermeetatik bat ere murriztu gabe.

Nolanahi ere, komunikazio elektronikoak gero eta gehiago erabiltzeak –Administrazioarekin elektronikoki komunikatzeko eskubidea aitortzearen ondorio– dakarren arazo bakarra ez da administrazioak herritarrekin erlazionatzeko modu berri batera egokitu beharra duela –bai giza baliabideak bai baliabide materialak–, baizik eta, horrez gain, nola egokitu behar dituen bere jardunbideak eta espedienteen izapideak eta, oro har, nola egokitu prozedurak teknologia berriek ezartzen duten errealitate berrira.

Administrazioarekin elektronikoki komunikatzeko eskubidea aitortzeak, lehenik eta behin, herritarrekin harremanak izateko administrazio horren «egoitza» elektronikoa argi eta garbi zehaztu beharra dakar: identifikatzeko eta autentifikatzeko araubidea, gutxieneko edukia, babes juridikoa, erabilerraztasuna, eskuragarritasuna eta erantzukizuna sustatuko dira.

Halaber, Legearen ondorioetarako hainbat termino eta kontzepturen definizioa landu beharra dakar; izan ere, horien erabilera arrunta dela-eta, komunikazio elektronikoen testuinguruan zehaztapen asko egin beharra dago.

Halaxe gertatzen da espediente elektronikoaren eta agiri elektronikoaren definizioarekin; bai eta erregistro elektroniko eta jakinarazpen elektronikoaren definizioarekin, edota denbora-zigiluen norainokoa eta bere sistemak definitzerakoan ere.

Herritarrek Administrazioarekin elektronikoki komunikatzeko duten eskubide hori finkatzeak, era berean, komunikazio horiek erabili eta artxibatzeko modua zehaztu beharra dakar, adibidez.

Bai bulegoko espedientea edo artxiboa sortzeari dagokionez –espedienteak izapidetzeari lotutakoa–, bai eta dagoeneko izapidetu diren espedienteak artxibatzeari dagokionez ere.

Administrazioaren barne-funtzionamendua dela-eta, teknologia berriek hobetzeko aukerak ematen dituzte (eraginkortasuna eta kostuak murriztea), eta hobekuntza horiek izapidetze elektronikoaren formak kontuan hartu beharra dakarte, halabeharrez; bai espedienteak elektronikoki izapidetzeko, bai administrazioaren beste edozein barne-jardueratarako ere, eta apurka-apurka hedatuz joango dira, 2009ko helburua betetze aldera.

Nolanahi ere, bitarteko elektronikoak erabiltzeak ezin diezaioke eragin/kaltetu, inondik ere, interesdunak espedientea modu tradizionalean eskuratu ahal izateko duen eskubideari; eta ezin dezake gelditu edo atzeratu barne-antolamenduari begira administrazioak martxan jartzea prozesuak hobetzeko eta gastu publikoa murrizteko mekanismorik egokienak –kasu honetan, bitarteko elektronikoak–.

Bi eskakizunak uztartzeko modukoak dira, azken urteotan informazioaren gizartea garatzeko bultzatu diren sustapen-politikako neurriei esker.

Bide horretan, Administrazioak teknologia berriak txertatu behar ditu bere barne-funtzionamenduan eta, aldi berean, bermatu behar du dena delako arrazoia dela-eta (teknologia berriak eskura ez izateagatik edo prestakuntzarik ez izateagatik) herri-administraziora elektronikoki sartzerik ez duten herritarrek bitarteko egokiak izango dituztela Administrazioarekin eskubide eta berme berberekin komunikatzen jarraitu ahal izateko.

Helburu bikoitz horri erantzuteko, Administrazioan herritarrei begira lanean diharduten langileak prestatu beharra dago, herritarrek administrazio elektronikoarekin komunikatzeko aukera izan dezaten, eta, horrez gain, administrazio-egoitzetan sarbide elektroniko publikoak jarri behar dira erabilgarri.

Edo baita, jakina, aurreikuspen orokorrak ezarri beharra ere, herritarrek Administrazio guztietan eta kasu guztietan tratu bera izango dutela bermatzeko.

Bigarrenik, beharrezkoa da arautzea, batetik, agirien eta kopien baliozkotasuna eta, bestetik, agiri elektronikoak bide konbentzionaletik balio osoz jarduteko modua eta, hala badagokio, agiri konbentzionalak agiri elektroniko bilakatzeko modua.

Jorratzen den beste gaietako bat da herritarrek edo Administrazioek eurek zein plataforma erabil ditzaketen komunikazio elektroniko horiek izateko.

Ordenagailua edo internet izan daiteke horretarako bideetako bat, baina inolaz ere ez bakarra; SMS bidezko komunikazioak izan daitezke beste jardunbide bat, eta hainbat administraziotan erabiltzen dira jadanik.

Lurreko Telebista Digitalak, adibidez, kontuan hartzeko moduko aukerak zabaltzen ditu.

Legeak ezin du gaur egun eskura dauden kanal elektronikoen erabilera arautzera mugatu, informazio-teknologiak bizi-bizi garatzen ari direnez bitarteko elektroniko berriak sortuko baitira eta litekeena baita denbora gutxian administrazio elektronikoan aplikatu ahal izatea; horregatik, beharrezkoa da bitarteko horien araudia orokortzea.

Legearen abiapuntu izan behar du herritarrek Administrazioarekin komunikatzeko zein bide edo kanal erabili nahi duten aukeratzeko duten askatasun-printzipioak, nahiz eta teknologia bakoitza egoki izan daitekeen funtzio baterako, bere ezaugarriak eta bere komunikazioen fidagarritasuna eta segurtasuna aintzat hartuta.

IV.

Gogorarazi behar da, era berean, administrazio elektronikoari bultzada emanda, Europar Batasunarekiko konpromisoei eta Europako gainontzeko ekimenei erantzuten zaiela; hain zuzen, Lisboako eta Santa Maria da Feirako Kontseilu Europarraren ondoren jarri ziren martxan konpromiso eta ekimen horiek, eta, hortik aurrera, hainbat jarduera egin dira, Batzordeak «i2010: Europako Informazio-gizartea hazkunderako eta enplegurako» izenekoa izanik Europako Batzordeak gaur egun indarrean duen komunikazioa/adierazpena.

Europar Batasunak e-Europa ekimenarekin lehen mailako garrantzia eman dio administrazio elektronikoa garatzeari; hala, Europar Batasunak teknologia berrien aukera guztiak baliatu nahi ditu, Europako ekonomiaren etorkizunean faktore erabakigarria izango baita.

Izan ere, e-Europa ekimena indarrean egon den hiru urte hauetan, administrazio elektronikoaren jardute-eremua nabarmen zabaldu da egin diren hainbat berrikuspenetan, 2005eko azaroa bitartean. Orduan, i2010-ari buruzko komunikazioa argitaratu ostean, Manchesterren egindako goi-bileran ministerio-ebazpen bat onartu zen, Batasunean administrazio elektronikoa garatzeko helburu zehatzak.

Ebazpen horren ondoren, i2010 administrazio elektronikoari buruzko Ekintza Plana onartu zen; bertan adierazten denez, administrazio elektronikoaren lorpenak oso agerikoak dira EBko hainbat herrialdetan, eta, egindako kalkuluen arabera, EB osoan urtero 50.000 milioi euro aurreztuko lirateke administrazio elektronikoa osorik ezarriz gero.

Era berean, 2006ko abenduaren 12an, eta Lisboako Kontseilu Europarrak ezarritako helburua lortze bidean aurrera egiteko xedez, 2006/123/EE Zuzentaraua onartu zen, barne-merkatuko zerbitzuei buruzkoa.

Zuzentarau horrek, Estatu kideentzako beste betekizun batzuk ezartzeaz gain, honako hau ere ezartzen du: zerbitzu-jarduerekin lotutako izapideetara bide elektronikoak erabilita sartzeko aukera eman behar dute, bai eta zerbitzu-emaile zein hartzaileentzat interesgarria den informazioa bide horiek baliatuta eskuratzeko aukera ere.

Horregatik, eta helburu hori Lege honen xedearen antzekoa delako, Lege honetan berariaz aipatzen dira zerbitzu-jarduerekin erlazionatutako informazioa eta izapideak, eta, beraz, Zuzentarauko 6., 7. eta 8. artikuluak Lege honek ordeztu dituela uler daiteke.

Bestalde, nazioarteko testuinguruan, beste erakunde batzuek ere erakutsi dute administrazio elektronikoa sustatzeko interesa, herrialdeen ekonomia suspertu eta gobernua hobetzeko bide gisa. Horixe da Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) kasua, eta, hala, 2004an ikerketa bat argitaratu zuen, izenburu aski adierazgarriarekin:

«Administrazio elektronikoa:

beharrezkoa». Administrazio elektronikoak ekar dezakeen aurreztea azpimarratzen du, eraginkorragoa izateko bide ematen duela eta.

Kontseilu Europarra ere, ikuspegi sozialago batetik, administrazio elektronikoa aztertzen ari da, garapen-eragile gisa.

2004ko abenduan, Ministroen Batzordeak gomendio bat onartu zuen, eta horretan adierazten zen administrazio elektronikoa ez dela gai tekniko hutsa, gobernantza demokratikoari dagokion gaia baizik.

V.

Testuinguru honetan, zerbitzu publikoetarako herritarren sarbide elektronikoari buruzko Legea teknologia horiek zabaltzeko eta erabiltzeko araubide juridikoa sortzearen barruan justifikatzen da.

Eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) duen erronka nagusia da gizartean oro har eta Administrazioan zehazki ezartzeak duen erronka nagusia da konfiantza nahikoa sortzea, teknologia horiek erabiltzeak dakartzan arriskuak desagerraraziz edo ahalik eta gehien murriztuz.

Mesfidantza hori sortzen da uste delako –uste ustela sarri-askotan– euskarri elektronikoan dagoen informazioa hauskorragoa dela, pribatutasuna galtzeko arriskua dagoela eta teknologia hauek ez direla batere gardenak.

Horrenbestez, legeriak oinarrizko printzipio bat aldarrikatu behar du, eta horixe hartu behar du oinarri: hau da, Konstituzioak eta legeriak herritarrei, eta, oro har, herri-administrazioekin erlazionatzen direnen eskubideei emandako bermeei eutsiko zaiela, Espainiako Konstituzioaren 18.4 artikuluak dakar betebehar hori, legearen esku uzten baitu informatikaren erabilera mugatzea, eskubide konstituzionalen erabilera babesteko.

Berme horiei eusteko, ez da aski baieztatzea oinarrizko eskubideak indarrean daudela muga gisa, oinarrizko eskubideak indarrean egote hori baita lege-erreforma honen giltzarria, gure oinarrizko testuaren 9.2 artikuluan finkatzen den sustapen-helburuarekin bat etorriz. Horrez gain, beharrezkoa da teknologia hauek modu seguruan aplikatzeko beharrezko diren berezitasunak jasotzea ere.

Eskubide horiek osatu egin behar dira, harreman-euskarri elektroniko berriak eskatutako beste eskubide batzuk gehituta; besteak beste, bitarteko horiek eraginkortasunez erabiltzeko eskubidea, herritarrek Administrazioarekin harremanak izateko orduan.

Eskubideen egokitzapen horiek guztiak administrazio elektronikoari buruzko herritarraren Estatutuan bilduko dira. Estatutu horretan herritarrek herri-administrazioekiko harremanetan dituzten posizioen zerrenda ez-murriztailea jasoko da, bai eta harreman horiek eraginkor izateko berme espezifikoak ere..

Helburu horrekin, Legeak Erabiltzailearen Defendatzailea sortu du, kexei erantzuteko eta herritarrek herri-administrazioekin bitarteko elektronikoen bidez dituzten harremanak hobetze aldera egoki diren iradokizun eta proposamenak jasotzeko.

Bestalde, azpimarratzeko modukoa da gure enpresei dagokien abangoardia-jarrera benetako informazio-gizartea garatzeko orduan, eta, beraz, elektronikoki eskura dagoen Administrazioa garatzeko orduan.

Ez alferrik, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) enpresaren eguneroko jardunean txertatzea –guztiz beharrezkoa zer-nolako ingurune ireki eta lehiakorretan diharduten kontuan hartuta– akuilu garrantzitsua izan da eta hala da gaur egun ere, teknologia horiek administrazioaren jardunean garatzeko eta gero eta indar handiagoz sartzeko.

Era berean, laguntza ordezkaezina da langile-herritarren artean «kultura elektronikoa» hedatzeko.

Ildo horretatik, enpresek funtsezko laguntza eman dezakete Lege honek ezarri nahi dituen helburuak lortze bidean.

Azaldutako arrazoiak tarteko, komeni da enpresa-jardueraren garapenean gehien eragiten duten prozedurak eta kudeaketak berariaz tratatzea.

Hori guztia dela-eta onartu da Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko Legea. Legeak honako gai hauek jorratu ditu, ondorengo paragrafoetan azaldutako egituraren arabera.

VI.

Legeak bost titulu ditu, sei xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta zortzi azken xedapen.

Atariko tituluan Legearen xedea eta helburuak, printzipio orokorrak eta aplikazio-eremua zehazten dira.

Azpimarratzekoa da Legea oinarrizkoa dela, azken xedapenetatik lehenengoan agintzen duenez, eta, beraz, herri-administrazio guztiei ezartzekoak dira azken xedapen horretan aipatutako artikuluak..

Legeak, besteak beste, berdintasun-printzipioa ezartzen du, komunikazio elektronikoak erabiltzea ez dadin izan diskriminazio eragile herri-administrazioekin harremana izateko baliabide ez-elektronikoak hautatzen dituzten herritarrentzat.

Lehenengo tituluak herritarrek zein eskubide dituzten jasotzen du, herri-administrazioekin bitarteko elektronikoen bidez dituzten harremanetan.

Eskubide horiek osorik gauza daitezen bermatzeko, herri-administrazioek zerbitzu elektronikoak eskaintzeko hainbat kanal edo bitarteko jarri behar dituzte.

Era berean, administrazio bakoitzak betebeharra du beste administrazioek, prozedura bat izapidetzerakoan, interesdunei buruz eskatu dizkioten eta bere esku dituen datuak emateko, betiere interesdunak esan-bidezko baimena ematen badu; eta baimen hori eman edo jasotzeko ere bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dira. Horrela, herritarrek ez dute herri-administrazioek dagoeneko beren esku duten datu eta agiririk aurkeztu beharrik..

Herritarrei aitortutako eskubideen eraginkortasuna zaintzeko, Estatuko Administrazio Orokorrari dagokionez, Legeak ezartzen du Ministerioetako Departamenduetako Zerbitzuetako Ikuskaritza Nagusia eta Erabiltzailearen Defendatzailea jardungo direla.

Bigarren tituluan, administrazio elektronikoaren araubide juridikoa arautu da.

Batetik, lehenengo kapituluak egoitza elektronikoari buruz dihardu: herri-administrazio batek kudeatzen duen helbide elektronikoa da, eta helbide horren bidez eskura daitezkeen zerbitzuak eta informazioa osoak, egiazkoak eta eguneratuak izateko erantzukizun osoa izango du herri-administrazio horrek.

Legea garatzeko araudian, Administrazio bakoitzak zehaztuko ditu egoitza elektronikoek izan behar dituzten bitartekoak.

Bigarren kapituluan, herritarrak zein administrazio-organoak –bere eskumenak erabiltzerakoan– identifikatzeko eta autentifikatzeko moduak arautzen dira; azpimarratzekoa da nortasuna egiaztatzeko hainbat bitarteko jartzen direla eskura, eta kasu bakoitzari dagokion araudia zehaztuko zaiola, proportzionaltasun-irizpideei jarraiki.

Nortasun Agiri Nazional elektronikoa herri-administrazioekiko harreman guztietarako da erabilgarri, eta, horregatik, sustatuko da sinadura elektronikoaren erabilera orokorra hedatzeko formula gisa..

Nolanahi ere, Sinadura Elektronikoaren Legearen esparruan aitortutako gainontzeko egiaztagiri elektronikoak onartzeko betebeharra ezartzen zaio administrazio orori.

Era berean, gai honi buruz, eta eten digitala eragozte aldera, aukera ematen da, ezarritako prozedurari jarraituz, funtzionario publikoek berek egiazta dezaten herritarrek administrazioarekin harreman elektronikoak izan nahi dituztela.

Hirugarren kapituluan, erregistro, komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak arautu dira.

Gai honetan erregistro elektronikoen araudi berria da berrikuntza nagusia: horri esker, egungo zurruntasuna alde batera utzi, eta herri-administrazioetan edozein idatzi edo eskabide aurkezteko balioko dute.

Legeak herritarrek administrazioekin dituzten komunikazioak eta administrazioen artekoak arautzen ditu, bizkortasunaren eta segurtasun juridikoaren irizpideak bateratzeko.

Laugarren kapituluan, agiri eta artxibo elektronikoei buruzkoan, agiri elektronikoak baliozkoak direla aitortzeko baldintzak ezarri dira, kopia elektronikoen sistema osoa arautu da (hala hasiera batean paperean egindako agirien kopiak, nola dagoeneko euskarri elektronikoan zeuden agirien kopiak), bai eta bitarteko elektronikoen bidez egindako jatorrizko agirien kopia paperean egiteko edo alderantzizko bidea egiteko baldintzak ere.

Hirugarren titulua prozeduren kudeaketa elektronikoari buruzkoa da, bitarteko elektronikoen bidez gauzatutako administrazio-prozeduren araudia garatu du, eta kudeaketa elektronikoan jarraitu beharreko irizpideak ere bai. Hala, badu nolabaiteko paralelismoa Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearekin.

Izan ere, bitarteko elektronikoen bidez gauzatutako prozeduren hasiera, instrukzioa eta amaiera arautu ditu.

Titulu honetan, aipamen berezia egin behar zaio herri-administrazioei ezarritako betebeharrari: bitarteko elektronikoen bidez, herritarren eskura jarri behar dute prozeduren izapidetze-egoerari buruzko informazioa, bai erabat bitarteko elektronikoen bidez kudeatu diren prozedurena bai gainerakoena.

Laugarren titulua administrazio elektronikoa bultzatzeko administrazioen arteko lankidetzari buruzkoa da.

Kapitulu horretan, autonomia-erkidegoetako eta toki-administrazioko erakundeekin lankidetzan aritzeko Estatuko Administrazio Orokorraren organoa zein den zehaztu da, eta informazio-sistemen elkarreragingarritasuna bermatzeko printzipioak ezarri dira, bai eta Administrazioen artean aplikazioak berrerabil daitezen eta teknologiak transferitu daitezen bultzatzeko oinarriak ere.

Legeak, azkenik, sei xedapen gehigarri ditu, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta zortzi azken xedapen. Horien artean garrantzi berezia du azken xedapenetatik lehenak, legearen oinarrizko manuak jaso baititu, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluaren babesean.

Interes berezia du azken xedapenetatik hirugarrenak ere; izan ere, Legea indarrean noiz sartuko den kontuan izan gabe, xedapen horretan adierazi dira herritarrek herri-administrazioekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izateko duten eskubidea noiz izango den erabat eraginkor, eta egoki iritzitako epeak ezarri ditu, herri-administrazioek aurrez beharrezko diren egokitzapen-jarduerak egin ditzaten.

ATARIKO TITULUA.

Aplikazio-eremua eta printzipio nagusiak

1. artikulua. Legearen xedea.

Herri-administrazioekin harremanak baliabide elektronikoz izateko eskubidea aitortzen die lege honek herritarrei eta administrazio-jardueran informazio-teknologiak erabiltzeak dakartzan oinarrizko alderdiak arautzen ditu, bai herri-administrazioek beren arteko harremanetan erabiltzen dituztenean, bai herritarrekiko harremanetan erabiltzen direnean. Nolanahi ere, lege honen xedea da baliabide eta teknologia horiek guztiak erabiltzen direnean herritarren eskubideak hobeto bermatu ahal izatea, trataera bera bermatzea eta administrazio-jardueraren baliozkotasuna eta eraginkortasuna bermatzea segurtasun juridikoaren baldintzak betez.

Herri-administrazioek lege honetan xedatutakoaren arabera erabiliko dituzte informazio-teknologiak, ziurtatuz, betiere, beren eskumenak baliatzean kudeatzen dituzten datu, informazio eta zerbitzuak elektronikoki erabilgarriak direla, ororentzat iristeko modukoak direla, osoak, egiazkoak eta isilpekoak direla, eta behar bezala zaintzen direla.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Honako hauei aplikatuko zaie Lege hau, beti ere, azken xedapenetako lehenak adierazten duena kontuan harturik:

a) Herri-administrazioei, alegia, Estatuko administrazio orokorrari, autonomia-erkidegoetako administrazioei, toki-administrazioa osatzen duten erakundeei eta horien guztien mendeko edo horiei lotutako zuzenbide publikoko erakundeei ere bai.

b) Herritarrei, herri-administrazioekin dituzten harremanetan.

c) Herri-administrazioen arteko harremanei.

Lege hau ez zaie aplikatuko herri-administrazioei, haien jarduera zuzenbide pribatuari lotuta dagoenean.

3. artikulua. Legearen xedeak.

Honako hauek dira Legearen xedeak:

Eskubideak eta obligazioak bitarteko elektronikoz gauzatzen laguntzea.

Herritarrek informazioa eta administrazio-prozedura baliabide elektronikoz irispidean izan dezaten laguntzea, ahalegin berezia eginez irispide hori eragozten duten oztopoak kentzeko.

Bitarteko elektronikoak erabiltzeko behar diren konfiantza-baldintzak sortzea, oinarrizko eskubideen errespetu osoa zaintzeko behar diren neurriak hartuz, -bereziki, intimitateari eta datu pertsonalak babesteari dagozkienak-; eta, hori guztia, sistemen, datuen, komunikazioen eta zerbitzu elektronikoen segurtasuna bermatuz.

Herritarrarekiko hurbiltasuna eta herri-administrazioaren jardueraren gardentasuna sustatzea, eta, era berean, etengabeko hobekuntza bultzatu interes orokorraren alde..

Herri-administrazioen barne-funtzionamendua hobetzen laguntzea, informazio-teknologien erabileraren bidez haien eraginkortasuna eta efizientzia areagotuz, betiere, eginkizunak betetzerakoan behar diren bermeei helduta.

Administrazio-prozedurak soiltzea, eta, bide batez, parte hartzeko aukerak eta gardenago izapidetzeko baldintzak eskaintzea, betiere, bete beharrekoak diren legezko bermeekin.

Herri-administrazioetan eta gizartean informazio-gizartea garatzen laguntzea.

4. artikulua. Printzipio nagusiak.

Informazio-teknologiak erabiltzeko orduan, herri-administrazioek Konstituzioan eta ordenamendu juridikoan ezarritako mugak bete beharko dituzte, bai eta herritarrek aitortuta dituzten gainontzeko eskubideak errespetatu ere, honako printzipio hauei jarraituz:

a) Datu pertsonalak babesteko eskubidea errespetatzea, 15/1999 Lege Organikoak eta informazioa tratatzeko araubidea ezartzen duten lege bereziek eta beren garapen-arauek ezarritakoaren arabera, eta baita ohoreari eta pertsonaren eta familiaren intimitateari buruzko eskubideak ere..

b) Berdintasun-printzipioa: baliabide elektronikoak erabiltzeak ez diezaien murrizketarik edo diskriminaziorik eragin herri-administrazioekin harremana izateko bitarteko ez-elektronikoak hautatzen dituzten herritarrei, dela zerbitzu publikoak eskuratzeko orduan, dela beste edozein administrazio-jarduera edo -prozeduretan. Betiere, bitarteko elektronikoen erabilera sustatzeko neurriei kalterik egin gabe.

c) Herritarrek informazioa eta zerbitzuak bitarteko elektronikoz iritsi ahal izateko printzipioa, indarrean dagoen legeriak xedatutakoaren arabera. Horretarako erabiltzen diren sistemek bide eman behar dute informazioa eta zerbitzuak modu seguruan eta ulergarrian eskuratzeko. Bereziki bermatu behar dute guztiek izan dezatela informazio eta zerbitzu horietara iristeko modua, eta euskarri tekniko, kanal eta ingurune guztietarako diseinatuta egon daitezela; hain zuzen ere, pertsona guztiek izan dezaten beren eskubideak berdintasunez baliatzeko modua, eta, bereziki kontuan hartuko dira iristeko oztopoak dituzten pertsona-taldeen berezitasunak, behar diren baldintza tekniko guztiak ezarriz.

d) Legezkotasun-printzipioa: herri-administrazioekiko harremanetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak ezarritako berme juridikoak oso-osorik gordeko zaizkie herritarrei.

e) Lankidetza-printzipioa: herri-administrazioek erabiliko dituzten baliabide elektronikoak ezartzerakoan, batzuen eta besteen sistemek eta soluzio teknikoek elkarrekin eragiteko modukoak izan behar dute, eta hala behar denean, gai izan behar dute herritarrari zerbitzuak elkarrekin eskaintzeko.

Bereziki, herri-administrazioek elkarri onartu beharko dizkiete agiri elektronikoak eta erabiltzailea identifikatu eta autentifikatzeko tresnak, betiere Lege honek ezartzen duena betez.

f) Segurtasun-printzipioa: herri-administrazioek printzipio horri jarraitu behar diote bitarteko elektronikoak ezarri eta erabiltzeko orduan, eta bermeen eta segurtasunaren maila administrazio-jarduera baliabide ez-elektronikoz eskaintzen denean bezalakoa izango da.

g) Proportzionaltasun-printzipioa: izapide edo jarduerei ezarritako berme eta segurtasun-neurriak izapide edo jarduera horien izaera eta ezaugarrien araberakoak izango dira, ez gehiago.

Horrez gain, herritarrari, izapide edo jardueraren xedea betetzeko guztiz beharrezkoak diren datuak baino ez zaizkio eskatuko.

h) Erantzukizun- eta kalitate-printzipioa: herri-administrazioek, bitarteko elektronikoz eskaintzen dituzten informazioak eta zerbitzuak egiazkoak eta benetakoak direla ziurtatu behar dute.

i) Neutraltasun teknologikoari eta aurrerapen teknikoei eta komunikazio elektronikoei moldatzeko gaitasunaren printzipioa: herritarrek eta herri-administrazioek askatasuna izan behar dute aukera teknologikoen artean hautatzeko, eta, era berean, merkatu librean azaltzen joaten diren aurrerapen teknikoak askatasunez ezartzeko eta garatzeko.

Hori dela-eta, herri-administrazioek estandar irekiak erabiliko dituzte, edota, hala dagokionean eta horien osagarri, herritarren artean zabalduenak daudenak.

j) Administrazio-jarduera soiltzearen aldeko printzipioa: administrazio-prozeduren iraupena eta epeak nabarmen laburtu beharko lirateke, eta, horren bidez, administrazio-jardueraren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea lortu.

k) Administrazio-prozeduraren gardentasunaren eta publizitatearen aldeko printzipioa: baliabide elektronikoen erabilerak lagundu behar du administrazio-jarduerak ahalik eta gehien zabaltzen, eta horien publizitatea eta gardentasuna bultzatzen.

5. artikulua. Definizioak.

Lege honen ondorioetarako, bertan erabiltzen diren terminoak eranskinean ezarritako esanahiarekin erabiltzen dira.

I. TITULUA. Herri-administrazioekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izateko eskubideak.

6. artikulua. Herritarren eskubideak.

Herritarrek eskubidea dute herri-administrazioekin izan behar dituzten harremanak bitarteko elektronikoz bideratzeko, bai 30/1992 Legearen 35. artikuluak jasotako eskubideak baliatzerakoan, bai informazioa eskatzerakoan, kontsultak edo alegazioak egiterakoan, eskabideak egiterakoan, norberaren adostasuna adierazterakoan, uziak aurkezterakoan, ordainketak egiterakoan, transakzioak egiterakoan eta ebazpenen eta administrazio-egintzen aurka egiterakoan ere.

Horrez gain, herritarrek, administrazio-jardueran bitarteko elektronikoak baliatzeari dagokionez, honako eskubide hauek dituzte, betiere lege honek ezarritakoaren arabera erabiltzeko:

a) Herritarrek, herri-administrazioekiko harremana bitarteko elektronikoz eduki nahi dutenean, zein kanal erabili nahi duten hautatu ahal izango dute une bakoitzean erabilgarri daudenen artean.

b) Herritarrek ez dute herri-administrazioak dagoeneko bere esku duen datu eta agiririk aurkeztu beharrik. Herri-administrazioak bitarteko elektronikoz balia daitezke informazio hori eskuratzeko. Hala ere, datu pertsonalak direnean interesdunak baimena eman beharko du, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoak edota datu edo agiri horiei aplikagarri zaien legeriak besterik adierazi ezean. Nolanahi ere, herritarren eskubide hori mugatuta egon daiteke datu edo agiri horiei aplikatzen zaien legeriaren bidez.

Herritarraren adostasuna bitarteko elektronikoz eman eta jaso ahal izango da.

c) Berdintasunerako eskubidea, herri-administrazioen zerbitzuak baliabide elektronikoz iristeko orduan.

d) Herritarrek, administrazio-prozeduretan interesdun izanez gero, eskubidea dute bitarteko elektronikoz prozeduren izapideak zertan diren jakiteko, salbu eta aplikatu beharreko legeriak mugak ezartzen baditu.

e) Herritarrek, administrazio-prozeduretan interesdun izanez gero, eskubidea dute prozedura horietako dokumentu elektronikoen kopia elektronikoak lortzeko.

f) Herritarrek eskubidea dute espediente bat osatzen duten agiri elektronikoak euskarri elektronikoan gorde ditzaten herri-administrazioek.

g) Herritarrek eskubidea dute identifikazio elektronikorako behar diren bitartekoak eskuratzeko, eta pertsona fisikoek NANaren sinadura elektronikoa erabili ahal izango dute herri-administrazio guztietan edozein izapide elektroniko egiteko.

h) Herritarrek eskubidea dute herri-administrazioen eremuan onartutako sinadura elektronikoko beste sistema batzuk erabiltzeko.

i) Herritarrek eskubidea dute herri-administrazioek erabiltzen dituzten aplikazio, sistema edota fitxategietan jasotako datuak isilpean eta seguru gordeko direlako bermea edukitzeko.

j) Herritarrek eskubidea dute bitarteko elektronikoz eskainitako zerbitzu publikoen kalitatea bermaturik izateko.

k) Herritarrek eskubidea dute herri-administrazioekiko harremanetarako nahi duten aplikazioa edo sistema aukeratzeko; betiere, estandar irekikoa izan behar du, edo, behintzat, herritarren artean zabalduenetako bat.

Bereziki, zerbitzu-jardueren kokapena ezartzeari buruzko prozedurei dagokienez, herritarrek eskubidea dute honako informazio hau bitarteko elektronikoz eskuratzeko:

a) Zerbitzu-jarduerei ekiteko eta horietan jarduteko behar diren prozedura eta izapideei buruzko informazioa.

b) Zerbitzu-jarduerekin zerikusia duten arloetan eskumena duten agintariei buruzko informazioa, bai eta arlo horietako elkarte eta erakunde profesionalei buruzkoa ere.

c) Zerbitzu-jarduerak ematen dituztenen erregistro eta datu-bankuetara jotzeko tresnei eta balditzeei buruzko informazioa eta, orobat, agintari eskudunen, zerbitzu-emaileen eta hartzaileen artean auzia gertatuz gero, errekurtso-bideei buruzko informazioa.

7. artikulua. Herritarren eskubideen defentsa.

Estatuko Administrazio Orokorrean, Administrazio Elektronikoaren Erabiltzailearen Defendatzailearen figura sortuko da. Lege honek herritarrei ezagutzen dizkien eskubideak bermatzea izango du eginkizun, zuzenbide publikoko beste organo edo erakunde batzuei esleitzen zaizkien eskumenen kalterik gabe.

Ministroen Kontseiluak izendatuko du, Herri Administrazioen Ministroak arlo horretan ospe aitortua duten pertsonen artetik hautatu eta proposatuta.

Herri Administrazioen Ministerioaren barruan egongo da, eta inpartzialtasunez eta independentzia funtzionalez beteko ditu bere eginkizunak.

Administrazio Elektronikoaren Erabiltzailearen Defendatzaileak txosten bat egingo du urtero-urtero, eta Ministroen Kontseiluari aurkeztuko dio onartzeko, eta Diputatuen Kongresuari igorriko.

Txosten horretan, jasotako kexuen eta iradokizunen analisi bat izango da, bai eta artikulu honetako 1. paragrafoan aurreikusitakoaren inguruan onartu beharreko jarduketen eta neurrien proposamena ere.

Administrazio Elektronikoaren Erabiltzaileen Defendatzaileak Estatuko Administrazio Orokorraren baliabideak izango ditu eskura bere eginkizunetarako, eta Ministerioetako Departamenduetako Zerbitzu Ikuskaritza Nagusien eta Herri Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritza Nagusiaren laguntza izango du.

Zerbitzu Ikuskaritzek aurreko paragrafo horretan aipatzen den txostena egiten lagunduko diote bereziki, eta baliabide elektronikoen bitartez eskaintzen diren zerbitzu publikoei buruz jasotzen diren kexu eta iradokizunei buruzko informazio guzti-guztia emango diote.

Horretarako, Ministerio Departamentuetako Zerbitzu ikuskaritza Nagusiak Koordinatzeko Batzordeak, arlo horretan, legez esleiturik dituen eginkizunak koordinatuko ditu.

Administrazio Elektronikoaren Erabiltzaileen Defendatzailearen estatutua erregelamenduz ezarriko da, eta erregelamenduz arautuko dira, orobat, artikulu honetako aurreko paragrafo horretan aipatzen diren organoekin eduki behar dituen harremanak.

8. Artikulua. Zerbitzuak emateko bermea eta baliabide eta tresna elektronikoak eskura edukitzea.

1. Zerbitzu elektronikoak eskaintzeko, herri-administrazioek hainbat kanal edo bitarteko jarri behar dituzte herritarren eskura, eta herritar guztiei bermatu behar diete zerbitzu horietarako irispidea, beren egoera pertsonala, baliabideak eta ezagutza-maila direnak direla. Egokien iruditzen zaien eran beteko dute betebehar hori.

Estatuko Administrazio Orokorrak bermatuko du herritar guztiek izan dezatela bere eremuan eskaintzen dituen zerbitzu elektronikoetarako sarbidea, hainbat kanaletako sistema baten bitartez. Sistema horrek honako baliabide hauek behar ditu, gutxienez:

a) Herritarrari bertatik bertara kasu egiteko bulegoek -dagokionean zehaztuko dira zeintzuk diren- herritarren esku jarriko dituzte Lege honetako 6. artikuluan aitortzen diren eskubideak baliatzeko behar diren baliabideak eta tresnak, libreki eta dohainik. Herritarrek laguntza eta aholkua izango dute tresna eta baliabide horiek erabiltzeko, bulegoetako bertako langileek emanik nahiz baliabideei edo tresnei eurei atxikitako sistemen bitartez

b) Sargune elektronikoak; egoitza elektronikoak dira, departamenduek eta organismo publikoek sortuak eta kudeatuak, eta herritarrek komunikazio-sareen bitartez baliatzeko moduan prestatuak.

Sargune orokor bat sortuko da berariaz, eta herritarrek, Estatuko Administrazio Orokorrarekiko eta haren organismo publikoekiko harremanetan, beraren bitartez iritsi ahal izango dituzte informazio eta zerbitzu baliagarri guztiak.

Sargune orokor horretan, herritarrek eskuratu ahal dituzten zerbitzuen zerrenda bat izango da, bai eta zerbitzu horietara sartzeko bidea ere. Sargune hori Estatuko Administrazio Orokorraren eta haren organismo publikoen gainerako sargune elektronikoekin koordinaturik egon beharko da.

c) Telefono bidezko arreta-zerbitzuak; segurtasun-irizpideek eta aukera teknikoek uzten duten neurrian, aurreko paragrafoetan aipatutako informazio eta zerbitzu elektronikoetara sartzeko bidea eskaini behar diete herritarrei.

9. artikulua. Herri-administrazioen arteko datu-transmisioa.

Lege honetako 6.2 b) artikuluan aitortutako eskubidea eraginkortasunez erabiltzeko, interesdunei buruz euskarri elektronikoan dituen datuetarako irispidea eman behar die administrazio bakoitzak gainerako administrazioei, datu horiek segurtasunez, osorik eta baliagarritasunez iristeko behar diren baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuz, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta hura garatzeko araudiak xedatutakoarekin bat etorriz.

Datu hauek baizik ez dira eskainiko aurreko paragrafoan aipatutako eran: gainerako administrazioek beren eskumeneko prozedurak eta jarduerak dagozkien arauen arabera izapidetzeko eta ebazteko herritarrei eskatzen dizkietenak.

Datu pertsonaletarako irispidea izateko, gainera, lege honetako 6.2 b) artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

II. TITULUA

Administrazio elektronikoaren araubide juridikoa

I. KAPITULUA. Egoitza elektronikoa

10. artikulua. Egoitza elektronikoa.

Egoitza elektronikoa da herritarrek balia dezaketen helbide elektroniko bat, herri-administrazio batek edo administrazio-organo edo -erakunde batek bere jabetzakoa den eta bere eskumenak erabiliz kudeatu eta administratzen duen telekomunikazio-sare baten bitartez eskainia.

Egoitza elektroniko bat ezarriz gero, titularraren erantzukizuna izango da haren bidez irits daitezkeen zerbitzuak eta informazioa osoak, egiazkoak eta eguneratuak izan daitezen.

Herri Administrazio bakoitzak zehaztuko ditu egoitza elektronikoek izan behar dituzten baldintzak eta tresnak, printzipio hauek betez: publizitate ofiziala, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, baliagarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Nolanahi ere, egoitzaren titularra nor den ezagutzeko modua bermatu beharko da, bai eta iradokizunak eta kexuak adierazteko balia daitezkeen baliabideak ere.

Egoitza elektronikoek komunikazio seguruak eskaintzen dituzten sistemak eduki behar dituzte, baldin eta beharrezkoak badira.

Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzen direnean, irisgarritasun- eta erabilgarritasun-printzipioak begiratu beharko dira, horri buruz ezarritako arauekin bat etorriz; gainera, estandar irekiak baliatuko dira, eta, hala balegokio, baita herritarren artean erabilera hedatua duten beste batzuk ere.

11. artikulua. Aldizkari Ofizialen argitarapen elektronikoak.

Eskumena duen administrazioaren, organoaren edo erakundearen egoitza elektronikoetan argitaratutako aldizkari edo buletin ofizialek inprenta bidez argitaratutakoek bezalako ondorioak izango dituzte, betiere herri-administrazio bakoitzak ezarritako baldintzak eta bermeak betez.

Eskumena duen organismoaren egoitza elektronikoan argitaratzen den Estatuaren Aldizkari Ofiziala benetakoa eta ofiziala izango da, erregelamenduz ezarritako bermeen eta baldintzen arabera, eta argitarapen horrek Kode Zibilaren atariko tituluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako ondorioak izango ditu.

12. artikulua. Iragarkien edo ediktuen oholeko argitarapen elektronikoa.

Lege edo erregelamendu baten xedapenak agindurik egintzak eta komunikazioak iragarkien edo ediktuen oholean argitaratu behar direnean, oholean izan ordez dagokion organismoaren egoitza elektronikoan egin ahal izango da argitarapena, eta osatu ere egin ahal izango da iragarkien edo ediktuen oholean egindako argitarapena.

II. KAPITULUA

Identifikazioa eta autentifikazioa

I. ATALA.

Xedapen erkideak

13. artikulua. Identifikazioa eta autentifikazioa.

Herri-administrazioek sinadura elektronikoko sistemak erabiliko dituzte baliabide elektronikoen bidez gauzatzen dituzten harremanetan. Sistema horiek bat etorri behar dute abenduaren 19ko 59/2003 Legean ezarritakoarekin, eta egokiak izan behar dute harremanetan parte hartzen dutenak nor diren egiaztatzeko eta, hala balegokio, agiri elektronikoak benetakoak eta osoak direla bermatzeko.

Herritarrek sinadura elektronikorako sistema hauek erabili ahal izango dituzte herri-administrazioekiko harremanetan, betiere administrazio bakoitzak zehaztutakoarekin bat etorriz:

a) Nortasun Agiri Nazionalean pertsona fisikoentzat atxikitako sinadura elektronikoko sistemak, kasu guztietan.

b) Herri Administrazioek onartutako sinadura elektroniko aurreratuko sistemak, egiaztatutako ziurtagiri elektronikoetan oinarritutakoak barne.

c) Sinadura elektronikoko beste sistema batzuk, hala nola erregistro batean aldez aurretik erabiltzaile gisa hitzartutako gakoak erabiltzea, alde biek ezagutzen duten informazioa ematea edo beste sistema ez-kriptografiko batzuk, kasuan-kasuan ezarritako baldintzak betez.

Herri-administrazioek honako sistema hauek erabili ahal izango dituzte identifikazio elektronikorako eta sortzen dituzten agiri elektronikoak autentifikatzeko.

a) Sinadura elektronikoko sistemak, gailu seguruaren ziurtagirien erabileran edo bitarteko baliokideetan oinarrituak, egoitza elektronikoa identifikatzeko eta harekin komunikazio seguruak izateko modua ematen dutenak.

b) Administrazio-jarduera automatizaturako sinadura elektronikoko sistemak.

c) Herri Administrazioen zerbitzupeko langileen sinadura elektronikoa.

d) Datuen elkar trukatze elektronikoa komunikazio-ingurune itxietan, alde biek berariaz hitzartutakoaren arabera.

2. ATALA.

Herritarrak identifikatzea eta haien jarduera autentifikatzea

14. artikulua. Nortasun Agiri Nazionala erabiltzea

Pertsona fisikoek Nortasun Agiri Nazionalari erantsitako sinadura elektronikoko sistemak erabili ahal izango dituzte herri-administrazioekiko harremanetan, beti eta edozein egoeratan.

Nortasun Agiri Nazionalaren araubideak arautuko ditu haren erabilera eta erabilera horren ondorioak.

15. artikulua. Sinadura elektroniko aurreratuko sistemak erabiltzea.

Herritarrek, Nortasun Agiri Nazionalari erantsitako sinadura elektronikoko sistemez gain (14. artikuluan aipatu ditugu), sinadura elektroniko aurreratuko sistemak erabili ahal izango dituzte identifikatzeko eta beren agiriak kautotzeko.

Herri-administrazio bakoitzaren eremuan oro har onartzen diren sinadura elektroniko aurreratuko sistemen zerrenda publikoa izan beharko da, eta baliabide elektronikoen bitartez irisgarria.

Zerrenda horretan, gutxienez, erabilitako identifikazio-osagaiei buruzko informazioa jaso beharko da; orobat, hala balegokio, onartutako ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak, nortzuk diren ziurtagiri horiek ematen dituztenak eta ziurtagiri horiekin egin daitekeen sinadura elektronikoaren zehaztasunak.

Herri-erakundeek, berek onartutako baldintzen arabera onartu ahal izango dituzte nortasun juridikorik gabeko erakundeek emandako ziurtagiri elektronikoak, Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 29/2003 Legean aurreikusitakoak.

16. artikulua. Sinadura elektronikoko beste sistema batzuk erabiltzea.

Herritarrek sinadura elektronikoko beste sistema batzuk zein kasutan eta zein baldintzatan erabili ahal izango dituzten zehaztuko dute herri-administrazioek, betiere zein daturi eta interesi eragiten zaion kontuan hartuz; hala nola, aldez aurreko erregistro batean gako hitzartuak, alde biek ezagutzen duten informazioa sartzea eta beste sistema ez-kriptografiko batzuk.

Sistema horiek Herri Administrazio batek igorritako edo erakusgai jarritako informazioa, proposamenak eta zirriborroak berresteko erabiltzen direnean, Herri Administrazio horrek bermatu beharko du agiri elektroniko horiek osoak direla eta aldeek ez dituztela ezesten.

Beharrezkoa izanez gero, herri-administrazioek ziurtatu egin beharko dute egiaz gauzatu direla herritarrek artikulu honetan aipatzen diren identifikazio- eta autentifikatze-moduak erabiliz gauzatu dituzten jarduerak, bai eta jarduera horien edukia ere.

3. ATALA.

ATALA. Herri-administrazioen identifikazio elektronikoa eta beren eskumenaren erabilera autentifikatzea.

17. artikulua. Egoitza elektronikoak identifikatzea.

Egoitza elektronikoek gailu seguruaren ziurtagirietan edo balio bereko bitartekoetan oinarritutako sinadura elektronikoko sistemak erabiliko dituzte identifikatzeko eta berekiko komunikazio segurua bermatzeko.

18. artikulua. Administrazio-jarduera automatizaturako sinadura elektronikoko sistemak.

Herri-administrazio bakoitzak, administrazio-jarduera automatizatuan eskumenaren erabilera identifikatzeko eta autentifikatzeko, sinadura elektronikoko sistema hauek zein kasutan erabili ahal izango diren zehaztu ahal izango du:

a) Herri-administrazioaren edo zuzenbide publikoko organoaren edo erakundearen sinadura elektronikoa, sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen eskakizunak betetzen dituen ziurtagiri elektronikoan oinarritua.

b) Herri-administrazioari edo zuzenbide publikoko organoari edo erakundeari eta, hala balegokio, agiria sinatzen duen pertsonari lotutako egiaztapen-kode segurua. Dagokion egoitza elektronikora sarbidea emanez agiria osoa dela egiaztatzeko modua eman beharko da beti.

Aurreko 1.a) paragrafoan aipatzen diren ziurtagiri elektronikoetan, identifikazio fiskaleko zenbakia eta ziurtagiriari dagokion izena egon behar dira aipatuta. Administrazio-organoen zigilu elektronikoek titularraren izena ere eduki ahal dute.

Herri-administrazio bakoitzak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda - ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak barne- publikoa izango da eta bitarteko elektronikoen bitartez iristeko modukoa.

Gainera, herri-administrazio bakoitzak zigilu elektronikoak egiaztatzeko neurri egokiak onartuko ditu.

19. artikulua. Herri-administrazioen zerbitzupeko langileen sinadura elektronikoa.

Aurreko 17. eta 18. artikuluetan aurreikusitakoaren kalterik gabe, herri-administrazioak, organoak edo erakundeak darabilen eskumena identifikatzea eta benetakotzat jotzea, bitarteko elektronikoekin ari denean, bere zerbitzupeko langileen sinadura elektronikoaren bitartez egingo da, ondorengo idatz-zatietan xedatutakoarekin bat etorriz.

Herri-administrazio bakoitzak sinadura elektronikoko sistemez hornitu ahal izango ditu bere langileak. Hala, horien bitartez, aldi berean identifikatu ahal izango dira lanpostuaren edo karguaren titularra eta bere zerbitzuak ematen dituen Administrazioa edo organoa.

Nortasun Agiri Nazionalean oinarritutako sinadura elektronikoa baliatu ahal izango da artikulu honetan xedatutako ondorioetarako.

20. artikulua. Komunikazio-ingurune itxietan datu elektronikoak trukatzea.

Herri-administrazioen eta zuzenbide publikoko organoen eta erakundeen artean ezarritako komunikazio-ingurune itxietan transmititutako agiri elektronikoak baliozkotzat joko dira agiriok igortzen eta jasotzen dituztenak artikulu honetan ezarritako baldintzen arabera kautotu eta identifikatzeko.

Komunikazioetan parte hartzen dutenak herri-administrazio berekoak direnean, herri-administrazio horrek zehaztuko du komunikazio horien araubidea. Bertan, komunikazio-igorle eta -jasotzaile baimendunen zerrenda eta trukatu beharreko datuen izaera egongo da jasota, gutxienez.

Parte-hartzaileak administrazio ezberdinetakoak direnean, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak eta bermeak hitzarmen bidez ezarriko dira.

Komunikazio-ingurune itxiaren segurtasuna eta transmititzen diren datuen babesa bermatu egin beharko da beti.

4. ATALA.

Elkarreragingarritasuna, herritarrak identifikatzea eta haiek ordezkatzea

21. artikulua. Identifikazioaren elkarreragingarritasuna eta ziurtagiri elektronikoen bidezko autentifikatzea.

Herri-administrazioek baliozkotzat joko dituzte, berekin izan beharreko harremanetarako, ziurtapen-zerbitzuen emaileek emandako ziurtagiri elektroniko onartuak, baldin eta ziurtapen-zerbitzuen emaileak herri-administrazioen esku jartzen badu beharrezkoa den informazioa, teknologiaren aldetik bideragarriak diren baldintzen arabera eta herri-administrazioentzat kosturik eragin gabe.

Herri-administrazio batek erabiltzen edo onartzen dituen sinadura elektronikoko sistemak, aurreko paragrafoan aipatzen diren ziurtagirietan oinarritzen direnez bestekoak, beste administrazio batzuek ere onartu ahal izango dituzte, betiere elkarri onartzearen eta elkarrekikotasunaren printzipioen arabera.

Estatuko Administrazio Orokorrak herri-administrazioen eremuan onartutako ziurtagiri guztien errebokazio-egoera egiaztatzeko plataforma bat edukiko du, gutxienez. Plataforma horretarako sarbidea librea izango da departamendu eta administrazio guztientzat.

Herri-administrazio bakoitzak errebokazio-egoera eta sinadura bere eskumen-eremuan onartzen diren ziurtagiri elektronikoekin egiaztatzeko behar diren gailuak eduki ahal izango ditu eskura.

22. artikulua. Funtzionario publikoek herritarrak identifikatzea eta autentifikatzea.

Eragiketa bat bitarteko elektronikoen bidez gauzatzeko herritarraren nortasuna egiaztatu eta benetakotzat jo behar denean lege honetako 13. artikuluan aurreikusten diren eta herritarrak berak ez dituen tresnetako batekin, funtzionarioek beren sinadura elektronikoko sistema erabiliz egin ahal izango dute baliozko egiaztatze edo benetakotzat jotze hori.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa eraginkortasunez betetzeko, herritarrak bere nortasuna adierazi beharko du, eta berariaz agertu adostasuna. Hala jaso beharko da, gainera, auzia edo bat ez etortzea gertatzen den kasuetan.

Herri-administrazio bakoitzak herritarren nortasuna egiaztatzeko eta benetakotzat jotzeko gaitasuna duten funtzionarioen erregistro bat eduki beharko du, eguneraturik.

23. artikulua. Ordezkatze-moduak.

Lege honetako 13.2 artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe, interesdunen ordezkari gisa zenbait transakzio elektroniko egiteko baimena duten pertsona fisiko edo juridikoak gaitu ahal izango dituzte herri-administrazioek, kasu guztietarako edo kasu jakin batzuetarako.

Gaitze horretan, ordezkari bihurtzen direnek zein baldintza eta betebehar bete beharko dituzten zehaztuko da, eta ordezkapenak baliozko presuntzioa izango du, non eta aplikatzekoa den araudiak ez duen besterik agintzen.

Herri-administrazioek ordezkapen hori egiaztatzea eskatu ahal izango dute, edozein unetan.

III. KAPITULUA.

Erregistro, komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak

I. ATALA.

Erregistroak

24. artikulua.- Erregistro elektronikoak.

Herri-administrazioek erregistro elektronikoak sortuko dituzte, eskabideak, idatziak eta komunikazioak jaso eta bidaltzeko.

Erregistro elektronikoetan honako hauek onartu ahal izango dira:

a) Agiri elektroniko normalizatuak, erregistroa sortzeko arauan ezarritakoaren arabera zehazten diren zerbitzuei, prozedurei eta izapideei dagozkienak, aldez aurretik ezarritako formatuen arabera beteak.

b) Aurreko paragrafoan aipatutakoez besteko edozein eskabide, idatzi edo jakinarazpen, erregistroaren titularra den Administrazioaren eremuko edozein organo edo erakunderi zuzendua.

Herri-administrazio bakoitzean, hari zuzendutako era guztietako eskabideak, idatziak eta komunikazioak jasotzeko erregistro elektronikoen sistema bat izango da, gutxienez.

Herri-administrazioek, lankidetza-hitzarmenen bitartez, nork bere erregistroa gaitu ahal izango du, dagokion hitzarmenean zehaztutako beste Administrazio baten eskumeneko eskabideak, idatziak eta komunikazioak jasotzeko.

Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan, automatizatu egingo dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren erregistro-bulego fisikoak, bulego guztiak elkarrekin konektatuta daudela eta aurkeztutako agirien erregistro-idazpenak eta kopia elektronikoak bitarteko elektronikoekin iritsi ahal direla bermatzearren.

25. artikulua.- Erregistro elektronikoak sortzea eta haien funtzionamendua.

Erregistro elektronikoak sortzeko xedapenak dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko dira, eta haien testu osoa egon beharko da kontsultatzeko eskura erregistrora sartzeko egoitza elektronikoan.

Nolanahi ere, erregistro elektronikoak sortzeko xedapenetan, erregistro horien kudeaketaren ardura duen organoa edo unitatea zehaztuko da; orobat adieraziko da zeintzuk diren egun baliogabeak, hurrengo artikuluan zehaztutako ondorioetarako.

Erregistrora sartzeko egoitza elektronikoan, bertan aurkeztu daitezkeen eskabideen, idatzien eta komunikazioen zerrenda (aurreko artikuluaren 2.a) paragrafoan aipatzen dira) eguneratua egongo da agerian; orobat egongo da adierazita artikulu horren 2.b) paragrafoan aipatzen diren eskabideak, idatziak eta komunikazioak aurkezteko aukera.

Erregistro elektronikoek hartu-agiri bat emango dute automatikoki; dena delako idatzi, eskabide edo komunikazio horren kopia kautoa izango da, eta agiria aurkezteko eguna eta ordua eta erregistroko sarrera-zenbakia izango ditu.

Dagokion eskabidearekin, idatziarekin edo komunikazioarekin batera joan behar duten agiriak ere aurkeztu ahal izango dira, betiere Elkarreragingarritasun eta Segurtasun Eskema Nazionaletan zehaztutako formatu- eta segurtasun-baldintzak betetzen badituzte.

Erregistro elektronikoek agiri horiek aurkeztu izana egiaztatzeko hartu-agiriak sortuko dituzte; aurkeztutako agiriak osoak direla eta ez direla ezetsi bermatuko dute hartu-agiri horiek.

26. artikulua.- Epeak zenbatzeko modua.

Interesdunei nahiz herri-administrazioei dagozkien epeak zenbatze aldera, sarbidetarako erabilitako egoitza elektronikoaren egunarekin eta ordu ofizialarekin jardungo dira erregistro elektronikoak. Horretarako, erregistroaren osotasuna eta hura agerian izango dela bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak izango ditu sarbideko egoitza elektronikoak.

Erregistro elektronikoetan, urte osoan zehar eta egunean hogeita lau orduan aurkeztu ahal izango dira eskabideak, idatziak eta komunikazioak.

Egun baliodunetan edo naturaletan ezarritako epeak zenbatze aldera, eta interesdunek epeak betetzeari dagokionez, egun baliogabe batean aurkezten diren agiriak hurrengo egun balioduneko lehenengo orduan aurkeztutakotzat joko dira, non eta arau batek ez duen agiriak egun baliogabean jasotzeko aukera berariaz ematen.

Zein egunetan eta ordutan egin den aurkezpena erregistroan, ordutik aurrera hasiko da administrazio-organoek eta zuzenbide publikoko erakundeek bete behar dituzten epeen zenbaketa, edo, 24. artikuluaren 2.b paragrafoan aurreikusitako kasuan, zein egunetan eta ordutan sartu diren agiriak hartzailearen erregistroan, une horretatik aurrera.

Nolanahi ere, epeak zenbatzen hasteko egiazko eguna jakinarazi egin beharko zaio idatzia, eskabidea edo komunikazioa aurkeztu zuenari.

Aurreko paragrafoetan adierazitakoaren ondorioetarako baliogabetzat jotzen diren egunak zeintzuk diren zehaztu beharko du erregistro elektroniko bat eskaintzen duen egoitza elektroniko bakoitzak, kontuan hartuz bere titularrak zein lurralde-eremutan baliatzen dituen bere eskumenak.

Nolanahi ere, ez zaie aplikatuko erregistro elektronikoei Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 48.5. artikuluan ezarritakoa.

2. ATALA.

Komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak

27. artikulua. Komunikazio elektronikoak.

Herritarrek une oro aukeratu ahal izango dute zein modutan komunikatuko diren herri administrazioekin, baliabide elektronikoen bidez edo ez, salbu eta Lege bidez ezartzen bada edo legeak xedatutakotik ondorioztatzen bada baliabide elektronikoen erabilera derrigorrezkoa dela.

Modu batean edo bestean komunikatzeko aukera ez da herritarrarentzat loteslea izango; hau da, edozein momentutan aldatu ahal izango du hasieran aukeratutako komunikatzeko modua.

Herri-administrazioek herritarrekiko komunikazioetan bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte, herritarrek eskatu edo berariaz onartu badute.

Eskaera eta adostasun hori bitarteko elektronikoen bidez bidali eta eskatu ahal izango da kasu guztietan.

Bitarteko elektronikoen bidez egindako komunikazioak balioa izateko, argi jasota geratu beharko da bai bidali egin dela bai jaso egin dela, datak ere jasota geratu beharko dira, bai eta komunikazioen eduki osoa ere, eta bidaltzailea eta hartzailea ziurtasunez identifikatuta egon beharko dira.

Administrazioek argitaratu egingo dituzte, dagokion aldizkari ofizialean eta bakoitzak bere egoitza elektronikoan, herritarrek kasu bakoitzean Administrazioekin komunikatzeko eskubidea gauzatzeko erabil ditzaketen baliabide elektronikoak.

Komunikazioak seguruak eta osoak izateko betekizunak, kasuan-kasuan, komunikazio horietako datuen izaera kontuan izanda ezarriko dira, proportzionaltasun irizpideekin bat etorrita eta datu pertsonalak babestearen arloan indarrean dagoen legerian ezarritakoarekin bat etorriz.

Erregelamendu bidez herri-administrazioek ezarri ahal izango dute haiekiko harremanetan herritarrentzat baliabide elektronikoak erabiltzea derrigorrezkoa dela honako kasuetan: interesatuak pertsona juridikoak direnean, edo pertsona fisikoak izanda ere beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo bere lan-jardueragatik edota beste arrazoi batzuengatik egiaztatuta dagoenean bermatuta dutela behar diren baliabide teknologikoetara sartzea eta erabiltzea.

Herri-administrazioek bitarteko elektronikoak lehenetsiko dituzte beste herri-administrazio batzuekin komunikatzeko.

Komunikazio horien arauak komunikazioetan parte hartzen duten herri-administrazioek ezarriko dituzte.

28. artikulua. Jakinarazpena bitarteko elektronikoen bidez egitea.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoren bat erabilita egiteko, beharrezkoa izango da interesdunak bide hori lehentasunezkotzat aukeratu izana, edo hura erabiltzeko adostasuna eman izana, 27.6. artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe.

Bai bitarteko elektronikoak lehentasunezko bidetzat aukeratzea baita goian aipatutako adostasuna ematea eta eskatzea ere bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango dira.

Jakinarazpenak egiteko sistemaren bidez, ziurtatu egin ahal izango dira, batetik, zein egun eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenak helburutzat daukan egintza, eta, bestetik, interesduna noiz sartu den edukian, izan ere, momentu horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da legezko ondorio guztietarako.

Jakinarazpenak helburutzat daukan egintza interesdunaren esku jarri dela egiaztatzen denetik hamar egun natural igarota interesduna ez bada jakinarazpenaren edukian sartzen, jakinarazpena ezetsitzat joko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 59.4 artikuluan ezarritako ondorioekin, baldin eta Administrazioaren kabuz edo hartzaileak eskatuta edukian sartzeko ezintasun tekniko edo materiala egiaztatzen ez bada.

Prozedura izapidetzen den bitartean, interesdunak dagokion organoari eskatu egin ahal izango dio hurrengo jakinarazpenak ez daitezela egin bitarteko elektronikoen bidez, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 59. artikuluan onartutako gainontzeko bitartekoak erabil daitezela, Lege honen 27.6 artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik.

Agerraldi bidez jakinarazteak dituen eragin berak izango ditu administrazioaren jardunen edukira bitarteko elektronikoen bidez sartzeak, baldin eta sartu dela egiaztatu bada.

IV. KAPITULUA.

Agiri eta artxibo elektronikoak

29. artikulua. Administrazio-agiri elektronikoa.

Herri-administrazioek bitarteko elektronikoak erabilita 30/1992 Legearen 46. artikuluan adierazitako administrazio-agiriak sor ditzakete, baldin eta sinadura elektroniko bat edo gehiago badute, Lege honen II. kapituluaren 3. atalean ezarritakoari jarraiki.

Administrazio-agirietan denboraren erreferentzia sartu beharko da, eta agiriaren ezaugarriek hala eskatzen dutenean denbora erreferentzia hori bitarteko elektronikoz bermatuko da.

Estatuko administrazio orokorrak zehaztuko du eskaintzen dituen egiaztapen elektronikoko zerbitzuen artean zeintzuk dauden onartuta denbora-zigiluak eskaintzeko.

30. artikulua. Kopia elektronikoak.

Kopia kautoak izango dira eta 30/1992 Legearen 46. artikuluak onartzen dien efikazia bera izango dute bitarteko elektronikoz egiten diren herritarren edota herri-administrazioen dokumentu elektronikoen kopiak, jatorrizko formatua gorde zein ez, beti ere, jatorrizko dokumentu elektronikoa herri-administrazioaren eskutan badago eta sinadura elektronikoaren informazioari esker –eta hala dagokionean, denbora-zigiluarena ere bai-, kopia elektronikoa jatorrizko dokumentuarekin bat datorrela egiaztatzerik badago.

Halaber, kopia kautoak izango dira herri-administrazioek bitarteko elektronikoen bidez egiten dituen paperezko euskarrian sortutako dokumentuen kopiak, baldin eta 30/1992 Legearen 46. artikuluak xedatutako baldintzak eta jarduerak betez gero.

Herri-administrazioek, herritarrek emandako agiri pribatuen irudi elektronikoak hartu ahal izango dituzte, eta irudi horiek balio eta eraginkortasun bera izango dute. Horretarako, agiriaren egiazkotasuna, osotasuna eta dokumentu-irudiak gorde ahal izango direla bermatuko duen digitalizaio prozesua erabiliko da, eta hori hala egin dela jasota geratuko da.

Hori modu automatizatuan egin ahal izango da, dagokion zigilu elektronikoaren bidez.

Artikulu honek xedatutakoari jarraiki, jatorriz paperezko euskarrian zegoen dokumentu baten kopia elektronikoa eginez gero, aukera izango da jatorrizko dokumentua suntsitzeko, herri-administrazio bakoitzak ezarritako moduan eta baldintzetan.

Bitarteko elektronikoz sortutako eta elektronikoki sinatutako administrazio-agiri publikoen paperezko kopiak benetako kopiatzat hartuko dira, baldin eta elektronikoki sortutako kode inprimatu bat edo bestelako egiaztapen-sistemaren bat badute, eta horren bidez herri-administrazio, organo edo entitate emailearen fitxategi elektronikoetan sartuz egiazkoak direla frogatzea ahalbidetzen bada.

31. artikulua. Agiriak elektronikoki artxibatzea.

Administrazio-jardunetan erabilitako agiri guztiak modu elektronikoan gorde ahal izango dira.

Herritarren eskubide edo interesei eragiten dieten administrazio-egintzak jasotzen dituzten agiri elektronikoak euskarri elektronikoan gorde beharko dira, agiria sortu zen formatu berean, edota beste edozein formatutan, baina beti ere agiria erreproduzitzeko beharrezko informazioaren identitatea eta osotasuna bermatuko da.

Era berean, ziurtatu egingo da datuak beste formatu eta euskarri batzuetara bidaltzeko aukera, aplikazio desberdinetatik sartzeko aukera bermatuz.

Agiriak gordetzeko erabiltzen diren bitarteko edo euskarriek segurtasun-neurriak izan beharko dituzte, jasotako agirien osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea eta babesa bermatzeko eta gorde egingo direla bermatzeko.

Batez ere, erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola ziurtatuko dituzte, bai eta datuak babesteko legedian ezarritako bermeak betetzen direla ere.

32. atala.– Espediente elektronikoa.

Espediente elektronikotzat hartzen da administrazio-prozedura bati dagozkion agiri elektronikoen multzoa, biltzen duten informazioa edozein motatakoa izanda ere.

Espediente elektronikoak aurkibide elektroniko baten bidez zenbakituko dira.Aurkibide hori Administrazio, organo edo erakunde jarduleak (kasuaren arabera dagokiona) sinatutakoa izango da.

Aurkibide horrek bermatu egin beharko du espediente elektronikoaren osotasuna eta behar den guztietan berreskuratu ahal izatea; era berean, onargarria izango da agiri bera espediente elektroniko desberdinetan izatea.

Espedienteak bidali beharrean badago espediente elektronikoa eskuragarri jartzeko aukera, eta interesdunak espedientearen kopia lortzeko eskubidea izango du.

III. TITULUA.

Prozeduren kudeaketa elektronikoa

I. KAPITULUA. Xedapen erkideak

33. artikulua.- Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

Administrazio-jardueraren kudeaketa elektronikoan errespetatu egingo da herri-administrazioek, organoek edo erakundeek beraiei aitortutako eskumenen titulartasuna izatea eta eskumen horiek erabiltzea, eta, era berean, dagokion jardueraren arauetan ezarritako betekizun formalak eta materialak bete beharko dira.

Hori dela eta, betiere administrazio-prozedurak erraztearren, lan-prozesuetan eta prozeduren eta administrazio-jardueraren kudeaketan baliabide elektronikoak aplikatzea bultzatuko da.

Administrazio-jardueran bitarteko elektronikoak aplikatzean, kontuan izango da bitarteko horiek erabiliko dituzten langileak baliabide egokiz hornitu behar direla, eta baliabide horien gaineko prestakuntza eskaini behar zaiela.

34. artikulua. Kudeaketa elektronikorako irizpideak.

Prozedura, prozesu eta zerbitzuen kudeaketan bitarteko elektronikoak aplikatu aurretik aztertu egingo da prozedura, prozesua edo zerbitzua berriz diseinatu eta erraztu behar ote den, eta hori egitean honako alderdiak izango dira kontuan bereziki:

a) Herritarrei eskatutako agiriak kentzea edo gutxitzea, agirion ordez datuak, datu-transmisioak edo egiaztapenak ezarriz, edo agirien aurkezpena izapideen amaierarako arautzea.

b) Parte-hartze, gardentasun eta informazio baliabide eta tresnak ezartzea.

c) Epeak eta erantzuteko denbora gutxitzea.

d) Barne-komunikazioen eta lan-kargen banaketaren arrazionalizazioa.

II. KAPITULUA

Prozedura izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzea

35. artikulua. Prozedura baliabide elektronikoen bidez hastea.

Interesdunak eskatuta administrazio-prozedura baliabide elektronikoen bidez hasteko, egoitza elektronikoan interesdunen esku jarri beharko dira eskaera egiteko eredu edo sistema elektronikoak. Eredu edo sistema horietara irispidea izateko ez da aparteko eragozpen teknologikorik egongo, izan ere, 4. artikuluko i) idatz-zatian ezarri denez, estandar irekiak erabiliko dira, bai eta estatuko eta nazioarteko arau eta protokoloekin bat datozen komunikazio- eta segurtasun-irizpideak ere.

Interesdunek agirien kopia digitalizatuak aurkez ditzakete espedientean. Kopia horiek jatorrizkoarekin bat datozela bermatzeko sinadura elektroniko aurreratua erabiliko dute.

Herri-administrazioak, dagokion artxibotik, aurkeztutako kopien edukia erkatzeko eska dezake.

Erkatzea ezinezkoa balitz, salbuespen gisa, herritarrari agiria edo jatorrizko informazioa erakusteko eska diezaioke.

Kopia horiek aurkeztuta, Administrazioari baimena ematen zaio agiri horietan jasotako informazio pertsonala eskuratzeko eta tratatzeko.

Erabilera errazteko eta sustatzeko, eskaeren sistema normalizatuetan egiaztapen automatikoak egin ahal izango dira, aurkeztutako informazioa dagokion administrazioaren edo beste administrazio batzuen sistemetan jasotako datuekin erkatzeko. Halaber, formularioa beteta eskaini ahal izango da –osorik edo zati bat-, herritarrak informazioa egiaztatu dezan eta, hala badagokio, aldatu edo osatu dezan.

36. artikulua. Prozeduraren instrukzioa baliabide elektronikoak erabilita.

Prozeduren instrukzioa baliabide elektronikoen bidez egiteko erabilitako aplikazio eta informazio-sistemek bermatu egin beharko dute denbora eta epeen kontrola, prozeduren ardura duten organoen identifikazioa eta espedienteen tramitazio ordenatua, eta, era berean, lagundu egingo dute prozedurak soiltzen eta prozedura horien publizitatea egiten.

Txostenak igorri eta hartzeko edo beste jarduera batzuetarako, dagozkion organo eta unitateen arteko komunikazioetarako prozeduren kudeaketa elektronikoan erabilitako komunikazio-sistemek lege honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Interesdunek prozeduraren instrukzioan parte hartzeko baliabide elektronikoak erabiltzen direnean, ebazpen-proposamena egin aurretik prozeduraren edozein urratsetan interesdunek alegazioak aurkezteko edo, hala badagokio, entzunaldiaren izapidean, komunikazioak eta jakinarazpenak egiteko lege honen 27 eta 28. artikuluetan ezarritako komunikazio eta jakinarazpen-baliabideak erabiliko dira.

37. artikulua. Interesdunek izapideen egoerari buruzko informaziora irispidea izatea.

Oso-osorik modu elektronikoan kudeatutako administrazio-prozeduretan, prozedura izapidetzen duen organoak interesdunaren esku jarriko du irispide mugatuko zerbitzu elektronikoa, interesdunak, identifikatu ondoren, gutxienez prozeduraren izapideei buruzko informazioa kontsultatzeko aukera izan dezan, salbu eta aplikatu beharreko araudiak mugak ezartzen baditu.

Prozedurako izapideen egoerari buruzko informazioan izapide-egintzen zerrenda emango da, egintza horiei buruzko argibideekin, bai eta egintza horien data ere.

Gainontzeko prozeduretan ere, izapideen egoerari buruzko informaziorako zerbitzu elektronikoak jarriko dira, eta horietan, gutxienez, prozedura zein fasetan dagoen adieraziko da eta prozeduraren ardura daukan organo edo unitatearen berri emango da.

38. artikulua.- Prozedurak baliabide elektronikoen bitartez bukatzea.

Prozedura bat baliabide elektronikoak erabiliz ebaztean, bermatu egingo da organo eskuduna zein den ageriko dela++, lege honen 18 eta 19. artikuluetan ezarritako baliabideren bat erabiliz.

Ebazpenak modu automatizatuan hartu eta jakinarazi ahal izango dira, horrela aurreikusita dagoen prozeduretan.

39. artikulua. Administrazio-jarduera automatizatua.

Jardun automatizatuen kasuan, aldez aurretik organo eskuduna edo organo eskudunak ezarri beharko dira, kasuan-kasuan, espezifikazioak, programazioa, mantenimendua, gainbegiratzea eta kalitate-kontrola definitzeko eta, hala badagokio, informazio-sistemaren auditoretza eta iturburu-kodea definitzeko.

Era berean, aurkaratzeetarako, organo arduraduntzat zein hartu behar den adieraziko da.

IV. TITULUA.

Administrazioen arteko lankidetza, administrazio elektronikoa bultzatzeko

I. KAPITULUA. Administrazio elektronikoaren arloko lankidetzarako erakunde-esparrua

40. artikulua. Administrazio elektronikoaren batzorde sektoriala.

Administrazio elektronikoaren batzorde sektoriala Herri Administrazioaren Sektoreko Batzarraren menpe dago, eta, administrazio elektronikoaren arloan, Estatuko administrazio orokorraren, autonomia erkidegoetako administrazioen eta tokiko administrazioa osatzen duten erakundeen lankidetzarako organo teknikoa da.

Administrazio elektronikoaren batzorde sektorialak lege honetan ezarritako helburu eta printzipioak betetzen direla zainduko du, eta, bereziki, honako eginkizunak izango ditu:

a) Herri-administrazioek erabilitako sistema eta aplikazioen bateragarritasuna eta elkarreragingarritasuna ziurtatzea.

b) Espainian administrazio elektronikoaren garapena bultzatzeko jarduera plan eta programa bateratuak prestatzea.

Jorratutako gaiak kontuan izanda, kasuan-kasuan komenigarriak izan daitezkeen erakundeak, korporazioak edo gizarte-eragileak gonbidatu ahal izango dira batzorde sektorialaren eztabaidetan parte hartzera.

II. KAPITULUA.

Sistema eta aplikazioen elkarreragingarritasunaren arloko lankidetza

41. artikulua. Informazio-sistemen elkarreragingarritasuna.

Herri-administrazioek informazioaren teknologiak erabiliko dituzte beste administrazio batzuekiko eta herritarrekiko harremanetan, neurri informatikoak eta teknologikoak eta antolaketa eta segurtasun arloko neurriak hartuko dituzte, elkarreragingarritasun tekniko eta semantiko egokia eta antolaketa-elkarreragingarritasun egokia bermatzeko eta egindako aukera teknologikoagatik herritarrak ez saihesteko.

42. artikulua. Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionala eta Segurtasunerako Eskema Nazionala.

Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalean informazioaren, formatuen eta aplikazioen segurtasuna bermatzeko eta haiek gordetzeko eta normalizatzeko irizpideak eta gomendioak sartuko dira. Hain zuzen ere, herri-administrazioek kontuan izan beharko dituzte irizpide eta gomendio horiek, elkarreragingarritasuna bermatuko duten erabaki teknologikoak hartzeko.

Segurtasunerako Eskema Nazionalaren helburua da, Lege honen esparruan, baliabide elektronikoen erabilerari dagokionez segurtasun arloko politika ezartzea, eta informazioaren babes egokia ahalbidetuko duten oinarrizko printzipioek eta gutxieneko baldintzek osatzen dute eskema hori.

Bi eskema horiek egiteko, administrazio guztiek hartuko dute parte eta Gobernuaren errege-dekretu bidez onartuko dira, administrazio elektronikoaren batzorde sektorialak proposatuta eta Toki-administrazioaren Batzorde Nazionalak txostena eman ondoren. Era berean, uneoro eguneratuta egon beharko dute.

Bi eskemak egitean, kontuan izango dira Europar Batasuneko gomendioak, herri-administrazio bakoitzaren egoera teknologikoa eta dagoeneko badauden zerbitzu elektronikoak.

Hori dela-eta, estandar irekiak erabiltzeko aukera aztertuko dute, edota, hala dagokionean eta horien osagarri, herritarren artean zabalduenak.

43. artikulua. Espainiako herri-administrazioen komunikazio sarea.

Estatuko administrazio orokorrak, autonomia erkidegoetako administrazioek eta toki-administrazioa osatzen duten erakundeek, bai eta erakunde horiek lankidetzarako osatutako partzuergo edo beste erakundeek ere, behar diren neurriak hartuko dituzte eta bakoitzak bere eremuan behar diren teknologiak sartuko ditu erakunde horietako sareen arteko konexioa ahalbidetzeko eta, horrela, komunikazio-sare bat sortzeko, Espainiako administrazio publikoak elkarrekin konektatzeko eta administrazioen arteko informazioa eta zerbitzuak trukatu ahal izateko, bai eta Europar Batasuneko erakundeen eta beste estatu kide batzuetako erakundeen sareekin konektatzeko.

44. artikulua. Herritarrentzako sare integratua.

Herri-administrazioek lankidetza hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte lankidetza-neurriak eta -tresnak eratzeko eta horien bidez espazio komunen edo leihatila bakarren sare koordinatu eta normalizatu bat ezarri ahal izateko.

Hain zuzen ere, aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat etorrita, espazio komunak eta leihatila bakarrak ezarriko dira Lege honen 6.3 artikuluan ezarritako informazioa lortzeko eta artikulu horren a) idatz-zatian aipatutako izapide eta prozedurak egiteko.

III. KAPITULUA.

Aplikazioak berrerabiltzea eta teknologiak transferitzea

45. artikulua. Administrazioaren jabetzakoak diren sistemak eta aplikazioak berrerabiltzea.

Aplikazioen jabetza intelektualeko eskubideen titularrak diren administrazioek beste edozein administrazioren eskura jarri ahal izango dituzte aplikaziook, hitzarmena egin beharrik gabe, baldin eta aplikazioak administrazio horien zerbitzuen bidez garatu badira edo haien garapena kontratazioaren xedea izan bada.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren aplikazioak iturri irekiko aplikaziotzat jo ahal izango dira, baldin eta horrela administrazio publikoaren jardun gardenagoa lortzen bada edo herritarrak informazio-gizartean sartzea sustatzen bada.

46. artikulua. Administrazioen arteko teknologia-transferentzia.

Herri-administrazioek aplikazioen direktorio eguneratuak izango dituzte edozeinek nahi duenean berriz erabiltzeko, batez ere administrazio elektronikoa garatzeko interes berezia duten eremuetan eta Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat etorrita.

Estatuko administrazio orokorrak, teknologia transferitzeko zentro baten bitartez, aplikazioen direktorio orokor bat izango du, aplikazio horiek berriro erabili ahal izateko; era berean, aplikazioak edozeinek berriz erabiltzeko laguntza teknikoa eskainiko du eta administrazio elektronikoa garatzeko interes berezia duten aplikazio, formatu eta estandar komunen garapena bultzatuko du, elkarreragingarritasunerako eta segurtasunerako eskema nazionalen esparruan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.

Kide anitzeko organoen batzarrak baliabide elektronikoen bidez egitea

Kide anitzeko organoak baliabide elektronikoak erabilita eratu ahal izango dira eta erabakiak hartu ere ahal izango dituzte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 26 eta 27.1 artikuluetan ezarritako funtsezko izapideak errespetatuz.

Estatuko administrazio orokorrean, goiko paragrafoan ezarritakoa gauzatzeko, honako berezitasunak hartu beharko dira kontuan:

a) Legeriak deialdiari, informaziora irispidea izateari eta eguneko aztergaien zerrenda jakinarazteari dagokienez ezarritako printzipioak bete egiten direla bermatu beharko da, izan ere, horietan zehaztu egin beharko da zein denbora-tartetan izango diren eztabaidak, proposamenak noiz egin eta ezagutuko diren eta noiz hartuko diren erabakiak.

b) Eratzeko eta erabakiak hartzeko araubideak bermatu egingo du kideen parte-hartzea, organoaren beraren xedapenekin bat etorrita.

c) Aktek bermatu egin beharko dute jasota geratu direla bertan izandako komunikazioak eta, era berean, hartutako erabakien edukira kideek irispidea izatea ere bermatuko dute.

Bigarren xedapen gehigarria.

Langile publikoen trebakuntza

Estatuko administrazio orokorrak bultzatu egingo du bere zerbitzura dauden langileak baliabide elektronikoen erabileran trebatzea, administrazio horren berezko jardueren garapenerako.

Bereziki, jarduera administratiboan baliabide elektronikoen erabileraren segurtasun-baldintzen ezagutza eguneratuak izateko berariazko trebakuntza jasoko dute Estatuko administrazio orokorreko langile publikoek, eta, era berean, trebakuntza jasoko dute datu pertsonalak babestearen arloan, jabetza intelektual eta industrialaren arloan eta informazioa kudeatzearen arloan.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Estatuko Administrazio Orokorreko baliabide-plana

Lege hau argitaratu eta sei hilabeteko epean, Herri Administrazioen Ministerioak, Ekonomia eta Ogasun eta Industria, Turismo eta Merkataritza ministerioekin batera, Estatuko administrazio orokorraren esparrurako behar diren baliabideak ezartzeko plana aurkeztuko dio Ministroen Kontseiluari.

Plan horretan, Lege honetan xedatutakoa modu egokian aplikatzeko eta azken xedapenetatik hirugarrenaren 2. paragrafoan aipatutako egutegian ezarritako epeetan aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren giza baliabideak eta baliabide ekonomiko eta teknikoak adieraziko dira, bai eta plan horren aplikazioaren kontrol eta ebaluazio mekanismoak ere.

Laugarren xedapen gehigarria.

Prozedura bereziak

Lege honen hirugarren tituluan xedatutakoa Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen bosgarren, seigarren, zazpigarren eta hemeretzigarren xedapen gehigarrietan ezarritakoarekin bat etorrita aplikatuko da zerga, gizarte-segurantza eta langabezia arloko prozeduretan eta atzerritarrek Espainian duten araubide juridikoari buruzko prozeduretan.

Era berean, Lege hau aplikatzean kontuan izan beharko dira kontratazio publikoaren arloko zehaztasunak, ekainaren 16ko Legegintzako 2/2000 Errege Dekretuak onartutako Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.

Bosgarren xedapen gehigarria.

Funtzio estatistikoa

Lege honen 6.2.b) eta 9. artikuluetan xedatutakoa ez da aplikatzekoa izango Funtzio Estatistiko Publikoa arautzen duen maiatzaren 9ko 12/1989 Legearen II. kapituluan ezarritako datu-bilketan.

Seigarren xedapen gehigarria.

Hizkuntza ofizialen erabilera

Herritarrek bitarteko elektronikoen bidez herri-administrazioekin dituzten harremanetan bermatu egingo da Estutako hizkuntza ofizialen erabilera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean eta kasuan-kasuan aplikatzekoa den araudian ezarritako eran.

Ondorio horietarako, hizkuntza koofizialak dituzten lurraldeen gaineko eskumena duten titularren ardurapeko egoitza elektronikoetan aukera izango da eduki eta zerbitzuetarako sarbidea dagozkion hizkuntza ofizialetan izatea.

Prozeduren kudeaketa elektronikoan erabilitako sistema eta aplikazioak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 36. artikuluan hizkuntza ofizialen erabilerari buruz xedatutakora egokituko dira.

Herri-administrazio bakoitzak zehaztu egingo du xedapen honetan ezarritakoa betetzeko egutegia. Dena dela, bermatu egin beharko du azken xedapenetako hirugarrenean ezarritako epeetan erabat beteko duela.

Xedapen iragankor bakarra.

Araubide iragankorra

Herritarren eta herri-administrazioen prozedura eta jarduerak, Lege hau indarrean sartu aurretik hasi badira, baliabide elektronikoak erabilita, aurreko araudiaren pean izango dira bukatu arte.

Lege hau indarrean sartzean dauden erregistro telematikoak erregistro elektronikotzat hartuko dira, eta Lege honen 24, 25 eta 26. artikuluetan xedatutakoa bete beharko dute.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe geratzen dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen ondoko agindu hauek:

38. artikuluko 9. paragrafoa, 45. artikuluko 2, 3 eta 4. paragrafoak, 59. artikuluko 3. paragrafoa eta hemezortzigarren xedapen gehigarria.

Era berean, lege honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko nahiz beheragoko mailako arau guztiak indargabetu dira.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Azken xedapenetatik lehena.

Legearen oinarrizko izaera

Lege honen 1, 2, 3, 4, 5, 6, 8.1, 9, 10, 11.1, 12, 13, 14, 15, 16, 17, 18, 19, 20, 21.1,21.2, 22, 23, 24.1, 24.2, 24.3, 25, 26, 27, 28, 29.1, 29.2, 30, 32, 35, 37.1, 38 eta 42. artikulua, lehen xedapen gehigarriaren 1. paragrafoa, laugarren xedapen gehigarria, xedapen iragankor bakarra eta azken xedapenetatik hirugarrena Konstituzioaren 149.1.18. artikuluan xedatutakoaren babesean eman dira, izan ere, artikulu horren bidez Estatuari eman zaio herri-administrazioen araubide juridiko eta administrazio prozedura erkidearen gaineko eskumena.

Lege honen IV. titulua, 42. artikulua izan ezik, herri-administrazio guztietan aplikatzekoa izango da, baldin eta administrazio horiek titulu horretan ezarritako lankidetza-organoetan edo baliabideetan parte hartzen badute edo haiei atxikitzen bazaizkie.

Azken xedapenetatik bigarrena.

Estatuko Aldizkari Ofizialaren argitalpen elektronikoa

Estatuko Aldizkari Ofizialaren argitalpen elektronikoak Lege honen 11.2 artikuluan ezarritako ezaugarriak eta ondorioak izango ditu 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Azken xedapenetatik hirugarrena.

Herri-administrazioen egokitzapena eskubideak gauzatu ahal izateko

Lege hau indarrean sartzen den egunetik, Lege honen 6. artikuluan aitortutako eskubideez baliatzeko aukera izango da prozedurei eta jarduerei dagokienez, Legean xedatutakoari egokituta, hurrengo paragrafoetan adierazitakoaren kalterik gabe.

Ondorio horietarako, herri-administrazio bakoitzak prozedura eta jardueren zerrenda argitaratu egingo du eta eguneratuta izango du.

Estatuko administrazio orokorraren eta administrazio horri lotutako edo horren mendeko erakunde publikoen esparruan, 2009ko abenduaren 31tik aurrera izango da lege honen 6. artikuluan aitortutako eskubideez baliatzeko aukera, horien eskumeneko prozedura eta jarduera guztiei dagokienez. horretarako, Ministroen Kontseiluak apurka-apurka prozedura eta jarduerak egokitzeko egutegi bat ezarri eta argitaratuko du, behar den kasuetan.

Autonomia-erkidegoen esparruan, 2009ko abenduaren 31tik aurrera izango da lege honen 6. artikuluan aitortutako eskubideez baliatzeko aukera, autonomia-erkidegoen eskumeneko prozedura eta jarduera guztiei dagokienez, baldin eta horretarako aurrekonturik badago.

Toki-administrazioa osatzen duten erakundeen esparruan, 2009ko abenduaren 31tik aurrera izango da lege honen 6. artikuluan aitortutako eskubideez baliatzeko aukera, erakunde horien eskumeneko prozedura eta jarduera guztiei dagokienez, baldin eta horretarako aurrekonturik badago.

Ondorio horietarako, probintzietako diputazioek, edo, hala badagokio, uharteetako kabildo eta kontseiluek edo udalez gaindiko beste erakunde batzuek, behar diren zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte zerbitzuok eskaintzeko beharrezkoak diren antolakuntza eta baliabide teknikoak ez dituzten udalerrien esparruan eraginkortasuna bermatzeko.

Azken xedapenetatik laugarrena.

Nortasun Agiri Nazionala emateagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen abenduaren 28ko 84/1978 Legea aldatzea.

Bat.

Honela idatzita geratuko da 4. artikuluko 2. paragrafoa:

Agiria indarrean dagoela derrigorrez berriztatu behar dutenek, bertan jasotako daturen bat aldatu delako».

Bi.

Bestetik, 6. artikulua honela geratuko da:

6. artikulua. Zerga-kuota.

Eska daitekeen zerga-kuota 6,70 eurokoa izango da.

Agiria ematearen gehiegizko kostua, balego, Estatuko aurrekontu orokorren kontura ordainduko da».

Azken xedapenetatik bosgarrena.

Trafikoko Buruzagitza Nagusiari buruzko urriaren 2ko 16/1979 Legearen aldaketa.

Bat.

Aldatu egin da 5. artikuluko lehenengo paragrafoan d) idatz-zatia, eta beste idatz-zati bat sartu da, e), eta honela geratu dira idatzita:

«d) Helbidea aldatzeagatik, gidatzeko edo zirkulatzeko baimen administratiboen kopiak eskatzen dituztenek.

e) Ibilgailuak suntsitzeko establezimendu baimendu batean uztegatik, ibilgailuaren behin betiko baja eskatzen dutenek.

Bi.

Legearen 6. artikuluko IV. Taldeko 4 eta 4 bis puntuak, ezkerreko lehen zutabean, honela idatzita geratuko dira:

Galdu, ostu, hondatu, indarraldia luzatu edo aldatutako baimenen kopiak.

4 bis. Galdu, ostu, hondatu, indarraldia luzatu edo aldatutako ziklomotorren gida-baimen eta zirkulazio-baimenen kopiak.

Azken xedapenetatik seigarrena.

Estatuko administrazio orokorrean telelana arautzeko gaikuntza

Herri Administrazioen Ministerioak, Ekonomia eta Ogasun, Industria, Turismo eta Merkataritza eta Lan eta Gizarterako ministerioen laguntzarekin, 2008ko martxoaren 1a baino lehen arautuko ditu telelanaren baldintzak Estatuko administrazio orokorrean.

Azken xedapenetatik zazpigarrena.

4.c) artikuluaren erregelamendu bidezko garapena

Gobernuak erregelamendu bidez garatuko du Lege honen 4.c) artikuluan ezarritakoa, Estatuko administrazio orokorrarekin harremanak dituzten herritar guztiek, eta batez ere desgaitasunen bat dutenek eta nagusiek, zerbitzu elektronikoetara baldintza beretan izan dezaten irispidea, bakoitzaren gorabehera pertsonalak, bitartekoak edo ezagutzak alde batera utzita.

Azken xedapenetatik zortzigarrena.

Legea garatzea eta indarrean sartzea

Gobernuari eta autonomia-erkidegoei dagokie, bakoitzari bere eskumenen esparruan, Lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak ematea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

ERANSKINA

Definizioak

Lege honetan esaten direnetarako, honako definizioak hartuko dira kontuan:

a) Administrazioaren jardun automatizatua:

Behar bezala programatutako informazio-sistema batek gauzatutako administrazio-jarduera, kasu bakoitzean pertsona fisiko batek parte hartu beharrik izan gabe.

Bertan sartzen da izapide-egintzak sortzea edo prozedurak ebazteko egintzak eta komunikazio-egintza hutsak sortzea ere.

b) Aplikazioa:

Informatika erabiliz arazo bat konpontzea xede duen programa edo programa-multzoa.

c) Iturri irekiko aplikazioa:

Exekutatzeko, iturburu-kodea ezagutzeko, aldatzeko edo hobetzeko eta beste erabiltzaile batzuei kopiak birbanatzeko baimena ematen duen lizentziarekin banatzen den aplikazioa.

d) Autentifikazioa:

Bitarteko elektronikoak erabiliz, pertsona edo erakunde baten identitatea egiaztatzea, haren eragiketetan, transakzioetan eta agirietan adierazitako borondatearen edukia egiaztatzea eta agirien osotasuna eta agirien egilea zein den egiaztatzea.

e) Kanalak:

Eduki eta zerbitzuak hedatzeko bitartekoak edo egiturak; aurrez aurreko kanala, telefono bidezko kanala eta kanal elektronikoa barne, bai eta gaur egun dauden beste batzuk edo etorkizunean izan daitezkeenak (gailu mugikorrak, TDT, etab.).

f) Ziurtagiri elektronikoa:

Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 6. artikuluaren arabera, ziurtapen-zerbitzuen emaile batek modu elektronikoan sinatutako agiria da, sinadura egiaztatzeko datuak sinatzaile batekin lotzen dituena eta haren identitatea berresten duena.

g) Ziurtagiri elektroniko aitortua:

Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 11. artikuluaren arabera:

ziurtapen-zerbitzuen emaile batek egindako ziurtagiri elektronikoak dira; emaile horiek Lege horretan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte, eskatzaileen identitatea eta gainerako inguruabarrak egiaztatzeari eta ziurtagirien bermeei dagokienez.

h) Herritarrak:

Pertsona fisiko nahiz juridikoak eta nortasunik gabeko erakundeak, herri-administrazioekin harremanak dituztenak edo izan ditzaketenak.

i) Helbide elektronikoa:

Ekipo edo sistema elektroniko baten identifikatzailea; bertatik, komunikazio-sare batean informazioa edo zerbitzuak eskaintzen dira.

j) Agiri elektronikoa:

Modu elektronikoan dagoen edozein eratako informazioa; euskarri elektronikoan artxibatuta dago, formatu jakin batean, eta identifikatu egin daiteke eta tratamendu berezitua izan dezake.

k) Estandar irekia:

Honako baldintzak bete behar ditu:

-publikoa izatea eta doan erabiltzeko modukoa, edo kosturik badauka, ez du irispidea eragozteko modukoa izan beharko.

-Erabiltzeko eta aplikatzeko ez da jabetza intelektual edo industrialeko eskubiderik ordaindu beharko.

l) Sinadura elektronikoa:

Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, modu elektronikoan dagoen datu-multzoa; beste batzuekin batera edo haiei lotuta jasotako datuak dira, eta sinatzailea identifikatzeko erabil daitezke.

m) Sinadura elektroniko aurreratua:

Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, sinatzailea identifikatzeko bidea ematen duen eta sinatutako datuetan gerora egin den edozein aldaketa antzemateko bidea ematen duen sinadura elektronikoa; modu bakar batean baino ez dago lotuta sinatzailearekin eta dagozkion datuekin, eta sinatzaileak berak bakarrik kontrola ditzakeen bitartekoekin sortutakoa da.

n) Sinadura elektroniko aitortua:

Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, aitortutako ziurtagiri batean oinarrituta dago, eta sinadura gauzatzeko dispositibo seguru baten bidez sortzen da.

o) Elkarreragingarritasuna:

Informazio-sistemek eta, ondorioz, horietan oinarritzen diren prozedurek daukaten gaitasuna datuak partekatzeko eta euren artean informazioa eta ezagutza trukatzeko.

p) Bitarteko elektronikoa:

Agiriak, datuak eta informazioak sortu, gorde edo transmititu ditzakeen mekanismo, instalazio, ekipo edo sistema; horien artean daude komunikazio-sare ireki edo mugatuak, esate baterako, Internet, telefonia finkoa eta mugikorra edo beste batzuk.

q) Sarbide-puntu elektronikoa:

Interneteko domeinu batean batuta dauden web orrien multzoa; horren helburua da pertsona batzuen beharrizan bereziak konpontzeko baliabide eta zerbitzu batzuetarako irispidea eskaintzea edo erakunde publiko baten informaziora eta zerbitzuetara irispidea eskaintzea, modu erraz eta integratuan.

r) Sinadura elektronikoko sistema:

Sinadura elektronikoa sortzean esku hartzen duten elementuen multzoa.

Ziurtagiri elektronikoan oinarritutako sinadura elektronikoaren kasuan, gutxienez honako hauek osatzen dute sistema: ziurtagiri elektronikoak, euskarriak, irakurgailuak, sinadurarako erabilitako aplikazioak eta sinatutako agiriaren hartzaileak erabilitako interpretazio eta egiaztapen sistemak.

s) Denbora-zigilua:

honen bidez, bitarteko elektronikoak erabiliz egindako edozein eragiketaren edo transakzioren data eta ordua egiaztatzen du konfiantzazko hirugarren batek.

t) Espazio komunak edo leihatila bakarrak:

Hainbat administraziok akordio bidez erabakitako informazio, izapide eta zerbitzuetara irispidea izateko herritarrek erabil ditzaketen baliabide edo kanalak (bulego integratuak, telefono bidezko arreta, Interneteko orriak eta beste batzuk).

u) Zerbitzu-jarduera:

Norbere kontura egindako edozein jarduera, normalean lansari baten ordez eskainitakoa.

v) Zerbitzu-jardueraren emailea:

Zerbitzu-jarduera eskaini edo ematen duen edozein pertsona fisiko edo juridiko.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra