Francisco Javier Arrieta Idiakez jaunak, Deustuko Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako Zuzendaritza Batzako kide denak, Bases para el estudio del Derecho del Trabajo eskuliburuaren 7. argitaraldia plazaratu berri du (Dykinson argitaletxea, ISBN 978-84-1377-727-6, 389. orr.).
Argitaraldi berri honetan, 2012an lehenengo argitaraldia plazaratu zuenetik egin ohi duen bezala, lan-zuzenbideko erakunde juridikoei dagokienez jorratu ditu oinarrizko edukiak eta zehaztasun edo sakontasun handiagoko aldeak, jurisprudentziak eta doktrina zientifikoak etenik gabe egindako ekarpenen ondorio direnak.
Horrela, aztertu diren gaien artean daude lan-zuzenbidearen nondik norakoak, iturrien sistema, lan-kontratuaren teoria orokorra, lan-kontratuaren modalitateak, lan-kontratuko subjektuen eskubide eta betebeharrak, lan-denbora eta atsedenaldiak, lan-kontratuak izan ditzakeen gorabeherak eta lan-harreman kolektiboak. Gainera, gai bakoitza praktiken atalarekin bukatzen da, ikasi beharrekoa behar bezala berrikustea ahalbidetzeko.
Zehatzago, 2021eko abuztuan zarratu zen argitaraldi honetan, kontuan hartu dira lan-zuzenbidean 2020ko irailetik dagoen jurisprudentziarik garrantzitsuena eta hari begira hainbat arauk gauzatutako aldarazpenak. Halako arauen artean hurrengoak dira nabarmendu beharrekoak: irailaren 29ko 29/2020 Errege Lege-dekretua, Administrazio Publikoetako telelanaren arloko (…) presako neurriak hartzeari buruzkoa; abenduaren 30eko 11/2020 Legea, 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa; maiatzaren 11ko 9/2021 Errege Lege-dekretua, LELTBa eraldatzekoa, plataforma digitalen esparruan banatzaile gisa diharduten pertsonen laneko eskubideak bermatzeko; eta uztailaren 9ko 10/2021 Legea, distantziara egindako lanari buruzkoa.