|
I. XEDAPEN OROKORRAK |
|
ESTATUKO BURUZAGITZA |
3171 |
1/2018 Legea, martxoaren 6koa, Zenbait arro hidrografikotan lehorteak |
|
eragindako ondorioak arintzeko presako neurriak hartzen dituena eta |
|
uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako |
|
Urari buruzko Legearen testu bategina aldatzen duena. |
FELIPE VI.a
ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:
HITZAURREA
I
Erkidegoarteko demarkazio hidrografikoetan gertatzen diren lehorte hidrologikoak alertetarako eta balizko lehorte-egoeretarako plan berezien bidez kudeatzen dira, 2007tik. Plan bereziak martxoaren 21eko MAM/698/2007 Aginduak onartu zituen eta urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuak aldatu; errege-dekretu horrek honako hauen plan hidrologikoak berrikustea onartu zuen: Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko demarkazio hidrografikoak eta Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoen Espainiako zatia.
Plan Hidrologiko Nazionala onartzen duen uztailaren 5eko 10/2001 Legearen 27. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, plan horiek adierazle hidrologikoen sistemak biltzen dituzte, eta arro-organismoek erreferentzia gisa erabiltzen dituzte, alerta-egoerak eta balizko lehorte-egoerak formalki aitortzeko.
II
2016ko urriaren 1etik 2017ko maiatzaren 1era arte metatu diren prezipitazioen batez besteko balio nazionala aldi horri dagokion balio normala baino % 13 txikiagoa izan da. 2017ko maiatzaren 1ean, penintsulako erreserba hidraulikoaren balioa % 56 zen; alegia, azken bost urteetako batezbestekoa (% 74,2) eta azken hamar urteetakoa (% 70) baino askoz ere txikiagoa. Hori dela eta, justifikatua gelditzen da neurriak hartzea 2017ko egoera horrek eragindakoak arintzeko.
Aurtengo urte hidrologikoan, erkidegoarteko demarkazio hidrografikoetan bildu diren bolumenak txikiak izan dira. Segurako eta Jucarreko konfederazio hidrografikoetako lurralde-eremuetan aitortutako lehorteak bere horretan jarraitzen du, eta Dueroko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatian lehorte-egoera hasi da. Guadalquivirreko arroa ere lehorteagatiko alerta-egoera teknikoan dago, eta arro horretako Lehortearen Jarraipenerako Batzordeak, 2017ko azaroaren 30ean egindako bileran, erabaki zuen luzaroko lehortea aitortzeko eta aparteko neurriak hartzeko dekretua izapidetu eta onartu behar zela. Ildo horretatik, pasa den 2017ko abenduaren 26an, Guadalquivirreko Konfederazio Hidrografikoak demarkazio horretarako lehortearen errege-dekretua eman zezan eskatu zion Gobernuari.
Gaur egun, prezipitazio ezaren ondorioz Guadalquivirreko demarkazio hidrografikoan dauden ur-erreserbak direla eta, ur-eskaerei ezin zaie erantzun egokia eman demarkazioaren ustiapen-sistemetan dauden erreserbekin.
Guadalquivirreko arroan 2013-2014 urte hidrologikotik ari dira ohi baino prezipitazio gutxiago izaten. 2017-2018 urte hidrologikoari dagokionez, urria eta azaroko hilabeteetan demarkazio hidrografiko horretako urtegietan izan den prezipitazioen batezbestekoa 94
mmizan da, hau da, % 38 gutxiago aurreko 25 urteetako aldi bereko balioaren aldean,
152 mm izan baitzen. Bi hilabete horietan zehar 154 hm3 bildu dira, eta horrek esan nahi du % 61,5 jaitsi dela aurreko hogeita bost urteetako neurri historikoaren batezbestekoaren aldean, 400 hm3 izan baitzen.
Gainera, 2017ko abenduaren 1ean 2.554,7 hm3 daude 8.120,5 hm3 hartzeko edukiera duen tokian, hau da, guztizko edukieraren % 31,5. Egun horretan bertan, baina 2016. urtean, bilduta zegoen bolumena guztizko edukieraren % 49,6 zen (4.036 hm3). Erregulazio Sistema Orokorrean, 2017ko abenduaren 1ean, bildutakoa (1.465 hm3) guztizko edukieraren % 25,9 (5.657,6 hm3) zela nabarmendu behar da, batez ere, kontutan hartzen badugu aurreko urtean sistema horretan bildutako bolumena guztizko edukieraren % 46,1 (2.610,8 hm3) zela.
Dueroko Demarkazioan, 2016-2017 urte hidrologikoaren hasiera oso lehorra izan da meteorologiaren ikuspuntutik. Iazko azken sei hilabeteetan metatu ziren prezipitazioen balioa 48 urteko segida historikoaren batezbestekoaren % 55 izan zen. 2017ko maiatzaren 18an bildutakoa 2016ko egun berean bildutakoa baino 984 hm3 gutxiago da. Zifra hori (984 hm3 ) da Dueroko arro hidrografikoak egun duen erregulazio edukieraren % 34,20.
Maiatzaren 1ean, Dueroko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren egoera globalaren lehorte-adierazleak alerta-egoeran jarraitzen zuen, ondoz ondoko bosgarren hilabetez. Hori-dela eta, Dueroko Alertetarako eta Balizko Lehorte Egoeretarako Jarduera Plan Bereziaren arabera eta Dueroko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako Zatiaren Plan Hidrologikoaren xedapen arauemaileen 20. artikuluaren arabera, demarkazioan luzaroko lehortea gertatzen ari da. Hartara, ur gutxi bildu denez, arro-organismoak zenbait murrizketa ezarri ditu, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Urari buruzko Legearen testu bateginaren 55. artikuluari jarraikiz. Murrizketa horiek jada zehaztu eta praktikan jarri dira urtegietatik kanal bidez ura jasotzen duten zonetan.
Luzaroko lehorte hori oinarri hartuta, Dueroko Konfederazio Hidrografikoko Urtegia Husteko Batzordeak, 2017ko otsailean, Ministro Kontseiluari zera eskatzea erabaki zuen: errege-dekretu baten bidez eta Urari buruzko Legearen testu bateginaren 58. artikuluarekin bat etorrita, har zitzala hartu beharreko neurriak jabari publiko hidraulikoaren erabilerari zegokionez (jabaria emakida baten xede izan bazen ere), premiazko, presako, ezohiko edo aparteko egoerei aurre egin ahal izateko; izan ere, Dueroko espainiar arroan gertatzen ari dena aparteko egoera da.
Segurako arro hidrografikoan lehortea dago aitortuta 2015eko maiatzaren 9az geroztik —maiatzaren 8ko 356/2015 Errege Dekretua indarrean jarri zenetik—, eta, harrezkero, egoera larriagotu egin da, honako bi arrazoi hauengatik: lehenik, 2017ko maiatzaren 18an % 32 zen demarkazio horretan bilduta zegoen ur-bolumena —azken 5 urteetan, egun berean, % 60,78 zegoen bilduta batez beste—; bigarrenik, maiatzaren 19an Entrepeñasko eta Buendíako urtegietan bilduta zegoen ur-bolumena 368 hm3 baino txikiagoa zen (Tajo- Segura akueduktua urtegi horietatik abiarazten da). Hortaz, Segurako arroa 4. mailan sartu da, Tajotik Segurara ura eramateko ustiapen-arauen arabera —Mendien azaroaren 21eko 43/2003 Legea aldatzen duen uztailaren 20ko 21/2015 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren bidez onartuak—, eta horrek esan nahi du Tajoko Demarkazio Hidrografikotik ura eramateko baimenik ez dela onartuko, ez urez hornitzeko, ezta ureztatzeko ere.
Jucarreko Demarkazio Hidrografikoan ere 2015eko maiatzaren 9az geroztik dago aitortuta lehortea; zehazki, maiatzaren 8ko 355/2015 Errege Dekretua indarrean jarri zenetik. Bada, 2017ko maiatzaren 1ean, Turiako eta Jucarreko azpisistemen egoera- adierazleak alertan eta aurrealertan zeuden hurrenez hurren.
356/2015 Errege Dekretuaren bidez, Segurako Konfederazio Hidrografikoko lurralde- eremuan lehortea aitortu zen; Jucarri buruzko 355/2015 Errege Dekretuan eta beraren luzapenetan, orobat, zenbait administrazio-neurri jasota daude, baliabide hidrikoen gabeziari aurre egiteko lagungarri izan daitezkeenak; hala nola ura erabiltzeko eskubideen lagapen-kontratuak, ur-legerian ezarrita daudenak.
Ildo horretatik, Urari buruzko Legearen testu bateginaren 67.2 artikuluan jasota dago baimena eman ahal izango dela demarkazio hidrografikoaren plan hidrologikoan —edo, halakorik ezean, legean bertan— ezarritako erabileren lehentasuna ez betetzeko, baldin eta aparteko egoerek eta interes orokorrak neurri hori baimentzea gomendatzen badute.
Maiatzaren 14ko 6/2015 Errege Lege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, Urari buruzko Legearen testu bateginaren 69.1 artikuluaren salbuespena onartuko da mota horretako kontratuetan; artikulu horren arabera, lagatzekoa den bolumena ezin da inola ere izan lagatzaileak benetan erabili duena baino handiagoa. Hori horrela izanik, salbuespenez eta aldi baterako mugatuta, emandako ur-emari osoa lagatzea baimendu daiteke, lagatzaileak aurreko bost urteetan egindako erabilera kontuan hartu behar izan gabe.
Erabaki horrek Segurako arroko emakidadunen artean sinatutako kontratuei eragiten die. Gaur egun, salbuespenez eta aldi baterako mugatuta, neurri hori ezarri eta Jucarreko eta Dueroko arroetara zabaldu behar da. Hori horrela, arro horietan eskubideen lagapen- kontratuak egin ahalko dira, arro bereko emakidadunen eta eskubideen titularren artean. Horretan, erreferentziatzat hartuko dira azken bost urteetan baimendu diren bolumenak —ez erabili diren bolumenak—.
Funtsean, kontratuen lege-araubidea malgutzea proposatzen da bigarren xedapen gehigarrian, eta hori gaur egungo egoera hidrologikoari aurre egin ahal izateko salbuespenezko neurri bat da.
III
Lehorte hidrologikoa eragina izaten ari da, kasu askotan, lehorreko laboreen jaiotzan eta garapen normalean, bai eta aipatutako hiru demarkazio hidrografikoetako zonetako labore ureztatuetan ere, ureztatze-lanetarako eskaera asetzeko nahikoa ur bildu ez delako edo prezipitazioen bolumena murrizteak ureztatze-lanetarako ura ematen duten akuiferoen erreserbetan kalteak eragin dituelako.
Nekazaritza-sektorea aipatutako zonetan jasaten ari den muturreko baldintza klimatikoek arriskuan jartzen dute ustiategi askoren bideragarritasun ekonomikoa, eta zalantzan jartzen dute haiek ekoizpen-unitate gisa jarraitu ahal izatea. Horrek larri eragingo lioke nekazaritza-eskualdeen ekonomiari, bai eta nekazaritzari lotutako jarduera ekonomikoak egiten dituzten beste sektore batzuen garapenari ere.
Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak diruz lagundutako Nekazaritza Aseguruen Plana da ezbehar klimatikoei aurre egiteko tresna nagusia. Nolanahi ere, plan horretan lehorte meteorologikoa baino ez da kontuan hartzen, hots, lehorte hidrologikoa kanpo uzten da, eta azken horrek eragin oso handia izaten du; beraz, salbuespen moduan, komeni da neurriak hartzea, nekazaritza-aseguruen ekintzak osatzeko eta kaltetutako nekazaritza-ustiategiak beren ekonomian jasaten ari diren ondorioak txikiagotzeko.
Gaur egun, badirudi Segurako eta Jucarreko demarkazio hidrografikoetan ur-hornidura bermatuta dagoela; hala ere, adituak jarraipen zehatza eta sakona egiten ari dira, Canales del Taibillako Mankomunitateko udalerriak Tajoren goi-ibarretik ekarritako uraren mende baitaude, hein handi batean. Herrien eskaera bermatzeko eta Tajo-Segura akueduktuaren bidez jasotzen diren baliabideen murrizketari aurre egiteko, organismo autonomo horrek beste hornidura-iturri batzuk erabili behar izan ditu (lehorte-putzuak, eskubideen lagapen- kontratuak eta ur gezatuaren erabilera handiagoa), eta, ondorioz, baliabidearen kostua handitu egin da. Egoera berean daude Tajo-Segura akueduktutik eramandako urez hornitzen diren Almeriako probintziako hornidurak.
Hori dela eta, Canales del Taibillako Mankomunitatean eta aipatutako Almeriako probintziako horniduretan gertatu ahal izan den desoreka ekonomikoari aurre egiteko eta lehortearen ondorioak jasaten ari diren nekazaritza-ustiategiek beren jarduera produktiboarekin jarraitu ahal izateko, Gobernuak uste du beharrezkoa dela neurri batzuk presaz hartzea, ezbehar klimatiko larri horren ondorioak murrizteko, kaltetutako autonomia- erkidegoekin egin behar den lankidetzaren esparruan.
Era berean, bai lehorte hidrologikoa duten arroetan, bai lehorte meteorologikoa duten gainerako zonetan, lehorteak kaltetutako nekazaritza-ustiategiek diruzaintzako zailtasun handiak dituzte; nabarmentzekoak dira, besteak beste, belarki-laboreen sektorea (uzta galdu delako) eta abeltzaintza estentsiboaren sektorea (bazkaleku gutxiago dagoenez, kostuak handitu direlako). Horrenbestez, egokitzat jo da Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa atzeratzeko neurria hartzea, zailtasun horiek arinduko dituelakoan.
IV
Bestalde, gaur egungo gizarte-egoeran, baliabide energetikoak eraginkortasun eta jasangarritasun handiagoz erabili behar dira, ingurumena gehiago zainduz. Ildo horretatik, garapen ekonomikoa bultzatzeaz gain, ingurumena eraginkortasunez babestu behar da, Europar Batasuneko zerga-, energia- eta ingurumen-politikak arautzen dituzten oinarrizko printzipioekin bat etorrita.
Hori dela eta, kaltetutako eragile guztiei energia ekoizteko ereduaren funtzionamendu egokia bermatzen dien esparru arautzailea behar da, eta esparru horrek, gainera, ingurumen-ondarea zaintzen lagundu behar du.
Indarreko ordenamendu juridikoan, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Urari buruzko Legearen testu bateginaren 112 bis artikuluan arautzen da energia elektrikoa ekoizteko ur kontinentalen erabileraren gaineko kanona, Jasangarritasun Energetikorako Neurri Fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legeak egin zuen aldaketaren ostean. Geroago, martxoaren 23ko 198/2015 Errege Dekretua onartu zen. Dekretu horretan, Urari buruzko Legearen testu bateginaren 112 bis artikulua garatzen da, eta erkidegoarteko demarkazioetan energia elektrikoa ekoizteko ur kontinentalen erabileraren gaineko kanona arautzen.
Aipatutako legeriaren arabera, eta Tributuen abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrak 2.2.a) artikuluan ezarritako baldintzekin bat etorrita, kanon hori tasa bat da, zeina aplikatzen baitzaio energia elektrikoa ekoizteko jabari publiko hidraulikoaren erabilera pribatiboarengatik edo aprobetxamendu bereziarengatik mozkinak lortzen dituzten sortze- instalazio guztien ekoizpenari. Abenduaren 27ko 15/2012 Legeak adierazten duen bezala, kanona sortu zen Espainiako ur kontinentalen kalitate orokorra babestu behar delako; izan ere, ur horiek garrantzi handiko natura-baliabideak dira herritar guztientzat. Ildo horretatik, jabari publiko hidraulikoa babesteko politikak indartze aldera, martxoaren 23ko 198/2015 Errege Dekretuak 12. artikuluan zera ezartzen du: batetik, diru-bilketaren zenbateko garbiaren % 2 arro-organismoaren diru-sarreratzat hartuko dela; eta, bestetik, gutxienez diru-bilketa horretarako zenbatesten den gainerako % 98a erabili beharko dela Estatuaren Aurrekontu Orokorretan jabari publiko hidraulikoa babesteko eta hobetzeko jarduketetarako, 14. artikuluan zehaztutako baldintzetan.
V
Abenduaren 17ko 15/2012 Legea indarrean jarri zenetik iragandako urteetako eskarmentuak agerian utzi du arro hidrografikoetako azaleko uren masak babesteko, hobetzeko eta birsortzeko jarduketak indartu behar direla. Horrez gain, lehentasun- substantzietatik datorren kutsadura era progresiboan murriztu behar da, eta isurketak, emisioak eta substantzia arriskutsuen galerak mailaz maila ezabatu behar dira; beraz, Estatuko Administrazio Hidraulikoak ahalegin handiagoak egin behar ditu xede horiek lortzeko.
Ildo horretatik, ur-masak eta zona babestuak kontrolatzeko programen bidez hobetu nahi dira aurreko urteetan lortu diren zehaztasun- eta fidagarritasun-mailak. Hori guztia, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Urari buruzko Legearen testu bateginaren 92 ter.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.
Ingurumena babesteko presako jarduketa horiek egin ahal izateko, ezinbestekoa da Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko organo eskudunei jabari publiko hidraulikoa eraginkortasunez zaintzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak eta teknikoak ematea.
Era berean, Ministro Kontseiluak 2017ko ekainaren 9an hartutako erabakiaren bidez berretsi zuen ekonomia- eta finantza-oreka lortzeko neurriak hartu beharra zegoela, arro- organismoek aginduta dituzten funtzioak betetzeko. Erabaki horrek, halaber, Tajo-Segura akueduktuaren aprobetxamendurako tarifa berriak onartu zituen, Administrazio Hidraulikoak bere gain hartzen dituen urteko ustiapen-, funtzionamendu- eta zainketa-kostuak berreskuratzeko eta indarreko araudiaren arabera kalkulatutako estatu-inbertsioak amortizatzeko.
Jabari publiko hidraulikoaren babesa bermatzeko eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentarauan ezarritako ingurumen- helburuak betetzea ziurtatzeko —zuzentarau horrek ur-politiken arloko esparru erkidea ezartzen du: Uraren Esparru Zuzentaraua—, handitu egin da energia elektrikoa ekoizteko ur kontinentalen erabileraren gaineko kanonaren karga-tasa. Zehazki, zerga-oinarriaren balioa ehuneko 22tik —hala jasota zegoen Urari buruzko Legearen testu bateginaren 112 bis artikuluan— ehuneko 25,5era igo da; izan ere, orain arte indarrean egon den tasa ez zen nahikoa bi konstituzio-ondasun hauek behar bezala bateratzeko: ingurumena eta garapen ekonomikoa. Igoera horren bidez, martxoaren 23ko 198/2015 Errege Dekretuaren
12.artikuluan ezarritakoaren arabera, baliabide osagarriak eskuratu ahal izango dira, honako hauek indartzeko: emakidetan aitortutako ur-kontsumoak neurtzeko, aztertzeko, zaintzeko eta kontrolatzeko jarduera teknikoak; emakidak betetzeko araubidea; ur kontinentalen kalitatearen, segurtasunaren eta kantitatearen jarraipena; ibaien jarraitutasuna hobetzeko jarduerak; azpiegiturak iktiofaunaren migraziora eta sedimentu- garraiora egokitzea; ibai-oheak eta ibai-esparrua berreskuratzea, ibaiertzeko basoak barne hartuta; eta jabari publiko hidraulikoaren degradazioa eragin dezaketen espezie inbaditzaileen aurka borrokatzea.
Esan bezala, arro hidrografikoetako azaleko uren masak babesteko, hobetzeko eta birsortzeko egitura-beharrei eman behar zaien erantzuna ezin da gehiago geroratu; horregatik, hain zuzen ere, lege honetan biltzen den legegintzako ekimena presaz bultzatu behar izan da, eta berehalako legegintza-jarduna baliatu, arroa erabiltzeko eta zaintzeko plan organiko bat aplikatu ahal izateko, ezin baita ahaztu eskakizun hori guztiz premiazkoa egiten duten baldintza meteorologiko txarrak daudela gaur egun.
Horrenbestez, karga-tasa handitzeagatik bilduko diren diru-sarrerek urte anitzeko plan bati erantzungo diote, eta hori bat dator diru-sarrera handiagoak biltzeko premia berehalakoarekin. Izan ere, diru-sarrerak arro hidrografikoetako baliabideetan inbertsio eta zuzkidura handiagoak egiteko erabiliko dira; hargatik eragotzi gabe geroago, 2018ko martxoan, haien likidazioa egitea.
Hori horrela, 198/2015 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, 2017ko ekitaldiari dagokion autolikidazioa 2018ko martxoan aurkeztu behar bada ere, lege hau onartzen denetik, eta, bereziki, xedapen iragankor bakarrean ezarritakoaren arabera sortutako zerga-oinarriaren zati proportzionalari karga-tasa berria aplikatzen hasten denetik, autolikidazio horren ordainketa jasotzen duten arro-organismoen baliabideen kopurua handitu egingo da, eta, halaber, 2018rako Estatuaren Aurrekontu Orokorretan zenbateko handiagoa ezarri ahalko da jabari publiko hidraulikoa babesteko eta hobetzeko jarduketak egiteko, aipatutako erregelamendu-mailako testuaren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita. Hortaz, ekitaldi horretan proiektu berriei ekiteko baimena eman ahalko da. Agerikoa da bi helburu horiek ez liratekeela beteko legegintza-prozedura arrunta beteko balitz, hau da, izapideak egiteko behar den denbora beteko balitz, zerga-tasa handitzeko erabakiaren aplikazioa ere atzeratu beharko litzatekeelako. Hartara, igoerak ez luke ondoriorik izango berehalako autolikidazioan, ezta arro-organismoaren diru-sarreretan ere; beraz, ezinezkoa izango litzateke diru-bilketaren igoerari dagokion zenbateko baliokide handiena 2018rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legean kontuan hartzea.
Azkenik, aipatutako 112 bis artikuluaren 7. zenbakian 50 MW edo potentzia txikiagoa duten instalazio hidroelektrikoei ezarritako zerga-hobaria handitu da, honako manu hauetan ezarritako ordainsari-araubidearen ondoreei eutsi ahal izateko bezainbeste: ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretua (Energia berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik sortutako energia elektrikoa ekoizteko jarduera arautzen duena) eta
ekainaren 16ko IET/1045/2014 Agindua (Energia berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik sortutako energia elektrikoa ekoizteko instalazio jakin batzuei aplikatzen zaizkien instalazio tipoen ordainsari-parametroak onartzen dituena). Izan ere, instalazio tipoak ustiatzeko kostua zehazteko erabakigarriak diren kostu aldakorrak zehazterakoan, kanona da kontuan hartzen den kontzeptuetako bat.
VI
Lege honen bidez onartzen diren xedapenek segida ematen diete arlo horretako indarreko ordenamendu juridikoa osatzen duten aurreko arauei; izan ere, ingurumen- jasangarritasunaren eta ekoizpen energetikoaren arteko harremana gero eta handiagoa da.
Hain zuzen ere, arau honen oinarri juridikoa Espainiako Konstituzioaren 45. artikulua da. Artikulu horretan ezartzen da gizarte- eta ekonomia-politikak arautzeko printzipioetako bat ingurumenaren babesa dela, energia elektrikoa ekoizteagatik sortzen diren ingurumen- kostuak barneratzeko helburuz. Horretan kontuan hartu behar da natura-baliabideen kudeaketaren kalitatea areagotu behar dela, efizientzia energetikoa hobetuko bada.
Hala eta guztiz ere, ohartzekoa da Konstituzioak «sektore ekonomiko guztien garapenaz arduratzeko» eginbeharra jasotzen duela 130.1 artikuluan. Artikulu horren funtsezko karga finalista zera da: Espainiako herritar guztien bizi-maila parekatzea eta sektore ekonomiko guztiei laguntzea. Izan ere, 130. artikulua zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoaren beste adierazpen bat da (1.1 artikulua), eta estatuaren oinarrizko funtzioetako bat erakusten du: sustapen-funtzioa, Espainiako herritar guztien bizi-maila parekatzeko (9.2 artikulua). Horrez gain, 2. artikuluan aldarrikatzen den elkartasun- printzipioari ere erreparatu behar zaio, zeinaren arabera Estatuak Espainiako lurraldeko toki desberdinen artean oreka ekonomiko egokia ezar dadin begiratuko baitu.
Laburbilduz, 130. artikuluan ezarritakoaren arabera, botere publikoek sektore ekonomiko guztien modernizazioaz eta garapenaz arduratzeko betebeharra dute, eta, 45. artikuluaren arabera, betebehar hori eta ingurumenaren babesa bateragarriak izan behar dira.
Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.22 artikuluan ezarritakoaren babesean ematen da; artikulu horretan ezartzen da Estatuak eskumen esklusiboa duela baliabide eta aprobetxamendu hidraulikoen gaineko legegintza, antolaketa eta emakidari dagokienez, urek autonomia-erkidego bat baino gehiago zeharkatzen dutenean. Halaber, 149.1.14 artikuluan jasotako gaikuntzaren babesean ere ematen da, artikulu horrek Ogasun Publikoaren arloko eskumen esklusiboa ematen baitio Estatuari.
VII
Lehorteak eta beste ezbehar klimatikoek oliben ekoizpenean eta beste ekoizpen batzuetan (mahastien, barazkien, belarkien, zitrikoen, fruta arbolen eta fruitu lehorren ekoizpenean) eragindako kalteen ondorioz galdutako lan-egunak direla-eta, oso zaila da urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuak arautzen duen langabezia-saria nahiz apirilaren 11ko 426/2003 Errege Dekretuak arautzen duen nekazari-errenta eskuratzeko behar den lan-egun kotizatuen gutxieneko kopurua lortzea. 5/1997 Errege Dekretuak Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Bereziko aldi baterako langileentzako langabezia-saria arautzen du, eta 426/2003 Errege Dekretuak Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Bereziari atxikita dauden eta Andaluziako eta Extremadurako autonomia-erkidegoetan bizi diren aldi baterako langileentzako nekazari-errenta.
Horrexetarako, hain zuzen, ezartzen da zortzigarren xedapen gehigarrian, bai eta hirugarren xedapen iragankorrean ere, jasotako neurria, alegia, 20 lanegun kotizatuak izateko beharra ezartzen diena Andaluzia eta Extremadurako autonomia-erkidegoetako lurraldean bizi diren aldi baterako langileei, aipatutako langabezia-sarien edo nekazari- errenten onuradun izan ahal izateko.
1.artikulua. Xedea eta zertarakoa.
1.Lege honen xedea da nekazaritzako laguntza-neurriak ezartzea eta, kasua denean, nekazaritza-ustiategien titularrei laguntzak ematea, beraien ustiategiak lehorteak nekazaritza-urte honetan eragindako lurralde-eremuetan badaude eta ekoizpen gordinaren galerak izan badituzte laboreetan eta abeltzaintzako aprobetxamenduetan; gutxienez, ohiko ekoizpenaren ehuneko 20ko galerak zona kaltetuen kasuan, edo ehuneko 30ekoa gainerako zonetan, Europar Batasunak ezarritako irizpideekin bat etorrita.
2.Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren aginduz, autonomia- erkidegoei eta sektoreko ordezkaritza-erakundeei entzun ondoren, presaz mugatuko dira aurreikusitako neurriak aplikatuko diren eragindako lurralde-eremuak.
3.Lege honen beste xede bat hauxe da: Canales del Taibillako Mankomunitatearen eta Tajo-Segura akueduktuaren bidez urez hornitzen diren Almeriako probintziako horniduren desoreka ekonomikoa arintzea. Izan ere, Segurako Demarkazio Hidrografikoan dagoen lehorte-egoera dela-eta, ezohiko baliabideak erabili behar izan dituzte herrietako hornidurak bermatzeko; hain justu, lehorte-putzuak eta eskubideak aldi baterako lagatzeko kontratuak, eta, gainera, ohikoak ez diren beste baliabide batzuk (ur gezatua, esaterako) normalean baino gehiagotan erabili behar izan dituzte. Aitortutako lehorteak horniketa erabileretan —Canales del Taibillako eta Almeriako horniketan— izan dezakeen eragina ekiditen saiatuko da, horretarako hiri-horniketari ekoizpen-erabileraren aurretik lehentasuna ematen dion legezko printzipioari jarraituko zaio.
4.Azkenik, arau honen bitartez, energia elektrikoa ekoizteko ur kontinentalen erabileraren gaineko kanonari dagokion karga-tasa handitzen da —uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Urari buruzko Legearen testu bateginaren 112 bis artikuluan ezarri zen kanona—, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko organo eskudunek eta arro-organismoek erabilgarri duten jabari publiko hidraulikoa babesteko eta hobetzeko baliabide beharrezkoen zuzkidura handitzeko.
5.Gobernuak, errege-dekretu baten bidez, lege honetan aurreikusten diren neurriak beste lehorte-egoeretan —2017-2018 urte hidrologikoan zehar nazio-lurraldeko beste edonon gertatzen badira— aplikatzeko aitortu ahalko du, baldin eta artikulu honetako 1. apartatutan aurreikusitako betekizunak betetzen badira.
2.artikulua. Uraren erabilerari buruzko ordainarazpenen salbuespena.
1.Urari buruzko Legearen testu bateginaren 58. artikuluan aurreikusitakoarekin bat lehorte-egoera aitortu zaien edo aitortu ahalko zaien demarkazio hidrografikoetan ureztatze-lanetarako ura erabiltzeko eskubidea duten titularrak salbuetsita egongo dira ekoizpen gordinaren galerak izan badituzte laboreetan eta abeltzaintzako aprobetxamenduetan; gutxienez, ohiko ekoizpenaren ehuneko 20ko galerak zona kaltetuen kasuan, edo ehuneko 30ekoa gainerako zonetan, Europar Batasunak ezarritako irizpideekin bat etorrita. Canales del Taibillako Mankomunitateak eta Almeriako probintziaren horniketek, Tajo Segura akueduktuaren bidez hornitzen den aldean, honako salbuespen hauek izango dituzte:
a)Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Urari buruzko Legearen testu bateginaren 114. artikuluan ezarrita dauden uraren erabilera-tarifaren eta erregulazio-kanonaren 2017ko ekitaldiko eta hurrengo ekitaldietako kuotak, dena delako demarkazio hidrografikoa lehorte-egoeran dagoela aitortzen duen errege-dekretua indarrean badago.
b)Tajo-Segura akueduktua ustiatzeko araubide ekonomikoa arautzeko urriaren 16ko 52/1980 Legearen 7.1 artikuluaren b) eta c) letretan sartuta dauden ura eramateagatik ezarritako tarifaren funtzionamendu-gastu finko eta aldakorrekin loturik 2017ko ekitaldiari eta hurrengoei dagozkien ekarpen erlatiboak, dena delako demarkazio hidrografikoa lehorte-egoeran dagoela aitortzen duen errege-dekretua indarrean badago. Salbuespen hori ez zaie aplikatuko aurreko ekitaldietako likidazio ekonomikoei, baldin eta 2017ko ekitaldian aplikatutako tarifak kalkulatzeko kontuan hartu ez baziren.
c)Isuraldatze ondoko azpiegituraren bidez ura eramateagatik ezarritako tarifaren 2017ko ekitaldiko eta hurrengoetako kuota (Segura arroa) —tarifa hori ezarrita dago urriaren 16ko 52/1980 Legearen 10. artikuluan—, baldin eta arroko urei aplikatu ahal bazaie eta dena delako demarkazio hidrografikoa lehorte-egoeran dagoela aitortzen duen errege-dekretua indarrean badago.
2.Aurreko ataletan aipatutako ordainarazpenen subjektu pasiboek kuotak osorik edo partzialki ordaindu badituzte, sartutako dirua berreskuratzeko eskubidea izango dute.
3.artikulua. Lan-arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko neurriak.
1.1. Baldin eta kontratu-eteteen, lanaldi-laburtzeen eta kaleratze kolektiboen arrazoi zuzena 1. artikuluan adierazitako lehortearen ondoriozko kalteak badira, ezinbesteko kasutzat hartuko dira, eta urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. eta 51. artikuluetatik eratorritako ondorioak izango dituzte. Kontratu-eteteen eta lanaldi-laburtzeen kasuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak enpresaria Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzetik eta baterako diru-bilketaren kontzeptuetatik libratu ahal izango du etenaldiak edo laburtzeak irauten duen bitartean, eta epe hori langileak benetan kotizatutako alditzat joko da.
Lan-agintaritzak ezinbesteko kasua egon dela egiaztatzen duenean eta enpresak kontratuak etetea edo lanaldia aldi baterako murriztea erabakitzen duenean, aparteko inguruabarrak oinarri hartuta, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena eman ahal izango du langabezia-prestazioak —horiek jasotzeko arrazoi zuzena lehortea denean— jasotzen diren aldi hori ez dadin zenbatu ezarritako prestazioak jasotzeko gehieneko aldia agortzearen ondoreetarako. Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan araututa daude prestazio horiek. Era berean, baimena eman ahal izango du espediente horietan sartuta dauden langileek langabezia-prestazioak jaso ditzaten, nahiz eta prestazio horiek jasotzeko beharrezkoak diren kotizazio-aldien baldintza beteta ez izan.
2.Lehorteak kaltetutako nekazaritza-ustiategien titular diren enpresek eta norberaren konturako langileek, Gizarte Segurantzako edozein araubidetan sartuta egonik ere, izandako kalteak justifikatu ondoren, honako hauek ordaintzeko urtebeteko moratoria eskatu ahal izango dute, ordainketa-interesik gabe: 2017ko uztailetik 2018ko uztailera arteko hilabeteei dagozkien kotizazioak eta aldi horretako lanaldi errealei dagozkien kuotak.
4.artikulua. Nekazaritza-jardueretarako zerga-murriztapen bereziak.
Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren txostenak ikusi ondoren, salbuespenez, baimendu ahal izango du azaroaren 25eko HFP/1823/2016 Aginduan jasotzen diren etekin garbiaren indizeen murriztapena lege honen 1. artikuluak zehazten dituen zonetako nekazaritza-ustiategi eta -jardueretarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduak — martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartua— 37.4.1 artikuluan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduak —abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartua— 38.3 artikuluan jasotako aurreikuspenekin bat. Azaroaren 25eko HFP/1823/2016 Aginduak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboa egiteko metodoa eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua garatzen ditu 2017. urterako.
5.artikulua. Nekazaritza Politika Erkidearekin (NPE) eta abalen finantzaketarekin zerikusia duten jarduketak.
Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eska daitekeen aurrerakinik handiena eskatuko die Europako agintaritzei, eta urriaren 16an hasiko da ordaintzen, Nekazaritza Politika Erkidea arautzen duten erregelamenduzko xedapenekin
bat. Halaber, zehaztutako kanpainan lehortea izan dela aitortuko du, ordainketa berdearen («greening») zenbait alderdiri dagokionez malguago jokatu ahal izateko, Europar Batasunak ezinbesteko kasuei eta aparteko inguruabarrei buruz dioena aplikatze aldera.
Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak finantzaketa-bideak jarriko ditu martxan Nekazaritzako Kauzioaren Estatu Sozietate Anonimoaren (SAECA) abalen kostea diruz laguntzeko; izan ere, beharrezko dira abal horiek aparteko egoerak gertatzen direnean nekazaritza sektoreko ustiategien bideragarritasuna eta haien funtzionamendu normala indartzeko maileguak lortuko badira. Aparteko egoera horien arrazoi izan daitezke muturreko baldintza meteorologikoak, osasun edo elikadura krisialdiak edo mundu- merkatuaren gorabeheren ondoriozko lehengaien hornidurako distortsioak.
6.artikulua. Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planerako zuzkidura.
Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroak ahalik eta lasterren erabakiko ditu behar diren kreditu-gehikuntzak, Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen hogeita hamazortzigarren Planaren barruan izan den kontratazio handiagoari erantzun ahal izateko. Ildo beretik, eta beharrezkoa izango balitz, Gobernuak handitu egingo du Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Hogeita Hemeretzigarren Planerako zuzkidura, kontratazio eskaera handiagoari erantzuna emateko egokia den kopuruan.
7.artikulua. Landa izaerako ondasun higiezinen gaineko zergaren salbuespena.
1.Ondasun higiezinen gaineko zergaren 2017 eta 2018 ekitaldietako kuotak ordaintzetik salbuetsita egongo dira lehorteak eragindako nekazari eta abeltzainak beraien titulartasunpeko landa izaerako finkak, etxebizitzak, lantokiak edo antzekoak badituzte lege honen 1.1 artikuluak jasotako zonetan; horretarako, higiezinen eta nekazaritza-ustiategietan zuzeneko kalte materialak izan direla egiaztatu beharko dute, bai eta horiek estaltzen dituen inolako aseguru publiko edo pribaturik ez dagoela ere.
2.Aurreko apartatuan aipatutako zergari dagozkion kuoten salbuespenaren barruan sartuko dira zerga horren gainean legez onartutako errekarguak.
3.Aurreko apartatuetan ezarritako onurak lortzeko eskubidea duten zergadunek, zerga-ekitaldi horretako ordainagiriak ordaindu badituzte, ordaindutako kopuruak itzultzeko eskatu ahal izango dute.
4.Estatuaren Aurrekontu Orokorren kontura konpentsatuko da artikulu honetako aurreko apartatuetan xedatutakoa dela-eta udalen, uharte-kontseiluen, uharte-kabildoen, probintziako diputazioen eta autonomia-erkidegoen tokiko tributuetan gertatzen den diru- sarreren murriztapena, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
8.artikulua. ICOren bitartekotza-maileguak.
1.Izapideak burutu dira ICOrekin bitartekotza-maileguen bidea ezartzeko —guztira, 1.000 milioi euro—; gainera, zenbateko hori zabaldu ahalko da kalteen ebaluazioarekin eta dauden eskaerekin bat.
2.Maileguen bide horren onuradunak izango dira behi-, ardi-, ahuntz-, zaldi- eta txerri-azienden ustiategien edo erleen ustiategien titularrak, abereak elikatzeko kostu gehigarriei eta lehorteak eragindako beste batzuei aurre egin ahal izan diezaieten; halaber, onuradun izango dira lehorreko nekazaritza-ustiategien titularrak, lehorteak eragin baditu
1.artikuluan ezarritakoarekin bat, edo ureztatutako nekazaritza-ustiategien titularrak, ureztatzeko ur-horniduraren murrizketak —gutxienez, izan ohi den horniduraren % 20 gutxiago— izan badituzte eta haien ekoizpenean eragina izan bada 1. artikuluan ezarritakoarekin bat.
3.Mailegu horien onuradun izan nahi badute, aurretik aipatutako abeltzaintza- ustiategietako eta lehorreko nekazaritza-ustiategietako titularrek dagokion asegurua kontratatzeko konpromisoa hartu beharko dute, hurrengo kanpainarako lehorte-arriskua
estaltzea barne hartuko duen asegurua, hain zuzen. Konpromiso hori bete ezean, hobariak galduko dira edo, kasua denean, maileguei loturiko diru-laguntzak.
4.Honako hauek dira mailegu-baldintzak, nekazari eta abeltzain txiki eta ertainen aldeko gizarte-irizpideekin bat modulatu baitira:
a)Gehieneko zenbatekoa: Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak zehaztutako baremoen arabera.
b)Epea: Bost urte. Kasua denean, zenbateko nagusia ordaintzeko urtebeteko gabealdia ezarri ahalko da.
c)Interesak: ICOk finantza-erakundeei ezartzen dien lagapen-tasa % 1eko UTB izango da, eta bitartekotzarako gehieneko marjina % 0,50. Beraz, gehienez ere % 1,50eko UTB izango da mailegu emailearentzako amaierako tasa.
d)Izapidetzea: Finantza-erakunde bitartekarian aurkeztuko dira eskaerak, eta berak erabakiko du mailegua ematearen gainean; halaber, eragiketaren arriskua bere gain hartuko du.
e)Bidearen indarraldia: 2017ko abenduaren 31ra arte.
9.artikulua. Lehortearen eragina arintzeko aparteko funtsa.
Lehortea eta haren ondorioak arintzeko aparteko funtsa sortzen da lehortearen eraginpeko nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan izandako kalteak konpentsatzeko laguntza-neurriak finantzatzera bideratua.
Hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoen eskumenak, besteak beste, minimis erregimenean jasota dauden laguntza bideak eta laguntzak finantzatzea aurreikusiko da, Espainiari esleitutako gehieneko kuporaino, eta Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduarekin bat; erregelamendu hori nekazaritzako sektorean ematen diren minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduaren Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da.
2007. urtean, 1.000 milioi euroko ondare-ekarpena egingo zaio aparteko funts horri Estatuaren aurrekontutik.
Aurrekontu Esleipenerako Kontingentzia Funtsaren kontura, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak jartzen dituen kredituen kontura edo Estatuaren Aurrekontu Orokorretako diru-izendapenen bidez finantzatuko da funts hori, funtsa bera garatzen eta osatzen duen errege-dekretuak xedatutakoarekin bat.
Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien titularrak baino ezingo dira izan aparteko funtsaren onuradunak, baldin eta Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planaren babesean polizak izanik eta 1. artikuluan jasotako aplikazio-eremuaren barruan egonik, ustiategiari atxikitako elementu ez-aseguragarrietan kalteak jasan badituzte.
Horrelakoetan, peritu elkargokide batek zenbatetsitako kalteen % 70erainoko diru- laguntza eman ahal izango da, inoiz ez 8.000 euro baino gehiago; gainera, diru-laguntza horren eta beste edozein diru-laguntza edo diru-sarrera publiko edo pribatuaren artean batuketa eginda lortzen den emaitzak ezingo du inolaz ere gainditu hondamenaren edo kaltearen balioa.
Kaltetutako elementuen titulartasuna frogatzeko, interesdunek aseguru-poliza indarduna aurkeztu beharko dute, zeina Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planaren babespekoa izango den, edo zuzenbidearen araberako beste edozein frogabide erabiliko dute. Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planaren babespean indarrean dagoen aseguru-poliza edukitzeari dagokionez, aurreko kanpainako poliza ere onartuko da ezbeharra izan den kanpainarako poliza formalizatu gabe izan duten nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan izandako kalteetarako, baldin eta, ustiategi horien kasuan, ezbeharra izan den egunetan asegurua sinatzeko epea hasi ez bada edo epe hori bukatuta egon ez bada, baina betiere ekoizpen eta labore horretarako aurreko kanpainan asegurua kontratatuta izan badute. Abeltzaintza-ustiategien kasuan, ondore horietarako ez dira aintzat hartuko ustiategian hilda dauden animaliak handik ateratzearekin eta suntsitzearekin loturik kontratatu diren aseguruen polizak.
Enpresa- edo lanbide-jardueran dihardutela egiaztatzeko, berriz, interesdunek berariazko baimena emango diote organo kudeatzaileari, hark Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eska diezaion Enpresaburu, Profesional eta Atxikitzaileen Erroldatik behar duen informazioa.
10.artikulua. Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Urari buruzko Legearen testu bategina aldatzea
Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Urari buruzko Legearen testu bateginaren 112 bis artikuluaren 5. eta 7. zenbakiak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:
«5. Urteko karga-tasa zerga-oinarriaren ehuneko 25,5 izango da; kuota osoa, berriz, zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzearen ondorioz lortzen den zenbatekoa izango da.»
«7. Kanona ehuneko 92 txikiagoa izango da, 50 MW edo potentzia txikiagoa duten instalazio hidroelektrikoen kasuan; eta ehuneko 90 txikiagoa izango da, energia elektrikoa ponpaketa-teknologia hidraulikoa erabiliz ekoizten duten 50 MW baino potentzia handiagoko instalazioen kasuan. Halaber, kanona murriztuko da — erregelamendu bidez zehaztuko da zenbateraino— politika energetiko orokorra dela-eta sustatu behar diren ekoizpen eta instalazioetarako.»
11.artikulua. Kontratazio-araubidea.
Presako obra, zerbitzu edo hornigaitzat hartu ahalko dira azpiegitura, ekipamendu edo zerbitzuen konponketa edo zaintzarako kontratuak, lehortearekin loturiko jardueren —lege honetan jasoak— ondoriozko ondasunen berritze-obrak, bai eta, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Urari buruzko Legearen testu bateginaren 58. artikuluak erregulatzen duenarekin bat, aparteko egoera aitortu direnen ondoriozko jarduketak ere, edozein dela horien zenbatekoa; betiere, kontratazio-organoak, aurretik, horrela erabaki badu, eta Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bateginak –azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua– 113. artikuluan xedatutako betekizunak betetzen badituzte.
Lehenengo xedapen iragankorra. Araubide iragankorra, energia elektrikoa ekoizteko ur kontinentalen erabileraren gaineko 2017ko kanona likidatzeko.
1.Martxoaren 23ko 198/2015 Errege Dekretuaren 10. artikuluari jarraikiz, zergadun bakoitzak 2018ko martxoan egin beharko duen 2017ko ekitaldiko autolikidazioan ehuneko 22ko tasa aplikatuko zaio lege hau indarrean jarri arte iragan den urte-zatiari dagokion zerga-oinarriaren zati proportzionalari; eta ehuneko 25,5eko tasa aplikatuko zaio legea indarrean jarri ondoren iragan den urte-zatiari dagokion zerga-oinarriaren zati proportzionalari. Nolanahi ere, erregelamendu-mailako testu horren 8. eta 10. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da, bateraezina ez den guztian. Autolikidazioa egin behar den lehenengo urtea baldin bada, kontuan hartuko dira legea indarrean jarri aurretik eta jarri ondoren iragan diren emakidaren indarraldiaren tarteak. Zerga-oinarriaren hobariak zehazteko, denbora-irizpide berari jarraituko zaio.
2.Merkatuko operadoreak, sistemako operadoreak edo likidazioak egin behar dituen organoak kanona autolikidatzeko egunaren ostean ekoizpen elektrikoaren behin betiko likidazioak egiten baditu, zergadunek autolikidazio osagarria egin beharko dute ekoizpenaren behin betiko likidazio hori egin eta hurrengo hiru hilabeteetako epean.
Bigarren xedapen iragankorra. Baimena aurreratu daitezkeen ordainketen ehunekoaren gehikuntzari dagokionez.
Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren bidez, eta Nekazaritza Politika Erkidearen xedapen arautzaileen esparruaren barruan, Gobernuak beharrezko
diren kudeaketa lanak burutuko ditu Europar Batasunaren aurrean honakoak baimen daitezen 2018 eskaera-urteari dagokionez: nekazaritzari, abeltzaintzari, zuzeneko beste laguntza erregimenekoei eta landa garapenari zuzenean ordaintzen zaizkien aurrerakinen ehunekoa handitzea, eta lurgorrirako azalerak —interes ekologikokotzat aitortuak klima eta ingurumenerako nekazaritza-praktika onuragarriekin loturiko ordainketaren ondoreetarako— artzaintzarako erabiltzea.
Era berean, Gobernuak 2018ko eskaera-kanpainan zehar behar diren salbuespenak aztertu eta aplikatuko ditu, jarduneko nekazariekin eta nekazaritza-jarduerarekin loturik eskatu beharreko betekizunei dagokienez, lehorteak eragindako inguruabarrak eragozpen gehituak ez daitezen izan nekazaritzari, abeltzaintzari, zuzeneko beste laguntza erregimenei eta landa garapenari egiten zaizkien zuzeneko ordainketak jasotzeko orduan.
Hirugarren xedapen iragankorra. Honako lege hau indarrean jarri aurretik aurkeztutako langabezia-sarien edo nekazari-errenten eskaerak.
Zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa bertan aipatutako langileei ere aplikatuko zaie, baldin eta 2017ko irailaren 1a eta lege hau indarrean jarri bitartean eskaera aurkeztu badute langabezia-saria —urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuak arautua— edo nekazari-errenta —apirilaren 11ko 426/2003 Errege Dekretuak arautua— jasotzeko; betiere, lege hau indarrean jartzen denetik sei hilabete pasa baino lehen eskaera berria aurkezten badute.
Lehenengo xedapen gehigarria. Aurrekontu-kredituak.
1.Aurrekontu Esleipenerako Kontingentzia Funtsak osorik finantzatuko du lege honen 2. artikuluan ezarritako ordainarazpenen salbuespenen ondorioz konfederazio hidrografikoetan edo erkidegoaren barneko arro-organismoetan gerta daitezkeen diru- sarreren gutxitzeen konpentsazioa.
2.Konpentsazio hori baliabide propioen kontura edo, egonez gero, diruzaintzako gerakinaren kontura finantzatuko da. Halaber, beharrezkoa baldin bada, aurrekontu- aldaketak izapidetuko dira, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat etorrita.
Bigarren xedapen gehigarria. Lehortearen indarreko aitorpena duten demarkazio hidrografikoetan uren erabilera pribatiborako eskubideen lagapenari buruzko aparteko eta aldi baterako araua.
Salbuespenez eta 2018ko irailaren 30era arte soilik, uren erabilera pribatiborako eskubideen lagapen-kontratuak baimendu ahalko dira Segurako arroko emakidadunen artean, lagatzekoa den bolumena eta eskubidea lagatzen duen titularrari eman zaion bolumena berdinak badira, eta Urari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 69. artikuluak ezartzen duen muga ez da aplikatu beharko.
Salbuespenez eta goian aipaturiko indarraldiarekin, Dueroko arroko emakidadunen artean ere uren erabilera pribatiborako eskubideen lagapen-kontratuak baimendu ahalko dira.
Xedapen bera aplikatuko zaie Jucarreko arroko emakidadunen artean egiten diren kontratuei; kasu horretan, indarraldiak 2018ko irailaren 30 arte iraungo du.
Hirugarren xedapen gehigarria. Lurralde-nekazaritzari laguntzea.
Gobernuak Modernizaziorako eta Landa Dibertsifikaziorako Estrategia bultzatu eta garatuko du landa-inguruneko gazteei eta emakumeei laguntza espezifikoa eskaintzeko, batez ere nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren eremuetan.
Laugarren xedapen gehigarria. Gezatzea optimizatzeko talka-plana Mediterraneo aldean urik falta ez dadin.
1.Gobernuak gezatzea optimizatzeko presako talka-plana onartuko du Mediterraneo aldean urik falta ez dadin, eta plan horrek sustatuko du baliabide ez konbentzionalen erabilera, hots, ur-gezatuaren erabilera; gezatzeko instalazioetatik datorren uraren erabilerari lehentasuna emango zaio, jada, egiteko eta amaitu gabe dauden obra edo jarduketen egikaritzearen bidez.
2.Gobernuak diru-laguntzak emateko mekanismoak gaituko ditu ureztatzeko gezatutako uraren prezioa ez dadin izan 0.3 euro/m3 baino gehiago.
Bosgarren xedapen gehigarria. Uraren inguruko ohitura eta balio berriei buruzko sentsibilizazio kanpaina.
Gobernuak herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina bultzatuko du uraren erabilerarekin eta horren garrantziarekin loturiko ohituren aldaketan eta balio berrien eskuraketan inplikatu daitezen, eta baliabide hidriko horren aurrezpena sustatuko du. Aurrekontuan dagokion zuzkidura esleituko du horretarako.
Seigarren xedapen gehigarria. Ura berrerabiltzearen sustapena.
Gobernuak behar bezala araztutako uren berrerabilpena bultzatuko du, abenduaren 7ko 1620/2007 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Uraren Banku Publikoa.
Interes publikoko xedeetarako ura egon dadin ahalbidetzeko, Gobernuak arro hidrografikoetako bakoitzean uraren banku publiko bat sortzeko behar diren legegintzako aldaketak bultzatuko ditu. Uraren banku publiko horien eginkizunak izango dira, besteak beste, ureztatzeko uraren gaineko eskubideen transakzioak kontrolatzea eta kudeaketa eta kontrol publiko gardena bermatzea, bai eta lehorte-zikloekin loturiko transferentzien aldi baterako murrizketak hasten direnetik konpentsazioak publikoki ezartzea ere, betiere kontuan hartuta tartean egon daitekeen ingurumen-inpaktua.
Zortzigarren xedapen gehigarria. Langabezia-saria edo nekazari-errenta eskuratzeko behar diren benetako lanegun kotizatuen gutxieneko kopurua murriztea, lehortearen eraginez ekoizpena gutxitzea nozitu duten Andaluziako eta Extremadurako autonomia- erkidegoetako nekazaritzako behin-behineko langileentzat.
1.Andaluziako eta Extremadurako autonomia-erkidegoetako lurraldeetan bizi diren aldi baterako eta inoren kontura dabiltzan nekazaritzako langileek eskubidea izango dute urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuan aipatzen den langabezia-sariaren edo apirilaren 11ko 426/2003 Errege Dekretuan ezartzen den nekazari-errentaren onuradun izateko, nahiz eta ez eduki dekretu horietan, 2.1.c) eta 2.1.d) artikuluetan, hurrenez hurren, eskatzen diren benetan lan egindako lanegun kotizatuen gutxieneko kopurua; 5/1997 Errege Dekretuaren bidez, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Bereziko aldi baterako langileen aldeko langabezia-saria arautzen da, eta 426/2003 Errege Dekretuaren bidez, Andaluzia eta Extremadurako autonomia-erkidegoetan bizi diren Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Bereziko aldi baterako langileen nekazari-errenta. Betiere, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a)Langabezian geratu aurreko hamabi hilabete naturaletan, benetan lan egindako 20 lanegun kotizatu izatea, gutxienez.
b)Aplikatzekoa den araudian eskatzen diren gainerako baldintzak betetzea.
c)Lege hau indarrean jarri osteko sei hilabeteetan eskatzea.
2.Lehen apartatutan aurreikusitakoa aplikatzen denean, benetan lan egindako 35 lanegun kotizatu egiaztatu direla joko da, honako ondore hauetarako:
a)Urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuaren 5.1 a) artikulua.
b)Apirilaren 11ko 426/2003 Errege Dekretuko 4.1 eta 5.1 a) artikuluak.
3.Lege hau indarrean jarri osteko sei hilabeteetan 1. apartatuan adierazitako lurralde- eremuan aurkezten diren eskaeretan, honako hau hartu beharko da kontuan:
a)Urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorra aplikatzeko, benetan lan egindako 20 lanegun kotizatu izan beharko dira gutxienez, xedapen horretan aurreikusitako moduan.
b)Urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorraren 2. zenbakian ezarritakoa aplikatzeko, benetan lan egindako 20 lanegun kotizatu edo gehiago egiaztatzen badira, benetan lan egindako 35 lanegun kotizatu egiaztatu direla joko da.
Azken xedapenetatik lehena. Ekonomia Iraunkorrari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legearen aldaketa.
Ekonomia Iraunkorrari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legearen 82. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da; bigarren paragrafoa gehitzen zaio, honela geratzen baita idatzita:
«Gobernuak inbertsioak sustatuko ditu, bereziki, ureztatzeen eta nekazaritzako makineriaren efizientzia energetikoa hobetzeko, eta nekazaritzako instalazioetan erabiltzen diren iturri konbentzionalak berriztagarriez ordezteko (lurralde-arazo espezifikoen arazoei arreta jarriz lehengaiei dagokienez), horien barne direla autokontsumorako —elektriko nahiz termikoa izan— instalazioak; bai eta erregai alternatiboen erabilera ere. Halaber, ureztatze-ustiategietan energia- eta ekonomia- aurrezkirako neurriak aurkitzeko auditoretza eta azterketa energetikoak sustatuko ditu.»
Azken xedapenetatik bigarrena. Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 9. artikuluaren 3. apartatua aldatzea.
Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 9. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da, eta in fine paragrafoa gehitzen zaio, honela geratzen baita idatzita:
«Halaber, salbuespenez, bidesarien eta karguen murriztapenak ezarri ahalko dira, erregelamendu bidez, autokontsumoarekin loturiko horniketa modalitateko kontsumitzaile kategoria batzuetarako —energia-kontsumo intentsiboa egiten dutelako eta urtarokotasunaren mendekoak direlako—; betiere, proposatzen den aldaketa abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 13. artikuluan jasotako sistemaren segurtasunarekin eta iraunkortasun ekonomiko eta finantzarioarekin bat etortzen bada, bai eta aplikatu beharreko Europar Batasunaren arauekin ere.»
Azken xedapenetatik hirugarrena. Azken xedapen bat, bosgarrena bis, gehitzea Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea aldatzen da eta azken xedapenetatik bosgarrena bis gehitzen da; honela geratzen da idatzita:
«Azken xedapenetatik bosgarrena bis. Ureztatzeetarako elektrizitatea garraiatu eta banatzeko sareetara irispidea izateko kontratuak.
Ureztatzeko egiten diren irispide-kontratuei honako baldintza partikular hauek aplikatuko zaizkie:
12 hilabeteren zehar bi potentzia izateko aukera jasoko du ureztatzeko irispide- kontratuak, dena delako jarduerarako horniketa-beharraren araberakoak, eta erregelamendu bidez zehaztutakoarekin bat. Aplikazio-tarifen aldean, potentzia- terminoaren prezioak ez dira igoko, betiere finkatutakoa abenduaren 26ko 24/2013
Legearen 13. artikuluan jasotako sistemaren segurtasunarekin eta iraunkortasun ekonomiko eta finantzarioarekin bat etortzen bada, bai eta aplikatu beharreko Europar Batasunaren arauekin ere.»
Azken xedapenetatik laugarrena. Eskumen-titulua.
Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.22 artikuluaren babespean ematen da, zeinak eskumen esklusiboa esleitzen baitio Estatuari baliabide eta aprobetxamendu hidraulikoen gaineko legegintza, antolaketa eta emakidari dagokienez, urek autonomia- erkidego bat baino gehiago zeharkatzen dutenean. Eskumen-titulu horretatik kanpo geratzen dira ondoren aipatzen diren manuak edo horien zati bat:
–Espainiako Konstituzioaren 149.1.17 artikuluaren babespean ematen den 3. artikulua; Konstituzioaren artikulu horrek eskumena esleitzen dio Estatuari Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren gainean, hargatik eragotzi gabe autonomia- erkidegoek haren zerbitzuak betearaztea.
–Espainiako Konstituzioaren 149.1.14 artikuluaren babespean ematen diren 4. eta 7. artikuluak eta lehen xedapen gehigarria; Konstituzioaren artikulu hori ogasun publikoaren eta Estatuaren zorraren arlokoa da.
Espainiako Konstituzioaren 149.1.1.13 artikuluaren babespean ematen diren 5., 6., 8. eta 9. artikuluak eta hirugarren xedapen gehigarria; Konstituzioaren artikulu horrek Estatuari esleitzen dio jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak zehaztearen eta koordinatzearen gaineko eskumena.
–Aldatzen den arauan ezarritako eskumen-tituluarekin bat arautuko dira azken xedapenetatik lehena, bigarrena eta hirugarrena.
Azken xedapenetatik bosgarrena. Garatzeko ahalmenak.
Gobernuak eta Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioko, Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioko eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioko titularrek, bakoitzak bere eskumenen eremuan, lege honetan ezarritakoa garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emango dituzte.
Azken xedapenetatik seigarrena. Indarrean jartzea.
Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.
Horrenbestez,
Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.
Madrilen, 2018ko martxoaren 6an.
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY