Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Azpiegiturak

10/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazio hidrografikotik Guadalquivirreko demarkazio hidrografikora 19,99 hm3-ko baliabide-transferentzia egiteari buruzkoa.

2018-12-05

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/12/06 294zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

16675   10/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako

demarkazio hidrografikotik Guadalquivirreko demarkazio hidrografikora 19,99 hm3-ko baliabide-transferentzia egiteari buruzkoa.

FELIPE Vl.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Espainiako Konstituzioaren 45.2 artikuluak ezartzen du, politika sozial eta ekonomikoa zuzendu behar duten printzipioen artean, zentzuz erabili behar direla baliabide natural guztiak, ingurumena defendatzeko, ezinbestekoa den elkartasun kolektiboan oinarrituz.

Arroetako plan hidrologikoen lurralde-eremuen artean ur-baliabideen transferentziak egitea aurreikusten du uztailaren 5eko 10/2001 Legeak (Plan Hidrologiko Nazionalari buruzkoa) I. tituluko III. kapituluan. Lege horren arabera, ur-transferentzia lurraldea egituratzeko tresna garrantzitsua da, azken soluzioa, eta konprometituena, ur-baliabideen egiturazko defizitak dituzten eremuak itota eta haien garapen sozioekonomikoa eta ingurumen-interesa mehatxatuta gerta ez daitezen ur-horniduraren ziurtasunik ezarengatik, eta arro lagatzaileek ere ez ditzaten eurenak hipotekatu lagatze horren ondorioz.

Plan Hidrologiko Nazionalari buruzko Legeak ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-arloetako kautela garrantzitsuen menpean jartzen du transferentziak egitea, bermatzearren transferentziak ez duela inola ere kolokan jarriko arro lagatzailearen etorkizuneko garapena. Hala, transferentzia egin aurretik, oraingo aprobetxamenduetarako hornidura eta etorkizuneko erabileretarako erreserbak ziurtatu behar dira arro lagatzailean, bai eta deribazio-hargunetik beheragoko ibai-tartearen ingurumen-emariaren nahitaezko zirkulazioa eta lotutako ekosistemen iraupena ere.

II

Huelvako probintziako hego-ekialdeko Condado eskualdeak dituen ur-beharrizanak dira lege honen oinarri. Eskualde hori Guadalquivirreko demarkazio hidrografikoan dago, Doñanako naturagune babestuaren eragin-eremuan, eta lege honen ingurumen-helburua da Masub 05-51 Almonte-Marismas akuiferoaren eta hari lotutako ekosistemen oreka babestea.

Ministroen Kontseiluak 2008ko otsailaren 15ean baimena eman zuen 4,99 hm3 ur transferitzeko orduko Andaluziako arro atlantikotik —hango baliabideen iturria egungo Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazio hidrografikoarena da— Guadalquivirreko demarkazio hidrografikora, uztailaren 5eko 10/2001 Legeak (Plan Hidrologiko Nazionalari buruzkoa) 14.b) artikuluan aurreikusten duen bezala, artikulu horrek aukera ematen baitu Ministroen Kontseiluak plangintza-esparruen arteko transferentzia txikiak baimendu ditzan, urtean hm3 batetik bostera bitarteko bolumena dutenak. Aipatutako erabakian Ministroen Kontseiluak adierazi zuen 4,99 hm3 ur ekarrita hornidura bermatzen lagundu nahi zitzaiela Huelvako Condadoko Udalerrien Mankomunitateko herriei, berme urriko hornidura jasotzen baitzuten Corumbeleko urtegitik; eta gehitutako bolumen horri esker inguruko akuiferoak leheneratu ahal izango zirela, eta horrek Doñanako Parke Nazionalaren inguruan oreka hidrikoari eusten lagunduko zuela. Gero erabaki hori garatu egin zen Ministroen Kontseiluaren 2015eko maiatzaren 22ko Erabakiaren bitartez. Erabaki horretan zehazten da zer kudeaketa-baldintza bete behar diren Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazio hidrografikotik Gualdalquivirreko demarkazio hidrografikora urtean 4,99 hm3 ur-baliabideren transferentzia egiteko, zeina Ministroen Kontseiluaren 2008ko otsailaren 15eko Erabakiak baimendu baitzuen, eta kudeaketa teknikoko batzordearen sorrera aurreikusten da.

Otsailaren 8ko 11/2016 Errege Dekretua (Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazio hidrografikoaren plan hidrologikoa onartzen duena) onartu eta gero, badaude iraunkorki esleitutako baliabideak urtean 4,99 hm3-ko transferentzia egin ahal izateko. Horrela dago jasorik araudiaren 5.6 eranskinean. Era berean, planaren eduki arauemailearen 12. artikuluak eta 7. eranskinak urtean 15 hm3 gordetzen dituzte arroko erakundearentzat, Huelvako ustiapen-sistemaren barruan, egiturazko defizitak gertatuko balira ere gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-interes handiko eremuetan, batez ere Doñana inguruan.

Bestalde, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuak (Guadalquivirreko demarkazio hidrografikoaren plan hidrologikoaren berrikuspena onartzen duena) 19. artikuluan xedatzen duenez, egungo eta geroko eskariak asetzeko, Plangintza Hidrologikoaren Erregelamenduaren 14.1 artikuluarekin bat, plan hidrologikoak proposamen hau mantentzen du: Plan Hidrologiko Nazionalean jaso dadila beste arro hidrografiko batzuetako lurrazaleko baliabide berrien transferentzia, urtean 15 hm3-koa gehienez. Bolumen hori erreserbatzen da Doñana inguruan lurpeko uraren erauzketak ordezteko.

Ura isuraldatzeari buruzko lege honek gorputz arauemaile bakarrean jaso behar du Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazio hidrografikoaren eta Guadalquivirreko demarkazio hidrografikoaren arteko transferentzia baimenduen erregulazioa. Hori dela eta, transferentziaren guztizko bolumenaren muga ezarri behar da: urtean 19,99 hm3; eta testu berean sartu behar dira Ministroen Kontseiluaren 2008ko otsailaren 15eko Erabakiaren bidez onartutako transferentzia, 4,99 hm3-koa, eta Doñanako eskualdeko lurrazaleko ur-baliabideen egiturazko defizitari erantzuteko beharrizan berriak.

Tinto, Odiel eta Piedras ibaien plan hidrologikoak baliabide erabilgarri gehiago aurreikusten ditu 2027. urterako. Alcolea eta Coronada bezalako erregulazio-obra berriak amaituta egongo dira ordurako, eta beste plangintza-esparru batzuetatik esleitutako baliabideak handituta. Horrenbestez bermatu egiten dira ureztatzeko eskarien hazkundeak Tinto, Odiel eta Piedras (TOP) ibaietako demarkazio hidrografikoaren barruan, eta arestian aipatutako erreserbari eusten zaio. Azpiegitura horiek egiteak ahalbidetuko du «arro lagatzaileko erabilera eta aprobetxamendu guztien egungo zein etorkizuneko eskariak bermatzea, ingurumen-murrizketak barne direla» (Plan Hidrologiko Nazionala onartzen duen uztailaren 5eko 10/2001 Legearen 12.2 artikulua).

III

Arau-esparru hori kontuan hartuta, badira interes orokorreko arrazoi sendoak Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako arro hidrografikotik Guadalquivirreko arro hidrografikora gehienez 19,99 hm3 ur transferitu ahal izateko baimena emateko. 19,99 hm3 ur ekarrita hornidura bermatzen lagunduko zaie Huelvako Condadoko herriei Doñanako eskualdean, herri horiek berme urriko hornidura jasotzen baitute Corumbeleko urtegitik, edo Masub Almonte-Marismas akuiferotik hornitzen baitira.

Udalerrietako hornidurarekin zerikusia duten gabezia horiei beste batzuk gehitu behar zaizkie, Almonte-Marismas akuiferoko lurpeko uraren ordez lurrazaleko ura erabili beharra dagoelako Guadalquivirreko demarkazio hidrografikoaren esparruan dauden Huelvako Condadoko nekazaritza-lur ureztatuetan, Doñana inguruko ur-balantzeak hobetzen laguntzeko, akuiferoaren ustiapena mugatuz eta hura betetzen lagunduz, eskualdeko nekazaritza-jardueraren garapen jasangarria eta Doñanako Parke Nazionalaren inguruneko oreka hidrikoa lortzearren.

