Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Iusplaza bloga

Francisco Javier Arrieta Idiakez jaunak, "Lan Zuzenbidea" eskuliburuaren 5. argitaraldia plazaratu du
2022-10-27

Francisco Javier Arrieta Idiakez jaunak, Deustuko Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako Zuzendaritza Batzako kide denak, Lan Zuzenbidea eskuliburuaren 5. argitaraldia plazaratu berri du (Dykinson argitaletxea, ISBN 978-84-1122-549-6, 384. orr.).

Argitaraldi berri honetan, 2012an lehenengo argitaraldia plazaratu zuenetik egin ohi duen bezala, lan-zuzenbideko erakunde juridikoei dagokienez jorratu ditu oinarrizko edukiak eta zehaztasun edo sakontasun handiagoko aldeak, jurisprudentziak eta doktrina zientifikoak etenik gabe egindako ekarpenen ondorio direnak.

Horrela, aztertu diren gaien artean daude lan-zuzenbidearen nondik norakoak, iturrien sistema, lan-kontratuaren teoria orokorra, lan-kontratuaren modalitateak, lan-kontratuko subjektuen eskubide eta betebeharrak, lan-denbora eta atsedenaldiak, lan-kontratuak izan ditzakeen gorabeherak eta lan-harreman kolektiboak. Gainera, gai bakoitza praktiken atalarekin bukatzen da, ikasi beharrekoa behar bezala berrikustea ahalbidetzeko.

Zehatzago, 2022ko abuztuan zarratu zen argitaraldi honetan, kontuan hartu dira lan-zuzenbidean 2021eko irailetik dagoen jurisprudentziarik garrantzitsuena eta hari begira hainbat arauk gauzatutako aldarazpenak. Halako arauen artean hurrengoak dira nabarmendu beharrekoak: abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege-dekretua, lan-eraldaketarako, enpleguan egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua transformatzeko presako neurriei buruzkoa; martxoaren 15eko 4/2022 Errege Lege-dekretua, horren xedapen iragankorretan LELTBren 47bis artikuluaren zenbait alde garatu diren heinean; martxoaren 22ko 5/2022 Errege Lege-dekretua, jarduera artistikoak gauzatzen dituzten pertsonen nahiz jarduera artistiko horiek gauzatzeko beharrezkoak diren jarduera teknikoak eta laguntza-izaerakoak gauzatzen dituzten pertsonen lan-harremanen arauketa egokitzekoa, eta sektoreko lan-baldintzak hobetzekoa; eta martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa, Lanbide Heziketa antolatu eta bateratzekoa.

Aipamen berezia merezi du gauzatu den azterketa, bateko, 32/2021 Errege Lege-dekretuak araututako kontratu-modalitate berrien gainean (jarraitutasunik gabeko lan-kontratu finkoa, ekoizpen-inguruabarrengatiko lan-kontratua, langilea ordezteko lan-kontratua eta prestakuntzarako lan-kontratuaren bi modalitateak), eta, besteko, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente mota guztien eta horiek gauzatzeko prozeduren gainean. Gainera, nabarmendu behar da hori guztia sakontasunez euskaraz aztertu duen eskuliburu bakarra dela hemen aurkeztu dena.

 

Iruzkinak

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra