1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzen duena
2013-11-29Erakundea: Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa
Argitalpena: EAO, 2013/12/3, 289. zk.
OSASUN, GIZARTE ZERBITZU ETA BERDINTASUN MINISTERIOA
12632
1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzen duena.
Desgaitasunen bat duten pertsonen gizataldea multzo handia da, oso kontu handia behar duena; gainera, gizartearen antolaerak eta jarduteko moduak bazterturik eduki ditu maiz, ezaguna den egoeran. Egoera horretan, haien funtsezko eskubideak eta askatasunak murrizturik egon dira, haien giza garapena oztopaturik, herritar guztien eskura egon ohi diren baliabide eta zerbitzuez ere ezin izan dute besteek bezala gozatu, eta ezin izan diote lagundu gizartearen aurrerabideari beren gaitasunekin.
Bizimodu betea egiteko gurariak eta beren burua garatzeko beharrak bizi ditu pertsona hauek ere, baina ezin izaten dituzte nahi horiek bete, baldin askatasunerako, berdintasunerako eta duintasunerako eskubideak murriztu egiten bazaizkie edo aintzat hartzen ez bazaizkie. Horixe da, oraindik, desgaitasunen bat duten emakumeen eta gizonen egoera; izan ere, ezin ukatu diren arren gizartean izan diren aurrerapen asko, eskubideak murrizturik aurkitzen dituzte zenbait ingurune, prozesu edo zerbitzu eskuratzeko edo haietan parte hartzeko orduan, haien behar espezifikoak kontuan hartu gabe pentsatu izan direlako edo haien parte hartzea eragozten dutelako berez.
Badira, beraz, eragozpen ugari eta askotarikoak, desgaitasunen bat duten pertsonei beren eskubideak bete-betean baliatzea eragozten dietenak, eta eragozpen horien ondorioek bazterketa soziala eragiten dute; hala, botere publikoek konponbidea ipini behar diote bazterketa sozial horri, aitzakiarik gabe.
Aukera-berdintasuna sustatzen duten neurriak bultzatzea eta, horretarako, desgaitasunen bat duten pertsonentzako oztopoak kentzea herritar, erakunde eta entitate guztien zeregina da, baina, batez ere, legegilearena, beharrizanak hauteman eta konponbideak proposatu behar baititu, ekintza-lerro orokor egokienekin batera. Lehenago ere frogatu izan dugunez, beharrezkoa da desgaitasunari buruzko arau-esparruak eta ekintza publikoek gizartearen antolamenduan eta haren adierazpide material edo harremanezkoetan eragin dezaten, zeintzuek, beren egitura eta jarduerekin, baztertu edo gibelarazi egiten baitituzte desgaitasunen bat duten pertsonak ohiko bizimodutik; eta, eragin ere, desgaitasunen bat duten pertsonek ere aukera izan dezaten, eskubidedun subjektu aktibo gisa, bizimodua gainerako herritarrekiko baldintza-berdintasunean egiteko.
Hala, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Legea (13/1982 Legea, apirilaren 7koa) izan zen lehenbiziko legea Espainian, desgaitasunen bat duten pertsonentzako eta haien senitartekoentzako arreta eta laguntzak arautzera zuzendua; Espainiako Konstituzioaren 9., 10., 14. eta 49. artikuluen esparruan onartu zen, eta aurrerapen garrantzitsua ekarri zuen garai hartan.
Lege horretan ere jaso zen ideia hori, alegia, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak bermatzeko berdintasunezko neurriak eta haiei eman beharreko babes bereziak honako honetan oinarritu behar dutela: beren inguruan bizimodu normala egiteko aukera emango dien laguntza-neurri osagarri, laguntza tekniko eta zerbitzu espezializatuetan. Prestazio ekonomikoen eta zerbitzuen sistema bat ezarri zen, baita laneratzeko neurriak, irisgarritasuna sustatzeko neurriak eta laguntza ekonomikoak ere, eta ondoren osasunari, hezkuntzari eta enpleguari buruzko legeetan jasoko ziren printzipio batzuk ere bai.
Ondoren, Desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko Legeak (51/2003 Legea, abenduaren 2koa) bultzada berria eman zien desgaitasunen bat duten pertsonen aldeko berdintasun- politikei, eta esku hartzeko bi estrategiatan jarri zuen arreta, bereziki: diskriminazioaren kontrako borroka eta irisgarritasun unibertsala.
Lege horrek berak xedatu zuen arau-hausteen eta zigorren araubide bat ezartzeko, eta Desgaitasunen bat duten pertsonentzako aukera-berdintasunen, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren arloko arau-hausteak eta zigorrak ezartzen dituen 49/2007 Legeak ezarri zuen azkenean araubide hori (49/2007 Legea, abenduaren 26koa).
Era berean, ez da sartzen arau honek batzen dituen xedapenen artean, baina nabarmendu beharrekoa da desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen legeen esparruan 27/2007 legea, urriaren 23koa, espainiar zeinu-hizkuntzak aintzat hartzekoa eta gorren, entzuteko desgaitasunen bat dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikazioari laguntzeko bitartekoak arautzen dituena, eta gorrek, entzuteko desgaitasunen bat dutenek eta gor-itsuek espainiar zeinu-hizkuntzak ikasi, ezagutu eta erabiltzea libreki hautatzeko duten eskubidea eta ahozko komunikazioari laguntzeko bitartekoetarako duten eskubidea aintzat hartzen dituena. Lege hori funtsezko faktorea izan zen haien gizarteratzean.
Azkenean, ezinbestekoa da desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko konbentzioa aipatzea, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiek (NBE) 2006ko abenduaren 13an onartua, eta Espainiak 2007ko abenduaren 3an berretsia; 2008ko maiatzaren 3an sartu zen indarrean. Konbentzio horrek ezarri zuen desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen ikuspegia erdigunean, halako moldez non desgaitasunen bat duten pertsonak eskubideen subjektu titular jotzen dituen eta botere publikoak behartzen dituen eskubide horiek osorik eta eraginkortasunez baliatu ahal izango direla bermatzera.
Arauak Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen gaineko Nazioarteko Konbentzioaren arabera egokitzeari buruzko Legearen azken xedapenetako bigarrenaren agindua da hiru lege horiek bat egitea, erregularizatuz, argituz eta armonizatuz (26/2011 Legea, abuztuaren 1ekoa), eta behar-beharrezkoa da hori, kontuan hartuta zer aldaketa izan diren azken urteetan eta zer funtsezko aldaketa izan diren desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak arautzen dituzten arauen esparruan –betiere, xedapen horri merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko presako neurriei buruzko Legearen azken xedapenetako bosgarrenak emandako idazketaren arabera (12/2012 Legea, abenduaren 26koa)–. Nazioarteko Konbentzio hori izan da eginkizun horren erreferente nagusia. Hori dela eta, legeak, bere printzipioak Konbentzioan xedatutakoaren arabera berrikusteaz gain, badakar titulu bat, berariaz desgaitasunen bat duten pertsonen zenbait eskubideren gainekoa. Berariaz aitortzen du, orobat, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak printzipio honen arabera erabili beharko direla: erabakiak hartzeko askatasuna.
Testu bategin hori egiteko orduan, kontsulta egin zaie autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei, eta txosten aginduzko eta aldez aurrekoa eskatu zaio Desgaitasunari buruzko Estatu Batzordeari. Entzunaldia eman zaie eragiten zaien sektoreei, eta aldez aurreko txostena aurkeztu zaio Datuak Babesteko Espainiar Agentziari.
Arauak Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen gaineko Nazioarteko Konbentzioaren arabera egokitzeari buruzko Legearen azken xedapenetako bigarrenean xedatutakoa aplikatuz eman da arau hau (26/2011 Legea, abuztuaren 1ekoa).
Hala bada, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministroak proposatuta, Estatu Kontseiluarekin bat etorriz eta Ministro Kontseiluak 2013ko azaroaren 29an eztabaida egin ondoren, XEDATZEN DUT: Artikulu bakarra. Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzea.
Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzen da honen bidez. Hona hemen:
Xedapen gehigarri bakarra. Arauen arteko igortzeak.
Beste xedapen batzuek 13/1982 Legera igortzen dutenean (13/1982 Legea, apirilaren 7koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzkoa) edo 51/2003 Legera (51/2003 Legea, abenduaren 2koa, Desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoa), edo 49/2007 Legera (49/2007 Legea, abenduaren 26koa, Desgaitasunen bat duten pertsonentzako aukera-berdintasunen, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren arloko arau-hausteak eta zigorrak ezartzen dituena) onartzen den testu bategin honetan dagozkion arauetara igortzen dutela joko da.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabeturik geratzen dira desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bateginean xedatutakoaren kontra doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, honako hauek, testu bategin horretan bateratzeko sartu direlako:
a) 13/1982 Legea, apirilaren 7koa, desgaitasunen bat duten pertsonen gizarteratzeari buruzkoa.
b) 51/2003 Legea, abenduaren 2koa, desgaitasunen bat duten pertsonentzako aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoa.
c) 49/2007 Legea, abenduaren 26koa, desgaitasunen bat duten pertsonentzako aukera-berdintasunen, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren arloko arau-hausteak eta zigorrak ezartzen dituena.
Azken xedapen bakarra. Indarrean sartzea.
Legegintzako errege-dekretu hau eta berak onartzen duen testu bategina Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Madrilen emana, 2013ko azaroaren 29an.
JUAN CARLOS E.
Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministroa.
ANA MATO ADROVER
ATARIKO TITULUA Xedapen orokorrak I. KAPITULUA
Helburua, definizioak eta printzipioak 1. artikulua. Lege honen xedea.
Hau da lege honen xedea:
a) Aukera-berdintasunerako eta tratu berdinerako eskubidea bermatzea; desgaitasunen bat duten pertsonek beren eskubideak egiaz eta eraginkortasunez baliatzea, gainerako herritarren baldintza berdinetan, betiere autonomia pertsonala, irisgarritasun unibertsala, enplegurako sarbidea, komunitatean barneratzea eta bizimodu beregaina bermatuz, eta orobat bermatuz ezabatu egiten direla diskriminazio mota guztiak, guztia ere Espainiako Konstituzioaren 9.2, 10., 14. eta 49. artikuluekin, Desgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioarekin eta Espainiak sinatutako tratatu eta akordioekin bat etorriz.
b) Desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren arloan oinarrizko baldintzak bermatzen dituzten arau-hauste eta zehapenen araubidea ezartzea.
2. artikulua. Definizioak.
Lege honen ondorioetarako, hona hemen definizio batzuk:
a) Desgaitasuna: Egoera bat da, urritasun aurrez ikusteko moduan iraunkorrak dituzten pertsonek oztopoak aurkitzen dituztenean sortzen dena, oztopo horiek mugatu edo eragotzi egiten dietelarik gizartean egiaz eta erabat parte hartu ahal izatea, gainerakoen baldintza berdinekin.
b) Aukera-berdintasuna: Desgaitasuna dela-eta ez izatea diskriminaziorik, ez zuzenekorik ez zeharkakorik, diskriminazio horretan sartzen delarik edozein bereizketa, bazterketa edo murriztapen, desgaitasuna duten pertsonei oztopatzen diena politikaren, ekonomiaren, gizartearen, lanaren, kulturaren edo gizarte zibilaren arloan edo beste arlo batean dagozkien giza eskubide eta funtsezko askatasun guztiak baldintza berdinekin aitor dakizkien, goza ditzaten edo balia ditzaten. Era berean, ekintza positiboko neurriak onartzen badira, aukera-berdintasuna dela joko da.
c) Zuzeneko diskriminazioa: Egoera bat da, desgaitasuna duen pertsona bati, bere desgaitasuna dela eta, antzeko egoeran dagoen beste bati baino laguntasun gutxiago ematen zaionean sortzen dena.
d) Zeharkako diskriminazioa: Egoera hau sortzen da pertsona bati, bere desgaitasuna dela eta, desabantaila jakin bat sortu ahal zaionean beste pertsona baten aldean, lege- edo erregelamendu-xedapen baten bidez, klausula hitzartu edo kontratuzko baten bidez, banakako hitzarmen baten bidez, alde bakarraren erabaki baten bidez edo irizpide edo praktika baten bidez, edo ingurune, produktu edo zerbitzu baten bidez, nahiz eta itxura batean neutroak izan, non eta, horiek guztiak, objektiboki, ez diren bidezko helburu bati erantzuteko, eta non eta helburu hori lortzeko bitartekoak ez diren egokiak eta beharrezkoak.
e) Elkartzea dela-eta diskriminatzea: Egoera hau sortzen da pertsona batek edo pertsona hori kide den elkarte batek diskriminaziozko tratua jasotzen duenean, bere desgaitasuna dela-eta beste batekin duen harremanagatik.
f) Jazarpena: pertsona baten desgaitasuna dela-eta gertatzen den jokabide desiratu gabea, helburutzat edo ondoriotzat duena haren duintasunaren kontra jotzea edo inguru larderiazko, etsaitasunezko, degradatzaile, umiliagarri edo laidogarri bat sortzea.
g) Ekintza positiboko neurriak: neurri espezifikoak dira, desgaitasunaren ondoriozko desabantailak saihestu edo konpentsatzekoak, desgaitasunarekiko pertsonen egitatezko berdintasuna lortzera edo azeleratzera bideratuak eta bizimodu politikoan, ekonomikoan, sozialean, hezkuntzakoan, lanekoan eta kulturakoan erabateko parte hartzea lortzera bideratuak.
h) Bizimodu independentea: Egoera bat da, zeinean desgaitasunarekiko pertsonak bere existentziaren gainean erabakitzeko duen ahala baliatu eta bere komunitateko bizimoduan aktiboki parte hartzen baitu, nortasuna libreki garatzeko eskubidearen arabera.
i) Normalizazioa: printzipio honen arabera, desgaitasunarekiko pertsonek aukera izan behar dute baldintza berdinekiko bizimodua eramateko, beste edozein pertsonak eskura dituen leku, eremu, ondasun eta zerbitzu berberak eskuratuz.
j) Gizarteratzea: printzipio honen bidez, gizarteak guztien onerako eta gizartearen kohesiorako balio konpartituak sustatzen ditu, eta bide ematen du desgaitasunen bat duten pertsona guztiek aukera izan dezaten bizimodu politikoan, ekonomikoan, gizartekoan, hezkuntzakoan, lanekoan eta kulturakoan osoki parte har dezaten eta gainerakoekiko berdintasunezko bizi-baldintzak goza ditzaten.
k) Irisgarritasun unibertsala: inguruek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek, hala nola objektuek, tresnek, lanabesek eta gailuek bete behar duten baldintza da, segurtasunez eta erosotasunez ulertu, erabil eta gauzatu daitezen, ahal denik eta modurik autonomoen eta naturalenean. Diseinu unibertsalaren edo pertsona guztientzako diseinuaren estrategia dakar berekin, hargatik eragotzi gabe zentzuzko doiketak egin behar direnean hala egitea.
l) Diseinu unibertsala edo pertsona guztientzako diseinua: jarduera honen bitartez, hasiera-hasieratik pentsatzen edo proiektatzen dira, ahal den neurrian, inguruak, prozesuak, ondasunak, produktuak, zerbitzuak, objektuak, tresnak, egitasmoak, gailuak edo tresnak, pertsona guztiek ahalik eta gehien erabiltzeko moduan, ez egokitzerik ez diseinu espezializaturik beharrik gabe. «Diseinu unibertsala edo pertsona guztientzako diseinua» erabiltzen denean, ez dira baztertzen desgaitasunen bat duten pertsona jakin batzuen multzoentzako laguntza-produktuak, behar badituzte.
m) Zentzuzko doiketak: ingurune fisikoan, gizartean eta jokabideetan egin beharreko aldaketak eta egokitzeak dira, desgaitasunen bat duten pertsonen beharrizan espezifikoen arabera egiten direnak, karga neurrigabe edo bidegaberik ezarri gabe, betiere modu eraginkor eta praktiko batez beharrezkoak badira, desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasuna eta parte hartzea errazteko eta eskubide guztiak gainerakoen baldintza berdinetan gozatu eta baliatu ahal dituztela bermatzeko.
n) Elkarrizketa zibila: printzipio honen bidez, desgaitasunen bat duten pertsonen eta haien senitartekoen erakundeek parte hartzen dute, legeek eta gainerako arauek ezarritako baldintzen arabera, desgaitasunen bat duten pertsonak direla-eta gauzatzen diren politika ofizialak lantzen, gauzatzen eta politika horiek nola gauzatzen diren behatzen eta ebaluatzen; politika horiek, nolanahi ere, bermatu behar dute desgaitasunen bat duten umeek askatasunez adierazi ahal izatea beren iritzia eragiten dieten gai guztiei buruz, eta beren desgaitasunari eta adinari dagokion laguntza jaso ahal izatea eskubide hori baliatu ahal izateko.
o) Desgaitasunaren arloko politiken zeharkakotasuna: printzipio honen bidez, herriadministrazioek gauzatzen dituzten jarduerak ez dira izango pertsona horientzako ez beste inorentzako plan, programa eta ekintza espezifikoak egitea bakarrik, zeren eta jarduera publikoaren eremuetako edozeinetako ekintza-politika eta -lerro orokorrak lantzea ere sartzen baita hor, eta desgaitasunen bat duten pertsonen beharrizanak eta eskariak ere kontuan hartuko baitira hartara.
3. artikulua. Printzipioak.
Hona hemen zeintzuk izango diren lege honen printzipioak:
a) Pertsonen duintasuna, banakako autonomia, hor sartzen delarik pertsonei dagozkien erabakiak hartzeko askatasuna ere, eta independentzia errespetatzea.
b) Bizitza independentea.
c) Diskriminaziorik eza; d) Desberdintasuna errespetatzea eta pertsona desgaituak onartzea, giza aniztasunaren eta gizaki izatearen alderdi gisa ikusita.
e) Aukera-berdintasuna; f) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna g) Normalizazioa.
h) Irisgarritasun unibertsala.
i) Diseinu unibertsala edo pertsona guztientzako diseinua.
j) Gizartean erabat eta eraginkortasunez parte hartzea eta modu horretara jardunez gizarteratzea; k) Elkarrizketa zibila.
l) Desgaitasunen bat duten pertsonen nortasunaren garapena errespetatzea, eta, bereziki, desgaitasunen bat duten haurrena, eta orobat errespetatzea haiek beren nortasuna zaintzeko duten eskubidea.
m) Desgaitasunaren arloko politiken zeharkakotasuna.
II. KAPITULUA Aplikazio-eremua.
4. artikulua. Eskubideen titularrak.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonak dira urritasun fisiko, mental, intelektual edo sentimenezkoak dituztenak, urritasun iraunkorrak ustez, era bateko eta besteko oztopoek gizartean osoki eta eraginkortasunez eta gainerakoekiko baldintza-berdintasunean parte hartzea eragotzi ahal dietenak.
2. Aurreko paragrafoan ezarritakoaz gain, eta, ondorio guztietarako, desgaitasunen bat duten pertsonak direla joko da ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortu zaien pertsonak. Hala, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa dutela joko da ezintasun iraunkor oso, erabateko edo handiagatik pentsioa aitortuta duten Gizarte Segurantzako pentsiodunek, bai eta zerbitzurako ezintasun iraunkorragatik edo gauza ez izateagatik erretiro-pentsioa aitortuta duten klase pasiboetako pentsiodunek ere.
Ekintza positiboko onurak edo neurriak arautzen dituzten arauen bidez ezarri ahalko dira onura horiek eskuratzeko baldintza espezifikoak.
3. Desgaitasunaren maila, beraz, horretarako eskumena duen organoak zehaztuko du, erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera.
Desgaitasunaren maila, hortaz, erregelamenduz ezarritako moduan egiaztatuko da, eta estatuaren lurralde osoan izango du balioa.
4. Urritasunen eta desgaitasun-areagotzeen prebentzio-zerbitzuetarako eskubidea onartua izan dadin, egoera horren parekotzat joko dira aurretiko egoerak, jarduera mugatzea eragin dezaketen bilakaera-prozesu gisa harturik.
5. Lege honetan xedatutako zerbitzuak, prestazioak eta gainerako onurak atzerritarrei emango zaizkie 4/2000 lege organikoan (4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunen gainekoa eta haien gizarteratzearen gainekoa), nazioarteko tratatuetan eta jatorrizko herrialdean ezarritako hitzarmenetan xedatutakoaren arabera. Atzerritar adingabeei buruz, bestalde, adingabeen eskubideak babesteko indarrean diren legeetan xedatutakoari jarraituko zaio, hala estatuaren eremuan nola kasuan kasuko autonomia-erkidegoan indarrean direnei, hain zuzen, bai eta indarrean diren nazioarteko tratatuetan xedatutakoari ere.
6. Gobernuak hedatu egingo du legean xedatutako prestazio ekonomikoen aplikazioa atzerrian bizi diren espainiarrei ere aplikatzeko, betiere bizi diren herrialdean pareko babesik ez badute, erregelamenduz ezarriko diren moduan eta baldintzen arabera.
5. artikulua. Aukera-berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren arloan izango duen aplikazio-eremua.
Aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta irisgarritasun unibertsala bermatzeko neurri espezifikoak, I. tituluan arautzen diren eskubideei ez ezik, honako arlo hauetan ere aplikatuko dira:
a) Telekomunikazioak eta informazioaren gizartea.
b) Espazio publiko urbanizatuak, azpiegiturak eta eraikuntza.
c) Garraioak.
d) Herritarren eskura jartzekoak diren ondasun eta zerbitzuak.
e) Herri-administrazioekiko harremanak.
c) Justizia-administrazioa.
g) Kultura-ondarea, ondare historikoari buruzko legedian aurreikusitakoari jarraituz.
h) Enplegua.
III. KAPITULUA Desgaitasunen bat duten pertsonen autonomia 6. artikulua. Desgaitasunen bat duten pertsonen autonomiaren errespetua.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak erabiltzean, erabakiak hartzeko askatasunaren printzipioari jarraituko zaio.
2. Desgaitasunen bat duten pertsonek eskubidea dute erabakiak askatasunez hartzeko, eta, horretarako, informazioa eta baimena formatu egokian eman beharko dira, bakoitzaren ezaugarri eta egoren arabera, diseinu unibertsalaren edo pertsona guztientzako diseinuaren printzipioak ezarritako arauei jarraituz, pertsona horiek informazioa eta baimena eskuratzeko eta ulertzeko moduan.
Nolanahi ere, kontuan hartu beharko dira pertsona bakoitzaren ezaugarriak eta egoerak, zer ahalmen duen erabaki jakin bat hartzeko, eta ziurtatu egin beharko da erabakiak hartzeko laguntza.
I. TITULUA Eskubideak eta betebeharrak 7. artikulua. Berdintasunerako eskubidea.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonek, hala, gainerako herritarrek ordenamendu juridikoaren arabera dituzten eskubide berberak dituzte.
2. Berdintasunerako eskubide hori gauzatu ahal izan dadin, herri-administrazioek neurriak sustatuko dituzte, desgaitasunen bat duten pertsonek beren eskubideak berdintasunean erabili ahal izatea aukera egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bizitzako arlo guztietan.
3. Herri-administrazioek ahalegin berezia egingo dute desgaitasunen bat duten pertsonek arlo hauetan dituzten eskubideak babesteko: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, osasuna, enplegua, babes soziala, hezkuntza, babes judizial eraginkorra mugikortasuna, komunikazioa, informaziorako eta kulturarako irispidea, kirola, aisialdia, gai publikoetan parte hartzea, titulu honetan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritako baldintzen arabera.
4. Era berean, herri-administrazioek bereziki babestuko dituzte diskriminazio anizkunaren kaltea jasateko arrisku berezia duten pertsonak edo pertsona-taldeak, hala nola umeak, desgaitasunen bat duten emakumeak, desgaitasunen bat duten adinduak, genero-bortizkeria pairatu duten emakume desgaitasunen batekikoak, desgaitasun anitzekiko pertsonak edo gutxiengo bateko kide diren pertsona desgaitasunen batekikoak.
I. KAPITULUA
Prestazio sozial eta ekonomikoen sistema 8. artikulua. Desgaitasunen bat duten pertsonentzako prestazio sozial eta ekonomikoen sistema berezia.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonentzako prestazio sozial eta ekonomikoen sistemaren babes-ekintzak honako hauek hartzen ditu, pertsona horiek, lanean ez ibiltzeagatik, Gizarte Segurantzaren sistemaren aplikazio-eremuan sartuta ez daudenean:
a) b) c) d) Osasun-laguntza eta prestazio farmazeutikoa.
Mugikortasun- eta garraio-gastuetarako sorospena.
Lanbiderako oneratzea.
Lanbiderako errehabilitazioa eta gaitzea.
2. 9. artikuluan xedatutakoa gorabehera, erregelamenduz ezarritako hedadura, iraupena eta baldintzak izango dituzte aurreko paragrafoan xedatutako osasun-laguntza eta prestazio farmazeutikoak.
3. Gutxieneko diru-sarreren bermerako sorospena eta hirugarren pertsona bati laguntzeko sorospena jasotzen duten pertsonek ez dute galduko eskubide hori, lehenbiziko xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraituz.
9. artikulua. Desgaitasunen bat duten pertsonentzako prestazio sozial eta ekonomikoen sistema bereziko prestazio farmazeutikoa.
Kapitulu honetan xedatutako prestazio laguntzazko eta ekonomikoetako sistema bereziaren onuradunak salbuetsita egongo dira berezitasun farmazeutikoak kontsumitzeagatiko ekarpena egin beharretik.
II. KAPITULUA Pertsonaren osotasunerako eskubidea 10. artikulua. Osasuna babesteko eskubidea.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonek eskubidea dute osasunaren babeserako, eta hor sartzen da eritasunaren prebentzioa eta osasuna babestu, sustatu eta sendatzea, desgaitasuna dela-eta diskriminaziorik eragin gabe, eta arreta berezia jarriz osasun mentalari eta sexu- eta ugalketa-osasunari.
2. Herri-administrazioek eta subjektu pribatuek arreta berezia jarriko diete desgaitasunen bat duten pertsonen beharrizanei, indarrean den osasun arloko legeriaren eta legeria sektorialaren arabera.
3. Herri-administrazioek, hala, arreta soziala eta osasun-arloko arreta koordinatzeko beharrezkoak diren jarduerak eraginkortasunez eta egiaz gauzatuko dituzte, beren desgaitasunarekin zerikusia duten osasun-arazoak izateagatik arreta-sistema baten eta bestearen beharra aldi berekoa edo bata bestearen ostekoa duten pertsonei zuzendurik, eta beharrezkoak diren neurriak sustatuko dituzte, desgaitasunen bat duten pertsonek beren osasunarekin lotutako prestazioak eta zerbitzuak gainerako herritarrekiko baldintza berdinetan eskuratu ahal izan ditzaten.
11. artikulua. Urritasunen eta desgaitasun-areagotzeen prebentzioa.
1. Urritasunen eta desgaitasun-areagotzeen prebentzioa herritarren eskubidea eta betebeharra da, bai eta gizarte osoarena ere, eta Estatuak osasun publikoaren eta zerbitzu sozialen arloan dituen lehentasunezko obligazioen artekoa. Urritasunen eta desgaitasun-areagotzeen prebentzioak aintzat hartuko du desgaitasunen bat duten pertsonen dibertsitatea, eta tratamendu berezitua eskainiko du, pertsona bakoitzaren beharrizanen araberakoa.
2. Herri-administrazio eskudunek urritasunen eta desgaitasun-areagotzeen prebentziorako planak sustatuko dituzte, eta kontuan hartuko dute, orobat, Mendetasunegoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala sustatzeari eta zaintzeari buruzko Legearen 21. artikuluan xedatutakoa (39/2006 Legea, abenduaren 14koa).
3. Plan horietan, garrantzi berezia emango zaie honako zerbitzu hauei: familiaorientazio eta -planifikazioko zerbitzua, aholku genetikoa, jaio aurreko eta jaio osteko arreta, hautemate eta diagnostiko goiztiarra eta asistentzia pediatrikoa, tartean direla haurren eta gaztetxoen osasun mentala, asistentzia geriatrikoa, bai eta laneko segurtasuna eta osasuna, bideko zirkulazioko segurtasunerako laguntza, elikagaien kontrol higieniko eta sanitarioa eta ingurumen-kutsadura.
Berariazko arreta jarriko zaie nekazaritza-inguruneetarako ekintzei.
12. artikulua. Desgaitasunari arreta eskaintzeko talde multiprofesionala 1. Arlo sektorial bakoitzeko desgaitasunari arreta eskaintzeko talde multiprofesionalek dagokien prestakuntza espezializatua eduki beharko dute, eta eskumena izango dute, nork bere lurralde-esparruan, desgaitasunen bat duen pertsona bakoitzari, behar badu, diziplina arteko arreta eskaintzeko, eta bermatzeko ezen gizartean osoki parte hartu ahal izango dutela, gainerako guztiekiko baldintza berdintasunean eta gizarteratuak izango direla.
2. Desgaitasun-maila kalifikatzeko eta aintzat hartzeko ardura duten talde multiprofesionalak organoak dira, desgaitasun-egoerak baloratzen eta kalifikatzen dituztenak, eskumena duen administrazio-organoak ondoren aintzatespen ofiziala egin dezan.
3. Desgaitasun-maila kalifikatu eta aintzat hartzeko talde multiprofesionalen eginkizunak dira:
a) Txosten tekniko normalizatu bat egitea urritasunen, jarduerak gauzatzeko mugen eta gizartean parte hartzeko oztopoen inguruan, zehaztuz, betiere, dena delako pertsona horrek zer gaitasun eta trebetasunetarako behar dituen laguntzak.
b) Gaikuntzarako eta errehabilitaziorako orientazioa, desgaitasunarekiko pertsonaren autonomia erabat errespetatuz, eta osatzeko beharrizan, gaitasun eta aukeren gaineko proposamenak eginez; orobat, osatzeko prozesua behatu eta berraztertzea.
c) Desgaitasun-egoera baloratu eta kalifikatzea, desgaitasun-maila eta motak zehaztuz legerian xedatutako onurei, eskubide ekonomikoei eta zerbitzuei begira, hargatik eragotzi gabe administrazio-organo eskudunek eskubidea onartzea, hala egitea badagokie.
d) Desgaitasun-egoeraren balorazioa eta kalifikazioa berrikusi egingo da, erregelamenduz ezarritako eran. Behin betiko balorazioa eta kalifikazioa egitekotan, dena delako pertsona horrek errehabilitazio-mailarik handiena lortu behar du, edo urritasunak, presuntzioz, behin betikoa izan behar du. Edonola ere, aldez aurreko balorazioak egin ahal izango dira zenbait onura eskuratzeko.
4. Desgaitasun-maila kalifikatzeko eta aintzat hartzeko talde multiprofesionalek irizpide tekniko bateratuen arabera egingo dituzte kalifikazioak eta aintzat hartzeak, eskura duten ebidentzian oinarriturik, eta balioa izango dute edozein organismo publikoren aurrean, Estatuaren lurralde osoan.
III. KAPITULUA Arreta osoa 13. artikulua. Arreta osoa.
1. Arreta osoa prozesuak edo esku hartzeko neurriak dira, honetara zuzenduak:
desgaitasunen bat duten pertsonek garapen-mailarik eta autonomia pertsonalik handiena lortzea; independentziarik handiena eta gaitasun fisiko, mental eta sozialik handiena lortu eta horiei eustea; eta bizitzako alderdi guztietan gizarteratzea eta osoki parte hartzea, bai eta enplegu egoki bat eskuratzea ere.
2. Arreta osoko programetan honako hau sartu ahal da:
a) Gaikuntza eta errehabilitazio mediku-funtzionala.
b) Arreta, tratamendu eta orientazio psikologikoa.
c) Hezkuntza.
d) Lanbide-jarduerarako laguntza.
3. Programa hauek lehenbailehen abiarazi behar dira, eta desgaitasunarekiko pertsonaren beharrizan eta gaitasunak nahiz inguruak eskaintzen dituen aukerak diziplina anitzetatik ebaluatzea izan behar dute oinarri, beti aintzat harturik egokiak izan daitezkeen moldaketa eta egokitzeak eta erabakiak hartzeko eta pertsonaren autonomia sustatzeko laguntzak.
4. Herri-administrazioek arduratu egin beharko dute arreta-zerbitzuak egokiak izan daitezen, eta, horretarako, koordinatu egingo dituzte osasunaren, enpleguaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloetako baliabideak eta gaitze- eta errehabilitaziozerbitzuak, hartara, desgaitasunen bat duten pertsonei, bizimodua egiten duten inguruan, zerbitzu- eta programa-eskaintza gertuko, behar besteko eta dibertsifikatua bermatzearren, hala nekazaritza-inguruetan nola hiri-inguruetan.
14. artikulua. Gaikuntza edo errehabilitazio mediku-funtzionala.
1. Gaikuntza edo errehabilitazio mediku-funtzionalaren helburua da gaitasun fisiko, sentimenezko, mental edo intelektualen funtzionalitaterik ahalik eta handiena lortzea.
Prozesu hori hasten da pertsona bakoitzaren urritasun eta behar psikosozialak hautemanez eta identifikatuz, eta pertsonaren garapen eta autonomia ahalik eta handiena lortu eta mantendu artean irauten du.
2. Horretarako, bere egitura edo eginkizun gorputzezko edo psikosozialetan urritasunen bat duen pertsona orok, urritasun horretatik jarduerarako mugaren bat ondorioztatzen bazaio lege honen arabera desgaitasun gisa kalifikatua, eskubidea izango du gaikuntza edo errehabilitazio mediku-funtzionaleko prozesuen onuradun izateko, baldin eta beharrezkoak badira ahalik eta autonomia pertsonalik handiena lortu nahiz hobetzeko, eta beharrezkoak dituen laguntzekin garapen pertsonala lortzeko nahiz gizartean gainerakoekiko baldintza-berdintasunean eta egiaz eta osoki parte hartzeko.
3. Gaikuntza- edo errehabilitazio-prozesua zerbitzu espezifikoetan hasten bada, jarraipena izan behar duen interbentzio-zentroekiko lotura estuan garatuko da prozesua, eta, beharrezkoa izanez gero, etxeko tratamenduarekin emango zaio segida, edo, bestela, desgaitasunarekiko pertsonak bizimodua egiten duen inguruan, han diren komunitatebaliabideekin.
4. Gaikuntza eta errehabilitazio-programak osatu egingo dira beste hauekin:
hornidura, egokitzea, laguntza-teknologiak zaindu eta berritzea, protesi eta ortesia, gailuak, ibilgailuak, eta desgaitasunen bat duten pertsonen egoera dela-eta komenigarri denerako beste laguntza-osagai batzuk.
15. artikulua. Psikologiazko arreta, tratamendua eta orientazioa.
1. Psikologiazko arreta, tratamendua eta orientazioa beti izango dira diziplinarteko gaikuntza- edo errehabilitazio-prozesuaren faseetan zehar, eta desgaitasunarekiko pertsonak ahalik eta autonomia pertsonal handiena izatea eta bere nortasuna osoki garatu ahal izatea izango ditu xede, bai eta haren familia-inguru gertuenekoari laguntzea ere.
2. Psikologiazko arreta, tratamendu eta orientazioa desgaitasunarekiko pertsonaren ezaugarrietan, haren motibazio nahiz interesetan eta eragin ahal dioten familia-eta gizarte-faktoreetan oinarrituko dira, eta gaitasunen erabilera eta autonomia pertsonala ahalik eta gehien indartzea izango dute xede, betiere haren bizi-proiektu berezia kontuan hartuta.
3. Psikologiazko arreta, tratamendua eta orientazioa bakoitzaren autonomiarako laguntzen barruan izango dira, eta gainerako tratamendu funtzionalekin koordinaturik egon beharko dira, eta, betiere, urritasuna hautematen denetik eskainiko dira, edo prozesu patologikoa hasten den unetik edo jarduera mugatzea ekar dezakeen ezinbesteko bat gertatzen denetik.
16. artikulua. Hezkuntza.
Hezkuntza inklusiboa desgaitasunarekiko pertsonei arreta integrala emateko prozesuaren zati bat izango da, eta titulu honetako IV. kapituluan eta Hezkuntzari buruzko Legean (2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa) aipatzen diren laguntzen eta doikuntzen bitartez emango da.
17. artikulua. Lanbide-jarduerarako laguntza.
1. Desgaitasunarekiko pertsonek, lan-adinean daudela, eskubidea izango dute bokazio- eta lanbide-errehabilitazioko programen, enplegua mantentzeko programen eta lan merkatura itzultzeko programen onuradun izateko.
2. Lanbide-jarduerarako prozesuetan, honako prestazio hauek sartuko dira, besteak beste:
a) Gaikuntza- edo errehabilitazio-prozesu mediku-funtzionalak.
b) Lanbide-orientazioa.
c) Lanbide-prestakuntza, -berregokitze edo -birkualifikazioa.
3. Lanbide-jarduerarako eta gaikuntza edo errehabilitazio mediku-funtzionalerako laguntza-prozesuetan (14. artikuluan arautzen dira), gaitasunak garatzea ez ezik, laguntzako produktu eta teknologiak eta lan bat gainerakoen baldintza berdinekin gauzatzeko behar diren gailuak ere sartuko dira.
4. Lanbide-orientazioa dagokien zerbitzuek emango dute, betiere kontuan hartuz desgaitasunarekiko pertsonak zer beharrizan dituen egiaz; beharrizan horiek, baina, desgaitasun-maila kalifikatzeko eta aintzat hartzeko talde multiprofesionalen taldeen txostenen arabera zehaztuko dira. Era berean, aintzat hartuko da zer prestakuntza izan duen, zer prestakuntza hartzekoa den, eta kasuan-kasuko enplegu-aukerak ere bai; halaber, zer motibazio eta gaitasun dituen eta lanbide-aukeren artean zeintzuk hobesten dituen. Bestalde, enplegua bilatzeko, lortzeko, hari eusteko eta galduz gero berreskuratzeko laguntzak ere sartzen dira lanbide-orientazioan.
5. Lanbide-prestakuntza, -berregokitze edo -birkualifikazioak –aldez aurreko prestakuntza oinarrizko orotariko bat ere sar daiteke hor– ekar lezake lan-merkatuan lanesperientzia hartzea ere; nolanahi ere, bakoitzaren ibilbidearen eta lehenago hartutako lanbide-orientazioaren arabera eskainiko da, desgaitasunarekiko pertsonak hartutako erabakiaren arabera, eta 15. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz.
6. Prestakuntza-jarduerak, hartarakoxe prestakuntza-zentroetan ez ezik, enpresetan ere eskaini ahal izango dira; horretarako, beharrezkoa izango da prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu bat egitea, zeinaren oinarrizko edukia Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 11. artikuluan xedatutakoari egokituko baitzaio (1/1995 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 24koa, eta hura garatzeko arauak).
7. Artikulu honetan aipatzen diren lanbide-jarduerarako laguntza-prozesuek osagarri izan ditzakete, hala balegokio, beste neurri osagarri batzuk, onuradunari lagunduko diotenak garapen pertsonalean ahalik eta mailarik handiena iristen eta bizimodu sozialean erabat parte hartzen eta sartzen.
IV. KAPITULUA Hezkuntzarako eskubidea 18. artikulua. Eskubidearen edukia.
1. Desgai den pertsona orok eskubidea du bere osotasun fisikoa eta mentala errespeta daitezen, gainerakoekiko baldintza-berdintasunean.
2. Hezkuntza-administrazioari dagokio hezkuntza-sistema inklusiboa ziurtatzea hezkuntzaren maila guztietan, eta, orobat, desgaitasunen bat duten ikasleei bizitza osoko irakaskuntza eta oinarrizko hezkuntzan postu bat bermatzea eskolan, arreta berezia jarriz desgaitasunen bat duten ikasleen hezkuntza-beharrizan askotarikoei; horretarako, beraz, ikasketan edo inklusioan arreta berezia behar dutenentzako laguntzak eta doikuntza zentzuzkoak arautuko dira.
3. Ikasle horiek hezkuntza bereziko zentroetan edo horien ordezko unitateetan eskolaratzea kasu bakarrean egingo da, salbuespenez: haien beharrizanei ezin zaienean erantzun zentro arrunten dibertsitateari kasu egiteko neurriekin, eta, orduan ere, gurasoen edo legezko zaintzaileen iritzia kontuan hartuz.
19. artikulua. Irakaskuntza doakoa.
Desgaitasunen bat duten pertsonek, hezkuntza jasotzea dagokien garaian, eskubidea izango dute ikastetxe arruntetan eta ikastetxe berezietan doako irakaskuntza jasotzeko, Konstituzioak eta hura garatzen duten legeek xedatutakoaren arabera.
20. artikulua. Berme gehigarriak.
Desgaitasunen bat duten pertsonen hezkuntza inklusiborako eskubidea bermatzearren, honako berme gehigarri hauek ezartzen dira, hezkuntzari buruzko araudian xedatutako neurriak alde batera utzi gabe:
a) Hezkuntza bereziko zentroetan, hezkuntza-zentro arruntekiko lotura errazteko eta ikasleak hezkuntza-sistema arruntean sartzeko beharrezkoak diren baldintzak sortuko dira.
b) Haur-erietxeetan, errehabilitazio-erietxeetan eta pediatria-zerbitzu iraunkorrak dituzten erietxeetan, diren titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, gutxienez beren oheen erdiak, ohiki, egonaldia eta osasun-arreta baliabide publikoen kontura finantzatzen zaizkien pazienteekin beteta izaten dituztenak, atal pedagogiko bat izan beharko da, erietxe horietan ingresatuta dauden eskola-adineko ikasleak hezkuntza-prozesutik kanpo gera ez daitezen.
c) Unibertsitate-ikasketak egiten ari diren pertsonek, desgaitasunen baten eraginez zailtasun larria badute ororentzako ezarritako deialdi-araubideari egokitzeko orduan, aukeran izango dute deialdi horien kopurua gehitzeko eskatzea, zailtasun hori konpentsatzeko heinean, betiere eskatzekoa den maila urritu gabe; eta, unibertsitateek baiezkoa eman beharko diote eskariari, unibertsitatean jarraitzeko arauek xedatutakoaren arabera, betiere; arau horiek, bestalde, kontuan hartu beharko dute desgaitasunen batekiko pertsonen egoera, unibertsitatean ikasketak egiten ari direnenak. Nolanahi ere, probak egokitu egin beharko dira, eskatzaileak duen desgaitasunaren ezaugarrien arabera.
d) Hezkuntzako zuzendaritza-talde, irakasle eta profesionalentzako sentiberatzekanpainak, informazio-kanpainak eta prestakuntza etengaberako kanpainak egingo dira, desgaitasunen bat duten ikasleen hezkuntza-beharrizan berezien arretan espezializatze aldera, halako moldez non arreta hori eskaintzeko behar dituzten ezagutzak eta tresnak eskuratuko dituzten.
21. artikulua. Hezkuntza-beharrizanen balorazioa.
1. Hezkuntza-orientazioko zerbitzuen eginkizun espezifikoak dira ikastetxeei laguntzea inklusiorako prozesu horretan, eta, bereziki, orientazio-eginkizunetan, hezkuntzako ebaluazioan eta esku-hartzean; eta, hartara, dinamizazio pedagogikoan, kalitatean eta hezkuntzaren berrikuntzan laguntzea.
2. Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen Legean (8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa) eta Hezkuntzaren Legean (2/2006 Legea, maiatzaren 3koa) xedatzen den moduan ikastetxeen kontrolean eta kudeaketan parte hartze aldera, kontuan hartuko da lege honek hezkuntza-orientazioko zerbitzuei buruz dakarren espezialitatea.
V. KAPITULUA Bizimodu beregaina egiteko eskubidea.
1. sekzioa. Xedapen orokorrak 22. artikulua. Irisgarritasuna.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonek eskubidea dute bizimodu beregaina egiteko eta bizitzako alderdi guztietan osoki parte hartzeko. Horretarako, botere publikoek neurri egokiak onartuko dituzte, irisgarritasun unibertsala gainerako pertsonekiko baldintzaberdintasunean izango dela ziurtatzeko, dela inguru batzuetan eta besteetan behar den irisgarritasun unibertsala, edo dela prozesuetan, produktu eta zerbitzuetan, garraioetan, informazioan eta komunikazioetan (informazioko eta komunikazioetako sistemak eta teknologiak barne), hedabide sozialetan eta herritarrek erabiltzeko edo herri-erabilerako beste zerbitzu eta instalazio ireki batzuetan behar den irisgarritasun unibertsala.
2. Enpleguaren esparruan, irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzek, zeinak kapitulu honetan aipatzen baitira, aplikazio ordezko eta osagarria izango dute lan-arloko legerian xedatutakoarekiko.
23. artikulua. Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak.
1. Gobernuak arautuko ditu, autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei esleitutako eskumenak gorabehera, irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak, desgaitasunen batekiko pertsona guztiei aukera berdinak bermatzekoak.
Arauketa hori apurka-apurka egingo da denboran, eta apurka-apurkakoa izango da ezarritako betebeharren irismena eta edukia; gainera, 5. artikuluan aipatzen diren arlo eta esparru guztiak hartuko ditu.
2. Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzen bidez, neurri zehatzak ezarriko dira arlo edo esparru bakoitzean, diskriminazioak saihesteko edo ezabatzeko, eta desabantailak eta zailtasunak konpentsatzeko. Gutxienez, honako hauei buruzko xedapenak sartuko dira:
a) Dena delako sektorean edo arloan erabiltzekoak diren eraikin eta inguruen, lanabesen, ekipoen eta teknologien, ondasun eta produktuen irisgarritasun-baldintzak.
Bereziki, instalazioei ezarritako hesiak ezabatzea eta ekipoak eta lanabesak egokitzea, bai eta horiek guztiak behar bezala seinalatzea ere.
b) Baldintza lagungarriagoak arlo edo esparru bakoitzeko baliabideak eskuratzeko, haietan parte hartzeko eta erabiltzeko.
c) Laguntza osagarriak, hala nola diru-laguntzak, laguntzeko produktu eta teknologiak, zerbitzu edo tratamendu espezializatuak eta beste zerbitzu pertsonal batzuk, bai eta pertsona edo animalia bidezko beste laguntza modu batzuk ere. Bereziki, komunikaziorako laguntza eta zerbitzu lagungarriak, hala nola handiagotzeko sistemak eta sistema alternatiboak, braillea, gailu multimedia sarbide errazekoak, ahozko komunikaziorako eta zeinu-hizkuntzarako laguntza-sistemak, ukipenezko komunikaziosistemak eta komunikazioan laguntzen duten beste gailu batzuk.
d) Desgaitasunen bat duten pertsonen diskriminazioa-egoera orokorrak eta desabantailak ezabatzea sustatzen eta suspertzen duten enpresetan edo zentroetan barne-arauak onartzea, eta doikuntzak ere egitea, baldin eta arrazoizkoak badira.
e) Irisgarritasun-baldintzak ezartzeko eta baldintza lagungarriagoak eta diskriminaziorik ezaren baldintzak ezartzeko planak eta egutegia.
f) Dena delako arloan irisgarritasuna eta diskriminaziorik eza sustatzeko giza baliabideak eta baliabide materialak.
3. Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak ezartzeko, kontuan hartuko dira legearen aplikazio-arlo bakoitzeko inguru, produktu eta zerbitzuen hasierako diseinuak nahiz ondoko doikuntza arrazoizkoak erabakitzean aintzat hartu beharko diren desgaitasun motak eta mailak.
24. artikulua. Informazioaren gizartearekin eta hedabide sozialekin lotutako produktuen eta zerbitzuen arloko irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren baldintza oinarrizkoak.
1. Informazioaren gizartearekin eta edozein hedabide sozialekin lotutako teknologiak, produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko eta erabiltzeko irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren baldintza oinarrizkoak erregelamenduz ezarritako epe eta baldintzen arabera izango dira exijitzekoak.
Nolanahi ere, aurreko paragrafoan xedatutako baldintzak teknologia, produktu eta zerbitzu horietarako guztietarako izango dira exijitzekoak, hirugarren xedapen gehigarriko 1. paragrafoko gehienezko baldintza eta epeen arabera.
2. Lege hau indarrean sartzen denetik hasita bi urteko epearen barruan, Gobernuak azterlan integralak egin beharko ditu ondasun eta zerbitzu horien irisgarritasunari buruz, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren ikuspuntutik axolazkoen irizten zaizkienak.
25. artikulua. Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren baldintza oinarrizkoak espazio publiko urbanizatuen eta eraikuntzaren arloan.
1. Espazio publiko urbanizatuetara eta eraikinetara irispidea izateko eta haiek erabiltzeko oinarrizko baldintzak, desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasunak eta diskriminaziorik ezari dagozkionak, erregelamenduz ezarritako epe eta baldintzen arabera exijituko dira.
Nolanahi ere, aurreko paragrafoan aipatzen diren baldintzak espazio publiko urbanizatu eta eraikin guztietarako exijituko dira, hirugarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoan xedatutako baldintza eta gehienezko epeen arabera.
2. Lege hau indarrean sartzen denetik hasita bi urteko epean, Gobernuak azterlan integralak egin beharko ditu espazio publiko urbanizatu eta eraikinen irisgarritasunari buruz, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren ikuspuntutik axolazkoen irizten zaionaz.
26. artikulua. Eraikuntzaren Araudi Teknikoa.
1. Eraikuntzari buruzko arau teknikoen artean zehaztu beharko da eraikinek zer gutxieneko baldintza bete behar dituzten desgaitasunen bat duten pertsonek irispidea izateko.
2. Arau horiek guztiak, beraz, oinarrizko proiektuak, egikaritze-proiektuak eta proiektu partzialak idazteko fasean jaso behar dira, eta, betetzen ez dituztenei, ukatu egingo zaizkie dagozkien onirizte ofizialak, hala elkargo profesionalenak nola eskumena duten herri-administrazioetako ikuskapen-bulegoenak.
27. artikulua. Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren baldintza oinarrizkoak garraiobideen arloan.
1. Garraiobideetara irispidea izateko eta haiek erabiltzeko baldintzak, desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzei dagozkienak, erregelamenduz ezarritako epeen eta baldintzen arabera exijituko dira.
Nolanahi ere, aurreko paragrafoan xedatutako baldintzak garraio-azpiegitura eta -material guztietan izango dira bete beharrekoak, hirugarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoan xedatutako baldintzen eta gehienezko epeen arabera.
2. Lege hau indarrean sartzen denetik hasita bi urteko epean, Gobernuak azterlan integralak egin beharko ditu era bateko eta besteko garraiobideetarako irisgarritasunari buruz, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren aldetik axolazkoen irizten zaien alderdiei buruz.
28. artikulua. Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren baldintza oinarrizkoak herri-administrazioekiko harremanen eremuan.
1. Bulego publikoek, herritarren arretarako gailu eta zerbitzuek eta gai publikoetan parte hartzeko gailuek eta zerbitzuek, Justizia Administrazioari eta bizitza politikoan eta hauteskunde-prozesuetan parte hartzeari dagozkionak barne, irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldetik bete behar dituzten oinarrizko baldintzak erregelamenduz ezarritako epe eta baldintzen arabera exijituko dira.
Nolanahi ere, aurreko paragrafoan aipatzen diren baldintzak administrazio-inguru, -produktu, -zerbitzu, -gailu, -irizpide edo -praktika guztietarako exijituko dira, hirugarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoan xedatutako baldintza eta gehienezko epeen arabera.
2. Lege hau indarrean sartzen denetik hasita bi urteko epearen barruan, Gobernuak azterlan integralak egin beharko ditu diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren ikuspuntutik axolazkoen irizten zaizkien inguru edo sistema horien irisgarritasunari buruz.
29. artikulua. Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak, herritarren eskura dauden ondasun eta zerbitzuak erabiltzeko eta haietara irispidea izateko.
1. Pertsona fisiko edo juridiko guztiek, sektore publikoan nahiz pribatuan, herritarren eskura jartzekoak diren ondasunez edo zerbitzuez hornitzen jarduten direnean, ondasun edo zerbitzu horiek bizimodu pribatuaren eta familia-bizitzaren eremutik kanpo eskainiz, obligazioa izango dute desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunaren printzipioa betetzeko beren jarduera eta transakzioetan, betiere desgaitasuna dela-eta zeharka edo zuzenean eragiten den diskriminazioa saihestuz.
2. Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez dio eragingo kontratatzeko askatasunari, ezta kontratua norekin egin nahi duen hautatzeko askatasunari ere, non eta hautaketa hori ez den haren desgaitasunak behartua.
3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, onargarria izango da tratamenduezberdintasuna ondasunetarako eta zerbitzuetarako irispidean, baldin eta asmoa bidezkoa izanik justifikatua bada eta asmoa betetzeko bitartekoak egokiak, neurrizkoak eta beharrezkoak badira.
4. Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak, desgaitasunen bat duten pertsonek herritarren eskura dauden ondasunak eta zerbitzuak erabil ditzaten eta haietara irispidea izan dezaten bete behar direnak, erregelamenduz ezarritako epe eta baldintzen arabera izango dira exijitzekoak.
Nolanahi ere, aurreko paragrafoan xedatutako baldintzak teknologia, ondasun eta zerbitzu horietarako guztietarako izango dira exijitzekoak, hirugarren xedapen gehigarriko 2. paragrafoko baldintza eta gehienezko epeen arabera.
5. Lege hau indarrean sartzen denetik hasita bi urteko epearen barruan, Gobernuak azterlan integralak egin beharko ditu ondasun eta zerbitzuen irisgarritasunari buruz, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren ikuspuntutik axolazkoen irizten zaizkienak.
2. atala. Ekintza positiboko neurriak 30. artikulua. Ibilgailuak aparkatzea errazteko neurriak.
Udalek, beraz, desgaitasuna dela-eta mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonen autoak aparkatzea errazteko neurri egokiak onartuko dituzte.
31. artikulua. Mugikortasunerako eta garraio-gastuak konpentsatzeko sorospena.
Desgaitasunen bat izanik garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasunak dituzten pertsonek, erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eskubidea izango dute mugikortasunerako eta garraio-gastuak konpentsatzeko sorospena jasotzeko.
Sorospenaren zenbatekoa Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legean ezarriko da urterourtero.
32. artikulua. Etxebizitzak desgaitasunen bat duten pertsonentzat atxikitzea eta irisgarritasun-baldintzak.
1. Etxebizitza babestuen egitasmoetan, gutxienez ehunetik lau atxikiko dira, desgaitasunen bat duten pertsonek irispidea izan dezatela eta erraz eta segurtasunez molda daitezela bermatzeko eraikuntza- eta diseinu-ezaugarri egokiez hornitzeko.
Atxikitako etxebizitza horiek, errentarako badira, desgaitasun batekiko pertsona jakinei esleitu ahal izango zaizkie, edo desgaitasun batekiko pertsonaren bat duten familiaunitateei, edo desgaitasunaren sektoreko entitate irabaziak egiteko asmorik gabekoei, baldin eta, azken kasu horretan, entitate horiek desgaitasunarekiko pertsonen gizarteratzea eta haien bizimodu autonomoa sustatzeko baliatzen badituzte, –etxebizitza sorotsi gisa, etxebizitza konpartitu gisa, edo laguntzarako etxebizitza gisa–edo desgaitasunarekiko pertsonen bizimodu beregainerako proiektuetarako baliatzen badituzte.
2. Aurreko paragrafoan ezarritako betebehar horren pean izango dira, orobat, beste edonolako etxebizitzak, herri-administrazioek eta gainerako entitate beregainek nahiz sektore publikoarekiko lotura dutenek eraikitzen, sustatzen edo diruz laguntzen dituztenak.
Herri-administrazio eskudunek erregelamenduzko xedapenak onartuko dituzte gurpil-aulki arauzkoak eta desgaitasunarekiko pertsona bat aldi berean irateko gaitasuna duten igogailuak instalatuko direla bermatzeko.
3. Herri-administrazioek, hala, aurreko paragrafoetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren oinarrizko arau teknikoak emango dituzte.
4. Proiektua arkitektura-konplexu bat eratzen duten eraikuntza- eta instalazio-multzo bati buruzkoa denean, konplexua proiektatu eta eraikitzeko orduan kontuan hartu beharko da desgaitasunen bat duten pertsonek era bateko eta besteko higiezin eta instalazio osagarrietara behar duten irisgarritasuna.
33. artikulua. Etxebizitza birgaitzea: kontzeptua.
Etxebizitza birgaitzea direla joko da, diru-laguntzak eta interesetan diru-laguntza duten maileguak eskuratzeari begira, desgaitasunen bat duten pertsonek eta desgaitasunen batekiko kideak dituzten familiek edo elkarbizitza-unitateek beren etxebizitza ohiko eta iraunkorra irisgarriago bihurtzeko egin beharreko erreformak.
34. artikulua. Beste irisgarritasun-neurri publiko batzuk.
1. Herri-administrazioek beren mendeko higiezinetan egin beharreko egokitzeak finantzatzeko beharrezkoak diren diru-partidak izendatuko dituzte beren aurrekontuetan.
2. Aldi berean, titulartasun pribatuko higiezinak egokitzea sustatuko dute, laguntzak, salbuespenak eta diru-laguntzak ezarriz horretarako.
3. Horrez gain, hirigintzaren gaineko eskumena duten administrazioek, udal hirigintza-planak prestatzen edo onartzen dituztenean, kontuan hartu beharko dute aldez aurreko egokitze horien beharrizana eta, hala balegokio, plan horietan sartu egokitzeok.
4. Udalek, bestalde, jarduteko udal-planak onartu beharko dituzte bide publikoak, parkeak eta lorategiak arau orokorrei egokitzeko, eta aurrekontuaren ehuneko bat horrexetarako izendatu beharko dute.
VI. KAPITULUA Lanerako eskubidea 1. sekzioa. Xedapen orokorrak 35. artikulua. Lanerako eskubidearen bermeak.
1. Desgaitasun batekiko pertsonek lanerako eskubidea dute, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioen aplikazioa bermatzeko moduko baldintzen arabera, eduki ere.
2. Pertsonek tratu-berdintasunerako duten eskubidearen bermea eta eraginkortasuna eta aukera berdinak izateko duten eskubidearen bermea eta eraginkortasuna, berriz, kapitulu honetan eta araudi espezifikoan ezarritakoaren arabera izango dira honako alderdi hauetan: enplegua eskuratzea; norbere konturako jarduera batean aritzea eta lanbide jakin batean aritzea; lan-baldintzak, ordainsariak eta kaleratzea barne; lanbidean gora egitea, lanerako prestakuntza eta prestakuntza etengabea; enplegurako prestakuntza; sindikatu eta enpresen ordezkaritza-erakundeetan kide izan eta parte hartzea; lanbide jakin batean ari direnak kide dituen edozein erakundetako kide izatea eta haietan parte hartzea.
3. Diskriminazio zuzenekoa izango da desgaitasunen bat duen pertsona batek, bere desgaitasuna dela eta, antzeko egoeran den beste batek baino tratu okerragoa jasotzea.
4. Zeharkako diskriminazioa izango da legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, hitzarmenezko edo kontratuzko klausula batek, banakako itun batek edo enpresaburuak berak bakarrik hartutako erabaki batek, itxura batean neutroak, desgaitasunen bat duen pertsona bati, beste batzuen aldean, desabantaila berezi bat eragitea; non eta desabantaila hori, objektiboki, ez den xede bidezko baten ondoriozkoa eta xede hori iristeko bitartekoak ez diren egokiak eta beharrezkoak, edo non eta enpresaburuak ez duen neurri egokiak ezartzeko betebeharrik, egoera jakin baten beharrizanen arabera eta 40. artikuluarekin bat etorriz, xedapen, klausula, itun edo erabaki horrek dakartzan desabantailak ezabatzearren.
5. Deusez eta eraginik gabeak joko dira desgaitasuna dela-eta enpleguari, ordainsariei, lanaldiari eta gainerako lan-baldintzei buruz diskriminazio-egoera zuzeneko edo zeharkako eragozgarriak sorrarazten dituzten erregelamenduzko arau, hitzarmen kolektiboko klausula, banakako itun eta enpresaburuak berak bakarrik hartutako erabakiak.
6. Desgaitasuna dela-eta eragiten den jazarpena, 2. artikuluaren f) hizkian definitutako baldintzen araberakoa, diskriminazioa eragiten duen egintzatzat joko da.
7. Era berean, diskriminaziotzat joko da desgaitasuna dela-eta pertsona bat diskriminatzeko emandako agindu oro.
36. artikulua. Tratu-berdintasuna.
Tratu-berdintasuna da desgaitasuna dela-eta ez eragitea diskriminazio zuzeneko edo zeharkakorik ez enpleguan, ez prestakuntzan eta lanbidean gora egiteko prozeduretan eta ez gainerako lan-baldintzetan ere.
37. artikulua. Desgaitasunen bat duten pertsonen enplegu-motak.
1. Enplegu-politikaren xedea izango da desgaitasunen bat duten pertsonen jarduera, enplegu eta laneratzearen tasak handitzea, bai eta haien enpleguaren kalitatea hobetzea eta lan-baldintzak duinagoak izan daitezen lortzea ere, haien diskriminazioaren aurka ekinez gogor. Horretarako, herri-administrazio eskudunek sustatu egingo dituzte haiek lan-merkatuan dituzten enplegu-aukerak eta lanbidean gora egiteko aukerak, eta orobat sustatuko dute beharrezkoak diren laguntzak izan ditzaten enplegua bilatzeko, eskuratzeko, hari eusteko eta utzitako enplegura itzultzeko.
2. Desgaitasunen bat duten pertsonek honako enplegu-mota hauen bitartez balia dezakete beren lanerako eskubidea:
a) Enplegu arrunta, bai enpresetan bai eta herri-administrazioetan, laguntzarekiko enplegu-zerbitzuak barne.
b) Enplegu babestua, enplegu-zentro berezietan eta enplegu-enklabeetan.
c) Enplegu autonomoa.
3. Enplegu publikorako irispidea arlo horretako araudiak arautzen du.
38. artikulua. Desgaitasunen bat duten langileei laneratzeko orientazioa edo enplegu jakin bat eman eta haiek erregistratzea.
1. Enplegu-zerbitzu publikoei eta enplegu-agentzia behar bezala baimenduei dagokie desgaitasunen batekiko pertsonei orientazioa ematea eta gainerakoen baldintza berdinekiko enplegua bilatzea, haiek lan bila ari direlarik; enplegu-zerbitzu publikoek berek bakarrik nahiz entitate laguntzaileen bitartez beteko dute eginkizun hori.
2. Lege honek eta bera garatzeko arauek desgaitasunen batekiko pertsonei eta haiek enplegatzen dituzten enpresei onartzen dizkieten onurak aplikatzearren, enpleguzerbitzu publikoek, langileek aldez aurretik baimena emanez gero, erregistro bat egingo dute, langabetuen erregistroan jasota egonik lan bila ari diren desgaitasunen batekiko pertsonak jasotzeko bertan.
3. Enplegu-zerbitzu publiko nahiz enplegu-agentzia behar bezala baimenduen eta desgaitasuna kalifikatzeko eta aitortzeko lege honetan xedatutako talde multiprofesionalen artean koordinazioa izan beharko da, erregelamenduz ezarria, eraginkortasunez aplikatu dadin aurreko bi paragrafo horietan xedatutakoa eta egokitzea lor dadin desgaitasunen bat duen pertsonaren egoera eta ezaugarrien eta lanpostuaren ezaugarrien artean.
39. artikulua. Desgaitasunen bat duten pertsonentzako enplegua sortzeko laguntzak.
1. Sustatu egingo da desgaitasunen bat duten pertsonak enplegatzea, haien laneratzea erraztuko duten laguntzak ezarriz.
2. Laguntza horiek hainbat eratakoak izan daitezke: kontratatzeko diru-laguntzak edo maileguak, lanpostu-egokitzeak, lantegietan haien irispidea, mugikortasuna, komunikazioa edo ulermena eragozten duten oztopoak kentzea, langile autonomo gisa hasteko aukerak, Gizarte Segurantzako kuotetan hobariak eskaintzea eta desgaitasunen bat duten pertsonak enplegatzea sustatzeko egoki irizten zaion beste edozein neurri, batez ere kooperatibak eta ekonomia sozialeko beste erakunde batzuk sustatzea.
2. sekzioa. Ohiko enplegua 40. artikulua. Lanean berdintasun osoa izango den berme gisa, desgaitasunak eragindako desabantailak saihesteko edo konpentsatzeko neurriak onartzea.
1. Lanbide-bizitzan erabateko berdintasuna bermatzeko xedearekin, tratuberdintasunaren printzipioak ez du eragotziko neurri bereziei eustea edo neurri bereziak onartzea, 1. artikuluko edozein arrazoiren ondorioz sortutako desabantailak prebenitu edo konpentsatzeko.
2. Enpresaburuek lanpostuak eta irisgarritasuna egokitzeko neurriak ezarri behar dituzte, egoera bakoitzeko beharrizanen arabera, hartara desgaitasunen bat duten pertsonek enplegurako irispidea izan dezaten, lana egin ahal izan dezaten, lanbidean aurrera egin ahal izan dezaten eta prestakuntza jaso ahal izan dezaten, non eta neurri horiek ez dakarkien gehiegizko zama.
Zama gehiegizkoa den edo ez ebazteko, kontuan hartuko da ea desgaitasunen bat duten pertsonentzako neurriekin nahikoa arintzen ote den, eta kontuan hartuko dira orobat neurriek dakartzaten finantza-kostuak eta bestelako kostu batzuk, bai eta erakundearen edo enpresaren guztirako tamaina eta negozio-bolumena ere.
41. artikulua. Laguntzarekiko enplegurako zerbitzuak.
Laguntzarekiko enplegurako zerbitzuak dira lanpostuan bertan banakako orientazioa eta laguntasuna emateko ekintzak, desgaitasunen bat izanik ohiko lan-merkatuko enpresetan laneratzeko zailtasun bereziak dituzten langileen egokitze sozial eta lanekoa errazteko xedea dutenak, antzeko lanpostuetan ari diren gainerako langileen antzeko baldintzetan egokitu daitezen. Laguntzarekiko enplegurako zerbitzuak erregelamenduaraudi bereziaren pean izango dira.
42. artikulua. Desgaitasunen batekiko pertsonentzako atxiki beharreko lanpostuen kuota.
1. Enpresa publiko nahiz pribatuetan, 50 langile edo gehiago enplegatzen badituzte, langileen arteko 100eko 2 gutxienez desgaitasunen bat duten langileak izan beharko dira.
Kopuru hori dena delako enpresa horretako langileen plantilla osoari buruz ezarrita dago, edozein dela ere enpresa horrek dituen lantegien kopurua eta edozein dela ere enpresako langile horien lan-kontratazioaren mota. Halaber, baldin eta, aldi baterako lanerako enpresekin langileak lagatzeko egindako kontratuen ondorioz, desgaitasunen batekiko langileak unean-unean enpresa publiko edo pribatuetan zerbitzuak ematen ari badira, horiek ere kopuru horretan sartzen direla joko da.
Hala ere, gerta liteke enpresa publiko nahiz pribatuak betebehar horretatik salbuetsirik geratzea, partez edo osoki, bai estatu osoaren esparruko negoziazio kolektibo sektorialetan jasotako akordioak medio, bai esparru murritzagoko negoziazio kolektibo sektorialetan jasotako akordioak medio, betiere Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategineko 83. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan xedatutakoaren arabera (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartua); orobat enpresaburuak hala erabaki izanagatik, betiere lan-agintaritzari behar bezala jakinarazi badio. Nolanahi ere, bai kasu batean, bai bestean, erregelamenduz ezarritako neurri alternatiboak aplikatu beharko dira.
2. Enplegu publikoko eskaintzetan, kopuru bat atxikiko da desgaitasunen batekiko pertsonek bete dezaten, gaia arautzen duen araudian ezarritako baldintzen arabera.
3. sekzioa. Enplegu babestua 43. artikulua. Desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko enplegu-zentro bereziak.
1. Enplegu-zentro bereziak dira merkatu-operazioetan ohikotasunez parte hartuz ondasunak edo zerbitzuak produzitzeko jarduera batean aritzea izanik xede nagusia, desgaitasunen bat duten pertsonentzat enplegu ordaindu bat ziurtatzeko helburua dutenak; aldi berean, bitarteko bat dira ahalik eta era horretako pertsona gehien ohiko enplegu-erregimenera biltzeko. Era berean, enplegu-zentro bereziek, laguntzako unitateen bitartez, desgaitasunen bat duten langileen egokitze pertsonala eta soziala lortzeko behar dituzten doikuntza-zerbitzuak eskaini behar dituzte, kasuan kasuko egoeraren arabera eta erregelamenduz ezarritakoari jarraituz.
2. Enplegu-zentro berezietako plantilletan, produkzio-prozesuaren izaerak utzi adina langile izango dira desgaitasunen batekikoak, ahalik eta gehien, eta, betiere, 100 langiletik 70 izango dira desgaitasunen batekikoak. Hartara, ez dira kontuan hartuko egokitze pertsonal eta sozialerako zerbitzuak ematen aritzen diren langile desgaitasunik gabekoak.
Egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzutzat joko dira enplegu-zentro berezietako langile desgaitasunen batekikoek lanpostu batean hasteko orduan edo lanpostu horretan irauteko edo aurrera egiteko orduan aurkitzen dituzten oztopo edo eragozpenak gainditzen laguntzen dutenak. Halaber gizartera, kulturara edo kirolera biltzen laguntzen dutenak ere.
3. Enplegu-zentro berezietan zerbitzu ematen duten desgaitasunen batekiko langileen lan-harremana berezia da, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategineko 2.1 g) artikuluan ezarritakoari jarraituz (1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartua, martxoaren 24koak), eta berariazko araudiak arautzen du.
44. artikulua. Desgaitasunen batekiko pertsonak laneratzeko enplegu-zentro berezientzako ordain ekonomikoa.
1. Enplegu-zentro bereziek dituzten ezaugarri bereziei begira, eta zentro horiek dagokien eta eskatzen zaien eginkizun soziala bete ahal izan dezaten, herriadministrazioek aukeran izango dute, erregelamenduz ezarritakoari jarraituz, zentro horientzako ordain ekonomikoak ezartzea, zentro horien bideragarritasunari laguntzearren; horretarako, gainera, egoki irizten zaizkien kontrol-mekanismoak ezarriko dituzte.
2. Ordain ekonomiko horiek ezartzeko irizpideak, bestalde, honako hauek izango dira: enplegu-zentro horiek herri-onurakoak izatea, ezinbestekoak izatea eta ez izatea irabaziak egiteko asmorik.
45. artikulua. Enplegu-zentro bereziak sortzea desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko.
1. Enplegu-zentro bereziak, sortu, organismo publikoek eta pribatuek sortu ahal izango dituzte, bai eta enpresek ere, betiere lan-harremanak arautzen dituzten legezko, erregelamenduzko eta hitzarmenezko arauei men eginez.
2. Herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan eta sektore bakoitzeko beharrizanak aztertu ondoren, enplegu-zentro bereziak sortu eta abiaraztea sustatuko dute, dela berek zuzenean, dela beste organismo edo entitate batzuekiko lankidetzaz; halaber, desgaitasunen batekiko pertsonentzako lanpostuak sortuko dituzte, hori lortzeko beharrezkoak diren neurriak onartuz. Era berean, aldizka eta zorroztasunez, desgaitasunen batekiko pertsonak lan-baldintza egokiekin enplegatzen direla zainduko dute.
46. artikulua. Enplegu-enklabeak.
Desgaitasunen bat izanik ohiko enplegu bat lortzeko zailtasun bereziak dituzten langileei errazago izan dakien ohiko enplegura aldatzea, enplegu-enklabeak sortu ahal izango dira; enklabe horien ezaugarriak eta baldintzak erregelamenduz ezarriko dira.
4. sekzioa. Enplegu autonomoa.
47. artikulua. Enplegu autonomoa.
Botere publikoek, zeinek bere eskumenen eremuan, desgaitasunen bat duten pertsonen lan autonomoa sustatzeko politikak onartuko dituzte, betiere ekimen ekonomiko eta profesionalak abiarazi eta garatzeari begira, diren norbere konturakoak edo ekonomia sozialeko erakundeen bitartezkoak, baina arloa arautzen duen araudiaren arabera, betiere.
VII. KAPITULUA Babes sozialerako eskubidea 48. artikulua. Babes sozialerako eskubidea.
Desgaitasunen batekiko pertsonek eta haien familiek eskubidea dute beren beharrizanei behar bestean eta iraunkortasunez erantzungo dieten zerbitzu eta prestazioak jasotzeko, zerbitzu eta prestaziook, betiere, haien nortasuna garatzeari eta haiek komunitatean sartzeari begira ematen direla, haien bizi-kalitatea eta gizarteongizatea areagotuz.
49. artikulua. Babes soziala aplikatzeko irizpideak.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonentzako eta haien familientzako zerbitzu sozialak, hala, herri-administrazioek nahiz irabazi asmorik gabeko erakundeek eman ahal izango dituzte, beharrezkoak diren bide eta baliabideen bitartez, diren giza baliabideak, finantzazkoak nahiz teknikoak.
Nolanahi ere, herri-administrazioek gizarte- eta osasun-arreta koordinatzeko beharrezkoak diren jarduerak bideratuko dituzte, eraginkortasunez eta efizientziaz, 10. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2. Gizarte-zerbitzuak ematean, ahalik eta gehien errespetatuko da desgaitasunen bat duten pertsonek beren familia- eta geografia-inguruan iraun dezaten, kontuan hartuz, betiere, landa-inguruetan bizi direnen oztopo bereziak.
3. Sustatu egingo da desgaitasunen bat duten pertsonek gizarte-zerbitzuei dagozkien elkarbizitza-, zuzendaritza- eta kontrol-eginkizun elkarrekikoetan parte har dezaten.
50. artikulua. Babes sozialerako eskubidearen edukia.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonek eta haien familiek eskubidea dute honako gizarte-zerbitzu hauek jasotzeko: familiei laguntzeko gizarte-zerbitzuak, urritasunei eta desgaitasunen areagotzeei aurre hartzeko gizarte-zerbitzuak, norberaren autonomia sustatzekoak, informazio-eta orientazio zerbitzuak, bizitokian bertan laguntza jasotzekoak, egoitza-zerbitzuak, norberaren inguruan bertan laguntzekoak, egoitzetan emateko zerbitzuak, kultur jarduerak, kirol jarduerak eta aisialdi eta denbora librekoak.
2. Gainera, lege honetan xedatutako neurrien osagarri, autonomia-erkidegoko legediak zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak ezar ditzake desgaitasunen bat duten pertsonentzat, baldin eta beharrizanean badira eta beharrizan horri erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak ez badituzte.
51. artikulua. Gizarte-zerbitzu motak.
1. Familiari laguntzeko zerbitzuak xede hauek izango ditu: familiei orientazioa nahiz informazioa ematea eta laguntza emozionala ematea, bai eta gaikuntza eta prestakuntza ere, desgaitasunen bat duten haurren estimulazioari, heltzeari eta garapen fisiko, psikiko eta adimenezkoari laguntzeko; bai eta desgaitasunen bat duten pertsonei laguntzeko ere, eta familia-ingurua eta gertuko ingurua haien guztien beharrizanen arabera egokitzeko ere bai.
2. Orientazio- eta informazio-zerbitzuek jakinarazi egin beharko diete desgaitasunen bat duten pertsonei eta haien familiei zer prestazio eta zerbitzu dituzten eskura, eta zeintzuk diren prestazio eta zerbitzu horiek eskuratzeko baldintzak.
3. Urritasunen eta desgaitasunen areagotzeen prebentziorako eta bakoitzaren autonomiaren prebentziorako zerbitzuen xedea da ez dadila desgaitasunik edo desgaitasunen ondoriorik ager edo lehendik direnak ez daitezela areagotu, eta, horretarako, bizi-baldintza osasungarriak sustatzea, pertsonen inguruan bertan laguntza ematea eta prebentzio-programa espezifikoak sustatzea.
4. Bizitokian bertan laguntzeko zerbitzuen eginkizuna izango da laguntza pertsonala eta etxean bertako laguntza ematea, edo gaikuntzarako edo errehabilitaziorako prestazioa ematea, 14. artikuluan xedatzen den bezala, baina desgaitasunen bat duten pertsonen egoerak hala eskatzen badu, ez bestela.
5. Etxebizitza-zerbitzuek, direla desgaitasunen batekiko pertsonen arretarako egoitza-zerbitzuak, tutoretzapeko etxebizitzak edo gizarteratzen laguntzeko beste era batera ostatu ematea, xedetzat izango dute desgaitasunen bat duten pertsonen autonomia eta bizimodu beregaina sustatzea elkarbizitzaren bidez, bai eta haiek gizarteratzen laguntzea ere.
Era berean, desgaitasunen batekiko pertsonak egoera bereziki ahulean direnean, haien oinarrizko beharrizanei erantzun beharko diete, hala nola etxerik edo familiarik ez dutenean, edo familia-elkarbizitza egokia bermatzeko arazo larriak dituztenean.
6. Eguneko egoitzako eta gaueko egoitzako zerbitzuek arreta integrala eskaintzen diete, egunez edo gauez, desgaitasunen bat duten pertsonei, haien autonomia pertsonalaren maila handitzeko edo ahalik eta mailarik handienean eusteko eta familiei laguntzeko.
7. Herri-administrazioek, desgaitasunen bat duten pertsonek berek eta haien familiek, bai eta haien ordezkaritza-erakundeek ere egoitza-zerbitzuak, eguneko egoitzako eta gaueko egoitzako zentroak eta tutoretzapeko etxebizitzak sustatu ahal dituzte. Egoitzak, eguneko egoitzako zentroak eta tutoretzapeko etxebizitzak desgaitasunen bat duten pertsonek eta haien familiek sustatzen dituztenean, edo haien ordezkaritza-erakundeek sustatzen dituztenean, herri-administrazioek lehentasunezko babesa emango diete.
Zerbitzu horien planifikazioa egitean, zerbitzuok desgaitasunen bat duten pertsonek bizimodua egiten duten lekutik gertu eman daitezen begiratuko da.
8. Kirolak, kultur jarduerak, aisialdiko jarduerak eta denbora librekoak, ahal dela, instalazioen irisgarritasun unibertsalaren printzipioaren arabera gauzatuko dira, herritarren zerbitzura ezarritako baliabide arruntekin. Laguntzen espezifikotasunak eta beharrizanak hala eskatzen dutenean bakarrik ezarri ahal izango dira zerbitzu eta jarduera espezifikoak, ordezko eta osagarri.
9. Lege honetan ezarritako neurri orokorrak aplikatzea ezertan eragotzi gabe, desgaitasunen bat duen pertsonak eskubidea izango du zentro espezializatu batean bizitzeko edo han arta dezaten, baldin eta laguntzen espezifikotasuna eta beharrizana dela-eta beharrezkoa bada.
52. artikulua. Lanerako ikastegiak.
1. Lanerako ikastegien xedea da lanaren bidezko terapiaren eta egokitze pertsonal eta sozialaren zerbitzuak ziurtatzea desgaitasunen bat duten pertsonei, ahalik eta garapen pertsonal handiena lor dezaten eta, ahal denean, lana eskuratzeko haien gaitasuna eta prestakuntza errazteko. Halaber emango zaizkie zerbitzu hauek desgaitasunen batekiko langileei, baldin eta lan espezifiko batean ibili eta behar bezala egokitu ez badira edo okerrera egin eta lanerako ikastegi batean sartzea komeni bazaie.
2. Herri-administrazioek, zeinek bere eskumenen arabera, dagozkien arau espezifikoak emango dituzte, lanerako ikastegiak sortzeko zer baldintza bete behar diren eta jarduteko zer baldintza bete behar dituzten ezarriz.
Lanerako ikastegiak sortzea eta sostengatzea herri-administrazio horien eskumena ez ezik, irabazi asmorik gabeko instituzio edo pertsona juridiko pribatuena ere izango da; nolanahi ere, instituzio edo pertsona juridiko pribatuek begiratu egin beharko dituzte, beti, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera haiek sortzeko eta haiek jarduteko emandako arauak.
VIII. KAPITULUA Gai publikoetan parte hartzeko eskubidea 53. artikulua. Bizimodu politikoan parte hartzeko eskubidea.
Desgaitasunen bat duten pertsonek gainerako herritarren baldintza berdinekin baliatu ahal izango dute bizimodu publikoan eta hauteskunde-prozesuetan parte hartzeko eskubidea, indarrean dagoen araudiaren arabera, betiere. Horretarako, herriadministrazioek haien eskura jarriko dituzte behar dituzten baliabide eta bitartekoak.
54. artikulua. Bizimodu publikoan parte hartzeko eskubidea.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonek bete-betean parte hartu ahal izango dute berei eragiten dieten erabaki publikoetan, gainerako herritarren baldintza berdinekin.
Horretarako, herri-administrazioek haien eskura jarriko dituzte behar dituzten bitartekoak eta baliabideak.
2. Desgaitasunen bat duten pertsonek, haurrak barne, eta haien familiek, beren ordezkaritza-erakundeen bitartez, erabakiak prestatzen, lantzen eta hartzen parte hartuko dute, eta, hala balegokio, baita berei eragiten dieten arau eta estrategietan ere; halaber, herri-administrazioen betebeharra izango da parte-hartze hori egiazkoa eta eraginkorra dela ziurtatzeko baldintzak sustatzea, zeinek bere eskumenen esparruan. Halaber, herriadministrazioen parte-hartze eta kontsulta-organoetan egon beharko dute, haien eginkizunek zerikusi zuzenekoa dutenean desgaitasunen bat duten pertsonen eta haien familien lehentasunezko interesekin.
3. Herri-administrazioek sustatu eta erraztu egingo dute desgaitasunen bat duten pertsonak eta haien familiak biltzen dituzten elkarte eta gainerako entitateen garapena.
Era beran, laguntza finantzazko eta teknikoa eskainiko dute haien jarduerak gauza daitezen, eta hitzarmenak ere egin ahal izango dituzte interes sozialeko programak garatzeko.
55. artikulua. Desgaitasunaren Kontseilu Nazionala.
Desgaitasunaren Kontseilu Nazionala ministerio arteko organo bat da, kontsultakoa, eta desgaitasunen bat duten pertsonen eta haien familien elkarteen eta Estatuko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza biltzen du, hain zuzen, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak bermatzen dituzten politika publikoak definitu eta koordinatzeko lankidetza. Erregelamenduz ezarriko da nortzuk izango dituen kide eta zer eginkizun izango dituen.
Bereziki, Desgaitasunaren Kontseilu Nazionalari dagokio desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzea.
56. artikulua. Desgaitasunaren Arretarako Bulegoa.
Desgaitasunaren Arretarako Bulegoa Desgaitasunaren Kontseilu Nazionalaren organo iraunkor eta espezializatua da, desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta irisgarritasun unibertsala sustatzeko ardura duena.
Desgaitasunaren Arretarako Bulegoarekiko elkarlanean jardungo dira desgaitasunen bat duten pertsonen eta haien familien herri-onurako erakunde, entitate eta elkarte ordezkaritasun handienekoak.
IX. KAPITULUA Botere publikoen betebeharrak 1. sekzioa. Xedapen orokorrak 57. artikulua. Zerbitzuak ematea.
1. Botere publikoek bermatu egingo dituzte honako hauek guztiak: prebentzioa, artapen mediko eta psikologikoa, laguntza egokiak, hezkuntza, orientazioa, laneratzea eta gizarteratzea, kultura eta aisialdirako irispidea, eta eskubide ekonomiko, sozial eta babes juridikoko gutxieneko batzuk, bai eta Gizarte Segurantza ere.
2. Helburu horiek iristeko, nork bere eskumenen esparruan, herri-administrazioek, solaskide sozialek eta elkarteek eta pertsona juridiko-pribatuek parte hartuko dute.
58. artikulua. Finantzaketa.
Lege honetan jasotzen diren prestazioak, sorospenak, arretak eta zerbitzuak Estatuaren Aurrekontu Orokorren kontura eta autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen kontura finantzatuko dira, bakoitzari dagozkien eskumenen arabera. Aurrekontu horietan, dagozkien diru-partidak izendatu beharko dira, indarrean den legediaren arabera.
59. artikulua. Kontzientzia soziala hartzea.
1. Botere publikoek informatzeko kanpainak egin eta sustatuko dituzte, kontzientzia harraraztekoak, prestakuntza-ekintzak eta baita beste batzuk ere, aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzeko behar beste, desgaitasunen bat duten pertsonak eta haien familiak ordezkatzeko erakundeekiko lankidetzan.
2. Zehazki, botere publikoek sustatu egin beharko dituzte gizarteari kontzientzia harrarazteko kanpainak abiarazi eta sostengatzea, desgaitasunen bat duten pertsonentzako irispidean izango direnak, bereziki gizarte- eta osasun-eremuari buruzkoak eta hezkuntza eta lanbideari buruzkoak, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen eta duintasunaren errespetua eta aintzat hartzea sustatuz, hartara, gizarte osoak lagundu dezan haiek gizarteratzen.
2. sekzioa. Desgaitasunen bat duten pertsonen arretarako zerbitzuetako langileak 60. artikulua. Langile espezializatuak.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonek garatzeko eta gizarteratzeko prozesuan behar dituzten arreta eta zerbitzuak langile espezializatuek orientatu, zuzendu eta gauzatu beharko dituzte.
2. Prozesu honek, hartzen dituen eginkizunen askotarikoa, zabalera eta konplexutasuna dela-eta, arlo bateko eta besteko espezialistek parte hartzea eskatzen du, zeinek talde multiprofesionalen gisara lan egin beharko baitute elkarrekin.
61. artikulua. Langileen prestakuntza.
1. Herri-administrazioek sustatu egingo dute desgaitasunen batekiko pertsonek behar dituzten zerbitzuak egokiro ematen lan egiten duten profesionalen eta langileen prestakuntza, bai hautemate-, diagnostikatze- eta baloratze- eginkizunetan, bai hezkuntzaeta gizarte-zerbitzuetako eginkizunetan dihardutenena.
2. Herri-administrazioek espezializatzeko eta eguneratzeko programa iraunkorrak ezarriko dituzte, bai orokorrak, bai desgaitasun batzuetarako eta besteetarako aplikazio berezikoak, eta ahalik eta garapen pertsonalik handiena lortzeko arreta-modu espezifikoen gaineko programak ere bai, lanbide batzuen eta besteen eremuaren arabera, betiere, eta gaitasun profesional batzuen eta besteen arabera.
62. artikulua. Boluntariotza.
1. Herri-administrazioek sustatu egingo dute boluntarioen lankidetza desgaitasunen bat duten pertsonei eta haien familiei arreta emateko eginkizunean, bai eta irabazi asmorik gabeko erakundeak eratzea eta haien jarduera ere, arreta hori eskaintzen profesionalekiko lankidetzan jardun ahal izan daitezen. Era berean, sustatu egingo dute boluntariotza desgaitasunen bat duten pertsonen artean, haiek erabat gizarteratu daitezen eta gizartebizimoduan parte har dezaten erraztuz.
2. Boluntarioen araubide pertsonala haiei buruzko araudi espezifikoan egongo da araututa.
II. TITULUA Aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza I. KAPITULUA Aukera-berdintasunerako eskubidea.
63. artikulua. Aukera-berdintasunerako eskubidea urratzea.
Desgaitasunen bat duten pertsonek aukera-berdintasunerako duten eskubidea urratzen dela joko da (4.1 artikuluan eman da haien gaineko definizioa), desgaitasuna dela-eta diskriminazioak eragiten direnean zeharka edo zuzenean, edo elkartzea dela-eta diskriminazioa eragiten denean, edo jazarpenak eragiten direnean, edo irisgarritasunaren baldintzak betetzen ez direnean eta arrazoizko doikuntzak egiteko betebeharra betetzen ez denean, edo legez ezarritako ekintza positiboko neurriak betetzen ez direnean.
64. artikulua. Aukera-berdintasunerako eskubidearen bermeak.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunerako eskubidea bermatze aldera, herri-botereek diskriminazioaren kontrako neurriak eta ekintza positiboko neurriak ezarriko dituzte.
2. Lege honetan ezarritako defentsazko, arbitrajezko eta judiziozko neurriak 63. artikuluan aurreikusten diren egoeretan aplikatuko dira, kontuan hartu gabe desgaitasuna edo aldi baterako desgaitasuna ofizialki onartu den edo ez. Nolanahi ere, herriadministrazioak adi egongo dira, desgaitasunen bat duten pertsonei eragiten dieten edo eragin ahal dieten diskriminazioak eragozteko.
3. Desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunerako eskubidearen berme titulu honetan aurreikusiek osatu eta ordeztu egingo dute lan-arloko legerian xedatutakoa.
65. artikulua. Diskriminazioaren aurkako neurriak.
Diskriminazioaren kontrako neurritzat joko dira honako hauek: antzeko edo alderatzeko moduko egoeran, eta desgaitasuna dela-eta, desgaitasunen bat duen pertsona bat zeharka edo zuzenean desgaitasunik ez duen beste bat baino okerrago tratatua izatea eragotzi edo zuzentzeko ezartzen direnak.
66. artikulua. Diskriminazioaren kontrako neurrien edukia.
1. Hara zertzuk izan daitezkeen diskriminazioaren kontrako neurriak:
diskriminaziozko eta jazarpenezko jokabideak debekatzea, irisgarritasunaren baldintzak betetzea, eta oztopoak ezabatzeko eta arrazoizko egokitzeak egiteko baldintzak betetzea.
Horretarako, hara zertzuk joko diren irisgarritasunaren baldintzatzat: irisgarritasun unibertsalaren printzipioei eta pertsona guztientzako diseinuaren printzipioei jarraituz, bai inguruek, produktuek eta zerbitzuek bete behar dituzten baldintzak, bai eta arauetan, irizpideetan eta praktiketan bete behar diren diskriminaziorik ezaren baldintzak.
2. Lege honen 2. m) artikuluan ezarritakoaren arabera doikuntza bat arrazoizkoa den zehazteko, kontuan hartuko dira dena delako neurri horren kostuak, neurri hori ezarri ezean desgaitasunen batekiko pertsonei eragiten zaien diskriminazioa, neurria ezarri behar duen pertsona, entitate edo erakunde jakin horren egitura eta ezaugarriak eta zer aukera dagoen finantzaketa ofiziala edo beste edozein laguntza lortzeko.
Horretarako, herri-administrazio eskudunek laguntza publikoen araubide bat ezarri ahal izango dute, arrazoizko doikuntzak egiteko betebeharraren kostuak ordaintzen laguntzeko.
Arrazoizko doikuntza eskatzen duenaren eta doikuntza gauzatzeko betebeharra duenaren arteko desadostasunak 74. artikuluan ezarritako arbitraje-sistemaren bitartez ebatzi ahal izango dira, alde batera utzi gabe kasu bakoitzean dagokion babes administratibo edo judiziala.
67. artikulua. Ekintza positiboko neurriak.
1. Botere publikoek ekintza positiboko neurriak onartuko dituzte diskriminazio maila handiagoa –are diskriminazio anizkuna ere– jasan dezaketen pertsonen alde, edo aukeraberdintasuna neurri txikiagoan ematen zaien pertsonen alde, hala nola emakumeak eta haurrak, zeintzuek laguntza handiagoa behar baitute beren autonomia baliatzeko edo erabakiak askatasunez hartzeko, edo bazterketa sozial handiago pairatzen dutenak, eta, orobat, ohiki landa-ingurune batean bizi diren pertsona desgaitasun batekikoak.
2. Era berean, familia babesteko politika ofizialaren esparruan, botere publikoek ekintza positiboko neurriak ezarriko dituzte desgaitasunen batekiko pertsonak kide dituzten familientzat.
68. artikulua. Ekintza positiboko neurrien eta aukera-berdintasunerako neurrien edukia.
1. Ekintza positiboko neurriak, bestalde, laguntza osagarriak eta arau, irizpide eta praktika lagungarriagoak izan daitezke. Aukera-berdintasunerako neurriak, ostera, izan daitezke laguntza ekonomikoak, laguntza teknikoak, laguntza pertsonala, zerbitzu espezializatuak eta komunikaziorako laguntza eta zerbitzu lagungarriak.
Neurri horiek gutxienekoak izango dira, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoek ere, zeinek bere eskumenen esparruan, neurriak ezartzea.
2. Bereziki, herri-administrazioek bermatuko dute laguntza eta diru-laguntza publikoek desgaitasunen bat duten pertsonen eta ohiki landa-ingurune batean bizi diren desgaitasunen batekiko pertsonen berdintasunerako eskubidearen eraginkortasuna susta dezatela.
II. KAPITULUA Sustapen- eta defentsa-neurriak 69. artikulua. Sustapen- eta defentsa-neurriak.
Herri-administrazioek, zeinek bere eskumenen esparruan, sustatu eta erraztu egingo dute aukera-berdintasunaren aldeko politika gauzatzeko sustapen-neurriak eta babes juridikoko tresna eta mekanismoak ezar daitezen, eta, horretarako, aukeraberdintasunaren kontrako arau-xedapenak eta praktikak ezabatzeko beharrezkoak diren neurriak onartuko dira, eta desgaitasuna dela-eta eragiten den edozein diskriminazio saihesteko neurriak ezarriko.
1. sekzioa. Sustapen-neurriak 70. artikulua. Kalitatea sustatzeko neurriak.
Herri-administrazioek egokitu egingo dituzte desgaitasunen batekiko herritarren aukera-berdintasuna ziurtatzeko kalitate-planak. Horretarako, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasunaren gutxieneko arauak sartuko dituzte plan horietan, eta kalitate-adierazleak eta praktika onei buruzko gidak landuko.
71. artikulua. Arau teknikoak berritzeko eta garatzeko neurriak.
1. Herri-administrazioek gizarteratzearen, irisgarritasun unibertsalaren, pertsona guztientzako diseinuaren eta bizimodu beregainaren printzipioak bermatuko dituzten inguru, produktu, zerbitzu eta prestazioak garatzeari begirako berrikuntza eta ikerketa aplikatua sustatuko dituzte, desgaitasunen bat duten pertsonen alde. Hala, ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-planetan (I+G+B), desgaitasunarekin lotura duten arloetako ikerketa sustatuko dute.
2. Era berean, araudi teknikoa landu dadin erraztu eta lagunduko dute, bai eta lehendik den araudia berrikus dadin ere, halako moldez non teknologia, produktu, zerbitzu eta ondasunen prozesu, diseinu eta garapenean diskriminaziorik izan ez dadin ziurtatuko baitute, normalizazio eta ziurtapeneko erakunde eta antolakundeekin eta gainerako agente guztiekin lankidetzan.
72. artikulua. Ekimen pribatua 1. Estatuko administrazioak, autonomia-erkidegoek eta toki-entitateek babestu egingo dute irabazi asmorik gabeko ekimen pribatua, eta lagundu egingo dute jarduera horietan aholkularitza teknikoaren bidez, koordinazioaren bidez, planifikazioaren bidez eta laguntza ekonomikoaren bidez. Arreta berezia jarriko zaie desgaitasunen batekiko pertsonek, haien familiek edo legezko ordezkariek sustatutako erakunde irabazi asmorik gabekoei.
2. Ezinbesteko baldintza izango da elkarlan eta laguntza horiek jasotzeko jarduera pribatuak bat etor daitezela herri-administrazioek ezarritako plangintza sektorialaren lerro eta baldintzekin 3. Partez edo osorik herri-funtsen kontura finantzatzen diren zentroetan, kontrolatu egingo dira finantza-baliabideen jatorria eta aplikazioa, eginkizun horretan interesdunek, eta, haiek ezean, legezko ordezkariek, eta dena delako zentro horretako zuzendaritzak eta zentro horren zerbitzuko langileek parte hartuko dutelarik, hargatik eragotzi gabe botere publikoen ahalmenak.
73. artikulua. Desgaitasunaren Estatuko Behatokia.
1. Desgaitasunaren Estatuko Behatokia Estatuko Administrazio Orokorraren lanabes tekniko bat da, zeina, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren Desgaitasunari laguntzeko Politiken Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, desgaitasunaren inguruko informazioa bildu, sistematizatu, eguneratu, sortu eta hedarazteaz arduratzen baita.
2. Urtero-urtero, Desgaitasunaren Estatuko Behatokiak txosten zabal eta integrala egingo du Espainian desgaitasunak ageri duen egoerari eta eboluzioari buruz, bildutako datu estatistikoen arabera egina, eta arreta berezia jarriz generoari; txosten hori Desgaitasunaren Estatuko Kontseiluari aurkeztuko zaio, aztertu eta haren gainean eztabaida egin dezan.
3. Desgaitasunaren Estatuko Behatokia tresna bat ere bada, politika publikoak Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenari jarraituz sustatzeko eta gidatzeko.
4. Desgaitasunaren Estatuko Behatokiaren helburu orokorrak garatzeko eginkizunak betetzeak ez du ekarriko gastu publikoa gehitzea.
2. sekzioa. Defentsa-neurriak 74. artikulua. Arbitrajea.
1. Sektore interesdunei eta desgaitasunen batekiko pertsonak eta haien familiak ordezkatzen dituzten erakundeei entzun ostean, Gobernuak arbitraje-sistema bat ezarriko du, hartara, formalitate berezirik gabe, alderdi batentzako zein bestearentzako indar lotesle eta betearazlearekin, desgaitasunen bat duten pertsonek aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloetan dituzten kexuak edo erreklamazioak aztertu eta ebatz daitezen, delitu-aztarna arrazoizkorik izan ezean, betiere, eta kasu bakoitzean dagokion babes administratibo eta judiziala eragotzi gabe hargatik.
2. Alderdiak arbitraje-sistema baten pean jartzea borondatezkoa izango da, eta idatziz jaso beharko da, espresuki.
3. Arbitraje-organoek sektore interesdunetako ordezkariak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta haien familiak ordezkatzen dituzten erakundeetako ordezkariak eta herriadministrazioetako ordezkariak –herri-administrazio bakoitza bere eskumenen esparruan ari dela, betiere– izango dituzte kide.
75. artikulua. Babes judiziala eta errepresalien kontrako babesa.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunerako eskubidearen babes judizialak bere barnean darama eskubide horren urraketa amaiarazteko eta ondoren gerta litezkeen urratzeak eragozteko beharrezkoak diren neurriak onartzea, bai eta kaltetuari bere eskubidea erabiltzeko modua itzultzea ere.
2. Dagokion erreklamazioak eragin dezakeen kaltearen ordainak edo konponketak ez du izango aldez aurretik ezarritako gehienezko zenbateko baten muga. Kalte moralaren ordaina bidezkoa izango da, are kalte ekonomikorik izan ez denean ere, eta, kalte hori ebaluatzeko, urratzea nola gertatu den eta lesioa zenbateraino den larria hartuko dira kontuan.
3. Aukera-berdintasunaren printzipioa betetzea exijitzeko erreklamazio baten edo prozedura baten aurrean tratu txar edo ondorio kaltegarri bat gertatzen bada, pertsona fisikoak edo juridikoak tratu txar edo ondorio kaltegarri horien kontra babesteko neurriak ezarriko dira, beharrezkoak direnak.
76. artikulua. Legitimazioa.
Pertsona erasanen banakako legitimazioa baztertu gabe, interes kolektibo legitimoak defendatzeko legezko gaitasuna duten pertsona juridikoek prozesu batean parte hartu ahal izango dute horretarako baimena eman dioten pertsonen izenean, haien interesak defendatzeko, hartara aukera-berdintasunerako eskubidea gauzatzearren, haien banakako eskubideak defendatuz eta parte hartze horren ondorioak pertsona horien gain utziz.
77. artikulua. Egitate axolazkoen gaineko frogari buruzko irizpide bereziak.
1. Baldin eta auzi-jartzailearen alegazioetatik ondorioztatzen bada badirela desgaitasuna dela-eta eragindako diskriminazioaren aztarnak, eta aztarna horiek oinarridunak badira, alderdi demandatuari egokituko zaio justifikazio objektibo eta arrazoizkoa aurkeztea, behar bezala frogatua, dena delako jokabide horri buruz, onartutako neurriei buruz eta haien proportzionaltasunari buruz.
Baldin eta jurisdikzio-prozesuan desgaitasuna dela-eta eragindako diskriminazioagatik arazoa aurkeztu badu baten batek, epaileak edo epaimahaiak, alderdiak eskatuta, txosten edo irizpena eskatu ahal izango dio organismo publiko eskudunari.
2. Aurreko paragrafo horretan ezarritakoa ez da aplikatzekoa izango ez zigor-arloko prozesuetan ez eta zehatze-ebazpenen kontra aurkeztutako administrazioarekiko auzierrekurtsoetan ere.
III. TITULUA
Desgaitasunen bat duten pertsonentzako aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta irisgarritasun unibertsala: arau-hausteak eta zehapenak.
I. KAPITULUA Arau-hausteen eta zehapenen araubidea.
78. artikulua. Eremua.
Titulu honetan ezarritako arau-hausteen eta zehapenen araubidea erkidea da Estatuaren lurralde osorako, eta autonomia-erkidegoko legelariari dagokio tipifikazioa, ezertan eragin gabe hark, bere eskumenak erabiliz, ezarri ahalko dituen arau-hauste eta zehapenei.
Autonomia-erkidegoek arau-hausteen araubide bat ezarriko dute desgaitasunen bat duten pertsonen babes osoa bermatzeko, lege honetan xedatutakoari egokituz, betiere.
79. artikulua. Subjektuak.
1. Lege honetan eta dagokion autonomia-erkidegoko legeetan arau-haustetzat jotako egite edo ez-egiteen erantzuleei aplikatuko zaie lege hau, direla pertsona fisikoak nahiz juridikoak.
2. Erantzukizuna solidarioa izango da arau-haustea egin dutenak bat baino gehiago badira eta arau-haustean bakoitzaren erantzukizun-maila zehazterik ez badago.
Erantzule subsidiario edo solidarioak izango dira beste batzuek egindako arau-hauste administratiboa eragozteko betebeharra dakarten obligazioak betetzen ez dituzten erantzule subsidiario edo solidarioak.
1. atala. Arau-hausteak.
80. artikulua. Arau-hausteen objektua.
Lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, arau-hauste administratiboak direla joko da 5. artikuluak aipatzen dituen arloetan aukera-berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren eskubideak urratzea dakarten egiteak eta ez-egiteak, baldin eta diskriminazio zuzeneko nahiz zeharkakoak gertatzen badira edo jazarpenak edo irisgarritasunaren baldintzen ez-betetzeak gertatzen badira, egokitze arrazoizkoak egiteko betebeharrak betetzen ez badira, edo legez ezarritako ekintza positiboko neurriak betetzen ez badira, bereziki horrek arau-hauslearentzat onura ekonomikoak ekarriz gero.
81. artikulua. Arau-hausteak.
1. Arau-hausteak hiru eratakoak izan daitezke: arinak, larriak eta oso larriak.
2. Nolanahi ere, eta dagokion autonomia-erkidegoko legediak ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, arau-hauste arina dela joko da ez betetzea, edozein eratan, lege honetan eta bera garatzen duten arauetan ezarritako obligazio soilki formalak.
3. Nolanahi ere, ezertan eragotzi gabe dena delako autonomia-erkidegoan ezarritakoa, arau-hauste larriak direla joko da:
a) Desgaitasunen bat duen pertsonari, egoera antzeko edo parekoan dagoen beste baten aldean, zeharka edo zuzenean tratu okerragoa ematea dakarten diskriminaziozko egintza nahiz ez-egiteak.
b) Ez betetzea irisgarritasunari dagozkion baldintzak, edo uko egitea 66. artikuluan aipatzen diren egokitze arrazoizkoak egiteko neurriak hartzeari.
c) Ez betetzea lege honetan ezarritako xedapenak betetzeko beharrezkoak diren eskumenak dauzkaten organoek egindako errekerimendu bat.
d) Desgaitasunen batekiko pertsona bati edo beste pertsona fisiko nahiz juridiko batzuei legezko akzio bat edo beste abiarazi dutela-eta edo abiarazi nahi dutela-eta eragindako presioa.
4. Nolanahi ere, autonomia-erkidegoko legediak ezartzen duena ezartzen duela, arau-hauste oso larritzat joko dira:
a) Lege honetako 66. artikuluan eta hura garatzeko arauetan ezarritako moduan desgaitasuna dela-eta eragindako jazarpenezko jokabide oro.
b) Ez betetzea, behin eta berriz, lege honetan eta bera garatzen duten arauetan ezarritako xedapenak betetzeko beharrezkoak diren eskumenak baliatzeko administrazioerrekerimendu berariazkoak, organo eskudunek ezarriak.
c) Lege honetan eta bera garatzeko arauetan ezarritako neurriak betetzeko baliatzen diren administrazio-ahalak baliatzean agintariei presioa eragitea, den motakoa dela.
82. artikulua. Arau-hausteen preskribatzea.
Titulu honetan arintzat jotako arau-hausteak urtebetean preskribatuko dira; larriak, hiru urtean, eta, oso larriak, lau urtean.
2. atala. Zehapenak 83. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hausteak zehatzeko, isuna ezarriko da: gutxienez 301 eurokoa izango dira, eta gehienez 1.000.000 eurokoa.
2. Arau-hauste arinetarako, isuna ez da izango 30.000 euro baino gehiagokoa, inola ere ez.
3. Arau-hauste larrietarako, isuna ez da izango 90.000 euro baino gehiagokoa, inola ere ez.
84. artikulua. Zehapenak graduatzeko irizpideak.
1. Zehapenak gutxieneko graduan, gradu ertainean eta gehienezko graduan aplikatuko dira, honako irizpide hauen arabera:
a) Zer asmo izan duen arau-hausleak.
b) Arau-hausleak zabarkeriarik izan duen edo ez.
c) Arau-hausleak iruzur egin ote duen edo norbaitekiko elkar aditzearekin jokatu ote duen.
d) Aldez aurreko ohartarazpenak bete ote diren edo ez.
e) Enpresaren edo entitatearen negozio-zifra edo diru-sarreren zifra.
f) Zenbat pertsonari erasan ote zaion arau-hauste horrekin.
g) Arau-haustearen ondorioak iraunkorrak edo iragankorrak ote diren.
h) Berrerortzerik izan ote den, urtebetean arau-hauste mota bera behin baino gehiagotan egin izanagatik, ebazpen irmoaren bidez hala adierazi delarik.
i) Diskriminaziozko eta jazarpenezko jokabideak asaldurarik eragin ote duen gizartean, irisgarritasunari dagozkion baldintzak begiratu edo bete ote diren eta oztopoak ezabatzeko betebeharrak edo arrazoizko egokitzeak egiteko betebeharrak bete ote diren.
j) Arau-haustea egin duen pertsonak onurarik atera ote duen arau-haustetik.
2. Arau-haustearen kaltea jaso duena 67.1 artikuluan aipatzen den pertsonetako bat denean, zehapena dagokion graduaren zenbatekorik handienean ezarri ahal izango da.
3. Arau-hausteak, ezinbestean, beste arau-hauste bat edo batzuk egitea dakarrenean, arau-hauste larrienari dagokion zehapena ezarriko da.
85. artikulua. Zehapen osagarriak.
1. Arau-hausteak larriak edo oso larriak direnean, organo eskudunek, dagozkion zehapenak ez ezik, laguntza ofizialak emateko prozeduretan parte hartzeko debekuak ere proposatu ahal izango dituzte, arau-haustea gertatu den jarduera-sektore horretako dirulaguntzak emateko prozeduretan edo beste era bateko laguntza batzuk emateko prozeduretan parte hartzeko debekuak, alegia, gehienez ere urtebetekoa arau-hauste larrien kasuan, eta bi urtekoa, oso larrien kasuan.
2. Arau-hausteak oso larriak direnean, bestalde, organo eskudunek proposatu ahal izango dute laguntza ofizialak erabat edo partez ezabatzea, ezeztatzea edo etetea, direla diru-laguntzak edo beste era bateko laguntzak, pertsona zehatu horrek arau-haustea gertatu den jarduera-sektorearen esparruan aitortuak dituenak, hain zuzen.
3. Gizarte-zerbitzuak ematen dituen erakunde bat bada arau-hauste oso larria egiten duena, arreta emateko jardueretarako gaitasunik gabe uztea izan liteke ondorioa, den pertsona fisikoa edo juridikoa gaitasunik gabe utzi beharrekoa, gehienez ere bost urteko epe baterako.
86. artikulua. Ondasun eta zerbitzuetarako irispidearen arloko betebeharrak ez betetzeak izango dituen ondorioak.
Legedia zibilean eta merkataritzakoan aurreikusitako beste akzio eta eskubide batzuk baztertu gabe, pertsona batek, 29. artikuluaren aplikazio-eremuan, diskriminaziozko jokabide bat jasaten badu bere desgaitasuna dela-eta, eskubidea izango du kalte eta galeren ordaina jasotzeko.
87. artikulua. Zehapenen preskripzioa.
Arau-hauste arinen ondorioz jarritako zehapenak urtebeteren ostean geratuko dira indarrik gabe, arau-hauste larriengatik jarritakoak lau urteren buruan eta arau-hauste oso larriengatik jarritakoak bost urte igarotakoan.
88. artikulua. Lege honetan eta autonomia-erkidegoaren legedian ezarritako betebeharrak betetzea.
Nahiz eta lege honetan eta dagokion autonomia-erkidegoaren legerian ezarritako zehapen baten ondorioz jarritako isunak ordaintzeko erantzukizuna duenak isunok ordaindu, horrek ez du salbuetsiko desgaitasunari buruz aplikatzekoa den araudian ezarritako betebeharrak betetzetik.
3. sekzioa. Izaera eta araubide juridikoa 89. artikulua. Legitimazioa.
1. Desgaitasunen bat duten pertsonak, haien familiak eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeak, eta haiek kide dituzten elkarteak interesduntzat joko dira prozedura horietan, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera (30/1992 Legea, azaroaren 26koa).
2. Jarduketak artxibatzeko erabakiaren edo ezezko ebazpen espres edo isilekoaren kontra, edo lege honetan ezarritako arau-hausteak edo autonomia-erkidegoek beren eskumenak baliatuz emandako legeetan ezarritako arau-hausteak izan litezkeenak administrazioari salatu edo hari jakinaraztearen kontra, lehen aipatutako erakunde eta elkarteek errekurtsoak aurkeztu ahal izango dituzte, alegia, legitimazioa izango dute horretarako, edo, hala balegokio, gizarte-interesen ordezkari gisa egoki deritzeten akzioak aurkezteko.
3. Erakunde eta elkarte horiei aitortzen zaien legitimazio aktiboak ez dakar inolaz ere lehentasunezko traturik haien aurka arau-haustea egin dutela salatzen denean edo administrazio eskudunak ustezko arau-hausletzat jotzen dituenean.
90. artikulua. Prozeduren irisgarritasunaren bermea Lege honetan ezarritakoaren arabera abiarazten diren zehapen-prozedurak desgaitasunen bat duten pertsonentzat irisgarriak izango diren dokumentuetan jaso beharko dira, eta administrazio-agintaritzak, berriz, prozedura horietan aurreikusitako eskubideak erabat erabili ahal izateko modua eman beharko diete desgaitasunen bat duten pertsonei.
91. artikulua. Instrukzioa.
1. Arau-hausteak ezingo dira zehatu aldez aurretik dagokion espedientearen instrukzioa egin gabe, hain zuzen, lege honetan eta dagokion autonomia-erkidegoaren legedian gai horri buruz ezarritako administrazio-prozedura bereziaren arabera dagokion instrukzioa egin gabe.
2. Baldin eta herri-administrazio batek, instrukzio-fasean zehar, uste badu araua hautsi duen ustezko jokabide hori zehatzeko ahala beste herri-administrazio bati dagokiola, jakinarazi egingo dio hari, eta dagokion espedientea helaraziko.
92. artikulua. Zehapen-ebazpenen publizitatea.
Arau-hauste larriak eta oso larriak direla-eta egindako zehapen-espedienteei buruz ebazpen irmoa ematen bada administrazio-bidean, ebazpen hori, administrazioagintaritzak hala erabakitzen badu, argitara emango da, behin interesdunei jakinarazpena egin ostean eta espedientearen edukiaren isilpeko alderdiei buruz ebatzi ondoren, eta, betiere, datu pertsonalak ezabatu ondoren –hain zuzen ere, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 3 a) artikuluan aipatzen direnak–, (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa), arau-hausleen izenak izan ezik. Horretarako, Datuak Babesteko Espainiar Agentziari edo dagokion agintaritza ekonomikoari aldez aurreko txostena eskatuko zaio 93. artikulua. Lankidetza-betebeharra.
Pertsona fisiko eta juridiko guztiek lagundu beharko diete organo eta agintariei titulu honetan ezarritakoa aplikatzen, eta, horretarako, zentzuzko epe baten barruan eta indarrean den legedian ezarritako baldintzen arabera, egitateak argitzeko beharrezkoak direla-eta eskatzen zaizkien datu, agiri, txosten eta argibide guztiak aurkeztuko dituzte, eta, orobat, aldez aurretik haiei jakinarazi ostean, beren bulegoetara sartzen utzi beharko dute, non eta ez dituzten bulego horiek bizileku, zeren eta, hartara, haien baimen espresa beharko baita, edo epailearen dagokion agindua.
II. KAPITULUA Estatuko Administrazio Orokorrak aplikatzeko arau espezifikoak 94. artikulua. Estatuko Administrazio Orokorraren eskumena.
Lege honen ondorioetarako, zehapen ahala erabiltzeko eskumena Estatuko Administrazio orokorrari dagokio, arau-haustea eragin duten jokabideak autonomiaerkidego batena baino lurralde zabalagoan gauzatzen badira.
1. Sekzioa. Arau-hausteak eta zehapenak.
95. artikulua. Arau-hausteak 1. Lege honetako 82. artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, honako arauhauste hauek tipifikatzen dira Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenen eremuan, zeinak arin, larri eta oso larritzat sailkatzen baitira.
2. Hauek dira arau-hauste arinak:
a) Ez betetzea I. tituluko V. kapituluko 1. sekzioan eta II. tituluan ezarritako betebehar eta obligazioak, ez eta horiek garatzeko arauak, non eta horrek ez dakarren arau-hauste larria edo oso larria egitea.
b) Ez betetzea enpresetan, lantegietan edo bulego publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonen desabantailak edo diskriminaziozko egoera orokorrak ezabatzea sustatu eta eragiteko emandako barne-arauak, non eta horrek ez dakarren arau-hauste larriak edo oso larriak egitea.
c) Ikuskapen-zerbitzuen jarduna oztopatzea.
3. Hauek dira arau-hauste larriak:
a) Desgaitasunen bat duten pertsonei, zuzenean edo zeharka, antzeko edo pareko egoeran dauden pertsonen aldean tratu okerragoa ematea dakarten diskriminaziozko egite nahiz ez-egiteak.
b) Desgaitasuna dela-eta, pertsonen eskubideei era batera edo bestera uko egite partezko edo erabatekoa ezartzea abusuz, abantaila-egoera batez baliatuz.
c) Ez betetzea agintaritzek ezartzen dituzten errekerimendu espezifikoak.
d) Agintaritza eskudunek edo haien agenteek eskatutako informazioa emateari oztopoak jartzea edo uko egitea, baldin eta informazio hori legez eskatzekoa baldin bada, eta titulu honetan aurreikusitako baldintzen arabera informazio-, zainketa-, ikerketa-, ikuskatze-, tramitatze- eta -betearazte-funtzioak betetzeko bada.
e) Ez betetzea, betebeharra duten pertsonek, ingurune, lanabes, ekipo eta teknologia, garraiobide, hedabide eta herritarren eskura ezarritako produktu eta zerbitzuetarako irispide-arauak, edota pertsona bakoitzarentzako laguntza espezifikoetarako irispide-arauak, baldin eta, arauok ez betez, desgaitasunen bat duten pertsonek horietara irispidea izateari edo horiek baliatu ahal izateari oztopoa edo muga ezartzen bazaio.
f) Lege honetako 66. artikuluan ezarritako baldintzen arabera arrazoizko egokitze bat egiteko betebeharra duten pertsonek uko egitea egokitze hori egiteari.
g) Ez betetzea, betebeharra duten pertsonek, dena delako eremuan irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren baldintzak ezartzeko jarduera-plan bereziak lantzeari buruz Lege honetako hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako xedapenak betetzeko betebeharra.
h) Desgaitasunen bat duen pertsona edo beste pertsona fisiko edo juridiko batzuk hertsatu, mehatxatu edo jazartzea, aukera-berdintasunaren printzipioa betetzea eskatzeko edozein lege-akzio, erreklamazio, salaketa aurkeztu edo aurkezteko asmoa dutela-eta edo dagoeneko horretarako hasitako prozedura batean parte hartzen ari direla-eta,,edo hertsatzeko, mehatxatzeko edo jazartzeko saiakuntza egitea.
i) Arau-hauste larria dela joko da, orobat, hiru hilabeteko epearen barruan eta hiru bider arau-hauste arin bera egitea.
4. Hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) Pertsonek, beren desgaitasuna dela eta, beren funtsezko eskubideetan jasaten dituzten kalteak.
b) Desgaitasunen bat duten pertsonei nahitako kalte ekonomiko edo profesional larria eragiten dieten egiteak.
c) Desgaitasunen bat duten pertsonen duintasuna nahita urratzea, herritarren eskura jarritako ondasun, produktu eta zerbitzuetarako irispidea izateko baldintza edo karga umiliagarriak ezarriz.
d) Desgaitasunen bat duten pertsonen osotasun fisiko edo psikikorako edo osasunerako arrisku edo kalte larria dakarten egoerak eragitea nahita.
e) Larritzat jotako jokabideak, baldin eta jokabide horiek izan dituztenek, gainera, inoren arraza edo etnia, generoa, sexu-joera, adina, desgaitasun larria edo nork bere burua ordezkatzeko ezina dela-eta gorrotoz eta mesprezuz jokatu badute.
f) Herritarren eskura jartzekoak diren inguruak, produktuak eta zerbitzuak planifikatu, diseinatu eta urbanizatzean, betebeharra duten pertsonek ez betetzea irisgarritasunari buruzko legezko arauak, eta, hala, desgaitasunen bat duten pertsonak inguru, produktu eta zerbitzu horietara askatasunez iritsi ahal daitezen eta ohikotasunez erabili ahal ditzaten eragoztea.
g) Ez betetzea, betebeharra duten pertsonek, irisgarritasunari buruzko legezko arauak, eta, hala, desgaitasunen bat duten pertsonei funtsezko eskubideak balia ditzaten edo askatasun publikoak goza ditzaten eragoztea edo larriki zailtzea.
h) Arau-hauste oso larria izango da, orobat, urtebeteko epean hiru arau-hauste oso larri egitea; halaber kasu bakoitzean aplikatzekoak diren arau berezietan espresuki halakotzat jotzen direnak.
96. artikulua. Zehapenak.
Hona nola zehatuko diren arau-hausteak:
a) Arau-hauste arinak: isuna, gutxieneko graduan, 301 eta 6.000 euro bitartekoa; gradu ertainean, 6.001 eta 18.000 euro bitartekoa; eta, gehienezko graduan, 18.001 eta 30.000 euro bitartekoa.
b) Arau-hauste larriak: isuna, gutxieneko graduan, 30.001 eta 60.000 euro bitartekoa; gradu ertainean, 60.001 eta 78.000 euro bitartekoa; gehienezko graduan, 78.001 eta 90.000 euro bitartekoa.
c) Arau-hauste oso larriak: isuna, gutxieneko graduan, 90.001 eta 300.000 euro bitartekoa; gradu ertainean, 300.001 eta 600.000 euro bitartekoa; gehienezko graduan, 600.001 eta 1.000.000 euro bitartekoa.
97. artikulua. Arau-hausteen preskripzio-epearen zenbatzea.
1. Jardun jarraitu baten ondoriozko arau-hausteetan, preskripzio-epea zenbatzen hasteko data jarduera amaitu zenekoa izango da, edo arau-haustea burutu zeneko azken egintza gauzatu zenekoa.
2. Arau-hausteen preskripzio-epearen zenbaketa eten egingo da ustezko arauhauslearen kontra prozedura hasi delako jakinarazpena egiten den egunean, eta epe hori berriz hasiko da zenbatzen, baldin eta zehapen-espedientea sei hilabetez gerarazita egon bada, zehapen-espedientea noren kontra abiarazi den, hari leporatu ezin zaion kausa batengatik.
98. artikulua. Zehapenen preskripzio-epearen zenbatzea.
Zehapenen preskripzio-epea, aldiz, ebazpena irmo bihurtzen den egunaren biharamunetik hasiko da zenbatzen, eta interesdunari betearazpen-prozedura hasi dela jakinarazten zaion egunean etengo da; hala ere, epea berriz hasiko da zenbatzen, baldin eta sei hilabetez gerarazita egon bada arau-hausleari egotzi ezin zaion kausa batengatik.
2. sekzioa. Zehapen-prozedura 99. artikulua. Aplikatzekoa den araudia.
Estatuaren Administrazio Orokorraren eskumenen esparruko arau-hausteak eta zehapenak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen IX. tituluan eta hura garatzeko araudian aurreikusitako zehapen-prozeduraren pean izango dira.
100. artikulua. Aldez aurreko jardunak.
Dagokion zehapen-espedientearen instrukzioa hasi aurretik, zehapen-espedientea hasi aurreko jardun gisa, prozedura hasteko eskumena duen organoak txostena eskatu beharko die salaketaren, aginduaren edo eskariaren edukiari buruz, honako organo hauei:
a) Arau-hauste izan daitezkeen jokabideak edo egitateak gertatu diren lurraldeko autonomia-erkidegoan eskumena duten organoak.
b) Desgaitasunaren Arretarako Bulegoa.
101. artikulua. Prozedura hastea.
Prozedura ofizioz hasiko da beti, organoaren beraren ekimenez edo goragoko baten aginduz, beste organo batzuen eskariz edo salaketa bidez.
102. artikulua. Kautela-neurriak.
Arau-hauste oso larriek desgaitasunen bat duten pertsonen osasun fisiko edo psikikorako edo askatasunerako arrisku larria ekarriz gero, dena delako gai horren gaineko eskumena duen organoak erabaki dezake, kautela-neurri gisa eta ezin atzeratuzko urgentzia-arrazoiak direla medio, dena delako zentro edo establezimendu hori aldi batez ixtea edo zerbitzua etetea, harik eta zentro, establezimendu edo zerbitzu horren titularrak hauteman diren akatsak konpondu arte.
103. artikulua. Zehapenaren eraginkortasuna.
1. Zehapena ezartzen duen agintaritzak zehaztu beharko du zein epetan bete behar den zehapena, eta epe hori ezingo da izan hogeita hamar egun baino luzeagoa.
2. Zehapen hori ezin bada bete administrazio-ebazpen irmoan ezarritako epean, Dirubilketako Erregelamendu Orokorrean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
104. artikulua. Beste organo batzuk informatzea.
Behin betiko ebazpena, eta harekin batera espediente guztia, honako organo hauei igorriko zaie, informatzeko ez bestetarako:
a) Arau-hauste administratiboa izan litezkeen jokabideak edo ez-egiteak egin ziren lurraldeetako autonomia-erkidegoetako organo eskudunei.
b) Desgaitasunaren Arretarako Bulegoari.
Jardun horiek, edonola ere, datu pertsonalak babesteko legedian ezarritakoari jarraituz gauzatuko dira, eta, hala, organo horiek ezingo dituzte tratatu datu horiek 15/1999 Lege Organikoaren 4.2 artikuluan ezarritako eran baizik.
3. sekzioa. Organo eskudunak 105. artikulua. Agintari eskudunak.
1. Prozedura hasteko eskumena duen organoa Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioko zuzendaritza-organoa izango da, Zuzendaritza Nagusiaren maila izanik desgaitasunaren arloko eskumenak dituena.
2. Zehapen-ebazpena emateko oinarri diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkoak diren instrukzio-egintzak gauzatzea desgaitasunaren inguruko politika sektorialak bultzatzeko eginkizunak bere gain dituen zuzendaritza-organo zuzendariordetza nagusiaren mailakoari dagokio; hark zehapena ezartzeko eskumena duen organoari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena.
3. Lege honetako 96. artikuluan xedatutako zehapenak ezartzeko eskumena duen organoa hau izango da:
a) 1. paragrafoan aipatzen den Zuzendaritza Nagusiaren mailako organoa,arau-hauste arinei dagozkien zehapenen kasuan.
b) Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Estatu Idazkaritza, arau-hauste larriei dagozkien zehapenen kasuan.
c) Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren titularra, arau-hauste oso larriei dagozkien zehapenen kasuan, nahiz eta, zehapenen zenbatekoa 300.000
euro baino handiagoa denean, Ministro Kontseiluaren aldez aurreko akordioa beharko den.
Lehenengo xedapen gehigarria. Konstituzioan eta estatutuetan ezarrita indarrean dagoen eskumen-banaketa errespetatuko delako bermea.
Gizarte-laguntzaren arloan autonomia-erkidego bakoitzari bere estatutuan aitortzen zaizkion eskumen esklusiboak eragotzi gabe aplikatuko da lege hau.
Bigarren xedapen gehigarria. Informazioaren tratamendua.
Lege honetan datu pertsonalak bildu eta jasotzearekin zerikusia duten jardunak direla eta,15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko araudian xedatutakoari jarraituko zaio (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa).
Hirugarren xedapen gehigarria. Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak noiz eskatu ahal izango diren.
1. Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak eskatzeko kasuak eta gehienezko epeak honako hauek izango dira:
a) Informazioaren gizarteko teknologia, produktu eta zerbitzuetara eta edozein gizarte-hedabidetara irispidea izateko: Produktu eta zerbitzu berriak, erakundeek ikus-entzunezko euskarrietan hedatzen dituzten kanpainak barne: 2009ko abenduaren 4a.
2009ko abenduaren 4rako badiren produktu eta zerbitzuak, baldin eta haietan egokitze arrazoizkoak egiteko modukoak badira: 2013ko abenduaren 4a.
b) Espazio publiko urbanizatuetara eta eraikuntzetara irispidea izateko eta haiek erabiltzeko: Espazio eta eraikuntza berriak: 2010eko abenduaren 4a.
2010eko abenduaren 4rako badiren espazio eta eraikuntzetan, baldin eta haietan arrazoizko egokitzeak egiteko modukoak badira: 2017ko abenduaren 4a.
c) Garraiobideetara irispidea izateko eta haiek erabiltzeko: Garraio-azpiegitura eta -material berriak: 2010eko abenduaren 4a.
2010eko abenduaren 4rako badiren garraio-azpiegiturak eta -materiala, baldin eta arrazoizko egokitzeak egiteko modukoak badira: 2017ko abenduaren 4a.
d) Herritarren arretarako bulego publiko, erakunde eta zerbitzuek eta gai publikoetan parte hartzekoek bete beharreko baldintzak, are Justizia Administrazioari buruzkoek eta bizimodu politikoan eta hauteskunde-prozesuetan parte hartzekoek ere: Ingurune, produktu eta zerbitzu berriak: 2008ko abenduaren 4a.
Diskriminaziozko xedapen, irizpide edo administrazio-praktika oro zuzentzea: 2008ko abenduaren 4a.
2008ko abenduaren 4rako badiren ingurune, produktu eta zerbitzuak, eta xedapen, irizpide edo praktika oro: 2017ko abenduaren 4a.
2. Desgaitasunen bat duten pertsonek herritarren eskura diren ondasun eta zerbitzuetarako irispidea izateko eta haiek erabili ahal izateko irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak honako kasu hauetan eta gehienezko epe hauen barruan bete beharko dira: Titulartasun publikoko ondasun eta zerbitzu berriak: Herritarren eskurako ondasun eta zerbitzuetarako irispidea izateko eta erabili ahal izateko irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak arautzen dituen errege-dekretua indarrean sartuz geroztik.
Herri-administrazioek hitzartzen edo hornitzen dituzten titulartasun pribatuko ondasun eta zerbitzu berriak. Herritarren eskurako ondasun eta zerbitzuetarako irispidea izateko eta erabiltzeko irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak arautzen dituen errege-dekretua indarrean sartuz geroztik.
Herri-administrazioek hitzartzen edo hornitzen ez dituzten titulartasun pribatuko ondasun eta zerbitzu berriak: 2015eko abenduaren 4a.
2010aren abenduaren 4rako badiren ondasun eta zerbitzuak, arrazoizko egokitzeak egiteko modukoak, baldin eta titulartasun publikoko ondasun eta zerbitzuak badira.
2015eko abenduaren 4a.
2012ko abenduaren 4rako badiren ondasun eta zerbitzuak, arrazoizko egokitzeak egiteko modukoak, baldin eta herri-administrazioek hitzartzen edo hornitzen dituzten titulartasun pribatuko ondasun eta zerbitzuak badira. 2015eko abenduaren 4a.
2015eko abenduaren 4rako badiren ondasun eta zerbitzuak, arrazoizko egokitzeak egiteko modukoak, baldin eta herri-administrazioek hitzartzen edo hornitzen ez dituzten titulartasun pribatuko ondasun eta zerbitzuak badira: 2017ko abenduaren 4a.
Laugarren xedapen gehigarria. Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren planak eta programak.
1. Estatuko Administrazio Orokorrak, beste herri-administrazio batzuekin eta desgaitasunen bat duten pertsonak eta familiak ordezkatzen dituzten erakundeekin lankidetzan, irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren gaineko planak eta programak lantzea, garatzea eta betearaztea sustatuko dute.
2. Gobernuak, lege hau indarrean sartuz geroztik urtebeteko epean, irisgarritasunari buruzko plan nazional bat onartuko du bederatzi urteko epe baterako. Plana hiru urteko aldietan gauzatuko da. Plana diseinatu, aplikatu eta haren bilakaera zaintzeko lanetan, desgaitasunen bat duten pertsonen eta haien familien elkarteek parte hartuko dute; herrionurako elkarteak izan beharko dute, eta estatuaren eremuan ordezkagaitasun handiena dutenen artekoak.
Bosgarren xedapen gehigarria. Irisgarritasunaren gaineko txostena, Estatuaren titulartasuneko azpiegiturei buruzkoa.
Garraioko interes orokorreko azpiegituren gaineko proiektuekin batera –hala nola Estatuaren Administrazio Orokorrak sustatutako errepide, trenbide, aireportu edo portuen gainekoak–, irisgarritasunari buruzko txosten bat aurkeztu beharko da, desgaitasunen bat duten pertsona guztiei irisgarritasun unibertsala eta diskriminaziorik eza bermatzeko beharrezkoak diren konponbide teknikoak zehazteko eta zer aukera dagoen aztertzeko.
Alde batera utzi gabe aurreko paragrafoan adierazitakoa, proiektuaren ezaugarriak direla-eta ikusten bada ez duela eragiten irisgarritasunean, ez da txostenik beharko, eta kontratazio-organoaren egiaztagiriaren bidez egiaztatuko da hala dela.
Seigarren xedapen gehigarria. Urritasunen eta desgaitasunen areagotzearen prebentzioa.
Ezertan eragotzi gabe gainerako herri-administrazioek izan ditzaketen eskumenak, gobernuak, bere eskumenen eremuan, urritasunak eta desgaitasunen areagotzeak prebenitzeko plan nazional bat egingo du lau urterik behin, 11. artikuluan xedatutako baldintzen arabera. Plan hori Gorte Nagusiei aurkeztuko zaie, ezagut dezaten, eta, urterourtero, nola eta zenbateraino betetzen den ari den jakinaraziko zaie.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Lan-arloko arau-hausteak eta zehapenak.
Desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta irisgarritasun unibertsala dela-eta lan-arloan xedatuta dauden arau-hauste eta zehapenak Lan-arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginak arautuko ditu gero ere.
Zortzigarren xedapen gehigarria. Irisgarritasunaren arloko arau-hausteak eta arrazoizko egokitzeak.
Lege honetako 81.3.b, 95.2.a, 95.3 e, 95.3. f., 95.3.g, 95.4.f eta 95.4.g. artikuluetan xedatutakoaren aplikazioa, irisgarritasunaren baldintzak ez betetzearen edo arrazoizko egokitze bat egiteari uko egitearen ondorio den heinean, lege honetako 24., 25., 27., 28. eta 29. artikuluetan eta hura garatzen duten arauetan xedatutakoaren mende egongo da.
Bederatzigarren xedapen gehigarria. Zehapenen zenbatekoa berrikustea.
Lege honetako 83. eta 96. artikuluetan ezarritako zehapenak aldian-aldian berrikusi eta eguneratu ahal izango ditu gobernuak errege-dekretu bidez, autonomia-erkidegoek eta Desgaitasunaren Kontseilu Nazionalak aldez aurreko txostena egin ostean, eta, betiere, Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketa kontuan izanik.
Hamargarren xedapen gehigarria. Gorte Nagusiei arau-hausten eta zehapenen araubideari buruzko informazioa ematea.
Gobernuak, lege hau indarrean sartuz geroko lehenbiziko urtean zehar, lege honetan aurreikusitako arau-hausteen eta zehapenen araubidearen aplikazioari buruzko txosten bat aurkeztuko die Gorte Nagusiei. Gutxienez, honako hauen gainean eman beharko du kontu:
1. Lege honen aplikaziorako egindako jardunak.
2. Jardun horien kostu ekonomikoa.
3. Hurrengo urteetarako aurreikusitako jardunak, aurreikusitako kostua adieraziz.
4. Egindako arau-hausteak eta lege hau aplikatuz ezarritako zehapenak, zehapen horiek ekarritako errendimendu ekonomikoa zehaztuz.
Hamaikagarren xedapen gehigarria. Desgaitasunaren Arretarako Bulegoa.
Ordenamendu juridikoan Bulego Iraunkor Espezializatuari buruz egiten diren aipamenak Desgaitasunaren Arretarako Bulegoari buruz eginak direla joko da.
Xedapen iragankor bakarra. Gutxieneko diru-sarreren bermeari eta hirugarren pertsona baten laguntzari dagokion sorospenari buruz indarrean diren egoerak aintzat hartzea:
eraginkortasuna.
1. Gutxieneko diru-sarreren bermeari eta hirugarren pertsona baten laguntzari dagokion sorospena jasotzen dutenek ez dute galduko sorospen hori jasotzeko eskubiderik, baldin eta erregelamenduz sorospen hori jasotzeko ezarritako baldintzak artean ere betetzen badituzte eta ez badute hautatzen, horren ordez, Gizarte Segurantzaren pentsio kontribuzioz bestekoa edo beren kargura duten seme edo alabarengatik dagokien diru-izendapena jasotzea.
2. Sorospen horien zenbatekoa urtero-urtero ezarriko da Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legean.
3. Gutxieneko diru-sarreren bermearen sorospenaren onuradunak inoren kontura kontratatuak izan badira edo norberaren kontura hasi badira, sorospen hori bertan behera uzteko deklarazioa eman beharko da, eta, hala, berehala berreskuratuko dute eskubide hori lan-kontratua azkentzean edo lan-jarduerari uzten diotenean. Eskubide hori berreskuratzea dela-eta, ez da kontuan hartuko norberaren kontura edo inoren kontura lanean aritzeagatik jaso dituzten baliabide ekonomikoen zenbatekoa.
Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.
1. Estatuak eskumen esklusiboa du Konstituzioan ezarritako eskubideak baliatzean eta betebeharrak betetzean espainiar guztiak berdinak izango direla bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzeko, Espainiako Konstituzioaren 149.1.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2. II. tituluko II. kapituluko 2. sekzioa, gainera, Espainiako Konstituzioaren 149.1.6
artikuluaren arabera Estatuak legeria prozesalaren gainean duen eskumenaz baliatuz ematen da.
3. III. tituluaren II. kapitulua Estatuaren Administrazio Orokorrari baizik ez zaio aplikatuko.
Azken xedapenetako bigarrena. Diseinu unibertsalaren edo pertsona guztientzako diseinuaren arloko prestakuntza.
Lanbide-prestakuntzako titulazioen diseinuan eta dagozkion curriculumak gartzeko orduan «pertsona guztientzako diseinua» izeneko prestakuntza hartuko da aintzat.
Era berean, gobernuak, unibertsitate-ikaskuntzen kasuan, unibertsitateek beren titulazioen diseinuan antzeko neurriak aintzat har ditzaten sustatuko du.
Azken xedapenetako hirugarrena. Erregelamendu bidez garatzea.
1. Gobernuak, aldez aurretik Desgaitasunaren Kontseilu Nazionalari eta autonomiaerkidegoei kontsulta eginez, lege hau garatzeko eta betearazteko behar adina xedapen emango ditu.
2. Lege hau indarrean sartuz geroztik bi urteko epean, Gobernuak, 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, irisgarritasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko oinarrizko baldintza batzuk onartuko ditu, desgaitasunen bat duten pertsonek, hartara, herritar guztien eskura jarritako ondasunetarako eta zerbitzuetarako irispidea izan dezaten eta haiek baliatu ahal izan ditzaten.