Ildo horretan, Andaluziako Juntak, abenduaren 16ko 178/2014 Dekretuaren bidez, behin betiko onartu zuen Doñanako baso-eraztunaren iparraldean dauden Huelvako Almonte, Bonares, Lucena del Puerto, Moguer eta Rociana del Condadoko udalerrietako eremu ureztatuak antolatzeko plan berezia. Plan horrek dio hobetu egin behar direla akuiferoko uraren erauzketen kontrola, ateratzen den uraren banaketa arrazionala eta natura-, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-balioen babesa, eta horretarako nekazaritza-eremua antolatu behar dela.

Azkenik, transferentzien bolumenak kontuan hartuta, bidezkoa da —eta beharrezkotzat jotzen da— ur-emariak plan hidrologikoen lurralde-eremuen artean deribatzeko baldintzak eta mugak arautuko dituen lege bat aldarrikatzea.

Transferentzia-lege honek Plan Hidrologiko Nazionalari buruzko Legea aldatzen du, eta Estatuko interes orokorrekotzat jasotzen ditu transferitutako ura arro hartzailera eramateko beharrezkoak diren azpiegituretako obrak, bai eta uztailaren 5eko 10/2001 Legeak (Plan Hidrologiko Nazionalari buruzkoa) 15. eta 20. artikuluetan xedatutakoa betetzea ere; gainera, transferentziei lotutako obren ingurumen-, exekuzio- eta ustiapen-baldintzak zehazten ditu.

Lege honek lau artikulu ditu, xedapen gehigarri bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken hiru xedapen.

  • 1. artikulua. Transferentziaren xedea eta baldintza orokorrak.

  • 1.  Baimena ematen da urtean gehienez 19,99 hm3 lurrazaleko ur transferitzeko Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkaziotik Guadalquivirreko demarkaziora, Huelvako Condadoko udalerrietako hornidura bermatzen laguntzeko, ureztaketa hobeto bermatzeko, eremuko akuiferoak leheneratzeko eta oreka hidrikoa hobetzeko ingurunean, batez ere Doñanako Parke Nazionalean.

  • 2.  Transferentzia horrek baldintza hauek bete beharko ditu:

  • a)  Urtean 19,99 hm3 transferituko dira gehienez ere.

  • b)  Urte bakoitzean baimentzen den transferentzia-bolumena urteko gehienekoa izango da, eta arro lagatzaileko harguneetan neurtuko da, hau da, Corumbeleko urtegian eta Huelvako ur-eraztunetik ura bulkatzen den gunean. Nolanahi ere, noizbehinka, beharrezkoa denean, beste hargune batzuk ezarri ahalko dira, fisikoki bideragarri izan daitezkeenak Huelvako sistematik, eta horietan kontrol egokia ezarri beharko da, baimendutako gehieneko bolumena gainditzen ez dela bermatzeko.

  • c)  Baliabidea eta haren ingurunea babesteko eta kontserbatzeko eskakizunak kontuan harturik, oro har, eta hornidurarako erabileraren lehentasuna errespetatuz, uraren erabileren arteko lehentasun-ordena uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 60.3 artikuluan ezarritakoa izango da —dekretu horrek Uren Legearen testu bategina onartzen du—, eta horretarako kontuan hartuko dira Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 49 bis artikuluan jasotako sailkapena eta kategoriak. Gualdalquivirreko demarkazio hidrografikoaren lurralde-eremuan dauden Condadoko Mankomunitateko udalerrietako hornidurarako urteko bolumena hiru hm3 ingurukoa da. Hala ere, behar izanez gero, zifra hori handitu ahal izango da —baimendu daitekeen guztizko bolumena inoiz ere gainditu gabe— aipatutako beharrizanak asetzeko, hornidura lehenetsiko baita gainerako erabileren aldean, Uren Legeak ezartzen duen printzipioarekin bat etorriz. Transferituz gero, bolumenak ezingo dira erabili hirigintza-garapen berrietarako, aitzitik, beti erabili beharko dira lehendik araututa eta legez ezarrita dagoenaren hornidura bermatzeko.

  • d)  Guadalquivirreko demarkazio hidrografikoan baimenduta dauden ustiategiak ureztatzeko ur-baliabideen transferentzia baimendu ahalko da, Doñanako baso-eraztunaren iparraldean dauden eremu ureztatuak antolatzeko plan berezian xedatutakoa betetzeko (abenduaren 16ko 178/2014 Dekretuak behin betiko onartu zuen Doñanako baso-eraztunaren iparraldean dauden Huelvako Almonte, Bonares, Lucena del Puerto, Moguer eta Rociana del Condadoko udalerrietako eremu ureztatuak antolatzeko plan berezia) eta plan horren osagarri diren neurrien programa ere betetzeko, Masub 05-51 Almonte-Marismas akuiferoko lurpeko uren ordez lurrazaleko urak erabiltzea helburu. Horretarako, betiere, bermatuta egon behar dira Huelvako Condadoko eskualdeko udalerrietako eskariak, arro lagatzaileko erabilera propioak, arro lagatzaileko hargunetik beheragoko lurrazaleko ur-masen emari ekologikoak, eta eremu hartzailetik beheragoko ur-masen emari ekologikoak, honako hauek guztiak kontuan izanda: emari minimoak, emari maximoak, denbora-banaketa, aldaketa-tasa maximoa eta ur-goraldietako emariak. Isuraldatutako ura Doñanako baso-eraztunaren iparraldean dauden eremu ureztatuak antolatzeko plan berezian zehaztutako nekazaritza-lurzoru ureztagarrietarako baino ezingo da erabili. Isuraldatutako ura ezingo da inola ere erabili nekazaritza-lurzoru ureztagarriko esparrutik kanpo eremu ureztatu gehiago sortzeko edo lehendik daudenak handitzeko edo haien ezaugarriak aldatzeko, horrela lur ureztatuen azalera handituz Guadalquivirreko demarkazio hidrografikoan, baliabideen defizita duen ustiapen-sistema bat izanda.

  • e)  Transferentzia honi lotutako azpiegiturek bidea emango dute ekosistemak babestu eta oneratzeko, Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazio hidrografikoko erabilera eta aprobetxamendu guztien egungo eta etorkizuneko eskariei erantzuteko eta demarkazio horretan baliabideen barne-banaketa antolatzeko.

  • f)  Transferentzia hau kostuak berreskuratzeko printzipioari lotuko zaio, Uren Legearen eta Europar Batasuneko araudiaren printzipioekin bat etorriz. Transferentziaren erabiltzaileen betebeharra izango da honako hauek ordaintzea: erregulazio-kanonak, ura erabiltzeko tarifak eta ustiapen-azpisistemei dagozkien exakzio aplikagarriak, bai eta, oro har, arro lagatzailean edo arro hartzailean azpiegiturak erabiltzeko ordaindu beharrekoak ere, transferentziaren erabiltzaileak azpiegitura horien onuradun gertatzen badira.

  • g)  Uren Legearen testu bateginaren (ULTB) 115. artikuluan eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren (JPHE) 311. artikuluan ezarritakoa aplikatuta, arroko erakundeek, ordainarazpen horietarako, transferitutako uren erabiltzaileen erkidegoei likidatuko dizkiete indarrean dauden kanon eta tarifa guztiak. Ildo horretan, lehendik badiren azpiegiturak eta eraiki beharreko azpiegiturak bereiziko dira. Lehenengoetarako, orain arte kobratu diren erregulazio-kanona eta erabilera-tarifa aplikatuko dira. Exakzioak ez zaizkio erabiltzaile bakoitzari likidatuko, ureztatzaileen erkidego bati edo gehiagori baino (horretarako berariaz sortzen direnei), eta azpiegitura horien titular den erakundeak kobratuko ditu kanonak. Biltegiratze eta erregulaziorako azpiegiturak eraiki behar izanez gero, arro hartzailean eraiki beharko dira nahitaez, eta eraikuntza jasaten duen erakundeak edukiko du eskumena exakzioak kudeatzeko eta kobratzeko.

  • h)  Isuraldatutako ura erabili ahal izateko, hornidurarako uraren erabiltzaileek emakida eskatu edo aldatu beharko dute, eta ureztatzeko uraren erabiltzaileek, berriz, Doñanako baso-eraztunaren iparraldean dauden eremu ureztatuak antolatzeko plan berezian ezarritako zehaztapenak bete beharko dituzte, albora utzi gabe berariazko araudian jarritako mugak eta antolamendu sektorialeko tresnetan xedatutakoa. Transferitutako uren aprobetxamendurako tituluak —hornidurakoak nahiz ureztatzekoak— Uraren Zuzendaritza Nagusiak emango ditu, Guadalquivirreko Konfederazio Hidrografikoak instrukzioa egin eta gero.

  • i)  Transferentzia honek indarrean iraungo du Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazio hidrografikoaren eta Guadalquivirreko demarkazio hidrografikoaren plan hidrologikoetan esleituta ageri den bitartean, edo legez aldatzen den arte.

  • j)  Bermatu beharko da, betiere, isuraldatutako ura lagatzeak edo hartzeak ez duela aldaketa nabaririk eragingo arro hartzaileko eta arro lagatzaileko ur-masen egoera ekologiko eta kimiko onean.

  • k)  Ura isuraldatu ahal izateko, hori beharrezkoa dela adierazi beharko da ingurumen-bideragarritasunari buruzko aldeko txosten baten bitartez, zeinean gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-kostuen eta -onuren azterketa jaso beharko baita, eta aldez aurretik kudeaketa- eta gobernantza-neurriak aplikatu beharko dira, Guadalquivirreko demarkazio hidrografikoaren plan hidrologikoan, Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazioaren plan hidrologikoan, Doñanako baso-eraztunaren iparraldean dauden eremu ureztatuak antolatzeko planean, Doñanako lurraldea antolatzeko planean, Andaluziako itsasertzeko igarobidea babesteko planean, basoen, nekazaritzaren eta uren arloetako araudian eta aplikatu beharreko beste edozein arautan aurreikusitakoak.

Ura isuraldatu ahal izateko, hori beharrezkoa dela adierazi beharko da ingurumen-bideragarritasunari buruzko aldeko txosten baten bitartez, zeinean gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-kostuen eta -onuren azterketa jaso beharko baita, eta aldez aurretik, modu egiaztatuan, neurri hauek guztiak aplikatuko dira, eta horien aipamen zehatza ere jasoko txostenean:

  • 1. a. Doñanako baso-eraztunaren iparraldean dauden eremu ureztatuak antolatzeko planean jasotako kudeaketa- eta gobernantza-neurriak.

  • 2. a. Doñanako lurraldea antolatzeko planean jasotako kudeaketa- eta gobernantza-neurriak.

  • 3. a. Andaluziako itsasertzeko igarobidea babesteko planean jasotako kudeaketa- eta gobernantza-neurriak.

  • 4. a. Basoen, nekazaritzaren eta uren arloetako araudian eta aplikagarri den beste edozein arautan aurreikusitako neurriak.

  • l)  Huelvako Condadoko udalerriak urez hornitzeko eta Doñanako naturagune babestuaren eragin-eremuan lurrak ureztatzeko erabiltzen diren ur-baliabideen kalitate ezin hobea eta egokia bermatu beharko da. Horretarako, etenik gabe kontrolatuko dira isuraldatutako uraren parametro fisiko-kimikoak eta biologikoak.

  • m)  Bermatu beharko da, betiere, isuraldatutako ura ez dagoela kutsaturik nekazaritza-eta hiri-erabilerarekin eta eraginpeko ekosistemen egoera ekologiko onarekin bateragarriak ez diren kutsatzaileekin, horien jatorria edozein dela ere.

  • 3. Transferentziaren oinarrizko printzipioa izango da arro lagatzaileko erabilera eta aprobetxamendu guztietarako egungo eta etorkizuneko eskariak asetzea, ingurumen-murrizketak ere barne direla. Arro horren garapena ezingo da mugatu transferentzien aurreikuspenaren babesean. Elkartasunaren, jasangarritasunaren, arrazionaltasun ekonomikoaren eta lurralde-egituratzearen printzipioak ere aintzat hartuko dira.

  • 2. artikulua. Ingurumen-baldintzak.

Transferentzien ingurumen-ondorioak zehaztu ahal izateko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egingo zaie proiektu guztiei banaka eta batera, bai eta, kasua bada, transferentziei dagozkien plan eta programei ere, bai arro lagatzailean bai arro hartzailean, araudi aplikagarrian ezarritako prozedurari jarraituz.

Araudi aplikagarrian ez bada ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik aurreikusten transferentziarako, horri dagozkion proiektu guztiei batera egingo zaie ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, eta transferentziak bete egin beharko ditu ingurumen-inpaktuaren adierazpenetan jasotzen diren prebentzio-, babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak.

  • 3. artikulua. Obrak egiteko eta ustiatzeko baldintzak.

Lege honen I. eranskinean jasotako obrak Estatuko interes orokorrekoak direla deklaratzen da Uren Legearen testu bateginaren 44.2 artikuluan eta Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, onura publikoari dagokionez.

Lege honen I. eranskinean jasotako obren onura publikoaren deklarazioak indarra izan dezan, txosten bat onartu beharko da, obrak ekonomiaren, teknikaren, gizartearen eta ingurumenaren aldetik bideragarriak direla justifikatuko duena, eta kostuak berreskuratzeari buruzko berariazko azterlan bat erantsi beharko zaio.

Transferentzia honetako azpiegiturak eraikitzeko eta ustiatzeko, kasu bakoitzean egokiena den aurrekontu-, administrazio- edo sozietate-mekanismoa erabiliko da, obra hidraulikoen sustapenaren arloan indarra duen ordenamendu juridikoak aurreikusten dituenen artean.

  • 4. artikulua. Transferentzia ustiatzeko eta kudeatzeko arauak.

  • 1.  Urte hidrologiko bakoitzean Guadalquivirreko demarkazio hidrografikora transferituko den guztizko bolumena Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazioko baliabideetatik hartuko da, eta bermatu egingo dira demarkazio lagatzailearen barne-beharrizan propioak, betiere kontuan izanik lehorteetarako plangintza bereziaren determinazioak eta lehendik dauden baldintza hidrologikoak, eta haren plan hidrologikoarekin bat etorriz.

  • 2.  Demarkazio hartzailean, erreferentziazko balio batzuk ezarriko dira isuraldatutako uren hileko kontsumoetarako, erabileren eta ur-masako zonen arabera. Eskari horietarako hornidurak ez dira izango ezarritako erreferentziazko balioak baino handiagoak. Noizbehinkako desbideratzeak onartuko dira, baldin eta urtetik urterako desbideratzeen batez bestekoak gainditzen ez badu urterako adierazitako guztizkoa.

Uraren Zuzendaritza Nagusiak eta Andaluziako Autonomia Erkidegoak txostena eman ondoren, hiru hilabete igaro baino lehen, errege-dekretu baten bidez, honako hauek zehaztuko dira: isuraldatutako uren erreferentziazko kontsumoen hileko balioak, helmugako demarkazioko erabileren eta ureztapen-zonen arabera; noizbehinkako desbideratzeen gehieneko portzentaje onargarriak; gehieneko hornidurak (ezingo dira izan arro lagatzaileko plangintzan labore mota bererako ezarritakoak baino handiagoak); ingurumen-baldintzak eta emari ekologikoak bete beharra; ukitutako ur-masetan legeria espezifikoak ezarritako higiene- eta osasun-baldintzak bete beharra; eta zehaztu beharreko gainerako inguruabar espezifikoak. Horretarako, eskura dagoen informazio hidrologikoa aintzat hartuko da, eta demarkazioetako plangintza hidrologikoaren erabakiak errespetatuko dira.

Arroko erakunde eskudunek gainbegiratu egingo dituzte erabileretarako hileko hornidurak, ingurumen-baldintzen eta emari ekologikoen betetzea, legeria espezifikoan ezarritako higiene- eta osasun-baldintzen betetzea ukitutako ur-masetan, isuraldaketaren ureztatze-zonak, eta erreferentziazko ur-hustuketak. Horretarako egokitzat jotzen dituzten egiaztapenak eta justifikazioak eskatu ahalko dituzte, eta behar diren baliabide teknikoen exekuzioa agindu.

Errege-dekretu bidez erabakiko dira honako alderdi hauek: datuak eguneratzeko periodizitatea eta denbora-bitartea, aurkezteko formatuak, balio historikoen gutxienekoak, eta jaso beharko diren datu estatistikoak.

  • 3.  Ministro-agindu baten bidez, ur-baliabideen transferentziarako Kudeaketa Teknikoko Batzordea sortuko da. Bertan ordezkariak izango dituzte uren arloko eskumenak dituen ministerioak, arro lagatzailean eta harro hartzailean uren arloko eskumenak dituzten administrazioek edo arroko erakundeek, eta arro hidrografiko horietako erabiltzaileek.

Kudeaketa Teknikoko Batzordeak bere funtzionamendurako barne-araudia onartuko du, eta araudi hori, kide anitzeko organoen funtzionamenduari dagokionez, bat etorriko da urriaren 1eko 40/2015 Legeak (sektore publikoaren araubide juridikoarena) atariko tituluko II. kapituluko 3.2 atalean horretarako ezarritakoarekin.

Besteak beste, eginkizun eta ataza hauek izango dituela aurreikusten da:

  • a)  Erabakiak hartzea Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazio hidrografikotik Guadalquivirreko demarkazio hidrografikora transferitu beharreko gehieneko ur bolumenei buruz, inguruabar hidrologiko eta teknologiko aldakorren arabera, eta gero bolumen horien erabilerari buruz, urak eta ekosistemak egoera onean mantentzeko, Huelvako Condado eskualdeko hornidura-beharrei erantzuteko eta Doñanako baso-eraztunaren iparraldean dauden eremu ureztatuak antolatzeko plana betez ezartzen diren nekazaritza-lurren ureztapen-beharrak asetzeko.

  • b)  Txostenak ematea, uren arloan eskumenak dituen ministerioak eta Andaluziako Autonomia Erkidegoan aprobetxamendu hidraulikoen arloan eskumenak dituen organoak hala eskatuz gero, transferitutako ur bolumenen erabilerari eta xedeari buruz, eta, hala behar denean, jarduketa-neurriak proposatzea.

  • c)  Ur-baliabideen transferentziaren erabiltzaileei aplikatu beharreko kanonak, tarifak eta kargak ezagutzea, informaziorako.

  • d)  Isuraldaketa ustiatzeko arauak idaztea. Arau horietan zehaztuko da zer bolumen transferitu daitezkeen inguruabar hidrologikoen arabera eta arro lagatzaileko lehorteetarako plangintza bereziaren determinazioen arabera. Arau horiek objektibotasuna emango diote batzordeak hartzen dituen erabakiei.

  • e)  Lege- edo erregelamendu-mailako arauen bidez esleitzen zaizkion gainerako funtzioak.

  • 4.  Transferentzia jasotzen duen arroan, Erabiltzaileen Batzorde Zentrala edo ordezkaritza-erakunde baliokideren bat eratu beharko da. Transferitutako uren erabiltzaileen ordezkaria izango da administrazio hidraulikoen aurrean, isuraldaketa hau dela eta. Transferitutako uren aplikazio-zona bakoitzean erabiltzaile-erkidego edo -elkarte bat eratuko da, lehendik ez badago. Transferitutako uren emakiden titularra izango da, eta arestian aipatutako Erabiltzaileen Batzorde Zentralean edo erakunde baliokidean parte hartuko du. Haren estatutuek horretarako aurreikuspenak ezarriko dituzte, Uren Legearen testu bateginaren 81. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.

Erabiltzaileen Batzorde Zentralaren estatutuetan, halaber, kide diren erkidegoei dagozkien aprobetxamenduen zerrenda jarriko da. Bertan, haien obrak eta erkidego orokorraren obra propioak deskribatuko dira, bai eta funtzionamendu ezin hobea lortzeko beharrezkoak diren obra osagarriak ere. Multzo horretan sartuko dira transferentziari atxikitako obra guztiak; besteak beste, honako hauek:

  • - Ponpaketak, hodiak eta putzuak, Huelvako ur-eraztuneko putzutik Lucena del Puertoko putzura artekoak, azken hori barne, edo bilketa eta erregulaziorako beharrezkoak diren beste azpiegitura batzuk.

  • - Corumbeleko urtegitik Guadalquivirreko demarkazio hidrografikoan dauden Condado eskualdeko herrietara baliabideak transferitu ahal izateko hodiak eta adarrak.

  • - Transferentziari atxikitako beste azpiegitura batzuk, administrazio publiko eskudunek edo haiei lotutako erakunde publikoek erabiltzaileen erkidegoei erabiltzeko laga diezazkietenak.

  • 5.  Transferentziarako beharrezkoa bada bilketa- edo erregulazio-azpiegiturak erabiltzea, horiek lehentasunez arro hartzailean kokatuko dira.

  • 6.  Baliabidearen erabileraren ekonomia eta arrazionaltasun ahalik eta handienak lortzeko moduan programatuko dira isuraldaketak. Horretarako, bai azpiegitura berriak zein ukitutako arroetan lehendik dauden azpiegiturak erabili ahalko dira. Betiere, transferentziari lotutako azpiegiturek bidea emango dute, ezer baino lehen, Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazioko erabilera eta aprobetxamendu guztien egungo eta etorkizuneko eskariei erantzuteko eta demarkazio horretan baliabideen barne-banaketa antolatzeko.

Xedapen gehigarri bakarra. Plangintza hidrologikoak arro lagatzailean aurreikusten dituen lurrazaleko baliabideak bermatzea.

Arro lagatzaileko erabilera eta aprobetxamendu guztien egungo eta etorkizuneko eskariak bermatzeko, Estatuko eta autonomia-erkidegoko administrazioek lehenetsi eta bizkortu egingo dituzte hurrenez hurreneko plangintza-aldietan lurrazaleko ur-baliabideak erregulatzeko eta handitzeko aurreikusitako obrak, bereziki Alcoleako eta Coronadako presak eta eroanbideak eta Bocachanza II ponpaketaren handitzea.

Xedapen iragankor bakarra.

Lege hau indarrean jartzen denetik interes orokorrekoak deklaratutako obrak amaitzen diren arte (obra horiek I. eranskinean ageri dira), lehendik badiren azpiegiturak erabili ahal izango dira lege honen babespeko baliabideak transferitzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

  • 1.  Indargabeturik geratzen dira lege honetan xedatutakoarekin kontraesanean dauden edo haren aurka doazen maila bereko edo apalagoko arauak.

  • 2.  Espresuki indargabeturik geratzen dira xedapen hauek:

  • a)  Ministroen Kontseiluaren 2008ko otsailaren 15eko Erabakia, baimena eman zuena urtean 4,99 hm3 ur transferitzeko orduko Andaluziako arro atlantikotik —egungo Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako arrotik— Guadalquivirreko arrora.

  • b)  Ministroen Kontseiluaren 2015eko maiatzaren 22ko Erabakia, aipatutako transferentzia txikia kudeatzeko baldintzak ezarri eta Kudeaketa Teknikoko Batzordearen sorrera aurreikusten duena.

  • c)  AAA/30/2016 Agindua, urtarrilaren 18koa, Tinto, Odiel eta Piedrasko Demarkazio Hidrografikotik Guadalquivirko Demarkazio Hidrografikora baliabide hidrikoak eramateko Kudeaketa Teknikoko Batzordea sortzen duena.

  • 3.  Espresuki indargabetzen diren xedapen horiei buruz indarrean dauden arauetan egiten diren aipamenak lege honetan arlo hori bera arautzen duten xedapenei egindakotzat hartu behar dira.

Azken xedapenetako lehenengoa. Erregelamenduz garatzeko baimena.

Ministroen Kontseiluak eta uren arloan eskumena duen ministerioko titularrak, zeinek bere eskumeneko eremuan, lege hau betetzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko arauak emango dituzte.

Azken xedapenetako bigarrena. Eskumen-gaikuntza.

Konstituzioaren 149. artikuluko 1. apartatuko 13. eta 22. zenbakien arabera Estatuak dauzkan eskumen esklusiboak baliatu dira lege hau emateko.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2018ko abenduaren 5ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

I. ERANSKINA

Estatuko interes orokorrekoak deklaratzen diren obrak

Tinto, Odiel eta Piedras ibaietako demarkazioan:

  • - Pedro Arcoko presa eraikitzea.

  • - San Silvestreko tunela bikoiztea.

  • - Piedras ibaiko kanaleko 4. eta 5. sifoiak bikoiztea Huelvan.

  • - Odiel ibaiko sifoia bikoiztea, 2. fasea.

  • - Odiel ibaiaren ezkerreko ertzean sifoia bikoiztea presio-galeriaraino.

  • - Huelvako biltegien erregulazio-ahalmena handitzea.

  • - Ur-eraztuneko erregulazio-putzuaren erregulazio-ahalmena handitzea.

  • - Ur-eraztunaren garraio-ahalmena handitzea Huelvako biltegietatik ur-eraztuneko erregulazio-putzuraino.

Guadalquivirreko demarkazioan:

  • - Erregulazio-putzuak eta banaketa-azpiegiturak.

  • - Garraio-azpiegitura propioak eta isuraldaketaren erregulazioa.

Obra horiek egiteko, kostuak berreskuratzeari buruzko azterlan espezifikoa egingo da, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uren Legearen testu bategina onartzen duena) xedatutakoa betetzeko.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra