Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

10/2015 Legea, maiatzaren 26koa, Kultur Ondare Immaterialaren Babeserako

2015-05-26

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/05/27, 126. zk.

bcl_1124034381.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

5794

10/2015 Legea, maiatzaren 26koa, Kultur Ondare Immaterialaren Babeserako.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Kultur ondasun immaterialak

Kultur ondarearen kontzeptua etengabe handitu da azken mendean zehar. Hasierako izaera artistiko eta historikoa eta monumentuen kategoria ez ezik –horiek baitziren aintzat hartzen ziren balio eta tipologia nagusiak–, beste elementu batzuk ere erantsi dira, kulturaren nozio berri eta zabalago bat osatu arte. Kontzeptu berri horren jatorrian etnologiaren eta antropologiaren teorizazio zientifiko berri bat datza; alegia, beste kultur adierazpide eta molde batzuekiko kontzientzia soziala areagotzea ekarri duen teorizazioa. Gertatu den prozesua deskribatzeko, «gauzaki-ondasunak» kontzeptutik «jardueraondasunak» kontzeptura igarotzea dagoela esan liteke, doktrinak proposatzen duen bilakaeraren arabera, edo, gaur egungo hitzetan esanda, ondasun materialetatik ondasun immaterialetara.

Ahaztu gabe ezen, funtsean, kultur ondasun guztiek dutela osagai sinboliko ez-ukigarri bat, eta materialtasunaren eta immaterialtasunaren arteko uztardura sakona eta, askotan, banaezina dela, kultur ondarearen euskarrien kanpo-eraketak trenkatzen du materialaren eta immaterialaren arteko diferentzia, bi gai-mota bereizi eta bakan gisa. Eta horrek formula eta teknika juridiko erabat ezberdinak eskatzen ditu, bata edo bestea babesteaz den bezainbatean. Ondasun materialen babesean «kontserbazioa» da oroz gainetik lehenesten dena, eraketa jatorrizkoa eta lurralde-kokapena (batez ere, ondasun higiezinetan) ; ondasun immaterialetan, aldiz, praktika eta komunitate eramaileak «zaintzeko» ekintzak nabarmentzen dira, haien barne-barneko eboluzioaren baldintzak iraunarazteko xedez, zeinak belaunaldien barneeta kanpo-transmisioaren bitartez gauzatzen baitira. Ondasun immaterialek ere badute beren locus espaziala, baina locus horrek eremu eta helmen lausoagoak izan ditzake; izan ere, funtsezkoena ondasuna osatzen duten kultur adierazpideak daramatzan komunitatea izan ohi da, bai eta beraren izari dinamikoa eta ondasuna konpartitua izateko gaitasuna ere.

Ondare immateriala sortzeko prozesua luzea da denboraren harian. Azterlan etnografikoek eta antropologikoek, XIX. mendearen hondarreko urteetan estatus zientifikoa lortu zutenetik aurrera, kultura tradizionalaren adierazpideekiko interesa piztu zuten. Gogoan hartzekoa da, Espainiako folklorea aztertu zutenen artean, Antonio Machado Álvarez jaunaren izena, Machado anaien aita, garai hartarako ikuspegi moderno eta aurreratua erakutsi baitzuen folkloreaz. Espainiatik kanpo –batez ere Ingalaterran– urte haietan sorturiko ekimenak eredu hartuta, Sociedad para la recopilación y estudio del saber y de las tradiciones populares elkartea sortu zuen 1881ean. Gogoeta horiek indartuz joan ziren XX. mendean, antropologia eta etnologiak bizi izandako aurrerapen zientifiko handiari esker.

Hala eta guztiz ere, ondare historiko materialak ez bezala, gaur egun ondare immateriala deitzen dugunak ez zuen tokirik lortu ondarearen babes juridikoaren sisteman XX. mendearen zati gehienean.

Izan ere, kultur adierazpide immaterialak ordenamendu juridikoan sartzea kontu berria da, azken hamarkadetan baino gorpuzten hasi ez dena, estimazio soziala hazi arau. Horrekin batera, kultur ondarearen gaineko berrikuntza juridiko doktrinala ekarri duen prozesu bat gertatu da, eta horretan azpimarratzekoa da Italian, aurreko mendearen hirurogeiko hamarkadan, Franceschini batzordeak eta Giannini zuzenbide publikoko abokatuak eratutako doktrinak egindako ekarpena, kultur ondasunen kontzeptu berri bat proposatzen baitute, kontzeptu zabala eta irekia: «Zibilizazioaren Historiaren erreferentzia bat dakarren oro Ondare Historikoaren zati bat da».

Balioespen juridikoaren prozesu hau bi eremu bereizitan mamitzen da: nazioarteko tresnetan eta barne-zuzenbidean.

II

Espainiako legeria

Kultur ondasun immaterialak ozta-ozta jaso ziren kultur ondareari buruzko lehendabiziko arau orokorretan. Arte-ondasunak babestu, kontserbatu eta handitzeari buruzko 1926ko abuztuaren 9ko Errege Lege Dekretuak, adibidez, «tipikoa» eta «pintoreskoa» baino ez du aipatzen, eta arkitektura-multzoen esparruan betiere. Ondare historiko-artistikoa babestu, kontserbatu eta aberasteari buruzko 1933ko maiatzaren 13ko Legeak labur-labur baino ez ditu aipatzen, 3. artikuluan, suntsipenaren aurka edo erreforma kaltegarrien aurka babestu beharreko ingurune pintoreskoak. Ondasun horiek argiago agertzen dira 1953ko eta 1961eko Dekretuetan, ondare etnologikoaren edo folklorikoaren inbentarioak, katalogoak eta zerbitzu propioak baitituzte aztergai, baina horiek guztiak ondasun materialen esparrura mugatuta.

Espainiako 1978ko Konstituzioak, ordea, esparru kontzeptual berri bat erakusten du, argi eta garbi ondare immaterialaren aldekoa, aitzindaria izan zena Europako konstituzioen eremuan. Testuan zehar ezin argiago antzematen da ikuspegi berria. Hitzaurrea bera, zeinak testu osoaren muina jasotzen baitu, ezinago adierazkorra da Espainiako nazioari agintzen dionean «espainiar guztiak eta Espainiako herri guztiak babestea giza eskubideen egikaritzan, baita beraien kultura eta tradizioak, hizkuntzak eta erakundeak ere». Orobat gertatzen da 3.3 artikuluan, Espainiako pluraltasun linguistikoaz ari denean, kultur ondare gisa babestu beharreko aberastasun moduan, ez bakarrik ikuspegi linguistiko soil batetik, ezpada ere begirada kultural zabalago baten argitan: «Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultur ondarea da, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango du». Aurrerago, 46. artikuluan, beste urrats bat ageri da; lehenik eta behin, ondareari buruzko ohiko «historiko eta artistikoa» izenondoak gainditu eta hirugarren balio bat eransten baitu, «kulturala», zeinak babesaren kontzeptua argiro zabaltzen baitu, orain «kultura immateriala» deitzen dugun hori besarkatuz. Azkenik, 149.1.28) artikuluan, Espainiaren kultur ondarea babestea azpimarratzen du berriz ere, ondare artistiko eta monumentalarekin batera.

Baina Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legea, ekainaren 25ekoa, izango da Estatuaren legeriaren esparruan Konstituzioak iragartzen dituen balio immaterialak esplizituki aintzat hartuko dituena; izan ere, babesteko objektu berri gisa aipatzen ditu, ondare etnografikoaren eremuan, «ezaupideak eta jarduerak». VI. tituluak (Ondare Etnografikoa) honela definitzen du Espainiako Ondare Historikoa, 46. artikuluan: «alderdi material, sozial eta espiritualen aldetik espainiar herriaren kultura tradizionalaren adierazpide esanguratsuak diren edo izan diren ondasun higigarri eta higiezinak eta ezaupideak eta jarduerak». Legearen 47. artikuluak dioenez, «komunitate jakin batek darabiltzan eredu edo teknika tradizionaletatik datozen ezaupide eta jarduerek balio etnografikoa dutela joko da, eta Administrazioaren babesa jasoko dute».

Komeni da gogoratzea, gainera, autonomia-erkidego guztiek burutu dutela alor honetako beren arauzko erregulazioa, kultur ondarearen alorrean bakoitzak dituen

eskumen esklusiboak aplikatuz. Bide horretatik, 1990etik 2013ra arte ondare historiko edo artistikoari buruz onartu den arauri autonomikoa bereganatuz joan da, formulak formula eta izendapenak izendapen, kultur ondare immaterialen eremua.

Azpimarratzekoa da Tauromakia kultur ondare gisa arautzeko azaroaren 18/2012 Legeak azken xedapenetatik lehenengoan dioena; alegia, Gobernuari agintzen dio behar diren arauen erreformak bultzatzeko, Espainiako legeriaren barruan, Unescoren Kultur Ondare Immateriala Babesteko Konbentzioaren agindua eta helburuak jasotzeko.

Azkenik, gogoan hartzekoa da ezen, zuzenbide erkatuaren ikuspegitik begiratuta, kultur ondasun immaterialak munduko ordenamendu juridiko nazionaletan jasota agertzen direla, batez ere Iberoamerikakoetan. Ikusgaitasun hori kontzientzia sozial berri baten pizgarria da, eta nabari-nabaria da konstituzioetan, arau gorena diren aldetik. Azken hamarkadetako konstituzio berri edo berrituen testuetan joera argi bat dago ideia hauek jasotzeko; batzuetan zuzen-zuzenean, eta beste batzuetan kontzeptuen testuinguru berri baten bitartez, kultur ondarearen barruan daudela modu errazago batez ulertaraziz. Esate baterako, Espainiako 1978ko Konstituzioaz gainera, Brasilgoa (1988) , Kolonbia (1991) , Mexiko (1917) , Ekuador (2008) , Bolivia (2009) , Polonia (1997) edo Portugal (1976) . Horien guztien artean, nabarmentzekoa da Brasilgo Konstituzioaren 216. artikulua, zeinak, hizkera konstituzionalean lehenengo aldiz ondasun immaterialak aipatzeaz gainera, ondasun horien artean sartzen baititu «adierazmoldeak» eta «sortzeko, egiteko eta bizitzeko moduak». Horrekin batera, gero eta herrialde gehiagoren legerietan agertzen dira ondare immaterialari buruzko lege bereziak; horien artean azpimarratzekoak dira Brasilgoa (2000) eta Portugalekoa (138/2009 Lege Dekretua, ekainaren 15ekoa) .

III

Nazioarteko konpromisoak

Dena den, ondare immaterialaren bultzagarri garrantzitsuena nazioarteko zuzenbidean datza, batez ere Unescoren jardunbidean, zeina burura iritsi baitzen Kultur Ondare Immateriala Babesteko 2003ko Konbentzioan.

Konbentzio horren aurretik, hainbat urrats eman ziren aurrera begira, ez oso denbora luzean, baina ekimen ugariz akuilatuta. 1972ko Konbentzioan ondare immateriala ilunpe osoan geratu baitzen, horrek berak eragin zuen hurrengo urteetan batzar eta adierazpen sorta ederra izatea. Behin eta berriz esana dagoenez, Munduko Kultur eta Natur Ondarea Babesteko Unescoren 1972ko Konbentzioak kultura materiala izenekoaren objektuetan jarri zuen arretagune nagusia. Beraz, nazioarteko zuzenbidean erabakitzeko zegoen kultur sorkuntza sozialak eta komunitario immaterialak juridikoki baloratuko zituen tresna bat sortzea.

Nazioartean egin diren jarduketen artean, batez ere Unescok gidaturikoen artean, gogoan hartzekoa da Akkrako 1975eko Konferentzia, Afrikako lurralde-eremura mugatua, zeinak azpimarratzen baitu kultur dibertsitatearen balioa, hizkuntzak eta ahozko tradizioa zaintzeko beharra, eta arte tradizionalak eta herrikoiak sustatu beharra.

Handik gutxira, 1978an Bogotan egindako Konferentzian, herrien identitateari eta haien zinezkotasunari lotutako ondarea azpimarratu zen, hura berreskuratzeko eta zaintzeko garrantzia nabarmendu, eta adierazpen bat onartu zen, 31. gomendioan musika eta dantza funtsezko elementutzat jotzen zituena.

Beste mugarri garrantzitsu bat 1982an izan zen, Unescok antolatuta, Kultur politikei buruz Mexikon egindako gobernuarteko Konferentzian. Batzar hori garrantzitsua izan zen aurreko gomendio guztiak sistematizatu zituelako. Konferentzian onartutako Adierazpenak kulturaren eremu guztiak jaso zituen, eta nabarmendu zuen kultur ondarearen osagaiak «herri baten sormena adierazten duten materialak eta immaterialak» direla; hitzez hitz aipatzen ditu, besteak beste, hizkuntzak, errituak, sinesmenak, literatura eta arte-lanak, ondare immaterialaren berezko ondasun gisa.

Unescoren beste konferentzia batek, 1988koak, gomendio bat egin zien estatu kideei «Folklorea Babestea» dela eta. Babes hori jaso zuen Parisko 1989ko Konferentziak, zeinean, gainera, mugarri funtsezko bat ezarri baitzen alor horretan; izan ere, bertako

Adierazpenak honako izendapen hau erabili zuen: «Traditional Culture and Folklore», gero gaztelaniara «Cultura tradicional y popular» itzuli zena. Adierazpenean, «folklore» terminoaren definizioa ematen da, eta bertan sartzen dira hizkuntza, literatura, musika, dantza, jokoak, mitologia, errituak, ohiturak, eskulanak, arkitektura eta beste arte-mota batzuk.

Aurreko konferentzia erabakigarri horren ondotik, hurrengo hamarkadan, Gomendioaren aplikazioa ebaluatzeko mintegi batzuk antolatu ziren, terminologia aldetik aldaketa bat ekarri zutenak: «ahozkoa» eta «ukiezina» kontzeptuak agertu ziren. Aldaketa hori beren beregi aztertu zen Washingtongo 1999ko Konferentzian. Konferentzian eztabaida piztu zen «folklore» terminoak dituen arazoen inguruan, gutxiespen-kutsua baitarama itsatsita, eta beste alternatiba batzuk bilatzeko beharra aztertu zen: «ahozko ondarea», «ezaupide eta trebetasun tradizionalak», «ondare ukiezina», «jakiteko, izateko eta egiteko moldeak». Urte horretan bertan Kaledonia Berrian egindako beste mintegi batean berariaz baztertu zen «folklore» terminoa. «Kultur ondare immateriala» esamoldea 2001. urtean sendotu zen, Unescoren zuzendari nagusiaren txosten batean, eta 2002. urtean, Istanbulen onarturiko Adierazpenean.

Prozesua bururaino eraman zen 2003ko urriaren 17an, Unescoren 32. bilkuran, Kultur Ondare Immateriala Babesteko 2003ko Konbentzioan (Espainiak 2006an berretsi zuen Konbentzioa) .

Eskualde mailako nazioarteko tresnetan ere nabaritzen da antzeko bilakaera izan dela; Iberoamerikaren eremuan, azpimarratzekoa da Kultur Gutun Iberoamerikarra. Adierazpen horretan –2006an Montevideon egindako Goi-bilera Iberoamerikarrean onartu zen–, ondare-mota horri eginiko erreferentzia ugari jaso ziren. Besteak beste, «Helburuak» izena duen I. tituluan, Iberoamerikako herrialdeen konpromisoa ageri da, «Iberoamerikako kultur eta natur ondarearen babesa eta hedapena, materialarena eta immaterialarena» sustatzeko. Konpromiso hori aurrerago garatzen da, III. tituluan («Aplikazio Eremuak») , kultur ondareari buruzko eremu bat gehitzen baita, zeina osatzen baitute «bai ondare materialak bai immaterialak, biak ere nahitaez bereziki errespetatu eta babestu beharrekoak».

Gainera, New Yorken 2007ko abuztuan egindako Izen Geografikoei buruzko Nazio Batuen IX. Biltzarraren IX/4 ebazpenak, aurreko konbentzio hori aintzat hartuz eta toponimoak kultur ondare immaterialaren zati bat direla iritzita, adore ematen die ardura duten erakunde ofizialei ondare hori zaintzeko eta sustatzeko programa bat egin dezaten, Konbentzioaren 2.3 eta 18. artikuluekin bat etorrita.

IV

Estatuaren eskumena

Gauza jakina da Espainiako Konstituzioak eskumen-sistema konplexua ezartzen duela kulturaren alorrean, beste alorretan parekorik ez duen espezifikotasuna duten arauen bitartez. Hona zein dituen bereizgarritasun nagusiak: balio sentikorretan eragitea –baliook funtsezko hainbat eskubide egikaritzeari estuki lotuak daude–, kontzeptuaren beraren zehaztugabetasuna eta horizontaltasuna –ohikoak baino eskumen-tituluen arteko talka gehiago sortzen dira–, eskumenen arteko lehia edo bikoiztasuna –funtzio jakin batzuetan administrazio ezberdinek batera dihardute, ohiko inclusius unius, exclusius alterius– eskumen-banaketaren logikatik at, eta kultur komunikazioaren betebeharra –aniztasunean oinarrituriko bizikidetza-proiektu demokratiko gisa–.

Horiek horrela, azaldu dezagun nola txertatzen diren Estatuaren eskumenak lege honetan:

A.Legea, kultur ondare immaterialaren «tratamendu orokorrerako» arau gisa.

Arau honek bilatzen duen erregulazioaren posibilitatea Konstituzio Auzitegiaren doktrinan datza, nagusiki (epai guztien erakusgarri, 17/1991 epaia, urtarrilaren 31koa, eta 49/1984 epaia, apirilaren 5ekoa) . Epai horien arabera, «ondare historiko-artistikoaren

alorra beste alor handiago batean –kulturan, alegia– integratzeak bide ematen du Estatuak lehendabiziko horren gainean legeak egiteko duen ahalaren funtsa aurkitzeko», zeren eta Estatuaren eskumena aplikatu behar baita «kultur ondare komuna babesteko alorrean, baina baita ere tratamendu orokorra behar duen alorrean edo ekintza publiko hori behar duen alorrean ere, helburu kulturalak ezin direnean beste instantzien bitartez erdietsi» (Konstituzio Auzitegiaren 49/1984 epaia) .

Aurreko doktrina horrekin bat etorriz, lege honen xedea da «tratamendu orokorra» eskaintzea benetan horren beharra dagoen alorrean, zeren eta, dagoeneko azaldu den moduan, kultur ondare immaterialak loraldi nabarmena bizi izan baitu, bai kontzeptualizazio aldetik bai kontzientzia sozialaren aldetik eta, batez ere, nazioarteko ordenamendu juridikoan, zeinean bereziki nabarmentzen den Unescoren 2003ko Konbentzioaren onarpena. Espainiako Ondare Historikoari buruzko Legea onartu zen garaiko testuinguruan, 1985. urtean, garrantzi gutxi eman zitzaion «ondare etnografikoari», eta horregatik agertzen da legean hain modu labur eta soilean, ondare berezi gisa, 46. eta 47. artikuluetan, gaur egun askitzat joko ez genukeen eran. Horiek horrela, hauxe da legeak bilatzen duen xedea, Konstituzio Auzitegiaren 17/1991 epaiko hitzak hizpide hartuta: kultur ondasunen araudi berezia finkatzea, zeinak «lehenik eta behin, aipaturiko 49/1984 epaiak aztergai dituen “tratamendu orokorrak” biltzen baititu, eta, haien artean bereziki, definizio bateratua eskatzen duten printzipio instituzionalak» (3. O.J.) .

Argi dago tratamendu orokor baten aurrean gaudela; izan ere, legeak gidalerro nagusi batzuk baino ez ditu ematen, eta horrek ez die autonomia-erkidegoei eragozten alor horren gaineko beren araudi espezifikoak ematea, erkidegoak babesten dituen araukonkurrentziaren erregelari jarraituz. Alegia, gidalerro nagusiak dira: ondare immaterialaren kontzeptu oinarrizko eta orokor bat finkatzea; gaur egungo ondarean inplikatuta dauden oinarrizko printzipio eta eskubideak zehaztea; kultur ondare immaterial espainiarra sartzeko bide administratiboak eta organikoak ezartzea (Kultur Ondare Immaterialaren Inbentario Orokorra) ; jarduteko tresna operatiboak arautzea (Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionala) , eta Unescoren Konbentzioaren arabera ondare immateriala hobeto babesteko eta ezagutzeko laguntza handia eman dezaketen eremu eta sektoreen helburu orokorrak finkatzea (kultur gordailutegiak, hezkuntza, gizarte hedabideak...) .

B.Estatuaren jarduna, ondare immaterialaren balioak eta ondasun komunak nabarmentzeko.

Legeak bere gain hartzen du, halaber, Konstituzioak nahitaez ezarririko zeregin espezifiko bat: kultura komuna nabarmentzeko lana sustatzearen agindua garatzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioak 149.2 artikuluan Estatuari agintzen dio –arrandi handiz eta Espainiako Konstituzioan parekorik ez duen aginte-kutsu batez agindu ere– kulturaren zerbitzua funtsezko eginkizuntzat har dezala, autonomia-erkidegoek dituzten eskumenak eragotzi gabe: «Autonomia-erkidegoek har ditzaketen eskumenak kontuan harturik, Estatuak kulturaren zerbitzua funtsezko eginkizun eta betebehartzat hartuko du…». Azpimarra jartzen da kulturaren gaineko ekimenean (“hartuko du”) eta ekimen horren kalifikazioan (“funtsezko eginkizun eta betebehar”) , zeina, kasu honetan, Estatuaren Administrazio Orokorreko erakundeei egozten baitie zuzenean eta berehalakoan, baina arauak Estatuaren misioaren helmena zedarritzen du, kulturaren alorrean autonomiaerkidegoek dituzten eskumenak errespetatuta betiere (“Autonomia-erkidegoek har ditzaketen eskumenak kontuan harturik...”) .

Agindu hori da, hain zuzen ere, eskumen-konkurrentziaren oinarria. Formula berezia da kulturaren eremuan, eta haren jatorria datza Konstituzioak kultura kontzeptu poliedriko eta konplexu gisa ulertzeko duen ikuspegian. Lurraldeetako botere publikoen arteko zeregin-banaketa antolatzerakoan arauak finkatu nahi duena, labur zurrean, hauxe da: gizabanakoen eta taldeen balio sinboliko-espresiboak plano ezberdinetan ager daitezkeela, batera baina berezita. Horregatik, kultur balio horien sustapenak eta lurralde-erkidegoen eta estatu-erkidego orokorraren sustapenak, gizarte demokratiko eta antolatu batean txertatuta, printzipio eta arau sorta bat dakartza Konstituzioan, kultur dibertsitate hori sistema bete eta integratu gisa.

Oinarri ezin demokratikoago horietan sustraitzen da, eskumen-banaketaren teknikoaren aldetik, kultur alorreko eskumenen arteko lehia edo bikoiztasuna, bereziki kultur balio sorta hori sustatzeko eta babesteko ekintzaz ari garela, doktrinak adierazi duen moduan. Izan ere, Konstituzio Auzitegiak oso goiz eta argi eta garbi hartu zuen bere gain konkurrentzia hori, 49/1984 epaian. Aipua luzea da, baina beharrezkoa: «… kultur bizitzaren gaineko hausnarketa batetik ondorioztatzen da kultura dela bai Estatuaren eskumen berezko eta instituzionala bai autonomia-erkidegoena ere. Areago, esan liteke halaber dela beste erkidego batzuen eskumena ere; alegia, erkidego bat bizi den tokian beti dago kultur adierazpide bat, zeinaren eskumena egitura ordezkatzaile publikoek beregana baitezakete, adiera tekniko-administratibo zorrotzean ez beste batean “kulturaren sustapena” kontzeptuaren barruan ulertuz. Hori da Espainiako Konstituzioaren 149.2 artikuluaren funtsa, zeinean, erkidegoen eskumena aitortu ondoren, Estatuarena berresten duen, azpimarratuz kulturaren zerbitzua funtsezko eginkizun eta betebeharra dela. Beraz, Estatuaren eskumena eta erkidegoen eskumena ditugu; alegia, eskumen-banaketa bertikal bat baino gehiago eskumen-konkurrentzia bat dago, gizartearen berezko kultur balioak zaintzeko eta sustatzeko kasuan kasuko instantzia publikotik bultzatuta».

Lege honetan jokoan dago, hortaz, Estatuak jaso duen aginpidea betetzeko gai den ala ez, ondare immateriala dela-eta lehentasunez ordezkatzeko esleiturik dituen balio komunei dagokienez. Hau da, Eskatuak nabarmendu dezala –49/1984 epaiko hitzak erabiliz– erkidego estatalaren erakusgarri izan daitezkeen ondare horren «kultur adierazpideen» balioa, «Kultur Ondare Immaterialaren Adierazpide Erakusgarri» deklaratuz. Eta hori posible da, eta beharrezkoa, zalantzarik gabe, ondare immaterialaren kasuan. Nahiz eta Konstituzio Auzitegiaren 17/1991 epaiak, Espainiako Ondare Historikoari buruzko Legea interpretatzen duenean, ebatzi zuen kultur ondasun materialen deklarazioak egikaritzeko eskumena nagusiki erkidegoena dela (salbuespenak salbuespen) , irizpide horren funtsa da, epaiak beren-beregi dioenez, ondasunak lurralde-locus batean inskribatuta daudela: «kultur interesa duten ondasunen lege-kategoria Espainiako Ondare Historikoaren barruan ondare horren ondasun garrantzitsuenek osatzen dute, eta gehienetan autonomiaerkidegoren batean kokatuta egoten dira» (10. O.J.) .

Hala eta guztiz ere –eta ondoko datu hau funtsezkoa da–, ondasun immaterial batzuek, lurralde edo toki jakin batean sortu eta sustraituta badaude ere, horrekin batera erkidegoz gaineko adierazpideak ere eduki ditzakete, bai ondasuna autonomia-lurralde batean baino gehiagotan hedatzen delako, bai espainiarren imajinario kolektibo orokorrean sendo errotutako adierazpideak direlako. Azken adierazpide horiek lotuta daude, bereziki, estatuz haraindiko beste lurralde batzuetan ere aitorpena duten edo partekatzen diren ondasun immaterialekin; adibiderik garbiena Espainiaren historian ondu diren kultur balioena da; batez ere, kultura iberoamerrikarra izenekoa osatzen dutenena.

Hau da, ondorioz, kultura komuna dela-eta Espainiako Konstituzioaren 149.2 artikuluaren agindua betetzeak –kulturaren zerbitzua «funtsezko eginkizun eta betebeharra» dela ulertzeak– Estatuarentzat duen zentzua; alegia, uler daitekeela baldintza horiek betetzen dituzten adierazpideak izan daitezkeela. Izan ere, jakin arren Espainiako Konstituzioaren Hitzaurrea ez dela eskumenak esleitzeko testuak duen zati berezkoa, onartu beharra dago laguntza ematen duela berezko izaera hori duten arauen zentzua interpretatzen, hala nola aipaturiko 149. artikuluko 2 zenbakiarena. Eta Hitzaurreak, laugarren paragrafoan, argi uzten du «espainiar guztiak» eta «Espainiako herri guztiak» kultur adierazpide immaterialen eramaileak direla: «Espainiako nazioak (...) honako borondate hau aldarrikatzen du: (...) Espainiar guztiak eta Espainiako herri guztiak babestea giza eskubideen egikaritzan, baita beraien kultura eta tradizioak, hizkuntzak eta erakundeak ere.» Horra hor osotasun soziala –espaniar guztien multzoa– eta zatiak – Espainiako herriak–, biak batera kultura eta tradizio, hizkuntza eta erakundeen subjektu eramaileak.

Azkenik, arrazoibidean sakonduz, egokia da hemen aipatzea Konstituzio Auzitegiaren doktrina orokorrak dioena eskumen autonomikoen eremuetan Estatuak aparteko kasuetan esku hartzeko duen ahalaz: «eskumenaren xede den egitateak autonomia-erkidego baten lurraldea baino eremu zabalagoa hartzen duenean, eta, gainera, egitate horren gainean

gauzatzekoa den jardun publikoa ezin zatitzeko modukoa denean (eta ezin zatitzeko moduko jarduna izanik ere, beharrezkoa da, orobat, jardun hori lankidetzaedo koordinaziotresnen bitartez ere ezin gauzatzea, eta homogeneotasun bat behar izatea, eskumena titular bakarraren esku utziz –nahitaez Estatua izan behar da titular hori– baizik bermatu ezin den homogeneotasun bat) ; edo, bestela, autonomia-erkidego batzuen eta besteen interes kontrajarriak bateratzeko gaitasuna duen erakunde batera batengana jo behar denean» (Konstituzio Auzitegiaren 223/2000 epaia, irailaren 21ekoa, 11. O.J.) .

Bistan da kultur ondasunak adierazteko Estatuak duen aukera hau ez dela mugagabea, zeren, bestela, autonomien eskumen-galera edo -desitxuratzea ekar bailezake. Alde batetik, justifikatuta egon beharko du, eta arauz dagokion kasuetan baino ez da erabiliko, kultur ondasunak zehazteko eta adierazteko berezkoak diren prozeduretan ohiko auctoritas zientifiko eta teknikoak erabiliz (aginduzko kontsulta-txostenen bitartez) . Eta, bestetik, harantzago joanda –ondare immaterialaren izaera bereziak bidea ematen du-eta harago joateko– Estatuaren deklarazioaren mendeko kultur ondasunak egoteak ez du esan nahi autonomia-erkidegoek ezin dituztenik beren aldetik ondasun horiek deklaratu, beren prozedura eta kategoria berezkoak erabiliz, autonomia mailan edo autonomiaz azpiko maila batean kultur adierazpide espezifikotzat har daitezkeen neurrian, ondasunok haien lurralde-eremuan hartzen dituzten adierazpide edo modulazio partikularrak babesteko eta haien balioa nabarmentzeko.

Ukaezina da ezen, konkurrentzia zentzu horretan ulertuta, horixe dela Espainiako Konstituzioak kultur dibertsitatea antolatzeko aukeratu duen sistema; alegia, kultur dibertsitatea aberastasun konplexu eta teilakatu gisa onartzen duen kultur pluralismoaren sistema. Gogoan hartuta, betiere, formula horrek bateragarritasunerako eta lankidetzarako arau partikularrak behar dituela, baldin eta nahasmendurik edo sakabanaketarik gertatuko ez bada. Eta honetantxe dator harira Espainiako Konstituzioaren 149.2 artikuluko agindua –ez teknika bakar gisa, baina bai oso bitarteko garrantzitsu gisa–, Estatuari esleitzen dionean «autonomia-erkidegoen artean kultur harremanak errazteko eginbeharra, haiekin ados jarrita».

C.Kultur harremanak erraztea.

Hauxe da, izan ere, Legeak bilatzen duen hirugarren helburua. Legearen ardatzetako bat «kultur harremanak» dira, Espainiako Konstituzioak 149.2 artikuluan, berriz ere agintekutsu batez formulatuta, Estatuari esleitzen dion eginbeharra: «... eta autonomiaerkidegoen artean kultur harremanak errazteko eginbeharra, haiekin ados jarrita».

Kultur harremanei buruzko proposamen honek bi zehaztapen-maila eskatzen ditu: bata administratiboa eta bestea sustantiboa. Lehendabizikoa, dagoeneko aipatua eta Konstituzio Auzitegiaren 17/1991 epaian adierazia eta balioztatua, lotuta dago ondare historikoaren alorrean Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean eta erkidegoek beren artean eraman behar duten administrazioarteko kolaborazioarekin; izan ere, Espainiako Konstituzioak ezarritako Estatuaren lurralde-egituraren ereduaren muin-muineko eginkizun orokorra da, eta, gainera, kulturaren kasuan bereziki, Konstituzio Auzitegiak hitzez hitz dioen moduan, «Espainiako Konstituzioaren 149.2 artikuluko aginduak indartzen duelako». Baina, aldi berean, maila sustantiboa duen eginbeharra da, bazterrezina eta Espainiako Konstituzioaren kultur pluralismoaren berezko osagai ezin kenduzkoa, botere publikoek Estatuan mamitzen diren kultur balio eta adierazpide ugariak komunikatzea, balioztatzea eta aitortzea, horretarako adostasun eta kontsentsu bideak erabiliz.

Aipaturiko 149.2 artikulu horretan, Estatua eginkizun horren bermatzaile ageri da, baina betiere autonomia-erkidegoekin batera jardunda. Hots, ez ditu erkidegoak uzten Estatuari emandako agindu horren destinatzaile pasibo huts moduan; aitzitik, lankide ezinbestekotzat jotzen ditu, «haiekin ados jarrita» jarduteko exijitzen baitu. Jakina da Espainiako Konstituzioak prius moduan hartzen duela Espainiako kultur dibertsitatea (kultur adierazpideen arragoa konplexu eta elkarri lotutako bat dagoela onartzen duen neurrian, zeinean kultura komunak ere bere tokia duen) . Baina, hala eta guztiz ere, ez du Estatuaren ekinbide aldebakarrik proposatzen arragoa hori babesteko, ezpada ere «kultur harremanak» bultzatzearen alde agertzen da, hau da, kultur pluraltasun horren subjektuen

interakzioaren alde (komunikazioa, difusioa ez bezala, aldebiko ekintza da) . Eta, gainera, kontsentsu-irizpide demokratikoen barruan dihardu, «haiekin ados jarrita». Azken batean, proposamenaren funtsa, maila sustantibo horretan, zerean datza: gure estatuaren kultur pluraltasunari begira kultur proiektu oso garrantzitsu baten zutabeak jartzea, dibertsitatea ulertuz atxiki beharreko eta gerora zaindu beharreko aberastasun gisa. Dibertsitateak maila ugari ditu, eta botere publikoen eginkizun zibilizatzailea eta demokratizatzailea da, bakoitzak interes orokorrari begira duen zerbitzu-eremuko misio espezifikoetatik abiatuta, maila horien balioa nabarmentzea, ez dibertsitate murriztu baten alde, baizik bete-beteko baten alde, eta horrek balio erantsi garrantzitsu bat du, alegia, herritarren kultur askatasuna aberastu eta zabaltzen du, askatasun klasikoa eta autonomia abiagune hartuta, aukera berri baterantz: aukeren artean hautatzeko askatasuna. Horixe da, hain zuzen ere, Unescoren 2005eko Kultur Adierazpideen Aniztasuna Babesteko eta Sustatzeko Konbentzioaren proposamena, Espainiak ere berretsi zuena. Hitzaurrean bertan kultur aniztasuna definitzen du mundu aberats eta askotariko baten iturri gisa, «aukera-sorta ugaltzen duena», eta aurrerago, 2.1 artikuluan, aniztasuna lotzen du giza eskubideekin eta oinarrizko askatasunekin eta, bereziki, adierazpen-, informazioeta komunikazioaskatasunarekin, eta, orobat, «pertsonek nahi dituzten kultur adierazpenak hautatzeko aukera izatearekin».

Eta hementxe ikusten da ondare immateriala eremu berezi eta ezin egokiagoa dela, berezkoa du-eta parte hartzea, jolas-izaera eta komunikagarritasuna, eta gizabanakoen artean, taldeen artean eta komunitateen artean elkarri eragiteko gaitasuna baitu.

D.Ondare immateriala lapurretaren eta esportazioaren aurka babestea.

Espainiako Konstituzioaren 149.1.28) artikuluaren arabera, Estatuari dagokio «ondare kultural, artistiko eta monumentala esportazio eta lapurretaren aurka babestea». Bistan da, hemen, «kultural» izenondoak, lehen azaldu den moduan, ondasun immaterialak ere besarkatzen dituela. Eta argi dago, halaber, kasu honetan babes horrek ondare kultural «espainiarra» hartzen duenez, orobat barne hartzen dituela Estatuaren lurralde osoan gertatzen diren kultur adierazpide immaterial guztiak, zeinak, lehen azaldu den moduan, kasuan kasuko eskumen-esparruaren arabera, bizitza sozialean gauzatzen diren kultur adierazpide immaterialak ordezkatzen dituzten administrazio publikoek deklaratu behar baitituzte. Esan nahi baita kasu honetan «espainiar» izenondoa kontzeptu ezberdinak batzen dituen agregatzailea dela; alegia, ez da mugatzen Estatuaren erkidego orokorraren kultur ondasun adierazgarrien multzora bakarrik –hau da, kultura komuna beren-beregi ordezkatzen duten ondasunetara–; horiek ez ezik, lurralde-erkidegoenak ere biltzen ditu, eta, are, beste komunitate batzuenak ere bai, Konstituzio Auzitegiaren 17/1991 epaiak dioen moduan, 49/1984 epaiaren harian.

Dena den, babes-ekintza horrek eskatzen du ongi bereiztea zein den lapurretaren helmena eta zein esportazioarena, bi horien beraien izaeraren amoreagatik.

Lapurreta dela eta, Estatuaren eskumena bihur ez dadin gainerako administrazio publikoen eskumenen ezabatzaile, lapurretaren aurkako babesak ekintza jakin batzuk barne hartu behar ditu –batzuk normatiboak eta beste batzuk exekutiboak–, kultur ondasuna zaintzearen eta haren funtzio sozialaren bermatzaile izan behar dutenak. Horrela ulertu zuen, beste behin ere, Konstituzio Auzitegiak 17/1991 epaian: «lapurretaren aurkako babesaren kontzeptuak plus bat dauka ezaugarri bereziak dituzten ondasun batzuen babes-mailan. Horregatik, barne hartzen dituen babes-neurrien helmena –ondasuna hondatzeaz edo suntsitzeaz aritzeaz gainera–, harantzago doa, eta ondasunak atxikirik duen berezko xedea gauzatzea era arbitrario edo irrazional batez eragozten den kasuak ere hartzen ditu, zeren eta zaindu beharreko interes orokorreko balioen eramaile bihurtzen baita ondasuna». Eta elementu berri bat ere badago: ondasun immaterialen idiosinkrasia berezia dela eta, haien babesak ondare materialari dagozkion teknikak doitzea eskatzen du, zeinak jadanik jasota baitaude Espainiako Ondare Historikoari buruzko Legean. Horrekin bat etorriz, lege honetan Estatuaren aldeko teknika berezi berri bat finkatzen da, Unescoren 2003ko Konbentzioan emandako jarraibidearen ildotik: eraginpean dagoen edo babestu gabe dagoen edo behar beste babestu gabe dagoen ondasun immateriala

“arriskuan dauden ondasun immaterialen zerrenda” batean jasotzen da, harik eta dagokion ohiko babes-ekimena gauzatzen den bitartean.

Azkenik, esportazioaren alorrean ere, ondare immateriala osatzen duten ondasunek bereizgarritasun nabari bat dute. Ondare immaterialen egitekoa komunitateen arteko komunikazioan datzanez gero –estatuen mugaz gaindi ere bai, batzuetan–, ondasun materialekin erabiltzen den esportazioaren antzeko kontzeptu batek eragotzi edo maskaldu egingo luke beraren funtzio dinamikoa eta interaktiboa espazioan. Horregatik, esportazioaren aurkako babesa mugatu egin behar da, eta bakarrik erabili baldin eta kultur ondasunarekin batera maiz izaten den euskarri materiala kanpora eramateak eragozten badu, edo maskaldu, praktika kulturalaren garapen normala edo haren funtzio soziala betetzea, jatorrizko komunitatearen balioen transmititzaile den neurrian balio horiek adieraztearen bitartez.

V

Entzunaldia eta kontsulta

Lege hau lantzeko prozesuan, erakunde espezializatu ugariren parte hartzea eta kontsulta erabili da, eta, batez ere, entzunaldia eman zaie autonomia-erkidegoei, indarrean dugun eskumen-konkurrentziaren sistema konplexuak ondorio nabarmenak dituelako.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lege honen xedea da arautzea ondare immateriala osatzen duten ondasunen gainean botere publikoek erabili behar duten babes-ekimen orokorra, bakoitzak bere eskumenesparruaren barnean.

2. artikulua. Kultur ondare immaterialaren kontzeptua.

Kultur ondare immaterialtzat hartzen da komunitateek, taldeek eta, batzuetan, gizabanakoek beren kultur ondaretzat jotzen dituzten ohitura, errepresentazio, adierazpen, jakintza eta teknikak, eta bereziki hauek:

a) Ahozko tradizio eta adierazpideak, hizkuntz modalitateak eta berezitasunak barne, kultur ondare immaterialaren bide gisa; eta toponimia tradizionala, lurraldeen izendapen geografikoak zehazteko bitarteko gisa;

b) ikuskizun-arteak;

c) usadio sozialak, erritualak eta jai-ekitaldiak;

d) naturarekin eta unibertsoarekin loturiko jakintzak eta usadioak;

e) eskulangintza-teknika tradizionalak;

f) gastronomia, sukaldaritzako elaborazioak eta elikadura;

g) natur paisaien aprobetxamendu espezifikoak;

h) gizarte-antolakunde kolektiboak eta erakundeak;

i) soinu-adierazpideak, musika eta dantza tradizionala.

II. TITULUA

Kultur ondare immaterialaren araubide orokorra

3. artikulua Babes-ekimenen printzipio orokorrak.

Estatuaren Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidegoen eta toki-korporazioen babesa duen kultur ondare immaterialaren gainean botere publikoek egin beharreko

jarduketetan, honako printzipio hauek errespetatu behar dira, bai prestaketan bai garapenean:

a) º Espainiako Konstituzioak eta Europar Batasunaren Zuzenbideak jasotzen dituzten printzipioak eta balioak, bai eta, oro har, konstituzio horrek ezartzen dituen eskubide eta betebeharrak, batez ere adierazpen askatasuna.

b) Berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa. Kultur adierazpide immaterialak tradizioan sustraitzeak ez du inola ere esan nahi genero-berdintasunaren printzipioa urratzen duten ekimenak babestuko direnik.

c) Kultur ondare immaterialaren eramaile diren komunitateen protagonismoa –ondare horren titular, atxikitzaile eta erabiltzaile legitimoak diren neurrian–, eta elkarrenganako aitorpena eta errespetua.

d) Parte hartzearen printzipioa, helburua jarrita taldeek, komunitate eramaileek, erakundeek eta elkarteek kultur ondare immaterialaren birsorkuntzan, transmisioan eta zabalkundean duten protagonismoa errespetatzean, atxikitzean eta bultzatzean.

e) Irisgarritasun printzipioa, posible egingo duena kultur adierazpide immateriala ezagutzea eta gozatzea eta herritar guztiak kulturan jantziago egotea, hargatik eragotzi gabe adierazpide horietako batzuen irispidea arautzen duten ohiturazko usadioak.

f) Kultur komunikazioaren printzipioa, zeinak bermatzen baitu kultur adierazpide immaterialen arteko interakzioa, aitorpena, hurbilpena eta elkar ulertzea eta aberastea, administrazio publikoen eta kultur ondasun immaterialen eramaile diren komunitate edo taldeen arteko kolaborazioaren bitartez.

g) Kultur ondare immaterialari berez datxekion dinamismoa, izatez ondare bizia baita, egunean-egunean birsortua eta esperimentatua; etengabe aldatzen ari diren praktiken emaitza, gizabanako, talde eta komunitateen eskutik.

h) Kultur adierazpide immaterialaren jasangarritasuna, saihestuz haien osagai kulturalen aldaketa kuantitatibo eta kualitatiboak –komunitate eramaile eta kudeatzaileentzat arrotzak direnak–. Turismo-jarduerek ez dituzte inoiz urratuko adierazpideen ezaugarri funtsezkoak, ezta haien garapena ere, eta bateragarriak izango dira haien jabetzea eta gozamen publikoa eta ondasunen eta haien protagonistenganako errespetua.

i) Babestu beharreko ondasun higigarri eta higiezinen kultur immaterialtasuna aintzat hartzea.

j) Babestutako ondasun juridikoak zaintzeko egiten diren jarduketetan beti errespetatu beharko dira merkatu-batasunaren alorrean kokatzeko askatasuna eta zirkulatzeko askatasuna bermatzeko indarrean dagoen araudian ezarritako printzipioak.

4. artikulua. Ondasun material elkartuak babestea.

1.Babestu beharreko ondasun immaterialei loturiko leku, espazio, ibilbide eta euskarriak errespeta eta kontserba daitezen begiratuko dute administrazio publikoek.

Horretarako, kultur ondare immateriala babesteko neurrien artean ondare horrekin lotura estu-estua duten ondasun higigarri eta higiezinak babesteko neurri berezi eta espezifikoak sartu ahal izango dira, baldin eta babes horrek ez badu eragozten ondasun horien iraunkortasuna, eboluzioa eta erabilera ohikoa, eta hargatik galarazi gabe Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legean eta autonomia-erkidegoetako legedian ondasun higigarri eta higiezin horiek babesteko ezartzen diren neurri bereziak.

2.Kultur adierazpide immaterialak gauzatzearekin loturiko ondasun higigarriek eta espazioek kasuan kasuko administrazio eskudunen babes-neurriak jaso ahalko dituzte, hirigintzaren eta lurralde-antolamenduaren alorreko legediaren arabera.

Babes-neurri horiek ez dituzte inoiz murriztuko ondasun horien gainean eskubideen jabeek edo titularrek dituzten ahalak. Murrizketa horiek gertatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legean eta autonomiaerkidegoetako legedian ezarritako prozedurei jarraitzea.

5. artikulua. Lapurreta eta esportazioa.

1.Estatuaren Administrazio Orokorraren egitekoa da, dituen eskumenen esparruan, kultur ondare immaterialarekin elkartutako ondasun materialen esportazioari eta lapurretari aurre egiteko neurri egokiak hartzea.

2.Kultur Ondare Immaterialaren Adierazpide Erakusgarri deklaratutako ondasunen lapurreta dela eta, 1985eko ekainaren 25eko Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 4. artikuluak eta lege hori zati batean garatzen duen 1986ko urtarrilaren 10eko 111/1986 Errege Dekretuaren 11. artikuluak diotena begiratuko da. Ondasun horien izaera berezia denez, antzemanez gero ondasuna gal daitekeela edo haren funtzio soziala murriztu daitekeela, arriskuan dauden ondasunen zerrenda batean sartzea erabakiko da, lapurtutako ondasuna zaintzeko eta babesteko prozedura bat irekitzeko. Prozedura horretan txosten teknikoak eskatuko dira, eta bertan kasuan kasuko autonomia-erkidegoko erakunde espezializatuen zaintza-neurri urgenteak jaso beharko dira.

3.Elkartutako ondasun higigarrien esportazioen kasuan, 1985eko ekainaren 25eko Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 5. artikuluak eta lege hori zati batean garatzen duten erregelamenduzko arauek diotena begiratuko da. Guztiarekin ere, ondasun horiek esportatzearen aurkako babesa kasu hauetara mugatuko da: kultur ondasun immaterialaren euskarri den ondasun materiala kanpora eramateak eragozten duenean, edo maskaldu, praktika kulturalaren garapen normala, jatorrizko komunitatearen balioen transmititzaile den neurrian.

6. artikulua. Transmisioa, zabalkundea eta sustapena.

1.Administrazio publiko eskudunen egitekoa izango da babestu beharreko ondasun immaterialak era egokian zabaldu, transmititu eta sustatzen direla segurtatzea.

2.Administrazio publiko eskudunen egitekoa izango da ustez galtzeko arriskuan dauden jakintza, lanbide eta teknika tradizionalen transmisioa belaunaldi berrien artean sustatzea. Horretarako, laguntza eta koordinazioa eskainiko diete ekimen publiko eta pribatuei, eta indarreko legediaren arabera jarduera hauei aplikagarriak zaizkien sustapenneurriak eta pizgarri fiskalak erabiliko dira.

3.Administrazio publiko eskudunek kultur adierazpide immaterialak zabaltzeko, transmititzeko eta sustatzeko jarduerak egiteari bidea eman behar diote eta, sektorearen araudiak behartuz gero, baita horretarako baimena eman ere.

Babestutako beste ondasun juridiko batzuk behar izanez gero zaintzeko hartzen diren neurriak proportzionatuak izango dira, eta behar bezala justifikatuak egongo dira.

7. artikulua. Hezkuntza alorreko neurriak.

1.Hezkuntza-administrazioek eta unibertsitateek ahalegina egingo dute kultur ondare immaterialari buruzko jakintza eta errespetua sartzeko haien ikasketa-edukietan eta oinarrizko hezkuntzako irakasleen etengabeko prestakuntzako programetan.

2.Gobernuak, autonomia unibertsitarioa errespetatuz eta autonomia-erkidegoekin eta Unibertsitate Kontseiluarekin elkarlanean, honako hauek sustatuko ditu, bere eskumenen esparruan:

a) Beren ikasketa-planetan kultur ondare immateriala babestu, kudeatu, transmititu, zabaldu eta sustatzeko gaitasunak eta trebetasunak eskuratzera espezifikoki bideratutako graduko unibertsitate-titulu ofizialak diseinatzea eta ezartzea.

b) Kultur ondare immaterialarekin loturiko arloetako master-programak diseinatzea eta ezartzea.

8. artikulua. Informazio eta sentsibilizazio neurriak.

Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoetako administrazioek eta toki-korporazioek, bakoitzak bere eskumenak egikarituz eta Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionalaren esparruan, neurriak bultzatu ahalko dituzte herritarrak kultur

ondare immaterialaren ezaugarriez eta balioez informatzeko eta sentsibilizatzeko eta haren gaineko arriskuaz jakitun ipintzeko.

9. artikulua. Gozamen publikoaren bermea.

Administrazio publikoek, 13. artikuluak aipatzen duen planaren barruan, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte kulturaren adierazpide immaterialak herritarren irispidean jartzeko, 3. artikuluan xedatutako eran, betiere neurri horiek ez badituzte urratzen ondasunen muina eta ezaugarriak, ez eta hirugarrenek ondasunen gainean dituzten eskubideak ere, eta adierazpide horien ohiturazko usadioak errespetatuta.

10. artikulua. Administrazio publikoen arteko kultur komunikazioa.

Administrazio publikoek, haien artean ados jarrita, elkarren arteko kultur komunikazioa bultzatuko dute, bai eta espainiarren, Espainiako herrien eta erkidegoen kultur ondarearen pluraltasunaren ezagutza ere, eta halaber haien kultur jarduerei buruzko informazioa trukatzea, betiere pentsatuz kultur adierazpideen dibertsitatea atxiki eta gerora zaindu beharreko aberastasuna dela.

Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionalak, lege honen 13. artikuluan aipatzen baita, kultur komunikazioaren oinarriak eta kolaborazio-ildoak jasoko ditu.

III. TITULUA

Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenak

11. artikulua. Eskumenak.

1.Espainiako Konstituzioaren 44. eta 46. artikuluetan eta 149.1 artikuluko 1) eta 28) arauetan xedatutakoaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorraren egitekoa da Espainiako kultur ondare immaterialaren kontserbazioa bermatzea, bai eta ondare hori gero eta aberatsagoa izan dadin bultzatzea ere, eta beraren adierazpideak herritarren irispidean jartzeko jarduna sustatzea eta begiratzea. Horretarako, gainerako botere publikoekiko elkarlana eta botere horien beraien arteko elkarlana errazteko behar diren neurriak hartuko dira, eta, halaber, lege honen helburuetarako beharrezkoa den informazio oro biltzeko eta eskuratzeko neurriak.

2.Estatuko Administrazio Orokorrari honako funtzio hauek dagozkio, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren bitartez eta autonomia-erkidegoekin elkarlanean:

a) Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionalaren proposamena egitea, lantzea, jarraipena egitea eta berrikustea.

b) Kultur Ondare Immaterialaren Inbentario Orokorra kudeatzea.

c) Kultur Ondare Immaterialaren Adierazpide Erakusgarriaren deklarazioaren bidez kultur ondare immateriala babestea, lege honetan ezarritako eran.

3.Estatuko Administrazio Orokorrak elkarlanean jardungo du administrazio publikoen kultur jardunarekin, 9. artikuluan adierazitako esparruan, autonomia-erkidegoek berezkoak dituzten eskumenak bazter utzi gabe. Estatuak, horretarako, kultur komunitatearen esku utziko ditu bere titulartasuna duten museo-erakundeak, artxiboak, liburutegiak eta beste kulturguneak.

4.Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen egitekoa da, beren eskumenen esparruan jardunda, Espainiako kultur ondare immateriala osatzen duten ondasunak ezagutaraztea nazioartean, bai eta beste estatuekin eta nazioarteko erakundeekin informazio kulturala, teknikoa eta zientifikoa trukatzea.

Estatuko Administrazio Orokorraren egitekoa da, bereziki, Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 3) arauarekin bat, Unescori proposamena aurkeztea kultur ondasun immaterialak Gizadiaren Kultur Ondare Immaterialaren zerrendan eta Babes-neurri urgenteak behar dituzten ondasunen Zerrendan sartzeko, bai eta Konbentzioaren

printzipioak eta helburuak hobekien islatzen dituzten kultur ondare immateriala babesteari buruzko programa, proiektu eta jarduerak ere.

Estatuko Administrazio Orokorraren egitekoa da halaber Estatuaren lurraldean dagoen kultur ondare immateriala babesteko nazioarteko laguntzarako eskaerak egitea Unescoren Kultur Ondare Immateriala babesteko Gobernuarteko Batzordeari, eta batzorde horri berorri aldizkako txostenak bidaltzea Kultur Ondare Immateriala Babesteko Konbentzioa aplikatzearen ondorioz hartzen diren lege, erregelamendu edo bestelakoei buruz.

Estatuko Administrazio Orokorrak, beste estatu batzuekin elkarlanean, partekatutako kultur ondare immaterialaren balioa nabarmentzea sustatu ahalko du, nazioarteko erakunde eskudunen aurrean hautagaitzak bultzatuz.

12. artikulua. Kultur Ondare Immaterialaren Adierazpide Erakusgarriaren adierazpena.

1.Estatuko Administrazio Orokorrak, 3. artikuluan ezarritako printzipioekin bat, eskumena izango du kultur ondare immateriala osatzen duten ondasunen babesa deklaratzeko eta babes-neurriak hartzeko, baldin eta honako egoeretako bat gertatzen bada:

a) Ondasunak autonomia-erkidego baten lurralde-eremua gainditzen badu eta ez badago haren babes integrala berma dezakeen autonomia-erkidegoen arteko lankidetzarako tresna juridikorik.

b) Erakusgarria gertatzen den autonomia-erkidegoak hala eskatzen duenean, aldez aurretik ondasunaren eramaile den komunitateak erkidego horri eskaera egin ondoren.

c) Babestu beharreko ondasuna oro har hartuta eta berariaz ulertu ahal izateko beharrezkoa bada partekaturiko tradizio horren ikuspegi bateratua, autonomia-erkidego batean edo gehiagotan izan dezakeenaz haraindi.

d) Babesgaiak baldin badira Estatuaren titulartasuneko zerbitzu publikoei lotuta edo ondare nazionalari atxikitako ondasunei lotuta ager daitezkeen kultur adierazpide immaterialak.

e) Ondasunak garrantzi berezia eta nazioarteari begira aparteko esanahia baditu kultur komunikazioaren aldetik, beste herrialde batzuekin partekatutako historiaren adierazpide den heinean.

2.Errege dekretu bidez, babes berezia eman ahal izango zaie arestian aipatutako kultur ondasun immaterialei, kultur ondare immaterialaren adierazpide erakusgarri deklaratuz.

3.Estatuak kultur ondare immaterialaren adierazpide erakusgarrien deklarazioak egiteak ez ditu eragotziko autonomia-erkidegoek beren lurralde-eremuan dituzten bereizgarritasun edo modulazioak nabarmentzeko egin ditzaketen deklarazio edo adierazpen ekintzak. Kasu horietan, lankidetza-hitzarmenak aurreikusi behar dira Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean.

4.Prozedura Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eskutik hasiko da ofizioz, bai bere ekimenez –autonomia-erkidego baten edo gehiagoren eskari arrazoituaren ondorioz– bai pertsona fisiko edo juridiko baten eskari ziodunaren bitartez.

Prozeduran honako funtsezko elementu hauek errespetatuko dira:

a) Errege Dekretua lantzean, jendaurreko informazioaren fasea finkatuko da.

b) Entzunaldia emango zaie ondasunaren eramaile diren komunitateei, kultur ondare immaterialaren adierazpide erakusgarriekin elkartutako ondasun higigarri eta higiezinen gaineko eskubide errealen titularrei, eta adierazpidea gertatzen den lurraldeko autonomiamailako eta toki-mailako administrazioei.

c) Ondare Historikoaren Kontseiluaren txostena eta egoki iritzitako alorreko erakunde aholku-emaile espezializatuen txostenak jasoko dira, bai eta autonomia-erkidegoetako organo eskudunen txostenak ere.

d) Dokumentazioan ondasunaren deskribapen argi bat jasoko da: ohiturak, errepresentazioak, adierazpenak, jakintzak eta loturiko teknikak; halaber, jarduera horien euskarri diren ondasun materialak –higigarriak eta higiezinak–; jarduera gaur egun

garatzen den edo tradizioz garatu den komunitate, talde eta eremu geografikoak, eta, halakorik badago, ondasunaren gainean dauden mehatxuak. Deskribapenarekin batera argazkien edo ikus-entzunezkoan edo bestelako dokumentazioa erantsiko da, posible baldin bada.

e) Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea hamabi hilabete izango da, eta isiltasunak ondorio ezesleak dituela ulertuko da.

5.Kultur ondare immaterialaren adierazpide erakusgarrien deklarazioak berekin ekarriko du adierazpide horiek Kultur Ondare Immaterialaren Inbentario Orokorrean inskribatzeko obligazioa.

IV. TITULUA

Lankidetzarako tresnak

13. artikulua. Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionala.

1.Gobernuak Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionala onartuko du, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren proposamenez eta Ondare Historikoaren Kontseiluaren erabakiaren ondoren. Plan horren helburua izango da jarduera-programazio koordinatu bat garatzea administrazio publikoekin elkarlanean, kultur ondare immaterialaren beharrizanak kontuan hartuta eta Jarraipen Batzordearen bitartez, hargatik eragotzi gabe Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 35. artikuluan xedatutakoa.

2.Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionalak –Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidegoen, toki-erakundeen eta beste zenbait erakunde publiko edo pribaturen arteko kudeaketa eta kooperaziorako tresna gisa–, lehenik eta behin, agenteen arteko erlazioa ahalbidetuko duten estatu mailako ekintzei buruzko informazioa eta gaikuntza eskuratu beharko ditu, kultur ondare immaterialari begira egokienak diren jardun-irizpide eta -metodologiak jaso beharko ditu, eta ondare horrek izan ditzakeen arrisku eta mehatxuen gainean ohartarazi beharko du. Gainera, kultur ondare immateriala babesteko ezinbestekoak diren programa eta lan-ildoen zerrenda bildu beharko du; honako hauek, alegia:

a) Gizartearen sentsibilizazioa, eta kultur politikoen esparruko aitorpena.

b) Ikerketa eta dokumentazioa, honako elementu hauek baliatuz: zerrendak, erroldak, erregistroak, inbentarioak, katalogoak, azterlan espezifikoak eta programa bereziak.

c) Kultur ondare immaterialaren euskarri materialen kontserbazioa, bai higigarriena bai higiezinena, eta hari datxezkion espazioena.

d) Prestakuntza, transmisioa, sustapena eta zabalkundea.

e) Estatuko Administrazio Orokorrak kultur ondare immaterialaren adierazpide erakusgarri deklaratutako ondasunak eta autonomia-erkidegoek emandako babes-maila gorena duten ondasunak babesteko neurri orokorrak, eta haiek babesteko lurraldearteko kooperaziorako formulak.

3.Planaren barruan sustapen-jarduketa bereziak jasoko dira, Aurrekontuen Lege Orokorraren 2003ko azaroaren 26ko 47/2003 Legean edo Diru-laguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2002 Lege Orokorrean xedatutakoan uztartuta.

4.Planak hamar urte iraungo du, eta lehendabiziko bost urteak igarotakoan berrikusi egingo da.

14. artikulua. Kultur Ondare Immaterialaren Inbentario Orokorra.

1.Kultur Ondare Immaterialaren Inbentario Orokorrak ondare hori osatzen duten adierazpideen gaineko informazio eguneratua emango du. Horretarako, Estatuak eta autonomia-erkidegoek emandako informazioa erabiliko du.

2.Kultur Ondare Immaterialaren Inbentario Orokorrak ondasunen identifikazioa bildu behar du, eta haien gaineko informazio ahalik eta zehatzena, dokumentu-euskarri

egokienetan. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak kudeatuko du Inbentarioa, eta bertako informazioaren eguneratzea, kontserbatzea, zaintzea eta irispide publikoa bermatuko ditu.

3.Inbentario Orokorrak honako kultur ondasun immaterialak bilduko ditu: autonomiaerkidegoek babes-maila gorenaz deklaratutakoak eta Estatuko Administrazio Orokorrak kultur ondare immaterialaren adierazpide erakusgarri kategorian deklaratutakoak.

4.Gobernuak erregelamenduz finkatuko ditu Kultur Ondare Immaterialaren Inbentario Orokorrak izango dituen egitura eta funtzionamendu-araudia.

5.Estatuko Administrazio Orokorraren egitekoa da nazioarteko erakundeei eskuratzea Kultur Ondare Immaterialaren Inbentario Orokorrak duen informazioa.

6.Erregistro-metodologia berak erabiliko dira Inbentarioan sartu behar diren autonomia-erkidegoetako deklarazioetan, zerrendetan, inbentarioetan eta atlasetan, eta baliabide digital elkarreragileen bitartez erlazionatuko dira Inbentario Orokorrarekin.

Xedapen iragankor bakarra. Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionalaren indarraldia.

13. artikuluan xedatutakoaren aplikazioa atzeratu egingo da Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazional berria onartu arte, zeina hiru urteko epean onartu behar baita, lege hau indarrean jartzen denetik zenbatuta.

Azken xedapenetatik lehenengoa. Espainiako Ondare Historikoari buruzko 1985eko 16/1985 Legea aldatzea.

Tarteki hau gehitzen zaio Espainiako Ondare Historikoari buruzko 1985eko 16/1985 Legearen 1. artikuluko 2 zenbakiari, amaieran:

«Espainiako Ondare Historikoaren zati dira, orobat, kultur ondare immateriala osatzen duten ondasunak, arlo horretako legeria bereziak ezartzen duenarekin bat.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzeko 2014ko urriaren 15eko 18/2014 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriaren izenburua aldatzea.

Aldatu egiten da Hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzeko 2014ko urriaren 15eko 18/2014 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriaren izenburua. Honela geldituko da:

«Bederatzigarren xedapen gehigarria. “A Coruña 2015-120 urte geroago”.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.1) eta 149.1.28) eta 149.2 artikuluetan xedatutakoaren babesean ematen da, honako salbuespenak salbu:

a) 11.4 artikuluan xedatutakoa, zeina Espainiako Konstituzioaren 149.1.3) artikuluan xedatutakoaren babespean ematen baita.

b) 7. artikulua, zeina Espainiako Konstituzioaren 149.1.30) artikuluan xedatutakoaren babespean ematen baita.

Azken xedapenetatik laugarrena. Erregelamendu bidez garatzea.

Gobernuak, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren proposamenari jarraikiz, lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak emango ditu.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Espainiako Ondare Historikoari buruzko testu bategin bat lantzeko baimena.

Baimena ematen zaio Gobernuari, lege hau indarrean jartzen denetik zenbatuta urte bateko epean testu batekin bat landu dezan, zeinean egokiro araututa, argiro eta behar bezala harmonizatuta bateratuko baitira 16/1985 Legea –ekainaren 25ekoa, Espainiako Ondare Historikoari buruzkoa–, Kultur ondare immateriala babesteko lege hau, eta ondare historikoa babesteko alorrean dauden lege-mailako arauak.

Azken xedapenetatik seigarrena. Tauromakia kultur ondare gisa arautzea.

Lege honetan xedatutakoak ez du ezertan eragozten Tauromakia kultur ondare gisa arautzeko 2012ko azaroaren 18/2012 Legean adierazitakoa.

Azken xedapenetatik zazpigarrena. Kultur Ondare Immaterialaren Inbentario Orokorrera datuak transferitzea.

Lege hau indarrean jarri eta handik sei hilabeteko epean, gaur egun administrazio publikoetako kultur ondare immaterialari buruz Kultur Intereseko Ondasunen Erregistro Orokorrean dauden datuak oso-osorik Kultur Ondare Immaterialaren Inbentario Orokorrera transferitzeko behar diren izapideei ekingo die Estatuko Administrazio Orokorrak.

Azken xedapenetatik zortzigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau errespeta dezaten eta errespetaraz dezaten agintzen diet espainiar guztiei, norbanako zein agintari izan.

Madrilen, 2015eko maiatzaren 26an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra